Euskara ikasleen aldizkariak 40 urte

  • Urteurrenaren karietara, diseinua eta webgunea berriturik dator euskara ikaslearentzako AEKren aldizkaria. Berrikuntzen artean da, adibidez, Aizu!-ren harpidetza digitala egiteko aukera. Durangoko Azokan agertu zen lehen aldiz, eta horixe baliatuz, Landako Gunean ospatzen segituko dute berrogeigarren urtea.

‘Aizu!’ aldizkariak 40 urte beteko ditu abenduan eta Durangoko Azokarako zenbakia, 462.a, prestatzen ari dira. Argazkia: Dani Blanco.
‘Aizu!’ aldizkariak 40 urte beteko ditu abenduan eta Durangoko Azokarako zenbakia, 462.a, prestatzen ari dira. Argazkia: Dani Blanco.

1981ean sortu zen. 40 urte. Zenbakia, kasu honetan, ez da, besterik gabe, biblikoa, egiaren frogantza eta erakusgarri baizik. 40 urte bete ditu aurten AEKren Aizu! aldizkariak, Alfabetatze eta Euskalduntze Koordinakundeak euskara ikasten ari direnentzat argitaratzen duen hilabetekariak. Paper euskarriko aldizkaria ez ezik, Aizu!-ren webgunea ere berritu dute. Aldizkariaren koordinatzaile Eñaut Mitxelenak jakinarazi digunez, 40 urte honetan hainbat zaharberritze izan ditu aldizkariak, aldaketek irakurlearen mesedea izan dute beti helburu, eta oraingo moldaketek ere xede bera dute.

2021eko irail-urriko Aizu!-n gauzatu dute eraberritzea, Mitxelenaren hitzetan: “Aldaketa nagusiak itxurarekin lotuta daude. Aldizkaria irakurterrazagoa izan dadin, diseinu arin eta argiagoa du orain. Horretarako, besteak beste, irudiak garrantzi handiagoa hartu du”. Mamiaz den bezainbatean, berriz, aldizkariaren atal nagusiak egokitu eta berriak sortu dituzte. “Atal berriak, oroz gain, behe mailetako euskara ikasleei zuzendurik daude, eta esaterako, hilero galdera sorta labur eta arinak eskainiko zaizkie irakurleei kultur orrietako Idazlea kontu kontari eta Musikaria mintzo atalen bidez”. Esateak balio badu, esan dezagun Xabier Etxaniz Rojo idazleak eta Maite Arroitajauregi Mursego-k estreinatu dituztela gorago aipatu bi atalok. “Gainerakoan, edukiei dagokienez, ohiko gaiak lantzen jarraituko dugu Aizu!-n, hau da, kultura, gizartea, kirola, euskara, bitxikeriak...”. Edukiok euskara ikasten ari direnentzat berariaz moldaturik ari dira beti, “euskara ikasteaz batera, euskal kultura ezagutzeko bideak zabalduz”, aldizkariaren koordinatzaile Mitxelenak adierazi digunez.

Haatik, gorago esan dugunez, diseinua ez da AEKren aldizkariak abiarazi duen aldaketa bakarra, webgunea ere berritu baitu aizu.eus atarian. Mitxelenarena da hitza: “Orain arte, aizu.eus paperezko aldizkariaren erakusgarri izan da nagusiki; aurrerantzean, aldiz, elkarren osagarri izango dira paperezkoa eta digitala. Paperezko eduki asko bere horretan jarriko ditugu sarean; beste zenbait, aldiz, soilik harpidedunen eskura egongo dira”. Eta, esate baterako, harpidetza mota berriak eskainiko ditu Aizu!-k, hau da, paperezkoaren harpidetza arruntaz gain, harpidetza digitala, edota digitala eta paperezkoa uztartzen dituena. Ohi denez, harpidetza digitalaren bitartez, hileroko zenbakia e-postaz jasoko du irakurleak pdf  formatuan. Gainera, Aizu!-ren zenbaki zahar garai batekoak ere eskura izango ditu balizko harpidetza digitalaren egileak.

1981, sortzea

Urteurrena, bestalde, atzera begirakoa egiteko baliatu nahi izan dute aldizkariaren arduradunek eta, egia esan, urregorrizko perlarik bada M. Egimendik hileotan Aizu!-ren orrialdeetan ondu duen 40 urteko ibili eta prozesuaren kronikan. Erramun Mendibelanda ageri da aldizkariaren historiaren hasieran.

1981 da. Alberto Ugarte zenaren izena ekarri du plazara Mendibelandak. “Hura Deustuko unibertsitatean ari zen Euskal Filologia ikasten. Era berean, euskara irakasle zen bertako Euskal Kultur Mintegian. Hainbat lagun bildu zituen, baita Arte Ederretakook ere, eta aldizkariaren asmoa abiarazi zuen”. Alberto Ugarte, Erramun Mendibelanda, Jabi Ubierna… Askoren artean egin zuten aldizkaria, eta askoren artean erabaki zuten izena ere. ¡Hola! aldizkariaren izenean inspiratu omen ziren Aizu! izena asmatzean.

Gaiak erabakitzen zituzten, zein artikulu zituzten aukeran kontsideratu… “idazkiak jaso eta erabakitzen genuen haien zabalera eta letra tipoa. Adabakiz betetzen genituen orrialdeak eta inprimategira abiatzen ginen. Inoiz, taxian!”, Mendibelandak eta Ubiernak gogoan dutenez. Bada beste anekdotarik ere: “Behin, lapurrak sartu zitzaizkigun, udaltzainak etorri, eta nahas-mahas hura ikusi eta uste izan zuten lapurrek eragindako anabasa zela, kar, kar!”.

Aldizkariaren lehen zenbakia kaleratzea urtebeteko lana izan zuten, laguntza bonoak saldu behar izan zituzten asmoa gauzatzeko.

1983, AEK-rekin bat egitea

Aizu! sortu eta bi urtera, berriz, urrats handia egin zuen aldizkariak, AEKrekin bat eginik. M. Egimendik aldizkariaren orrialdeetan gidatu duen kronikan irakurri dugunez, garai hartan Aizu!-k eta AEK-k egoitza elkarbanatzen zuten, ezagutzen zuten elkar. Aldizkariaren sasoiko koordinatzaile Iber Otsoarena da lekukotza: “Urte eta erdi generaman aldizkaria kaleratzen, zirt edo zart egiteko unea zen, Aizu!-k dedikazioa eskatzen zuen, baina horretarako, irakurleak eta harpidedunak behar genituen”. AEKren buruetako Joseba Kanpo zenak Aizu! euskara ikaslearentzako tresna baliagarritzat jo eta aisa konbentzitu zuen koordinakundeko didaktika taldea. Alberto Gabikagojeaskoa eta Josu Naberan, besteak beste, eta gisa horretara egin zuten bat aldizkariak eta AEK-k.

Didaktika taldea konbentziturik ere, ordea, dudak ere izan ziren goiko mailan. AEKren batzorde nazionalak hartu behar zuen azken erabakia, eta, Otsoaren arabera, nekez konbentzitu zituzten arabar eta gipuzkoar arduradunak, “haiek uste baitzuten koordinakundea Aizu!-rekin batzea bilbotarren kontua zela”. Bestalde, aldizkarian ere bazen kezkarik franko; bazuten kezkarik, agerkariak esku artetik ihes egingo ote zien. AEKn Joseba Kanporen kide zen Urtsa Errasti oroitzen denez, berriz, “guk [AEKk] ez genuen Aizu!-ren kontuetan sartzeko asmorik; ezta diru aferetan ere. Gainera, didaktika taldeko Josu Naberanek eta Gabikak [Alberto Gabikagojeaskoa], uste zuten aldizkaria oso baliabide egokia zutela barnetegietan eta alfabetatze taldeetan erabiltzeko. Oso argi zekiten horrelako aldizkari bat behar zela euskararen irakaskuntzan laguntzeko”. AEK-k, beraz, bere euskaltegi sarea eskaini zuen. Koordinakundeak egitura ahula izanagatik ere, bat egiteak hein handian indartu zuen aldizkaria. 1983ko azaroan, lehen aldikoz, AEKren logoa ekarri zuen Aizu!-k azalean.

Hamaboskaria

1994ko abenduko zenbakia eta gero, Aizu! ez zen ondoko urtarrilean kaleratu.  Haatik, hamaboskari zela itzuli zen 1995eko otsailean, eta halaxe iraungo zuen 1999ko uda arte. AEKren Batzar Nagusiak aldizkaria zeharo iraultzea erabaki, eta itxura ez ezik, maiztasuna ere aldatu zuen Aizu!-k. M. Egimendi aldizkariaren historiaren kronikari jarraikiz irakurri dugunez, “1995eko otsailaren 1eko datarekin plazaratu zen 141. zenbakia”, hots, hamaboskariaren lehenengoa.

Begi bistakoa izan zen aldaketa, guztiz nabarmena: “Aldizkariaren formatua, mantxeta, tukana [Aizu!-ren maskota] desagertzea, paper birziklatua...”. Hilean bi zenbaki kaleratzeak kolaboratzaile sarea areagotzea ekarri zuen nahitaez, hainbat atal berri ere asmatu baitzituzten aldizkariaren gidariek.

Artean hamaboskari zela, hamabosgarren urteurrena ospatu zuen. Azal alai eta kolorez betea ekarri zuen 181. zenbakiak, eta 1995 hartako Durangoko Liburu eta Disko Azokara bi produktu berri eraman zituen aldizkariak: Dostaizu! jolas bilduma eta Aizu, Paddy! ipuin liburua. Lehenaz den bezainbatean, mintzamena lantzeko, hiztegia ikasteko eta jokalarien kultur maila aberasteko lau joko zituen Dostaizu!-k. Bigarrenari dagokionez, Paddy Rekalde idazleak Aizu!-n argitaratuak zituen narrazioen bilduma zen. Harrera ezin hobea izan zuten batak eta besteak, agortu ere egin baitziren bi lanok.

Lau urtez hamaboskari iraun zuen Aizu!-k. Harrezkero, 1999ko azaroan, berriz ere hilero argitaratzen hasi zen, itxura bezainbat lantaldea berriturik.

AEK-ko ikasle, Aizu!-ren harpidedun

Urte horretan bertan, 1999an gara, AEKren Batzar Nagusiak erabaki zuen bere ardurapeko euskaltegietako ikasle guztiek doan jasoko zutela Aizu! aldizkariaren harpidetza euskara ikasteko matrikula egitean. Izan zen besterik: “Besteak beste, talde finkoan lan egingo zuten kideak ez ezik, kolaboratzaileak ere beren lanengatik kobratzen hasi ziren, ordu artekoak ez bezala”. Ana Unanue zen aldizkariaren koordinatzaile eta kazetari, eta Joseba Beramendi Exprai, berriz, diseinatzaile eta maketatzaile. M. Egimendik idatzi duenez, “bien artean diseinatu zuten aldizkari berria. Aldizkariaren bulego nagusia Bilbotik Iruñera eraman zuten, kazetariak hainbat lekutan kokatu zituzten: Ana Unanue, Iruñean; Iñigo Gago, Bilbon; Franck Dolosor, Baionan”. Haiei laguntzen, bi lagun zeuzkaten: Gotzon Hermosilla, AEKren komunikazio bulegoaren arduraduna garaian eta Mikel Aldasoro, Nafarroako AEKren arduraduna.

Expraik gogoan duenez, “Aizu! errentagarri izateko zenbat modulu sartu ahal ziren eta zenbat saldu behar ziren kalkulatu genuen, edukiaren eta publizitatearen arteko proportzio orekatuari eutsiz, betiere”. Ana Unanuek gogoan duenez, ekonomiaren kudeaketa ez zegoen euren esku. Bezero finkoak zituzten, AEKren euskaltegietako ikasleak, alegia, eta ez zioten zuzeneko salmentari arretarik eman behar: “Guk zatirik politena egiten genuen: aldizkaria bera. Nahi genuena egiteko askatasuna genuen, eta disfrutatu egiten genuen”. Unanuerekin bat etorri da horretan Exprai.

22 urte

Ikasleak oinarri harturik zimentatu du bere ibili handia Aizu!-k. Ageri denez, hamalau aldaketa ere izan ditu bidean, eta, orain, 2021 honetako irailari dagokion zenbakian, berriz eraberritu du bere burua. Kasu honetan, gorago aurreratu dugunez, bitarikoa da aldaketa, paper formatuko aldizkaria ez ezik www.aizu.eus ataria ere berritu baitu.

Oraingo 40. urteurrena baino lehen, ordea, aldizkariak 25.a ospatu zuen 2007an. Balio du esatea, orduan, Aizu!-ren mende laurdeneko historiari buruzko erakusketa ibiltaria eratu baitzuten aldizkariaren arduradunek, eta zenbaki berezia ere argitaratu baitzuten 2006ko abenduan: Aizu! Durangoko Azokan aurkeztu zenetik 25 urtera, alegia. Zenbaki berezi hura, bestalde, ohi baino gizenago etorri zen, ohiko 42 orrialdeei 44 gehiago erantsi baitzizkieten, urteen joan-etorrian aldizkariari arnasa eman zioten langileen gorantzan. Zenbaki berezi hartan, Aizu!-k historian argitaratutako 25na azal, gertakari, elkarrizketa, AEKomeria, komiki, iragarki, liburu eta egile bildu zituen.

Urteurrenaren karietara, 2007ko ARGIA saria jaso zuen Aizu!-k, “euskarazko prentsa krisi betean zegoen garai hartan, aldizkari berri bat sortu eta biziaraztekotan, oso argi eduki behar zen xedea: euskararen irakaskuntza bultzatzea eta euskara ikasten ari ziren helduei beren neurrira egindako komunikabide berria eskaintzea”.

Hamabost urte igaro dira, eta 40 zenbakia dakar orain Aizu!-k. Kaleratu dituzte aldizkari eta webgune berrituak, eta berezia izango da abenduko zenbakia, Durangoko Azokan ikusiko duguna: “40 urte eta 462 zenbaki ez baitira alferrik pasatzen”. Ezta isilik joaten utzi behar ere: Aizu!-k 40 urte.

 

Erditzea zuzenean

“Behin, Buñuelera joan ginen Eneko Landaburu elkarrizketatzera, han baitzeukan atseden etxea. Etxeko irrati-kasetea eramaten genuen, magnetofoi handi bat, izatez, gure lanak grabatzeko. Argazki kamera, baten batek utzitakoa izaten zen. Autoa, aitarena. Landabururi egin beharreko elkarrizketa bukatu, eta etxe hartan bertan erditzen ari zen emakume bat ikustera gonbidatu gintuen. Esther Zarandona eta biok [Iber Otsoa] ginen han orduko hartan. Izugarri zirraragarria izan zen, oso polita, hunkituta irten ginen handik” (M. Egimendiren kronikatik jasoa).

 

 

'Komikaizu!'

Ezinbestean, irudiek garrantzi handia dute ezein aldizkaritan. Aizu!-ren hastapenetan, oro har, ohiko marrazki eta ilustrazioek ez ezik, komikiak toki nabarmena izan zuen 1988tik 1999ra bitartean, Komikaizu! argitaratu baitzuen aldizkariak. Komiki haietarik asko egileen izenik gabe argitaratu ziren. Garaiko Aizu!-n lan egindako Pernan Goñi Olalde marrazkilariarena da lekukotasuna: “Gaizki ikusia zegoen irudiaren jabegoa, curriculuma osatu nahi izatea… Ni, izenpetzearen aldekoa nintzen, lanaren gaineko erantzukizuna hartzeko, [komikia] txarra zein ona izan. Ondo badago, zergatik ez meritu hori publikoki onartu, musikariena edo idazleena bezainbat? Gisako eztabaidak izaten genituen”. Haatik, komikiek sinadurarik ageri ez bazuten ere, lortu dute jakitea honako irudigileek lanik argitaratu zutela Komikaizu!-n: Jabi Ubierna, Mikel Mardones, German Maiz, Ion Arretxe, Alberto Uribarri, Napartheid aldizkariko hainbat kide, Rober Garay, Luis Duran, Ion Iñaki Artetxe, Pedro Rivero, Erramun Mendibelanda, Asier Esnaola… eta bi emakumezko: Bea Anitua eta Olga Zulueta.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Helduen euskalduntze alfabetatzea
Inoizko Korrikarik ikusiena izan da

1.700.000 ikustaldi izan ditu EiTBren emanaldiak –Hamaika TBrenak gehitu behar zaizkio–. Pozik agertu dira AEKko arduradunak: “Inoizko Korrikarik erraldoi eta anbiziotsuena lortu dugu, herria harro egoteko modukoa”.


Ane Elordi: "Batasunaren Korrika izan da"

11 egunetan bizipen hunkigarri asko bizi dituela esan du Ane Elordik Euskadi Irratian. “Aje emozionala, bi urtetan egindako lana, kideak ondoan izanik, eskertza, babesa, Euskal Herri osoa Baionan elkartu da... Momentu oso bereziak bizi izan ditugu azken egunean”.


2024-03-11 | Leire Artola Arin
Ostegunean hasiko da 23. Korrika Irunen, eta Esne Beltza eta Bad Sound taldeek girotuko dute eguna

Irundik Baionara 2.700 kilometro egingo ditu Korrikak, eta 16:00etan ekingo diote lehen kilometroari Bidasoko AEK-ko irakasleek, San Juan plazatik. Egun osoko egitaraua antolatu dute. ARGIAk jarraipena egingo du euskararen aldeko ekimen herrikoiak iraungo dituen 11 egunetan.


AEK-k paperik ez duten herritarrek euskara ikasteko eskubidea dutela aldarrikatu du

AEK-k agerraldia egin du Irungo Oiasso museoan, Harrera Sarearekin elkarlanean.


Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketa bueltan da

Hamar urteren ostean, Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketa antolatu dute berriz ere Irunen, Korrika bertatik abiatuko dela baliatuta. Martxoaren 2an egingo da eta lehia kutsurik izango duen arren, lagun giroan denborapasazaleak elkartzea du helburu nagusi. Hizkuntzarekin... [+]


Eguneraketa berriak daude