Zaindu gaitezen, baina aurrekonturik gabe

Gipuzkoako zaharren egoitzetako langile grebalariak Donostian egindako mobilizazioetako batean, pasa den urrian (irudia: @erresidentziak)
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

EAJk Espainiako Senatuko bozketaren unerako utzi omen ditu AHTrako diru gehiago ekartzeko negoziazioak. Oraingoan, trena hiriburuetan sartzeko izango omen da dirutza, Donostian herritarrek behar ez duten metroarekin batera, Bilbo inguruan inork gutxik erabiltzen duen Supersurrarekin... betiko enpresek irabaziak ziurtatuta dituzte urteetan.

Bitartean, zaintzaileen borrokak ez du etenik, behar eta merezi duten oihartzuna ematen ez bazaie ere –Cadizeko metaleko grebak atxikimendu eta oihartzun handiagoa izateak zer pentsa ematen du–. Zaharren egoitzetan zerbitzua hobetzeko, lurralde hitzarmenekin sektoreari zor zaion duintasuna emateko, garbitzaileen baldintzak hobetzeko... Beste sistema bateranzko borrokak dira, guztiak ere.

2022ko aurrekontuetan zaintzaileen premiez hitzik ez, konpromisorik ez, finantziaziorik ez. Omen, krisiaren kontrako aurrekontuak dira, baina zaintza krisiaz ezer ere ez. Ez Madrilen lortu diren akordioetan, ezta Nafarroarako zein EAErako egin direnetan ere.

Zaintzarako sistema berria behar dugula erakutsi digute zaintzaileek borrokaz borroka. Zaintzak ziurtatzeko, zaintza-ardurak eta lanak guztion artean banatzeko, eta zaintzaileen bizi baldintzak hobetzeko sisteman pentsatzen eta eztabaidatzen ari dira mugimendu feministan nola euskal sindikatuetan.

Hitz onak ez dira falta izan instituzioetan. Baina? Zaintzarako euskal sistema publikoa antolatzea bide oso baten emaitza izango da. Aukera paregabea galdu dute bide hori instituzioetatik ere bultzatzeko eta bideratzeko prest daudela erakusteko. Ez da diru gehiegi behar bidea abian jartzeko, zaintzak erdigunean jartzeko borondate politikoa bai ordea.


ASTEKARIA
2021eko abenduaren 12a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Ekonomia kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.