Hustutako itsasargi bat turismoari

  • Ekainaren hasieran zabaldu zuten Santa Klara uharteko (Donostia, Gipuzkoa) itsasargi zaharberrituaren atea. Barruan, Cristina Iglesias artista donostiarraren eskultura: Hondalea. Denbora gutxian agortu ziren artelana ikusi ahal izateko txartelak, museoaren eta eskultura publikoaren arteko nahasketa baita, babestu beharreko ingurune natural batean kokatua, gero eta turistifikatuagoa dagoen hiriaren itsasertzeko magalean.

(Argazkia: Dani Blanco)

Kontakizun ofizialaren arabera, 2016an piztu zen Hondalearen proiektuaren ideia. Donostian Europako Kultur Hiriburutzaren bueltan antolatutako egitarauari hasiera eman zitzaion egunean jaso zuen Cristina Iglesias (Donostia, 1956) artistak Urrezko Danborra, hiriak norbanako eta taldeei ematen dien sari gorena. Horrela esan zuen Eneko Goia alkateak: “Kulturari eskainitako urte honetan argi zegoen Iglesiasen muntako artista batek bere hiriaren aitorpena jaso behar zuela”. Donostia Turismo erakundearen administrazio kontseiluak hautatu zuen Iglesias hiriaren irudia munduan zabaltzen dutenei eta hiriaren alde egiten dutenei gordetzen zaien sarirako.

Izan ere, ibilbide artistiko luze, oparo eta saritua du Iglesiasek, 80ko hamarkadan hasi zen eskulturak erakusten, eta 1993an parte hartu zuen lehen aldiz Veneziako Bienalean. Bere eskulturetan ohikoa da elementu naturalen erreprodukzioa eta eraikuntzako materialen erabilera. Hainbat hiritan topa daitezke bere esku-hartzeak, Anberesko (Flandria) Diepe Fontein (Iturri Sakona, 2006) eta Toledon (Espainia) hiru zatitan banatutako Tres Aguas (Hiru Putzu, 2014) aipa daitezke. Azken horiek eta Hondalea antzekoak dira, kontzeptu orokorrarengatik eta baita kokalekuarengatik ere, zeharka (Kuriositatez, Toledoko Santa Clara komentuan da esku-hartzeetako bat, beste bat erabilerarik gabeko ur-dorre batean).

Naturan ere egin ditu esku-hartzeak, 1994an Norvegiako Lofoten uharteetako batean kokatu zuen aluminiozko eskultura bat, erramu hostoak irudikatzen dituena, eta Mexikoko Espíritu Santo uharteko uretan hormigoizko Estancias Sumergidas (2010) ikusgarriak hondoratu zituen, esaterako. Fikzio artistikoak deitzen die, naturaren eta kulturaren arteko harreman bat, non eskulturak natura imitatzen duen, ikuslerik gabeko naturaren lekua hartuz batzuetan, ikusleari naturaren irudikapena itzuliz besteetan.

Txillida, Oteiza, Basterretxea. Donostiako itsasertza janzten dute haien eskultura monumentalek, Haizearen Orrazia ezin ezagunagotik Bakearen Usoa hadin eta zuriraino. Tartean badaude beste lan batzuk, Moneoren Kursaala kontuan har daiteke agian, Txillidaren Monumentua Flemingi, Salazarren Omenaldia Clara Campoamorri... 2016ko aldi hartan Eneko Goiak Iglesiasi esan zion ezinezkoa zela haren lanik ez egotea horien artean. Hortik abiatu omen zen asmoa, eta Iglesiasek Santa Klara uhartea aukeratu zuen bere esku-hartzerako. El País Semanal aldizkarian adierazi zuenez, zalantzan egon zen zein leku hautatu: Ulia eta Urgulleko Ingelesen Hilerria ere aukera posibleak ziren. Baina azkenean uhartea hautatu zuen, uharteko itsasargia, hiritik urrun baina gertu dagoelako, publikoa baina ezezaguna den lekua delako, edo hala zelako, bederen.

Argazkia: Dani Blanco

2016tik gaurdaino
Prozesua luzatu egin zen. 2017ko apirilean aurkeztu zuten artistak eta Donostiako Udalak Santa Klara uharteko itsasargian eskultura jartzeko proiektua. Pasaiako Portu Agintaritzak kudeatzen zuen itsasargia, eta eraikinaren lagapena eskatu zion Donostiako Udalak 2018ko irailean, 50 urterako. Orduan egin zuen eraikina birmoldatzeko proiektua Jabier Lekuona arkitektoak, itsasargia erabat hustu eta lau metroko sakonerako zuloa egin behar baitzen eskultura jartzeko. 273.000 euroko aurrekontua gorde zuen horretarako Donostiako Udalak, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 200.000 eurokoa. Azkenean, 2019ko apirilean heldu zen itsasargiaren lagapenaren onarpena, 30 urterako azkenean, 5 urtez luzatzeko aukerarekin. Eskultura fabrikatu eta instalatzeko 1,4 milioi euroko kontratua onartu zuen orduan udalak. Tarte horretan, Haritzalde Naturazaleen Elkarteak, Ekologistak Martxanek eta BizilagunEkin plataformak uhartea babesteko eskatu zuten, eta Eguzki talde ekologistak eskultura bertan jartzeak uharteko bisitarien kopurua ez zezala handitu eskatu zuen.

2019ko urrian abiatu zituzten itsasargia husteko lanak, horretarako behar zen garabia helikopteroz eraman ostean. Hilabete beranduago, proiektuaren aurrekontua 1,5 milioi eurotan handitzea onartu zuen Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak. Igoera hori salatu eta obra gelditzeko eskatu zuten orduan Donostiako EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak, eta udal gobernuari ingurumen plan bat, itsasargiaren industria ondarearen plan bat eta plan ekonomiko bat eskatu zizkioten. Proiektuak, ordea, aurrera egin du, nahiz eta ez duen arazo gutxi izan. Obretako kontratua luzatu behar izan zuten, eta COVID-19aren pandemiak ere oztopatu ditu lanak. Azkenean, proiektuaren aurrekontua puzten joan da.

Ekaineko lehen asteburuan zabaldu zuten Hondalea. Aurreko egunetan sinposio bat egin zuten Aquariumean, Kostalde Harritsua – Geologia, Ekologia eta Eskultura izenekoa, Hondalea aitzakia gisa hartuta. San Telmo Museoan ikusgai dago obraren bueltan osatutako erakusketa bat ere, irailera bitarte. Ekainetik irailera dohainik bisita daiteke itsasargiko eskultura, nahiz eta horretarako izena eman behar den. Hasieran seiko taldeak baziren ere orain dela gutxi hamar lagunera zabaldu dituzte bisitak. Zabaldu eta berehala bete ziren, hala ere, Hondalea bisitatu ahal izateko leku guztiak. Urrian zehar, baina, bisita gidatuak egingo dituzte badian, eta itsasargian amaituko da ibilbidea; 30 euro balio du sarrera bakoitzak.

Irregulartasunak
Ekain hasieran, halaber, Donostiako Udaleko langileen LABeko sail sindikalak itsasargiko obretan irregulartasunak salatu zituen, Lander Arbelaitzek hedabide honetan bertan jaso zuenez. Udal gobernuari helarazi zioten eraikina birgaitzeko lanen zuzendaritza lizitaziorik gabe egin zela, eta egindako galderen aurrean erantzunik jaso ez zutenez Gipuzkoako fiskaltzaren eskuetan utzi zuten informazioa. Eneko Goia alkateari ere txostenaren kopia igorri zioten.

Besteak beste, LKS Fhecor enpresari eraikina birgaitzeko lanak esleitzeko erabilitako prozeduran aurkitu zituzten irregulartasunak. Itsasargiaren estaldura kendu eta fatxada mantenduz eraikina eraisteko lanen zuzendaritza LKSri zuzenean lizitatu zioten, 15.000 eurotik beherako kontratu txikien prozedura baliatuz. Baina eskultura itsasargian kokatzen hasterakoan ere eraikina birgaitzeko lanen zuzendaritza enpresa berak egin zuen, inongo lizitaziorik gabe. Sindikatuaren arabera, udaleko proiektu eta obren departamenduko zuzendari Alfonso Vázquezek tramitatu zuen zerbitzu hori lizitatu gabe, zuzenean enpresari esleituz.

Horrez gain, Gipuzkoako Fiskaltzari eskatu zioten ikertzeko ea nola ordaindu dion Donostiako Udalak LKS-Fhecor enpresari eraikina birgaitzeko lanen zuzendaritza, lizitaziorik ezean erakunde publikoak ezin baitio zuzenean ordaindu. Obren zuzendaritza LKSk hartu zuen bere gain, eta bere ardura izan da lekuan bertan lanak nola zihoazen gainbegiratzea. Moyua enpresa arduratu da eraikina eraitsi eta behin eskultura barnean zela gero berriz ere berreraikitzeaz. Moyuak 1,46 milioi euroko aurrekontua egin zuen lanaren lizitazioa eskuratu zuenean, proiektu hori onartu zuen udalak, eta azkenean 1,8 milioi euro kostatu zaiola adierazi du. Adjudikazioan iragarri zuena baino %23 gehiago.

Argazkia: Dani Blanco

Hondalea
Obra, hala ere, hor dago, ikusgarri, sarrera lortu ahal izan duenarentzat. Zer da, beraz, Hondalea? Beñat Sarasola idazlearekin batera egindako hausnarketatik dator izena. Hondalezea, itsasoko leizea edo sima esan nahi du. Horixe irudikatzen du eskulturak. Brontzezko hamarnaka pieza dira, guztira hamabost tona pisatzen dutenak. Bertan, itsasoko arroken itxura antzeman daiteke, olatuek janda. Urak ere leku garrantzitsua du piezan, zirkuitu baten bidez betetzen eta husten doaz urez xafla sasigeologikoak, itsasoko mareak imitatuz. Pieza handia da, eta inguratzen duen pasarela batetik begiratu daiteke haren barrura. Itsasargia erabat hustu dute, teilatua kendu diote piezak sartu ahal izateko eta lurrean ere zulo sakona egin dute hondalezea irudikatzeko. Itsasargia zenaren leihoetan, alabastroa, kanpoko argitasunak modu difuminatuan bete dezan espazioa. Bi elementu nagusi ditu Hondalearen inguruko diskurtsoak. Batetik, naturaren eta artelanen arteko elkarrizketa. Bestetik, erabiltzen ez zen eraikin bat ostera ere jendeari “itzultzea”.

Funtsa zalantzan
Bere horretan badu garrantzia obrak, ez baita nolanahikoa, baina proiektu osoaren funtsa zalantzan jartzen du hainbatek. Izan ere, ikuspegi batetik begiratuta obraren beraren izaera lausotzen da, beste edozerk, hobeto edo okerrago, bete baitzezakeen Hondaleak betetzen duen lekua, eta proiektua sustatu dutenek ez zuketen alde handirik nabarituko agian. BizilagunEkin plataformako Mikel Agirrek azpimarratzen duenez, hasieran Santa Klarako itsasargian artelana kokatzearen helburua herritarrentzako kultur ekipamendu berri bat sortzea esan zuten, baina denbora gutxi behar izan dute Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Hondalea zirkuitu turistikoan txertatzeko. Dioenez, artelana hiriaren marka nazioartean zabaltzeko erabiltzen ari dira eta eragina izango du hiriaren eta, batez ere, uhartearen masifikazio turistikoan, horrek dituen ondorioekin.

Denbora gutxi behar izan dute Hondalea zirkuitu turistikoan txertatzeko

Agirrek argi ikusten du hiriaren marka indartzeko produktu bilakatu nahi dutela uhartea, eta uste du alkatetzak hirian lorratza uzteko baliatu nahi duela. Ingurumenaren, itsasoaren eta esku-hartzearen arteko elkarrizketa horren atzean, berriz, proiektuaren bultzatzaileen kezka dago bere ustez, hasieratik zekitelako ingurumenari eragingo ziola, eta garrantzitsua zela produktu bukatuan hori ere biltzea: “Berdetasun batekin jantzi nahi izan dute dena”.

Hain zuzen ere, Donostiaren desazkunde turistikoaz arduratzen da, batez ere, BizilagunEkin plataforma, baina Santa Klarako itsasargiko obren harira beste hainbat elkarterekin elkarlanean aritu da. Izan ere, turistifikazioa Hondalearen albo-kalte posibleetako bat baizik ez da, eta bestelako ondorioak ekar ditzakeena. Batetik, udal ekonomiaren ikuspegia aipatzen du Agirrek. Hasieran milioi bat euro inguruko proiektua izango zela esan bazen ere, puzten joan da azken urteetan eta gaur egun 6 milioiren bueltan dago. Horrez gain, itsasargiaren eraikinak gordetzen zuen ondarearen auzia ere mahai gainean jarri dute. 1864an eraiki zuten itsasargia, mendeetan inguruan egon zen ermita baten lurretan, eta hamarkadetan hartu zituen farozaina eta bere familia. Azkena, Jose Manuel Andoin, bere amarekin bizi izan zen bertan 1944tik 1968ra arte, faroa automatizatu zuten urtea. Ordutik erabili gabe eta hutsik zegoen eraikina, baina baldintza onetan, diotenez, eta itsasargia hustu eta hondatu orduko betiko galdu da ondare arktitektoniko hori.

Hiriko talde ekologistak ere haserre agertu dira prozesuan zehar. Lanaetan egin dituzten bideen zabalpenak eta zuhaitz-mozketak salatu dituzte, eta uhartean gero eta jende gehiago egoteak bertako faunarengan, batez ere txoriengan, dakarren presioa gogorarazi dute.

Proiektuak izan dezakeen eta Agirrek aipatzen duen beste ondorio bat ere kontuan hartzekoa da. Izan ere, hiri espazioen pribatizazioan urrats bat gehiago izan daiteke, ez baitago itsasargia jendarteari irekia izango ez den ekitaldietarako erabiliko ez dela ziurtatzerik.

Kultura eta turismoa
BizilagunEkin plataformatik salatzen dutenez, inprobisaziotik asko izan du Hondalea itsasargian kokatzearen proiektuak, eta harago doa plataformako kidea: "Argi dago Eneko Goia berak alkatetzatik bultzatutako kontua dela, bere izena betirako gogoratu dadin".
Bere ustez, hiriaren itsasertzean dagoen artisten ibilbide moduko hori merkantilizatzea izan da jokaldia, horretarako bertan lekurik ez zuen eta egotea merezi zuen artista bat erabilita, eta hortik abiatuta joan dira proiektua  modifikatzen. "Ingurumen-inpaktua salatzen zela ikustean txertatu dute beraien kontakizunean, baina horretan geratu da, kontakizunean".

Udalaren proiektua izan da Hondalea,  baina Foru Aldundiak ere ekarpena egin du, eta hor, besteak beste, argi geratu da zein den proiektuaren gaineko ikuspegia, finantzaketaren zati bat Foru Aldundiko Turismo Sailetik datorrela ikusi baita. Agirreren hitzetan: "Argi erakusten du kutsu kulturalaz gain baduela turismoa bultzatzeko eginkizuna proiektuak". Inprobisazio horrek bestelako hutsuneak ere utzi ditu. Egun Cristinaenea Fundazioak kudeatzen du Hondalea, baina hasieran beldur ziren ea espazio publiko hori kontrol publikotik at utziko ote zuten, kudeaketa enpresa pribatu bati emanez, Aquariumari, esaterako. Eragileen eskakizunei esker lortu zuten Cristinaenea Fundazioa izendatzea kudeatzaile.

Eragileen presio horrek bultzatu ditu instituzioak bestelako neurri batzuk hartzera ere, baina mugatua da lortutakoa. Izan ere, aurtengo urterako baino ez dute lortu proiektuak uhartean izan ditzakeen kalteak murrizteko neurriak hitzartzea.

“Eneko Goia alkateak bultzatutako
kontua da,
bere izena betirako gogoratu dadin”

Mikel Agirreren aburuz, mugatzekoa baino mugak zabaltzekoa da joera, eta dagoeneko egina dagoen kaltea murrizteko ez dira nahikoa egun hartu dituzten neurriak. Itsasargia zabaldu zutela hilabete pasatxo pasa den arren honezkero euren buruari jarritako baldintzak gainditzen ari direla dio. Horren adibide, bisitarien taldeak sei lagunekoak izatetik hamar lagunekoak izatera pasatzea. Gauza bera bestelako neurriekin gerta daitekeen beldur dira: "Orain hitzordua hartu behar da, baina nork dio hori aldatuko ez dela?". Gerta daiteke pare bat urte barru bestelako erabakiak hartzea, ez baitago kontrakoa ziurtatuko duen legerik edo akordiorik.

Lehentasunen inguruan galdetuta, baten batek esan baitezake garrantzisua dela horrelako artelan bat testuinguru horretan kokatzea, Agirrek dio ingurumena dela babestu beharreko lehena. "Dagoeneko babestu ezin dena da leku horrek zuen ondarea". Hala ere, bere ustez, uharteak badu balio paisajistikoaz eta naturalaz haragoko balioa ere: "Herritarrak identifikatzen dira, besteak beste, beren uhartearekin eta beren bizitzan zehar egin duten udako aisialdiko erabilera horrekin, eta leku bat merkantilizatzen denean balio sentimental hori galdu egiten da, eta hori ere babestu beharreko puntua da, baina zaila dirudi".

Santa Klara, naturgune eta gune historiko izateaz gain milaka herritarren eguneroko elementua baita. Udan, ekainetik irailera, apur bat gehiago masifikatzen da, baina ohikoan leku lasaia da, familiako oroitzapen ugaritan gordetzen dena.

"Hiriko eremu batzuk paisaia erakargarri bilakarazten ari dira, ustez, baina zein da hori egiteko oinarria eta ikuspegia?", Agirreren galdera ez da hutsala, zergatik eta zertarako egin da Hondalea?

Hiriko eremu batzuk enblema bilakatzeko asmoaren atzean hiri eredu jakin bat ezkutatzen dela azpimarratzen dute BizilagunEkin plataformatik. Agintariek orain dela urte batzuk erabaki zutela turismoan oinarritutako hiri ekonomia sortuko zutela Donostiarentzat, edo dagoeneko zegoen horretan sakonduko zutela. Horretarako, baina, hiria salgai bilakatu behar. "Berezko balio organiko bat izan duten lekuak bilakatu behar dira produktu, salgai moduan aurkezteko, eta hori erakusten du, esaterako, Hondaleak", dio Agirrek.

Berezko balioa, jendartearen erabilerarekin batera sortu dena, alboratu egiten da, beste zerbaitetara bideratzen, eta Agirrek nabarmentzen duenez, prozesu horretan bere benekotasuna galtzen du, balizko bisitari batek baloratuko lukeena.

Beste artista batzuk ere batu zaizkio proiektuari. Esaterako, Asier Altuna zinema zuzendariak 2019tik gaurdainoko prozesua filmatu du, eta pelikula bat osatuko du. Berri hori izan zutenean proiektuarekiko kritikoak izan diren eragileak harremanetan jarri ziren filmaren ekoizleekin, beraien ikuspuntua emateko prest zeudela esanez, baina, insistitu arren, ez dute erantzunik jaso. Mikel Agirre: "Horrek erakusten du partzialtasun osoz eta enkargu bati jarraituz egiten den esku-hartze artistiko bati buruz ari garela". Instituzioek Hondalearen inguruan egin duten kanpainarekin lot daiteke ikuspegi hori. Agirrek zalantzan jartzen du publikoaren onespena dirudiena bezain zabala denik, baina dio ezin dela ahaztu zenbat bitarteko erabili dituzten artelana eta biltzen duen proiektua lau haizetara zabaltzeko.

Argazkia: Dani Blanco

Kalteak muga daitezke?
Badaude horretarako aukerak. Lehenik eta behin, uharteko erabilera arautzen duten dokumentuak berrikusi behar dira. Oraingoz dagoen bakarra uharteari dagokion udal bandoa da. Eta hori ere ez dira errespetatzen ari egun. Izan ere, uhartea bisitatzea lau hilabetera mugatzen da bertan, eta orain sei hilabetera zabaldu dute. Horretaz, gain, Hondalearen edukiera plana berrikusi beharko litzatekeela dio Agirrek, mugatzaileagoa izan dadin. Horren guztiaren gainetik, ordea, uharteko eta Hondalearen erabilera arautzeko Plan Berezi bat beharrezkoa dela dio, jasotzeko zenbat jende sar daitekeen eta zein motako erabilera emango zaion, eta ziurtatzeko epez kanpo ez dela jenderik sartuko eta beti jarduera publikoak izango direla, ekipamendu berririk egingo ez dela...

Uharteari babes supramunizipala emateko prozesua abiatzea ere ezinbestekotzat du. Santa Klara Igeldo eta Urgullekin batera babestutako gune bilakatzea proposatzen dute, eta Natura 2000 sarean sartzea. Aspaldiko eskaria da Santa Klara biotopo izendatzearena, bertako fauna dela-eta, batez ere. Baina oraindik ez dute lortu halakorik, eta Agirrek, behintzat, ez du instituzioen partetik horretarako asmorik ikusten.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eskultura
2024-02-25 | Hedoi Etxarte
Chillida izan beharraz

Eduardo Chillidaren jaiotzaren mendeurrenaren kontura, ideologia guztietako hedabideetan hagiografiak izan dira nagusi eta ez da inolako aipamenik egin bere “gaztaro falangista ultra eta erradikalaz”.


Mañariako grisa

1970eko hamarkada hasieran, Robert Smithson artistak bogan zegoen arte minimalista auzitan jarri eta artea paisaian eta naturan bertan egin zitekeelaren ideia zabaldu zuen. Hartara, sortze-ideia horri segika, lursailean prestakuntzak egiten hasi zen hainbat artista, beren... [+]


“Gure herria matriarkalista da eta beste nortasun bat eman nahi izan diet eskulturei”

Xabier Santxotena Alsua (Bozate, 1946) eskulturagilea da. Egurra du lanabes, eta pieza erraldoiak egiten ditu. Buru-belarri dabil uneotan emakumeei eskulturen bidezko aitortza egiten. Agota dela dio harro, “egurraren gremio edo kolektibokoa”. Jorge Oteiza... [+]


“Betirako” Nafarroan gordetzeko eskaera

Pompeluko togatusa Nafarroako Museoan dago ikusgai azken urtebetean, baina urte luzez galduta egon da bere pista. Duela 128 urte aurkitu zuten Iruñeko Alde Zaharrean, munduko aberats baten gordailuan egon da urte batzuetan eta haren jabetza estatubatuar batena da egun.


Buru-belarri, burugogor!

Bilatzeak, etengabe bide baten bila abiatzeak, nahi zein espero ez duguna aurkitzea dakar. Artista bat bilaketa gose hori elikatu beharrean dago bere espiritua bizirik mantendu nahi badu. Burugogorkeria handia ere beharko du bere ibilerak. Bide berriak bilatu, azalberritu eta... [+]


Eguneraketa berriak daude