Eremu digitalean proiektatzen duguna

Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Pasa den urtean, Durango Azokako Kabian, hitz berri bat ikasi nuen: NFT (non fungible token). Alegia, kripto-txanponen munduari lotutako teknologiarekin sorkuntza digitalei balioa eransteko aukera ematen duen prozesua. Bitcoin gisako kripto-txanponen ezaugarri bat da sistema publiko banatu batean oinarrituta daudela. Sistema publiko horren analogia bat kontabilitatean erabili ohi den liburu nagusiarena litzateke, non enpresa baten edozein mugimendu jasotzen den. NFTa sorkuntza digital baten erregistroa litzateke liburu nagusi horretan, sorkuntza horren jabea nor den jasotzeko modua. Ideia da artearen munduan historikoki egin dena errepikatzea: eremu fisikoan artelanak, orokorrean, bakarrak dira eta ezin dira errepikatu, eta beren jabetzaren inguruan merkatu bat existitzen da. NFTk ere hori bilatzen du, baina ezaugarri interesgarrienetako bat guztiz alderantzizkoa da: berdin errepikatzea baimentzen du. Askoren ustez jabetzaren inguruan espekulazio hutsa dakar horrek, negozio eredu berriak sortzeko bidean.

NFTaren ideia nora iritsiko den ez dakit, baina zenbat kostatzen zaigun eredu berriak pentsatzea. Batez ere sorkuntzaren eremuan, sorkuntza lana balioan jartzea zaila izaten baita, zer esanik ez errazki errepikakorra egiten duen eremu digitalean. Azken batean, horrelako ideiak sorkuntza digitalari loturiko jarduera eskaera-eskaintza merkatuaren logiketan txertatzeko ahaleginak dira. Orain arteko ereduak eremu digitalean proiektatzen gabiltza uneoro.

Inoiz ez bezala ordea, eremu digitalean sortzeko moduak aldatzen ari dira, errepikatzeko eta errazki partekatzeko aukerek  sortzaile komunitateak biltzen dituzte gai ezberdinen inguruan. Beraz medioak berak gure betiko dinamiken inguruan pentsatzeko, esperimentatzeko eta egiteko aukerak dakartza, ez dugu zertan betiko bidea jarraitu balioa sortzeko, bestelako moduak ere proiektatzeko aukera dago.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude