"Sentimenduekin lan egiten duzunean pertsonengan zerbait eragiten duzu, eta hori da musikak duen ederrena"

  • Iseo-ren ahots garden eta indartsua reggae, elektronika eta haize indartsuekin bat eginik Iseo & Dodosound taldean. Edo Iseo bera bakarrik gitarra soil batekin, euskarazko abesti kuttunak kantatzen. Dena da Iseo. Energia eta baikortasuna transmititzen dituen artistak lan berria aurkeztuko digu laster. Haren aurrerapen singlea: Arigato, jendearekin egoteko eta dantzatzeko gogoa ematen duen esker oneko kantua. Eta ez da gutxi.

Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco
Leire Villanueva López 'Iseo'. Barañain, 1991

Musika giroan hazi zen eta 6 urterekin Barañaingo Musika Eskolan pianoa ikasteari ekin zion. Bartzelonan Itzulpengintza ikasi eta handik Madrilera joan zen graduondoko bat egitera. Hiri handian zazpi urte eman ondoren joan den urteko udaberrian Espainiako Estatuko iparraldeko herri txiki batera joan zen bizitzera, naturaz inguratuta. Bakarlari gisa soilik ahotsez eta gitarraz osatutako Red Gardens-ekin estreinatu zen 2013an. 2016an Last Nigth publikatu zuen, banda batek lagunduta. Alberto Iriarterekin batera osatutako Iseo & Dodosound proiektuan ari da buru-belarri ordutik, dub, reggae eta pop estiloak landuz. Bi disko dituzte: Cat Platoon (2015) eta Roots in the Air (2017). Orain hirugarrena ari dira bukatzen eta bien bitartean Etxea-n izeneko EPa argitaratu du Iseo-k. Lau euskal abesti ezagunen bertsio intimista eta organikoak.

Jende askok ez daki Iseo Barañaingoa dela eta familia Irunberrikoa…
Bai, oso gazte joan nintzelako hemendik. Lehenengo Bartzelonara, itzulpengintza ikastera, eta gero Madrilera. Gainera beti ari gara bidaiatzen alde batetik bestera. Hala ere, ahal dudanean Irunberrira etortzen naiz lasai egotera. Horren beharra daukat.  

Zer izan zen Bartzelona zuretzat?
Hiri handi bat eta zerotik hasteko aukera eta beharra. Bat batean ez duzu inor ezagutzen eta inork ez zaitu ezagutzen.
Gau batean El Mediterráneo izeneko tabernara joan nintzen. Han gauero norbait aritzen zen abesten eta pentsatu nuen nik ere han egon nahi nuela. Jabearekin mintzatu, probak egin eta hasi nintzen astero jotzen. Nire bigarren etxe bilakatu zen! Han ikasi nuen jendaurrean egoten. Horren txikia izanda jendea oso gertu zenuen. Badirudi toki handiak zailagoak direla, baina ez da hala. Gainera denetik gertatzen zen hor. Egun batean pertsona bakarra joan zen eta berarentzat egin nuen emanaldi osoa.

Zu ere Jaio.Musika.Hil?
Erabat. Txikitatik etxean beti musika izan dugu inguruan oso modu naturalean. Amak zeharkako txirula jotzen du, aitak bonbardinoa jotzen zuen Jarauta 69 txarangan, osaba-izebak eta lehengusu-lehengusina guztiek jotzen dute zerbait. Gainera nik uste dut Barañaingo nire belaunaldiko jendearentzat oso aukera ona izan zela Luis Morondo musika eskola zabaltzea. Horri esker jende piloak ikasi du musika. Ni 6 urterekin hasi nintzen pianoa jotzen. Gainera etxean beti kantu zaleak izan gara. Irunberrin Gabonetan, adibidez, bizpahiru gitarra atera eta kantutegi oso bat egiten genuen akorde gutxi batzuekin.

Internet ere oso gertu izan dut beti eta horrek musika berriak entzuteko izugarrizko aukera eman dit. 12-13 urterekin Cristina Aguilera, Back Street Boys, Spice Girls… entzuten nituen. 15 urterekin lagun batzuekin Síndrome de Cronos taldea egin genuen bertsioak kantatzeko eta nire lehen abestia 18-19 urterekin idatzi nuen, Bartzelonan nengoela.
Eraginak toki guztietatik datoz. Hortik eta esploratzeko gogotik ere heldu zait abesteko nire modua.

Argazkia: Dani Blanco
"Frantziako egoerak, adibidez, ez dauka hemengoarekin zerikusirik. Han artistek badaukate segurantza soziala eta langabezia kobratzeko eskubidea urtean 30 kontzertutik gora emanez gero"

Eta itzultzaile moduan lan egin duzu noizbait?
Hasieran musikatik bakarrik ezin nuenez bizi, proiektu batzuk egin nituen. Horietako bat izan zen Fermin Muguruzaren Black is beltza-ren gidoia itzultzea, eta filmeko soinu bandan ere hartu nuen parte.

Horretaz gain, lan egin dut hezkuntzan, lokutore moduan, historia audio-liburu batean... baina musika gero eta pisu gehiago joan da hartzen nire bizitzan.

Nola hartu zenuen profesionala izateko erabakia?
Une hori oso zaila da. Madrilera joan nintzenean sentitu nuen erabaki bat hartu behar nuela. Musika egiten ari nintzen, nire bakarkako lehen diskoa eta Iseo & Dodosoundena kalean zeuden ordurako. Gradu-ondokoa amaitzean argi neukan musika egin nahi nuela eta erabaki nuen probatzea. Artearen munduan gabiltzan ia guztiok pentsatzen dugu, nolabait, lan “serio” bat bilatu behar dugula eta besteari, gure zaletasunari, soberan dugun denbora eskaini behar diogula. Baina soberako tarte horietan ez duzu ez bururik ez animorik lan egiteko. Une hartan erabaki nuen musika nire lana bilakatzea eta nire kalitatezko denbora guztia horri ematea.

Hasieran dena ez da moketa eta purpurina, argi dago. Gakoa izan zen aukera hori eman niola musikari. Bizitza oso motza da eta probatu behar da. Beldurra oso erosoa da eta batzuetan aitzakia ere bai. Kontziente naiz nik gurasoen laguntza izan nuela eta mundu guztiak ez duela halakorik, baina beldurragatik ez dugu eserita gelditu behar.

Beste toki batzuetako artisten baldintzak hobeak dira?
Kanpoan hainbat denboraldi eman ditut, hizkuntzak ikasten batez ere, eta Frantziako egoerak, adibidez, ez dauka hemengoarekin zerikusirik. Han badaukate segurantza soziala eta langabezia kobratzeko eskubidea urtean 30 kontzertutik gora emanez gero. Iseo & Dodosoundek urte eta erdian 150 kontzertu eman genituen azken biran, adibidez, eta ez genuen izan batere laguntzarik.

Emanaldietan askotan ikusten dugu nola ondoko herri txikiko talde batek irekitzen duen jaialdia izugarrizko maila onarekin. Hor nabaritzen da musikan eta artean, oro har, egiten den inbertsioa.

Niri askotan, hasieran batez ere, jendeak galdetzen zidan ea ordaintzen zidaten musika egiteagatik, harrituta bezala. Gaur egun oraindik zaila da musika ofizio bat dela ulertaraztea.

Diskoen salmentatik dirurik ateratzen da?
Ekonomikoki diru-iturri nagusia kontzertuak dira, hala ere biniloarekin ezusteko handia hartu dugu. Gure musika estiloaren inguruan, biniloak balio handia dauka. Gure bi diskoak Europara, AEBetara eta mundu osora bidaltzen ditugu.

Dodorekin duzuna bilatu gabeko istorio bat da?
Erabat. Bera Zizurkoa da eta ni Barañaingoa. Iruñerriko eszenan denok ezagutzen dugu elkar. Bera Raperos de Emausekin zegoen 15 urte zituenetik eta 2013an elkar ezagutu genuen. Radio 3n egin zidaten elkarrizketa batean ezagutu ninduen. Orduan bilatu ninduen eta kaña bat hartzeko gelditu ginen. Elkarri eman genizkion geure maketak eta proposatu zidan elkarrekin zerbait egitea. Asmo handirik ez duzunean gauza interesgarriak ateratzen dira.

Nire konposatzeko modua erabat organikoa zen, gitarra eta libreta bat, eta bat-batean ordenagailuaren aurrean geunden, programa eta teklatu batekin. Niretzat bazen martetarrak hiltzeko programa baten antzekoa. Bideojoko moduko bat. Hala ere, disko erdia konposatu genuen bizpahiru hilabetetan. Gozatzen ari ginen. Berak saio asko zeukan DJ bezala hemen inguruan, Rocko Tenor Saxo jotzailearekin, eta ni ere hasi nintzen haiekin joaten. Saioaren erdian atera eta egin berriak genituen kantak abesten nituen. Hasieran hala zen, baina uda bukaeran jendeak galdetzen zuen ea neska etorriko zen eta gero eskatzen zuten Iseo ere etortzea. Horrela joan zen taldea sortzen. Madrilera jaitsi ginen 2014ko irailean eta hurrengo apirilean Cat Platoon atera genuen.

Hortik aurrera gertatu dena oso polita izan da. Indian bi bira egin ditugu, Latinoamerikan hirutan izan gara, Lituanian, Frantzian, Alemanian, Italian, Erresuma Batuan... eta estatu osoan ibili gara eten gabe.

Orain hirugarren diskoa.
2022an bira egiteko asmoa dugu. ZEID festibala, apirilaren 2an, izango da lehenetako bat eta hortik aurrera beste guztia.

Arigato single alaia atera duzue aurrerapen gisa? Holakoa izanen da disko berria?
Bai. Ospakizun bat da. Oso disko interesgarria atera zaigu. Arigato toki guztietako jendeari eskerrak emateko abestia da. Pandemiak eragina izan du sorkuntzan, alor guztietan bezala. Disko hau besarkada moduko bat izango da. Animoa eman nahi diogu jendeari. Hori pentsatu gabe atera da, baina hor dago, letretan.

Jende gaztea gaizki ari da pasatzen krisiarekin eta pandemiarekin...
Murrizketak gogorrak izan dira. Jenderentzat oso zaila izan da. Gazte zarenean dena etxetik kanpo egin nahi duzu eta egoera honekin ezin izan da hori dena egin.

Bestalde, pandemiari esker argi gelditu da denok behar dugula artea, entretenimendua, kultura... errealitatetik ihes egiteko edota hura hobeki ulertzeko. Jendeak kontzertuak behar ditu eta ikusi dugu uda honetan jendeak nola erosten zituen sarrerak ziztu bizian, garestiak izan arren.

Atrapada kanta egin zenuen konfinamenduan.
Hala da, Madrilgo pisuko sukaldean. Hor ere benetako telefono dei bat sartzen da. Amarekin solasean agertzen naiz abestiaren bideoan. Egunero deitzen nien gurasoei. Pandemia oso zaila izan da hirietan. Hiriak pentsatuta daude erreboluzio askotan bizitzeko eta hori eteten denean zaila da hor bizitzea. Hiriaren txarrena besterik ez zaizu gelditzen halakoetan, horregatik alde egiteko gogoak azkartu zaizkit eta mendi aldera joan naiz.

Etxean euskarazko EPa kaleratu berri duzu. Mikro berri batzuen erruz, ezta?
Uda amaieran gertatu zen. Etxera iritsitako mikro berriak probatzen ari ginen. Niretzat abuztua beti hilabete malenkoniatsua izan da. Uda oso garai bizia eta nahasia izaten da eta abuztu amaieran herrira joateko gogoa ematen dit atseden hartzera, familia eta lagunekin egotera. Ordena berreskuratzeko beharra sentitzen dut. Mikroak frogatzen ari ginenean alboan nuen gitarra hartu eta abesten hasi nintzen hainbeste maite ditudan kanta batzuk. Nik ez nekien Dodo grabatzen ari zela. Txakurrak entzuten dira, akatsak daude... Eta entzun genituenean harrituta gelditu ginen. Plazaratu behar genituela erabaki nuen. Naturala da, bizitza bera bezalakoa. Txoria txori-n trabatzen naiz akorde batean eta gero zuzentzen dut, adibidez. Sumatzen da ez dagoela prestatua. Eta uste dut polita dela hain lan natural eta erreala ateratzea, gaur egun dena oso muntatua dagoelako, oso zuzendua, kontrolatua, neurtua. Eta gauza naturalak ez dira ikusten. Badakigu sare sozialetan ikusten duguna ez dela erreala. Akatsak eta zimurrak ez dira erakusten. Orain naturan bizi naiz, gauza batzuk ez zaizkit jada inporta, nire itxuraz ere beste jarrera bat daukat... eta ideia hori oso presente dago EP honetan.

Argazkia: Dani Blanco
"Barrura begiratzeko une baten nago, eta, bestalde, hasi naiz heldutasuna nabaritzen nire ahotsean. Oso kontu interesgarria. Eta dena da 'Iseo'”

Zergatik kanta hauek?
Benito Lertxundiren Baldorba etxean betidanik entzun izan dugu eta asko abestu dut gurasoekin. Euskal Herrian kontzertuak ematen ditugunean askotan jotzen dugu.

Txoria txori azken urteetan hurbil izan dudan kantua da. Honen bertsio bat jotzen genuen bira batean.

Aitormena behin bakarrik jo nuen, udako gau batean herrian egindako kontzertu batean. Oso ederra da.

Eskuak oso berezia da niretzat. Berri Txarrak-en lehen diskoak goitik behera dakizkit, eta 2019an Kobetamendin egin zuten kontzertuan haiekin abestea proposatu zidatenean izugarria izan zen. Eskuak eta Biziraun abestu genituen elkarrekin eta ikaragarria izan zen.

Uste dut EP hau opari txiki eta intimo bat dela jendearentzat. Madrildik joanda beste fase berri batean nago eta nik uste dut hori nabaritzen dela abesti hauetan. Barrura begiratzeko une baten nago, eta, bestalde, hasi naiz heldutasuna nabaritzen nire ahotsean. Oso kontu interesgarria. Eta dena da Iseo.

Zuzenekorik egiteko asmorik?
Atera nuenean pentsatu nuen polita izan zitekeela kontzertu-mintzaldi moduko batzuk egitea, baina erabaki dut Iseo & Dodosounden hirugarren diskoaren sorrera prozesua errespetatzea. Disko bat egitea haurdunaldia bezalakoa da. Luzea, momentu zailak eta onak daude, eta erabaki genuen lehenengo hau bukatzea. Nik ez daukat batere presarik ezerekin.

Oso erantzun polita eta benetakoa izan dugu jendearen eta komunikabideen partetik. Benetan, eskerrik asko guztioi! Sentimenduekin lan egiten duzunean pertsonengan zerbait eragiten duzu, pertsona horiek ezagutu gabe ere, eta hori da musikak duen ederrena.

Nola ikusten duzu eszena? Iruñerrian bereziki dago mugimendu handia?
Beti egon da mugimendu handia Iruñerriko eszenan, baina egia da azkenaldian oso mugituta dagoela eta hori primeran dago!
Oso interesgarria dago panorama une honetan. Garai konplikatuetan sorkuntza lan indartsuak sortzen dira. Europan, gerren arteko garaian abangoardia guztiak sortu ziren oso denbora gutxian. Gauzak zail daudenean ihes puntua bilatu behar da eta pandemiarekin halako zerbait gertatzen ari da. Nik normal ikusten dut hainbeste jende gazte hitz egiteko gogoz egotea. Hori da behar duguna. Agian pandemiarik gabe ez legoke bor-bor hori. Helduei entzun behar zaie, baina gazteak ez dira inoiz ahaztu behar. Ideia, ahots estilo berriek... panorama aberasten dute. Oso sintoma ona da eszena hain aktiboa egotea.

Sare sozialetan mantra positiboak zabaltzen dituzu goizean goizetik.
Bai. Nire mantra Twitterren bada “gaur egun ona izango da”. Azkenean jasotzen dugu proiektatzen duguna. Zeure burua toki positibo batean irudikatzeko erremintak dira mantra hauek. dut.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-21 | Iker Barandiaran
Amorrazioa, jarrera eta kantuak

Madrilgo queer mugimenduan kokatzen nuen taldea, eta orain gutxi bere esentzian –zuzenekoan– ezagutzeko aukera izan nuen. Orduan jakin nuen Argentinan jaio baina gaztetan Madrilera joandako Belenek (ahotsa eta gitarra) sortu zuela taldea, eta Mariarekin (bateria eta... [+]


2024-04-14 | Iker Barandiaran
Errekak ez du planeatzen

Garai batean, buruz genekizkien The Dark Knight filmeko Jokerren esaldi guztiak, “kaosaren agentea” zenez gero. Horrelakorik zuen, esaterako, bere jokabidea azaltzeko: “Plan bat duen tipo bat al dirudit? Badakizu zer naizen? Autoen atzetik korrika doan txakur... [+]


Eguneraketa berriak daude