"Jendea bere etxean bakartzen ari gara eta bakardadeak hiltzen gaitu"

  • Urtetan mugimendu sozial ugaritan ibili da Iosu Osta, beti mundu justuago baten alde. Orain etxebizitza kolaboratibo edo cohousing proiektu autogestionatuetan buru-belarri ari da lanean. Iruñeko Etxekonak adinekoentzako komunitateko kidea da. Dena prest dute baina administrazioaren erantzun eskasagatik gehiegi ari da luzatzen kontua eta partaideek berandu baino lehen nahi lukete elkarrekin bizitzera joan.

Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco
Iosu Osta. Jiménez Tutera, 1955

Maisua. Azken 20 urteetan Matematika eta Natur Zientzia irakasle izan da DBHn, Iruñerrian. Attac, PAH, Parlamentu Soziala eta Martes al Sol kolektiboetako kidea da eta Koobizitza, cohousing edo etxebizitza kolaboratibo sare berriaren sustatzailea. Haiku egilea da eta Hatsa aldizkarian argitaratu ditu bere lanetako batzuk.

Euskara noiz ikasi zenuen?
Iruñera irakasle-ikasketak egitera etorri nintzenean. Orduko Nafarroako Diputazioak maistra-maisuei aukera eskaintzen zigun euskara dohainik ikasteko eta gero hainbat euskaltegitan ibili nintzen. Garai hartan ere nire izena aldatu nuen.

A ereduan hasi nintzen lanean Antsoainen eta hor AEKren sistema, metodo komunikatiboa, aplikatzen genuen haurrek euskara ikas zezaten.

Gero Berriozarrera joan nintzen eta erretiroa hartu arte han izan naiz DBHko Natur Zientziak eta, batez ere, Matematikak irakasten. Niretzat garrantzitsua zen eskolak ematen nituen tokian bizitzea, betiko herriko maistra-maisuak bezala, eta horregatik bizi naiz Berriozarren. Niretzako ikasleekiko harremana beti izan da garrantzitsuagoa ikasgaiak baino.

Zertarako erabiltzen zenuen abakoa klasean?
Ekuazioak ebazteko modu erraza da abakoa erabiltzea. Egokitu nuen sistema propio bat eta ikasleek zioten oso lagungarria egiten zitzaiela bitarteko bezala, batez ere zailtasunak zituzten ikasleentzat.

Matematikak zailak dira?
Niretzat ez. Orokorki gaizki irakasten dira, nire ustez. Gehiago ukitu eta jolastu behar da eta ez soilik ahalik eta formularik luzeenak arbelean idatzi. Matematikak gaur egun oso garrantzitsuak dira eta gauza askoren oinarria. Ereduak sortzeko, informatikan… mila gauzatan erabiltzen dira. Niretzat oso interesgarriak dira buruketak. Problema bat arazo denean eta burua erabili behar duzunean soluziobidea aurkitzeko, hori da buruketa. Horri soluzioa bilatzea plazer bat da, baina oso gutxi lantzen da hau ikasgeletan. Ariketa hutsak egiten dira, eta haietan ez da prozesurik egin behar, formula aplikatzen duzu eta kito.

Geometria eta probabilitatea izaten dira liburuan beti azkenak agertzen diren gaiak eta denbora faltagatik askotan eman gabe gelditzen dira, oso politak izan arren. Matematikekin maitemintzen bazara betirako da.

"Zahar-etxea kaka-zaharra da eta ez dut inor ezagutzen han bizitzeko gogoa duenik, baina onartzen dute beste erremediorik ez dutelako”

Erronkak maite dituzu. Horregatik ibili zara beti gizarte mugimenduetan?
Bai. Politikan ez naiz ibili hor dagoen giroa ez dudalako gustuko. Politikari eskatzen diot desberdin pentsatzen dutenak integratzeko eta bat egiteko modua bilatzea, baina gaur egun hori ez da egiten. Gehiengoak pentsatzen duena egitea ez da demokrazia, 'gehiengokrazia' baizik eta hori ez zait interesatzen. Nik nahiago dut soziokraziaren sistema, erabakitzeko prozesu horizontal bat delako. Horrek cohousing-arekin badu zerikusirik, adibidez. Ardurak banatzen dira eta helburua da besteek proposatzen dutenaren aurka ez jartzea. Zu ez bazaude ados ez egin, baina utzi besteei egiten. Ez zaitez besteentzako traba izan. Hori demokraziaren gehiengoa baino interesgarriagoa da. Azken finean, zer da %51 alde izatea? Zer gertatzen da beste %49arekin?

Nirekin edo nire kontra jarrera ari da zabaltzen?
Ikaragarri eta nik gorroto dut dinamika hori. Fidelitatea ideiei zor diegu ez pertsonei.

Militantzian noiz eta nola hasi zinen?
Berriozarko auzo-lagunen elkartean eta parrokian. Katekesi taldeetan ibili nintzen oso gustura.

Argazkia: Dani Blanco

Fededuna zara?
Ez dakit naizen edo nintzen. Prozesu bat bizi izan dut eta batzuk esaten didate orain jarraitzen dudana ez dela kristautasuna, budismoa baizik. Nik ez dakit zer den. Ni naiz naizena, besterik ez. Etiketak jartzea arriskutsua da. Garrantzitsuena espiritualitatea da, barnekotasuna. Erlijioak tresnak baino ez dira. Espiritualitatera eramaten bagaituzte ongi, baina nik ez dut ezer jakin nahi zigorrekin eta bekatuekin. Eskolan ere barnekotasuna landu beharko litzateke. Elizak beretzat hartu du espiritualitatearen kontzeptua, baina pertsona guztiena da. Horren froga da berdin-berdinak diren ideia batzuk hainbat erlijiotan aurkitzen ditugula.

Gaur egun handitzen ari da Iruñean espiritualitatearen bila gabiltzanon multzoa. Horrek bai erakartzen nau. Zer egin gizarte hobea lortzeko, hori da helburua, eta horretarako oinarria ekonomia da. Horregatik nago justizia ekonomiko globala aldarrikatzen duen Attac taldean, esate baterako. Merezi duelako mundu justuago baten alde lan egitea.

Eta nola dago egoera gaur egun, oro har?
Gaizki. Oso garrantzitsua da gizarte eredua, baina ahaztu gabe hori erabat lotua dagoela pertsona ereduarekin. Maiatzaren 15eko mugimenduan, adibidez, mundua aldatu nahi izan genuen, baina gu aldatu gabe eta hori ezinezkoa da.
Ekologiaren aldetik munduak ezin du horrela jarraitu. Gero eta gehiago handitzea da kapitalismoaren legea, baina bide horretatik jarraitzea ezinezkoa da, munduak ez duelako gehiago ematen. Gure benetako betebeharrak zeintzuk diren argi eduki beharko genuke eta ez lotu hainbeste dirua irabazteari. Munduko beste puntara bidaiatzea betebeharra da, Bardeak, adibidez, ezagutu gabe?

Azken bolada honetan tranpa egiten ari dira Europatik datorren diruarekin. Adibide bat: auto elektrikoa nahi dute bultzatu, baina bultzatu behar duguna garraio publikoa da, kalitatezkoa eta merkea denontzat. Kontsumitzeko dinamika ustez berdean sartzen ari gara eta horrela ezin dugu etorkizunik izan. Etiketa berdea ikusita ez dugu ezer kritikatzen. Pandemiarekin ikasi dugun gauza bakarra da bolada batez etxean gelditzen, baina beste arazo handiago batzuk etorriko dira gero. Txarrena da ez dugula ikasi nahi eta hori gertatzen da espiritualitatea ez dugulako lantzen.

Egun ingurumenarena, emakumeena eta etorkinena dira arazo handienak. Hala ere, talde gehiegi daude gauzak egiten eta ez norabide berean. Mundua aldatu nahi dugun guztiok elkartu beharko genuke, gutxieneko oinarri batzuk adostuta.

"Udalak uzten dizu lursail bat 50 urtetarako eta denbora tarte hori igarota, itzultzen diozu orubea eta horren gainean eraikia dagoen guztia eta modu honetara udalak ez du ezer galtzen"

Pandemiaren kudeaketa zer iruditzen zaizu?
Argi ikusi da nahi duten tokira eramaten gaituztela. Komunikabide handiak ez dira batere kritikoak. Pandemiak erakutsi du zer dagoen, adibidez, zahar-etxetan. Zahar-etxea kaka-zaharra da eta nik ez dut inor ezagutzen han bizitzeko gogoa duenik, baina onartzen dute beste erremediorik ez dutelako. Horregatik etxebizitza kolaboratiboak oso garrantzitsuak dira.

Zergatik da hobea elkarrekin bizitzeko eredu hau?
Badakizulako sare bat duzula inguruan, zutaz kezkatzen diren pertsonak, zuri laguntzeko prest daudenak. Ez zara bakarrik sentitzen eta hori oso garrantzitsua da.

Bakardadea gizarte antolaketa honen ondorio bat da. Jendea bere etxean bakartzen ari gara eta bakardadeak hiltzen gaitu. Egoera hau dela eta, gero eta jende gehiago joaten gara mediku, apaiz edo psikologoarengana.

Zenbat proiektuk osatzen dute Koobizitza sarea?
Orain hamabost dira: Riojalar eta La Vereda Errioxan, Elkarbidean eta Abaraska Donostian, Txinalka eta Bizikoopon Gasteizen, Egunsentia Bilbon, Ametxe Gordexolan eta zazpi gehiago Nafarroan. Artieda herrian dagoen Arterra Bizimodu eta Ziordiako Amarauna eko-herriak dira martxan dauden ekimen bakarrak eta ez dira adineko jendearenak. Hori polita iruditzen zait. Garrantzitsua iruditzen zait ikustea ez dela proiektu bat gerorako, zaharrak garenentzako zerbait.

Hemen Iruñean bi proiektu daude eta bietan adineko pertsonei zuzendutakoak: Etxekonak Bat eta Etxekide. Oso garatuta daude maila ekonomikoan, sozialean eta arkitektonikoan, baina udalaren inplikazioa falta da.

Garatzen ari diren beste proiektuak dira Bizikabi Iruñean, gazte eta familientzat, Irizarra Irunberrin eta Cohousing Rivera Navarra Tuteran. Alabaina, fenomeno berria dela eta, legeak ez daude egokituta. Ez dakite gu non kokatu eta horregatik administrazioak hitz politak esaten dituen arren, aurrerapausoak oso eskasak dira.

Zer alde dago Lakabe bezalako herri komunitarioa eta ko-bizitza proiektu baten artean?
Cohousing-aren filosofia ez da komunarena. Gurean norberak badu aukera nahi duen neurrian autonomia izateko edo elkarrekin aritzeko hainbat alorretan eta jardueratan. Zure etxean zaude eta nahi duzuna jartzen duzu amankomunean. Gure ustez, bi ereduetako onena hartzen dugu: harremana eta elkar zaintza da guk sustatzen duguna. Horretarako eta elkarbizitza arazoak ekiditeko, pertsona bakoitza zer egiteko prest dagoen zehaztu behar da hasieratik eta, aldi berean, gutxieneko betebeharrak ezarri.

Gero hasieran jarritako muga horiek gainditu edo moldatu ahal izango dira, baina antolatu behar da gutxieneko bat. Bestalde, ezin gara talibanak izan. Donostian komunitate bat desagertu zen desadostasunak zituztelako garbigailuaren inguruan, batzuek amankomuneko bat nahi zutelako eta besteek bakoitzak berea.

Betebeharrak ere argi zehaztu behar dira. Horietaz ari garenean eguneroko gauza arruntez ari gara, egunero norbaitekin periodikoa irakurtzeaz, botikak ekartzeaz edo otorduak partekatzeaz, adibidez. Argi duzu zaintza lan espezializatuak profesionalek egin behar dituztela, eta guztiok horren beharra izan dezakegula edozein momentutan.

Tutoretzapeko apartamentua gauza bera da?
Kanpotik antzekoa irudi lezakeen arren, tutoretzapeko apartamentuak eta cohousing-a ez dira gauza bera. Lehenengoan dirua irabazi nahi duen enpresa batek hartzen ditu erabakiak eta aktibitate batzuk antolatzen dizkiete egoiliarrei. Guk, aldiz, gure komunitateetako autogestioa eta elkar laguntza aldarrikatzen ditugu. Orain oso modan dago, baina edozein gauza ez da cohousing.

"Etxebizitza kolaboratiboetan badakizu sare bat duzula inguruan, zutaz kezkatzen diren pertsonak, zuri laguntzeko prest daudenak. Ez zara bakarrik sentitzen eta hori oso garrantzitsua da"

Nola dago gaia Europan?
Danimarkan, Frantzian, Suedian… proiektu oso interesgarriak daude. Dena den toki horietako gizarteak eta gurea oso desberdinak dira. Europako iparraldean estatua arduratzen da menpekotasun guztiez. Elkarbizitzarako ereduak egokitu behar dira, ezin dira kopiatu besterik gabe.

Nola doaz Etxekonak eta Etxekide, Iruñean bultzatzen ari zareten kooperatibak?
Proiektu arkitektonikoak, ekonomikoak eta sozialak prest ditugu. Aurreko legealdiko udala desegin aurreko azken bileran, talde guztiek aho batez adostu zuten halako ekimenetarako lau solairuko etxe multzoak onartzea. Hala ere oso mantso doa, ez diotelako lehentasunik ematen. Asko luzatzen ari da. Gobernuan ere, batzuk oso aldekoak izan arren, ez da aurreratzen.

Formula zein da, udalak lurzorua zuei lagatzea?
Guk eskatzen dugu orube bat erabiltzeko eskubidea. Udalak uzten dizu lursail bat 50 urtetarako eta denbora tarte hori igarota, itzultzen diozu orubea eta horren gainean eraikia dagoen guztia eta modu honetara udalak ez du ezer galtzen.

Erabiltzaileak ez gara etxebizitzen jabeak izango. Jabea beti kooperatiba da eta erabiltzaileak pertsonak. Jendeari etxebizitza batean bizitzeko eskubidea bermatu nahi diogu, ez etxe bat izateko eskubidea. Etxe hauekin ezin da espekulatu eta ezin dira ondorengoei oinordetzan utzi. Hau ezinbestekoa da gure filosofiari eusteko.

Hori nahi dugu, baina pentsatzen ari gara agian azkarragoa izan daitekeela erostea, nekatuta eta nazkatuta gaudelako jada. Garestiagoa izango da eta batzuk kanpoan geldituko dira, baina agian irtenbide azkarrena izan daiteke.

Herri batera joatea pentsatu duzue?
Izan liteke, baina gure artean egindako inkestetan jendeak dio Iruñean bizi nahi duela, zerbitzu eta kultur eskaintza gehiago dagoelako.

Administrazioarentzat ere ona da halako elkarbizitza eredua, ezta?
Jakina. Askoz merkeago ateratzen zaio jendeak elkar zaintzea zahar-etxeak egitea baino. Zahar-etxe pribatuak ez dira soluziobide egokiak, haien asmoa dirua irabaztea delako, besterik ez. Eta hori aski garbi ikusi dugu pandemia garaian.

Zu zergatik zaude honetan?
Gure betebeharrak asetzen dituelako eta orain arte eraman dugun bizitza motarekin jarraitu nahi dugulako. Harremanek ematen dizute aberastasuna, eta gure ahalmenak amankomunean jarri ahal izatea altxor bat da. Orain cohousing-aren barruan mendi talde bat berreskuratu da, adibidez.

Harreman berriak sortu nahi ditugu eta auzo-lagunen aldeko hartu-eman ona berreskuratu. Gaur egun harreman horiek hautsita daude, batez ere hiriguneetan. Nire pisu ondoko auzolagun bat hil zen eta ez nuen jakin urte bat pasa arte. Lasaitasuna behar dugu, freskura hartzera kalera atera eta auzokideekin lasai egon.

 

                                                                                 *     *     *

 

GEROKO GERO
“Etxekonak taldean 50 eta 70 urte arteko pertsonak gaude. Orain Nafarroako Gobernuak eskatzen digu erdia gutxienez 65 urtetik gorakoa izatea, interes sozialeko proiektu izendatzeko. Baina ni ez nago ados. Zer da zaharra izatea? Jubilatua egotea? Europan 55 urterekin gizarte proiektu batzuetan zahartzat hartzen dituzte.  Orokorrean 60-65 urterekin oraindik gazte ikusten dugu geure burua, baina halako proiektuak adin horretan sustatu behar dira, ez 80 urte duzuenean eta jada indar eta ahalmenik ez duzunean. Elkarrekin bizitzeko proposamen hau ona bada, ona izanen da 40, 60 edo edozein adineko pertsonentzat”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zahartzaroa
Aukeratu gabeko bakardadea prebenitzeko proiektu bat martxan jarri du Nafarroako Gobernuak Sakanan

Sakanako pertsona zaharrei babesa emateko proiektu pilotua da Teknoadineko Landab. Bizilagunen parte hartzea “funtsezkoa” dela nabarmendu du Nafarroako Gobernuak.


Adinekoentzako Nafarroako lehen etxebizitza kolaboratiboa eraikiko dute Iruñeko Txantrean

25 etxebizitza eraikiko dituzte, eta baratzea eta zerbitzu komunak izango dituzte. Eraikina Etxekide kooperatibak eraikiko du, Nafarroako Gobernuaren babesa du, eta Iruñeko Udalak lursail bat utziko du proiektua eraikitzeko. 2026rako amaitzea aurreikusi dute eta... [+]


Haurrak eta adinekoak elkarrekin, Eguzkitza eskolak eta alboko zahar-etxeak praktikan jarri duten esperientzia

Auzoaren eta auzoko biziaren parte dira eskolak, eta horregatik, bata bestearen ondoan dauden Irungo Eguzkitza ikastetxea eta Amaxantalen zahar-etxea ohituta daude hainbat ekintza elkarrekin egitera. Gabonen atarian ere, postal pertsonalizatuak prestatuko dituzte, batera... [+]


Kaitin Allende Zaldunbide. Umoregilea
“Umorea ura edatea bezalakoa da: egunero hartu behar dugu, momentu batean bada ere”

Kaitin Allenderi (1972, Arrasate) bizitzak eman dio bakarrizketarako gaia, eta bakarrizketak bizitza. Berriki aurkeztu du Zahartzaro hiperaktiboa lana. Mitoak deseraiki eta tabuak eszenaratu nahi izan ditu, konplexurik gabe: “Ez dugu barre sano egingo, norberaz barre... [+]


"Ez dakit ariketa fisikoa egiten dugun zaintzeko edo espektatiba sozialak betetzeko"

Zahartzaroa eta osasunari lotutako jardunaldiak antolatu ditu Gareseko osasun etxeak; bertan izan da Mertxe.


Eguneraketa berriak daude