"Esperientzietako ezagutzak eta esperientzia biomedikoak elkartu behar ditugu, eraldaketa bultzatzeko"

  • Gizarte Hezkuntzan diplomatua, Pedagogian eta Gizarte eta Kultur Antropologian lizentziatua, eta Ikasketa Feminista eta Generokoetan doktorea da. Doktore-tesia hilekoaren politika eta kultura alternatiboei buruz egin berri du.

Argazkiak: Dani Blanco
Argazkiak: Dani Blanco
Miren Guilló Arakistain. Elgoibar, 1983

Antropologoa da, AFIT Antropologia Feminista Ikerketa taldeko partaide, eta Mugimendu Feministako kidea. EHUn irakasle ari da Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia Sailean.

Ikasketak. Nondik iritsi zinen antropologia feministara?
Nik Gizarte Hezkuntza ikasi nuen lehenik. Hezkuntza eta esku-hartze soziala asko interesatzen zitzaizkidan, oso ikuspuntu idealista neukan, eta Pedagogia ikastea erabaki nuen. Ikasi bitartean lanean aritu nintzen, eta zortea eduki nuen hainbat elkartetan aritzeko. Lehenik Urtxintxan, Hik Hasi-n gero... Niretzat oso etapa garrantzitsua izan zen. Horrek guztiak eman zidan begirada bat, prozesuak eta talde lana ulertzeko modu bat… Ni baino helduagoengandik kultura politiko bat jaso nuen, gerora lanean eta bizitzan baliagarria izan zaidana. Zorte handia izan nuen. Feminismoa, berriz, etxean jaso nuen, Elgoibarko gaztetxean ere hasiak ginen feminismoaren inguruan pentsatzen eta gauzak egiten, eta Bilgune Feministan ere banenbilen… Orduan, Ikasketa feministak eta generokoak masterra sortu zenean, bertan eman nuen izena. Lehenago desio hori banuen ere, master horrek hurbilarazi ninduen antropologiara, eta bukatu nuenean hasi nintzen antropologia ikasten eta tesia egiten, biak batera. Nik dena nire erritmoan eta nire ordenean.

Eta nola heldu zinen hilekoaren gaia aukeratzera?
Gai asko neuzkan buruan, baina garbi neukan medikuntzaren inguruko botere harremanen inguruan aritu nahi nuela. Inguruan hainbat esperientzia ezagutu nituen asko markatu nindutenak, eta horrekin lotu nahi nuen tesia. Hilekoaren gaia landu nuen aurrez, beste modu batera. Mireia Delgadorekin batera, 2006an No mancha, colorea kolektiboa sortu genuen eta hilekoaren inguruko tailerrak ematen aritu ginen. Baina garai hartan ez nuen pentsatzen hilekoa ikerketa eremu izan zitekeenik. Mari Luz Estebanek proposatu zidan gaiari heltzea, master amaierako lanerako, eta tesia egitera animatu nintzen. Horrela iritsi nintzen, bueltan-bueltan, hilekoari helduz osasunaren antropologiari buruzko tesia egitera. Ohartu nintzen hilekoak aukera ematen zidala askotariko gaiei heltzeko.

Nola egiten da hilekoaren inguruko tesi bat?
Gorputzaren antropologia eta gorputzaren teoria soziala izan ditut oinarri. Mari Luzen lana erreferentzia bat da arlo horretan. Nire datuak biltzeko modu bat hilekoari lotutako hainbat ekimenetan parte hartzea izan da. Tailerrak, performanceak, arte instalazioak, hilekoari lotutako teknologien gaineko ekimenak, literaturari lotutakoak... Horietako batzuk konfiantza espazioak dira, eta beraz, ez ditut erabili datu iturri gisa, baina bai begirada zorrozteko, edo gerora elkarrizketatu dudan jendea ezagutzeko. Hainbat garaitan, 36 pertsona elkarrizketatu ditut hilekoari lotutako haien esperientziak jasotzeko; hilekoari buruzko politikei edo kultura alternatiboei lotutako ekimenetan parte hartu duten pertsonak dira. Profil aniztasun handia dago haien artean, baina kontua da tailer, erakusketa edo dena delako horretara iristeko bakoitzak hilekoari, ginekologiari, osasunari edo medikuntzari lotutako hainbat bizipen izan dituela, eta  hainbat ikuspuntu ere bai. Eta horiek dira bildu nahi izan ditudanak. Horrez gain, gaian izandako politizazio eta esperientzia propioak aztertzeko estrategia metodologiko gisa autoetnografia ere baliatu nuen. Nire gorputzetik ari banintzen ikertzen, nire esperientzia propioak ere aztertu behar nituen.  

Denbora pasa da hasi nintzenetik bukaerara, bitartean beste proiektu batzuetan ere aritu naizelako… badakizu hori zer den.  Urte hauetan asko aldatu dira arlo horretako praktikak eta diskurtsoak. Hori garai batean arazo bat izan zitekeen metodologikoki, baina une batetik aurrera pentsatu nuen aldaketa horri berari begiratzea. Prozesuan zehar zenbait pertsona hainbat garaitan elkarrizketatu ditut; eta azken urtean, kapitulu bakoitza egituratzeko baliatu ditudan hamar pertsonen ibilbideak fintzeko, pertsona horiek berrelkarrizketatu ditut, haien aldaketa pertsonalak zein sozialak elkarrekin aztertuz. Zentzu formal batetan ez ezik zentzu informalean ere nire tesiaren zikloa ixteko modu bat izan zen.

Argazkia: Dani Blanco

Hilekoari lotutako ekimen alternatiboak aztertu dituzu, hilekoaren ideologia hegemonikoari begiratzeko.
Bai, alternatibei begiratu diet ulertzeko zer den zalantzan jartzen dena. Zer den hilekoaren kontzepzio hegemonikoa. Mendebaldean azkeneko mendeetan izan dugun ikuspegia da tabuarena, estigma sortzen duena. Ikuspegi hegemonikotik hilerokoa ezkutatu behar den zerbait da, erregulatu beharrekoa. Pentsa, hain ohikoa den odol jarioa, gure gorputzetan eta kaleko hainbeste pertsonen bizitzetan hain presente dagoena, oso gutxitan ikusten dugu inon. Komun batean, esaterako. Hori ukazioaren kulturaren isla da. Oso argi dugu denok hilekoaren odol isuriak ezkutatu, garbitu, estali egin behar direla. Eta hori ez da ezerezetik sortu. Aurreko mendeetako zenbait biologia liburuek diote, adibidez, hilekoak gaizkile joera sortzen duela emakumeengan.

Azken hamarkadetan asko aldatu da hilekoaren inguruko literatura medikuntzaren baitan eta gizartean, baina hala ere zeharka eta mesfidantzaz begiratzen zaio hilekoari. Are, oso modu zehatzean eta normatiboan begiratzen zaio. Hainbeste egun iraun behar ditu zikloak, odol jario normala hainbestekoa da… 28 eguneko ziklo batean hileko isuri normala ez duen edozein egoera patologizatzen da. Odol isuria egun askoz baldin baduzu, gaizki. Laburregi, gaizki. Gehiegi, gaizki. Gutxiegi, gaizki. Eta, noski, hilekoari begiratzen zaio soilik odol-jarioa dagoen egunetan. Gainerakoan, ez da existitzen.
Aldaketak egon dira gizartean ere, eta badirudi orain hilekoaz hitz egitea erabat normalizatua dagoela. Baina ez da hala. Ezin da edozein lekutan eta momentutan esan hilekoarekin zaudela. Akademiaren munduan ere ageri da hilekoarekiko ideologia: Badago hilekoa ikergai moduan ikusten ez duenik ere. Hilekoari buruzko ikerketa bat bigarren edo hirugarren mailako ikerketa da. Baina antropologian badakigu, gauza txiki batetik gizarte sistemari eta sistema kulturalari begiratu dakiokeela, eta bazterrek definitzen dutela erdigunea. Kontua da bai bazterrak bai erdigunea beti ari direla mugitzen…

"Evax, Ausonia, eta horiek guztiak korporazio berberaren parte dira eta izugarrizko irabaziak izaten dituzte hilekodunen kontura. Haien helburua ez da botererik ez dutenak ahalduntzea”

Nondik nora aldatu da ba, tesia egin duzun tarte horretan?
Asko aldatu da kontua. Iragarkietan, kasurako, lehen saltzen ziren produktuek hilekoa ezkutatzen laguntzeko desio hori elikatzen zuten. Usaina estaltzen. Eta gaur egungoek, berriz, diskurtso feminista bat emulatzen dute. Orain ondo bizi behar duzu hilekoa. Ziurtasunez. Lotsarik gabe. Are, pozez. Baina hori guztia egiteko eskatzen zaigu inolaz ere zalantzan jarri gabe zergatik sentitzen duzun lotsa, zergatik bizi duzun gaizki, edo zergatik daukagun mina. Zeren, noski, min asko daude ikertu ez direnak, jatorria ezagutzen ez zaienak, zaintzen ez direnak... Baina hegemoniak abantaila hori du: ez dauka koherentea izan beharrik. Arau ezberdinak egon litezke martxan, kontraesanean, elkar ezeztatu gabe. Eta zuk denak bete behar dituzu, nahiz ezin diren batera bete. Ezin duzu zure kopa menstruala kalean hustu, zikina delako, ez dago konpresak botatzeko zakar ontzirik komunean eta konpresa zikina poltsikoan sartu behar duzu, baina aldi berean lasaitasunez bizi behar duzu zure odol jarioa, eta ezin diozu gauzak egiteari utzi hilekoa duzulako. Ez aisialdian ez lanean, noski.

Eta aldi berean, gure hilekoaz jabetzea ahalduntze tresna gisa saltzen digute…
Eta oso ahalduntze indibiduala eskaintzen digute, noski. Produktuen kontsumoaren bitartez lortu litekeen sasi-ahalduntze bat. Egitura aldatu gabe egitura horretan zuk zeuk zure ongizatea lortzea ez dakit zenbateraino den ahalduntzea. Iragarkiek diskurtso feministak instrumentalizatzen dituzte kapitalismoa saltzeko. Evax, Ausonia, eta korporazio horiek guztiak korporazio berberaren parte dira eta urtez urte izugarrizko irabaziak izaten dituzte hilekodunen kontura. Eta haien helburua ez da, bereziki, botererik ez dutenak ahalduntzea.

Feminismoaren baitan ere badaude hilekoa ahalduntze tresna gisa aurkezten duten joerak.
Hilekoaren inguruan diskurtso ezberdinak daude, hegemoniarekiko erresistentzian dauden diskurtsoen artean ere, eta uste dut aniztasun hori interesgarria dela. Ulertzen dut zenbait pertsonentzat hilekoaz jabetzea ahalduntze ariketa bat izan daitekeela. Ezkutuan eramatera behartu izan gaituzten zerbait ikusgarri egitea transgresio bat da, azken finean, eta transgreditzea boterea hartzea da, neurri batean. Beste gauza bat da agian modu guztiak ez direla denontzat baliagarriak, adibidez, arriskutsua izan daitekeela hilekoa modu identitario batean ahalduntze tresna kolektibo gisa aldarrikatzea, hain zuzen, ez delako subjektu guztion askapenerako tresna bat. Hilekoa ez delako emakume guztien kontua, ez eta emakumeena bakarrik ere.

Master bukaerako lana egin nuenean, hainbat emakumeri egin nizkien elkarrizketak eta haien erdiak baino gehiagok ez zuen hilekorik, arrazoi desberdinengatik. Zenbat eta gehiago ikertu gero eta argiago ikusten duzu sekulako aniztasuna dagoela gure materialtasun biologikoan. Gure bizitzako garai batean bakarrik daukagulako hilekoa, hasteko. Badaude osasunaren ikuspegitik kezka iturri izan daitezkeen arrazoiak ere, hilekoa ez edukitzeko. Estresa, esaterako. Baina beste kasu batzuetan arrazoiak askotarikoak dira. Haurdun zaudelako izan daiteke, edo edoskitzen ari zarelako, kirol asko egiten duzulako, intersexualitateak sortu dezakeen aniztasuna hormonetan... Horiek guztiak aztertu behar dira eta horrek ere osasunaz informazio asko ematen digu, baina araua ez da horren zurruna.

Baina gaia askoz konplexuagoa da. Biologiaren aniztasunaz gain, esperientzia aniztasunak dauzkagu, esaterako trans gorputzak. Hori beste esperientzia-eremu bat da, hilekoa duten gizonena, adibidez. Aniztasunaren ezkutatze eta normatibizatze hori problematizatu beharra dago, eta hegemoniaren aurka alternatibak eraikitzerakoan aniztasun hori kontuan izan behar dugu.

Ezezagutza handia dagoela diozu, oro har, hilekoaren inguruan. Hilekoak sortutako minen inguruan, besteak beste.
Bai. Hilekoarena adibide egokia da ikusarazteko medikuntzan alborapen androzentriko bat dagoela eta gorputz askori ez zaiela erreparatu gaixotasunak aztertzerako orduan. Oso ikerketa gutxi egiten da hilekoak sortzen dituen minen inguruan, edo oro har, emakumeen gorputzetan gertatzen diren prozesuen inguruan. Hilekoari buruz ikertu da antisorgailuei edo ugalketa teknologiak ikertu direnean, edo hilekoa produktibitaterako arazo bihurtu ez dadin, baina ez hilekodun pertsonek minik izan ez dezaten.

Eta ezezagutza horretatik, min horien inguruan sortzen diren diskurtsoak arriskutsuak izan daitezke. Minari arreta jartzen badiogu eta gure ohitura batzuk aldatzen baditugu, min batzuk gutxitu daitezke, hori horrela da. Baina tarteka entzuten diren diskurtso batzuek erru-sentimendu handia sor dezakete mina daukatenekiko. “Ez duzu zure burua nahikoa maite”… “Zure emakumetasunarekiko gatazkan bizi zara”... Nire ustez, kontuz ibili behar dugu mezu horiekin. Minak jatorri oso ezberdinetakoak izan daitezke. Estrukturalak diren baldintza pilo bat ere hor daude. Estresatuta bizi baldin banaiz, prekarioa banaiz, bi lanpostu baldin baditut, ez badaukat aukerarik ondo elikatzeko, edo erabat geldirik egotera behartuta baldin banago denbora luzez eta ez baldin badaukat ariketa fisikoa egiteko denborarik, edo etxe batean interno banago, arazoa agian ez da ez dudala nire burua maite, arazoa da sistemak zapaltzen nauela. Gure gizarteko positive thinking [pentsamendu positiboa] horren ondorioak honetan ere ageri dira. Baldintza materialetara ekarri behar dira irakurketak. Nahi duen orok ezin du. Ez ditugu guztiok aukera berdinak hilekoa ondo bizitzeko ere, ez osasuna zaintzeko ezta bizi baldintza duinak izateko ere.

"Beste joera androzentriko bat da gizonen gorputzak unibertsaltzat hartzea, eta beraz, emakumeen gorputzak ikusezin bihurtzea. Horixe da txertoarekin gertatu dena"

Justizia menstrualaz hitz egiten da…
Norberak bere hilekoa hobeto bizitzetik haratago, hilekoari gizarte-ikuspegitik ere begiratu behar zaio. Zeren zuk erabaki dezakezu kopa erabiltzea, planeta ez kutsatzeko. Oso ondo. Baina une berean, aintzat hartu behar dugu badaudela kartzelan edo kalean bizi diren edota beste egoera zail batzuetan dauden emakumeak, ez dutenak eskuragarri hilekoa kudeatzeko ezer. Edo medikalizazioa kritikatu dezakegu, baina hilekodun gorputz askok ez dute medizinak lortzerik ere. Politiketan eragitea beharrezkoa da. Justizia menstruala lortzea litzateke emakume zis prekarioek, etxegabeek, paper gabeek, hilekodun gizon transek, edo gizarte kapitalista honetan baldintza zailenetan dauden gorputzek hilekoa bizitzeko baldintza duinak izatea, beren hilekoa den motatakoa dela ere. Gauza bera gertatzen da elikadurarekin, edo beste edozein ikerketa alorrekin: gure gizarteaz hausnartzeko tresna izan daitezke.

Argazkia: Dani Blanco

COVID-19ak agerian utzi duen beste kontuetako bat da zein gutxi erreparatu zaion txertoak hilekoan izan dezakeen eraginari.
Bai, datuek erakutsi dute hilekoan aldaketak sortu dituela hainbat pertsonarengan COVIDaren aurkako txertoak. Ikerketa oso gutxi dago horren inguruan; adibidez Granadako Unibertsitatean eta AEBetako zenbait lekutan ikerketak egiren ari dira. Sistema biomedikoaren tradizioa androzentrikoa baita, kapazitista, klasista eta arrazista izateaz gain. Ohiko joera mediko androzentriko bat da oso oposizioan ulertzea gizonen eta emakumeen gorputzak, berdintasunak baino ezberdintasunak bilatzea gorputz batzuen eta besteen artean, eta emakumeen gorputzak ugaltze aparatuarekiko oso lotuta ulertzea. Beste gauza batzuei begiratu ordez sexu erreprodukzioan jartzea begirada. Eta horrek, emakumeenak direla ulertzen diren gorputzak modu erredukzionistan ulertzera garamatza. Eta beste joera androzentriko bat da gizonen gorputzak unibertsaltzat hartzea, eta beraz, emakumeen gorputzak ikusezin bihurtzea. Horixe da txertoarekin gertatu dena.

Hilekoa bera ikerketarako tresna izugarri indartsua da, eta ez da erabiltzen. Hilekoa beste gauza askoren adierazle izan daiteke, eta informazio iturri oso baliagarria. Isuritako odola aztertzetik informazio oso aberatsa atera daiteke, hormonen inguruan, esaterako. Baina ez da ikerketa endokrinologikorako ia erabiltzen.

Ezezagutza horren aurrean ezagutza espazio hibridoak aldarrikatzen dituzu zure tesian.
Bai. Tesirako ikerketan ekimen ugari ezagutu ditut. Erakusketak, konpresen lapurreta kolektiboak, tanpoiak egiteko tailerrak, hitzaldiak, arte-lanak, performanceak… Horietan ezagutza izugarria dago. Euskal Herriko testuinguruan, gainera, oso espazio desberdinetan egiten dira ekimen horiek. Emakumeen etxeetan, jabekuntza eskoletan, gaztetxeetan, soziologiaren eremuan... Eragile asko dira, eta leku berdinean oso jende, praktika eta diskurtso ezberdinak aurkitu daitezke. Hori oso interesgarria da. Espazio horietan norbere esperientziatik abiatuta ikuspuntu ezberdinen arteko elkarrizketak gertatzen dira, eta elkarrizketa horiek ezagutza kolektiboa sortzeko tresnak dira. Aldiz, leku horiek ez ditugu ezagutza-espazio gisa aintzat hartzen.
Pentsatu behar dugu gure gizartean edota eremu akademikoetan zein ezagutzari ematen diogun lekua eta zeini ez. Ezagutza akademiak du, medikuek dute, ginekologoek... Haiena da autoritatea. Eta ezagutza badute haiek ere, noski, izugarria. Akademiaren edo osasunaren esparruko jakintzak eta egiteko moduak ere behar ditugu, baina topatu behar ditugu leku hibridoak ere, non hilekoa dutenen jakintza ere aintzat hartzen den. Esperientziei lotutako ezagutzak ezagutza biomedikoekin elkartu behar ditugu benetan eraldaketa bultzatzeko, osasun publikoan eta sisteman eragiteko. Hilekoa ez dadin ondo bizitzeko oztopo izan, inorentzat, baizik eta osasunerako aukera.

 


ASTEKARIA
2021eko azaroaren 07a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hilekoa
2023-10-03 | Leire Artola Arin
Zikloan
Hilekoaren zikloa euskaraz ezagutzeko lehen web aplikazioa sortu dute Iametzak eta Ara!Gorputzek

Norbere zikloaren ezagutza ugalkortasunetik harago ezinbestekoa dela uste dute sortzaileek, eta oinarrizko hiru puntu errespetatu dituzte Zikloan web aplikazioa egiterakoan: ikuspegi feminista kritikoa, datuen babesa eta euskara hutsean izatea.


Hilekoa min kroniko bihurtzen denean

Asenna Nafarroako Endometriosi Elkartea sortu dute gaixotasuna ikusarazi, elkar babestu eta formakuntzak emateko. Salatu dute “gutxi” ikertzen dela eta mediku batetik bestera ibili behar dutela.


Ekainetik aurrera Hego Euskal Herrian baja hartu ahal izango da hilekoagatik, abortuagatik eta haurdunaldiagatik

Europar Batasunean hilekoaren minaren ondoriozko baja aitortu duen lehen estatua da Espainiakoa. Abortuaren Legearen erreformak jaso ditu neurriok.


Ginekologoarengana joateko hamaika traba

Hainbat gaztek ginekologoarekin duten lehen harremana korapilatsua izan ohi da. Euren bizipenak eta kezkak kontatu dizkigute Aroa Sotelok (Bilbo, 1998), Ainhoa Labairuk (Bilbo, 1998), Naiara Martinek (Mar del Plata, Argentina, 1990) eta Uxue Reyk (Iruñea, 1997). Lehenago... [+]


Materialismo histerikoa
Kamehameha egoerak

Imajinatu, nonbait honetako elkarteren batean, neska sartu berri batek, inozentzia osoz proposatzen duela komunean, komuneko papera dagoen moduan, konpresak edo tanpaxak jartzeko. Eta komuneko papera jartzeaz arduratzen den kidea guztiz asaldatzen dela bere adinean konpresak... [+]


Eguneraketa berriak daude