Esplotazio molde berrien lekukotza

Glovorentzat lanean aritu naiz Gasteizen

  • 2015ean sortu zen Glovo. Garraio enpresa bat da. Haren berezitasuna da edozein motatako gauzak ordubete baino lehenago banatzen dituztela bizikletaz nagusiki mugitzen diren langileek. Hasiera-hasieratik mundu osoan barreiatzeari ekin dio, eta hain azkarra izan da hedapena ezen oraindik ezin izan dugun behar bezala aztertu gure bizitzetan izan duen eragina. Enpresak darabiltzan negozio eredua eta marketin estrategia AEBetako Silicon Valley-n beste erraldoi teknologikoek garatu eta perfekzionatu dituzte –Google, Uber eta Facebookek kasu–. “Plataforma” berri hauek enpresaren eta langileen arteko harreman eredu berria ezarri dute, baita gizartearekiko lotura ere. Beren burua jendartetik kanpo kokatzeko pribilegioa lortu dute, eta hala, inor gutxiri onartzen zaizkion jokabideak etxeko marka bihurtu dituzte: zergak ez ordaintzea, lan baldintza duinak ez bermatzea eta orohar, bere langileek egunerokoan egiten dutenarekiko ardurarik ez hartzea beren gain. Dinamika honek ondorio arriskutsuak eragiten dituela agerikoa da AEBetan. Egoera distopikoa sortu dute, non langileen eskubiderik oinarrizkoenak amets bilakatu dituzten eta muturreko esplotazioa arau. Barrutik ezagutu nahi nuen fenomeno berri hau eta horregatik hainbat hilabetez Glovorentzat Gasteizen lan egitea erabaki nuen. Bizi izandakoa jaso dut ondorengo orrietan.

Paul Iano
2019ko apirilaren 21a
Egilea: Paul Iano orain hiru urte Gasteizera bizitzera etorri zen. Ordutik, “arima ez suntsitzeko moduko lanbide arraroetan” aritu da. Biolentzia armatuaren eta errepresio molde aitzindarien arabera bizi den lurraldetik hona iritsitako etorkintzat du bere burua. AEBetako “garapen” ereduak etorkizunean Euskal Herrian izan dezakeen eraginaren gainean argia jartzen saiatzen ari da. Ianok pribatutasuna gordetzea ere maite du.
Argazkiak: Dos Por Dos eta Kauldi Iriondo
Itzultzailea: Diego Pallés Lapuente

“Askatasuna”

Hanburgesa garestiak saltzen dituen Gasteizko jatetxe modernoxka baten kanpoaldean nago, zutik, bizikleta nire alboan dudala, zigarroa eskuan. Gaur bigarrenez nago jatetxe berean. Sakeleko telefonoaren erlojuari behin eta berriz begiratzen diot: tik-tak, tik-tak. Minutu bakoitzeko bost zentimo ordaintzen dizkidate eta dagoeneko ordubete daramat itxaroten. Sukaldetik poltsa marroi batean pare bat hanburgesa atera dizkidate eta lan honetan gustuko dudan gauza bakarrari ekin diot: bizikletaz abiadura arriskutsuz hirian barna ibiltzea.

Berehala
kontratatu ninduten,
inolako hautaketa prozesurik egin gabe.
“Elkarrizketa fase” osoan galdera bakarra egin zidaten:
bizikleta ala motorra?

Lanaldia bukatu ondoren, gutxi gorabeherako kalkuluak egin ditut: lanean izan naizen 200 minutuetatik 70 baino ez ditut jardun nire zeregin nagusian; alegia, bizikletaz ibiltzen eta bezeroekin harremantzen. 104 minutu janariaren zain eman ditut. Horixe bihurtu baita Glovo konpainiarentzat egiten dudan lanaren zatirik garrantzitsuena: zain egotea.

Honela funtzionatzen du Glovok: egun batzuk lehenago, mugikorreko aplikazioan adierazi behar dituzu astean egin nahi dituzun lanorduak. Hasiberriek gaueko txandak baino ezin dituzte hartu, asteburu gauekoak gehienbat. Lanaldia hastean, eskaeren zain geratzen zara. Denbora puska bat har lezakeen prozesua da hau. Behin mugikorrean mandatua jasota, jatetxe edo dendara joaten zara bizikletaz eta han, berriz ere itxaron beharko janaria prest egon arte –taberna eta egunaren arabera, 10 minutu eta ordubete artean–. Horren ostean, ordainagiriari argazkia atera eta bezeroarengana joaten zara, sarritan hiria alderik alde zeharkatuz. Haraino iristean, bezeroak hatz-markarekin mugikorreko aplikazioan sinatu, janaria jaso eta berriz ere kalera ateratzen zara hurrengo eskaeraren zain egotera. Puntako ordua ez bada, ziur aski hiriguneraino iritsiko zara eskaera berririk lortu baino lehen, algoritmo batek jatetxearen eta banatzailearen arteko gertutasunaren arabera esleitzen baitizkie eskariak garraiolariei.

Glovok saldu nahi duen irudiaren arabera, langileek nahi duten ordutegia aukeratzeko “askatasuna” dute eta edonoiz alda dezakete inolako ondorio negatiborik gabe, baita txandaren erdian ere. Errealitatea oso bestelakoa da, ordea: ia-ia janaria baino ez dugu banatzen, beraz, jatorduetan lan egin behar duzu. Horren arabera, esan genezake ordutegia aldez aurretik erabakita dagoela: lagunekin bazkalosteko kafea hartzeko edota atseden hartzeko erabiltzen ditugun ordu horietan ariko zara lanean. Horrez gain, teorian behin ordutegia hautatuta hura aldatzeko aukera existitzen bada ere, askotan hala eginez gero, “bikaintasun puntuazioa” deritzoten rankingean behera egingo duzu, eta horrekin batera eskariak lortzeko aukerak urritu egingo zaizkizu.

Eskaerak atzera bota ditzakegula dio Glovok, baina eskariak automatikoki onartzen dituen aplikazioaren botoia aktibatzera bultzatzen zaituzte. Botoi hori ez sakatzea erabakiz gero, “bikaintasun puntuazioan” behera egingo duzu azkar berriz ere. Aktibatu ala ez, eskaerak puntako orduetan baino ez dira agertzen eta hauek zuzenean esleitzen zaizkie aukera hori markatu duten langileei. Bestalde, onarpen automatikoa aktibatuz gero, eskaerak erraz iritsiko zaizkizu mugikorrera, baina, batek daki zergatik, ematen du itxaronaldi luzeena duten eskaerak beti txanda amaitzear dagoenean iristen direla. Hitz gutxitan, hasiera batean eskaintzen dizuten ustezko ordutegi-askatasuna lausotu eta konpainiak ondo zehaztutako ordutegia inposatzen da; denbora eta dirua galdu nahi ez badituzu, behintzat. Hala ere, uler dezaket “askatasunaren” ideia saltzea eraginkorragoa dela marketinaren ikuspegitik.

Orain arte azaldutakoa kontuan izanda, oro har, lan honetan nahiko pozik izan naiz. Glovon izena eman nuen haientzako “kolaboratzaile” lanetan egotea zer zen ikertzeko, Espainiako Estatuan azkarren hedatzen ari den enpresetariko bat baita. Baina, bizikletaz ibiltzea gustatzen zaidanez eta aspaldiko partez horretan aritzen ez nintzenez, esperientziaz gozatu dut. Aldi berean, ordea, zaila egiten zitzaidan ulertzea sistema honekin nola irits daitezkeen hil amaierara lankideak. Hemen ez dut familiarik, ezta hipoteka bat ordaindu beharrik ere, baina nahiz eta egunero bizikleta gainean orduak eta orduak eman, diru gutxiago irabazi dut aurretik neukan lanarekin alderatuz gero –lanaldi erdian ingeles eskolak ematen nituen–. Lan honek gimnasioaren kuotaz libratzen banau ere, ez ditu diru-sarrera eskas hauek konpentsatzen.

‘Gloverra’ izatearen zirrara

Glovo ikertzera hainbat arrazoik bultzatu ninduten. AEBetakoa naiz, nire herrialdetik orain dela zortzi urte inguru joan nintzen. Belaunaldi berri bateko kidea izan nintzen, teknologiaren eskutik etorkizun oparo eta liluragarri batean bizitzea zen gure patua. Geure begien aurrean, Facebooken izena ezagun egin zen planeta osoan, Appleko Ipod iPhone bihurtu ziren eta Netflixek egongelako telebista ordezkatu zuen. Esan beharra dago ni mundu horretatik aldenduta bizi nintzela smartphone sofistikatuek aplikazioen bidezko bizimodua inposatu aurretik, gizartearen sustrai eta muin bihurtu baino lehen. Txikitan, eskolako lanak egiteko eta doako jokoetan aritzeko gehiegikeria besterik ez zen Internet. Amerikako Estatu Batuak utzi nituenean, aldaketen lehen zantzuak sumatzen hasiak ziren gizartean eta lan munduan. Hango bizimodua atzean uztea erabaki nuen gainbeheran zegoela ikusi eta gero gig ekonomiaren eraginez. Sareko plataforma baten bitartez eskainitako lan txikietan lan egiteko prest dagoen jendearen ekonomia da hori. Gig ekonomiaren sustatzaile nagusiak enpresa teknologikoak dira, AEBetako bizimodua gero eta gogorrago bihurtu izanaren erantzuleetako batzuk dira. Euskal Herrian topatu dudan bizi kalitate harrigarria haien faltaren seinale argia delakoan nago.

Gasteizko Glovoko langilea bat.

Hemen bizi naizenetik, ardura moduko bat sentitzen dut jendea Glovori eta bere antzekoei buruz ohartarazteko. Hasiera batean horrelako aldaketak bitxikeriatzat ditu jendeak, etorri bezala joango direlakoan. Ez du ondo ulertzen nazioarteko joera baten aurrean gaudela, edo ez du ulertu nahi. Horregatik, euskaldun asko eta asko harri eta zur geratzen dira AEBetako egoera deskribatzen diedanean: prezio altuak, 60 orduko lanaldiak eta, oro har, bizi kalitate eskasa. Aukeren herrialdean ondorengo ezaugarri “pribilegiatuak” aurki daitezke: LH eta DBHko irakasleek bi edo hiru lan kontratu behar izaten dituzte alokairuak ordaindu ahal izateko; gaixotasun mentalak ez dira artatuak izaten milioika pertsonak ez dutelako osasun zerbitzurik eta asegurua duten familiek ozta-ozta jasotzen dituzte osasun zerbitzu ezin oinarrizkoagoak hilero 500 dolar ordainduta. Oporraldiak eta erretiroa imajinaezinak dira –pentsioak zer esanik ez– eta langileak behartuta daude telefono dei eta mezu elektronikoak haien lanaldietatik kanpo erantzutera. Lanean dauden familietako gurasoak ezin dira seme-alabez arduratu, eta hauek hazi eta gero, haientzako goi mailako ikasketek urtero 20.000 eta 40.000 dolar arteko kostua izaten dute (18.000 eta 35.000 euro artean). Landa eremuari dagokionez, ekonomikoki erabat atzeratuta geratu da jendea lantegi zaharretatik kanporatua izan delako, teknologia berrien biktima. Hiri handi eta aberatsetan, berriz, lana egon badago, baina baldintzak zentzugabeak bezain negargarriak dira: lan bat baino gehiago edukitzeak ere, ordu kopuru eskerga inbertituz eta soldata potoloa kobratuz, ez du bermatzen alokairua ordaintzeko gai izango zarenik.

Euskal Herrian egoera oso bestelakoa da: sindikatuek eta langile espezializatuek atzeratu egin dituzte AEB jatorri duten “hobekuntza“ horietako batzuk. Hemendik begiratuta, oso zaila da ikustea motxila horidunarekin bizikletaz ibiltzen diren banatzaileek dakarten arriskua. Historikoki, aldaketa handiak apurka-apurka garatu ohi dira, status quo bihurtu arte. Euskal gizartean bizi den estatubatuarra naizenez, indar suntsitzaile hauen hedadurari aurre egiteko beharra sentitu nuen.
Hortaz, Glovoren aurka altxatzeko, haren parte izatea erabaki nuen. Bi orduko bilerak jasan nituen,  eta autonomoetan alta egin nuen administrazio kudeaketetan jarduten duen enpresa batekin –jakina, neure poltsikotik ordainduta–. Berehala kontratatu ninduten, inolako hautaketa prozesurik egin gabe. “Elkarrizketa fase” osoan galdera bakarra egin zidaten: bizikleta ala motorra?

Lehenengo gau hartan, urduri eta zirrara puntu batekin nengoen, etxe azpian itxaroten bizikleta gainean. Lehenengo 20 minutuetan eskaera bat jaso nuen mugikorrean, eta zirrarak hartuta, ziztu bizian eskaera punturantz lastertu nintzen. Hasierako emozio hori segituan frustrazio bihurtu zen, ordubete alferrik eman bainuen zerbitzu teknikoari deika, ordainagiriaren argazkia aplikaziora igo ezinean. Komeriak komeria, janari fardel egokia banatu nuela frogatu eta gero, mugikorreko datuak agortu egin zitzaizkidan. BEZa kenduta, hiru orduan zortzi euro irabazi nituen.

Bigarren gaueko lehen 30 minutuetan, bizikletako gurpila zulatu zitzaidan eta, ondorioz, hurrengo ia bi orduetan joan-etorri guztiak oinez egin behar izan nituen, hirigunetik kanpoalderaino eta alderantziz. Hurrengo egunean, gurpila konpontzeko erosi nuen ganbera berria kaskar samarra zela deskubritu nuen eta gau osoa galdu nuen bizikleta prest jartzen. Lehen aste estresagarriaren ostean, 30 euro baino ez nituen lortu; alegia, Glovoren motxila horiaren truke ordaindutako erdia berreskuratu nuen.

Hala ere, halako aste baten ondoren, bizikletaren gurpilak konpondu, aplikazioaren arazoak argitu eta etorriko ziren matxurentzako erremintak erosi ondoren prest nengoen berriz motxila horia bizkarrean nuela aritzeko. Dena harrigarriki ondo joan zen: 33 orduz lan egin nuen, ez nuen inolako arazorik izan eta 271,23 euro irabazi nituen, BEZaren %21 kendu gabe. Geroago konturatuko nintzenez, ezohiko aste aparta izan nuen. Are interesgarriago, bizikletaz ibiltzearen zirrara eta bi gurpilen gainean nuen konfiantza sentsazioa berreskuratu nituen. Urte mordoa bizikleta gainean autoak saihesten eman eta gero, nire saltsan sentitzen nintzen. Kale ilunetan barna murgilduz, ziztu bizian, segurtasunez beteta. Hori bai, bakar-bakarrik nengoen, nire inguruko familia eta lagunarteko afarien epeltasunean elkartuta dagoen bitartean. Egoera honetan, semaforoei arriskurik gabe muzin egiteko eta autoen argiak eta oinezkoen norabideak aurreikusteko gai sentitzen naiz, bizikletako balazta gero eta gutxiago erabiltzen dut. Haizea aurpegian eta nekea hanketan, baina aurrera egiten dut hurrengo helmugaraino, janari-banatzaileen industriaren mesedetan.

Boterearen plataformak

Bizikletaz ibiltzean daukadan gogo bizia deskribatzea Glovo enpresaren alde egitearekin nahas liteke. Glovok, Deliverook eta  mota horretako gainerako enpresek lan baldintza prekarioak zuritu ohi dituzte argudio honekin: “langileak dibertitu egiten dira”. Arazoa, hain zuzen, hemen datza: hau ez da hobbya, lana baizik. Zaletasunen eta beharraren arteko nahasketa arriskutsua da hau. Lan ordaindua, gustatu ala ez, hori baino ez da: sos batzuk lortzearen truke eskaintzen dugun denbora. Zure ametsetako lanean aritzeagatik ez zenuke zertan inolako baldintza esplotatzailerik onartu behar. Glovoren kasuan ere, beste horrenbeste. Mezulariak aspalditik existitu dira, ziur nago nik baino lehenago beste punki anarkista askok antzeko askatasun sentsazioa bizi izan dutela bi gurpilen gainean. Baina iraganean, gutxienez, horren truke kontratua eta ordain duina ematen zizkieten.

Glovo ez da
“iraultza” honen aktore bakarra, munduan aitzindari ditugu Uber, Airbnb, Amazon Flex eta WeWork, besteak beste.
Konpainia hauek arau
eta ohitura berriak
sortzen ari dira

Glovorekin batera euskal gizartean enpresa eredu jakin bat normalizatzen ari da. Hau da arazoa, bizikletarekin disfrutatzea gai tangentziala da. Azken finean, Glovo ez da “iraultza” honen aktore bakarra, munduan aitzindari ditugu Uber, Airbnb, Amazon Flex eta WeWork, besteak beste. Konpainia hauek arau eta ohitura berriak sortzen ari dira: langileak autonomo gisa kontratatzen dituzte eta haiekiko harremana aplikazio baten bidez kudeatzen dute. Kapitalismoaren eboluzio berriaren parte dira, dagoeneko Trumpen herrialdean azkarren hedatzen ari den negozio mota. Han, horrelako “plataformak” ia esparru guztietan topa daitezke. Kamioi bidezko garraioak, taxiak, garbiketa zerbitzuak, supermerkatuetako erosketak... Imajina dezakezun edozein sektore horren atzaparretan erori da dagoeneko.

Enpresa hauek hutsune legal bat topatu dute eta horrek langileekin botere banaketa desorekatua ezartzeko aukera eman die. Lan tradizionalen berezko ezaugarriei esker langileek botere handiagoa zuten gatazken eta negoziazioen aurrean. Eredu horietan sindikatuen indarra handia zen, langileak leku jakinetan biltzen zituzten industrietan legeak emandako negoziazio kolektiboaren baliabideaz baliatzen ziren eta, batez ere, lanetik kanpoko harremanak garatzeko joera zegoen, lotura sozialaren eta kooperazio sentimenduaren mesedetan.

Glovo eta antzeko konpainiek faktore horiek existitzen ez diren egoera sortu dute. Gure artean elkartasunez eta enpatiaz jokatu ordez, langileen arteko lehia sustatzen dute. “Bikaintasun maila” delakoaz baliatzen dira, ranking horretan dugun postuak agintzen baitu astero zenbat lan egingo eta zenbat diru lortuko dugun. Nagusiak lan elkarrizketetan ezin argiago azaldu zigun: “Lankideak zarete, bai, baina baita lehiakideak ere”. Lanaren alderdi guztietan dagoen filosofia da hau. Gainera, ez dugu elkar ezagutzeko leku edo egoitzarik. Jatetxeetan baino ezin dugu elkarrekin topo egin, horiek gure hanburgesak ordubetean baino azkarrago prestatzeko gai ez direnean.

Langileak autonomo gisa kontratatzen ditu Glovok eta haiekiko harremana aplikazio baten bidez kudeatzen du

Gig ekonomiak sozialki baztertuta dagoen jendea bultzatzen du isolamendua areagotzen duten lanetara, beharraren beharrez. Langile hauentzat hizkuntza, estatus legala edo beste hainbat arrazoi oztopo izan daitezke lan kontratu onak lortzeko, baita lan horietan beste langileekin batera antolatzeko ere. Baldintza sozial eta ekonomiko duin samarrak dituztenek, beren interesen alde egiteko eta lan kaskarrak baztertzeko aukera daukate. Baina egoera prekarioan egonez gero, lan posible bati uko egitea jokaera arriskutsua izan daiteke. Glovoko langile gehienok ez dugu beste aukerarik, lankide batzuentzat hau izan da azken bost urteetan lortu duten kontratu bakarra. Espainiako Estatuan bost langiletatik batek langabezi denboraldi luzea sufritu du gig ekonomian jardun baino lehen.

Autonomo estatusarekin lan egiteak egoera latzago bihurtzen du. Glovon lotura sozialak murritzak eta iragankorrak dira, lankideak aurkari ez ikustea zail egiten da eta istripurik edota gaixotasunik izanez gero, malo. Horri guztiari osagai berriak gehitu behar zaizkio: geolokalizazioa, telefono adimentsuak eta desesperazioan edozein lan-baldintza onartuko duen populazio prekarioa. Langileok lehiakide bihurtzeko nahasketa berri eta eraginkorra. Glovoren moduko konpainietako langileek ia ez dute haien eskubideen alde borrokatzeko beharrezko diren harremanak garatzerik, enpresek diseinatu dutelako horrelakorik gertatzea galarazten duen lan ingurunea. Etorkin ikusezin eta prekarioak gara, nola lor genezake inolako langile botererik? Honen guztiaren ondorioz, ez da harritzekoa gig ekonomiatik kanpo daudenekin alderatuta guk %43 eta %62 arteko diru sarrera txikiagoak izatea.

Hori guztia batera hartuta, langileok Glovorekin dugun harremana erabat asimetrikoa dela garbi ikusten da. Ezin dugu giza-baliabide saileko arduradunaren bulegora zuzenean jo, ez da halakorik existitzen. Arazoak posta elektroniko helbide baten bitartez kudeatzen dira eta enpresak eskaintzen duen arduradun bakarrak astean sei ordu baino ez ditu ematen lan horretan. Gauean euripean eta bakarrik botata egoten gara, mugikorreko txat motel eta inutila lagun bakarra dugula. Eskaera kopuruaren arabera ordaintzen digutenez, eta ez ordu kopuruaren arabera, konpainiak ez du galerarik izaten aplikazioak funtzionatzen ez badu, bezeroaren helbidea aurkitzeko ezinezkoa suertatzen bada edota janaria prestatzen denbora luzea ematen badute. Hortaz aparte, eguraldi txarra egiten duen bakoitzean zor zaigun aparteko ordainsaria jasotzeko guk geuk eskatu behar dugu posta elektronikoz. Eta aplikazioak bezeroaren sinadura onartzean arazoak izaten dituenean ere, geu gara denbora eta dirua galtzen ditugunak. Lanbide tradizionaletan arazorik izanez gero, enpresak ahalik eta azkarren konpontzeko interes argia izaten du, langilearen lanordua alferrik gal ez dadin. Glovon, aldiz, aplikazioarekin, bezeroekin, garraioarekin, jatetxeekin problemarik izanez gero, langilearen kalterako izango da beti. Glovok ez du dirurik eta bezerorik galtzen eta, hortaz, ez du aparteko interesik.

Honako hau egun nazioarteko ekonomian garatzen ari den aldaketa erraldoiaren zati da eta plataformen bidezko teknologia berriei esker azkartzen ari da. Negozio batentzat dirua irabazteko modurik onena kostuak esternalizatzea eta irabaziak pribatizatzea da. Askoren ustez hori da kapitalismoaren helburu nagusia. Jokaera hau azaltzeko adibide ohikoa, hondakinak zabortegira eraman eta zergak ordaindu beharrean, zaborra lakura botatzea duen enpresarena da. Enpresaren kostua ekosistemari egokitzen zaio, baita inguruko biztanleei ere: lakuko ura edan edo han bainatzen direnek kalteak jasango dituzte. Eta, azkenean, erakunde publikoren batek lakua garbitzeko ardura hartu beharko du.

Tamalez, adibide hau ez da atzo goizekoa. Zaborra uretara bota dezakezu, baina betiere ordaindu beharko dituzu zure lantegiko kostuak, soldatak eta lehengaiak. Etekin handiagoak lortzeko bidean, saihestezinak diren gastu horiek guztiak dira “oztopo” nagusiak enpresentzat. Glovoren ildotik doazen enpresentzat, aldiz, ez dago ia benetako kosturik behin aplikazioa sortuta. Langileak autonomo edukita gizarte segurantza eta aseguruak ordaintzea ekiditen dute, zer esanik ez motoen, bizikleten eta autoen kostuak. Glovok ez dit mugikorra kargatzeko behar dudan elektrizitatea ere ordaintzen; hiriguneetan lokal xume bat alokatzea nahikoa izaten da konpainiarentzat. Glovo, hitz gutxitan, ez da mundu errealean existitzen. Presentzia fisikorik ez duen mamu etereo modukoa da, ezin da ez ukitu ez harekin harremanetan jarri eta, bitartean, kaleetan zehar harro dabil dirua han-hemenka xurgatzen.

Lehen, banaketa enpresek beren gain hartzen zituzten langile eta egoitza gastuak; egun autonomo faltsuek edota gizarteak berak ordaindu behar ditu. Bizikleta apurtzen bazait, konponketa neuk ordaindu beharko dut. Lan istripurik izanez gero, osasun zerbitzu publikoak ordaindu beharko du. Era berean, Glovok ez dit egun librerik emango gaixotzen banaiz edo seme-alabarik izaten badut. Orokorrean, janaria leku batetik bestera garraiatzeko prozesuaren kostu guztiak kanporatu ditu Glovok modu eraginkorrean. Aplikazioa, zerbitzari informatikoak eta ondo burututako bidalketak baino ez ditu ordaintzen. Kostuak, langileentzat edo gizartearentzat; etekinak, Glovok baino ez ditu jasoko.

Pizza ordu erdian, hil ala biziko kontua

Igande gaua da eta betiko kaleetatik abaila bizian noa, saltoki-gune bat eta hirigunea lotzen dituen hiribidean. Bederatzi ordu eman ditut lanean eta arreta mantentzea gero eta zailagoa zait. Atzo nire bikotekidearen eta beste lagun baten urtebetetzea ospatu nuen eta “galdutako” ordu horiek berreskuratu behar ditut hil bukaeran lansari dezenterik lortu ahal izateko. 22:00ak dira eta parean oinezkotzat hartu ditudan figurak parkimetroak direla konturatu naiz. Amaitu baino ordubete lehenago zorabio sentsazioak jo eta eskulekuaren gainean botaka egiteko gogoari eutsi behar diot. Ez pentsa bi gurpilen gainean eskarmenturik ez dudanik, bizikletaz oso bidaia luzeak egin ditut. Oraindik gaztea naizela eta hala-nola sasoi onean nagoela esango nuke. Baina honelako lanegun batek nahi ala ez higatzen nau: bederatzi orduz telefonoak atsedenik eman ez, hiriko trafikoan sigi-saga ibili, bidegorriak gurutzatu baino lehen sekula begiratzen ez duten oinezko axolagabeak etengabe saihestu... Edonor txikitzeko moduko estres handia da.

Biribilgune batetik igaro eta metalak errepidearen aurka ateratzen duen zarata entzun dut. Atzera begiratu eta lurrean gizon latinoamerikar bat ikusi dut, argi eskasa jasotzen duen zebra-bide batean. Motozikleta urdin baten azpian dago, motorrak atzealdean Domino’s Pizza dioen kutxa dauka. Azkar bira egin eta bizikletatik jaitsi naiz. Nire bizikleta-argi garestiek datozen autoak ohartaraziko dituen esperoan, gizonaren alboan makurtu eta aztertu egin dut. Hanka ez zaio motorraren azpian trabatu, baina badaezpada ere galdetu egin diot. Shockean dago, ezin du erantzun. Begietara begiratuz, ozen eta argi errepikatu diot: “Motorrean trabatuta al zaude?”. Buruarekin ezetz dio. “Orduan, poliki motorra gainetik ken diezazuket. Motorra mugitzea nahi al duzu?” Buruarekin baietz. Dagoeneko dozena erdi bat pertsona azaldu da, baina haiek ere shock sakonean daudela dirudi. Sendokote itxurako bati laguntza eskatu eta bion artean motorra gainetik kendu diogu. Amaitu ostean, konturatu naiz gainerako oinezkoak pizza-banatzailearengana joan direla eta barne zauririk izan dezakela ohartarazteko berandu da. Jendeak jakin beharko luke.

Dagoeneko norbaitek Poliziari deitu dio eta jendea gizonaren gainetik apur bat aldentzeko egin ditudan saiakerak alferrik direla ikusi eta gero joatea erabaki dut. Nire bezeroa 100 metrora bizi da eta dirua galtzen ari naiz, lanean jarraitu behar dut. Bizikletan igo eta abian jarri naiz. Minutu batzuk geroago, bezeroari nire aurpegirik onena jarri eta eskerrak eman ostean, istripuaren tokitik pasatu naiz. Bi Polizia autok eta anbulantzia batek kale osoa oztopatzen dute, moto-gidaria esku-ohe batean jartzen duten bitartean. Hurrengo eskaeraren bidean nabilela gizon horren hurrengo bi egunak nolakoak izango diren pentsatu dut. Onen-onenean legalki lan egiteko paperak izango ditu, bestela izorratuta dago. AEBetan ez dugun bertakoaren moduko osasun zerbitzu publikoari esker, aurrezkiak galtzeko arriskurik ez du, baina motor baten gainean ez da luzaroan ibiltzeko gai izango. Domino’s enpresak, nahiz eta orduko sei euro baino ez ordaindu, banatzaileentzako aseguru pribatua dauka, Glovok ez bezala. Kontratu ona izateak istripuari aurre egiteko aukera eman behako lioke, denboraldi bat bajan eman ostean berriz ere lanera itzultzeko aukera bermatzen duelako. Nire lanean eta sorterrian halako babes neurrien berririk ez dugu. Langile eskubideen babespean ez dagoen langilearentzat istripu honek beste dimentsio bat hartuko luke. Harentzat, lanean egunero hartzen dituen arrisku txikiak erraz-erraz bihur daitezke bere kontrolpetik kanpoko arazo larri. Pedalei eragiten urrundu bitartean, gizon horrek izan lezakeen babesik txikienak gogoan ditudalarik, zera pentsatzen du: gaitz erdi...Latza bada ere, hau guztia pizza baten truke gertatu da.

Esternalizazio berritzailea: lanik gabe utziko gaituena

Glovon igarotako denboraldian, estatubatuarra izatea behin baino gehiagotan izan dut hizpide. Glovoko langile ia guztiak etorkinak dira eta ia guztiek AEBetan egonaldi labur bat egin dute edo, bederen, hara joateko gogo bizia dute. Ez da harritzekoa. Amerikar ametsaren propagandak eta azkar aberasteko ameskeriek hornitzen badute zure testuinguru kulturala, orduan ez zaizu xarma handiko plana irudituko Euskal Herrian orduko sei euroren truke hanka apurtzea. AEBetako kapitalismoaren oinarriak lehia eta anbizioa dira; alegia, zure gainekoekin identifikatzeko eta zure balioa parekoekin borrokan erakusteko beharra. Zoritxarrez, hauek errealitatetik urrun dauden ideiak besterik ez dira eta esperientzia pertsonalaren bitartez baino ezin dira gezurtatu. Behin eta berriz lankideak Osaba Samekin ametsetan ikustean, ameskeriak errealitatearekin aurrez aurre jartzeko beharra sentitzen dut, estatubatuar arruntaren bizimodua ahalik eta modu argi eta ulergarrienean adierazteko hitz eta metafora egokien bila. Beti bezala, urrutiko intxaurrak hamalau.

Amerikar ametsaren propagandak eta azkar aberasteko ameskeriek hornitzen badute
zure testuinguru kulturala, orduan
ez zaizu xarma handiko plana irudituko
Euskal Herrian orduko
sei euroren truke
hanka apurtzea

Bai, batez beste, AEBetako langile batek hemengoak baino gehiago kobratzen du, baina datu sinple honek errealitate askoz latzagoa ezkutatzen du. Adibidez, nirekin batera orain dela gutxi graduatu ziren ikaskideen ibilbideak datozkit gogora. Bi sailetan sailka daitezke. Lehena, klase ertainean jaiotakoak: beka batzuk lortuta eta gurasoen aurrezki apalen kopuru mardula inbertituta ere, azkenik, 100.000 eta 200.000 dolar arteko mailegua eskatu behar izan dute matrikulak, liburuak eta alokairuak ordaindu ahal izateko. Dakidanez, horietako guztiak Starbucks gisakoetan harrera-lanetan daude, 40-50 orduko lanaldietan, doi-doi aurrera egiten. Bigarren multzoan zorrak ezagutu ez dituztenak daude, beren gurasoek urtero eskudirutan ordaindu dituztelako ikasketen prezioa (60.000 dolar), alokairuaren 15.000 dolarrak eta eguneroko gastuetarako beste milaka batzuk. Ikasle horiek, behintzat ezagutzen ditudanak, egun banku-sektorean dihardute, Goldman Sachs moduko enpresetan.

AEBetan goi mailako ikasketak ez dira gazteentzat etorkizun lazgarri hau saihesteko modu segurua. Hauxe dugu ekonomiaren arau berria eta ez da batere itxaropentsua. BPGaren hazkundeak gora egin du 2008ko krisialdi aurreko zenbakiak gailendu arte. Hala ere, 2007arekin alderatuta, 2015ean %5 lanpostu gutxiago zegoen. 1980ko hamarkadatik hona gainbehera bizian daude lanpostu finko eta lanaldi osokoak, sindikatuen eta legediaren babesa zutenak, osasun-asegurua bermatzen zutenak eta aurrezteko, enpresan igotzeko eta erretiro duina lortzeko aukera ematen zituztenak. Hauek ordezkatzeko sortzen ari direnak, ordea, aldi baterakoak dira, lanaldi erdikoak gehienetan, asegururik gabekoak eta soldata urria ematen dute. Glovon topa daitezkeen pare-parekoak, alegia. Gauzak horrela, soldata-piramidea hartuta, 1979tik tontorreko %1en soldatak %240 igo diren bitartean, langileen erosahalmena estatiko mantendu da bizi-kostuaren gorakadaren aurrean. Egun estatubatuarren %47rentzat ezinezkoa litzateke 400 dolar lortzea ezusteko larrialdi baten aurrean. Lanpostu duinetan ere legeak ez du asteko atseden ordu kopuru jakinik ezartzen, ez dago oporraldi ordaindurik, are gutxiago gurasotasun baimenik, eta osasun zerbitzua zientzia fikzioa da. Edozein enpresaburuk, ordea, batez beste langile baten soldata baino 400-500 aldiz gehiago irabazten du. Frantziako Estatuan 91 aldiz gehiago irabazten dute eta Espainiakoan 125 aldiz gehiago. Euskaldun batzuk serio-serio entzun ditut kexaka Mondragon Korporazioak proportzio hau hirutik bederatzira igo ostean. Irribarreari eustea zaila zait halakoetan.

Urrutitik ikusten dut AEBetako ekonomia gero eta sakonago erdibitzen: batzuk dena ematen ari dira gutxi batzuek dena irabaz dezaten. Geure begien aurrean, soldata eta eskubide duinetako lanpostuak txikitu eta hauek gig motako lanekin ordezkatuak, Uber, Amazon Flex eta gisakoen eskutik. Batzuk dinamika honen aurrean aho bete hortz geratu arren, oraingo egoera gorria ez da harritzekoa, langile-boterea ahultzeko hamaika erreforma ekarri dituzten hamarkada hauen buruan. Zenbaiten ustez ekonomia efizientzia eta produkzioa maximizatzeko joko hutsa da, eta hala, enpresa arrakastatsuek gizartearen mesedetan jokatzen dute klase ertain diruduna sortuz. Beste batzuok, aldiz, jabeen eta familia langileen arteko hil ala biziko borrokatzat dugu ekonomia. Eta tira-bira horretan, hobekuntza oro indarrak bilduz eta herri boterea sustatuz baino ez da etorriko.

XX. mendeko ekonomia kolonialistaren berezkoak diren desoreka eta esplotazioa ahaztu gabe, fenomeno berri eta arriskutsu baten aurrean gaudela esan dezakegu. Plataformen bidezko enpresen mundu honetan bi lan mota baino ezin ditugu aurkitu. Glovoren kasuan, alde batetik, oso sari xume baten truke janaria garraiatzen aritzen direnak –kontratupean egongo balira haien soldata legez kanpokoa izango litzateke ezbairik gabe–, eta bestetik, jabeak, aplikazioa sortu eta ondoren konpainia kudeatzen dutenak. Glovok duopolioa sortu du, bi langile mota baino ez daukan enpresa. Batzuek egiazko soldatak, gizarte segurantza eta ehunka, milaka edota milioika euroko irabaziak eman ahal dituzten akzioak erosteko erraztasunak dituzte. Besteek, fitsik ere ez.

XXI. mendea baino lehenagoko manufaktura-industrien irudia zaharkituta geratu zaigu. Gaur egungo erraldoi teknologikoek –Facebook, Google, Twitter, Uber, etab.– ia ez dute langile eta kokaleku fisikoen beharrik –normalean AEBetan izaten dituzten egoitza nagusiez gain–, eta zergarik ez dute apenas ordaintzen. Praktika hauekin, irabaziak itzelak dira kostuen aldean. Izan ere, ez baita erraza enpresa hauen gastuak zeintzuk diren zehaztea.

Gasteizko Glovoko langile bat

Esternalizazioari dagokionez, Glovoren “berrikuntzarik” nabarmenena langile oro autonomo bihurtzea da. 2013tik aurrera Espainiako Estatuan autonomoen kuotak sistema progresibo baten arabera ezarri dituzte. Hasieran, hilero 60 euro ordaindu behar dira eta urtebetera, zure negozioak irekita badirau, kuota 100 eurora igotzen da. Azkenik, hirugarren urtetik aurrera hilean 364,22 euro ordaindu  behar da. Glovoko lan elkarrizketan kuota honi buruz galdetu nuen. Nagusiak eguraldia deskribatzean erabiltzen den tonuarekin komentatu zidan ia langile guztiek lana hasi eta urtebetera utzi egiten dutela, kuota igo ahala ordaindu ezin dutelako. Nire kasuan hasiberrientzako kuotak soldataren hamaseirena hartu zidan, kuota osoa ordainduz gero, soldataren erdia hartuko zukeen.

Beste era batez esanda, Glovok enpresari txikiei laguntzeko politika publiko bat hartu du eta langileei gizarte segurantzaren kostuak ez ordaintzeko erabiltzen du. Langile guztiek urtebetean lana uzten dutenez, Espainiako Estatua Glovori itzelezko laguntza ematen ari zaio, zuzenki ez bada ere. Subsidio hau gabe Glovoren lan egitura desegingo litzateke: langile bakoitzeko 304,22 euro aurrezten ari da hilero. Esate baterako, Valentzia hirian 200 rider egonda, 60.844 euro gutxiago ordaindu behar ditu hilero. Estatu osoan milioiak ote?

Enpresa hauei guztiei arretaz behatuz gero, estrategia baten zantzuak aurki daitezke. Denek ezaugarri bera partekatzen dute: eskaintzen dituzten zerbitzuak oso merkeak edo doakoak dira. Zinez enpresari txarrak direla pentsa genezake, baina, egiatan, beren negozioak dakarren kostuak esternalizatuz eta prezio ia erridikuluak ezarriz, ekonomiaren sektore osoak monopolizatzen ari dira. Geroago, monopolioa eta esternalizazioa baliatuta, prezioak igotzen dituzte, kontsumitzaileen kaltetan –langileek, jakina, ez dute gehiago kobratuko–. Harrapakari hauek beste esparruetara hedatu ahala, soldata hobeak eta lan eskubideak dituzten industriak xurgatu eta gig lan ziztrinez betetako paisaia antzua uzten ari dira. Langileak, indibidualizatuta bezain etsita, ezin dira joera honen aurrean altxatu; jendeak, aldiz, ez ditu aldaketa hauek zalantzatan jartzen edozein berrikuntza teknologiko halabeharrezkotzat ikusten duelako.

AEBetan eraginak aski hedatuak dira dagoeneko. Hezkuntzan, aldi baterako lanpostuak dira nagusi irakasleentzat eta erabiliko duten material guztia beraiek erosi behar dute. Zamalanetan dihardutenek gero eta azkarrago egin behar dute lan soldata beraren truke. Garbitzaileak kaleratzen dituzte, ondoren lan bera egiteko, baina kontratu tamalgarriago batekin. Garraio-kamioiak gidariek erosi behar dituzte eta zorra kitatzeko zortzi ordu baino gehiagoko lanaldia bete behar dute. Azkenean erraldoi teknologikoen berrikuntzarik handiena langileen artean etsipena eta prekarietatea zabaltzea baino ez da izan. Beren estrategia ezartzeko jokaera sistematikoa da hau, langile klaseko elkartasun eta boterea garatzeko itxaropena txikitzea du helburu. Profil ezin espezifikoagoa behar ez duen edozein lanpostu sistema honen biktima potentziala izan daiteke. Taktika hau hainbat esparrutara zabaldu da, nahiz eta horietan teknologia berrien zantzurik ez egon. Langabezia tasa altua baino ez dute behar, herritarrak edozein baldintzapeko lan prekario onartzeko prest izateko.

Etorkizuna: zeuk esan

AEBetatik aspaldi joan nintzen eta oraingoz ez dut itzultzeko inolako asmorik ere. Hau esatean hemengo jendea txundituta utzi ohi dut. Euskal herritarrek familia eta herriarekin duten harreman estuagoagatik ote? Askok oraindik ere ez du ulertzen zergatik etorri nintzen hona. Egia esan, behin itzuli egin nintzen. Laster konturatu nintzen AEBetan zer-nolako perspektiba “xarmangarriak” nituen eskura: lan gorrotagarri bat hautatzea, txarra eta alokairua ordaintzeko behar beste emango ez zidana. Ikaskide ohiekin bildu nintzela gogoratzen dut. Zorretan, jatetxeetan zerbitzari eta gutxieneko soldata kobratzen ari ziren. Are okerrago, halako egoeratik irteteko inolako planik gabe. Gogoratzen dut autoa hartu behar izaten nuela leku guzti-guztietara joateko, tabernetara joateko ere bai. Gogoan dut lagunekin plan lasaia egiteko 100 dolar ordaindu behar izana. Itzultzea erabaki nuen.

Euskal Herrian, erresistentzia kolektiboa oraindik sortzear da.
Gasteizen, nire bizitokian, haserreak graffiti forma hartu du Glovoren egoitzaren hormetan

Ez nintzen hona etorri hemengo gizartea izugarri erosoa zaidalako edota Euskal Herriaren xarma paregabeagatik. Hemen geratzea erabaki dut ez dudalako pentsatu behar ea zein den okerrago: tiro bat jaso ondoren hil ala ospitaleko faktura mordoari aurre egiteko biziraun. Alokairua ordain dezaket 06:00etatik 20:00etara arte lan egin behar gabe. Lanetik etxera iristean, lasaitu eta lagunekin hitz-aspertuak egin ditzaket burua etengabe mugikorraren edo lanaren menpe izan gabe. Kontu hauek ez dira huskeriak; izan ere, haiei esker bizi nahi dudan bizitza izan dezaket. Distantziatik begiratzen dut zer nolako txikizioa eragin duten nire gurasoen belaunaldiaren erabakiek AEBetako ekonomian, politikan eta gizartean. Benetan espero dut akats horiek hemen ere ez direla errepikatuko.

Itxaropenerako arrazoiak daude. Glovoren aurkako erresistentzia zantzuak dagoeneko ikus daitezke. Sindikatu eta abokatuak fronte legalean gogor ari dira eta langileen aldeko epai batzuk lortzen hasiak dira. Artikulu hau idatzi dudan bitartean Glovo helegitetan dabil riderrak benetako autonomoak direla eta bere jarduera erabat legala dela defendatu nahian. Sare sozialen bitartez gig ekonomiako banatzaileak lehen sindikatu eta kooperatibak sortzen ari dira, grebak antolatu ahal izatea eta indarrak metatzea helburu. Bartzelonan eta Madrilen startup alternatiboak agertu dira Glovo eta antzekoei konpetentzia zuzena egin nahian. Euskal Herrian, erresistentzia kolektiboa oraindik sortzear da. Gasteizen, nire bizitokian, haserreak graffiti forma hartu du Glovoren egoitzaren hormetan. Horrekin, argi utzi nahi izan da arriskuaz kontziente den jendea egon badagoela. Hasiera gisa ez dago txarto, baina hobeto egin dezakegulakoan nago.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Prekarietatea  |  Gasteiz

Prekarietatea kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude