"Mendian korrika egiteak lehia sustatu duela esatea ez zait justua iruditzen"

  • Mendizaletasunak bizi dituen aldaketarik handienak batetik teknologiaren eta bestetik korrikalarien eskutik heldu direla aipatu ziguten maiatzeko Larrun aldizkarian elkarrizketatu genituen zenbait lagunek. Iker Karrera (Amezketa, 1974) eta Jone Urkizu (Azkoitia, 1979) mendi korrikalarien testigantzak jaso ditugu orain, kirol horren garapenaz eta mendiari lotutako filosofiaz besteak beste.


2021eko uztailaren 04an
Rialp, Carros de Foc, Hiru Handiak, Eiger, Lavaredo, Els Bastions... Ia hogei urtean lasterketa ugari irabazitakoa da Karrera. Halaber, debutari batek UTMBn sekula egin duen markarik onena berak lortu zuen 2011n: 20h45'30

“Amezketako baserri batean jaioa naiz, mendiz inguratua”, kontatu digu Karrerak. “Behiak goiko larreetara eramaten genituen; korrika joaten nintzen animaliak ongi ote zeuden ikustera, eta beherakoan berdin. Niretzat naturala izan da mendian korrika aritzea”. Iker Karrera. Bidea ipar elkarrizketa liburua (Unai Ugartemendia. Desnivel, 2020) aitzakia hartuta bildu gara berarekin. Zuzenean heldu diogu gaiari, eta lehen erantzunetik markatu digu bidea puntako konpetizioa albo batera utzia duen kirolariak.

Mendiari lotutako baloreak galtzen ari al dira? Korrikalariek lehia ekarri dutela dio zenbaitek...

Mendiak ez dauzka baloreak, espazio bat da. Baloreak pertsonok dauzkagu. Mendiari, mendizaletasunari, ematen dizkiogun baloreak, idealizatutako irudi erromantiko hori... gezur handia da. Mendian, pertsonak bertan dabiltzanetik lehia egon da, garai guztietan. Himalaiako konkistak estatu-gaiak ziren, banderak jartzen zituzten, gerra eremuak ziren nolabait. Alpeetan pareta batzuk eskalatu edo bide berriak irekitzeko ezkutuan aritzen ziren, xextran hasten ziren lehena nor sartuko... Ez zait justua iruditzen esatea mendian korrika egiteak lehia sustatu duela. Gizakia gizaki denetik, iritsi den leku guztietara lehia eraman du. Mendiak ezer badu balore naturalak dira. Gainerakoak guk errekonozitzen dizkiogu. Garaian garaiko kultura, behar, baliabide eta abarren arabera balore batzuek indar handiagoa hartuko dute, modan egongo dira. Eta kito.

Eta zure ustez, zein dira mendian korrika egitea “moda” bihurtu duten faktoreak?

Batetik, esango nuke Euskal Herrian dagoen kirolzaletasuna neurri batean lotuta dagoela bizi kalitate on batekin: denbora libre gehiago dugu, osasunari arreta handiagoa ematen diogu... Bestetik, mendia oso eskura daukagun bezala hiria ere gainean dugu, eta agian da handik ihes egiteko modua. Astuna da korrika asfaltoan egitea, errepide bazterrean edo poligono batean. Mendia atseginagoa da, estimulu positibo gehiago ematen dizkizu. Eta uste dut badugula kultura bat non ongi baloratua dagoen kirola egitea. Izango balitz estimu gutxikoa edo kulturalki gaizki ikusia dela, ziurrenik ez luke hainbeste jende erakarriko.

Mendi korrikalaria, mendizalea da ala gehiago atleta?

Zer da mendi korrikalaria izatea? Pertsona bati gustatu ahal zaio mendian korrika egitea. Beste gauza bat da pertsona hori mendiko lasterketetan lehiatzea, eta beste bat ogibide bihurtzea. Norbaitek mendian korrika egiten duelako mendi korrikalaria da? Ez dut uste. Pentsatu nahi dut, bere osasunerako, ez zaiola hori bakarrik egitea gustatuko. Gaixotasun bat dauka bestela; eguneko 24 orduetan mendian korrika aritzea besterik ez badu buruan... Ogibide bihurtzea ez da samurra. Oso kirolari gutxi bizi da hortik. Nik kontratua nuen Salomonekin, eta profesional batek eskaintzen dion denbora eta esfortzu bera eskaintzen nizkion, baina ez nintzen profesionala. Profesionala izatea da egiten duzun horrekin ekonomia bat sortzea, jarduera hori monetizatzea. Eta hor, txorakeria gutxi. Ukitu erromantikoa, “nik hau gustuko dudalako egiten dut”... Ez, ekonomia bat sortu behar duzu, beste edozein ofiziotan bezala.

Zuk sentitu al duzu ekonomia sortzearen presioa?

Ez, lanpostua mantendu nuelako [Tolomendi landa garapen elkarteko gerentea da]. Neukan denbora libre ia dena mendi lasterketei eskaini diet, beste gauza batzuk sakrifikatuz, baina nire helburua ez da sekula izan jarduera hori monetizatzea. Inork buruan baldin badu profesionala izatea, entrenatzen adina denbora pasa beharko du ordenagailuan, ekonomia bat sortzeko ez baita nahikoa korrika egitea. Sare sozialetan aritu behar zara, irudi edo marka bat sortu, babesleak erakarri...

Sare sozialak eta mendi lasterketak elkar helduta doazela esan ohi duzu.

Kirol honek testuinguru paregabea du, eta zenbait momentutan izan dezake ere kontakizun bat, ukitu epikoa. Hori horrela, lortu du marka batzuk erakartzea, zeintzuk internet baliatzen duten lasterketak promozionatu eta euren produktuak saltzeko. Sare sozialak tresna ona dira hau bezalako kirol minoritario batentzat, komunikabide masiboak ez direlako iristen, edo komunikabide masiboetara ez delako iristen. Eta hor korrikalariok paper bat jokatzen dugu, behar dugulako babeslearen produktua promozionatu. Ulertzekoa da, baina niretzat ez zenez ogibidea, ez nuenez ezer saltzeko beharrik izan, baizik eta gustuko dudalako ari nintzela korrika, desoreka sor daiteke, markek saldu egin behar dutelako. Egunero-egunero presentzia izateko edukiak sortu beharra, zerbait kontatu, argazkiak igo... deseroso sentiarazten ninduen.

Ekonomia bat sortzeak duen garrantzia aintzat hartuta, norantz egin dezakete mendi lasterketek?

Pentsatzekoa da garapen bat izango duela materialari edo prestakuntzari dagokionez. Jendeak distantzia zehatzetan espezializatzera joko du, ahalik eta emaitzarik onena lortzeko. Geroz eta korrikalari gehiago egon, are gehiago igoko da maila. Baina jende gehiago aritzeko dimentsio ekonomikoak handiagoa izan beharko luke. Gaur egungo pastelak ematen badu hamar lagunek hortik jateko, hamar lagun izango dira lehiatzen. Eta emango balu 50 pertsonak jateko, 50 egongo lirateke. Pastela handitzen ez den bitartean... Zentzu horretan, denak profesional bihurtzea izan behar al da helburua? Zalantzak ditut nik. Fondo gehiago beharko lirateke; momentu honetan zaila ikusten dut.

Pastela ez da handituko?

Zalantzak ditut. Gurean adibidez karrera asko antolatzen da, udalek-eta esku hartzen dute, diru publikoa sartzen da, baina denbora batera ez badira enpresak sartzen, jarduera horrek ez badu dirurik generatzen, diru publikoa beste nonbaitera joango da. Eta enpresak sartuko dira ekonomia bat sortzeko aukera baldin badago.

2011n, Chamonixeko alkateak adierazpen izugarri argigarriak egin zituen UTMB bezperan, munduko lasterketa nagusia eta korrikalariak geure lekuan jarri gintuztenak. Esan zuen UTMBren papera dela Mont Blanc inguruan 1.000 eta 3.000 metro artean dauden parajeei etekin ekonomikoa ateratzeko produktu turistiko bat sortzea. Gaur egun ia 10.000 korrikalari biltzen da UTMBn, produktu turistikoa sustatzeko pankarta edo letrero komertzial bihurtuta. Zegama-Aizkorri maratoiak ere herria, Goierri, mapan kokatu ditu. Helburua bera da: ditugun baliabideekin nola sor dezakegu ekonomia bat?

Lasterketek argi daukate euren izateko zioak zein behar duen?

Ezetz esango nuke. Askotan karrerak antolatu dira momentu batean egon delako pertsona edo talde bat esan duena: “Hemen ibilbide bat dago, zergatik ez zerbait egin?”, areagoko helbururik gabe. Batzuek eboluzionatu dute, euren espazioa topatu eta egutegian lekua egin. Agian dira 2. edo 3. mailakoak, baina liga horretan beren espazioa egin dute. Arazoak sortzen dira 3. mailako lasterketa batek Txapeldunen Ligan jokatu nahi duenean. Ibilbideek logika bat izan behar dute, agian historia bat, estetika bat.

 

Jone Urkizu

"Hemen, oso sasoiko sentitzen ez bada jendea ez da karreretan irteten; Frantzian desberdina da"

2006an egin zuen debuta Jone Urkizuk, Zegama-Aizkorri maratoian. Hamabost urte beraz, mendi lasterketetan hasi zela. Apuko Extrem, Els Bastions, Costa Blanca... garaipen politak lortua da azkoitiarra, podiumera igotzeaz gain Montsec (argazkian), Ehunmilak edota Hiru Handietan. Bere hitzak dira ondorengoak:

Argazki oina

“Mendian asko ibilitakoa naiz. Hiru Handiak-eta, oinez hasieran, baina sasoia hartzen nindoan heinean korrika txikian egiten nituen tarte batzuk. Eta handik lehen lasterketa egitera: Zegama-Aizkorri, 2006an. Asko sufritu nuen, konturatu nintzen mendian korrika egin nahi banuen horretan entrenatu beharra nuela. Entrenatzeko moduak nabarmen aldatu dira azken urteetan. Mendia, mendia eta mendia, lehen ez zegoen besterik.

Korrikalarien maila asko hobetu da urteotan. Garai batean parte hartzaileen artean mendian asko ibilitako jendea zegoen. Korrika egiteko nahikoa prestakuntzarik ez zuen ordea. Mendian bizi izandakoek –beroa, hotza, egarria...– egoera batzuk hobe kudeatzen lagun zaitzakete, baina ezinbestekoa da korrika modu egokian egitea. Kirol berria izanik badu alde ona: edonork har dezake parte lasterketetan, puntako korrikalariak helmugan sei ordu aterako dizkizun arren, nahiz eta, Euskal Herrian, jendea ez den karreretan irteten oso sasoiko sentitzen ez baldin bada. Frantzian bestelakoa da, batak lau orduan bukatuko du eta besteak zortzitan. Herrikoiagoak dira neurri batean.

Egitura edo baliabide aldetik bada zer findua. Saltsa handia dago: mendiko federazioak direla, atletismokoak, babesleek ere txapelketak antolatzen dituzte (Salomon-en ‘Golden trail series’ adibidez)... Ez baita kirol profesionala, horrek dakartzan ondorioekin. Atleta sentitzen ote naizen? Ez.

Kulum Sport da nire taldea. Tira, gehiago da lagun koadrila bat. Babesleak agian beherapenen bat egingo digu bere markako arropa erosi nahi dugunean, baina hortik harago ezer gutxi.

Nik ez daukat oso garbi jende gazte asko dabilenik mendian korrika, ez behintzat duela urte batzuk baino askoz gehiago. Egia da badituela erakargarri egiteko osagaiak, ingurune ederra eta lehia puntu hori, eta sare sozialen kontua ere badago. Mendian korrika egitea saltzen denean ez dakit zer balitz bezala, eta erronka batzuk lortzea arrakasta izugarria litzatekeela, jende bat erakartzen du. Ni ez naiz sare sozialetan asko ibiltzen. Beharrik ere ez dut inoiz sentitu; babeslea banu desberdina izango litzateke ziurrenik, haiek produktuak saldu nahi dituztelako”.

Emakume talderik ez

“Entrenatzen-eta neska talde gutxi ikusten da. Normalean mutilen taldeetara batzen gara astean zehar korrika egitera atera nahi badugu. Faltan sumatzen dut, neska taldeak baleude errazagoa litzatekeelako emakumezkoak erakartzea.
Erosoago sentituko ginateke.

Lasterketetan ikusgaitasun txikia dugu gainera. Gehienetan mutilak eta neskak denok batera irteten gara, eta 500 lagunen artean zaila da gu ikustea. Horrez gain, lehena heltzen den mutiletik lehenengo neskara tartea egoten da, karrera luzeetan agian hiru ordukoa, eta ematen du mutilak direla makina batzuk eta gu aldiz... Batzuetan pentsatzen dut ederki dagoela denok batera irtetea, baina beste batzuetan zalantza sortzen zait. Gogoan dut duela urte batzuk Bera inguruan antolatu zutela emakumeentzako lasterketa bat. Nahiz eta jende askok hartu zuen parte, ez zen berriro egin. Esaten dute emakumeek kirolik ez dutela egiten, baina antolatzen dituzu horrelakoak, edo Lilatoia, eta neska piloak ematen du izena. Amorrua ematen dit esatea emakumeok ez dugula konpetitzen. Barkatu, kirola egiten ari naiz. Zegama-Aizkorri lehenengoz egin nuenean Angela Mudge britainiarrak irabazi zuen, bost ordutik beherako marka eginda. Ba jende batek esan zuen gizonezkoa ematen zuela eta gisakoak. Kristorena egin eta gainera hura deskalifikatzen... Hasiera haiek ez ziren errazak izan.

Euskal Herrian erreferente handiak ditugu. Maite Maiorak du Zegama-Aizkorriko errekorra gaur egun [04:34:27]. Hark egin duena ez du beste inork lortu, ezta mutil batek ere. Profesional baten pareko palmaresa du. Oihana Azkorbebeitia, Uxue Fraile, Nerea Amilibia, Rosa Lasagabaster... Izen ezagunak dira, bai. Bi irakurketa izan ditzake horrek, ordea: oso mendi korrikalari onak atera direla, edo ez dagoela erreleborik. Azken 15 urtean antzekoak gabiltza”.

-----------------------------------------

Ehunmilak, Zegama-Azikorri...

“Beti iruditu izan zait Mon Blanceko ultra-trailaren arrastoa jarraitzeko nahia izan duela Ehunmilak-ek, alegia, distantzia bera izatearena. Hori Euskal Herrian oso zaila da”, dio Karrerak Bidea ipar liburuko pasarte batean. “Esango nuke lasterketa askoren arazoa dela, marka edo neurri zehatz bat bilatu nahi izatea eta, kasu honetan, ehunmilak markak agintzen du. Ibilbideak ez du logika handirik edo, beste modu batera esanda, uste dut ez duela beste lasterketa askok duten nortasun propiorik. Izateko duen justifikazio bakarra, ehun milak distantzia betetzea da”.

Aldiz, Jone Urkizuri lasterketarik gogokoena zein duen galdetu eta Ehunmilak aipatu digu lehendabizi: “Antzematen da mimo handiz antolatua dela. Korrikalariak zaintzen dituzte. Ez da enpresa batek sortua eta nabari da. Ez dut aditzera eman nahi horiek txarrak direnik. Baina lasterketa handiak, korrikalari mordoa biltzen duten horiek, inpertsonalak iruditzen zaizkit hein batean. Mont Blancekoa esaterako, badirudi Meka dela, eta bizitzan behin egin beharrekoa da, bai, baina nire ustez ez dago Ehunmilak-ekin alderatzerik. Zegama-Aizkorri ere asko aldatu da, oso mediatikoa da gaur egun. Lasterketa ederra da, mundu osoko korrikalariekin lehiatzen duzu, ikusle piloa biltzen du... Baina ni jada ez nau hainbeste erakartzen”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Mendiak
2024-04-25 | Sustatu
'Mendiurrena': Euskal Mendizale Federazioaren mendeurrena

Maiatzean beteko dira 100 urte Euskal Mendizale Federazioa (EMF) sortu zela, orduan ere oihartzun handia izan zuen eta Elgetan izan zen ekitaldi batean (1924ko maiatzaren 18an). Mendeurren hau ospatuko du EMFk logikoki, eta izen aproposa ere asmatu diote: Mendiurrena.


2024-03-03 | Jon Torner Zabala
Mendi Federazioak 100 urte
Mendiaren kulturari eusteko sokak, tenkaturik

Euskal Mendizale Federazioak 100 urte beteko ditu datorren maiatzaren 18an. 1924an sortua, mendeurrenak bide eman digu mendizaletasunak izan duen eboluzioaz eta aurrera begirako erronkez aritzeko. Sekula baino jende gehiago dabil geurean mendian, eta aldatzen ari da hura... [+]


2024-01-18 | Jon Torner Zabala
'Gailurretan izan gaitun' erakusketa, Mendi Federazioaren mendeurren-ekitaldien abiapuntua

Euskal Herriko Mendi Federazioa sortu zela 100 urte beteko dira maiatzaren 18an, eta urteurrenaren harira hainbat ekimen izango da datozen hilabeteetan. Gailurretan izan gaitun erakusketa ibiltaria da lehenbizikoa, Iruñeko Planetarioan ikusgai dagoena, zeinak biltzen... [+]


Oihana Azkorbebeitia. Arineketan aske
"Mendiari errespetua eduki behar zaio, eta hori galtzen dabil gaur egun"

2006an, mendi-lasterketen mundua artean berri-berria zela, “apur bat kasualitatez” hasi zen kirol horretan Oihana Azkorbebeitia, eta gaur egun ere arineketan segitzen du. Bide horretan, palmares ikusgarria bildu du, baina berak argi dauka zer ematen dion... [+]


Nazioarteko hamazazpi estreinaldi, Mendi Film jaialdian

57 film eskainiko dira, horietako bederatzi EAE mailako estreinaldiak. Edurne Pasaban omenduko dute aurten WOP Fundazioa sariarekin. 24.800 euro banatuko dituzte hamabi saritan, sail ofizialean lehiatuko diren lanen artean.

 


Eguneraketa berriak daude