“Rave-a erresistentziarako ekintza politikoa da”

  • Musika eta bizikleta zalea da Xabier Apestegi (Sada, Nafarroa, 1992), baina bi arlo horiek batu eta hautu artistiko gisa kaleratzeko DJ Reimyren mozorroa janzten du. Bizikletak konpondu, tuneatu eta musika garraiatzeko prestatzen ditu, beti espazio publikoaren defentsa oinarri. Eta Iruñeko tabernak ixterakoan, ohikoa da pedalei eragiten agertzea, parrandazaleak musikaren doinura gidatuz, festarekin jarraitzeko toki berri bila.

“Hiri gisara, etengabeko aldaketan dago Iruñea, jende asko dagoelako hiriari buelta emateko gogoz, gauzak proposatuz, kalera ateraz. Jolasteko hiri bat da. Hiri handietan gauzak disolbatu egiten dira. Hemen arrastoa uzten dute”.
“Hiri gisara, etengabeko aldaketan dago Iruñea, jende asko dagoelako hiriari buelta emateko gogoz, gauzak proposatuz, kalera ateraz. Jolasteko hiri bat da. Hiri handietan gauzak disolbatu egiten dira. Hemen arrastoa uzten dute”. (Argazkia: Josu Santesteban)

Askotan salbatu diozu parranda bati baino gehiagori.   
[Barrez] Ni naiz festa maite duen lehena. Eta are gehiago gozatzen da zu zarenean dantzarako espazio horiek proposatzen dituena. Ahal dudan aldiro eskaintzen dut hori. Azkenean, festen sistema dagoen bezala dago: garitoen eta baimenen menpe zaude, eta nik alternatiba proposatu nahi izaten dut. Jendeak autogestionatu dezala bere festa. Parranda nahi duzula? Hartu bizikleta, segi mendira, egizu zure festa.

Pandemiak zailduko zuen kontua.
Asko zaildu du, arrisku sozialerako egoera izan badelako. Baina aldi berean, beste modu batean antolatzea ekarri digu, modu familiarragoan, kontrolatuago. Mundu guztiak behar du jendearekin egon, sozializatu, dantza egin. Norberak bere modura egin dezala.

Zuretzat, dena dela, ez da parranda hutsa. Badu bere aldarrikapena ere.
Bi aldeak ditu. Musika dantzatu eta gozatzeko energia hori dago, baina horren atzean espazio publikoak berreskuratzeko aldarria ere badago. Kalea interes pribatuen menpe dago, boteredunen zerbitzura. Zure bizikleta eta musikarekin plaza batean nahi duzuna egiten egotea jarrera politikoa da, kalea denona dela aldarrikatzeko.  

Beraz, aldarrikatu daiteke rave-a parranderoegi iruditu gabe?
Noski, erabat. Rave-a erresistentziarako ekintza politikoa da, espazio publikoen alde. Kalea gero eta gehiago ari da pribatizatzen, eta aisialdia kontsumo bihurtzen da, ordaindua. Jendeari ukatzen zaio festa autogestionatzeko aukera, hau da, bere denboraz gozatzeko aukera.

Nondik datorkizu musika zaletasuna?
Txikitatik hezi naute musikan, oso zaleak izan gara etxean. Herriko bandan eta txarangetan jo dut, tronboia, eta pianoa ere jo izan dut. Musika bizi dut. Gerora instrumentuak utzi ditut, baina DJ gisara beti duzu musika presente. Eta batez ere, musika publiko egitea maite dut, partekatzea. Txarangarekin egiten nuen, eta DJ moduan egiten dut. Ez duzu zuretzat gordetzen, musika beti da jende gehiagorekin. Horrek egiten du polit.

Argazkia: Josu Santesteban

Zertan da musika eraldatzaile?
Niretzat aglutinatzaile superpotentea da, kaleari erritmoa, hitzak eta mezuak eransten dizkiolako. Jendearentzat ereserki komun bat da. Mundu guztiak gozatu dezake musikarekin. Kohesiorako oso tresna indartsua da. Eta kalean, denentzako eskuragarri jartzen duzu, instituzioetatik edota musika aretoetatik pasa gabe. Jendeak enpatia handia du horrekiko. Bueno, orokorrean [barreak].

Nola egiten du DJ-ak bere musika bere egiteko? Ez baita hark sortua...
%95ean beste batzuen musika da. Nik egin izan dut remix-en bat, baina beti nahiago izan dut publikoarekin elkarreragin, estudioan grabatzen egon baino. DJ bakoitzak bere ukitua, bere diskurtsoa ematen dio pintxatzen duen musikari. Nola lotu estilo bat bestearekin, horrek motibatzen nau. Azkenean, nik ere estilo askotatik edan dut: txarangan jo dut, Big Bandetan, musika latinoa, eta rap talde bat ere izan nuen. Hori dena nahastu eta nire zigilua jartzea gustatzen zait.

Eta zein da zigilu hori?
Gozatzeko musika da, aurreiritzirik gabe dantzatzekoa. Nire etiketa bakarra hori da, ez dudala etiketarik. Maletan gordetzen dut zerbait polita transmititzen duen kantu oro. Nire ezaugarri nabarmenena da bizikletarekin nahasten dudala musika, mugikorra izan dadin, kalera ateratzeko eta bestela ezingo nukeen tokietara eramateko, a priori festa eremu gisara ulertzen ez diren horietara.
Musika txanponaren alde bat da zuretzat, bizikleta baita bestea.

Nik, txikitatik, aisialdiarekin lotu izan dut bizikleta, mendira joateko eta. Gero, hirira zoazenean, bizikleta elementu ia politiko gisara ulertzen hasten zara, mugikortasunaren ikuspegitik, eta alternatiba gisara, kotxearen menpe ez bizitzeko. Bestalde, artearen eta musikaren ikuspegitik, alor perfomatiboan, bizikleta eta musika lotzeak espazio publikoa aldarrikatzeko aukera ematen dit. Sormen eta adierazpen tresnatzat dut, eta esperimentatzen dut.

Iruñeko Masa Kritikoaren bultzatzaileetako bat ere bazara. Hilean behin abiatzen da bizikleta martxa hori. Zer da?
Ez dugu deus asmatu, urte askoko ibilbidea du mundu osoan. Iruñean aktibo egon zen urtetan, batez ere mugimendu ekologistei lotua, zentzu militanteagoan. Gero gainbeheran etorri zen. Nik, Madriletik bueltan, gogo antzekoekin zebiltzan hainbat mugitu nituen, mugimendua berpizteko. Musika erantsi nion, ludikoagoa egiteko, dibertigarriagoa. Oinarrian, espazio publikoa bizikletentzat eta pertsonentzat izan dadila aldarrikatzen da, eta ez hainbeste kotxearentzat. Gure hiriak beti egon dira kotxeari begira, ibilgailu pribatuaren mesedetan.

Nola ikusten da Iruñea hor goitik?
Bi Iruñea daude, non mugitzen zaren. Niretzat hiri kasposoa zen, Opus Dei eta UPNrena. Baina aldi berean, probintzia-hiri bat da, ia herri bat, eta guay dago, egiten duzun orok izaten duelako harrera ona, erraza da sareak egitea. Hiri gisara, etengabeko aldaketan dago Iruñea, jende asko dagoelako hiriari buelta emateko gogoz, gauzak proposatuz, kalera ateraz. Jolasteko hiri bat da. Hiri handietan gauzak disolbatu egiten dira. Hemen arrastoa uzten dute.

Reimy, Apestegiren ispiluan
“Xabier Apestegi Sadako mutil bat da, musikazale eta bizikletazale amorratua. Reimy haren alter ego-a da, pintxatzeko jarri nuen ezizena. Nolabait, nire aurpegi publikoa da, DJ gisara, baina baita ekitaldi antolatzaile gisara ere, edo liante profesionala, nahi bezala. Nire burua Reimyren bitartez erakusten dut, hori da partekatzen dudana, baina Xabier beti dago hor, itzalpean lanean, tailerrean orduak ematen, musika prestatzen, jendearekin harremanetan. Bilbon ikasi nuen, Arte Ederrak, eta gero Madrilen segitu nuen formatzen, eta Ingalaterran, Erasmusen. Duela lau urte etorri nintzen Iruñera”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
2024-05-14 | Lander Arretxea
Musika iruditan (II)
Bideoklipak: aurpegia ala gurutzea

Musikariaren lana musika sortzea eta jotzea da. Baina soilik hori? Irudiak eta sustapenak gero eta pisu gehiago dute alor gehienetan, eta musikariak ere ez dabiltza zurrunbilo horretatik aparte. Bideoklipa bilakatu da abesti edo disko bat kaleratzeko euskarri (ia) ezinbestekoa... [+]


Mikel Kazalis (Anestesia)
"Nire burua duela 20 urte bezain indartsu ikusten dut"

'Azken heriotza' biraren eskutik, Anestesia taldeak kontzertua emanen du larunbatean Atarrabiako Totem aretoan.


2024-05-08 | Iker Barandiaran
Bazen ordua iraultzeko

Gaztetxotan Eskorbutin itxura hartzen nion arren, Aramaion jaiotako Antton Carreterok beti izan du begirada luzeagoa: punka bai, jakina, eta kinya bada hobe, baina beste estilo askori erreparatzen die aurreiritziei paso eginda; canallagoei, sentikorragoei… Horiek guztiek... [+]


2024-05-07 | Estitxu Eizagirre
Ziburuko Liburu eta Disko Azokak aurten Daniel Landart omenduko du

Ziburuko Baltsan elkartean aurkeztu dute antolatzaileek euskara hutseko liburu eta disko azokaren 5. edizioa. 41 argitaletxe izango dira bertan (inoizko gehienak), 120 metro erakusmahai beteko dituzte denen artean (inoizko gehienak) euskarazko irakurgai eta musikarekin eta... [+]


2024-05-03 | Axier Lopez
Oiartzungo Yakovlev 42 musika taldea zigortu nahi du Guardia Zibilak bere abestiengatik

Astelehenean Donostiako Instrukzio Epaitegian deklaratu beharko dute taldeko kideek. "Adierazpen askatasunaren eta askatasun kulturalaren aurkako erasoa" dela salatu dute.


Eguneraketa berriak daude