"Lubaki bat induskatzean, gerraren izaera kriminala ikusten duzu zuzenean"

  • Arkeologoa eta EHUko Ondare Eraikiari buruzko Ikerketa Taldeko kidea, Josu Santamarinak (Gasteiz, 1993) 1936ko Gerrak gure paisaian utzitako aztarnak ikertzen ditu, materialtasuna, memoria eta ondarea aintzat hartuta. Ekainean, Markina-Xemeingo bigarren fronte-lerroan edo Burdin Hesi Txikian esku hartuko du Ahaztuen Oroimena elkartearekin; bunker horietan borrokatu zuten errepublikarren “azalean” jartzeko balioko du ekimenak.

Josu Santamarina Otaola arkeologoa da eta EHUko Ondare Eraikiari buruzko ikerketa Taldean dihardu (argazkia: Dos Por Dos)

Gerra zibileko “paisaiaren arkeologia” ikertzen ari zara zure doktore tesian. Zer esan nahi du hitz horrek?

Ikusmolde bat da. Paisaia palinpsesto modu bat da: pergamino zaharrak berrerabiltzeko aurrekoa ezabatzen zutenean, testu horren aztarnak geratzen ziren geruza desberdinetan. Paisaia ere horrelakoa da, eta arkeologian denboran zehar metatutako geruza materialak aztertzen dira. Oso ikusmolde holistikoa da, ez du bakarrik kontuan hartzen ezagutu nahi den iragana, espazioa ere bai. Kasu honetan gerra zibilaren izaera territoriala da ikertzen dena:  nola egituratzen ziren fronteak, hobi komunak non topatu diren, herriak nola militarizatu ziren…

Eta zer ondorio atera dezakegu 1936ko Gerraren kasuan?

Ikusten da berrerabili zirela espazio arkeologiko zaharragoak: badaude gerra posizioak Burdin Aroko herrixken gainean egin zirenak, gazteluetan, ermiten inguruan… Lurraldearen gaineko kontrola beti izan da botereak bilatu izan duen zerbait, eta gerra moderno, total eta industrializatuan ere dinamika horrek funtzionatu zuen. Bestetik, badakigu hobi komunak egin zituztela errepide ertzetan, izotz biltegi zaharretan edo zabortegietan. Alegia, zerbait ezkutuan gorde nahi baduzu toki periferikoetara zoaz.

Euskal Herrian zer daukagu arlo honetan, beste toki batzuekin alderatuta?

Exhumazioekin Aranzadi aitzindaria izan zen, hogei urtez daramagu horiekin lanean, berezia da eta harro egon gaitezke. Nik beste espazio batzuk lantzen ditut, fronteak eta gudu-zelaiak, baina baita errepresio zentroak ere, kartzelak edo bortxazko lanen espazioak kasu, azkeneko hau Nafarroan asko ikertu da.

Baina hemen ez zen gertatu Ebrokoa bezalako borrokaldi handirik, frontea nahiko azkar pasa zen, arrasto gutxi dugula esan nahi du?

Eskolako testu liburuetan askotan Bigarren Errepublika eta Gerra Zibila atal berdinean sartzen dituzte, baina ez du zentzurik, ematen baitu ondorio tragiko batek batzen zituela, historiografia sasi-frankista da ia-ia hori. Berez kontrakoa da, gerra zibila frankismoaren prozesu egituratzailea izan zen.

Data kanonikoak ezagunak dira, 1936 eta 1937 urteak. Baina gero eta historialari gehiagok diote gerraren fase zehatz bat izan zela. 1936ko uda zutabeena izan zen, gerra prekario bat, egoera iraultzailea zuena Gipuzkoan, eta akaso XIX. mendeko karlistaldien antza zuena ere bai, orduko espazioak birziklatuz. Gero lubakien gerra bat egon zen, Lehen Mundu Gerrakoaren antzera; eta azkenik, Bizkaiko kanpainan Biltzkrieg edo “tximista gerra” moduko bat egin zen Alemania eta Italiaren laguntzaz, Bigarren Mundu Gerraren entsegu bat. Zentzu performatiboan fase guztiak ditugu Euskal Herrian.

Baina arkeologian badago beste paradigma berri bat: gerra luzearena. Hau da, gerra ez zela amaitu ez 1937an ezta 1939an ere. Gainera, berez, juridikoki gerra zibila 1948an deuseztatu zen.

Orduan, “cautivo y desarmado” zioen bando famatua propaganda izan zen?

Horregatik aplikatzen zitzaizkien gerra kontseiluak etengabe zibilei. Orain gutxi arte historialariek ez dute arretarik jarri horretan, gerra zibila hamabi urte geroago amaitu zela eta orduan sartu ginela beste marko kontzeptual batean, Bandidaje eta terrorismoaren kontrako legea-rekin. Eskolako testu liburuetan askotan Bigarren Errepublika eta Gerra Zibila atal berdinean sartzen dituzte, baina ez du zentzurik, ematen baitu ondorio tragiko batek batzen zituela, historiografia sasi-frankista da ia-ia hori. Berez kontrakoa da, gerra zibila frankismoaren prozesu egituratzailea izan zen.

Oinarri materialetan nola antzematen da esaten ari naizena? Mugaren ideiaren bitartez. Gaur egun oso presente dago gainera: muga da zu eta bestearen arteko tartea markatzen duen lerroa; frontea azken batean. Frankistek irabazten dutenean, muga nazionalek jarraitzen dute militarizatuta egoten, eta adibidez Pirinioetako bunkerren P Lerro izugarriak erakusten du herrialdea etengabeko gerra batean zegoela; “nia” eta “bestea” bereizteko mekanismo material bat zen, ez soilik kanpoko etsaiarekiko, baita barne etsaiaz bereizteko ere.

Bilboko Burdin Hesian kenduta, orokorrean hormigoi gutxi erabili zuten, eta neurri batean lehia bat ere egongo zen: nora eramango dugu hormigoia, frontera edo Bilbora? (arg.: Dos Por Dos)

Horrek ere gerrako biktimak denboran gehiago eta ugariago izan zirela jabetzera garamatza ezta?

Hain gerra zibileko paisaia dira fosa eta lubakia zein kartzela eta kontzentrazio esparrua. Ikertu behar da barne etsaiarekiko zein muga mota sortzen diren materialki, hor sartzen dira errepresio zentroak adibidez. Zigor politikak gerra politikak ziren: susmagarriak lanaren eta zigorraren bidez integratu nahi zituzten Espainia Berrian; zeren eta gerra ez zen bonbardaketa eta suntsiketa bakarrik, baita berreraikitzea ere. Frankismoak erakunde bat sortu zuen Regiones Devastadas izenez ezaguna zena (Suntsitutako Erregioen eta Erreparazioen Zerbitzu Nazionala). Erakunde horrek, bortxazko lanarekin monumentuak eta antzekoak eraikiz edo kaleei izenak aldatuz, gerraren kontakizun bat fosilizatu zuen paisaian. Berreraikitze planetan Guardia Zibilaren kuartelak elementu zentrala ziren, eta Eibarren adibidez, eraikin berriak tronerak eta guzti zituen tiro egiteko. Gerra sotilagoa erakusten duen eszenario baterantz goaz.

Ekainean Markina-Xemeinen esku-hartuko duzue Ahaztuen Oroimena elkartearekin batera, errepublikarrek bertan eraikitako bigarren defentsa-lerroan, zein da egitasmo horren oinarria?

Iaz EHUko ikerketa taldekoak Ahaztuen Oroimena elkartearekin batera aritu ginen, memoriaren ibilbide bat osatzen laguntzen; zehazki Zapola eta Zapolazpiko bunkerren dokumentazio topografikoa egin genuen. Aurten Iturreta auzoan izango gara: Baldan hiru bunker daude, gailurrean begiratoki bat izan daitekeena, babesleku antiaereo txiki bat ere bai, lubaki zatiak…  Frontea nahiko estatikoa izan zen arren, aztarnak galduta xamar daude, baina zorionez Markina-Xemein eta Etxebarriko bigarren lerro honetan ondo mantendu dira.

Azken urteetan pinuen gaixotasunak eta baso soiltzeek kalte larriak eragin dituzte, ez bakarrik ekologikoki, baita ondare arkeologikoari ere; Baldan alderantziz gertatu da ordea, eta jatorrizko topografia azaleratu da pinu mozketarekin.

Lurraldearen gaineko kontrola beti izan da botereak bilatu duen zerbait, gerra modernoetan ere bai

Eta zer espero duzue aurkitzea bertan?

Bigarren lerro hori berezia da, nik “Burdin Hesi Txikia” deitzen diot: dozena baino gehiago bunker ditu eta hormigoizko egitura asko. Horietatik bi induskatuko ditugu. Ez dut asko espero materialtasunari begira, ze fronte hau oso modu katastrofikoan erori zen 1937ko apirilaren 25 eta 26 inguruan; ez zen ia borrokaldi zuzenik gertatu. Baina bunkerrak arkitektonikoki baliotsuak dira, lerro berean egonda ere tipologia ezberdinak dituztelako.

Fronte lerro hori nahiko ezezaguna zitzaigun, Bilboko Burdin Hesia eta beste batzuen aldean, zergatik?

Hobi komunak ere ez ziren ezagunak 2000ko hamarkada arte, eta Bilboko Burdin Hesiaz, ideiaz aparte, apenas genekien ezer zentzu material batean. Ondarroatik Aiaraldearaino iristen zen fronte estatikoarekin gauza bera gertatzen da, orain ari gara ezagutzen. Zentzu horretan, Ahaztuen Oroimenak egin duen lana izugarria da: testigantza pila bat jaso du eta neurri handi batean horri eta artxiboko lanari esker askoz gehiago dakigu orain. Baina egia da garaiko txostenetan bigarren lerroari ez zaiola halako garrantzi berezirik ematen, ez dauka izen zehatz bat.

Hainbeste bunker egiteko, zerbait izango zuen...

Errepublikarrek ikusten zuten hau zela zati ahulenetako bat, Urdaibaira sartu eta Bilbo gertu geratu zitekeelako, horregatik sendotu zuten. Fronte osoan bi tokitan soilik aurkitzen ditugu hainbeste egitura, Markinan eta Aiaraldean. Bilboko Burdin Hesian kenduta, orokorrean hormigoi gutxi erabili zuten, eta neurri batean lehia bat ere egongo zen: nora eramango dugu hormigoia, frontera edo Bilbora? George Steer kazetari britainiarrak “gerrikoaren mentalitatea” edukitzea leporatu zien abertzaleei eta agintari militarrei, konfiantza gehiegi jarri zutela burdin hesian.

Elkarte memorialisten ekimenei esker, azken urteetan gerra zibileko aztarnak “patrimonializatu” direla diozue, azalduko diguzu hori hobeto?

Elkarte horiek hainbat ondare musealizatu eta txukundu dituzte: beraiek izan ziren lehenak heltzen, gero etorri gara besteak. Arkeologoak saiatzen gara pedagogia egiten aztarnen tratamendu zientifikoa bermatu nahian, eta orain bi mundu horiek uztartzen dira. Alde batetik elkarteen auzolana, zentzu kolektibo eta konprometitu batekin, eta bestetik unibertsitatean edo beste elkarte zientifikotan gaudenok eskaintzen dugun metodologia. Gero, badago instituzioen arloa, Gogora institutua esaterako, aukerak eskaintzen dituena baina elkarteekin bere gorabeherak ere badituena… eta normala da hori, haiek iritsi dira azkenak eta oraindik ikasten ari dira.  

"Eztabaida dago ikur frankistekin zer egin, horiek ere garaileen diskurtsoa dira. Nire ustez horri aurre egiteko inportantea da galtzaileen esperientzia jasotzea" (argazkia: Dos Por Dos)

Dibulgazio eta kontzientziazio aldetik, zer eskaini dezakete Markina-Xemeingoa bezalako ekimenek?  

Nire ikuspegitik, garrantzitsuak dira diskurtso frankista hegemonikoaren kontra doazelako. Lubaki bat induskatzen duzunean, ez dago errebisionismorik edo negazionismorik, modako hitza erabili nahi bada: hor ikusten duzu gerraren krudeltasun eta izaera kriminala zuzenean; ez da Espainia triunfalaren garaipen martxarik ageri. Baldakoak galtzaileen posizioak dira eta haien azalean jartzeko aukera eskaintzen digute.

Memoria historikoan edo, orain memoria demokratikoa deitzen dioten horretan, didaktika eta pedagogia egiteko toki aproposak dira. Ikasleek gutxi bisitatzen dituzte. Nik Araban, San Pedro mendiko indusketetan esfortzu handia egin izan dut ikasleekin egoteko, baina irakaslearen iniziatibaren esku dago oraindik.

Gurutze frankistek erakusten ez duten beste ikuspegi bat, beraz.

Eztabaida dago ikur frankistekin zer egin, horiek ere garaileen diskurtsoa dira. Nire ustez horri aurre egiteko inportantea da galtzaileen esperientzia jasotzea. Baldakoa horren barruan sartuko nuke, nahiz eta hormigoi puska batzuk izan, arkeologiak ez du izaera monumentala bilatzen, jende arruntaren bizitza eta historia jakitea baizik.

San Pedro mendiko indusketak zuzentzen aritu izan zara azken urteetan eta emaitza ikusgarriak lortu dituzue.

San Pedro Urduña eta Amurrio artean dago –beste izen asko dauzka: Azkuren, Beratza…– kontserbazio maila oso altuko tokia da, praktika sozioekonomiko leunak eman direlako. Horri esker 4.000 pieza berreskuratu ditugu, EHUko ikasleekin eta kontzejuekin elkarlanean.

"Leku marjinal eta periferikoak balioan jarri behar ditugu; kapitalismoak ahaztuta utzi dituen espazioak dira, eta horregatik dute hainbeste historia"

Gerrako eguneroko baten orrialdeak arkeologikoki pasatzea bezala izan da?

Bai. Garaileen historia mitifikatu egin da –San Pedro gailurrean bertan badugu gurutze bat haien omenez eraikia, nahiz eta orain sinbologiarik ez izan–, eta horri kontrajarriz galtzaileen historia dago, baina hau ere ez da mitifikatzeko modukoa: botila asko aurkitu dugu, alkohol kontsumoa handia zela erakusten dutenak. Seguruenik beldurrari aurre egiteko edaten zuten, gizontasun eredu bat jarraitu behar baitzen, gerlariarena. Janari latak, kalibre askotako munizioa, eguneroko objektuak… Arkeologia anonimoen erreinua da, baina identifikazio txapa bat ere aurkitu dugu, gero Holokaustoa sufritu zuen euskaldun batena.

Eta paisaiaren eskalara eramanda ere irakurri daiteke historia hori. Adibidez, 50 metroko tunel bat egiten saiatu ziren, gailurra lur azpitik zeharkatzeko, baina ez zuten garaiz amaitu.

Zer gertatu zen?

Oso modu bortitzean eraso zuten, nahiz eta zentzugabea izan. Demostrazio bat izan zen, Bigarren Mundu Gerra miniaturan: leherketak, kraterrak… garezur zati batzuk ere topatu genituen, lehergailuekin desintegratutako pertsona batena. Bataila baten autopsia egitea bezala izan da. Esaten da gudari eta milizianoek ihes egin zutela, Agirre lehendakariak berak ere gutuna  idatzi omen zuen “ezin dugu San Pedro galdu” eta antzekoak esanez. Baina erraza da bulegotik hori esatea, garaiko teknologia militar aurreratuenak utzitako efektuak ikusi gabe.

Zer irakasgai atera daiteke orokorrean San Pedro, Balda eta halako tokietatik?

Leku marjinal eta periferikoak balioan jarri behar ditugula, horregatik dute hainbeste historia. Kapitalismoak lurraldea kudeatzeko moduarekin zerikusia du honek: arkeologoek normalean bilatzen ditugu honek ahaztuta utzi dituen espazioak. Ondare hori orain arte eremu pribatura mugatu da: zure amama etxeko sukaldean kontatzen zer gertatu zen... Baina 80 urte baino gehiago igaro direnean, bada ordua publiko bihurtzeko, ez zentzu instituzional batean, baizik modu kolektiboan.

 

MX-2 eta MX-3 memoriaren ibilbideak

Joan den urtean Markina-Xemeingo bigarren guda-lerroko memoria ibilbidea (MX-2) aurkeztu zuen Ahaztuen Oroimena elkarteak, Alpino Mendizale taldea eta udalarekin batera osatua, “SL” herri ibilbideen barruan. Orain, ekainaren 5ean, MX-3 ibilbidea aurkeztuko dute, Iturreta auzoan Baldakotxuntxurreko bunkerretan barrena doana. Aurkezpenean, ekainaren azken bi asteburuetan EHUko ikasleekin egingo dituzten indusketa arkeologikoen berri ere emango dute, eta horretarako Josu Santamarinak hitzaldia eskainiko du (goiko irudian, bunker batean lanean). Gainera, indusketen azken egunean bisita gidatua antolatu dute: “Lanak ezagutu, azalpenak entzun eta jakinmina asetzeko aukera izango dugu”, azaldu dute elkartetik.

1936ko urrian, gudari eta milizianoek lortu zuten Emilio Mola jeneralaren erasoaldia gelditu eta frontea Bizkaia eta Gipuzkoa artean egonkortzea. Baina Markina-Xemein eta inguruetako posizioak ahulak izaki, lerrokatutako bunkerrez osaturiko bigarren fronte bat eraiki zuten, Rikardo Bastida Lezea arkitektoak diseinatua. Lerro hori ez zuten erabili, faxistek  Oiz mendian frontea gainditzea lortu zutelako 1937ko apirilaren 26an, Gernika bonbardatu zuten egun berean. Ahaztuen Oroimenak bildutako testigantzei esker, azpiegitura horiek aurkitu eta balioan jartzen ari dira orain.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Arkeologia
Baskoien beste herrixka baten aztarnak aurkitu dituzte Nafarroan eta AHTren lanek suntsitu ditzaketela salatu dute

Muru Artederreta herrian, Murugain izeneko muinoan, Burdin Aroko herrixka baten horma agerian geratu da, AHTren lanentzako laginak hartzen ari zirela.  Bizilagunen hango elkarteak salatu du trenarentzako tunel baten ahoa eraikitzeak harresiaren zati bat suntsituko lukeela.


Neolitoko piragua sofistikatuak

1992. eta 2006. urteen artean, Erromako Bracciano lakuko uretan, Neolito goiztiarreko La Marmotta aztarnategia industu zuten. Berriki, Plos One aldizkarian han aurkitutako bost piraguen inguruko ikerlana argitaratu dute. Ontziak 7.000-7.500 urte inguru dituztela ondorioztatu... [+]


10.000 urteko harresia

Mecklenburgeko golkoan, Baltikoko uretan, ia kilometro bateko harrizko egitura bat identifikatu zuten arkeologoek 2021ean. Orain diziplinarteko ikerlari talde batek harresiari buruzko ikerketa argitaratu du PNAS aldizkarian.

Egiturak 10.000 urte inguru ditu eta gizakiak egina... [+]


Irulegiko eskua, zein nobedade dakartza ‘Antiquity’ aldizkariak?

Irulegiko Burdin Aroko herri gotortuan azaldutako brontzezko piezari buruzko ikerketa “osoena” azaltzen duen artikulua argitaratu du aditu talde batek nazioarteko aldizkari zientifikoan. Orain arte ez genekizkien hainbat berritasun dakartza.


Ahaztutako Erdi Aroaren bila Abrisketan

Urtarrila ez da sasoi goxoa izaten indusketa arkeologikoak egiteko baina, aurtengo eguraldi aldrebesa tarteko, lanak erritmo onean burutu dituzte EHUko Ondare eta Kultur Paisaien ikerketa taldeko eta Ondare Babesa enpresako langileek Abrisketa auzoko San Pedro ermitan,... [+]


Eguneraketa berriak daude