Arartekoak argitaratu duen ebazpen batean (1) ohartarazi duenez, Jaurlaritzak angularen inguruan onartu zuen dekretuaren “helburu nagusia (hau da, espeziearen arrantza profesionalizatzea) ez dator bat Europar Batasunean alor honetan indarrean dagoen erregulazioaren helburu nagusiarekin (hau da, aingira babestea)”. Arartekoak gehitu du ez dagoela Jaurlaritzaren erabakia justifikatzen duen txosten zientifiko eta teknikorik. Gauzak horrela, Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Sailari gomendatu dio “angularen arrantzaren erregulazioa berrikustea susta dezala, EBko zuzenbidetik eratorritako aingira europarraren populazioa berreskuratzeko eskatzen diren neurrietara egokitzeko”.
Arartekoak ebazpen hau argitaratu du Mutriku Natur Taldeak aurkeztutako kexa bati erantzunez, eta bat dator ia puntuz puntu talde ekologistok auzi honetan defendatu dugunarekin.
Aingira “galzori larrian” eta “segurtasun-muga biologikoetatik kanpo” dagoela ikusirik, Europar Batasunak, 2023ko otsailean argitaratutako Erregelamendu baten bidez, angularen arrantza profesionala murriztu zuen, eta aisialdikoa guztiz debekatu. Beraz, Euskadiko Autonomia Erkidegoan debekatuta geratu zen, aisialdikoa baitzen ordura arte Bizkaian eta Gipuzkoan egiten zen angula-arrantza bakarra. Orduan Jaurlaritzak profesionalizazio-dekretua atera zuen, EBren erabaki berrietara “egokitzeko” tresna zela argudiatuz, baina guk ohartarazi genuen bezala, hura ez zen egokitzea, Erregelamenduari izkin egitea baizik, arrantzatzen jarraitu ahal izateko.
Halaber, ohartarazi genuen ez zegoela txosten zientifiko eta teknikorik profesionalizazioa eta hari lortutako beste erabaki batzuk justifikatzen zituenik, hala nola, 150 lizentzia ematea edo 2024-2025 denboraldirako 550 kiloko arrantza-kupoa ezartzea. Eta baldin bazegoen, guri, behintzat, ez ziguten ematen, behin baino gehiagotan eskatu genuen arren. Hori dela eta, Arartekoak, Jauraritzak aurkeztutako txostenak ikusi ondoren, zera esan du: “Ondorioztatu behar da [txosten] bakar bat ere ez dela ex profeso bildu angularen arrantza profesionala Euskal Autonomia Erkidegoan sartzea justifikatzen duen erabakia hartzeko prozesurako”; “txosten tekniko batek ere ez ditu justifikatzen, ezta aipatzen ere, aisialdiko arrantza profesionalizatzeko arrazoiak, ezta arrantza profesionalerako 150 lizentzia edo 550 kiloko arrantza-kupoa ezartzea erabaki duen irizpide tekniko edo zientifikoa ere” (2).
Egia esan, dekretuaren gabezia hauek guztiak txosten batean jaso zituen Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak 2024ko otsailean, baina Jaurlaritzak ezikusiarena egin zuen, txostena ez zela “loteslea” argudiatuz. Honen aurrean, Arartekoak zera dio: “Aholku Batzorde Juridikoaren irizpena loteslea ez bada ere, lotesleak dira horren txosten zorrotzak jasotzen dituen gogoeta juridikoak”. Gauzak horrela, kontua da ea Jaurlaritzak oraingoan ere ezikusiarena egingo duen Arartekoaren gomedioaren aurrean. Izan ere, Arartekoak gomendatu baino ezin du egin, baina gauzak argi: gomendio hau dekretuaren zuzenketa osoa da.
Profesionalizazio-dekretua Iñigo Urkulluren gobernuak onartu zuen, bere azken bileran. Orduan esan genuen hura kontseilari berriari zabalean egindako dejada zela, eta aukera bikaina zela kontseilari berriak erakusteko biodibertsitatea benetan aintzat hartzen zuen ala diskurtsoak hanpatzeko erabiltzen diren bost duroko hitz potolo horietako bat baino ez zen. Bistan da kontseilariak ez zuela pilota bildu eta aukera alferrik galdu zuela. Oraingoan ere galduko ote du?
Mutriku Natur Taldea eta Eguzki Talde Ekologista
(1) Ebazpen osoa: GetDocumentServlet
(2) Esan dezagun, bide batez, kupoa 550 kilokoa bazen ere, 200 baino ezin izan direla arrantzatu, arrantzaleek berek lonjan deklaratu dutenaren arabera. Eta kontuan hartu behar da arrantzarako egunik aproposenak aukeratu direla. Angularen egoera larriaren beste testigantza bat.