"Espazio asko uzten dut landu gabe, ez zait gustatzen orrialde osoa marraztea"

  • Bilboko taberna batean egin dugu elkarrizketa, non bestela. Ez, ez gaude Beti Berdin-en. Taberna hori fikziozkoa da, baita Irizar herria ere, Asier Iturralde Gastón ilustratzaile donostiarrak propio sortuak buruan zituen istorioak kokatzeko. Hasieran interneten eta ostean komiki batean jaso ditu, bazter guztiak tronpatu dituen pandemiaren erretratu humanoa egiteko.

Beti Berdin taberna. Koronabirus garaian plazaratzeko 'Gastón argitalpenak' sortu du Iturraldek. Bilbon zuen estudioan ageri da argazkietan; lekualdatu egin da orain, Iturriza kaleko 13.era, eta lokala egokitzeko obren erdian harrapatu dugu. Lantokia ez e
Beti Berdin taberna. Koronabirus garaian plazaratzeko 'Gastón argitalpenak' sortu du Iturraldek. Bilbon zuen estudioan ageri da argazkietan; lekualdatu egin da orain, Iturriza kaleko 13.era, eta lokala egokitzeko obren erdian harrapatu dugu. Lantokia ez ezik, erakusketak eta aurkezpenak egiteko espazioa ere izango da.ARITZ LOIOLA / FOKU

Duela bospasei urte hasi zen Iturralde komiki-zintak interneten publikatzen. Sei bineta dituzte gehienek, Instagramek eskaintzen duen formatura egokituak, eta kokagune bera, Irizar herriko Beti Berdin taberna. Haren jiran dabiltza dozena erdi lagun, tabernaria eta ohiko hainbat bezero, Gastón bera tartean. Komikiak maiztasun nahikoa jakin batekin argitaratzeko ohitura hartua zuenean, ditxosozko pandemia heldu zen. Guztion bizimoduak, kolpetik irauliak. Horren lekuko da Beti Berdin taberna. Koronabirusaren garaian, 2020ko martxotik abendura arteko istorioak biltzen dituen liburuxka.

Iturraldek “betidanik” marraztu ditu komikiak, baina “denbora piloa” eskaini behar zaiola dio. “Sartzen dituzun orduak aintzat hartuta, errentagarritasun txikiena emango dizun lanbidea da. Diseinuaren mundua hobe dago, publizitate lanak-eta. Hura ere asko prekarizatu da, baina komikigintzarena... galbidea da”.

Heldu zenion halere erronkari.

Aurretik komiki lehiaketa batzuetara aurkeztua nintzen, eta horietako batzuk irabazi nituen, baina sentitu nuen unea zela urrats bat harago joateko. Pandemiaren testuinguruan sortutako diru-laguntza bat jaso eta halaxe hasi nintzen, astean istorio bat publikatuz interneten, euskaraz eta gaztelaniaz, ondoren liburuan biltzeko asmoarekin.

Beti Berdin tabernan kokatu dituzu pertsonaiak.

Hasiera batean, donostiarra izanik, han kokatu nahi nuen Beti Berdin. Oso zorrotza naiz ordea, eta istorioak benetako lekuetan kontestualizatzeak, adibidez Jacques Tardi frantziarrak egiten duen bezala Pariseko bazterrak marrazten dituenean, asko mugatuko ninduke. Apur bat zoratua nago gauza horiekin. Donostian gertatuko balitz, eraikinak, iskina guztiak, zehatz-mehatz marraztu beharko nituzke. Azken finean, edozein herri eta taberna ziren baliagarriak niretzat, edozein irakurle identifikatuta sentitzeko moduko istorioak direlako. Taberna bat aukeratu nuen gustukoak ditudalako, bi ardorekin jendeak errazago astintzen du mingaina [barrez]. Tabernak dira sozializatzeko lekurik gogokoenetakoak, eta pandemiaren erdian interesgarriak zitzaizkidan hamaika argumentu sortzen ziren.

Garai gogorretan sortuak izanik ere, guztiek dute umore punttua.

Hasieran agian nahi nuen sortu zerbait sakonagoa, serioa, nolabait esatearren, baina azkenean beti ateratzen zait umorea. Bertsoak sortzea bezalakoa izan da prozesua, sei binetatan sartu behar nuen istorio bakoitza. Txistea bururatzean horra moldatu behar duzu orrialde osoa.

Hiru koloretan egin dituzu ilustrazioak: beltza, zuria eta horia.

Tinta beltza eta horia baliatu ditut soilik, zuriz utzitako tarteez gain. Niretzat erreferentzia handiena Sempé da, Nikolas Txiki-ren egilea besteak beste; izugarri gustatzen zait, eta agian horretatik ere badu nire estiloak, zuritasuna esaterako. Espazio asko uzten dut landu gabe, ez zait gustatzen orrialde osoa marraztea.

“Digitalizazioak asko erraztu du diseinuaren munduan sartzea, lehen gehiago zuen artisau-lanetik, abilidadea izan behar zen. Orain aldiz... ez dago hainbeste jenderentzako lanik”

Marrazteko moldea aipatuta, diseinuaren munduan-eta, zer dago orain pil-pilean? Gehitxo al da euskal estilo bat badagoela esatea?

Lehen agian bazegoen, Ipurbeltz, Olariaga... Iruditeriak bazuen nolabaiteko hari bat, baina orain dena dago hain globalizatua, ilustrazio bat ikustean ez dakizu zein sortzailek egin duen, estiloari dagokionez behintzat. Iturri beretik edaten dugu denok: internet. Estiloak, gainerakoak bezala, modan jarri eta badoaz. Orain bogan daude forma planoko ilustrazioak, eta erabiltzen dituzte posta-bulegoek, banketxeek, aseguru-etxeek... Garai batean berriz, argazkiak baliatzen zituzten bereziki, agure maitagarrien irudiak-eta. Lehen, banketxe batek berehalakoan erabiliko zuen ilustrazio bat! Baina argazki batek gehiegi hitz egiten du, eta askok jotzen du ilustrazio mota horretara, dena planoa eta kolore argikoa, laranja, horia, urdina. Zerbait berritzailea atera arte.

Zaila izango da berrikuntzarik egitea.

Tira, beti egin daiteke zerbait apurtzailea. Bakoitzak bere bidea jarraitu behar du. Zure ahotsa baldin bada zeurea bakarrik, zuri hots egingo dizute enkargu baterako. Denok egiten dutena egiten baduzu ordea...

Diozunez, publizitatean baloratuago zaudete komikigintzan baino.

Bai, eta halere hasi nintzenean baino diru gutxiago irabazten dut orain. Digitalizazioak asko erraztu du mundu horretan sartzea, lehen gehiago zuen artisau-lanetik, abilidadea izan behar zen. Orain aldiz, nola esan, famatuagoa egin da, arte eskola piloa dago, eta ez dago hainbeste jenderentzako lanik. Hasi nintzenean internetik ere ez zegoen, eskuz egin behar zen guztia. Bezeroak enkargua ematean deitzen nion argazkilariari, marraztu beharreko objektu, pertsona tipo edo eszenaren eredu bat izateko. Eta ostean, marrazkia eskaneatzera eraman behar nuen leku konkretu batera. Orain nire gailuekin editatu egin dezaket, eta ‘Control+Z’ daukat gainera [barrez]. Zer gertatzen da? Bezeroak badakiela ‘Control+Z’ daukazula, eta sarriago eskatzen dizu gauzak aldatzeko.

Hitz egin dezagun komikiez. Beti Berdin-ez gain, bi album ilustratu egin dituzu: Etxe honetan  Aintzane Usandizagarekin (Pamiela, 2019), eta Itsas haizea dabil Junkal Lertxundirekin (Elkar, 2021).

Lehenbizikoarekin Etxepare Saria irabazi genuen. Proiektua sortu zen BIKO-TEKA tailerretan [Galtzagorri elkarteak antolatua Iruñeko Udalarekin elkarlanean eta Etxepare Sariaren laguntzarekin]. Egitasmo polita da. Elkartzen dituzte gidoigile bat eta ilustratzaile bat, haurrentzako liburu grafiko bat egiteko helburuarekin. Aintzanek eta biok bertan ezagutu genuen elkar, egin genuen bi orrialde zituen proiektua eta gustuko genuenez Etxepare Sarira aurkeztu genuen. Itsas haizea dabil ilustratzeko eskaintza argitaletxetik heldu zitzaidan, Junkalek ezagutzen zuen jada nire lana.

 

Alde komertzialari erreparatuta, gurean izan al da aldaketarik urteotan? Alegia, komikiak presentzia edota ospe handiagoa duela sumatzen al duzu?

Bai. Komikiak liburu-denda “normaletan” saltzen dituzte egun, eta nobela grafikoen kasuan zer esanik ez. Lehen ziren edo umeentzat edo frikientzat. Orain aldiz konturatu gara dela kontzeptuak eta mezuak  helarazteko mediorik onenetakoa, eta ari dira piloa promozionatzen. Gauza batzuk kontatzeko liburu bat astunegia egin dakioke jendeari, baina komikiak baliabide gehiago dauka, osagai bisualak, eskemak, mapak... denetarik sar dezakezu, eta aukera daukazu eduki sakonak, demagun Afganistango gatazka sozio-politikoak, modu nahikoa “arinean” kontatzeko.

Nobela grafikoak aipatu dituzu. Gauza desberdina dira horiek eta komikiak?

Niretzat ez dago alderik, etiketa bat besterik ez da errazago saltzeko. Uste dut publiko orokorrak komikiak lotzen dituela super-heroiekin, edo bilduma franko-belgikarrekin, normalean pertsonaia beraren inguruko 48 komikiz osaturiko horiekin, denak igualak formatuari dagokionez. Eta esango nuke “nobela grafikoa” deiturarekin saldu nahi dutela produktu bat desberdina: liburu autonomoa, autokonklusiboa, formatu hertsirik ez duena, malguagoa orri kopuru, tamaina, estetika eta koloreari dagokienez. Baina izan, horrelakoak betidanik izan dira! Uste dut mugatu egin nahi dutela: hau eleberri grafikoa da eta Tintin ez.

Esan duzunez, zenbait gairi buruzkoak kontatzeko tresna egokia dira komikiak.

Lehen ia dena fikzioa bazen, orain gai sozialak-eta gehiago eramaten dira komikira. Esaterako, Lucio Urtubia anarkistari buruz jakiteko komikia irakurri dezakezu, derrigor jo behar izan gabe eleberri edo saiakera batera. Modan daude gisako autobiografiak, gai errealistagoak, emakumeen inguruko kontakizunak, eguneroko kontuak... Hori guztia zoragarria da.

Ikastetxeak kontziente al dira komikiak izan dezakeen balioaz, hainbat gauza irakasteko?

Ikastetxe batzuetan badakit lantzen direla. Aurreko batean Etxebarriko institutuan izan nintzen tailerra ematen. Literatura klaseetan komikiak irakurtzen dituzte, pentsatzen dut irakaslearen araberakoa dela kontua. Pasa den hilean Paco Rocaren Los surcos del azar komikia [Nazismoaren aurka borroka egin zuten Espainiako soldadu errepublikanoei buruzkoa] irakurri zuten Etxebarriko ikasleek, eta ostean egilearekin berarekin telematikoki hitz egiteko aukera izan zuten. Gazteek gustuko dituzte komikiak, gai “sakonak” beste modu batean azaltzen dituztelako. Irakasleak esan zidan: "Hauek erotuta ere ez dute nobela bat irakurtzen!". Agian gehiago erakarriko ditu mangak, baina bestelakoak ezagutzen dituztenean gustura irakurtzen dituzte.

Zentzu horretan, irakasleek aukera dute ikasgai konkretuak transbertsalki lantzeko. Esaterako, Historian ari badira 36ko Gerra Zibilaren ingurukoak lantzen, Literatura klaseetan gertaera horri buruzko komikiak irakurri ditzakete, gaiaz gehiago jakin eta bide batez ikasleak komikigintzara hurbiltzeko.

 

'Gaston', gazte prakazabal hura

Txikia zenean Iturralderi izugarri gustatzen zitzaizkion André Franquin marrazkilari belgikarrak sortutako Gaston Lagaffe pertsonaiaren abenturak, eta haren izena bereganatu zuen. Lehen istorioa 1957an publikatu zuen  Franquinek Le Journal de Spirou-n, Charleroiko Eskola ordezkatzen duen aldizkarian, urte luzez Tintinen lehiakide izana, trazu argiagoek ezaugarritzen duten Bruselako Eskolaren ordezkaria hura. “Ohartzen bazara, Tintinen komikietako marrazkiak, pertsonaiak-eta, lerro-bakarrarekin eginak daude, siluetak bailiran”, azaldu digu Iturraldek. “Eta ez dute itzalik. Charleroiko Eskolaren inguruan dabiltzanek, aldiz, itzalak marrazten dituzte, arrastoekin bolumenak sortu, pintzelak gehiago baliatu... Ez dira ‘zikinagoak’, baina Tintinen kasuan arrasto guztiek lodiera bera dute; aldiz, Asterixen kasuan, esaterako, aldatuz joaten dira. Diotenez nire estiloak Tintinen antza du, baina ez dakit nik...”.

 

'Txistu' euskarazko lehen komikiarekin lotua

Noiz edo noiz hitz egin dugu ARGIAn Txistu-ri buruz, euskarazko lehen komikiaz, eta elkarrizketatu dugu (2.706. zenbakian) Amaia Urrea, argitalpen horren  sustatzaile nagusietakoa izan zen Abdon Gonzalez de Alaizaren hereniloba. Hain justu, Urrearen lehengusua da Iturralde. Madrilen sortu zuten Txistu 1927an, unibertsitate ikasle zenbaiten eskutik, eta ARGIArekin batera argitaratu ziren hamasei zenbaki, hamabostero. Iturralde saiatu den arren Gonzalez de Alaizari buruzko informazioa lortzen, etorkizunean agian zeozer argitaratzeko bere figuraren inguruan, esan digu apenas dagoela deus, “galtzaileen taldekoa” izanik, Gerra Zibilean bere ondasunak lapurtu edota erre egingo zituztelako. Bien bitartean, Beti Berdin ardatz izango duen 130 orrialde inguruko komikiarekin ari da lanean, zeina Harriet argitaletxearekin plazaratuko duen.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Komikiak
‘Gu’-aren inguruan marraztu du Tupust! kolektibo feministak bere hirugarren alea

Bildumako azken alea izango dela jakinarazi dute: lehenbizikoa Ni-ari buruzkoa izan zen, eta bigarrena Zu. Bigarren hura bezala, autoedizioan kaleratu du honakoa ere.


2023-12-15 | ARGIA
'Ño' komikiaz solasaldia, gaur Bilboko La Sinsorga kulturgunean

Ño komikiaren testuen egile Miren Artetxe eta Eli Pagola, eta Maitane Gartziandia ilustratzailea Bilboko La Sinsorga kulturgune feministan (Askao Kalea, 9) izango dira gaur, arratsaldeko 19:00etan, haien lanaz hitz egiteko.


Euskarazko komikien HernaniKomik II. azoka

Azaroaren 17an eta 18an izango da, ostiralez eta larunbatez, Hernaniko Atsegindegi plazan


Mikroa eskuan eta irribarrea ezpainetan

Ño!
 

Testuak: Eli Pagola eta Miren Artetxe
Ilustrazioak: Maitane Gartziandia
Argia, 2023

------------------------------------------------------

Komikia hasi aurretik eta amaitu ondoren bai azal eta kontrazalean, bai tapa eta barruko tapetan informazio... [+]


Eguneraketa berriak daude