Salaketak, dikotomia apurtzeko saiakerak eta film gomendioak

  • Gerturatzen ari da 69. aldiz Donostia Zinemaldia. Beste behin ere hiriak alfonbra gorriz mozorrotuko du bere burua, ahalik eta distira handienarekin agertuko da, eta tote bag uniformedunak ibiliko dira alde guztietatik. Ea aurten zein kolorekoak diren.

Tatiana Huezoren ‘Noche de Fuego’ lanaren fotograma.
Tatiana Huezoren ‘Noche de Fuego’ lanaren fotograma.

Ia aldi berean iritsi zitzaizkigun bi berriak. Batetik, Zilarrezko Maskorrak, hau da, urtero ematen diren aktore eta aktoresa onenentzako sariak, eraldatu egin direla. Hemendik aurrera, bi sari eskainiko dira: sexu bereizketarik gabeko interpretazio onenarentzako saria eta taldeko aktorerik onenari saria. Berlinalek irekitako bidetik sartu nahi izan du Zinemaldiak ere, eta “ziurtasunik ez dutela” onartu arren, “gizarte berdinzaleago bat eraikitzen laguntzeko” pausoak eman nahi izan dituztela azaldu dute.

Bestetik, ordea, polemika ugari sortu duen erabakia ere hartu dute: Johnny Depp aktoreari Donostia Saria ematea berretsi dute. Genero-indarkeriagatik salatu zutenetik Hollywoodek berekin zeuzkan hainbat kontratu eten ostean, Zinemaldiak mugimendu feministatik gaitzespena jaso du sariarekin aurrera egitea erabaki izanagatik. Alderdi politikoen arteko tirabirak ere eragin ditu gertakariak, eta ikusteko dago aurrera begirakoan emango diren pausoak. Aktoreak Hollywooden partetik “boikota” jasaten ari dela salatu du, Europak saritzen duen bitartean. Artearen eta politikaren arteko elkarketak eta bereizteak daude, batez ere, mahai gainean. Baita horien atzeko negozioa ere.

Tripak nahastuta ditugula, Zinemaldiak bere programazioari dagokionez ia informazio guztia eman berri digu. Sail Ofizialean lehiatuko da Iciar Bollaínen Maixabel lana, Maixabel Lasaren bizipenetan oinarritua. 2000. urtean ETAko talde batek hil zuen haren senar Juan Mari Jauregi Gipuzkoako gobernadore zibila izandakoa. Filmak erretratatzen du nola hamaika urteren ostean tiro egin zuen ETAko kide ohiak emakumearekin aurrez aurre hitz egitea eskatuko duen.

Euskal Herrian ekoitzitako filmeekin jarraituz, Zabaltegi-Tabakalera sailean Mikel Gurrearen Heltzear film laburra izango da ikusgai. Veneziako Zinema Jaialdiko Orizzonti sailean parte hartu ostean, Zinemaldiko sail honetan ikusi ahal izango dugu, baita Kimuak katalogoaren baitan ere. Filmak indarkeria politikoko testuinguru batean nork bere mugak gainditzeari buruzko istorio bat kontatzen du. Donostian kokatuta dago, 2000. urtean, euskal gatazka oraindik pil-pilean zegoenean. Haizea Oses, Mikel Arruti eta Oier de Santiago dira protagonistak. Sara (Haizea Oses) 15 urteko eskalatzailea da, eta hurbil ez duen nebari gutun bat idazten dion bitartean, bere bizitzako maila igoerarik gogorrenerako ere prestatuko da.

Paloma Orlandiniren ‘Ob Scena’ lanaren fotograma.

Kimuak katalogoari dagokionez, zortzi film laburrek osatzen dute aurtengo edizioa, eta urteroko prentsarentzako pasea izango da Zinemaldiaren baitan. Bertan eskainiko dira Mel Arranzen Azaletik azalera, Aitor Gametxoren Berak baleki, Laida Lertxundiren Inner outer space (Barruko kanpoko espazioa), Iñigo Aranbururen Resonancias (Oihartzunak), Iker Maguregiren Trumoiak, Aitor Oñederraren Ur azpian lore, Lur Olaizolaren Zerua blu eta aipatutako Mikel Gurrearen Heltzear.

Donostiako Elías Querejeta Zine Eskolako filma ere emango dute zinema ikasleentzako Nest sailean. Artur-Pol Camprubík zuzendutako Podul de Piatrâ / Pont de Pedra film laburra da, Aragoi inguruan filmatutako lana. Filmean, Aragoiko Zerrendako herri baten muga markatzen duen farola bat piztu egiten da gauez. Angelica herrian bizi den emakume errumaniarra da, eta lanean ari dela, ukuiluan moxal bat jaiotzen ari dela ikusiko du. Ama-mintzetik askatzeko animalia txikiaren borrokak, mamu eta mugako izaki izatearen irudiak, hain zeharkatzen du emakumea, non ez baitu irudi horretatik askatzerik lortuko. Adi jarraitzeko lana.

Aurreko guztiari gehituko litzaioke Zinemira saila, euskal filmeen erakusleiho dena.

Bide batez, gure ekoizpenetatik haratago, beste sailetan ikusi beharreko filmeen inguruan idazteko ere baliatuko dut artikulua. Nest sailean eskainiko da Paloma Orlandini argentinarraren Ob scena filma, zeina kontrol soziala sexuaren irudikapenean diskrezioz txertatuta egoteari buruzko hasnarketa den. 80ko hamarkadako Kuban psikiatra batek sexualitateari buruz idatzitako testu akademikoak berreskuratu ditu Orlandinik, eta lotura egiten du horien eta egungo pornografiaren artean. Lan ausartak Argentinako BAFICI zine jaialdiko saria jaso zuen, eta hango askapen borroken kutsua dakarkigu.

Horizontes Latinos sailean Tatiana Huezoren Noche de fuego (Suzko gaua) lanak erakarri gaitu gehien. Bertan, magiaz eta errealismoz nahastutako istorio mikatza aurkituko dugu, aitzitik, gure inguruaz asko mintzo zaiguna. Mexikoko mendietan kokaturiko herri bakarti batean, neskatoek mutilen tankerara mozten dute ilea eta lurpean ezkutalekuak dituzte. Anak eta bere bi lagun onenek herritik ihes egin duten pertsonen etxeak okupatzen dituzte eta emakumez mozorrotzen dira inork ikusten ez dituenean. Magia eta alaitasunezko unibertso zeharkagaitz batean bizi dira; bien bitartean, haien amek esklabo edo mamu bihurtzen dituztenengandik ihes egiteko prestatzen dituzte. Baina, egun batean, nesketako bat ez da ezkutalekura garaiz iritsiko. Ia bi ordu irauten duen filma ikusteko irrikitan gelditzen gara.

Mikel Gurrearen ‘Heltzear’ lanaren fotograma.

Lehen edo bigarren film luzea duten zuzendarientzako New Directors saila izaten da aukeratua. Kasu honetan, Errusiara begira jarri gara, Lena Lanskihen Nich’ya / Unwanted (Nahi gabekoa) filmari, hain zuzen ere. Hau dugu filmaren sinoposia: Vikak 14 urte ditu eta Uraletako eskualde errusiarreko hiri txiki batean bizi da, hiriburutik kanpo. Basoan, hezeguneetan hazten diren fruituak bildu eta amari laguntzen dio kaleko merkatu batean fruitu horiek saltzen. Eskolako koreografia-eskolak gustatzen zaizkio. Eta haurtxo bat dauka, baina inork ez luke sekula horren berri izan beharko. Amatasunaren zentraltasun ezak eta harreman ez erromantikoak jakinmina sortu digu zeharo.

Zabaltegi-Tabakalera sailerako jada ezagun den Jean-Gabriel Périoten lana lehiatuko da aurten ere sail horretan. Retour à Reims / Retourning to Reims (Reims-era itzulera) obran, Didier Erbionen izen bereko eleberriaren moldaera librea egiten du Périotek. Artxibo-materialaren bidez Frantziako langileriaren istorio intimo eta politiko bat kontatzen digu zuzendariak, 50eko hamarkadaren hasieratik gaur egunera arte luzatzen dena.

Azkenik, Perlak sailean, Les intranquilles (Egonezina) filmak begira gauzka gertutik. Bertan, Leïla eta Damienen arteko harreman sentimentala erretratatzen da, nahasmendu bipolarrak harremanaren baitan duen presentziari tokia eginez. Bikote harremanetako espektatiben eta eskaintzen inguruko hausnarketa da.

Sailetan barrena egindako errepaso honekin datorrenaren aurrerapena egin nahi izan dugu, hala nola, Sail Ofizialetik haratago doazen bideak proposatu. Euskal zinemari zein zinema komertzialetan ikusten ez diren filmeei tokia egin nahi dienak badu zeregina irailaren 17tik 25era bitarte. Agian, elkartuko gara bertan. Adiorik ez!


ASTEKARIA
2021eko irailaren 12a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinemaldia 2021
BESTELAKO ZINEMALDIA
Irudika ditzagun istorio sinesgaitzak

Zinemaldiaren glamourak atzean zer uzten zuen ez pentsatzen ahalegindu ginen. Irailaren 17tik 26ra bitarte, Donostiako erdiguneak eta Alde Zaharrak Zurriolako hondartzarekin egiten duen triangeluak ez du Zinemaldia ez zen besterik izan hizpide. Eta behin garbitzaileen kamioiak... [+]


2021-10-03 | Mikel Antza
Donostia Zinemaldiaren aitzakian
Zinemaldiaren osteko bestondoa

Aurten ez naiz Zarautzera joan Literaturiara. Nekatuegi nengoen. Neure buruari ezarritako zine maratoiaren amaieran ondo zetozkidakeen begiei zabalik eusteko Laranja mekanikoa filmeko Alexi ipini zizkioten gailuak.


2021-09-27 | Mikel Antza
Donostia Zinemaldiaren aitzakian
Zinemaldiaren osteko bestondoa

Aurten ez naiz Zarautzera joan Literaturiara. Nekatuegi nengoen. Neure buruari ezarritako zine maratoiaren amaieran ondo zetozkidakeen begiei zabalik eusteko Laranja mekanikoa filmeko Alexi ipini zizkioten gailuak.

 


BESTELAKO ZINEMALDIA
Irudika ditzagun istorio sinesgaitzak

Zinemaldiaren glamourak atzean zer uzten zuen ez pentsatzen ahalegindu ginen. Irailaren 17tik 26ra bitarte, Donostiako erdiguneak eta Alde Zaharrak Zurriolako hondartzarekin egiten duen triangeluak ez du Zinemaldia ez zen besterik izan hizpide. Eta behin garbitzaileen kamioiak... [+]


Eguneraketa berriak daude