Eraikuntzarako materiala (Susa, 2021) kaleratu du Eider Rodriguezek, bere lehenengo literatur lana Bihotz handiegia-z (Susa, 2017) geroztik. Aitaren heriotzaren atarian, harekin izandako harremana haztatzen du idazlea ere baden alaba batek, zatika eta puskaka, materialak eta ahotsak tartekatuz. Maurice Blanchoten epigrafeak dioen bezala, hondamendiari hitz egiten utziz.
Zer moduz doa argitalpenaren ondorena?
Egia esan, harrera oso ona izaten ari da. Aurreko lanekin baino jende gehiago hurbildu zait, fisikoki ere bai, iritzia ematera edo zerbait kontatzera. Liburua aurkeztean pixka bat gogortuta nengoen, baina jendearengandik etorri zaidan horrek lagundu dit samurtzen. Eta idatzi dudan hori onartzen.
Aurkezpenean esan zenuen idatzi nahiago ez zenukeen liburua dela hau, baina behin idazten hasi zinenean blokean irten zitzaizula.
Ez idatzi nahiago izango nukeen istorio bat da, nahiago nukeelako bizi ez izan, baina behin bizita, bizitako hori istorio bilakatzeko unea oso aberasgarria izan da. Lagun batek esan zidan orain arte idatzi dudana prestaketa bat izan dela beste hau idazteko. Ez dut uste hori denik, baina sentsazioa dut ez dudala ipuinekin bezalako buruhausterik izan. Nahiko modu grafikoan sentitu dut atera dudala, tiraka eta tiraka. Ez dakit nondik.
Ipuinak idaztearekin alderatuta zertan izan da desberdina?
Oso belarriz idatzitako liburua izan da. Etengabe entzun behar nuen nolako doinua zuen, nahiz eta ez dudan ahoz gora irakurri. Musika bati edo doinu bati jarraitu diot. Ipuin batean horrek ez nau eramaten. Aldamio gehiago behar dut ipuin bat idazteko, nahiz eta laburragoa izan.
Nola kudeatu dituzu material autobiografikoaren erabilerak ekar ditzakeen kontuak eta komeriak?
Idazleok esaten dugunean istorio bat daukagula, zer esan nahi dugu? Nire kasuan, uste dut esan nahi duela badaukadala zerbait kontatu nahi dudana, ulertu ahal izateko, edo beste norabait iristeko. Eta honekin gauza bera. Baneukan material autobiografikoa, ez nuena inoiz narratu, ez nuena inoiz idatzi, eta iruditzen zitzaidana idatzi behar nuela, nolabait ere ulertu ahal izateko. Hortik aurrera, zintzotasuna izan da nire abiapuntua; zintzotasuna, edozer zelarik ere bidean aurkitzen nuena.
Gero, idazketa oso gauza arraroa da, espazio liminal bat. Ez zara zuretzat ari, zeren niretzat idatzi izan banu ez nukeen inolaz ere horrela idatziko; baina era berean idazten ari zarenean ez zara pentsatzen ari besteentzat ari zarenik, zeren hori pentsatuko banu ez nukeen horrela idatziko.
Eta eleberria aurkezteko unean?
Hor bai, hor eduki ditut hainbat kontu: beldurra, damua, errua, atzera egiteko gogoa. Azkenean ez dakizu jendeak nola hartuko duen, ez baita argazki bat non edertuta agertzen zaren. Baina, era berean, nire ibilbidean hori egin izan ez banu, ez dakit nola jarraituko nukeen aurrera. Orain ere ez dakit, baina niretzat inportantea zen makillaje gutxirekin agertzea.
Mugarri bat izan daitekeela uste duzu?
Mugarri bat nire ibilbidean esan nahi duzu? Ez. Nik ez daukat planik literaturari dagokionez. Ez zait ez ona ez txarra iruditzen, baina ez dut horrela lan egiten. Mugarri pertsonala izan da, hori bai.
Baina ez duzu uste mugarri pertsonal horrek eragina izan dezakeela gero idatziko duzunean?
Bai, baina zerk ez? Nik istorio bat neukan eta ez nion uko egin nahi hori idazteari jendeak esan zezakeenagatik.
Aita-alaba batzuen arteko harremanaren garapena kontatzen da Eraikuntzarako materiala-n, eta besteak beste zehaztasun handiz deskribatzen da aitaren alkoholismoa, horrek inguruan sortzen duen guztia, baita gizartearen jarrera ere. Gure kulturan txertatua egonagatik kosta egiten zaigu gaiaz hitz egitea. Uste duzu liburuak balio dezakeela horretan eragiteko?
Liburuaren abiapuntua aita-alabak izan dira, haien arteko harreman luze bezain konplikatu eta tristea. Hori kontatu nahi nuen. Noski, dena dago alkoholak zeharkatuta. Baina erronka ez zen gaiaz hitz egitea, eta ez nekien hainbesteko presentzia edukiko zuenik. Bukatu nuenean konturatu nintzen alkoholaren historia ere bazela. Gure herrian egindako sarraskiaren adibide bat ere bada. Irakurle batzuek hortik heldu diote liburuari, eta guai egon da.
Narrazio konkretu baten bidez azken 40 urteotako historia soziala erakusteko bertutea dauka eleberriak nire ustez.
Argi neukan Oreretak presentzia handia eduki behar zuela, eta garaiak ere bai, erabat lotuta dagoelako istorioarekin. Azkenean liburu bat artifizio bat da, eta nik beste norabait iritsi nahi nuen istorio hau kontatuta, ez bakarrik nire korapiloa askatzera. Nahi nuen nirea zen horrek beste zerbait esatea jendeari. Idazten dugunean uste dut saiatzen garela hori egiten. Eta ikuspuntu estetiko batetik egindako zerbait ere bada, kolpe bat ere bilatzen dut zentzu horretan.
"Bukatu nuenean konturatu nintzen alkoholaren historia ere bazela. Gure herrian egindako sarraskiaren adibide bat ere bada"
Esanguratsua da liburuko guraso erdaldunek euskararekiko eta Euskal Herriarekiko duten lotura.
Horretaz idatzi behar nuen derrigor, istorioak berak zekarrelako, eta Oreretan oso modu nabarmenean izan gara gu eta besteak. Nik besteei buruz hitz egin dezaket guk hitz egiten genuen bezala, beste partea ez dut ezagutzen. Badakit badagoela, baina ez dagokit niri kontatzea.
Pudore handiarekin idatzi dut, ikuspegia oso gogorra da eta: narratzailearen familiak bestea gutxiesten du, zertarako eta oraindik eta hemengoago sentitzeko. Dena den, kontua ez da esatea “begira zer gaiztoak edo zer xenofoboak diren”. Hori ez zitzaidan interesatzen, horren atzean dagoen motibazioa baizik. Errotze nahi bat dago, ekosistema bat zurea bezala defendatzeko amorru bat, modu salbai eta itsusi batean, baina zergatik? Parte hori interesatzen zait.
Gaztelako familia batetik dator ama, baina Euskal Herrian jaioa da eta ez du loturarik Gaztelarekin; aita, berriz, familia euskaldun batekoa da, bertan sortua, baina euskararik gabe.
Tipologia asko dago hemengo jendearen eta hango jendearen artean, eta matiz horiek oso interesgarriak iruditzen zitzaizkidan, zeren hortik ere bagatoz, eta iruditzen zait garrantzitsua dela zer garen eta zer izan nahi dugun ikusteko. Gai hori bai uste dut gutxitxo jorratu dela.
Gizonekiko mesfidantzan hezi dute narratzailea, argi ikusten da hori gizonekiko duen harremanean.
Bada garai baten isla. Hortik ere bagatoz. Maitasun erromantikoa aipatzen denean, eta nola hezi gaituzten… Nik uste dut modu askotara hezi gaituztela eta ñabardura asko dagoela. Liburuan ikusten dugu ama langile bat, ekonomikoki berak uste baino independenteagoa dena, eta hala ere, edo horregatik ziur aski, alabari esaten dio ez sinesteko ez erlijioan, ez politikan, ez gizonengan; zaku berean sartzen ditu denak. Eta ez daukazunean eredurik, ez daukazunean oholik naufragio horren erdian… zaila da.
Horren harira eszena bat aipatu nahi nuke: narratzailea kontzertu batera doa mutil-lagunarekin eta erakartzen duen beste tipo batekin. Hasieran halako lehia bat sortzen da bi gizonen artean, baina anaitu egiten dira narratzailearen gurasoak ezagutzen dituztenean ustekabean.
Eszena horretan, gizonen anaidia ikusten da, zuk diozun bezala; bi gizon erabat diferenteren arteko lotura, eta tipa nola debaluatzen den haien begietara, ikusten dutenean bere familia inolako glamourrik gabea. Baina tiparen beraren barruan ere gertatzen da debaluazioa.
Liburuan agertzen da beste fenomeno bat, oso deigarria eta aldi berean oso egiazkoa iruditzen zaidana. Nola ebatz daitezkeen ezin-ulertu paternofilial batzuk biloben agerpenarekin: “Peru eta Mikele izan dira azken hamabi urteotan poz handien eman diotenak [aitari]” eta “Aita hemen egon izan balitz Mikelek sekulako besarkada emango ziokeen eta nik bere gorputzaren bitartez sentituko nukeen”.
Ez zaizu iruditzen, azkenean, familia genealogiak oso arraroak direla? Ikusten nuen belaunaldi batzuk traban baleude bezala. Familia horretan, belaunaldi bat behar izan da besarkada hori gauzatu ahal izateko, biloben eta aiton-amonen arteko maitasun-adierazpena, eta uste dut hori askotan gertatzen dela, modu oso eroan. Oso eroa da, zeren azkenean maitasuna ezin adieraztea ama-alaben edo aita-semeen artean oso-oso gauza arraroa da, eta era berean hain da ohikoa; gehienok gaude hor harrapatuta.
Uste dut apustua arriskutsua zela, baina, niretzat behintzat, narratzailearen begiradak eutsi dio: badago oreka bat begirada horretan, badu hoztasunetik eta berotasunetik.
Nik oso presente daukadan gauzetako bat da zer zoratuta gauden denok, zer pentsamendu, sentimendu eta ekintza aldrebesak, kontraesankorrak eta kaltegarriak izaten ditugun, zer espezie akastuna garen zentzu horretan. Zer kaotikoak eta batez ere zer autosuntsikorrak izan gaitezkeen batzuetan. Eta uste dut parte hori guztia kontatu egin behar dela, guk ere ispilu hori izan dezagun. Niretzat, erronka da hori dena azaltzea karikaturan erori gabe edo distantzia ironiko hiperazido bat gabe.
Eredu literariorik zein artistikorik izan duzu gogoan liburua eraikitzean?
Oso presente eduki ditut Annie Ernaux, Natalia Ginzburg, Jamaica Kincaid eta Marguerite Duras ere bai, baina ez obra edo egitura konkretu bat. Idazle horiek nolabaiteko indarra eman didate; azkenean, beraiek, material autobiografikoak landuz, egin dituzte niretzat literarioki oso interesgarriak diren testuak. Durasen Maitalea lehen aldiz irakurri nuenean zirarra handia sortu zidan, eta uste dut beti daukadala aldamenean, ez fisikoki, baina idazten dudanean beti da erreferente bat.
Egiturari dagokionez, nolabaiteko bide bat dagoela iruditzen zait. Lehen bi ataletan alabaren perspektiba jasotzen dugu. Hirugarren atalean, aldiz, bigarren pertsonara pasata, aitarengana hurbilduz goaz poliki-poliki, eta azken atalean hura mintzo zaigu, soldaduska-garaiko eskutitzen bidez.
Nire helburua zen toki diferentetatik iristea figura horretara: alabaren ikuspegia haurra denean, alabaren ikuspegia emakume heldua denean eta bera ere ama denean, eta horretaz gainera, saiatu nahi nuen deskribatzen aita-alaba horien arteko harremana kanpotik, eta hortik dator hirugarren partea. Eta gero eduki nuen zortea, edo ez dakit zer izan zen, gutunak aurkitu zituela Arratek [Rodriguez] eta gutunen bidez entzun daiteke gizon horren benetako ahotsa, nahiz eta ez den benetakoa, itzulita dagoelako, eta hori ere artifizioaren parte da. Azkenean dena ateratzen den idazle berberetik, baina saiakera horrek ertz ezberdinak marraztu zitzan nahi nuen.
Narratzailearen hitzak liburuaren lehendabiziko orrialdeetan: “Agian dena da hizkuntza arazo bat. Hasieratik”. Hizkuntza literarioaren bidez konpondu beharreko arazo bat?
Gogoan daukat esaldi hori idatzi nuenean ez nekiela oso ondo zer esan nahi zuen, eta oraindik ere ez dakit oso ondo. Zenbait gauza aipatuko ditut: badago aitaren esanezintasuna, ezin hitz egina, berdin du zer hizkuntzatan, kosta egiten zaio gauzak esatea; gero badago idazle den eta alaba ere baden pertsonaia horren esanezintasuna: hizkuntza asko, literatura asko, halako mistikotasun estetiko bat bilatzen du, baina gero ez da kapaz gauzak esateko, hitz egiteko. Nire ustez liburu guztia da arazo horri konponbidetxo bat eman nahia.
Esango zenuke lortu duzula?
Egon da onarpen bat eta egon da itxiera bat. Gero bakoitzak ditu bere moduak hori egiteko, nik hau aurkitu dut, eta idazketaren bidez ezagutu ditut alderdi batzuk lehen ezagutzen ez nituenak. Bilaketa izan da.
Ipuinak idazten ari omen zinen istorio honekin hasi aurretik. Itzuli zara narrazioetara?
Idatzita neuzkan ipuinak zuzentzen ibili naiz, eta orain beste ipuin bati ekiteko gogoz nago. Tartean sartu zait beste kontu bat, ez dakidana zer gertatuko den eta ez dena ipuin bat, baina egia esan sekulako gogoa daukat fikzio hutsa egiteko. Gogoa, beharra eta dena.
Garazi Arrula (Tafalla, 1987) eta Iñigo Astiz (Iruñea, 1985) gonbidatu ditu Mikel Ayerbek (Azpeitia, 1980) Idazteaz beste euskal literaturari buruzko elkarrizketa-saioetako bigarrenera. Euskal ipuingintza izan da elkarrizketa saio honen gaia, eta gonbidatuen... [+]
Batxilergoan tutore izan nuenetik ia 10 urte pasa direla elkartu naiz Uxue Juarezekin Ur Mara museoko Toureau etxolan (Alkiza), pagoez eta Koldobika Jauregiren eskulturez inguraturik. Autoritate segitzen du izaten niretzat Uxuek, baina beste zentzu batean orain. Aurpegian... [+]
Bankan bizi den Literatura irakasle, ikerlari eta idazlea da. Irailaren hondarrean Itsasun egin zen Irailekoak poesia jaialdiaren baitan Ipar Euskal Herriko Poesiaz eman zuen hitzaldia. Besteak beste, bertan errandakoak hona ekarri nahian hasi gara harekin solasean.
Donostiako Gros auzoko erraldoi eta buruhandien konpartsak giroturiko kalejira eta dantza izango ditu lagun, ostiral honetan ARGIAk antolatu duen liburu aurkezpenak: Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira aurkeztuko dute Gorka Bereziartua eta Adur Larrea egileek.
Kasu Hegoaldeko begirada horri. Lehen-lehenik desmitifikatu larre berde, etxe zuri eta teila gorrien lur ederrekiko miresmen itsua, halako maitasun inkondizionala, hizkerari eta ustezko bizitzeko manerari loturiko fetitxismoa. Utz, Ruper Ordorikari sarri entzun gisan,... [+]
Mintza gaitezen klarki, itzulingururik gabe, esan beharrekoak esateko gerotik gerora ibili gabetanik: jolas hau, euskaraz letrak juntatzean datzana, Axularrek pasatu zuen. Kasik jolasa asmatu bezain laster gainera, halako moldez non Gero-ren orrialde gehienetan ematen baitu... [+]
Euskarazko Literatura Itzulpena, Saiakera Euskaraz eta Gaztelaniazko Literatura kategorietako irabazleen berri eman dute Donostiako San Telmo Museoan egin den aurkezpenean. Saiakera Gaztelaniaz saria ez ematea erabaki du epaimahaiak.
"Erraldoiei buruzko ipuina nahi dugu, haur txiki nahiz koskortuagoentzat". ARGIAk enkargua egin zien etxekoak ditugun Gorka Bereziartua kazetariari eta Adur Larrea ilustratzaileari. Emaitza: Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira. "Gauza berriak probatzeko... [+]
Urriaren 14an 91 urte bete dira bilbotar idazlea jaio zenetik. Errota gorria poema eta idazleak dedikaturiko argazki bat Jon Kortazar EHUko katedradunaren esku utzi ditu Zubiri Moragues familiak. Orain arte ezezaguna zen olerkia laster argitaratuko dutela ziurtatu du... [+]
Urriaren 9an Bilbon egindako prentsaurrekoan, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak iragarri ditu aurtengo Euskadi Literatura sarien irabazleetako batzuk.
Saran egingo da urriaren 11 eta 12an, eta aurtengoa laugarren edizioa izango da.
Irailaren 28 eta urriaren 5ean eta 19an izango dira saioak. 16 urtetik gorako euskaldunei zuzenduta dago eta dagoeneko izena eman daiteke Iruñeko Udalera deituta.
Zuk, nik eta inguratzen gaituzten pertsona guztiek partekatzen dugun oinarrira jo du Rakel Pardo Perezek (Urdazubi, 1995) bere lehenengo poesia-liburua ardazteko: gizatasunera. Zer esan nahi du gizaki izateak? Zerk ematen digu existentzia, eta zer egin dezakegu emana datorkigun... [+]