Agustin Ibarrolaren itsasadarra

  • Bilboko itsasadarreko paisaiak margotu zituen Agustin Ibarrolak (Basauri, 1930) joan den mendearen azkenetan, desindustrializazioa heldu aurretik. Museoak daude lehen ontziolak zeuden lekuan, ibai ertzeko paseoak dikeen lekuan. Bilboko itsasadarra ez da horren grisa azalean agian, baina paisaia ez da azalekoa soilik. Ibarrolak itsasadarrean girotutako koadroak ikus daitezke orain Itsasmuseumean jarritako erakusketan.

Argazkia: Peru Iparragirre
Argazkia: Peru Iparragirre

2021eko ekainaren 27an

Eguzkiak gupidagabe jotzen du gaur ere. Bilboko itsasadarraren bueltan apur bat bederen freskatzen duen haizeari bero itogarriak gaina har diezaion nahikoa da itzaletik ateratzea. Ezagutu ez dugunontzat zaila da irudikatzea nolakoa zen Euskalduna inguruko paisaia ontziolaren garaian. Zertan aldatu den itsasadarra hainbeste. Hondarrak baizik ez dira geratzen. Museo bat ontziolaren eta itsasadarren historia biltzen duena, ontziolaren izena daraman ekitaldi areto bat, garabi bat bakarra, noizbehinka berritzen duten pintura gorriz baltsamatua. Iragan ez hain urruneko ondare industriala oroitarazten duen monumentua baizik ez da Carola garabi gorria. Moilaren altuerara jaitsi eta koloretako traineruak uretatik atera berri, uretara sartzear,  jendea arraunerako prest, estropada eguna da antza. Kai lehorrean ontzi batzuk, espaloian aingurak eta kateak, apaingarri. Ontziolaren dikeak zeuden lekuan dago kokatuta Itsasmuseum delakoa, Bilboko Itsas Museoa.

Barruan inor gutxi dagoela dirudi, larunbat arratsaldea da eta eguraldi ederra dago. Sarrerako emakumeak azaltzen du bide bat jarraitu behar dela museoa bisitatzeko, lurreko markei segitzea besterik ez dela, musukoa une oro eraman behar dela, eskuak garbitzeko alkoholdun behar beste botila daudela eskura. Agustin Ibarrolaren erakusketa? Beheko solairuaren amaieran, ezkerretara.

Agustinen seme Irrintzi Ibarrolak egin ditu Laboral Kutxak lagunduta osatu duten erakusketaren komisario lanak. Tamaina handiko hamazazpi olio margolan, hogei marrazki inguru eta eskultura txiki bat, Ibarrolaren itsasadarra biltzen dutenak. Leku aproposa dirudi museoak erakusketa honentzat. Ontziolaren lurretan ontziolaren inguruaren eta garaiaren margolanak. Erakusketaren azpitituluak dioen moduan, “ura, sua, burdina eta airea” agertzen dira. Dagoeneko ez dagoen paisaia bat berreskuratzen dute lanok. Testu gutxi dago erakusketan, eta alferrik da lanen alboan datak, izenburuak eta antzekoak jartzen dituen afixatxoak bilatzea. Artistaren erabakiz omen daude datatu eta izendatu gabe lanok, “badakizu nolakoak diren artistak” diost sarrerako emakumeak. Izenburua, bi aipu, eta katalogo bateko zati bat, akaso marrazkien alboan Ibarrolak eskuz egindako oharren bat edo beste, besterik ez. Irudiekin aurrez aurre dago ikuslea, gaurkoa gisako egunetan bakar-barrik, eta eskertzen da sosegua eta freskura. Erakusketa soila da, mihiseetako askok egurrezko markorik ere ez daukate. Paisaia urrun bateko koloreek betetzen dute espazioa, txikiegia eta handiegia, ilunegia eta argiegia, koloretsua eta grisa, figuratiboa eta abstraktua, kontraesana da nagusi. Uraren, suaren, burdinaren eta airearen oihartzunak heltzen dira mihiseetatik. Antzekotasun bat kanpoko paisaiarekin, traineru gorria airean bezala ur urdinetan.

Argazkia: Peru Iparragirre

Kolorea eta geometria

Juan Ángel Vela del Campok erakusketaren katalogoan dioenez, Itsas Museoko erakusketa ez da soilik iraganeko memoria estetikoa berreskuratzeko ariketa bat. Ibarrolari bizitzea egokitu zaion garaiarekin konprometitutako sortzaile baten sustrai humanistak eta sozialak aldarrikatzen ditu. Nolabait, Ibarrolari ezagunak zaizkion lanen kronologian tarteko espazio bat betetzen dute lanok. Ez dira grabatu kolorgeak, edo Bilboko Arte Ederren Museoan dauden pieza figuratibo hutsak, grisak horiek ere. Ez dira, ezta ere, azken urteetan naturan egin dituen esku-hartze koloretsuak. Baina hor daude forma figuratiboak, geometria markatuz bilduak, eta baita koloreak ere. Itsasadarraren koloreak eta “lan munduaren koloreak” elkartzen dira. Honela dio Ibarrolak: “Lan munduak forma eta kolorea du, nire sentiberatasuna osatu duen mundua da. Lanak sortutako forma, egitura eta harremanen bidez egin dut nik estetikari buruzko hausnarketa nire bizitzan zehar”.

Tamaina handiko mihiseen artean hiru uharte moduko bereizten dira. Brontzezko eskultura txiki bat, silueta bakarra erakusten duena, mahai bat askotariko marrazkiz betea, eta gelaxka bat marrazki gehiagorekin. Marrazkiok, bozetoak, garrantzitsuak dira Ibarrolarentzat, gordetzen dutelako lehen inpresio bat, gordina. Horrelakoak dira ikerketarako materialok, lehen hurbilketa gordinak, baina artistaren obraren bilakaera azaltzen laguntzen dutenak.

Ibarrolaren ibilbide luzeari erreparatuta zaila da dena kontuan hartzea. Gazterik hasi zen, intuizioz, eskolara joan nahi ez eta horren ordez koadernoa marrazkiz betetzen, errekarri handi bat hartu, baserriraino eraman eta harekin eskultura bat eginez. Bilboko Arte eta Lanbide eskolan egin zituen lehen ikasketak, eta oraindik gaztetxoa zela egindako lehen erakusketaren ostean Madrilera joan zen, Daniel Vázquez Díaz margolariaren estudioan laguntzaile gisa ikastera, Bizkaiko Aldundiaren eta Bilboko Udalaren beka batekin. Hortik aurrera hasten da zabaltzen eta konplexutzen bere ibilbidea. Euskal Herrira itzuli eta Jorge Oteizarekin izan zuen harremana. Gero, Parisera erbesteratu eta bereziki Equipo 57 taldearen bueltan aritu zen 50eko hamarkadaren bigarren erdialdetik aurrera. XX. mende hasierako abangoardien korronteen teorietan sakondu zuen Equipo 57-k, batez ere konstruktibismoaren bidetik, eta hor aurkitu zuen Ibarrolak bere jardun artistikorako oinarri teoriko bat, norabide bat.

Paisaia jendeak ere egiten du, eta jende hori erakusteaz gain interpelatu egin nahi du Ibarrolak

Ibarrolak artelanaren funtzio sozialari buruz esandakoak zabaltzen du erakusketa:
“Artistak bere garaiko errealitatearekin duen elkarrizketa identifikatzen duen artelanak errealitate hori itzuli baino gehiago egiten du, ordenatzen laguntzen du. Errealitate horren ulerkera zabaltzen eta aberasten du eta harengan eragiteko gaitasun handiagoa ematen digu. Artelanak bizitza sozialean daukan eraginaren ondorioz inguruko gertaeren gaineko kontzientzia handiagoa hartzen dugu, sentiberatasuna eta pentsamendua landu eta printzipio moralak sendotzen ditugu”.

Arestiren Ibarrola
Ibarrola esan eta bi irudi datoz burura. Omako basoan (Kortezubi, Bizkaia) egindako esku-hartzea, Baso margotua, batetik. Bestetik, zuri-beltzeko grabatuak. Grabatu horietako batzuk erraz lotzen dira Gabriel Arestiren poesiarekin.

Margolaria baino hiru urte gazteagoa izanik, gazterik egin zuten topo Arestik eta Ibarrolak. Anjel Zelaietak poetaren biografian aipatzen duenez, bere anaia zaharragoaren eskutik heldu zen Gabriel La Concordia kafetegira, han elkartzen ziren idazleen eta artisten artera. Ibarrolaz gain Emiliano Serna, Blas de Otero, Vidal de Nicolás eta Gabi del Moral aipatzen ditu Zelaietak. Aresti ordurako "euskaldun kontzientziaduna" omen zen "erdaldun" horien artean.

Ibarrolaren eta Arestiren arteko harremanak fruituak eman zituen ordutik gutxira. 1965ean Lizardi saria irabazi zuen Arestik Euskal Harria liburuarekin. 1967an argitaratu zuen liburua, Kriseilu argitaletxe sortu berrian. Hasieran 120 poema zituen, baina erdiak zentsuratu zizkioten. Poemekin batera Ibarrolaren grabatuak zeramatzan liburuak, eta horietako batzuk ere zentsuratuak izan ziren. Gainera, liburua argitaratu aurretik berriz atxilotu zuten Ibarrola, Laminación de Bandas fabrikan greba egindako langileen aldeko manifestazio batean. Liburuaren hirugarren zatia, gaztelaniazkoa, Ibarrolari eskainia da, eta Arestiren lanetan behin eta berriz agertzen den izen propioetako bat da berea.

Argazkia: Peru Iparragirre

Paisaiaren gizatasuna
Zirraragarriak dira Ibarrolaren grabatuak eta pintura sozialekoak deritzenak. Industriaren bueltako errepresentazioak, lanak dakarren bizimodua erakusten eta salatzen dutenak. Zirraragarriak dira, halaber, naturan egin dituen askotariko esku hartzeak eta eskulturak.

Ikusgarritasun hori, ordea, obraz harago doa Ibarrolaren kasuan. Frankismoaren aurka publikoki egin zuen, eta hortik jasan zuen errepresioa ere. Espainiako trantsizio delakoaren ostean, batez ere 90eko hamarkadaren bueltatik aurrera, Ibarrolaren izena egunkarietako politikako orrietan ere agertu da. Basta Ya! eta Ermuko Foroaren sortzaileetakoa izan zen, eta ETAren eta oro har euskal abertzaletasunaren aurka egindako adierazpenen ondorioz jo puntuan egon zen.

Ibarrolaren obrei ere eraso egin diete behin baino gehiagotan. Ezagunak dira, esaterako, Omako basoan egin diren sabotajeak. Hemerotekan begiratuta, badaude bestelako erasoak ere. Deigarria da hauxe, berezitasunagatik: 1992an Gasteizko kaleetan jarritako hainbat eskultura hondatu zituzten. Santos Iñurrieta margolariak Ibarrolak egurrezko trabesekin egindako eskultura batzuk bota zituen lurrera, hiriko orduko kultura zinegotzia albotik igarotzen ari zen unean. Eskandalua eragin zuen gertakariak. Iñurrietak azaldu zuenez, Gasteizko hiriaren politika kulturalen aurka protestatzeko egin zuen ekintza. Hori baita obra publikoa, paisaiari eta bertako jendeari zabaltzen zaiona.

Paisaiak ez dira irudiak bakarrik. Paisaiak jendeak ere egiten ditu, eta jende hori erakusteaz gain interpelatu egin nahi zuen Ibarrolak. Transmititu nahi zuen uraren, suaren, burdinaren eta airearen artean zer senti daitekeen. Itsasadarreko paisaia aldatu da, baina gauza antzekoak senti daitezke oraindik. Metro batzuk aurrerago, Guggenheimeko garbitzaileak greban daude orain, haien forma eta koloreekin.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pintura
Van Goghen koinata eta fenomenoaren ama

Bussum (Herbehereak), 1891ko azaroaren 15a. Johanna Bongerrek (1862-1925) zera idatzi zuen bere egunerokoan: “Urte eta erdiz lurreko emakumerik zoriontsuena izan nintzen. Amets luze eta zoragarria izan zen, amestu litekeen ederrena. Eta ondoren sufrimendu izugarri hau... [+]


2023-09-17 | Julen Azpitarte
Beste munduko margolanak

Hilma af Klint (Solna, 1862 – Danderyd, 1944) artista suediarra pintura abstraktuaren sortzailetzat jotzen da egun, baina Vasili Kandinskiren aurretik, bere obra abstraktua ezkutuan izan zen 1980ko hamarkadaren erdira arte. Milaka margolan, testu eta koaderno sekretupean... [+]


Ekilore-zopa

Klimaren aldeko ekintzaile batzuek Van Goghen Ekiloreak koadroari zopa poto bat jaurtitzeaz, lehenbizi, zera esan behar da: munduko intentziorik onenarekin egindako ekintza izan dela. Bigarrenik berriz, aurrekoari erantsi behar zaio munduko intentziorik onenak ez duela askorik... [+]


Esnezaleak ezkutatzen duena

Johannes Vermeer margolariaren artelan ezaguna eskaneatu dutenean ezusteko elementu batzuk azaldu dira, egileak gero kendutakoak.


Eguneraketa berriak daude