Aña-Mari Vergez (Arrantzalea): "Ontzijabe handien eskuetan dira arrantzaren sektoreko egitura guztiak"

  • Erretretara sartu eta etorri zaio arrantzari gisa eramandako bere azken batailaren emaitza: 2017an Frantziako Estatua auzitan ezarri eta orain jakin du administrazioa kondenatua izan dela, atun gorriaren kuoten banaketan ez dituelako kontuan hartzen ingurumenean, sozialki eta ekonomikoki itsasontziek eragindakoak. Kuoten gehiengoa arrantza industrial eta intentsibora banaturik da, arrantzari ttipiak kaltetuz. Errealitate hori eraldatzeko borrokatu da azkarki Donibane Lohizuneko arrantzaria. Ziburuko plazan hitzordua jarri eta xeheki azaldu digu lehorrekooi ezezaguna zaigun itsasoko errealitatea.  

(Argazkia: Dani Blanco / ARGIA)

Hasi gaitezen aktualitatearekin. Frantzia auziperatu zenuten 2017an eta orain jakin da irabazi duzuela.

Europa mailan, 2012ko Arrantza Politika Bateratuak lehen aldikoz bideratzen zion ezagupen bat arrantza ttipiari. Zehazki, 17. artikuluak dio kuotak modu justuan banatu behar direla, ingurumenean, sozialki eta ekonomikoki arrantzak dituen eraginak kontuan hartuz, eta selektibitatea edo hautuzko arrantza sostengatuz. Artikulu honi ez dio orain arte kasurik egin Frantziak: bakarrik ontziaren lehengotasunean oinarritzen da, 2001, 2002 eta 2003 urteetan arrantzatuaren arabera banatuz kuotak. Horregatik kondenatua izan da, zehazkiago, atun gorriaren kuoten banaketan zentratuz. Mediterraneoan inguratze-arrantzan dabiltzanek dute kuoten %80, gaitzeko sareekin dabiltzan ontzi erraldoiak dira, aste batzuz arrantzatzen dute urterako kuota. Arrainak parke batzuetan jarri eta gizentzen dituzte ondotik japonesei esportatzeko. Beste %20 Atlantikorako da, eta hor ere gehiengo handia doa pelagikoei, hots, arrantza industrialari. Pelagikoak binaka aitzinatzen dira, sare erraldoi bat jarriz bien artean eta dagoen guztia bilduz.

Arrantzatu beharrekoa hartu eta bestea bota.

20 tona atun arrantzatu, baina beste 10, 15 edo 30 tona dituzte hilik botatzen, ttipiegiak, andeatuak edo beste espezie bat direlako. Eredu horren kontra gabiltza borrokan. Ondoan gaituzu gu, ontzi ttipietan, amuarekin ala sare ttipiekin arrantzan. Haiek tonaka hitz egiten dute, guk arrainka, guretzat arrain bakoitza da inportantea. Ez gara logika berean, gu lokalki gabiltza lanean, bertako ekonomian txertatuz gurea.

Bere lekua badu arrantzaz bizi nahi duen gazteak?

Erosi dezake ontzia, dirulaguntzak ere ukan ditzake, baina baliteke kuotarik ez lortzea. Europa mailan erabakitzen da harrapaketa tasa, estatuen artean banatzen da, eta ondotik lokalki, azkenik, arrantzaleen artean partekatzeko. Kontua da pelagikoei eta inguraketa-teknikan dabiltzanei banatuak direla, administrazioa lehengotasunean oinarritzen delako. Auzi horri esker argi uzten da bestelako irizpideak ere badirela. Argi da gerla ez dugula irabazia, baina bataila hau bai eta arma bat gehiago dugu esku artean.

Alta, lehorretik ikusita, badirudi garapen iraunkorraren kezka arrantzan ere txertaturik dela.

Alde guztietatik dira “arrantza arduratsuaz” ala “arrantza iraunkorraz” mintzo; alta, dena doa zentzu berera: arrantza industrial eta intentsiboaren alde. Itsas-baliabideak lanjerrean zirela oharturik, ontzidia ttipitzeko erabakia hartu eta ontziak hausteko dirulaguntzak banatu zituen Europak 2000 hastapenean. Kontua da suntsitutako ontzi gehienek arrantza bolumen ahula zutela, eta paraleloki, ontzi berriak eraikitzeko laguntzak bolumen askoz handiagoko ontzietara bideratu zirela. Ondotik, botalekura bidaltzearen aldeko laguntzak banatu zituzten, arraina eskas izanik ez zirelako gehiago errentagarriak. Arrantza intentsibora bideratutako diru zama ikaragarria da. Baina, horra non bapatean, 2012an Europak kontutan hartzen duela arrantza ttipia –ontzien %80 ordezkatzen duena–. Oraindik paperean da eta borrokaren funtsan dugu arrantzale multzo honen eskubideen bermatzea.

Sindikalgintzatik eramaten duzuen borroka da?

Ekoizle Antolakundean egon daitezke arrantzaleak, baina sindikatuko kide izan behar dira. Sindikatu bat sortzen saiatu ginen, ELB eta Confederation Paysannekin gogoetatu genuen, baina ezin izan genuen aurkeztu, ez genuelako lortu zerrenda osoa osatzen. CGT eta CFDT gisako sindikatu federazio handi batean baldin bazara ez zara zerrenda oso bat osatzera behartua, haatik, ttipia bazara bai. Gure etsaiek ere ez dituzte zerrenda osoak osatzen, baina berdin-berdin aurkeztu daitezke, sindikatu potolo bati lotuak izanik.

Instituzioetan zer leku du arrantza ttipiak?

Lanbide ttipien kasuan ontzijabea itsasoan da, lanean da; haatik ontzi handien kasuan, sozietateei dagokionez ontzijabea lehorrean da. Hots, erakunde profesionaletan egon daiteke eta hau da errealitatea: handien eskuetan dira sektoreko egitura guztiak. Diote arrantzale guztion interesen alde dabiltzala baina ez da egia. LIFE Low Impact Fishers of Europe (Eragin Ttipiko Arrantzale Europarrak) plataforma sortu genuen hainbat herritako arrantzale ttipien artean, eta berehala Blue Fish sortu zuten etsaiek, noski baliabide anitzez gehiagorekin, eta ekonomiaren eta politikaren esparruan dauzkaten harremanek bidea zabalduz. Lobbying ikaragarria bideratzen dabiltza.

“Etsaia” hitza bi aldiz erabili duzu. Pisu handia du hitz honek.

“Etsai” hitza erabiltzen dut arrantza eredu eta lanabes kaltegarriekin dabiltzanak aipatzerakoan. Arrantza ttipiaren kaltetan, kuota guztiak pilaturik dituzten horiek izendatzeko baliatzen dut.

Zein da Donibane-Ziburuko portuko errealitatea?

1992an, ontzia erosi nuenean, 80 eta 100 ontzi artean baziren. Denetarik bazen –pelagikoak, arraste-ontzi handiak, lanbide ttipiak, azken hauek dira egunean itsasoratzen direnak eta sare ala amuarekin arrantzatzen dabiltzanak–. Gaur egun 30 bat ontzi dira, ez da handi asko, bi pelagiko pare dira. Baina badira “franko-espainolak”, usu Ondarroakoak, benetako piratak, ontziak erosi eta Frantziako kuotei esker dabiltzanak. Garaian “lanbideen arteko gerla” bazen, ttipien eta handien artekoa eta legitimoa zen. Orain, handirik ez denez asko –hori diot, baina lau ontzien artean berdelaren kuoten %80 dute eta atunetan berdintsu–, bestelakotu da zeingehiagoka. Demagun denona diren arrantza batzuk –adibidez itsas belarrarena– berenganatzen saiatzen dira batzuk. Horrelakoak ez ditut jasaten; erraten diet: “Handien aurka borrokatu gara, kuotengatik guztia zutelako eta orain berdina egiten duzue?!”.

"Arrantzale ttipiok itsasoan gara, beraz gu gabe hartzen dituzte handiek erabakiak"

Arraina ‘denona eta inorena’ izanik, zer heinetaraino bada elkartasuna zuen artean?

Lanbide horri lotu nintzenean batek erran zidan il faut s´aider mais pas céder (elkar lagundu behar gara, baina norberak berea ahaztu gabe). Kohesio bat egon da luzaz gure artean, adierazi gabeko akordioak bagenituen espazioaren banaketari ala amu kopuruari dagokionez. Baina 1.000 amutik 1.500 amutara pasa zen, eta hortik 2.000ra. Gaur egun 3.000 amurekin dabiltza batzuk. Ni ez naiz gehiago itsasoan, baina entzuten dudanez, adostasun hauek desagertuz doaz. Beti gehiago, beti gehiago logikaren ondorioz hau ere galtzera doa. Gogoratzen naiz laborarien arteko bileretara nindoalarik miresten nituela hemendik hamar ala hogei urteetara proiektatzen ikustearekin. Egia da ere gutxiago garela, portu ttipia da Donibane-Ziburukoa. Okerrena da batzuk uste dutela gutxiago izan eta arrantzarako eskubide gehiago ukanen dituztela. Baina hori ez da egia: gutxiago izan eta indar gutxiago dago.

Life egitura Europa mailan zein arrantzale ttipien plataforma Frantzia mailan. Arrantzale izateak hainbeste militatzera eramanen zintuenik pentsatzen zenuen?

Hasi nintzenean ez zen arrantzarako baimenik behar. Egun batean atuna arrantzatzen genuen, bestean legatza, ondokoan lupia, horrela genbiltzan, sasoien erritmoan ere, berdela gehiago otsailean, atuna udaberri bukaeran, legatza neguan… Nire ontzian bakarrik amuarekin arrantzatuko genuela erabakia nuen, eta horrela genbiltzan batetik bestera. Baina egun batez harriduraz ohartu ginen ezin genuela horrela segitu. Sotilki bideratu zuten aldaketa: erakunde profesionaletan ziren handiek bazekiten kuotena eta ez ziguten ezer erran. Haiek bazekiten arrantzarako eskubideak 2001, 2002, 2003 urteetan arratzatuan oinarrituko zirela, baina guk ez. Guk urte horietan ez genuen atunik arrantzatu, eta horregatik ezin izan nuen gehiago espezie hori arrantzatu. Gu itsasoan gara, beraz erabakiak gu gabe hartzen dituzte. Gure artean hitz egiten hasi eta antolatzearen hautua egin genuen, Ekoizle Antolakundearen baitan borrokatzeko. Ez nuen uste hainbeste borrokatu beharko nuenik. WWF eta Greenpeaceko emakume gazte batzuk harremanetan ezarri gintuzten Bretainiako eta Mediterraneoko arrantzale ttipiekin eta hortik sortu genuen Arrantza Ttipi Artisauaren Plataforma.

Arrantzale familia batetik zatoz?

Ez, aita zuberotarra nuen eta kostalderatu zen ama ezaguturik, hau donibandarra izanik. Argazki laboratorio batetan nenbilen eta hogei bat urterekin arrantzale bat ezaguturik, kuriostatez bere ontzira joan nintzen. Gogoratzen naiz sentitutakoaz: “Ohhh, hau suertea badutena!”. Erran behar da baldintza idealak zirela, eguzkiaren altxatzea, itsasoa kalme, amuarekin arrantzan. [irriz]. Ondotik, lan ttipiak egin nituen, baina aspertu nintzen. “Zergatik ez nuke saiatuko?” galderak geroz eta toki gehiago harturik, entseatu eta baratxe-baratxe bidea egin nuen. Nire desafio ttipia izan da, ez da beti erraza izan.

Zure elkarrizketetan arrantzale emakume izateari buruzko galdera dator beti. Horrek aspertzen zaitu?

Bai eta ez. Ulergarria da, batez ere gizonez osatutako ingurunea delako.

Nik ere luzatuko dizut galdera beraz.

Orokorrean erran dezaket oztopo baino laguntza gehiago jaso dudala. Bistan da, gibeletik erran izan denaz ez naiz jakinean, zikinduko ninduten seguruenik, baina ez dut jakin nahi eta gainera, berdin zait. Erran nezake paretik behintzat ez direla sobera ausartu misogino izatera. Bai, entzun izan dut “zoaz garbiketa egitera”, “hobeto zintaizke sukaldean!” edo “nola egiten duzu ontzian pixa egiteko?” –hasteko, zer inporta zaizu!–. Itsasoan erabilitako VHF irratitik ere batek “alu zikina”, “zakil xurgatzaile” irainez estali ninduen; “ez zaizu interesatzen zure gizonkeria beste norabaitera bideratzea?” galdera luzatuz moztu nuen.

1992an erosi zenuen zure ontzia.

Bai eta 1993-1994 urteak hondamendiak izan ziren. 40 bat ginen amu bidez legatza arrantzatzen eta bapatean ez zen gehiago arrainik, pelagikoek dena arrantzaturik. Alta, debekatua zaie, zuloa amu arrantzara bideratua delako. Administraziotik ihardoki ziguten ezer ezin zutela egin. Jasangaitza zen eta anitzek utzi zuten lanbidea, edo beste teknika bati lotu ziren, bolintxeroari adibidez. Gutik segitu genuen. Garai ikaragarri dorpeak ezagutu ditut. Begira orain, pelagikoak desagertu eta legatza berriz agertu zaigu...

Marinel gisa hasi zinen. Itsasontzia bilatzerakoan, emakume izateak ateak hetsi zizkizun?

Ez nuen Donibane-Ziburun galdetu, banekielako ezagutzen nituenek tripulazioa osaturik zutela. Royan hirian atzeman nuen eta horri esker lortu nuen itsas-libreta. Maleruski ontzia erre zitzaion eta ez zen gauzatu. Donibandar bat ezagutu eta lau hilabetez harekin egon nintzen, sare bidez arrantzan –nahiz eta sareak ez ditudan hainbeste gustuko, hondakinak ondorioztatzen dituelako–. Lau urtez marinel izan ondoren ontziburu izateko formakuntza segitu eta ontzia erosi nuen.

Hortik zure tripulazioa osatu zenuen.

Xantza anitz ukan nuen, Marko izeneko gazte maitagarri batekin hasi nintzelako lanean, izan arrantzan izan brikolajean jakintza handia zuen hark. Bizpahiru ginen, ahalaz hiruen artean genbiltzan. Batez ere gizonekin nabigatu dut, baina zazpi urtez egon nintzen emakume batekin eta une batean hiru emakume ere baginen. Harro nintzen eta oso pozik bakarrik emakumeak izatearekin, egoa puztu zitzaidan ederki.

Ez dut itsasoa ezagutzen, baina arriskutsua ere dela erran daiteke?

Argi da eguraldiak garrantzia handia duela eta arriskutsua izan daitekeela. Argi da itsasoa ez dela laku bat eta mugimendua badela. Pertsonalki, ahal bezain arrisku guti hartzen saiatu naiz. Baina bapatean etorri daiteke aro txarra eta horri diogu beldur handiena. Enbata haizea bapatean agertu daiteke.

Erretretan zira orain. Militantzia alde batera utzirik duzu?

Badu hiru urte erretretan naizela, azken lau urteetan nirekin itsasoratzen zen gazteak erosi zidan ontzia. Uste dut gazteen esku utzi behar dugula arrantzaren esparruko militantzia. Militatu eta ingurukoei begiratzerakoan bakarrik zu bezalako erretretadunak baldin badituzu, bada gauza bat gaizki doana! Hamaika arrazoi ditugu bestalde ere borrokatzeko: Arbonako okupazioa, etorkinekilako elkartasuna, eta beste.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Arrantza
Arrantzaleak haserre agertu dira arrantza debekuarekin

Bizkaiko Golkoko uretan arrantza debekatu dute hilabetez, izurdeak babesteko. Arrantzaleek prezioen igoera aurreikusi dute, eskaintzak behera egingo duelako. Talde ekologistak neurriaren alde agertu dira.


Bi arrantzale desagertu dira Ziburun, itsasontzi bat hondoratuta

Hiru arrantzaleetatik bi desagertuta daude, eta erreskatatu dutena Baionako ospitalean artatu dute, hipotermiak jota.


Arrantzale asko ezin bozkatu geratuko dira datozen hauteskundeetan ere

Bai hauteskunde egunean, bai posta bidez botoa eskatu ahal izateko epean itsasoan direlako, arrantzale asko ezin bozkatu geratzen dira hauteskundeetan. Telematikoki bozkatu ahal izan dezaten legea aldatu bitartean, oraingoan ere abstentzionisten zerrendan sartuko dituztela... [+]


Eguneraketa berriak daude