Auñamendietako euskalkien gainean mintzatu ziren martxoan Gasteizen Hitz adina mintzo zikloaren barruan. Behialako erronkarieraz solastatu zen Alberto Angos, eta zubereraren gainean, berriz, Argitxu Camus.
Bietan lehenik, erronkarieraz hitz egin zuen Alberto Angos (Barakaldo, 1973) ostalariak, hau da, ekialdeko nafarreraz edo Auñamendiko uskaraz, sasoi batean Nafarroako ipar-ekialdean –Aragoi, Biarno eta Zuberoa muga zituela–, behiala hitz egindako euskaraz. Angosek oroitarazi zuenez, Fidela Bernat Aracues uztarroztarra izan genuen erronkarieraren azken mintzaidea, eta galera ez aspaldiko horren berri eman zuen Angosek, esanez euskara XIX. mendearen bukaeran Erronkaribar osoan erabiltzen bazen ere, XX.aren hasieran agerikoak zirela hizkuntzaren atzentze eta galera. Iruñeko gotzaitegiaren 1904ko iturriak horren erakusgarri eta froga direla esan zuen, eta datuak eskaini.
Galeraren arrazoiez mintzaturik Angos, hainbat zio nahiz hipotesi azpimarratu zituen. Inondik ere, kokapen geografikoa izan zen galeraren arrazoietarik bat, ez bakarra, haatik. Angos Bernardo Estornes Lasaren usteari lotu zitzaion, zeinak Bigarren Karlistadari egotzi baitzion, partez, bederen, hizkelgiaren galtzea: “Estornes Lasaren arabera, erronkariarren artean liberalak ziren gehientsu, eta karlistak agertu zirenean, bertako askok emigratu behar izan zuten, dela Frantziara edo Amerikara. Karlistadak bukaturik, berriz, 1876an foruak indargabetu eta mugen babesa areagotu zuten karabinari eta jendarmeek”. Hauek, bistan dena, ibarretik lekorekoak ziren eta horrek, nahitaez, euskararen eta gazteleraren arteko gatazka sortu zuen, Angosek adierazi zuenez: “Hala ere, Izabako Antonia Anaut Gardek eta Uztarrozeko Leon Cebrianek ziotenez, euskararen galera herriko familia aberatsek eragin zuten, gutxiesten baitzuten. Ubaldo Hualde izabarraren ustez, aldiz, Espainiako Estatuaren zentralismoa izan zen Erronkariko euskararen galeraren eragile nagusia, gazteleraren erabilera inposatu baitzuen eskoletan, eta irakasleek neska-mutilak zigortzen baitzituzten, ikasgelan zein handik kanpo, euskaraz mintzatzen baziren”. Azkenaz beste, erronkariarren ogibideek ere hein bateko eragina izan zuten euskararen erabileran, edota galeran: artzainen transhumantzia –lanak bertakoak erdal herrietara eramaten baitzituen–, zurgintza –ibarretik lekoreko langileak erakarri zituenez–, eta Mauleko espartingintza –ibarreko emakumeak haraxe eraman zituen heinean–, aipatu zituen Angosek.
Horiek esanda, euskalkiaren nolakoa agertzeari lotu zitzaion Angos, esanez Bonaparte printzeak hasmentan erronkariera zubereraren azpieuskalki gisa sailkatu zuela, “baina 1872an, Études sur les trois dialectes basques des Vallées d´Aezcoa, de Salazar et de Roncal (Aezkoako, Zaraitzuko eta Erronkariko hiru euskalkiei buruzko ikerlana) liburuan, euskararen bederatzigarren euskalkiaz ari zen, eta Arturo Campioni 1880ko urriaren 12an igorri zion eskutitzean erronkariera euskalki independentea zela jakinarazi zion”. Bonapartek, erronkariera bat, hiru azpieuskalki –Bidankoze, Urzainki eta Uztarrozekoak– eta zazpi aldaera bereizi zituen, Bidankozeko azpieuskalkia nagusitzat hartuz. Alabaina, puntu horretan entzuleak oharrarazi nahi izan zituen Angosek, Bonapartek Erronkarin izan zituen bi laguntzaileak Bidankozekoak izan zirela azpimarratuz: “Pedro Prudencio Hualde Mayo apeza eta Mariano Saturnino Mendigatxa Ornat laboraria”.
Printzea ez zen izan erronkarieraren aztertzera jo zuen bakarra, eta Angosek euskalkia aztertu duten beste hainbat adituren berri zuzen bezain zehatzak eman zituen: Azkue; Rudolf Trebischt; Juan Jose Beloki, Jesus Elosegi, Pilar Sansinenea Elosegi eta Luis Mitxelena; Kandido Izagirre; Martzelino Garde; Juan San Martin; Estornes Lasa anaiak; Koldo Artola... Denak aipaturik ere, on da geldialdia egitea Artolarenean, azken erronkariera hondarrak ezagutu eta grabatu baitzituen.
Angosek jakinarazi zuenez, Koldo Artolak “Izabako Antonia Anaut eta Uztarrozeko Doroteo de Miguel eta Josefa Karrika ezagutu zituen. Kontatu nahi zioten guztia grabatu zien magnetofoian: kantak, pasadizoak zein ume-jolasak… Antonia Anaut ebakiera garbiko emakumea zen, Doroteo de Miguelek, aldiz, desitxuratua zuen euskara, hainbat urtetan euskaraz inorekin hitz egin gabe egona baitzen. Josefa Karrikari dagokionez, adinekoa izanik, eta hitz gutxikoa, Artolak nekez zehaztu ahal izan zuen zenbateraino zekien hark uskaraz”. Eta, honenbestez, erronkarieraren azken hiztun Fidela Bernat Arascuesen albiste eman zuen Alberto Angosek: “Koldo Artolak 1975ean ezagutu zuen, Iruñean. Hamar urte lehenago Nafarroako hiriburura joana zen bizitzera bere familiarekin. Fidela balio handiko berriemailea izan zuen Artolak, euskarari eta ibarreko bizitzari buruzko informazio ugari eta interesgarria eskaini baitzion. Artolak 1975ean eta 1978an grabatu zuen Fidela, eta haren euskara, bere lehengusu Doroteorena bezala, desitxuraturik zegoen ordurako”. Erronkarieraren fina izan zen, beraz.
Mintzaldiari puntu ezarriz, Alberto Angosek erronkarierarenak diren zenbait testu erabili zituen, antologia gisakoa eskainiz entzuleei. Horietan, sorginkeriazko epaiketa baten harira Florencio Idoatek 1569an Burgin idatziak diren erronkarierazko testurik zaharrenak irakurri zituen: “Burgui, 8 de septiembre de 1569. Aurrac, arnega eçaçuey jangueicoaz eta andre dona Mariaz eta sayntu eta saynta guçuez eta andre dona Mariac eta santa Annac eztuey aurric. Catalina Bront, 7 urte”.
Angos erronkarieraz solastatu ondotik, zubereraz jardun zuen Argitxu Camus Etxekopar (Onizepea, 1980) irakasle eta Euskararen Erakunde Publikoko misio-kargudun eta ikertzaile ezagutuak, hiru ataletan banaturik mintzaldia. Eskualdearen aurkezpena egin zuen lehenik, euskararen egoeraz eta erronkez segitu zuen, eta euskalkiaren gainean hitz zenbait eginez burutu zuen saioa.
Euskal Herriko eskualdeetan ttipiena da Zuberoa, bizizalez nahiz lurraldez. Ekialdean kokaturik, “auzoak ditu nafarrak, baxenafarrak eta biarnesak… Inportantzia handiko datua da hori, auzo herrietatik jinak anitz baitira Zuberoan”. Ondorioz, bateko eta besteko hizkerak nahasian dira bertan, Camusek esan zuenez.
Historiari, biztanleriari eta administrazio banaketari buruzko jakingarriak azaldu, udalerrien eta kantonamenduen berri eman, eta egoera sozio-ekonomikoaz zenbait xehetasun agertu zituen Camusek. Pare bat perla ditugu adibide: “Laborantza eta abeltzaintza dira bertako jarduera nagusiak, baina enplegatzaile handienak, hango bi ospitaleak ditugu, hau da, adineko jendeendako ospitaleak. Horrek anitz dio Zuberoaren dinamikaz eta jendetza galtze larriaz. Hori ez da gauza berria, hala ere, Bigarren Mundu Gerlaz gero populazioa beheititzen ari baita, eta ez da gelditzen”. Bigarren jakingarria, kulturari datxekona: “Kulturalki, oso dinamikoa da Zuberoa: bada pastorala, bada maskarada, bada kantaldi eta ikusgarri franko…”. Eta, dakikegunez, aurten ere espero da udan pastorala izatea, Ezpeizen.
Ohar hori egin eta, jarraian, euskararen egoerari lotu zitzaion Camus. Ageri denez, zubereraz mintzo dira zuberotarrak, baina ez denak: “Bost udalerritan ez baitira zuberotarrez mintzatzen, nafar-lapurteraz baizik”. Eta euskararen egoeraz mintzo jada, Inkesta Soziolinguistikoaren datuetatik abiatu zen: “EAE, Nafarroa eta Iparraldeko kopuruak baditugu, baina Zuberoarendako zenbaki propiorik ez, Nafarroa Beherea eta Zuberoa elkarrekin hartzen baitira inkestan. Haatik, badakigu azken inkestaren arabera Iparraldean %20 euskaldunak garela, eta adin handieneko tartean, berriz, %50ekoa ere bada euskaldunen portzentajea”. Alabaina, bistan da kopuru hori ondoko inkestetan apalduko dela, adin handienekoak hilez geroztik. “Bada lana egiteko: familia transmisioa gelditu da, eta, egoera horretan, eskolek eta euskaltegiek geroari begira egin dezaketen lana guziz estrategikoa da, giltza, benetan”, sententziatu zuen, pisua irakaskuntzan ezarriz, beraz.
Oraingo egunean, bi ikastola eta eskola elebiduna ere badira Zuberoan, baina “ikastola, eskola elebidun nahiz gau-eskoletan, zuberera erakusten diete ikasleei eta, hein horretan, zubereraren erronkak euskararenak dira”. Hor, ageri denez, frantsesak gasna zatirik handiena jan dio gure hizkuntzari. “Diglosia egoeran da euskara Iparralde guzian, argiki frantsesak gaina hartu baitio euskarari. Euskara, eskolaren bidez garatzen ari da, baina behar da gehiago garatu, galdu duena berriz atzemateko”. Besterik ere bada, Camusen gogoetan: “Zuberera euskalki bat izanki, batuak arautu duen euskara horretatik urrunena da, eta horrek diglosia gehigarri bat ekarri dio. Hor bada erronka handi bat”, ez bakarra, hala ere, besterik ere zehaztu baitzuen Camusek.
Egoeraren beltza ezin argiturik, euskara ondorengoratzeaz aritu zen, nekeziak seinalatuz: “Familietan guti transmititzen da euskara, haurrek ez dute karrikan entzuten eta, so eginez, ohartzen gara arazoak badirela zubereraz irakasten ahal luketen irakasleen atzemateko”… Erronka gehiago ere bazuen Camusek, ordea, nola baita euskaraz ikasiko duen ikaslearen hizkuntza maila, ezen, haurrak ez baldin badu etxean euskararik aditzen, ez eskolatik kanpoko karrikan ere. “Zein maila izanen du haur horrek?”. Are, Ipar Euskal Herrian, haur anitzek, lehen hezkuntza eredu elebidunean eginagatik ere, bigarrena egitera jotzen dute guztizko frantsesera. “Etxean ez baldin badute praktikatzen, ez karrikan ere, xantza bada euskararen maila galduko dutela. Badakit hemen ere badituzuela eztabaida horiek, bai, badakit”. Ezagutzaren eta erabileraren arteko leizea ez ezik, erabilera horri darion kalitateaz ari zen Camus.
Euskalkiaren geroaz mintzatu zen gero, beltzunerik franko seinalatuz: “Ikastolatik pasatzen diren ikasleek zubereraz ikasten dute, baina Zuberoan ez baita lehen hezkuntza besterik, kolegiorik ez, Nafarroa Behereko Lartzabalen segitzen dituzte beren ikasketak, ontsalaz, baina ez gehiago zubereraz, Iparraldeko batua den nafar-lapurteraz baizik”. Camusen irudiko, horrek ere diglosia egoera ezartzen du batuaren eta zubereraren artean, eta, horrekin batera, zubereraren bilakaera bera ere areagotuko du. Izan ere, ikastolan zuka baizik ez da irakasten –tokaren eta nokaren galera, beraz–, eta haurrek aski zuberera ez dute aditzen –hortik ahoskera hutsak segitzen baitira, hatxearen ahoskatzea, esaterako, Camusen arabera–, eta ondorioz, “euskalkiaren pobretzea gertatzen ahal da, desagertzearen bidean. Hori, hala ere, geroak erranen du, baina aski ezkor naiz. Eztabaida anitz ukan ditut Euskararen Erakunde Publikoan, euskaldun berriei begira batua dela bidea erraten didate, baina, barka!, horrela mintzo direnak manexak dira –eta ‘manex’ ez da peioratibo batere–, ez dira zuberotarrak!”. Eta, Camusen oharkizuna: “Batua egin zelarik, euskalki bat hartu zen oinarri, eta ez zen zuberera izan. Euskara guziak ez dira, beraz, ber egoeran, ez ber mailan. Euskalkientzako borrokatzea ez dela legitimoa erraten didate, indarren galtzea dela, euskalki ezberdinek nahasmendua ekartzen dutela euskaldun berrientzat. Ene irudiko, ordea, euskalkiak, euskara batutik hurbilenak zein urrunenak direnak, euskara dira, euskararen DNAren parte, eta horiek galtzea, euskara pobretzea, ahultzea litzateke, euskarak galduko duen beste borroka bat izanen da”.
Euskalkien Lagunak lantaldeak eta Iberba aholkularitza zerbitzuak sustatuta, Berbategia aurkeztu zuten ostiralean Bilboko Burtsan. “Berbategia euskalkien altxorra jasotzeko diseinatu den eta auzolanean egiteko asmoa duen hiztegia da”, azaldu dute.
Erronkaribarreko ehunka lagun biltzen duen urteroko zita ospatuko dute maiatzaren 20an Erronkariko herrian bertan. Uskararen Egunak 26. edizioa du aurtengoa, eta ibarreko herritarrak kohesionatzeko eta jendartea biziberritzeko ezinbesteko ekimena bihurtu da.
1887. urtetik 1914. urtera almanaka bat zuberera hutsez argitaratu zen. Euskaltzaindiaren webgunera igo dituzte zenbaki guztiak PDF formatoan.
Burgin ospatuko dute Uskararen Eguna maiatzaren 21ean, eta azkeneko bi urtetan ez bezala, aurten egun osoko egitarauarekin itzuliko da festa Erronkaribarrera. 25 urte dira Nafar Pirinioetako ibar horretan euskara sustatzeko ekimena abiatu zuela Kebenko elkarteak.
Cristina Ruiz Uriarte Baionan bizi den bizkaitarrak, esku bat bota die ARGIAko kazetariei, Iparraldeko esamolde eta hizkuntza formulak egokiago erabiltzen ikasteko
Urumea bailarako faunaren eta floraren berri ematen duen liburua kaleratu dute Eñaut Agirre Goiak eta Iñaki Sanz-Azkuek Hernaniko Dobera euskara elkartearen eta Aranzadiren eskutik. Ahozko ondarearen eta sinesmen zein ohituren bidez, erakutsi nahi dute euskal... [+]
Euskalki andana batetik, euskara batu edo “estandarrak” hizkuntza nazionala sortu digu. “Estandar” hori zer puntutan dugu zinez baturik? Grafian, deklinabidean, aditzan, erakusleetan, herri eta leku izenetan, Euskaltzaindiko Hiztegi batuan. Azken horren... [+]
Pirinioetako euskalkiei eman beharreko trataera eta erabileraren inguruan hausnartzeko jardunaldia antolatu du Bortuetako Euskalkien Foroak, Gu Pirinioa ekimenaren baitan. Apirilaren 25ean izango da saioa, Aribeko Aezkoako Etxean.
Interneteko entziklopedia askera igo dituzte azken hilabeteetan ekialdeko nafar euskalki horren inguruko eduki, erreferentzia eta iturri nagusiak.