Menpekotasun energetikoa garai nahasietan

Energia hizpide non-nahi. Elektrizitatea, gasa, gasolioa, dena garesti, herritarren eta enpresen fakturak itotzeraino igoz, energia luxuzko produktua bihurtuz. Errusia deabru bihurturik, europarrok harekiko dugun menpekotasunean ipini digute fokua, hartzaren hatzetatik libratzeko sakrifizioak eskatuz. Baina arazo konplexu guztietan bezala, kontua sakonagoa da. Hego Euskal Herriaren kanpo energiarekiko menpekotasuna ikaragarria izanik (%85) eta gure oinarri energetikoa fosila izanik (%80), agerikoa da berriztagarrietan oinarria duen subiranotasun energetikoa serio hartu behar dela. Arrazoiak, ugari; lehena, klima, atmosferara bidaltzen ditugun berotegi efektuzko gasen %90a fosilen erretzeak baitakar. Bigarrena, fosilen izaera finitua. Altxorra ez da betirako eta hobe dugu erregai fosilak gainditzea beraiek gu utzi aurretik. Hirugarrena, faktura. Aurtengo prezioekin, kanpoko energia ordaintzeko 10.000  milioi euro beharko ditugu, mikro eta makro ekonomia kaltetuz.

"Ez da berdina teilatuko plaka, ortu fotovoltaiko kooperatiboa, edo eskala handiko soro fotovoltaiko edo haize errota. Nago ni, zenbakiak eskuan, denetik beharko dugula"

Guztia buruan, energia aurrezpena bultzatzeaz gain, berriztagarrietara jauzi egitea dagokigu. Baliabide fosilek eskaintzen diguten energia andana ordezkaezina bada ere, pauso azkarrak eman beharrean gaude. Hori bai, energia berriztagarria aprobetxatzeko instalazioek baliabide material mugatuak, sarri bakanak, erabiltzen dituztela ahaztu gabe. Erronka zenbat, nork, non eta nola garatu erabakitzea litzateke. Ahal den neurrian, herritarren jabegoan egongo diren eskala txikiko proiektu barreiatuen eredua sustatzea premiazkoa da, baina mugak ditu. Etxeetako eta merkataritzako kontsumoak ase ditzakegu horrela, baino garraioa eta industria mugitzeak beste eskala bat eskatzen du. Horratx arazoa, berriztagarriek lurraldearekin hartu-eman gatazkatsua baitute.

Ez da berdina teilatuko plaka, ortu fotovoltaiko kooperatiboa, edo eskala handiko soro fotovoltaiko edo haize errota. Nago ni, zenbakiak eskuan, denetik beharko dugula.

Horregatik da hain garrantzitsua berriztagarrien hedapena lurralde plangintza zorrotz batekin, ingurumenaren zaintzarekin eta elikadura subiranotasunarekin uztartzea. Are gehiago, etorkizuneko energia lortzeak gure lurraldean eragina izango badu, eta izango du, errentagarritasun soziala ongi neurtzea hil ala bizikoa da, eta hori oinarritzen da planifikazio eta bultzada publikoan, herritarren parte hartze aktiboan (plangintzan zein jabegoan), eta espekulatzaileak ekuaziotik kanpo uztean.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


ASTEKARIA
2022ko apirilaren 03a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Eguneraketa berriak daude