Mañariako grisa

  • 1970eko hamarkada hasieran, Robert Smithson artistak bogan zegoen arte minimalista auzitan jarri eta artea paisaian eta naturan bertan egin zitekeelaren ideia zabaldu zuen. Hartara, sortze-ideia horri segika, lursailean prestakuntzak egiten hasi zen hainbat artista, beren proiektuak lekualdatzen, galerietatik, museoetatik eta hirietatik atera eta basamortuetara, arroiletara eta harrobietara eramanda. Horien artean zeuden Richard Long, Walter de Maria, Christo edo Michael Heizer. Paisaian edo naturan bertan egiten den esku hartze artistikoa land art gisa ezagutzen da artearen historian, obra iragankorrak dira, eta izugarriak dimentsio eta baliabideei dagokienez. Mañariako harrobi abandonatu batean, mugimendu horren ideiekin lerrokatzen den proiektua aurkitu dugu, Angurreta Arte Espazioa.

Joxe Amantegi.
Joxe Amantegi.

Azkenaldian askotan gertatzen zaidanez, Instagram bidez jakin dut Mañariako harrobi batean Tanadori Yamaguchi (Nagoya, 1970) artista japoniarraren esku hartze artistikoa inauguratu berri dutela. Aitzakia probestu eta goiz euritsu batean abiatu gara Bizkaiko txoko horretara. Oinez heldu gara, baso heze eta hostotsu bat igaro ondoren, Angurreta harrobia izan zen horretara. Gizonen lanak eta makinen haginkadek naturari berezkoa zaion haragia jan diete hamarkada luzetan:lehen mendia zen horretan, hutsuneak sortuta; lehen osoa eta betea zegoen horretan, barnehutsak eta ausentziak bistaratuz. Gure inguruko bazterretan asko dira mendiari egin zaizkion ustiaketak, bai iraganean bai egun ere, garai modernoek dakartzaten zalantzazko azpiegitura izugarriei bide emateko. Erauzte horien aztarna dira, adibidez, gure paisaian aurki daitezkeen aurrealde bertikal terrazatuak, plataforma horizontalak, kanoi artifizialak, hondakindegiak, karobiak eta horien alboetan sortzen diren eraikin txikiak.

Mañariako Aldebaraieta auzoan dagoen Angurreta harrobitik, zehazki, gris mañaria edo Mañariako grisa izenez ezagutzen den harria ustiatzen zen, tonalitate arre-beltz-beltza eta zain zuriak zituen marmolezko kareharria. Antza, orain gutxi arte, material hori asko erabiltzen zen apaingarri gisa luxuzko etxebizitza eta jauregiak atontzeko, besteak beste, zokaloak eta zutabeak egiteko. 1970eko hamarkada arte egon zen aktibo harrobia eta behin ustiaketa-lanak bukatuta, meatzaritzako erauzketa-gune hori ahanzturan geratu zen, Victor Arrizabalaga eskultoreak bizi berria eman zion arte. Durangon bizi eta lan egiten duen artistak eta Yamaguchik orain hamabost urte ezagutu zuten elkar Leonen (Gaztela eta Leon) antolatu zen talde-erakusketa batean, eta ordutik mantendu duten etengabeko elkarrizketaren emaitza da gaur Denboraren aztarna izenburua daraman proiektuan batu dutena.

Tanadori Yamaguchi eskultoreak Kyotoko unibertsitatean arte ikasketak egin zituen eta 1998. urteaz geroztik Asturiasen bizi da. Hainbat galeria eta unibertsitaterekin harremanetan dago eta bere sorkuntzak han eta hemen erakutsi ditu. Harriari aplikatutako arteetan da aditua, harria da bere eskultura askoren lehengaia, eta horregatik jaso zuen harrobi batean esku hartze artistikoa egiteko gonbidapena. Angurreta harrobirako, site specific edo leku horretarako apropos egin duen lau eskulturez osatutako sorkuntza aurkeztu du. Harrobiko paisaia gris eta geometrikoan, aluminiozko forma poliedrikoak sortu ditu, eskala handiko arroken artean fusionatu eta berezko paisaian txertatzen direnak. Eskulturak, altzairuzko barne-egitura eta aluminiozko azala dutenak, Arrizabalagaren tailerrean egin ditu eta ondoren arroka blokeen artean kokatu ditu; harrobiko pareta bertikal eta zuzenetatik ihes egiten duten forma bihurriak dira.

Yamaguchiri lan hau egitea enkargatu ziotenean hiru baldintza jarri zizkioten: ezin zuen harri-blokerik mugitu; lanak harrobiaren historiarekin harremana izan beharko zuen; eta harrobiaren memoria bizirik mantendu beharko zuen. Hiru baldintza horiek beteta jaio zen Denboraren aztarna proiektua. Artistak harri blokeen testura zimurtsua aluminiozko xaflatara eraman du, eta horretarako Arrizabalagaren estudioan xaflak harri baten kontra zanpatu ditu, harriaren testura material distiratsuan inprima zedin. Harrobiko harri-bloke pisutsuekin gertatzen ez den bezala, eta eskulturek lehen begirada batean irudikatzen dutenaren aurka, eskulturak arinak dira, hutsik baitaude barrutik; haragirik ez, kasu honetan dena da hezurra eta azala. Yamaguchik Angurretako goi partean kokatu duen poliedro –hiru, lau eta bost aldekoak– luze eta malkartsuak, parean dugun Urkiolako mendilorretik bereizten den Eskubaratz mendiko siluetari jarraitzen dio, bi plano bereizi dituen margolan baten antzera.

Mañariako paisaia harritsu horrek badu, bere baitan eta harrizko bloke handien berezko disposizioari erreparatuz gero, edertasun propioa: espiral itxurako formak bistaratzen dira, konposaketa harmonikoak begiztatzen dira eta espazio hutsek erakarpen-ahalmen handia daukate. Badago honetan guztian nagusitzen den ordena-atmosfera bat, lorategi zen bat izan zatekeenaren xarma daukana. Harri blokeetara gerturatzean ikusten dugu erauzte-aktibitatearen ondorioak harri bloke handien azalean zanpatuta. Bloke batzuek marra horizontal perfektuak dituzte, altzairuzko hari helikoidalaz zerratzeaz sortu diren barrurantz doazen haginkadak dira. Harriaren haragia bistara geratzen da, gris argiagoa duen barru-azala, zaina, erditik irekita. Eskua pasatzen diogu gainetik, zauri horren mina arindu ahalko bagenu bezala.

Oro har, Yamaguchiren praktika artistikoak inguratzen duen naturarekin eta paisaiarekin lotura zuzena izan ohi du. Kasu honetan bezalaxe, zeina polita den ikustea nola eguzkiak, hezetasunak edota euriak, piezei zuzenean eragiten dien, ederra da ikustea nola doazen pieza hauek transformatzen eta naturaren aztarnak eskulturaren azalean markatuta geratzen diren. Iraganean espazio natural honetan gizonak eragindako markak, orain, naturak gizonak egindako sorkuntzan betiereko arrastoa utziko du. Halaber, instalazio hori denboraren joan-etorriaren lekuko ere izango da eta harrobiko terrazetara lotuta dauden forma poliedriko kateatuak, abandonatuta zegoen espazioaren irakurketa berria egiteko abagunea eskainiko digu, denboraren iragankortasuna agerian utzita. 

Ibilbide interesgarria diseinatu dute harrobitik, harri bloke handiak eta Yamaguchiren eskulturak zeharkatuz, oinez, modu errazean egin daitekeen paseoa da. Naturan kokatuta dagoen instalazio horrek, gainera, Urkiolako parajeetako bista paregabeak eskaintzen ditu. Zalantzarik gabe, zoko-natural honekin gozatzeko aitzakia paregabea da.


ASTEKARIA
2023ko irailaren 17a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eskultura
2024-02-25 | Hedoi Etxarte
Chillida izan beharraz

Eduardo Chillidaren jaiotzaren mendeurrenaren kontura, ideologia guztietako hedabideetan hagiografiak izan dira nagusi eta ez da inolako aipamenik egin bere “gaztaro falangista ultra eta erradikalaz”.


“Gure herria matriarkalista da eta beste nortasun bat eman nahi izan diet eskulturei”

Xabier Santxotena Alsua (Bozate, 1946) eskulturagilea da. Egurra du lanabes, eta pieza erraldoiak egiten ditu. Buru-belarri dabil uneotan emakumeei eskulturen bidezko aitortza egiten. Agota dela dio harro, “egurraren gremio edo kolektibokoa”. Jorge Oteiza... [+]


“Betirako” Nafarroan gordetzeko eskaera

Pompeluko togatusa Nafarroako Museoan dago ikusgai azken urtebetean, baina urte luzez galduta egon da bere pista. Duela 128 urte aurkitu zuten Iruñeko Alde Zaharrean, munduko aberats baten gordailuan egon da urte batzuetan eta haren jabetza estatubatuar batena da egun.


Buru-belarri, burugogor!

Bilatzeak, etengabe bide baten bila abiatzeak, nahi zein espero ez duguna aurkitzea dakar. Artista bat bilaketa gose hori elikatu beharrean dago bere espiritua bizirik mantendu nahi badu. Burugogorkeria handia ere beharko du bere ibilerak. Bide berriak bilatu, azalberritu eta... [+]


Ertibil 22

Arte-lehiaketen aurrean hainbat kontraesan sortzen zaizkit. Alde batetik, artistak eta artelanak lehiakortasunaren dinamikaren barruan kokatzen dituzte, artearen izaera eraldatzaile eta kolektiboa alde batera utziz eta logika merkantilisten barruan kokatuz; baina ezin uka,... [+]


Eguneraketa berriak daude