"Nire kontrako atentatu-saiakerak laster artxibatu zituzten, 'egile faltagatik'"

  • Iosu Imaz lagun eta laguntzaile izan dugu zenbait elkarrizketatan. Iaz Altsasun Justi Iguzkizarekin izan ginenean (ARGIA, 2.709 zenbakia) eta aurten Lakuntzan Txaro Arregirekin (2.725 zenbakia), bera izan genuen kontaktu. Oraingoan, berriz, bere haragian bizitua kontatu digu, Espainiako Trantsizio garaiko estatuaren estoldak erretratatuz.

Iosu Imaz Prim. Altsasu, 1957

Iosu Imaz Prim (Altsasu, 1957) langile erretiratua da, militantziari inoiz utzi ez diona. Gazterik hasi zen militatzen. Bateko EHAS eta besteko HASI. Atxilotua, torturatua, kartzelatua, libre utzia. Atentatuak jasandakoa... 1983ko udal hauteskundeetan HBren zerrendan ageri zen haren izena. Ez zen zinegotzi izatera heldu orduan, baina bai urte batzuk geroago Lakuntzan, bi legealdi egin baitzituen udalean. Gaur egun, memoria aferetan ari da, Altsasu Memoria elkartearen barruan. Biktimek lekukotasuna eman behar dutela uste du, eta horretan da lanean. Oraintxe, inprimategira bidean dute Altsasu memoria 1900-1950 liburua.

Ezagun ezezaguna zaitugu ARGIAn. Gure kontaktu izan zaitugu, beti itzalean. Ordu da zeure berri eman diezaguzun.
Gure etxean frankismo garaian asko hitz egiten zen politikaz. Partez, familiak bere haragian bizi izan zituelako errepresioa eta exilioa. Amaren aldetik, gure amonaren anaia Konstantino Salinas Jaka sendagilea izan zen, 1936ko altxamendua baino lehen Foru Diputazioko presidentea. Atzerrian hil zen. Artean gaztea ni, Pirenaica Irratia aditzen genuen, frankismoaz hitz egiten zuen irratiak, eta jendea demokrazia gosez zegoen… Etxeko liburu-dendan lan egin nuen urte batzuetan, Altsasun, eta han gorriak ikusi nituen, guardia zibilak hantxe baitziren beti.

Liburu-dendan?
Bai. Oroitzen naiz bitan behintzat etorri zirela, liburu bahitutako bat eskatzera. Gobernuak liburua bahitu, eta haiek guri huraxe eskatzera… Pintadak egin zizkiguten, kristalak txikitu. Badut argazki bat, pintada bat gure dendan: “Viva el Rey” (Gora Erregea) eta beste hitz batzuk ondoan, heriotza-mehatxu gisakoak. Hiru aldiz txikitu zizkiguten kristalak, eta, behin, barrura sartu eta dena arpilatu zuten. Eta, gero, jazartzen hasi zitzaizkidan.

Zertan izan zen jazarpen hori?
Behin, denda itxi, eta banindoan, karpeta bat eskuan. Guardia zibilek geldiarazi egin ninduten. Karpetan zer ote neraman galdetu zidaten. Arakatu egin zidaten karpeta. Hurrena, auto kamuflatuak denda aurreko aparkalekuan jarriko ziren, eta nor sartzen zen eta nor irteten kontrolatzeko. Bitan, oroitzen naizenez, etxetik irten, autoa hartu eta guardia zibilak nire atzetik. Altsasuko kaleetan bertan gelditu ninduten, galdera inozoak eginez: “Zer ordutan helduko da kirol-egunkaria?”. Horrela.

Adarra jotzen, guardia zibilak…
Eta zenbat trafiko-isun jarri izan zizkiguten altsasuarroi! Batean, ez genuela “Stop” seinalea errespetatu. Bestean, abiadura-muga gainditu genuela. Gobernadoreari erreklamatu genizkion isun guztiak, eta jazarpen-salaketa jarri genuen udalaren aurrean. Isunetako batzuk ez genituen ordaindu. Beste batzuk, aldiz, bai. Behin, isuna, autoa gaizki aparkatuta nuela-eta. Ordaindu behar izan nuen, baina desadostasuna ere adierazi nuen, idatziz, eta autoa zuzen aparkatuta zegoela argudiatu ere bai.

Jazarpena, isunak… halako batean, atxilotu ere egin zintuzten…
1980an, Arbizuko jaietatik itzuleran. Etxetik 300 metrora nengoela, guardia zibilek geldiarazi egin ninduten: atxilotuta nengoela esan zidaten. Nire autotik atera eta beste batean sartu ninduten. Olatzagutiko guardia zibilen kuartelera zuzenean. Sartu orduko, beheko solairuko eskailera baten barandara lotu ninduten eskuburdinez. Handik hogeiren bat minutura, jeep baten motorraren zarata eta balaztada. Berehalaxe, sei guardia zibil sartu ziren, niri irainka, mehatxuka eta joka. “Akabatu egingo haugu!”. Gero, polizia sekretu bat etorri, guardia zibilak baztertu, ni hartu eta auto batera sartu ninduen. Eta Iruñeko Gobernu Zibilera, hango sotoan baitzuen egoitza Nafarroako Poliziaren agintaritzak.

Ez al zizuten esan zergatik atxilotu zintuzten? Zergatik hartu behar zuten inor irainka eta joka? Zein zen akusazioa?
Galdera horiek ez dute erantzunik, ez bada terrorismoaren aurkako legea. Babesgabetasuna. Gauza pertsonalak hantxe utzi, eta fitxa egin zidaten. Ziegara jaitsi ninduten, eta sei eguneko kalbarioa hasi zen. Ziegara sartu eta hormara begira zutik egoteko agindu zidaten. Gero, bi pertsona etorri, eta Gobernu Zibileko lehen solairuko areto zabal batera eraman ninduten. Harrera ikaragarria egin zidaten. Sei pertsona ziren, biribilean, eta ni erdian. Eta ni gupida gabe jotzeari lotu zitzaizkion, kolpe, ostiko eta zartako, eta galderak bata bestearen gainean. Ia beti pertsona bera zen torturatzailea, gizon txiki gizenkote bat, bibotekikoa.

Zer galdetzen zizuten, noiz arte atxiloturik?
Betikoa: ETAri buruz nekien guztia esanarazi nahi zidaten, izenak emateko… Sei egun eduki ninduten han. Itaunketa-saio etengabeak, batetik, eta, bestetik, ziegako hormaren kontra zutik denbora gehiena. Itaunketa batean, Diario de Navarra erakutsi zidaten, hantxe atxilotuon izenak, ez bainintzen ni atxilotu bakarra izan. Gero, telefono-aurkibide lodi bat hartu eta buruan joka eraso zidaten. Horixe zen haien metodoa, saio guztietan erabiltzen zutena. Mina jasanezina zen. Hurrena, egurrezko gailu batetik zintzilik jarri ni eta guztiz biluztu ninduten. Torturatzaile batek, prakak jaitsi eta ni bortxatzeko itxurak egin zituen, irainka beti: “Marikoi hori!” eta halakoak.

"Lau egun-edo eramango nituen atxilotuta, eta, behin, gauez, eskaileretan gora hasi nintzen...  eta kolpe ikaragarri bat jaso nuen bizkarrean: guardia zibil batek atzetik jo ninduen fusilaren kulatarekin”

 

Argazkia: Zaldi Ero

Esan duzunez, ez zinen atxilotu bakarra.
Ez, bada. Ziegara jaitsi nindutenean hainbat lagunen garrasiak aditu nituen. Altsasu, Bakaiku eta Txantreako jendea zen. Neska-laguna ere atxilotu zutela esan zidaten, baina gezurra zen. Hala ere, emakume baten orroak aditu nituen. Lau egun-edo eramango nituen atxilotuta, eta, behin, gauez, eskaileretan gora hasi nintzen. Oso oroitzapen lausoa dut… Eta gora ari nintzela, kolpe ikaragarri bat jaso nuen bizkarrean: guardia zibil batek atzetik jo ninduen fusilaren kulatarekin. Esan dut, oroitzapen lausoa dut eta, gainera, kordea galdu nuen. Eta, okerrena, hurrengo egunean, itaunketa berriro. Goiko solairura igo, eta gela batera sartzeko atea ireki zidaten. Han, polizia bat, burua mahai gainean, lo itxurak egiten, pistola bat ondoan, eta kaleko leihoa erabat zabalik.

Tranpan erortzen ote zinen.
Bai, bada. Laster igarri nion. Hantxe egon nintzen, geldirik. Gero, poliziak esnatzen ari zen bezala egin zuen, leihoa itxi, eta betiko itaunketa-saioa gero. Akabo ni, leihotik irteten saiatu izan banintz. Torturatzaileek eskularruak jantzi eta gogor jotzen ninduten —sabelpean, gehienbat—, eta bainuontzia zegoen aldera ere eraman ninduten inoiz, baina ez zidaten tortura hura aplikatu. Egunak igaro eta gero, deklarazio bat sinarazi, eta Iruñetik Madrilera eraman gintuzten. Esan zidaten han galdera gehiago egingo zizkigutela. Ez dakit nola jasan ahal izan nuen. Lorik ere ez, oinak handituta eta ibili ezinik. Hura atarramendua! Eta gobernadoreak hura onartzea ere! Epailearen aurrera eraman nindutenean, tratu txarrak salatu nituen, ordu arteko deklarazioa torturapean egin nuela esan nuen, baina ez zuten ikerketarik egin.

Eta epailearen aurrean deklaratu eta gero?
Kartzelara. Sei hilabete. Lehenengo, Carabanchelen (Madril, Espainia) izan nintzen, ez mediku, ez erizaindegi, ez botika. Bizkarreko minez, oinak lehertuta eta ezin ibiliz. Txiza egin beharrean, odola egiten nuen. Bosgarren moduluan eduki ninduten, beste zenbait euskaldunekin batera, baina preso arruntak ere baziren. Gu heldu eta egunetara, funtzionarioek tunel bat atzeman zuten —guk ez genekien ezer—, eta  zigor modura, Herrera de la Mancha, Ocaña eta Burgoseko (Espainia) kartzeletara eraman gintuzten. Ni, Herrerara, beste hiru lagunekin batera. Hantxe zeuzkaten  GRAPOko preso guztiak.

Herrera de la Manchako espetxea aipu eta sona handikoa da.
Bai, horixe. Furgoitik jaitsi eta lehenengo, sekulako jipoia! Preso-jantzia eman eta isolatu egin ninduten. Egunean ordu laurdena nuen patiora irteteko, eta beti bakarrik. Goizeko bost eta erdietan esnatzen gintuen megafoniak; Rocio Durcalen rantxerak beti. Garbitokira joan behar, eta funtzionarioa beti ondoan. Gose-greba egin genuen kide batek eta biok, 8 kilo galdu nituen astebetean, eta Soriara eraman gintuzten. Sei hilabeteko espetxealdia, eta kalera irten nintzen, baldintzapean libre,  epaiketaren zain. Irten baino lehen, Espainiako Poliziaren aginteduna mehatxuka etorri zitzaidan: “Hi libre hoa, baina gure lagun asko hilda zeudek!”.

Altsasura itzuli zinen, etxera.
Bai, jakina. Baina gauza ez zen hor bukatu. 1981eko azaroan-edo, panfletoak bota zituzten herrian, lau lagunen izen eta helbideekin, ETAren kolaboratzaile izatea leporatzen zitzaien: “ETAk gerra, gosea eta kaosa nahi ditu Euskadi eta Nafarroarentzat. Hiltzaile horiei laguntzen dietenak dira errudunak”. Eta pintada bat ere egin zuten Ziordiko lantegi batean, zenbait izenekin. Tartean, nirea. Errepidetik ikusten zen, eta GAEk sinatuta zegoen.

GAE, Talde Armatu Espainolak… Sei-zazpi lagun hil zituzten 1979-80an Euskal Herrian.
Eta abenduan, pakete bat jaso nuen dendan, nire izenean. Gasteiztik zetorren. Liburu-dendan hainbat pakete jasotzen genituen, eta haien antza zuen. Etxera eraman, ireki, eta puru-kaxa bat zen. Nik ez nuen erretzen, ordea. Amari esan, eta ez irekitzeko esan zidan, bazitekeela bonba bat izatea. Cosolsa zen igorlea, eta telefono-konpainiari hots egin eta haiek esan zidaten ez zutela delako Cosolsa horren berririk. Balkoian eduki genuen paketea gau hartan. Biharamunean, hartu paketea eta dendara eraman genuen. Meatzari aditu bati hots egin genion. Itxuraz, susmatzekorik ez zuen ikusi, baina guraizeak hartu eta, kontuz-kontuz, irekitzen hasi zen: eta orduantxe kable batzuk ikusi!  Guardia zibilari hots egin genion, eta haiek Iruñeko artezilariei.

Argazkia: Zaldi Ero
"Poliziek ez zuten asmatzen burdinak irekitzen, eta preso bati hots egin behar izan zioten, irekitzeko. Hark hartu alanbre bat eta airean ireki zizkidan”

Lehergailua zen, hortaz.
Bai. Paketea hartu, eremu soil batera eraman eta leherrarazi zuten, gu lekuko ginela. 100 gramoko lehergaia zen. Plastiko exogenoa, armadak beste inork ez daukana, lehergairik indartsuena… Paketea ireki izan banu, ni ez ezik, inguruko jendea ere akabatuko zukeen. Albistea azkar zabaldu zen, eta Etxarri Aranazko Rafa Larrazak ere antzeko paketea jaso zuela jakin genuen. Guk bezalaxe jokatu zuen Larrazak. Gero, guardia zibilak gure etxera etorri eta, zakar eta lakats, pakete-bonbak zekarren biltzeko papera eskatu ziguten. Madrilera bidaltzeko omen. Eta ezer ez. Harrezkero berririk ez.

Dakidanez, ez zen zure kontrako atentatu-saiakera bakarra izan.
Bakarra, ez. 1983ko maiatzean lehergailua jarri zidaten autoan. Etxepean aparkatuta neukan. Goizeko bederatzietan, autoa hartzera joan, eta kristal bat txikituta! Eta bolante azpiko instalazioa kenduta, kableak solte, egunkari bat erreta barruan… Ama, leihotik, ez sartzeko autora! Guardia zibilei hots egin, gauzak lehergailu itxura zuela esan, eta handik bost ordura etorri ziren! Bitartean, jendea, han inguruan kuxkuxean eta ikusmiran! Etorri ziren guardia zibilak, ekarri zuten txakurra, aurkitu zuen lehergaia, eta hartu autoa, Altsasuko kanpo aldera eraman, eta zartarazi zuten. Autoaren sabaiak ondoko makal arbolaren adarrak jo zituen, eta txapa zatiak, berriz, handik berrogeita hamar metrora ere jaso zituzten. 500 gramo goma-2 zituen lehergailuak.

Ondoriorik izan zuen?
Atentatua salatzeko agiria atera zuen Altsasuko batzarrak, mobilizatzeko deiak egin ziren, niri sostengu eta babes emateko ekimenak… Maiatzaren 8an udal-hauteskundeak izan ziren. Nire kontrako atentatua, berriz, hilaren 13an. PSOEk irabazi zituen Altsasun. Udalbatza berria osatu baino lehen, osoko batzar berezia deitu zuen aurreko alkateak, baina sozialisten zinegotzirik ez zen batzar hartara joan. Handik hamabost egunera, alkate sozialista izendatu berria agintean, udalbatzak ez zuen ni babesteko mozioa onartu. Udaletxeko balkoian nire aldeko pankarta bat jarri, eta kenarazi zuen PSOEko alkateak. Etxarri Aranatz, Bakaiku, Arbizu eta Lakuntzako udalek atentatuaren kontrako agiria atera zuten. Manifestazioa egin zen Altsasun, guardia zibilek kargatu egin zuten… Eta bide judizialetik, deus ez. Maiatzean atentatu-saiakera, eta uztailaren 6an esan ziguten egilerik ez zela ageri eta kasua artxibatu egin zutela. Pakete bidezko atentatuan bezala. Bi kasuak ere artxibatu egin zituzten, “egile faltagatik”. Eta holaxe.

                                                                                                  *     *     *

IMAZ LIBURU-DENDA
“Franco hil eta gero, jendeak zer gertatu zen jakiteko gogo handia zuen, eta zenbait liburu publikatzen hasi ziren batzuk eta besteak. Liburu-dendak ez ziren eskuin muturreko jende eta taldeen gustukoak izan. Saltzen zena ere estu kontrolatzen zuen Poliziak. Eta halaxe kontrolatzen zuen gure familiaren Imaz liburu-denda”.

GUARDIA ZIBILAREN AGINDUA

“Beste behin, Urdiainen gelditu ninduten trafikoko guardia zibilek. Agenteak esan zidan: ‘Imaz, zu geldiarazteko eta isuna jartzeko agindu didate, baina ez dakit, bada, zer dela-eta jarri behar dizudan isuna’. Bata bestearen ondoren jaso nituen isunak, eta, okerrena, gure aitari ere jartzen hasi zitzaizkion. Bi autobus zituen, eskola-garraioa egiten zuen, eta hura ere noiznahi geldiarazten zuten, isuna jartzeko. Hezkuntza Ministeriora joan behar izan zuen, isunak baliogabetzeko”.

AZKEN HITZA

ESKUBURDINAK

“Herrera de la Manchatik Soriara eraman ninduten. Heldu, eta funtzionarioek ezin niri eskuburdinak ireki. Behar baino estuago lotu zizkidaten, eta eskumuturrak puztuta neuzkan. Poliziek ez zuten asmatzen burdinak irekitzen, eta preso bati hots egin behar izan zioten, irekitzeko. Hark hartu alanbre bat eta airean ireki zizkidan”.

   


ASTEKARIA
2022ko urtarrilaren 16a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Errepresioa
2024-03-15 | Gedar
Larunbatean, "estatuen indarkeria eta errepresioa" salatuko ditu EHKSk Donostian

Egun osoko jardunaldi politikoaren barruan, manifestazio bat egingo du 19:30ean, Gipuzkoa Plazatik abiatuta. "Azken asteotako jazarpen polizialaren eta errepresioaren" kontra mobilizatuko dira.


Sei urteko espetxe zigorra eskatu dute bizkaitar baten aurka, etxegabetze bat gelditzen saiatzeagatik Bartzelonan

Bi lagunen kontrako epaiketa hasi da gaur, otsailaren 29ean, Bartzelonan. Akusatuetako bat Zeberiokoa (Bizkaia) da, eta bestea Esplugueskoa (Bartzelona). 2020an Bartzelonan etxegabetze bat gelditzen saiatzean, Esquadra Mossoak bortizki oldartu ziren han bildutakoen kontra... [+]


Tefia, homosexualak zigortzeko eremua

Fuerteventura (Kanariar Uharteak), 1954ko otsailaren 11. Tefiako Nekazaritza Kolonia abian jarri zuten uharteko aireportu abandonatuan, basamortuaren erdian. Nekazaritza kolonia eufemismoaren atzean, praktikan, kontzentrazio eremua izan zen Tefia, nagusiki LGBTI komunitateko... [+]


Arnaldo Otegi
“Gu atxilotu gintuzten ETA Euskal Herriko ekuazio politikotik ez ateratzeko”

Bateraguneko auziko auzipetuen izenean hitz egin du Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak eta poza agertu du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak auzia ez errepikatzea erabaki duelako. Estatuko herrien askatasun nahia modu demokratikoan bideratzeko deia egin dio Espainiako... [+]


2023-11-15 | Gedar
790 milioi euroko aurrekontua izango du Jaurlaritzako Segurtasun Sailak 2024an, aurrekoan baino %5,9 gehiago

 Azken hiru urteetan %13,7 igo da Eusko Jaurlaritzaren segurtasun-aurrekontua. Datorren urterako igoera 44 milioi eurokoa izango da.


Eguneraketa berriak daude