Baginen Bagara eta izango gara

  • Baginen Bagara. Emakume artistak: ikusgarritasun(ez)aren logikak San Telmo Museoko 2022ko erakusketa handia izango da. Bi urte iraun duen ikerketa sakonaren emaitza da proiektua, eta museoaren bilduma nola eraiki den aztertzen du:
    zer-nolako erosketa-politikak eta logikak izan diren nagusi museoko ondarea eratzeko garaian eta, batik bat, emakumeen lanek hamarkadatan izan duten ikusezintasunaren zergatiak argitara ekartzeko proposamena da.

Argazkia: Oskar Moreno.
Argazkia: Oskar Moreno.

Hutsuneak. Faltak. Absentziak. Gakoak. Espazio zuriak. Bete gabeko hormak. Izenik gabe erregistratutako lanak. Ikertu ezineko legatuak. Artearen historian ikasten ez diren artisten izenak. Museoetan ikusten ez diren artisten lanak. Horiei atentzioa jartzeak badauka bere garrantzia, baita urgentzia ere. Baginen Bagara erakusketak San Telmo Museoko bildumako parte diren artista emakumeen lanak ekarri ditu aretora. Ez da emakume artisten erakusketa, baina bada erakusketa bat zeinean lehenengo aldiz erakusten diren San Telmo Museoko, Gordailuko eta Kutxa Fundazioko bildumetako emakume artisten lanak. Horretarako, erakusketako komisarioek, Haizea Barcenillak eta Garazi Ansak, museoko bilduma nola eratu den aztertu dute eta osatze prozesu horretan emakume artisten lanen eskasiaren zergatiak aztertu dituzte.

Ezin da ukatu museoetako bildumak, izan artistikoak, etnografikoak edo historikoak, aparatu legitimatzaileak direnik. Bildumek diskurtso kanonikoak sortzen dituzte artelanen, objektuen, artxiboen eta sortzen dituzten ibilbideen bitartez, sasi objektibotasun baten babesean; eta kontatutakoak, erakutsitakoak eta multzokatutakoak izate legitimatzaile eta egiazkoak izatera pasatzen dira. Ikusi besterik ez dago 1937an, Paul Rivetek Parisen sortu zuen Musée de l'Homme-k Mendebaldekoak ez ziren kulturen inguruan egindako irakurketak edo espoliazioak eta gerrak tarteko, museoek nola iraunarazi duten kolonialismoa eta zapalkuntza galerietan kontatuko eta berretsitako diskurtsoen bitartez. Kontakizun horiek birpentsatzea, kolekzioak berrirakurtzea eta bildumetako fondoak beste begirada batzuen menpean aurkeztea orain urte batzuk egiten hasi zen praktika kuratoriala da –izan feminismotik, izan arraza-aniztasunetik, izan mikropolitiketatik edo aniztasun kulturaletik–. Espainiako Estatuan, Madrilgo Reina Sofia Museoa izan zen lehenetarikoa bere bilduma berrantolatzen eta gaika aurkezten. Gasteizko Artium Museoak eta Bilboko Arte Ederren Museoak ere gerturapen berriak proposatu dituzte, adibidez, Zeru bat hamaika bide eta 68aren ostean proposamenen bitartez.

Argazkia: Oskar Moreno.

Beraz, museoak diskurtso sortzaileak diren neurrian, espazio politikoak dira eta, horregatik, borrokatu eta jabetu beharreko espazioak. Baginen Bagara erakusketak museoa beste modu batean irakurria izateko saiakera egiten du, beste kontakizun bat/zuk sortzeko proposamena, Donostiako museoan denbora luzean ikusezinak izan diren emakume artisten lanei lekua emanez eta artearen historia kanoniko eta patriarkala zalantzan jarriz. Erakusketa bi ataletan dago banatuta, izenburuak markatzen dituen bi hitzei segika. Baginen atalean, emakume artista horietan jartzen da fokua eta azaltzen du zergatik izan diren baztertuak, zergatik den hain zaila beren lanen inguruko ikerketa egitea gizonezkoen inguruan dagoen informazio eta bibliografiarekin alderatuta; eta zein mekanismoren bitartez joan diren horien obrak museoko ondarera batzen.

Artearen historia patriarkala zalantzan jarri nahi du erakusketak, emakume artisten lanei lekua emanez

Orain dela 120 urte, San Telmo Museoa sortu zenean, batez ere udatiarrek, artistek eta Donostiako familiek egindako dohaintzei esker hasi zen bilduma osatzen. Lehen opari horietan apenas zegoen emakumezko artisten obrarik. 1919an erosi zitzaion lehenengoz emakume artista bati obra bat, museoa ireki eta 20 urtera: Victoria Malinowska artista poloniarraren Ondarruko arrantzale txikiak obra izan zen, hain zuzen ere, lehen erosketa hori. Eta 1939. urtean jaso zen lehenengoz emakume artista baten obra dohaintzan: Julia Alcayde Montoyaren Fruituak eta loreak margolana. XX. mendearen bigarren hamarkadatik aurrera antolatzen hasi ziren Gabonetako Lehiaketatik, Artista Berrien Lehiaketatik edo Gipuzkoako Emakume Pintoreen Lehiaketatik eratorritako sariak izan ziren bilduma osatzen joateko iturria eta horien eraginez hasi ziren emakumeen obrak gutxinaka-gutxinaka bilduman txertatzen. 2000. urtetik aurrera, museoa era sistematizatuan hasi zen emakume artisten lanak erosten, antolatzen zituen aldizkako erakusketetatik batik bat.

Argazkia: Oskar Moreno.

Errenazimendu garaiko arte-akademia italiarren antza sumatzen zaion arkitekturak zuzentzen du ibilbidearen lehen zati hau. Genero piktorikoen inguruan sailkatuta dauden XX. mendeko pinturak –gorputza, erretratu etxetiarrak, autorretratuak, aulkiak…–, aurkitzen ditugu lehen galerian. Badaude positiboki atentzioa pizten diguten obrak: Rosa Valverde, Marta Cárdenas, Coro Acarreta edo lehen aipatu dugun Victoria Malinowskaren artelanak bereziki egin zaizkit interesgarriak, baita Irene Laffittek margotutako oilarrak ere. Erakusketaren museografia ausarta denik ezin da ukatu, beste gauza bat da hartutako erabakia egokiena ote den. Museoetan artelanak erakusteko modu estandarizatuaz, aseptikoaz eta onartuenaz apurtzeko saiakera interesgarria eta txalogarria bada ere, horma koloretsu horien hautuak artelanen autonomia baldintzatzeko arriskua dakar eta artelan askoren irakurketan interferentziak sortzen ditu zenbait obren kalterako.

Argazkia: Oskar Moreno.

Bagara atalean aldiz, garaikideagoak zaizkigun artisten lanak aurki ditzakegu eta, pintura egon badagoen arren –adibidez, Mari Puri Herrero edo Idoia Montón-en margolanak–, eskulturak presentzia handia du, batez ere 90eko hamarkadaren bueltan egindako artistena: María Luisa Fernández, Elena Mendizabal, Gema Intxausti edo Miren Arenzana. Ana Laura Alaezen tamaina handiko argazkia, Zuhar Iruretagoienaren instalazioak edo Itziar Okariz eta Erlea Maneros Zabalaren bideo-lanek –azken honen obra Museo Bikoitza proiekturako aurkeztu zen–, ezagunak egiten zaizkigu lehenago ere San Telmon bertan erakutsi izan direlako. Bigarren ataleko espazio hau nahiko iluna suertatzen da eta kasu batzuetan obrak pilatuta nabari dira; eta agian, diskurtsoan disolbatuagoak sumatzen dira lehen atalarekin alderatuta. Hala ere, azken bi hamarkadetan egindako erosketen isla nabari da kapitulu honetan, baita 90eko hamarkadako obren legatua ere. Artelekuren esperientziak ere badu bere tokia Bagara kapituluan. Erakusketak badu problematikoa suerta litekeen aspektu bat ere, emakumeen lanak garaian garaiko arte-mugimenduen baitan kokatzen zirela adierazteko, Peio Irazu, Nestor Basterretxea, Vicente Ameztoy edo Amable Ariasen lanak ekarri baitira.

Bilduma jakin batekin aritzeak beti dakar muga bat eta San Telmo Museoaren kasuan, bertan jasotako lanen aniztasunak markatzen du Baginen Bagara erakusketako esperientzia. Dena den, ezagutzen ez genituen artista askoren lanak ezagutzeko abagune interesgarria da eta gure historiografia artistikoa berridazteko abiapuntua izan litekeen proiektua da. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Artea
2024-04-21 | Reyes Ilintxeta
Elisabeth Pérez. Sorkuntzaren defendatzailea
"Adimen Artifiziala etorkizuneko tresna ei da, baina bere funtsa iraganeko sormen lanak lapurtzea da"

Martxoan Iruñean egin zen liburu denden kongresuan ezagutu nuen Elisabeth sortzaileen lana pasioz defendatzen Adimen Artifizial sortzailearen aurrean. Handik gutxira elkarrizketa egiteko gelditu ginen Bolognako Liburu Azokara eta Kolonbiara joan aurretik. Aitortzen dut... [+]


'Denbora geldirik dagoen lekua': Wiki Loves Monuments 2023 lehiaketaren irabazleak

2023ko Wiki Loves Monuments argazki lehiaketako hamabost irabazleak iragarri dituzte. Wikipediaren atzean dagoen Wikimedia Fundazioak urtero antolatzen du eta munduko argazki lehiaketa handiena da. Iaz 46 herrialdetako 4.700 argazkilarik parte hartu zuten, lizentzia libreak... [+]


Jone Erzilla
"Denok ditugu esperientzia estetikoak, baina oso zaila da hori museo batean gertatzea"

Denbora darama “ingurua intentsifikatzeko gai diren horiei” begira eta horiekin lan egiten saiatzen, horretarako gertu duenari arreta jarriz. Irudietatik, hitzetatik, argitik eta horiek espazioan agertzeko duten forma eta moduetatik egiten du lan, batez ere. Orain... [+]


Eguneraketa berriak daude