Argi-kontuak

Hiru. Orain dela urte batzuk argindar-kontagailu analogikoa kendu eta digitala paratzeko agindu zigun Iberdrolak. Aldian-aldian langileak bidaltzen zituzten etxera aurretik abisatu gabe. Susmo txarra hartu genien interes eta tema ezohiko haiei: haiek, kontagailua aldatu behar zigutela, eta guk etxeko kontagailua ongi zebilela. Hilabeteak horrela –eta hamaika mezu-truke–, harik eta mehatxua iritsi arte: kargudun batek deitu zigun Bilbotik esanez argindarra etengo zigutela kontagailua aldatu ezean. Itzalaldi baten beldurrez, amore eman genuen.

"Inork gogoratzen ditu zaborrak egun eta ordu jakin batzuetan atera behar izateak sortutako protestak? Inork ikusi ditu halakoak elektrizitate-ordutegien kontra?"

Bi. Kooperatiba batekin dugu elektrizitate-kontratua: energia berdea kontsumitzeaz gain, faktura, merkeago (orain arte bederik...). Orain, gurea bezalako kooperatiba txikiak kapitala handitzera behartuko dituzte merkatuan jarraituko badute. Kooperatibarekin segituko dugu, ez dugu amore emanen (eskaintzak egiteko Iberdrolatik deitzen diguten bakoitzean kooperatiban jarraitzeko asmoa berresten dugu itzalaldi-mehatxu hura gogoan...).

Bat. Gauetik goizera prezioak orduka ordaintzera behartzen gaituztenetik, erlojuari begiratu behar etxetresna elektrikoak pizteko (etxeko beharrei lotu ordez). Zorabiatzen hasiak gara, eta zorabioaren erdian, galderak. Zer dela eta ordutegien kontu hau? Prezioak orduka markatzeko sisteman, zer paper dute kontsumoak segundoz segundo neurtzen dituzten kontagailu digitalek? Noiz arte eginen diogu men ordutegien begiratzeari? Inork gogoratzen ditu zaborrak egun eta ordu jakin batzuetan atera behar izateak sortutako protestak? Inork ikusi ditu halakoak elektrizitate-ordutegien kontra?

Zero, huts. Beste itzalaldi baten mehatxua orain, erraldoia, mundiala. Eta albistea hauspotzeko, zer hobe defentsa-ministro bat baino? Zonbien inbasio baterako egokiak diruditen jarraibideak emanez, gainera: etxean gasezko su txikiak eduki behar zer gerta ere, eta kandelak, eta linternak, eta edateko ur nahiko, eta elikagai lehorrak eta kontserbakoak, eta dirua, eta... Atzerako kontaketa? Kapitalismoaren alderdi abenturazale eta apokaliptikoek sinesgarri bihurtzen dituzte iragarkizunak –Eduardo Galeanok esan bezala, beldurrezko zinemarekin inoiz ezin jakin–, baina lehen efektua, efektu nagusia, ezer gertatu gabe lortzen dute: beldur-hedatzaile erraldoiak dira (eta su-saltzaileak). Hala ere, badute gauza bat on: bertatik bertara erakusten digute noraino iristen den gure esklabotza guk geuk asmatutako aurrerabideekin.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


2024-04-28 | Ahoztar Zelaieta
EAJko karguen senide harrobia

Azken hamarkadan, EAJk hiru harrobitatik datozen kargu publikoen esku utzi du Eusko Jaurlaritzako sailen kudeaketa. PwC eta Andersen bezalako aholkularitza-enpresetan aritu zen talde bat nabarmentzen da. Beste talde garrantzitsu bat karrerako funtzionarioek osatzen dute... [+]


2024-04-28 | Edu Zelaieta Anta
Duda-muda

Ramadana bukatzear zela sortu zen zalantza irakasleen artean: familia musulmana duten ikasle batzuek adierazia zuten, ramadanaren amaieraren ospakizuna zela eta, ez zirela egun horretan joanen gelara. Ekintza horren bidez –aipatu zuen irakasle batek– argi gelditzen... [+]


Eguneraketa berriak daude