Euskara denontzako eta eskuragarri

  • Hainbat giza taldek ate ugari itxita aurkitzen ditu bizitzan zehar, dela arrazagatik, emakume izateagatik, bazterketa egoeran egoteagatik edo etorri berria izateagatik. Hizkuntza bat jakiteak, kasu honetan euskara moduko hizkuntza gutxitu bat jakiteak, zein funtzio betetzen duen edo bete dezakeen galdetu dugu LARRUN honetan. Aipatu ditugun itxitako ate horiek denak irekitzeko balio ote du? Noemi Amaya Euskadiko Emakume Ijitoen Elkarteko kideak hala erantzun digu: "Ez dakit itxita dauzkagun ateak irekiko dizkigun euskarak, baina sikiera ez digu beste ate bat itxiko".

Irudia: Joseba Larratxe, Josevisky.
Irudia: Joseba Larratxe, Josevisky.

Eta kohesio sozialerako giltza izatea nahi badugu euskara, desabantailan dagoenari esaten badiogu euskara jakiteak hainbat ikasketa egiteko balioko diola eta lan mundurako bideak irekiko dizkiola, ikasketa prozesuak eskuragarri egon behar du. Gaur egun ez dago denon eskura, LARRRUn honetako protagonistek hala adierazi dute. Denek ez daukate D ereduan ikasteko aukera, unibertsitatera bideratuta ez dagoen formazioa ia erabat gaztelaniaz da, etorri berriek gaztelania doan ikasteko aukera dute eta euskara doan ikasteko aukera zorizkoa da. Beste kontu bat da nolako euskara ikasi behar den, ea gaur egun helduei irakasten zaien euskarak zuzentasuna izan behar duen helburu ala komunikazio- eta bizi-hizkuntza izango den.

 

Ikasten ari direnen ahotik

Paul Ianok, Luciana Alfarok eta Laura Penagosek migratu duenaren ikuspegitik hitz egin digute. Hirurek eman dituzte pausoak euskara ikasteko bidean eta argi dute euskaldunak izan nahi dutela.

Bidea ez da laua, ordea. Ikasten ari direnekin euskaldunok ditugun hainbat jarrera kritikatu dituzte. Besteak beste, euskaltegira bidean segituan jartzen ditugula diote, ia aukera bakartzat eskainita. Euskaltegiak berriz, edozeinen eskura ez daudela uste dute.

Paul Iano
“Euskara ikasi behar dudala esaten badidazu, espero dut irakasteko borondatea egongo dela”

Argazkia: Dos por dos.
Paul Iano Seattle-n (Washington, AEB) jaio zen duela 28 urte. Gaur egun Gasteizen bizi da eta bizikleta bidezko banaketa zerbitzua eskaintzen duen Eraman kooperatiba garatzen ari da buru-belarri. ARGIA aldizkaria kooperatiba honen bidez iristen zaie gasteiztarrei etxera. Euskaltegian ez dela, kalean euskara ikastea zein zaila den harrituta dago.

Euskaraz pixka bat moldatzen da, ez elkarrizketa bat mantentzeko adina. Guk gaztelaniaz egin dugu. Duela lau urte heldu zen Euskal Herrira, bazuen herriari buruzko informazio pixka bat eta bazekien euskara hitz egiten zela. Ez zuen zalantzarik egin, euskara ikasi nahi zuen: “Guatemalan gaztelania ikasi nuen, Suitzan italiera, eta hemen euskara ikasiko nuen, hain sinple”. Biziko den tokiko hizkuntza ikastea oinarrizkoa iruditzen zaio, komunitatean lekua egitea bezainbeste. Bere kasuan, borroka soziopolitikoa kooperatibaren bidez bideratu du.

Euskara ikasteko lehen ahalegina, ordea, zapuztu zitzaion eta harritu zuen euskaldunen jarrerak. Euskararekin lehen harremana Gasteizko Errekaleor auzo okupatuan izan zuen. Hara iritsi eta esan zioten euskara ikasi behar zuela eta berak baietz, “irakatsi iezadazue”. Trukea proposatu zuen, berak ingelesa irakatsiko zuen eta berari euskara irakatsiko zioten. 100 lagunetik gorako komunitatean bakarrak egin zion trukea.

Ez zuen ulertzen euskaldun haien jarrera: “Euskara ikasi behar dudala esaten badidazu, nik espero dut irakasteko borondatea egongo dela. Nire ardura zela zioten eta euskara ikasteko hainbat aukera aipatu zizkidaten. Auzoan ez zuten eguneroko lan moduan hartzen kanpotik etorritakoei bidea erraztea euskara ikasteko. Nahigabe, hizkuntza ikastearen ardura osoa norbanakoaren gain gelditzen da. Arraroa egin zitzaidan, zeren AEBetako baloreetako bat da indibidualismoa eta hortik ihes egin nuen nik".

Akademiak ez dira hizkuntzak ikasteko Ianoren estiloa. Ez ditu gaztelania eta italiera gramatika liburuetan ikasi. Kalean ikasi ditu, jendearen laguntzaz. Euskara kalean ikasteko zailtasunak dituela dio: “Hemen pazientzia handia behar duzue, zeren bestela gaztelaniara pasatzen zarete, baina hala egiten baduzue ezin dut ikasi!”. Ianok garagardo banarekin eseri eta euskaraz hitz egin nahi zuen, praktikatu. Ingurukoek esaten zioten ideia oso ona zela, baina “gero ez zen gauzatzen”. Barre artean kontatu du arrakasta handiena Barakaldon izan zuela, festa batean, bai estatubatuarra eta bai barakaldarrak euskara maila antzekoarekin, tirriki-tarraka, euskaraz. Euskara gehien etxean ikasi duela aitor du, bikotekidearekin. Txakurrak berriz, ez dio euskaraz hitz egiten, baina txakurrari euskaraz egiten dio, “berak du nirekin pazientziarik handiena”.

Euskaltegira joan beste erremediorik ez

Irailera begira, euskaltegira joango dela pentsatzen ari da. Ez dauka gogo berezirik, baina ez du beste aukerarik ikusten. Berari ez dio axola hobeto edo okerrago hitz egitea, baina gaizki hitz egitearen ondorioz parekoak hizkuntza ez aldatzea nahi du. Horixe da euskaltegira joatearen helburua: “Ez dut nahi tabernan gaudela euskaraz hasi eta bost minutura esatea, orain gaztelaniaz egingo dugu”.

Ikasketa akademikoak maite ez baditu ere, aitor du jende askori molde horrek balio diola hizkuntza ikasteko eta bizitzera Alemaniara joan den anaiaren adibidea jarri du. Bizileku-baimena lortzeko alemana ikasteko eskoletara joan behar du. Doan dira eta derrigorrezkoak. Modu horretako hizkuntza eskolak herritarren eskura jartzea egokia iruditzen zaio. Ikasketak doan eta eskura izateaz ari garela, hainbat eskola publikotan ingeles irakasle izan zen garaian gertatutakoaz gogoratu da: “Jakin nuen hemengo hizkuntzak doan ikasteko aukera nuela, dirulaguntzak zeuden. Euskara ikasteko dirulaguntza eskatu nuen eta erantzun zidaten laguntza gaztelania ikasteko baino ez zela”.

Bizirauten saiatu eta euskara ikasi?

Aditzera eman du euskarara hurbiltzeko baldintzak izan dituela: etorri baino lehen bazekien euskara bazela, Errekaleor moduko komunitate batean doan bizitzeko “pribilegioa” izan zuen, bikotekidea hemengoa… Edozein migratzaileren egoera oso bestelakoa dela uste du: “Astean ordu piloa lanean, gutxieneko soldata kobratzen, familia etxean dutela… Nola nahi duzu denbora hartzea ikasteko eta gainera ordaintzea? Ez da egingarria”. Uste du haiek ezin dutela egin berak euskara ikasteko egin duen ahalegin guztia: “Euskalduna izateko euskara jakin behar dela esaten da eta migratzaileek euskara ikas dezaten ahaleginik egiten ez badugu, zein mezu ari gara ematen? Bada, euskaldunak izateko eskubiderik ez daukatela. Beraz, izatekotan ere euskaldunduko dira norberaren ahalegin izugarriagatik. Filosofia horri AEBetako usaina hartzen diot”.

Ianok, besteak beste, Glovon eta Telepizzan egin du lan eta migratzaile asko ezagutu du. Haien bizi baldintzak ezagutzen ez baditugu, euskara zergatik ez duten ikasten ulertzea ezinezkoa dela dio. Baliabideak eskainiz gero, hau da, hizkuntza ikastea doan izanez gero eta lanean ari diren bitartean ikasteko aukera emanez gero, askok aurrera egingo luketela dio. Elkarrizketan, gurekin kafea hartzen ari den Arrasateko banaketako langilea sartu da: “Ez da haien lehentasuna, nahiko lan daukate oinarrizko gauzak bermatzen”. Eta Ianok hala erantzun dio: “Zuk esan duzu. Guk inposatu dizkiegun saltsa horiek guztiak konponduko bagenitu, hau da, erroldatzea, hemen bizitzeko paperak, lan duina eta abar, errazago emango lukete euskara ikasteko pausoa. Orain ez dira ari pentsatzen ea euskarak balio dien etorkizunerako, bizitza hobeagorako, lana aurkitzeko, kohesiorako…”.

Kooperatiban euskaraz

Eraman Gasteiz kooperatiban hamabost bat lagun ari dira lanean, asko dira kanpokoak eta gehienek euskaraz badakite. Ez da zori kontua. Ianoren ustez, kooperatiban bere filosofia duen jendea elkartu da, alegia, zauden lekuan inbertitu, eta inbertsio horretan hizkuntza ere barnebiltzen da. Kooperatibako kideek ez dituzte soberan baliabide ekonomikoak, ezta kooperatibak berak ere, duela urtebete abiatu eta hasierako aldapa gogorrari aurre egiten ari dira. Hala ere, euskara bere egin dute. Adibidez, langile australiarra euskara ikasten hasi da eta euskaltegiaren ordainketa bere gain hartu du kooperatibak.

 

Luciana Alfaro
“Pribilegioa ez da euskalduna izatea, baizik eta euskara ikastea”

Argazkia: Dani Blanco.
Luciana Alfaro Trujillon (Peru) jaio zen 1974an. Lana eta euskara ikasketak uztartzea oso zaila egin zaio eta euskaltegietako gorabeherak kontatu ditu. Euskara ikasteko beharra sentitu du Debagoiena bailaran lan bila hasi denean. Antzeko zerbait gertatu zaio herriko (Bergarako) talde feministan. Ikasteko motibazioa mugimendu feministaren eskutik heldu zaiola dio. Argazkian Lazkaoko Maizpide barnetegian ageri da, han ari baita ikasten.

Luciana Alfaro duela hamahiru urte etorri zen Euskal Herrira. Bikotekide euskaldunak ireki zion bidea eta Bergarara heldu zen. Harrera linguistikoa izan al zuen galdetu diogu eta bi hitz aipatu ditu: bikotekidea eta euskaltegia, “baldin eta horri esan badiezaiokegu harrera”.

Euskaltegien bidez euskara ikasteko izan dituen gorabeherak kontatu dizkigu. Bikotekideak esan zion euskara ikasi behar zuela eta onena euskaltegian izena ematea zuela. Halaxe egin zuen, Bergaran ikasturte osoa egin zuen. Aitor du etorri berritan dirua (Perutik ekarritako aurrezkiak) eta denbora zituela euskaltegira joateko. Baina hurrengo urtean ere euskaltegian hasi bazen, azkenean utzi egin behar izan zuen. Lana aurkitu zuen Donostian eta oso berandu iristen zen Bergarara. Alfarok argi dio ez zuela euskararen aldeko apustua egin, diruaren aldekoa baizik: “Hona etorri baino lehen independentea nintzen ekonomikoki eta hemen ere hala izan nahi nuen, ez nuen senarraren beharrik izan nahi bizitzeko. Perun nituen ahizpari eta amari ere lagundu nahi nien”. Gogoan du euskaltegiko lehen ikasturte hartan, ordaindutako matrikularen dirua itzuli ziotela, “baina euskara ikasteak ez zidan jaten ematen”.

Pena du hasieratik ez zuelako nahiko informazio izan euskaltegietako funtzionamenduaz, zein motatako ikastaroak egoten ziren, zein helburutarako. Adibidez, geroko batean jakin zuen bazirela ikastaro trinkoak. Han eta hemen lanean aritu eta gero langabezian gelditu zen eta orduan pentsatu zuen ikastaro trinkoa egiteko momentu egokia zela. Bergarako euskaltegian esan zioten gutxienez zortzi laguneko taldea batzea exijitzen ziela HABEk eta une hartan ez zegoela hainbeste lagun. Alfaro bera ibili zen Bergarako kaleetan kartelak jartzen jendea biltzeko. Zortzi laguneko taldea bildu zuen, baina euskaltegiak ez zuen aurrera egin, HABEk baiezkoa ez zuelakoan emango. Lanik gabe zegoela, denbora euskara ikasteko baliatu nahi eta ezin: “Zer gauza egin behar dituzun ikastaro trinko bat egiteko, neu ibili nintzen ikasle bila!”. Azkenean, Gasteizen hasi zen ikastaro trinkoa egiten. Egunero bost ordu. Astebetez baino ez zen joan. Lana atera zitzaion, sei hilabeteko baja baten ordezkapena. Ezin zion muzinik egin. Ikastaroa geroago egitea eskatu zuen, eta ez zioten horretarako aukerarik eman. 800 euro galdu zituen. Elkarrizketa Lazkaon egin diogu, Maizpide euskaltegi ezagunaren ataritik oso gertu. Langabezian dago eta diru horri eta daukan denborari esker barnetegian lau hilabete egingo ditu.

Euskara ikastea, pribilegioa

Euskaltegiaren bidez ikasterakoan nolako zailtasunak izan dituen azaldu digu Alfarok eta berak uste du beste jende askok, migratzaileek nagusiki, are zailtasun gehiago dituztela euskarara hurbiltzeko. Bere ustez, pribilegioa ez da euskalduna izatea, baizik eta euskara ikastea. Berak oztopoak izan baditu ere, beste batzuen aldean inguruan baliabideak eta erraztasunak izan dituela dio. Gainerakoan, denbora eta dirua behar direla dio, euskaltegira joateko inbertsio ekonomikoa egin behar dela, nahiz eta batzuetan ikasturtea bukatutakoan dirua itzuli: “Euskararako egin dezakezu inbertsioa, baina bizitzeko ere inbertitu beharra daukazu”. Euskal Herriko Emakume Migratuen eta Arrazializatuen sareko kidea da eta horko adibidea jarri du. Hamar bat laguneko taldean batek baino ez daki ondo euskaraz, D ereduan ikasi duelako, eta euskara ikasten ari den bakarra Alfaro da: “Hemen bizi nahi dute, gazteak dira, formazioa gaztelaniaz jasotzen ari dira eta euskara ikasteko bi gauza behar dituzte: denbora eta dirua. Bi baliabide horiek beti ez dauzkate eskura”.

Euskararen beharrik ez, ikasteko aukerarik ere ez

Garapenerako lankidetzan aritzen diren hainbat elkartetan egin du lan Alfarok. Horietako batek ezik beste guztiek egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan zuten. Erakunde pribatuak izanda ere, langileek euskara ikasteko bitartekoak izatea nahiko luke; administrazio publikoan langileek lantokian bertan euskara ikasteko aukera duten bezala edo lanordu batzuetan euskara ikastera joateko aukera ematen duten bezala. Dirulaguntza publikoak jasotzen dituzten entitateez ari dela azpimarratu du. Moral bikoitza sentitu du lana egin duen erakundeetan: langile berria kontratatu behar bada eta beharra badago, euskara eskatu langile horri, eta era berean, elkartean dauden eta euskara ez dakitenei aukerarik ez eskaini euskara ikasteko. Gertatu zaio frantsesa, portugesa, edo ingelesa ikasteko aukera ematea (uler bedi nazioartean lan asko egiten dutela erakundeok), baina ez euskara: “Agian nahikoa langile euskaldun dago erakunde horretan, baina denei aukera ez emateak esan nahi du lantokiaren errealitate linguistikoa kontuan ez hartzea”.

Beraz, orain arte ez diote lanerako euskararik eskatu. EAEko hiriburuetan aritu da lanean eta orain bere bailaran, Debagoienan, ari da lan bila. Hor bai, hor antzeman du euskara behar duela bai eremu publikoan baita eremu pribatuan ere lan egiteko. Horregatik joan da Lazkaoko Maizpide euskaltegira, B2 ateratzeko asmotan.

Lanerako behar duela badaki, baina beste eremu batean ere euskara ikasteko beharra sentitu du, herriko mugimendu feministan, hain zuzen. Euskara ikasteko baliabideak eskura izan behar direla azpimarratu du Alfarok, eta beti ez dela hala gertatzen erakutsi du. Alabaina, hizkuntza ikasteko akuilu moduan motibazioa ere aipatu du, edo beste modu batez esanda, esperientzia positiboak edukitzea aipatu du. Esperientzia horietako bat da mugimendu feministan izan duena: “Orain arte lanerako ez dut euskara behar izan, azaldu dudan moduan, baina Bergarako mugimendu feministan beharra sentitu dut. Ez naute behartzen euskaraz hitz egitera, baina sentitzen dut gogoa eta beharra euskaraz hitz egiteko eta ulertzeko. Motibazioa eragin dit”.

 

Laura Penagos
“Ikastea doan izango den egunaren zain egoteko asmorik ez dut”

Argazkia: Ainhoa Resano.
Laura Penagos Suescan jaio zen (Kolonbia) 1983an. Hamar urtetik gora daramatza Iruñean. Euskara ikasi du, elkarrizketa maila oso onean egiteko moduan moldatzen da. Hizkuntza ikastea ahalegin handia dela jakitun da, baina biktimismoa ez du atsegin. Nahiago luke euskara ikastea doan balitz, baina berak egoera hori heldu zain egoteko asmorik ez du izan. 'Atzerrian lurra garratz' antzezlaneko argazkia da goikoa.

Duela hamahiru urte heldu zen Euskal Herrira, Iruñera, Kolonbian hainbat urtez bikotekide euskaldunarekin bizi eta gero. Bi iturritatik zeukan euskararen berri hona heltzerako: batetik, bikotekideak euskaraz egiten zuen, eta bestetik, bere aitak pasiotar euskaldunekin ikasi zuen seminarioan eta oso oroitzapen onak ekartzen zizkion euskarak eta euskal kulturak.

Oso garbi zeukan, Euskal Herrira iritsi eta hizkuntza ikasten hasiko zen. Bere gogoak nabarmen talka egin zuen ingurukoen jarrerarekin. Kalean topo egin zuen emakume bati esan zion euskara ikasten hasi behar zuela eta hark berriz: “Baina hain goiz? Zertarako?”. Emakume hark zailtasunak baino ez zizkiola transmititu dio Penagosek, baina burugogorra denez euskaltegian izena eman zuela. Ez zuen esperientzia ona izan. Jendeak adierazi zionez hizkuntza oso zaila zela, oso urduri zegoen eta etorri berria izanda sentikor zegoela aitortzen du. Irakasle batekin izandako esperientzia txar baten ondorioz euskaltegia utzi zuen. Beste ezagun bati kontatu zionean ikasketak utzi zituela honela erantzun zion: “Banekien, euskara ikastea oso zaila da”. Bi adibide eman ditugu, zeinetan bi euskaldunek euskara ikasteko adoretu baino, bere ilusioak zapuztu zituzten. Penagosek ez daki zergatik dugun batzuetan euskaldunok halako jarrera: “Euskara neurriz kanpo baloratzen dute? Ikusarazi nahi didate hizkuntza oso zaila dela, nik ez dudala ikasiko eta beraiek badakitela?”.

Ez zaio erraza egin euskaltegia ordaintzea. Bost urte segidan daramatza ikasten. Pena ematen dio hizkuntza kalean ikasteko aukera gutxi edukitzeak eta derrigor euskaltegira edo hizkuntza eskolara jo beharrak. Ordaindu behar izatea ere arraroa egiten zaio. Uste du doan izan dadin bultza behar dugula denok, baina ikastea doan izango den egunaren zain egoteko asmorik ez du. Zilegi iruditzen zaio doan ez bada euskara ikasten ez hastea, baina berak ez du aukera hori egin, nahiz eta ahalegin ekonomiko handia eskatu dion euskaltegira joateak. Ahalegina egiteko prest dago, euskaraz bizi nahi duelako Iruñean. Badaki Nafarroako hiriburuan bizitzeko euskararen beharrik ez duela.

Euskaraz moldatzeak zein ate ireki dizkion galdetu diogu. Hizkuntzari esker Atzerrian lurra garratz egiteko aukera izan duela dio. Antzerki obra Artedramak eta Huts teatroak atondutakoa da eta otsailaz geroztik hainbat herritan antzeztu dute, euskaraz. Ander Lipus eta Penagos bera ditu antzezle. Hizkuntzak mundua begiratzeko eta pentsatzeko beste modu bat eskaini diola dio, “ez da gauza bera Iruñean euskaraz bizitzea ala gaztelaniaz”. Hizkuntza ikasten plazera sentitzen duela aitortu digu.

Aitak eten zuen sokari korapiloa egiten

Euskararen aldeko apustua egin du, lehentasuna du, zailtasunak zailtasun hizkuntza ikasteko. Bere jaioterrian desagerrarazi zituzten hizkuntzen gainean galdetutakoan aitaren historia kontatu du eta hor azaleratu da euskara ikasteak beretzat duen berebiziko garrantzia. Aita baserritarra, indigena, pobrea zuen, eta bere nortasunak lotsa ematen zion. Penagosek beti bere buruari egiten zizkion galderak: “Nor naiz ni? Ez naiz beltza, ez naiz zuria… “, eta aitaren nortasunaren ukazioa. Euskal Herrian bertako hizkuntza, sustraiak, nortasuna, bizirik ezagutu ditu eta begiak zabaldu dizkio: “Orain ulertu dut nor naizen eta oso mingarria izan da. Gure hizkuntza, gure nortasuna… desagerrarazi zituzten. Nire aita horren emaitza da. Aitak etendako soka nik lotuko dut Euskal Herrian. Euskal Herriak erakutsi dit nor naizen, nire arbasoekin lotu nau, ez nekien halako zama barruan neramanik. Horregatik maite dut herri hau”.

Ez du biktimismoa maite

Jarrera gogorra duela onartzen du. Berak esan du lehentasuna duela euskarak. Hala, beste batzuen diskurtsoak ez zaizkio gustatzen eta Euskal Herriko V. jardunaldi feministak aipatu ditu. Emakume arrazializatuek jardunaldietan esandako hainbat kontutan arrazoi zutela dio, baina ez dago ados minak mailakatzean: “Mina mina da. Herri bakoitzak berea sufritu du. Zilegi da esatea guk gehiago sufritu dugula zuek baino? Zer esan dezakegu besteen minaz? Hau ez da epaiketa bat”. Minak mailakatu eta biktimismoan erortzeko joera dagoela uste du: “Esango dute: ‘Emakumeak, migratzaileak, beltzak gara… ez daukagu dirurik’. Ados, badakigu sistema honek nola zapaltzen gaituen, baina norberaren ardura ere bada”. Euskarari dagokionez, Penagosek uste du sarri aitzakiak bilatzen direla hizkuntza ez ikasteko, eta hobe litzatekeela zintzotasunez aitortzea alferkeriagatik ez dugula ikasiko: “Izan ere, hemen bizitzeko ez da euskara behar, gaztelania hitz eginda bizi zaitezke. Garestia dela euskara ikastea? Zenbat balio du kubata batek? Tabakoak? Esaten didate oso jarrera zorrotza dudala gai honetan. Ni ez naiz aberatsa, ez dut pribilegiorik, ahaleginak egin behar ditut euskara ikasteko, eta ordaintzeko. Nahi duzu euskara ikastea ala ez duzu nahi?”.

 

Otxarkoaga: D eredurik gabeko auzoa

Otxarkoaga auzoko (Bilbo) haur eta gazteek ez dute D ereduan ikasten. Bi eskola publiko dituzte eskura eta biak A ereduan irakasten dute. Euskaraz dagoen gauza bakarra haur eskola da. Amugek (Euskadiko Emakume Ijitoen Elkartea) eta beste hainbat auzo elkartek lortu dute Hezkuntza Sailak baiezkoa ematea. 2021-2022 ikasturtean 3-4 urteko haurrak D ereduan hasi ahal izango dira. Bi eskoletan ia ikasle denak ijitoak eta migratzaileak dira. Amugeko kide Noemi Amayak adierazi digu eskola horiek ghettoak direla eta euskararik gabe ate asko itxi dizkietela gaur arte.

Noemi Amaya Amuge elkarteko kidea da. Ez da ausartu elkarrizketa euskaraz egitera, baina elkarrizketa arrunt bati eusteko arazorik ez dauka, nahiz eta azkenaldian hizkuntza herdoildu zaion. Salbuespena da Amaya. Euskaraz egin ditu ikasketak 18 urtera arte. Auzoan eskura dituzten bi eskoletan A eredua dagoenez, bera Txurdinagako eskola publikora joan zen. Aitonak nahi zuen haren seme-alabek euskara ikastea, ez zuen lortu, baina bilobak aitonaren esana bete du. Gaur egun, Txurdinagako eta Santutxuko ikastetxeetara joaten dira euskaldunen edo kontzientzia euskalduna duten gurasoen haurrak, “diruz ondoen dabiltzanak”, gehitu du Amayak. Ondoko auzoetan ikasteaz gain, bertan sozializatzen dira eskolaz kanpoko orduetan, eta beraz, esan daiteke euskarak ihes egiten duela Otxarkoagatik.

Auzoko bi eskoletan ijitoak eta migratzaileak dira nagusi, “paioak esku bateko behatzekin konta daitezke”. Ikastetxeak ez dira auzoaren ispilu. Segregazioaz gain, familiek zailtasun sozioekonomikoak dituzte, erreferenteak falta dituzte, itxaropen gutxi dute, eta arrazaren eta ijitoen kontrako egiturak jasan behar izaten dituzte. Horrek denak, are gehiago zailtzen du eskola horiek eskain dezaketen aukera berdintasuna.

Amugeko kideek uste dute D eredua abian jarrita, gaur egun ondoko auzoetara alde egiten duten familiak itzul daitezkeela auzoko bi eskoletara. Etorkizunera begira bermerik onena ematen duen aukera egin izana (D eredua aukeratu izana) logikotzat jotzen dute eta orain D eredua ezarriko denez, auzotar orok, etnia edo egoera sozioekonomikoa alde batera utzita, aukera eta eskubide berak izango dituela iritzi diote.

Noemi Amayarekin egon gara, Euskadiko Emakume Ijitoen Elkarteko kidearekin. Argazkia: Aritz Loiola.
Bestela ere, hesiak badituzte

Egunero eta sistematikoki jasaten ditu ijito komunitateak diskriminazioa, arrazismoa, aurreiritziak eta estereotipoak. Ikastetxean, kalean, osasun etxean eta erakundeetan pairatzen dute desparekotasuna. Amayak emakume ijitoen berezitasuna gehitu du: “Guk diskriminazio hirukoitza jasaten dugu etniagatik, generoagatik eta lan merkatura heltzeko zailtasun gehiago izateagatik. Hesi horiek gainditzeko egiten dugun edozer ahaleginek balio du aurrera egiteko. Horregatik diogu nahikoa hesi baditugula eta ezin dugula euskara alboratu”. Oztopoei aurre egiteko erremintetako bat litzateke euskara, batik bat hezkuntzan, lan merkatuan eta eremu sozialean aurrera egin ahal izateko.

D eredua abian jartzeak ijito komunitateari zein bide irekitzen dion galdetu diogu Amayari eta hainbat elementu aipatu ditu. Lehenik, eskola publikoan ari diren gainerako ikasleek dituzten aukera berak izatera gerturatuko lirateke Otxarkoagako haurrak. Bigarrenik, Euskal Herriko ijitoek haien nortasunaren zati moduan ulertzen dute euskaraz hitz egitea. Hirugarrenik, epe luzera ez dute zalantzarik euskarak lan merkaturako, formaziorako eta eguneroko harremanetarako balioko diela. Laugarrenik, azpimarratu nahi dute euskaraz eta gaztelaniaz komunikatu, pentsatu eta bizitzeko duten eskubidea gauzatzeko bitartekoa dela euskara ikastetxean ikastea. Bosgarrenik, umeek euskaraz ikastea eta hitz egitea gizarte honen parte izateko modu bat dela diote, sozializatzeko aukera bat.

Euskara ikasteko eskubidea kendu diete eta eskola publikoan ikasi ezin den bitartean hizkuntza horren ikaskuntza pribilegioa izango dela azpimarratu dute. Helduaroan ere pribilegio izaten segitzen du: “Garestia izateaz gain, asko zailtzen da ikasketa hizkuntza sekula gertu izan ez duen pertsonarentzat”.

Erakunde publikoek diskriminatuta

Hala sentitu dira urte luzez auzoan, abandonatuta, eta bereziki diskriminatuta. Urte askoan ez dute D eredurik izan eta belaunaldi osoak kondenatu dituztela aitortu dute, gaztelania hutsean eskolatu dituztelako. Amayak dio batzuek ardura haiengan jarri ohi dutela: “Ez dugula nahi esaten dute, baina ez da hala eta D eredua ezartzea erakundeen borondatearen pean dago. Aztertu beharko dute zergatik egin den halako diskriminazio historikoa”.  

Hemengo ijito komunitateak aspaldi galdu zuen bere hizkuntza, erromaniera, eta euskararekin nahasian hitz egiten zena ere bai; erromintxela. Euskara bezala, jazarria izan zen ijitoen hizkuntza ere. Amayari galdetu diogu ea nolako irakurketa egiten duen, euskara eta erromaniera gogoan dituela: “Gure arbasoei esker dakigu zer den hizkuntza galtzea erakundeek debekatu zutelako. Horregatik, nortasun kultural eta sozialerako erreminta gisa defendatzen dugu hizkuntza. Hala, erromanierarentzako eskatzen dugun gauza bera nahi dugu euskararentzat. Auzoan euskaltegiak nahi ditugu, baina baita erromaniera eskolak ere”.

 

Joseba Zalakain

“Errentari dagokionez, hizkuntzak baino zerikusi handiagoa izan dezake immigrazioaren kudeaketak”

Argazkia: Jon Urbe / Foku.

 

Joseba Zalakainek (Donostia, 1968) Berria egunkarian Pobreen hizkuntzak iritzi artikulua idatzi zuen 2020ko urrian eta sare sozialetan hautsak apurtxo bat harrotu ziren. Herritarren hizkuntzen eta errenten arteko harremanaz idatzi zuen. Erdalduna=pobrea eta euskalduna=aberatsa baieztapen arriskutsutik ihes egin eta bestelako gogoeta egin nahi izan du elkarrizketa honetan. Zalakain Donostian egoitza duen SIIS ikerketa zentroko zuzendaria da 2007tik. Pobreziari, bazterketari, mendekotasunari eta beste arlo ugariri buruzko ikerketak egin ditu.

Hizkuntzaren eta errentaren arteko harremana Euskal Herrian gutxi ikertutako gaia al da?

Ez dut bilaketa zehatzik egin, baina esango nuke Euskadin ez dela asko ikertu. Pobrezia eta gizarte bazterketa ikuspegi askotatik aztertu da, baina hizkuntzaren ikuspegitik ez. Gipuzkoako Foru Aldundirako egiten dugun ikerketa batean, Gipuzkoako Pobrezia eta Gizarte Bazterketari buruzko Inkestan, hain zuzen, pobrezia egoeren eta hizkuntza ezagupenaren arteko lotura egin genuen. Inpresioa neukan bazegoela ikertzeko gai bat, nahiz eta hemen soziolinguistikari buruzko kluster bat ere badagoen.

Eusko Jaurlaritzak lau urtean behin Pobreziaren eta Gizarte-Ezberdintasunen Inkesta egiten du eta ez du hizkuntzaz galdetzen. Harrituko nintzateke Nafarroak euskararen inguruan galdetzea, eta are gehiago Iparraldean hala egitea. Esango nuke sudurra sartzeko ahalegin bakarra gurea izan dela. Agian norbaitek esango dit oker nagoela, badirela ikerketak, eta onartuko dut hanka sartu badut.

Eta Euskal Herritik kanpora?

Nik ulertzen dut hizkuntza gutxituak hitz egiten diren komunitate eleanitzak aztertzea litzatekeela kontua. Katalunian zertxobait begiratu dut eta ez dut gauza handirik aurkitu, eta Katalunia izan daiteke gure anaia handia.

Pobreen hizkuntzak iritzi zutabea idatzi zenuen Berria-n. Zer azaldu zenuen?

Ia-ia intuizio batzuk bota nituen. Bi datu mota bota nituen. Bat, lehen aipatutako inkesta horrena. Gauza jakina da, agian hain begien bistakoa ez baitugu ikertu. Jendeak hitz egiten dituen hizkuntzak eta haiek bizi duten pobrezia eta bazterketa egoerak gurutzatu genituen. Datuetako bat ondokoa da: ama hizkuntza euskara dutenen artean pobrezia tasa %8koa da; gaztelera dutenen artean, %16koa, eta beste hizkuntza bat dutenen artean, %58koa. Garrantzitsuena izan daiteke ikustea harreman hori kausala den ala ez den. Nik uste dut beste zerbait dagoela bien arteko lotura horren atzean.

Eta bi: zenbat eta herri euskaldunagoa, orduan eta batez besteko errenta handiagoa.

Beraz, norbanakoa, herria edo lurraldea (banaka edo hirurak batera) hartu kontuan, nahiko argi ikusten da, zenbat eta erdaldun tasa handiagoa orduan eta pobrezia tasa handiagoa. Hori edozeinek ikusten du ezagutzen badu Ezkerraldea edo Oarsoaldea, Deba garaia edo Durangaldea.

Artikuluak polemika sortu zuen.

Ez ninduen harritu polemikoa izatea. Sakon aztertutako zerbait baino gehiago intuizio batzuen kontakizuna zen. Artikuluaren hariari jarraituta hiru hausnarketa egin nahiko nituzke.

Batetik, begien bistakoa dena: hemen egoera ekonomiko hoberena daukatenak bertakoak dira, gaur eta XX. mende osoan ere bai behintzat. Horri lotuta, bertakoek lotura zuzenagoa dute euskararekin. Agerikoa baino ez da. Pasaia, Tolosa, Lekeitio ezagutu eta horretaz jabetzea ebidentzia bat da. Beraz, bertakoak eta kanpokoak, eta bertakoei lotzen diegu euskara. Beti ez da horrela, jakina, abizen euskaldunak izanda ere jende askok ez du euskaraz egiten. Sare sozialetan egotzi zidaten esatea euskal hiztunak pribilegiatuak direla, baina ez dut halakorik esan. Herritarrak ez dira pobreagoak euskara ez dakitelako, pobreagoak dira jatorri jakin batekoak direlako.

Bigarren gogoeta horretaz egin nahi zenuen, alegia, hizkuntzaz baino jatorriaz hitz egin behar dela?

Errentari lotuta, agian, hizkuntzak ez dauka zerikusi handirik eta gehiago da immigrazioaren kudeaketa nola egiten den. Ez dut uste jendea hobeto dagoenik euskara dakielako, ezta gutxiagorik ere. Immigrazioa diogunean, bi aldiak hartu behar dira kontuan. XX. mendean espainiarrena izan zen eta orain hiru edo laugarren belaunaldiak dira. Argi dago ez dauzkatela aukera berdinak, batez bestekoa hartuta. Orain immigrazio berriak ditugu eta oso desberdinak dira, askotan gaztelaniaz ere ez dakite. Bi hizkuntzetara egin behar dira. Beraz, arazo zuzena ez da euskara, baizik eta immigrazioaren kudeaketa nolakoa den.

Eta hirugarrenik, diglosiaren diskurtsoa berritzeko beharra dagoela azpimarratu nahi zenuen.

Euskara ez dago orain dela 40 urteko egoeran eta diglosiaren diskurtsoak ordukoa izaten jarraitzen du gaur egun. Duela 40 urte administrazioan eta hezkuntzan gaztelaniaz egiten zen, kaleko eta baserritarren hizkuntza zen euskara. Boterearen edo goi mailako hizkuntza eta herritarren hizkuntza planoak jokatzen badituzu, gaur egun zein da kalean hitz egiten den hizkuntza eta zein administrazioan egiten dena? Administrazioa diot, nolabait boterearekin lotzen dudalako. Lurraldez lurralde ñabardurak oso handiak dira, baina nik ondoen Gipuzkoa ezagutzen dut. Ezin da esan duela hamarkada batzuetako egoerari buelta eman zaionik eta argi eta garbi boterearen hizkuntza euskara denik, baina Gipuzkoan horrantz joan garela argi dago.

Prestigioa irabazi duela, nahi baduzu, baina euskaraz bizitzeko zailtasunak agerikoak dira.

Plano asko daude eta egoera kontraesankorrean egon daitezke gainera. Erabilerari edo eskubideei dagokienez, badakit euskaraz bizi nahi duten askok ezin dutela euskaraz bizi, ezta Gipuzkoan ere. Hizkuntza eskubideak urratzen dira.
Beste plano batean dago hizkuntzaren prestigioa, sinbolikoa da nahi baduzu, baina oso garrantzitsua. Intuizioa baino ez da, baina zenbateraino jendeak euskara lotzen du administrazioarekin, boterearekin. Pixka bat zirikatzekotan esango nuke, Gipuzkoan, leku askotan, euskara dela boterearen hizkuntza.

 

Euskara, jatorria, klasea: Intersekzionalitatea ikasten ari gara

 

Amelia Barquín. Mondragon Unibertsitatean, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean Kultura arteko Hezkuntza irakasten du. Argazkia: Jon Urbe / Foku.

Azken urteotan, intersekzionalitatea zer den ikasten ari gara feminismoaren eskutik, eta beraz, baita pribilegioak zer diren ere: pertsonok talde jakin baten partaide izateagatik dauzkagun abantailak, beste batzuekin alderatuta. Askotan pribilegio horiek ez dira aukeratu edo bilatu; maiz talde jakin batean jaiotzeagatik izaten dira, ez dira “irabazi” edo lortu. Terminoa erabiltzen da ekitate sozialaren falta seinalatzeko.

Ikasten ari gara, baita ere, gure gizartean pribilegiatuen zerrenda egiten: gizonak, zuriak, paioak, klase ertaineko eta altukoak, autoktonoak, heterosexualak, ikasketadunak, elbarriak ez direnak, zaharrak ez direnak, erlijio hegemonikoan heziak,  hizkuntza hegemonikoan denboraren parte handi batean bizi ez direnak… Irakurlea ibiliko da orain –akaso– bere pribilegioen ondoan ixa bat zirriborratzen, eta gerta daiteke zerrendako puntu bat soilik markarik gabe uztea (azkena?), ala bi edo hiru agian eta ez gehiago…

Ikasten ari gara, halaber, opresioak gainjartzen direnean ez dela diskriminazio “bikoitza” edo “hirukoitza” gertatzen, diskriminazioak ez baitira “batzen”, eta gainjartze horren ondorioz pairatzen diren egoerak kualitatiboki desberdinak direla. Intersekzionalitateak arreta jartzen du horretan: nola hainbat diskriminaziok eragiten duten pertsona batengan aldi berean gertatzen direnean. Emakume etorkin eta pobre batek indarkeria matxista pairatzen badu, kasu, nekez ahal izango du komisaldegian salaketa bat jarri edo irtenbide instituzionalak eskuratu.

Kontziente egiten ari gara, bestalde, denok garela pribilegioen eta subalternitateen gurutzaketa: nekez izango da pertsona bat pribilegiatua edo subalternoa arlo guztietan (batzuk oso hurbil egon arren, mutur batean zein bestean). Eta aldi berean, arlo bakar batean konplexutasun handiagoa dago begi-kolpe batean hautematen dena baino. Intersekzionalitatearen ikuspegitik testuingurua da gako garrantzitsu bat, eta testuinguruak konplexuak direla badakigu.

Euskaraz bizi nahi dugunok (ez euskaldunok, erne) gure subalternitatearen kontzientzia badugu, eta hegemoniaren aurrean jarrera eta jokaera aldarrikatzaileak eta proaktiboak garatzen ditugu. Ondorioen artean dago hizkuntza ezagutzen dutenen kopurua igotzen joan dela eskolari esker, nahiz eta erabiltzaileen edo euskaraz bizi direnen kopurua ez den erritmo berean hazi.

Aldi berean, azken bi hamarkadetan gertatutako immigrazioaren fenomenoak bertako egoera linguistikoaren desoreka nabarmenago utzi du, eta baita aldez aurretik zeuden zailtasunak eta erronkak ere.

Hego Euskal Herriaz arituko naiz eta eremu euskaldun batean kokatuko naiz. Etorri diren pertsona heldu ugarik gaztelaniaz badakite (hainbat Hego Amerikatik etorri dira), eta beste batzuk gaztelania ikasten ari dira nagusiki, hizkuntza hegemonikoa delako. Euskaraz bizi nahi duenak, bere aldetik, subalternitatea sentitzen du tabernan edo supermerkatuan atenditzen duen langilea gaztelaniaz aritzen zaionean.

Eta aldi berean kanpotik etorri diren pertsona horiek sentitzen dira desabantailan hainbat eremutan gure gizartean: etxebizitza alokatzeko zailtasunak dituzte, prekarizazio handia, soldata baxuak, ordutegi luzeak… Agian taberna edo supermerkatu horretan bertan, langile moduan. Eta agian baita espazio horietan ere non herritar autoktonoek ez duten gaztelania erabiltzen, nahiz eta, jakina denez, denek gaztelaniaz dakiten. Euskara, espazio horietan, autoktono zuri eta sozialki hobeto kokatuen hizkuntzatzat jo dezakete, eta horren erabilera eragozpentzat haiek informazioa lortzeko eta are espazioetan parte hartzeko. Tabernako zerbitzaria, tabernan euskal hiztunari subalternitatea sentiarazi diona, subalterno sentituko da, adibidez, eskolako gurasoen elkartean, non bilerak euskaraz egiten diren. Bertan, minorizatuta sentitu daiteke bera.

Argazkia: Mikel Olabide.

Eskolak, bide batez, ekosistema interesgarriak dira intersekzionalitate linguistikoari dagokionez. Euskal Autonomia Erkidego diglosiko honetan, D eredua da eredu hedatuena, eta bertan familia euskaldunengandik ez datozen umeak dira hain zuzen desabantailan daudenak eta ez alderantziz, eskolako hizkuntzaren ezagutzarekin lotuta haien abiapuntua zein den kontuan harturik. D ereduan –D eredu publikoan– daude etorkinen seme-alaba gehien-gehienak eta baliabide gutxiko familien seme-alaba gehien-gehienak; eta familia erdaldunen seme-alabak dira nagusiki. (Noizbait estimatuko da ikastetxe horiek ere gizarteari eta euskarari egiten dioten ekarpen izugarria). Baina ikasle horientzat guztientzat, euskara ikastea ez da beste subalternitate batera eramango dituen bide bat, euskara sozialki minorizatuta egon arren, guztiz kontrakoa baizik: etorkizunean gizarte honetan aukera guztiak izateko modu bakarra da ume eta gazte horientzat. Guraso autoktono ez euskaldunek badakite hori, bizi diren gizartearen gakoak ezagutzen dituztelako; eta atzerritarrek?

Arnasguneen babesa zentrala da. Eta arnasguneak ez diren eremuetan euskara zaintzea ere bai. Eta elkarbizitza ere zentrala da. Gurutzaketa horretan, moduak bilatu eta aurkitu behar ditugu komunikazioa eta parte-hartzea bultzatzeko, norberaren eta besteen desabantailak eta abantailak oso kontuan hartuta. Informazioa partekatzea, elkarrizketa garatzea, baliabideak eta irtenbide berriak bilatzea… dira hurrengo urteotan urratu beharko ditugun bideak.

Langile atzerritar edota arrazializatuen seme-alabak euskaldunak izango dira, beste ume guztiak bezala, eskola delako euskaldunak egiteko makina nagusia. Baliteke, ondoren, haietako batzuek ere euskaraz bizi nahi izatea. Eta hori gertatuko da, hein handi batean, euskara zerbait propio moduan eskuratzen badute, eta ez autoktono zuri eta sozialki hobeto kokatutako familia batzuen seme-alaben ezaugarri baten gisa. Eta ikasketak bukatutakoan, atzerritarren seme-alabek ere euskal gizartean bizitza baldintza duinak aurkitzea lagungarria izango litzatekeelakoan nago.

Intersekzionalitatea ikasten ari gara, eta ez soilik modu teorikoan. Ez dago beste biderik.

 

Euskal Herriko Bilgune Feminista
Naia Torrealdai eta Saioa Iraola *

“Borroka feministan euskaraz ez dakitenengana heltzeko zubiak eta tresnak pentsatu behar ditugu”

Irudia: Shu Otero.

Euskal Herriko Bilgune Feministak, elkarrizketa honetan, euskaran eta kultur aniztasunean murgiltzeko joan-etorriko bideak urratu beharraz hitz egin du. Alde batetik, Euskal Herrian dauden beste hizkuntzekiko eta kulturekiko begirunea lantzea proposatzen du, eta bestetik, uste du euskarara heldu ez denak ulertu behar duela euskara auzi politikoa dela, hizkuntza gutxitu eta zapaldua.

Azken urteotan bereziki eztabaidagai izan da hizkuntzaren gaia mugimendu feministako hainbat girotan. Beti hala izan da ala orain zerbait aldatu da?

Feminismoak betidanik izan du zapalkuntzaren ertz guztiak barneratzeko premia eta ahalmena. Hala ere, hizkuntza minorizatuen kasuan kosta egin zaio eta lengoaia hegemonikoetara jotzeko joera gailendu da. Menderakuntza patriarkalaren, kapitalistaren eta inperialistaren beste ondorio bat izan arren, askok garrantzia kendu izan diote euskararen aldeko borrokari. Gure ustez, bai Mugimendu Feminista (MF) euskalduntzeko, bai feminismotik jendartearen euskalduntzea bultzatzeko akordio zabala eta indarberritua behar dugu. Halere, ezin uka genezake azken hamarkadetan Mugimendu Feministaren praktika euskaldundu dela, urteetan, pentsamendu feminista erdaraz sortu baita gure herrian. 80ko eta 90eko hamarkadetan, taldeetan zegoen euskaltzale feministen ahalmenaren araberakoa zen euskararen erabileraren garrantzia, egun, berriz, lortu dugu mugimenduaren intentzioa izatea. Halere, esan behar dugu MFren hizkuntza praktika eta paisaia ez dela izan beste mugimenduak baino erdaldunagoa, garaian garaiko eta tokian tokiko egoera soziolinguistikoaren isla izan da, besteak beste. Azken urteetan urratutako bidean, oso garrantzitsua izan da Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministetarako eginiko prozesua. Alegia, antolaketan parte hartutako talde feministek euskara kohesiorako hizkuntza gisa eta gure arteko aniztasuna zaintzeko eginiko akordio eta ahalegin kontzientea.

Jatorri askotako jendea biltzen duten foroak daude mugimendu feministan. Ahots kritikoak entzuten dira: euskara ez jakiteak gune horietatik kanpo uzten dituela.

Euskal Herriko mugimendu feminista askotariko feministek osatzen dugu. Gure errealitate demografiko, ekonomiko zein soziologikoak, besteak beste, aldatzen doazen moduan, gure mugimenduek gai izan behar dute malgutasunez eta eskuzabaltasunez ikasteko eta desikasteko, praktika politikoak errebisatzeko eta berregokitzeko.

Erronka berriak ditugu eskuartean, hala nola: elkarbizitza ona sustatzea kideen artean zein militantzia ereduak berrikustea –hiztunen arteko bizikidetza ona sustatzeko estrategiak, erritmoak, praktika politikoen ulerkera, pribilegio eta eskubideen lanketa, besteak beste–, agenda feminista bateratu bat sortzeko adostasunak jorratzea edota elkarren arteko adostasunak aintzat hartzeaz gain, desadostasunak ere jaso eta errekonozitzea.

Hizkuntzaren gaia, eta zehazki euskararena, gai gatazkatsua izan da, bai kolektibo bakoitzaren barnean, bai mugimenduan. Finean, gure herriak bizi duen asimilazio prozesuak, besteak beste castellanizazioak eta ikuspegi inperialistak, baina baita harrera estrategia bat ez edukitzeak herritar berriak jasotzeko ere, eragin dute euskaldunak ez diren herritarrek, emakumeek* barne, pentsamendu hori izatea.

Nola eutsi euskaraz egingo duen mugimenduari eta era berean aniztasuna mantentzeari eta erakartzeari?

Gutasunak sortzeko beste modu batzuk arakatzen gabiltza. Bazterrak leuntzeko ardura badugu MF bezala. Elkar ezagutzen eta aitortzen al gara Bilbon bizi den emakume feminista nigeriar bat, Lekarozko emakume feminista baserritarra, eta Tuteran zein Saran bizi diren/garenak? Iratxe Retolazak, Emagineko kideak, abenduan egin genituen Emakume* Abertzaleen Topaketa Feministetan esan zituen hitzak gogora ekarri eta bat egiten dugu: “Gutasunaren imajinarioak, praktikak zein diskurtsoak sortzean garrantzitsua da geure buruari une oro galdetzea zer beste sortzen dituzten imajinario horiek, eta sorturiko bestetasun horiek kontzienteki sorturikoak diren ala ez. Adibidez, azken aldiko diskurtso eta eztabaida askotan, dikotomia hau eraiki da, imajinario bat sortzen duena, baina errealitatearekin guztiz bat ez datorrena: euskaldun zuri vs migrante arrazializatu…”.

"Ez, euskara ikastea ez da pribilegio bezala ulertu behar. kolektibo batzuek pairatzen duten eskubideen urraketak bihurtzen al ditu beste kolektibo batzuen eskubideak pribilegio?"

Argi dugu euskaran eta kultur aniztasunean murgiltzeko, joan-etorriko bideak urratu behar ditugula. Batetik, ezinbestekoa dela Euskal Herrian dauden beste hizkuntza eta kulturekiko begirunea izatea, –horietako batzuek, gainera, hizkuntza ez hegemonikoak dituzte–, aberastasun gisa ulertzea eta etsaitzat ez jotzea. Horregatik, euskara balioetsi, irakatsi eta zabaltzearekin batera, “bestea” beste sentitu ordez, parte sentiarazteko, gure jarrera arrazistak, xenofoboak eta aurreiritziak errefusatzeko apustu kolektiboa egin behar dugu mugimendu feministan. Bestetik, euskarara iritsi ez den kideak jakin eta ulertu behar du –eta guk bidelagun izan nahi dugu eta gara zenbaitetan prozesu horietan–, euskara auzi politikoa dela eta mendeetako zapalkuntza jaso duen hizkuntza gutxitu eta zapaldua dela.

Horregatik, elkarrekiko begirunea, enpatia eta komunikazio bideak ezinbesteko izango dira elkarbizitza sortzeko ariketa honetan. Joan-etorri horietatik soilik eutsiko diogu elkarbizitza ona sustatzeko ariketa etengabeko eta kontziente honi, bai feminista gisa, bai herritar gisa, oro har. Bide honetan, entzuketa aktiboa gure praktika politikoaren oinarrietako bat izango da. Baina kontuan izan behar dugu mugimendu feministan, Euskal Herrian, badagoela Espainiar Estatuan kokatzen denik, eta beraz, hemen bizi ditugun herri zapalkuntza, nazioa, hizkuntza eta kultura aintzat hartuko ez duenik. Hortaz, hizkuntza gutxituen aldeko borroka beraien lehentasun eta agenda politikotik kanpo kokatzen duten emakume feministak ere bazeuden eta badaude gure herrian.

Bilgune Feministak ondokoa adierazi du: “Mugimenduak ardura du aniztasun linguistikoa aintzat hartu eta euskara erdigunera ekartzeko intentzioan tresnak jartzeko, baina instituzioek ere bai”. Zein ardura dute instituzioek?

Borroka feministan euskaraz ez dakitenengana heltzeko zubiak eta tresnak pentsatu behar ditugu. “Zubi-ariketa modura ulertu behar dugu gazteleraz, frantsesez edo beste hizkuntza batean aritzea, eta ez helburu, eta geure mundu-ikuskera eta pentsamendua euskaratik garatzeko eskubidea alde batera utzi gabe” (Retolaza, 2020).

Alor komunitarioan gauza asko egin ditzakegu: euskara klase autogestionatuak, mintzapraktika feministak, migratzaileen familietako haurrak etxeko lanekin laguntzeko sareak… Dena dela, garrantzitsua da ardurak banatzea. Jendartea euskalduntzeko ardura ez da soilik Mugimendu Feministarena. Izatekotan euskaltzale guztiona da, eta bereziki, erakunde publikoek bermatu beharko lukete. Beraz, bai udaletan bai autonomia erkidegoetan exijitzen diegu euskalduntzeko bitarteko publiko eta doakoak garatu ditzatela. Mugimendu Feminista jada ari da hori exijitzen, aldarri feminista bilakatu dugu, 2019ko grebako aldarrikapenetan, kasu. Erakundeek ordea, hizkuntza eskubideak bermatu beharrean, euskararen bazterketa eta egiturazko bereizkeria iraunarazten dute, euskal hiztunak bigarren mailako herritar gisara hartuta.

Izan ere, nork ardaztu lezake bere bizitza soilik euskaraz, kontuan hartuta, zerbitzu publikoak, enplegua, sozializazioa, komunikabideak, ikasketak eta abar? 2020ko azaroan, EAJk, PSEk eta VOXek doako baliabideak jartzearen kontra bozkatu zuten Gasteizko Legebiltzarrean. Gaur gaurkoz, kasurik onenean, enplegu jakin batzuetan sartzeko eskaintzen dira euskalduntzeko baliabideak EAEn, hau da, lan merkatuaren beharrei lotuta eta ez herritartasunerako sarbide eta eskubide moduan. Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko kasuan, euskararekiko diskriminazio politikak oso gogorrak dira, eta euskararen inposizioaren diskurtsoa desaktibatzea premiazkoa da.

Euskalduntzeko bitarteko publiko eta doakoak garatzea aldarri feminista bilakatu  dela diozue. Esaldi horri gehitu izan diozue ondokoa: “Euskalduntzea ez baita soilik ideologikoa, klase kontua ere bada”. Euskara ikastea pribilegioa da?

Ez, euskara ikastea ez da pribilegio bezala ulertu behar. Guretzako, pribilegioen eta eskubideen arteko desitxuraketa eman daiteke egiturazko zapalkuntzak gurutzatzen direnean: kolektibo batzuek pairatzen duten eskubideen urraketak bihurtzen al ditu beste kolektibo batzuen eskubideak pribilegio? Adibidez, paperik gabeko kide migratzaileek etxebizitza lortzeko aukerarik ez izateak bilakatzen al du etxebizitza izateak pribilegioa? Nahaspila antzua izan daiteke galdera.

Euskararen kasuan, hizkuntza politiketan arreta jartzea ezinbestekoa da. 80ko hamarkadan abiatu ziren eta urrats ugari egin baziren ere, hizkuntza politika baztertzaileak jarri ziren abian, gaur egunera arteko eragina izan dutenak: doakotasunik eza, euskalduntzea eta enpleguratzea lotu dituen ikuspegia, hezkuntza politika sendorik ez, eta abar. Iratxe Retolazak aztertu duen legez, 1990eko hamarkadan errotu ziren, eta XXI. mendera hedatu diren hizkuntza-ideologia eta hizkuntza-imajinario batzuk sortu dituzte: euskara pribilegioa dela, –ez dagoelako guztien eskura eta lan publiko batzuetan derrigorrezkoa delako–.

Egia da hizkuntza-politika horien ondorioz euskalduntzea ez dagoela guztien eskura, eta gainera, migraturiko pertsonen aukerak izugarri gutxitzen direla –Helduen Hezkuntza Iraunkorrean (HHI) euskaraz ikasteko aukerarik ez, eskoletan ez da migraturiko haur zein gazteentzako euskalduntze-plan bereziturik garatu, eta abar–. Hori salatu behar dugu, arduradunak izendatzea ere garrantzitsua da.

*Euskal Herriko Bilgune Feministaren gogoeta kolektiboak ditu oinarrian elkarrizketak.

 

 

Hizkuntza eta klasea

Petra Elser. Banaiz Bagara elkarteko kidea. Argazkia: Endika Portillo /Foku.

Gaur egungo egoera hobeto ulertzeko, lagungarria da apur bat atzera begiratzea, azken 50 urteko euskararen prozesuari begiratua ematea. Nahiz eta hemen oso laburtuta marraztu, bi gauza deigarri iruditu zitzaizkidan eta hausnarketa honen hasieran jarri nahi nituzke, hipotesi gisa.

Lehenengoa: euskara “objektu” bihurtu (“altxorra” vs. herri hizkuntza) eta izaera hori nahita mantentzen da. Gaur egun ere bai.

Bigarrena: hezkuntza sisteman, D ereduan, nahiz eta alderantziz dirudien, euskara ikasten da bigarren hizkuntza izateko, jakin behar den hizkuntza, baina ez gizartearen “bizi hizkuntza”.

Hori horrela izateko hainbat arrazoi daude.

Bat da talka politikoa. Euskara unibertsal bihurtzea, Frankismoaren bukaeraren ondoren, herri mugimenduaren aldarrikapenetakoa eta jardueraren parte zen, hainbat kolore politikotan. Hala ere, azkar argi geratu zen Euskal Herria-Euskadi-euskalduna izateak, nahiz eta teorian politikoki anitza izan, neurri handi batean ezker abertzalearen alde jokatuko zuela. Gehiegi markatuko zuen Hego Euskal Herriaren desberdintasuna eta Espainiarekiko muga “naturala”. Ezker abertzalea aldiz, talka horren barruan ere beldur zen gaztelaniazko hiztunak galtzeko eta ez du sortu, hizkuntzaren aldetik, benetako estrategia integratzailerik.

Beste arrazoia ekonomikoa da. Hego Euskal Herriko ekonomia Espainiako ekonomiarekin dago lotuta eta horregatik jendeak gaztelaniaz ikasi eta lan egin behar du. Gaztelaniazko produktuak kontsumitu eta Espainiako mundu ekonomikoarekin erraz komunikatu; horren parte izan behar dute enpresek eta langileek.

Bi arrazoi horiek baldintzatu dute nagusiki, nire ustez, zergatik gaur egun arte ez den sortu autoestimuz eta naturaltasunez estrategia zabal bat (sektore guztietan eta barneratzailea) jende mota ororentzat, euskara gizartearen hizkuntza izateko.

Nola gauden eta zeren kontra egin behar dugun arraun

Bost puntu nagusi identifikatu ditut, baina bost horiek beraien artean interdependenteak dira. Deskribatu nahi ditut banan-banan.

1: Euskal kultura “popular“ urbanoaren falta

Nahita erabiltzen dut “popularra“ hitza eta ez herrikoia, agian “hirikoia“ erabili ahalko genuke, baina nahi nuke ulertaraztea zer kulturaz ari naizen. Euskal kultura herrikoia badago eta “behetik“ antolatutako kultura parte-hartzailea euskaraz egiten da hainbat lekutan eta arrakasta dauka. Baina gero badago beste mota bateko kultura bat, jendeak asko kontsumitzen duena, eta ez dago euskaraz. Jendeak erdaratik hartzen du eta eragin handia du jendearen kultur kontsumoan eta eguneroko bizitzan. Hor gako batzuk badira. Lehenetako bat, telebista. Ez dago kate handien artean maila emango duen euskarazko telebistarik, edozein momentutan ikusi ahal duzuna eta hainbat jende motarentzat programa egokiak eskaintzen dituena. Oso mugatua da eskaintza eta oso mugatua da audientzia. Publizitatea ere hor dago, telebistan, baina baita kalean edo beste tokietan ere. Publizitateak eragin handia du gure subkontzientean, esloganak eta kantak sartzen dira gure buruan eta egunero bonbardatzen gaituzte gaztelaniaz hainbat lekutatik. Hor ditugu egunkariak, astekariak, kirola, eta kontsumitzen ditugun bestelako formatuak. Sare sozialek ere garrantzi handia dute eta interneten kontsumitzen diren produktuek ere bai. Ez da nahikoa, inondik ere, euskaraz egiten dena eta ekoizten dena.

2: Euskararen akademizazioa eta euskara “igoera sozial“ bezala

Hasteko, akademizazioaren arazoa da askotan euskara azterketa baten ondorio bezala neurtzen dela. Hizkuntza eskakizunetarako azterketa edo, horien beharrik gabe, euskaltegian maila batean sailkatzeko. Hizkuntzak askotan ez du mailarik behar, komunikazio tresna da eta mailarik gabe ere hizkuntza erabili ahal da. Hori ikusten da immigrazio handia hartzen duten herrialdeetan, adibidez Alemanian edo Erresuma Batuan. Horietan migratzaileek askotan ez dute hizkuntza guztiz menperatzen, baina ingeniari edo mediku izan, bertako hizkuntzan beren burua defendatzeko gai dira, nahiz eta gramatikalki guztiz zuzen ez aritu. Gainera, gaztelaniaz lan egiteko ez duzu azterketarik egin behar, hori euskararekin baino ez da gertatzen. Guztiz beharrezkoa ikusten dut beste formatu bat erabiltzea komunikazio gaitasuna neurtzeko eta ez hizkuntzaren zuzentasuna.

Igoera sozialari dagokionez, ez da mezu produktiboa, zeren ematen du euskara jakinda “kasta“ berezi baten parte zarela. Baina euskara herri hizkuntza edo bizi hizkuntza izateko, ez da beharrezkoa “kasta“ bat sortzea; edozein hizkuntza bezala, ondo edo gaizki erabilita, euskalkiak edo euskainola, komunikazio hizkuntza izatea da kontua. Horregatik, kaltegarria iruditzen zait zeharkako mezua: euskara jakin behar duzu sozialki gora egin nahi baduzu eta beste guztiek, jende “arruntak“, gaztelaniaz hitz egin ahal du eta hori da kaleko hizkuntza. Ez nuke mezu horren alde apusturik egingo.

"Ematen du euskara jakinda 'kasta' berezi baten parte zarela. baina euskara herri hizkuntza edo bizi hizkuntza izateko, ez da beharrezkoa ‘kasta’ bat sortzea”

3: "Behe" mailako ibilbide profesionalentzat euskara ez da ez eskatzen ez eskaintzen

Lanbide Heziketan, Prestakuntza Okupazionalean eta bestelako formazio profesionalekin edo zuzenean lan munduarekin lotutako ibilbide profesionaletan euskarak ia-ia ez du garrantzirik. (Ikus ARGIA, 2020ko urtarrilaren 15ean, “Lanbide Heziketan euskara sustatzeko planak motz“).

Soldatzaileentzat, ile-apaintzaileentzat, adinekoen zaintzan kualifikatuak ez diren lanpostuetan... langile arruntei ez zaie eskatzen euskara jakitea eta ez zaie eskaintzen sistematikoki bere lanbiderako balio diezaiokeen komunikaziorako euskara hori. Euskaratik baztertuta dagoen mundu bat da.

4: Etorkinak edo bertako erdaldunak

Etorkinak iristen direnean, lehenengo heldulekua Helduen Hezkuntza Iraunkorra (HHI) da, EPA bezala ezaguna, eta hor gaztelania nagusitzen da, gaztelania ikasten da eta euskara, asko jota, erakusten da bitxikeria bezala. Programa orokorrak falta dira, nahiz eta udal batzuek aukera ematen duten etorkinek dohainik euskaltegian ikasteko edo harrera programak dituzten. Baina harrera serioa, etorkinak euskarazko ibilbide batean sartzea, ez da existitzen eta horrekin lotutako perspektiba laboralik ere ez dago. Ez du merezi euskara ikasteak horrekin lana lortzen ez baduzu edo sozialki ez baduzu ezer lortzen. Eta horrek ez du esan nahi euskararen bidez “igoera“ lortuko duzula, baizik eta zure ogia irabazteko, lagunak izateko, “zerbait lortzeko“, balioko dizula. Ez zara goi mailako ez dakit zer izango, baizik eta gizartearen parte.

Hizkuntza ikasita ere, euskara dezepzio handia da askorentzat: euskaraz bizi den komunitatean ez zara sartzen zeren komunitate txikia da, gainera jendeak zurekin erdaraz egiten du. Lana ere ez duzu lortzen. Lanerako balio duela esaten da, baina ez daude benetako ibilbideak. Ibilbide horietan identifikatuko lirateke enpresak, zeinak euskara ikasi berri dutenak hartzen dituzten edo gutxi jakin arren laguntzeko prest diren. Norberaren arduran jarrita dago eta behin zerbait ikasita, hor konpon! Askoz errazagoa da lana erdaraz lortzea, zeren aukera gehiago daude. Horrek ez du esan nahi, ordea, enpresetan euskaldunik ez dagoenik, baizik eta hizkuntza ez dela enpresaren arduretan sartzen, norbanakoaren kontua dela. Enpresa batzuek aholkularitza zerbitzuak kontratatzen dituzte. “Kontratatze“ behar horrek edo Euskara Planen atzean dagoen burokraziak, hain zuzen, erakusten du salbuespen egoera.  

5: Estatua eta legeak

Esandako gauza askok dagoeneko legalki oztopoak dituzte. Estatuak berak (autonomia gobernua aipatu gabe) programak asko baldintzatzen ditu, bereziki lan mundukoak eta hezkuntzakoak. Hala ere, gauza asko posible dira trebe jokatuta, estrategia landu batekin, bide propioak sortuta. Eta aurrez aurreko talka ahal den neurrian saihestu behar da, zeren oso zaila da hor irabaztea. Argudio onekin eta herri estrategia barneratzaile bateratu batekin, saiatu ahal da pausoz pauso gauza batzuk aldatzen. Horren atzean, baina, borondate eta ikuspegi politikoa egon behar da.

Zein pauso eman genitzake?

Aipatutako sektore guztietan daude adibide positiboak, kalitate handiarekin asko lortu dutenak eta ondo atera diren proiektu pilotuak. Hori da arazoa: adibideak eta proiektu pilotuak dira. Gauza onak egiten dira, bai, baina kopuruak badu garrantzia: Prestakuntza Okupazionalean ehunetik bi euskaraz; praktikak euskaraz ehunetik bat; erroldatu berri diren etorkinen artean euskara ikasteko aukera ehunetik hainbeste, eta Euskaraldia urtean 365 egunetatik hamarretan.

Hor dago gakoa. Sektore horietan guztietan eta gehiagotan, proiektu pilotu fasea aspaldi bukatu da. Sistematizazioa da falta dena eta bereziki ikaskuntza eta lan munduko sektore ez akademikoetan. Sistematizazioaren falta bera da euskararen egoera horrela mantentzen duena, eta azken finean, eragiten du, euskararen alde lan egiten duten guztiak sorgin gurpil batean ixtea. Eskaintza bat denentzat, pertsona guztiei hizkuntzan barneratzeko aukera eskainiko diena. Agian, garai batean, hizkuntza eguneroko bizitzatik kanpo ikasteko egokia zen eta bere funtzioa bete zuen, baina hasieratik akatsak zituen eta jende bat kanpoan utzi zuen.

Akats nagusia euskara mailaren probak onartzea da –gaztelaniarekin ez da egiten–. Horrek ekartzen du derrigor zuzentasunaren irizpideak nagusitzea. Baina nork menperatzen du bere ama hizkuntza maila horretan? Irakasleak, idazkariak agian? Baina inoiz irakurri duzu ingeniari batek ekoizpen lerro bat nola deskribatzen duen bere ama hizkuntzan? Ile-apaintzaile batek perfektu ulertzen du bere bezeroak zein mozketa nahi duen, baina horri buruzko idazlan zuzena egingo luke bere ama hizkuntzan?

Hizkuntza estrategia herrikoiak ezin du hizkuntza irakatsi atzerri hizkuntza izango balitz bezala. Jende askok ikasi zuen modu akademikoan, baina beste asko kanpoan geratu ziren ikasmolde hori beraientzat ez zelako egokia, hizkuntza gero eta gehiago zuzentasunaren eta maila baten arabera neurtzen zen.

Estrategia zabal eta herrikoian, hizkuntzak jendearengana ailegatu behar du, eta ez alderantziz. Lehentasuna izan behar dute langileek eta lanbide ez akademikoek. Estrategia barneratzaile horretan jarri behar dira irakaskuntza mota modernoak, giza baliabideak eta dirua.

Lanbide Heziketak eta Prestakuntza Okupazionalak (langabetuentzakoa) euskaraz egon behar dute euskaraz dakiten pertsona guztientzat, eta printzipioz eskaintza orokorra izan behar du. Euskararekin zailtasunak dituztenei laguntza eskaini behar zaie, beti ere hizkuntza ikasketa ikasten ari diren gaiarekin zuzenean lotuta. Gaztelaniazko formazio zikloak egon behar dira euskara ez dakitenentzat, baina beti ere euskara ikasgai gisa integratuta, formazio gaiarekin lotuta.

Prestakuntza Okupazionaleko eta lan munduan txertatzeko (lan merkatuan sartzeko zailtasunak dituztenentzat) programei dagokienez, nazioartean bada “bikote bidezko” irakaskuntza. Hau da, hizkuntza eta ikasgaia lotzen ditu eta existitzen da immigrazioarekin esperientzia luzea duten herrialdeetan eta badago nondik jaso ereduak. Abiapuntua beti, hizkuntzaren balio komunikatiboa izan behar da eta ez hizkuntzaren zuzentasuna per se. Kasu guztietan, gauza bat izan behar da buruan: euskara da estandarra, ez salbuespena. Nahiko hiztun bagara eta gai gara aldaketa hau egiteko; orain, ez bost mila urte barru. Horretaz gain, ez dago batere arazorik langabetuei edo hainbat arrazoirengatik lan merkatuan sartzeko arazoak dituzten pertsonei programak gaztelaniaz eskaintzeko, baina inoiz ez gaztelania hutsean.

Formazio programa horiek, neurri handi batean, Europar Batasuneko erakundeek finantzatzen dituzte, baita Espainiako erakundeek ere, tartean Espainiako sindikatuek. Horiek Lanbideko formazio zikloetan ikasten den curriculumean zerikusia dute. Erabakiok erabaki politikoak dira eta politikak ez dira destinoak, demokrazian alda daitezke politikak.

Lan munduko formazio zikloei buruz esandakoak balio du etorkinei eskaintzen zaizkien programetarako ere. Inork ez luke HHI (EPA gaztelaniaz) batean gaztelania hutsa edo hutsean ikasi behar. Bide batez, inork euskara ikasteko ordaindu beharko ez lukeen bezala.

Bukatzeko, hizkuntza ez da herrikoia izango ekosistema orokorra hizkuntza horretan ez dagoen bitartean. Lehenago sistematizazioari buruz esandakoak balio du beste sektore askorentzat: formazio ziklo osoa euskaraz eskaintzeak ez du zentzurik, enpresetan ezin bada erabili. Hizkuntzaren erabilera bultzatzeko eta gaur egungo euskalgintzako erakunde eta esperientziak baliatuta, enpresa guztiei modu erraz, arrunt, iraunkor eta burokraziarik gabean eskaintzen bazaie laguntza, oso azkar osatuko litzateke sare bat. Estrategikoki zabaldu eta baliatu ahalko litzateke euskara gizartearen funtsezko sektoreetan bizi hizkuntza izateko.

Euskarak “objektua” izateari uztearen alde egin behar da lan, benetako eskaintza herrikoiaren alde, sistematikoki eta sektore guztietan. Hizkuntza gizartearen ahalduntzearen faktore bat izateko, non pertsona denak kontuan hartzen diren.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara
Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Milaka lagun batuko dira Nafarroaren Egunaren kari Baigorrin igandean

Egitarau aberatsa muntatu du beste behin Basaizea elkarteak: bertsolariak, dantzariak, gaiteroak, txarangak, herri bazkaria, merkatua eta kontzertuak. "Folklorismotik haratago", euskararen zilegitasuna aldarrikatuko dute Baigorritik apirilaren 28an.


Oskar Zapata (Topagunea)
"Euskarak aurrera egin dezan aliatu berriak behar ditugu"

Nafarroa Garaian euskararen aldeko jarrera gero eta handiagoa izan dadin ildo diskurtsibo berriak proposatu ditu Euskaltzaleon Topaguneak


Ez da zapalkuntza? Orduan, asimilazioa

Hezkidetzarekin lotutako proiektuak koordinatzeko lankideekiko bilera batean, mutiko batek ikaskide neska bati irain matxista bota diolako gertakaria kontatu zuen irakasle batek, zalantza sortu zitzaiolako egoki jokatu ote zuen, eta gure artean hausnarketa interesgarria sortu... [+]


Eguneraketa berriak daude