ARGIA.eus

2021eko irailaren 25a

Kooperatiba bat, bi gurpil eta duintasuna

  • Banatzailea da filmeko protagonista berria. Hamarkadatan aritu da paper horretan, baina beti bigarren planoan. Interneta bezalako faktoreek eman zioten lehen bultzada pertsonaiari eta pandemiak borobildu du jokaldia; banatzailea lehen lerrora ekartzeraino. Eszenatokian lekua irabazia du. Paper garrantzitsua da berea. Beste aktoreek, baina, caché hobea dute, baldintza duinagoetan ari dira lanean eta ikusleen onespena ere handiagoa da. Bada, ordea, banaketa eta banatzailearen lanari errespetua eta duintasuna itzuli nahian aukera berriak irekitzen hasi denik ere.

Itsaso Zubiria Etxeberria @itsasozubiria
2021eko maiatzaren 23a
Argazkia: Dos por dos

Geroz eta gehiago dira bizikleta darabiltenak banaketarako ibilgailu. Bi gurpilen gainean aurkitu diote alternatiba prekarizatutako sektoreari. Eraman kooperatiba da pausoa eman duenetako bat. Gasteiz dute lantoki. Paul Iano ARGIAko kolaboratzaile eta Eraman kooperatibako sortzaileetako batek eman dizkigu erreportaje hau egiteko zenbait gako, Juan Latorre Irigoien lankidearekin batera, ondo ezagutzen baitute sektorearen egoera.

Ianok, estatubatuarra sortzez, aski ongi ezagutzen ditu jaioterrian Amazon edo Microsoft bezalako enpresek suntsitutako auzo eta herriak, baita Airbnb edo Uber modukoen hastapenak ere. Azken hauen lehen efektuak ikusten hasiak zirela alde egin zuen herrialdetik, baina piztua utzi zion radarra. Azkar identifikatzen ditu enpresa eredu horiek. Euskal Herrian bizi denetik lan egin du Glovon eta Telepizzan, besteak beste, eta kontatu ditu barruan direnek bizi dutena (irakur ditzakezue 2019an argitaratutako ‘Glovolizazioa’ erreportajea eta 2020an argitaratutako ‘Prekarietatean dago sekretua’ erreportajea).

Geroz eta itoago dauden langileen eskubideak murriztu eta lana gutxi batzuen mesedetan egitea normaltzat hartzea lortu dutenen hurrengo pausoa izan da algoritmo bidezko funtzionamendua. Langileria prekarizatzeko sistema berria asmatu dute, arauak “ausazko algoritmo kaltegabe” batzuek jarriko balituzte bezala, ugazabek eskuak garbitzen dituzten bitartean. Sinestarazten digute erabakia ez dagoela euren esku, algoritmoak direla bat edo beste erabakitzen dutenak. Nork programatzen ditu, baina, algoritmo horiek?

"Bideo-joko bateko partaide bilakatzen da ia-ia langilea. Ez bazara ordu jakin batzuetan aktibo egoten puntuak galdu eta zerrendan behera egingo duzu"

Bideo-joko bateko partaide bilakatzen da ia-ia langilea. Proba handirik pasa gabe ematen dizute aukera lanean hasteko. Aplikazioa deskargatu eta hasi. Esaten dizute zuk nahi duzun ordutegia jartzeko aukera izango duzula, egun honetan edo bestean jai hartzeko arazorik ez dagoela... baina behin martxan hasita azkar ohartuko zara aukera hori egon badagoela, baina ez bazara ordu jakin batzuetan aktibo egoten puntuak galdu eta zerrendan behera egingo duzula, beraz, ez zaizkizula zuk ezarritako eremutik gertu dauden banaketak tokatuko; eta denak du antzeko metodoa.

Hori guztia ez dizu nagusiak zuzenean bulego batean esaten. Aipatu algoritmoen mende zaude eta ez dago ihesbiderik. Bideo-jokoak azpimarratu dira lerro batzuk lehenago eta ez alferrik; enpresa hauetako askok jokoaren teoria aztertzen duten departamenduak dituzte, analizatzen dutenak adikzioaren atzean dagoen psikologia. Langilea jokoan harrapatzeko baliatuko dutena.

Paul Iano. Argazkia: Dos por dos

Joko orok pizten duen lehiakortasuna sortzen du honek. Langileen artekoa. “Sinestarazten dute ardura indibiduala duela langile bakoitzak baldintza hauek onartzeagatik, baina ardura kolektiboa dela ulertu behar dugu”, azpimarratu du Paul Ianok. Kultura indibidualista batean errazago sartzen da eredu hau, AEBetan kasu. Protestaren edo ezinegonen bat sortzen bada beti dago erantzuna: “Algoritmoak aldatuko ditugu”. Baina jokoak jarraitzen du.

Internet bidezko salmentak izugarrizko gorakada izan duen bitartean, banatzaileen lan-baldintzek ez dute joera berdina. Prekarietatea da nagusi sektorean eta krisiak areagotu du egoera. Nora doaz, ordea, irabazi horiek? Pobreak pobreago eginez aberasten diren gutxi batzuen poltsikoetara. Facebook fenomenoaren testigua hartzeko langilea zapaltzeko eskrupulurik ez duenaren diru-zorrora. Amazonera. Lehen bertako merkataritzan geratzen zen dirua da orain enpresa multinazionalera doana, ez baitugu lehen baino diru gehiago gastatzeko, saltokia aldatu dugu.

"Enpresa hauetako askok jokoaren teoria aztertzen duten departamenduak dituzte, analizatzen dutenak adikzioaren atzean dagoen psikologia. Langilea jokoan harrapatzeko baliatuko dute"

Galiarrak vs erromatarrak
Lehena ez izateak baditu bere abantailak. Ikus daitezke aurrenak egindakoaren emaitzak eta dituen ondorioak. Ondoren bi aukera daude: aurrean tokatzen zaion oro zapaldu eta azpiratzen duenari etxeko ateak ireki eta barruraino sartzen utzi dena suntsitu arte; edo kontziente izanik hondeamakinek izugarrizko indarra dutela eta gelditzea zaila dela, ahalegindu, hasteko, zure inguru txikia salbatzen eta pixkanaka zabaltzen joan. Galiarrek Erromatar Inperioa eraistea nekeza dela? Bai, baina txikiak bila ditzake zirrikituak handiaren dependentziarik gabe duin bizitzeko.

COVID-19ak sortutako pandemiaren erdian jarri zuten martxan Gasteizen Eraman kooperatiba. Juan Latorrek Europa iparraldean ezagutu zituen bizikletaz banaketa egiten duten enpresak, baldintza duinetan ari direnak, eta hemen sektorearen gainbehera ikusita, aukera ikusi zuen antzeko zerbait antolatzeko. “Kaleak hutsik, komertzioa eta tabernak itxita, eta banatzaileak gurditxo bete paketerekin hara eta hona korrika. Hori zen konfinamendu garaiko egunerokoa eta muturren aurrean ikusi dugu etor daitekeena. Geroz eta gizarte indibidualistago batean bizi gara, banaketa prekarizatutako lana da, Glovo bezalako enpresak terrenoa irabazten ari dira, eta hau da unea bide bat edo bestea hartzeko”, azaldu du. “Bestela non geratzen dira harremanak? Non geratzen da kalea? Gure helburua da arrisku hau ikusaraztea; ez da aukera bat etxean geratu, atea itxi eta ez-ikusiarena eginez ardura gainetik kentzea. Euskal Herrian oraindik badago langile borroka bat, kolektibotasuna, eta ez da zerbait urrunekoa egiten kooperatiben mugimendua”, jarraitu du. “Banaketari eta banatzaileari zor zaion errespetua eta duintasuna itzuli eta era jasangarri eta justuagoan gure bizimodua aurrera ateratzeko formula dela iruditu zaigu, jendeari alternatiba bat eskainiz”, gehitu du Paul Ianok.

"Baldintzak duinak badira, nik sekula izan dudan lanik politena da”

Ikusten ez den lana da eta gizartean ez da lan profesional moduan tratatzen. Nori ez zaio burutik pasa sekula “gizajoa, beste ezer lortu bitartean banaketa egitea besterik ez du” edo antzeko zerbait. Banatzaileari propina ematea ez da kasualitatea. Eta neurri batean ere badu egiatik, ez baita arraroa beste aukerarik ez duelako egitea lan hori kasu askotan. “Bizikleta gainean ikusten badugu banatzaile bat, normalena da prekario aritzea lanean. Baina ez bizikletagatik, banaketagatik baizik, lana bera baita prekarioa”, argitu nahi izan du Ianok.

Argazkia: Jaime Pintado

Horregatik sortu dute Eraman kooperatiba. Banaketa profesionalizatzeko, bai zerbitzua eta bai jendearen ikuspegia. Lan-baldintza egokiak falta diren arloan lanpostu duinak sortzeko. Hutsuneak betetzeko. Modu jasangarrian, bertako komertzioa bultzatuz, beste edozein ibilgailu heltzen ez den lekura bizikletaz heltzeko. Kultura bat sustatu nahi dute, bizikleta kirola egiteko edo lanerako tresna izatetik harago, bizitzaren parte sentitzea nahi dute, hiria ere bi gurpilen gaineko perspektibatik ulertzea. “Baldintzak duinak badira, nik sekula izan dudan lanik politena da”, azaldu du Latorrek, segidan gehituz: “hiri baterako ibilgailurik efizienteena da; kutsatzen ez duena, azkarra eta beste edozein ibilgailu heltzen ez den lekuetara sartzeko egokiena”.

Argazkia: Dos por dos

Logistikaren konplexutasuna
Iragarkietan etxeko atea jo eta irribarre eder batekin paketea entregatzen duen mezulariaren irudiak ez du egia gehiegirik kontatzen. Ez behintzat egia osoa. Herritarron buruetan sartzen baita horixe dela banatzaileak egiten duen bakarra. Baina atzetik badu logistika oso bat, konplexua. Ianok eta Latorrek azpiko lan hauek ikusaraztearen beharra azpimarratu dute, horrek ere banatzailearen iruditeria profesionalizatuko duelakoan. “Administrazio lanez gain, egunerokoa antolatzeko gaitasuna behar da, banaketara ateratzen garenerako, paketeriaren banaketa efizientea izan dadin  ibilbidea planifikatu beharra dago eta horren arabera kolokatu kargak kutxan. Lan mental handia eskatzen du. Jatetxeetako banaketak egiten badira, puntako orduetan burua hotz mantentzen duen jendea behar da lanerako, banaketa guztia atzeratuko ez bada”.

Teknologia onerako eta txarrerako
Erabilera egoki bat emanez teknologia berriek aukera batzuk irekitzen dituztela ere ezin uka. Zertarako erabiliko den da gakoa. Batzuek gutxi batzuen mesedetara egokitutako algoritmoz osatutako enpresa zapaltzaileak martxan jartzen dituzten bitartean, besteak ari dira guztiek komunean dituzten lanak egitea errazteko plataformak sortzen. Bizikletaz banaketa egiten duten eta balore batzuk partekatzen dituzten kooperatiben aplikazioa sortu dute: Coop Cycle. Ez da soilik administrazio lanak egiteko beharrezko duten tresna partekatua, bezeroak banatzailearekin harremanetan jartzen dituen espazioa ere bai. Bertan dira, dagoeneko, erreportajean aipatzen den Eraman Gasteizko kooperatiba eta baita Botxo Riders Bilboko kolektiboa ere.

"Nora doaz irabazi horiek? Amazonera. Lehen bertako merkataritzan geratzen zen dirua da orain enpresa multinazionalera doana, ez baitugu lehen baino diru gehiago gastatzeko, saltokia aldatu dugu"

Coop Cycle plataforman oraingoz bi horiek badaude ere, banaketa eredu honetako enpresa gehiago ari dira sortzen Euskal Herrian. Badoa kooperatiba sortu berri dute Bidasoaldean eta Eruen (izen probisionala) ere martxan da Arrasaten, nahiz eta kooperatiba izaerarik oraindik ez izan lehen banaketak egiten dabil. Oraindik oinez hasi ez diren baina bide beretik doazen proiektuak badira herri gehiagotan ere.

“Jendeak hautua egiteko unea da eta dirua ez da aitzakia, gure banaketa sistema ez baita garestiagoa”, azpimarratu nahi izan du Latorrek.

Banatzaileen federazioa
Bakarraren zabalkundea baino egokiago ikusten dituzte tokian tokiko proiektuak. Herri, hiri edo bailaraka, baina hobe da bertan bertakoa aritzea, kanpotik inor etortzea baino. Gune bakoitzeko banaketak egiteko sistema jasangarriena da. Baina bilatu nahi diote alternatiba eskaintza zabalagoari ere: zer gertatuko da Euskal Herri mailako banaketa egiteko aukera suertatzen bada? Horrelako kasuetarako sortu nahi dute federazio bat, partaide independentez osatua, baina egoera jakinetarako batu eta eskaintza indartsu eta zabalagoa egiteko aukera emango diena.

Argazkia: Mario Lezaun

ERAMAN KOOPERATIBA
Paul Iano eta Juan Latorre Irigoien. Lehen banaketa 2020ko maiatzean.

Zer da banatzen duzuena?
Sektore honetan, beste guztietan bezalaxe, dibertsifikazioa da garrantzitsua. Produktu bakarraren banaketan zentratzen bazara, erortzeko arriskua handiagoa da. Denetik egin beharra dago. Gure kasuan apustu handia egin dugu prentsarekin. Goizero banatzen dugu Berria eta astero ARGIA. Hasieran kosta zitzaigun bi aldeentzat egokia izango zen banaketa sistema jasangarri bat bilatzea, baina lortu dugu eta funtzionatzen ari da. Horretaz aparte, Koiki plataformaren bidez Gasteizko paketeria banatzen dugu eta bidalketa egin nahi duenari aukera eskaintzen zaio. 35 jatetxe ingururekin ari gara lanean eta bertako zenbait komertzioren banaketa egiten diegu bezeroei ere.

Nola antolatzen zarete?
Oraintxe 14-15 langile gara denera, bazkide eta langileak kontutan hartuta. Helburua beti da langileei txanda zehatzak eskaintzea, gig ekonomia ekiditea, lan profesional eta iraunkorra izatea, ez dadila pasarako lana izan; hemendik bizi ahal izatea. Saiatzen gara egitekoak bilatzen gure gaitasun eta beharretara egokituta.

BADOA KOOPERATIBA
Nestor Uranga. Lehen banaketa 2021eko maiatzean

Zer da banatzen duzuena?
Prentsarekin hasi gara lanean. ARGIArekin iritsi gara tratura eta maiatzean hasi gara aldizkaria banatzen Irun, Hondarribia eta Hendaian. Lehendik aritua naiz Eraman kooperatibarekin prentsa banaketan Hondarribian eta Andoainen, eta hortik atera zen Badoa sortzeko ideia.

Hurrengo pausoa da jatetxeetarako eta herriko komertzioetarako saltoa. Geroz eta ohitura handiagoa dago etxera eramateko zerbitzua eskatu eta eskaintzekoa eta hor egon nahi dugu.

Nola antolatzen zarete?
Ekonomia Sozial Eraldatzailearen baloreetan oinarritzen den Bidasoaldeko BDS kooperatibak egin zuen deialdi bat formakuntzarako eta han ernatu zen Badoa. Hiruzpalau lagun gara oraingoz eta denetariko lanak egiten ditugu: komertzial lanak, banatzailearenak, mekanikari lanak... BDS ari zaigu gestioan laguntzen eta eskertzen da ibilbidea egina duen Eraman ondoan izatea, gure logistika antolatzerako garaian, esaterako, laguntza handia da; “Hau nola garraiatuko dugu?, zein da modu egokiena bizikletak muntatzeko?”… horrelako zalantzak asko baitira.

Lurraldean sinesten dugu, gertukoan, tokikoa zaintzeko jasangarritasunean, eta balore horiek oinarri hartuta lanpostu duinak sortzeko aukera ikusi dugu Badoa kooperatibarekin.

Argazkia: Eneritz Arzallus

ERUEN
Cristian Vargas. Lehen banaketa 2020ko urrian.

Zer da banatzen duzuena?
Orain gutxira arte Berria egunkariaren banaketa egin dugu goizero eta maiatza hasieran ekin diogu ARGIA banatzeari. Hasieran Eraman kooperatibako kide moduan aritu nintzen lan horretan, haiei eskaini baitzieten Arrasateko banatzaile lanak egiteko.
Etorkizun hurbilean jatetxeetako banaketa eta paketeria egitea da helburua.

Nola antolatzen zarete?
Hastapenetan gaude. Aktibo ni bakarrik nago oraindik, nahiz eta badauden beste bi lagun lanean hasteko prest, bizikleta nik bezainbeste maite dutenak, eredu jasangarriaren aldeko apustua egin asmo dutenak. Eraman kooperatiba da guretzat ipar-orratza. Horretara heldu nahi dugu, baina zailtasunak ditugu finantzazio aldetik. Jende gaztea gara eta ez daukagu kapitalik. Zorionez baditugu gasteiztarren babesa eta laguntza. Beraz, gogor lan egitea tokatzen zaigu kooperatiba sortzeko eta gure lokala edukitzeko saltoa emateko.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Kooperatibagintza  |  Hondarribia  |  Gasteiz  |  Irun  |  Hendaia  |  Arrasate

Kooperatibagintza kanaletik interesatuko zaizu...


ASTEKARIA
2021eko maiatzaren 23a
Azkenak EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude