"Soinuz inguratuta nengoen, eta ezinezkoa zen abestirik ez egitea"

  • Soinu teknikari ezaguna da Angel Katarain, baina inork gutxik zekien IZ estudiotik denek alde egiten zutenean han gelditzen zela bera, parean aurkitutako instrumentuekin esperimentatzen. Coldwave edo post-punk giroak gogorarazten dituzten 42 abesti grabatu zituen 1983 eta 1993 bitartean –pieza bakanak eta aski bitxiak orduan parajeotan egiten zenerako–. Promozioak betidanik gogaitu izan duenez, itzalean eduki ditu urte askoan, lagunei eta gertukoei bakarrik erakutsiz aurrena, bandcamp helbide batean zintzilikatuz gero. Orain, abesti horien hautaketa bilduma bat berrargitaratu du Hegoa Diskak zigilu berriak, eta horren aitzakian elkartu gara Ordiziako plazan. Musikari buruzko hitz-aspertuak laster eraman gaitu garaiko giro politikora, eta hala atera dira hizpidera etengabeko atxiloketak, kobazuloetako ihesaldiak, bere arreba Yoyesen hilketa, eta beste hainbat kontu.

Argazkia: Angel Katarain
Argazkia: Angel Katarain

Ez zaizkio hedabideak gehiegi gustatzen Angel Katarain Gonzalezi (Ordizia, 1961). “Arrebaren kontuekin eta, prentsa sentsazionalista sarri ibili izan da inguruotan bueltaka, eta azkenean bukatzen duzu merezi ez duena gorrotatzen”. Elkarrizketa proposamena egindakoan, halere, ez du ezetzik esan: “Ez dut inoiz baztertzen hizketarako gogoa duenarekin kafe bat hartzea. Grabagailuarekin Ordiziako plazara etortzen bazara, hitz egingo dugu, eta merezi duen zerbait ateratzen bada, argitaratu dezakezu”. Tramankulu artean hazitakoa da Katarain: 12 urte zituenerako bozgorailuak eraikitzeko gai zen aitona arotzaren laguntzaz. Gero, Fernando Unsainen eskutik IZ estudioan hasi zen soinu teknikari gisa. M-ak-en sorreran parte hartu zuen Kaki Arkarazo lagun minarekin –gerora Matxinadak proiektuan elkartuko ziren berriro–, baina pixkanaka urrundu zen, taldeak punk ingelesaren oihartzunak barneratu ahala. 1995ean, berriz, Azkarate estudioa sortu zuen Jonan Ordorikarekin eta Amaia Apaolazarekin batera. Orain ziklo hori ixten ari da: estudioko trasteak atera ditu, eta Iararen zaintza lanetan dabil, “amatasunari emana”. Ez du aspertzeko betarik, halere.

1983 eta 1993 bitartean egindako kantak biltzen ditu diskoak. Zer iruditu zaizu Mikel Acostak egin duen hautaketa?

Harritu ninduen proposamenak. Estilo honetako musika egiteak orain arte ezer gutxirako balio izan dit –dirua galtzeko eta diskoz jositako paketeak etxean pilatzeko, asko jota–. Baina ez dago erraza jende motibatua topatzea, eta ez nuen nik kikilduko.  Diskoaren bi bertsio egin zituen, eta biak gustatu zitzaizkidan. Lehendabizikoa luze samarra atera zitzaion, ez zen biniloan kabitzen. Pixka bat moztuta, bederatzi kanta horiek gelditu ziren. 1983tik 1986ra bitartean dena dago mikro bidez zinta magnetikoan grabatuta, laguntza tekniko handirik gabe, behin eta berriro joz. Elektronikak pisu txikia du hor –erritmo kaxa zaharrak eta garaiko teklatuak bakarrik erabili nituen–. Ondorengoak, aldiz, digitalean daude grabatuta, eta elektronikak pisua hartzen du pixkanaka. Masterizatzerakoan kanta zaharren eta ez hain zaharren arteko lotura landu behar izan dugu batez ere. Edonola ere, zaharrenei eman die lehentasuna Mikelek.

Irudipena daukat Jon Zabaletaren azalak ondo biltzen duela zure musika mundua.

Bikain ulertu du. Mikelek zerbait kontatuko ziola pentsatzen dut. Bere kapsulan sartuta ageri den tipo hori… halaxe zen. Gure burbuilan bizi ginen, ahal bazen ez gintzatela ikusi, eta kainoiak kanporantz apuntatuz beti [barrez]. Aitonak esaldi bitxiak bota ohi zituen, eta behin esan zidan: “Angel, munduaren erdia kanpora begira bizi da, eta beste erdia barrura begira”. Nire musika barrura begirakoa zen. Ez zitzaidan gustatzen deskontrola eta iskanbila, eta horrekin lotzen nituen rocka, punka, eta folk tradizionala. Kanpora begirako mezuak ziren haiek. IZ-n lanean hasi nintzenean grabatu behar izaten nituen talde ia guztiak –estilo askotarikoak izan arren– kanporanzkoak ziren, eta horrek zerikusi zuzena izaten du argiratzearekin, saltzearekin eta kontu horiekin. Nik ez dut inoiz interesik eduki nire kapsulatik kanpora ailegatzeko. Egiten gozatzen nuen, baina promozioan pentsatzea oso gogorra zitzaidan. Ondo iruditzen zait jendeak egitea, baina nik ez dut inoiz gogorik izan.

Katarain gaztetan, estudioan (Argazkia: Angel Katarain)

Garai hartako hemengo musika panoraman ez zegoen zuk egiten zenuenaren antzeko ezer. Zerk eragiten zizun?

Ezer gutxik, edo ez dakit zerk. Batzuetan, kantak egiten nituen eta gero Kaki Arkarazok topatzen zizkidan erreferentziak. Hari asko interesatzen zitzaion kanpoko musika. Esaten zidan: “Zuk egiten duzunaren antzeko talde bat dago”, eta The Residentsen diskoa ekartzen zidan. Edo nire kantu bat entzutean esaten zidan: Brian Enoren antza du, edo Cocteau Twinsena, edo Laurie Andersonena. Eta ohartzen nintzen hala zela, baina ez nituen ordura arte entzun. Inork ez du ezer asmatzen, munduan beti dago norbait zure oso antzeko zerbait egin duena lehenago. Disko bakarra dago auskalo nola nire etxera iritsi zena eta etengabe jartzen nuena: Klaus Schulzen Timewind. Ez dakit gogoak nola funtzionatzen duen, entzuten duguna islatzen ote dugun kanpora, baina nire estiloa ez da izan “honek zer egiten duen erreparatuko dut, ea bere oihartzunik itsasten zaidan”. Ez dut halako interesik eta beharrik eduki. Nik abestia aurkitu egiten nuen. Goizetan, estudioan besteen lanak grabatzen ari nintzela, jada buruan bueltaka hasten zitzaidan gauean grabatuko nuen abestia.

Kolpetik etortzen zitzaizkizun kantak, orduan.

Melodiak burura etortzen zitzaizkidan, eta, grabagailurik eskura ez baneukan, desagertu egiten ziren. Bob Dylanek esaten zuen: “Musika hor dago, esperientzia propioa dauka, eta norbaitek bera ikusi eta erregistratzea besterik ez du nahi”. Uste dut arrazoi duela. Abestia bat-batean agertzen da. Puzzle baten zatiak airean harrapatu ahala hura osatzea bezala da, inguratzen zaitu eta zuk grabagailura bideratzen duzu. Nik bakarrik lortzen ez banuen, laguntzen zidan Kakik edo Amaia Apaolazak –gerora nire konplizea izan zena denean–. Melodiak kantatzen nizkien, eta haiek gitarrarekin edo teklatuarekin ateratzen zuten abestia. Eta estudioko beste musikariek ere parte hartzeko arriskua izaten zuten berandu arte geldituz gero [barrez]. Baina eguna iristen da musikak inguratzen ez zaituena, eta orduan ez daukazu ezer bideratzeko –eta saiatzen bazara lardaskeria besterik ez duzu egingo–. Garai hartan, soinuz inguratuta nengoenez, ezinezkoa zen abestiak ez egitea. Norbaitekin maiteminduta zaudenean bezala da: ez zara lasaitzen esaten diozun arte. Gaua noiz iritsiko zain egoten nintzen, abestiek alde egingo ote zidaten beldur. Estudioan bakarrik gelditzen nintzenean, inguruko instrumentuei begiratu, batzuk hartu eta hasten nintzen. Abestia isuri arte, ez nintzen gelditzen. Batzuetan gau osoa igarotzen nuen kanta bat egiten, eta biharamunean, lanaldia amaitu orduko nahasten nuen. Niretzat garrantzitsuena zen abestia gainetik kentzea. Edo isurtzen dut, edo bihar beste zerbait izango da. Ezin nuen onartu kantak ihes egiterik.

"Norbaitekin maiteminduta zaudenean bezala da: ez zara lasaitzen esaten diozun arte. Gaua noiz iritsiko zain egoten nintzen, abestiek alde egingo ote zidaten beldur”

Arrikrutzko kobazuloetan grabatutako Sala 5 eta Sala 3 abestiak beste era batera sortuta daude, ordea.

Bai, kobetara zer suma joaten ginen. Bideo kamera eramaten nuen, eta harekin grabatzen nuen audioa ere. Haitzuloko estalaktitak joz txalaparta modukoa egiten genuen. Hura bestelako soinu mundua zen. Arrikrutzez gain, Ataungo Troskaeta koba ere nire inguru propioa zen. Han gordetzen nituen etorkizuneko espedizioetako erreserbak. Askotan bakarrik joaten nintzen, aste osoa igarotzen nuen ingurua linternekin eta kandelekin argitu eta argazkiak ateratzen, estalagmiten gaineko tantak entzunez, erlojurik gabe, latetatik janez, eguna ala gaua zen jakin gabe. Jende asko gonbidatu nuen sentsazio haiek proba zitzaten. Hura nire etxea zen. Ordiziako etxean gurasoak eta bederatzi anai-arrebak zebiltzan aurrera eta atzera, halako familia handi batek ematen duen eromen eta poz guztia zegoen han, baina baita gauez polizia ere, eta manifestazioak, eta greba orokorrak, eta atxiloketak, eta etengabeko miaketak… Batzuetan estudiora berandu iristen nintzen, Donostian zehar nenbilelako polizia furgoiren batean sartuta.

Familia kontuengatik?

Noski. Yoyes ordurako jopuntuan zeukaten, eta iheslarien lagunak eta senitartekoak fitxatuta geunden. Hartzen nuen trena Madrilgo erakusketa bat ikusteko, eta trenean bertan atxilotzen ninduten; edo bestela, iristean. Eta bestela kontroletan, edo estudiora bidean, edo handik ateratzean. Kontzertuetan ere bai. Etengabe. Ostiak ematen zizkidaten alde guztietatik eta kolore guztietakoek: aurrena grisek, gero marroiek eta baita berdeek ere. Bizi zarenean kaleei iskin egiten, kikilduta, une batetik aurrera altzari ibiltaria bihurtzen zara, zure baitatik bakantzen zaituen oskol modukoa sortzen zaizu. Ni eskafandra moduko batean sartzen nintzen, eta handik ikusten nuen mundua. Nire koadrilakoak eta lagunak euskal borrokaren eta haren musikaren oso gertukoak ziren –erdiek preso edo ihesean amaitu zuten–. Baina banuen nire lagun talde hippya ere, Syd Barret, Frank Zappa edota David Bowieren zale sutsuak ziren estralurtar ilunak. Musikazaleak izanagatik, ez zeuden sorkuntza zirkuluetan, eta drogen menpe edo HIESak harrapatuta amaitu zuten askok. Nik nahasi samar neuzkan poliziak, melena luzea eta ile beltz zaharrez egindako berokia baineramatzan. Ez zekiten zer nintzen, ETAkoa edo jonkia. Hirurogei urterekin jarraitzen dut burbuila horretan bizitzen. Agian orain finagoa da, baina halere jarraitzen dut mundua ikusten beste toki batetik bezala. Eskafandra garai hartan jarri nuen, ordea –autodefentsa bezala, noski–. Zerbait behar nuen, zartada bat ematen zidatenean burura indar gutxiagorekin iristeko, eta kalera ateratzeko beldurrak uxatzeko.

Eta, hala eta guztiz ere, garai hartako oroitzapen onak dituzu.

Beldurrak airean bizi ginen, baina zoriontsuak ginen aldi berean. Pizgarri positibo asko zeuden: askatasuna, giro existentzial hippya, mendiak… eztabaidatzen genuen ea taoistak edo budistak ziren hobeak, edo Carlos Castanedaren irakaspenei buruz, edo droga kontuez –perretxiko hau hartuz gero garunaren alderdi honetara joango zaizu–, edo meskalinaz, azidoez, eta gure buruaren ezagutzan sakontzen lagundu zezakeen edozerez. Baina nik ez nuen kanuto bat ere erretzen, ikusten nuelako nola eragiten zien besteei. Haien bidaiarekin drogatzen nintzen. Eta mendira eramaten nituen, haitzuloetara, gogoak ihes egiteko eta amesteko tokietara. Handik begiratuta, mundu errealak ematen zuen komiki bat, graziarik gabekoa eta simaurrez josia. Egun batzuen buruan herrian lur hartzen genuen, eta han dena zen mobilizazioa. Ni norbanakoen independentziaren aldekoa nintzen, baina ez zidan loa kentzen nazioen independentziak. Zer ziren nazioak? Mundu horretatik urrun sentitzen nintzen. Munduko muga guztiak gerrekin eta odolarekin eginda daude, eta, zer eta hemen gehiago jarri nahi dituzue? Oso ondo iruditzen zitzaidan atzetik neuzkan polizia haiek uxatzea, baina ez nentorren oso bat euskal ezkerraren dinamikekin. Kontra ere ez nengoen, eta lagundu behar bazen laguntzen nuen, nahiz eta funtsean askorik axola ez –ekitaldietara gonbidatzen nindutenean esaten nien ni libretik nindoala–. Elkar gorrotatzen zuen jendearen laguna nintzen, baina ni ondo sentitzen nintzen gogoa irekita sumatzen nion edozeinekin. Nire burbuilan zerbaitek esaten zidan: hemen gera zintezke, hemen ez. Beti gerturatu izan naiz nirekin zerbaitetan bat egin dutenengana. Lagunak ez dira hautatzen beraien ideia edo pentsamenduengatik, oso ondo zer den ez dakigun bibrazio moduko batengatik baizik. Horrekin sintonizatzen dugu.

Ziur asko alderantziz funtzionatzen du gehiago: amaitzen duzula pentsatzen duzuna pentsatzen inguratzen zaituen jendearengatik…

Bai, alderantziz da. Baina gaztetan iruditzen zaizu lagunekin zaudela zu bezala pentsatzen dutelako. Ni azkar ohartu nintzen ezetz, egunero estudioan egoten nintzelako elkarren antipodetan zegoen jendearekin, izan politikoki izan musikalki. Umetatik, etxetik ateratzerako ikasi behar izan nuen ideia kontrajarriekin bizitzen. Azkenerako, ohartzen zara badaudela lotura batzuk ideiekin zerikusirik ez daukatenak, indartsuagoak direnak, eta luzera eraginkorragoak ere bai, pertsonak aldarazten dituztelako. Hor badago zerbait zerikusia duena irekitasunarekin. Batzuk irekiagoak dira, besteak itxiagoak. Eta beste batzuei sumatzen zaie irekiko direla, une batez itxita egon daitezkeen arren. Sentitu egiten duzu, pertsona hori denborarekin ireki egingo da, eta jakingo du bere munduak kontrastatzen. Eta, azkenik, badira sekula irekiko ez direla ikusten duzun beste batzuk, astazakilak, batzuk jatorrak eta asmo onekoak, beste batzuk urruti eduki beharrekoak, ohartzerako azken energia tanta zurrupatuko dizutenak. Baina buru irekikoak iruditzen zaizkizun haiek berdin du une jakin batean zer pentsamendu zehatz duten, zure laguntzarik gabe ere irekitzen jarraituko dutelako. Eta desberdintasun horretatik aberastu zaitzakete, gainera.

Yoyes hil zuten egunean estudioan sartu eta abestiak egiten igaro zenuen gaua. Nola oroitzen duzu hura?

Lehenik, garai hartan Euskal Herrian gertatu zena komentatu nahi dut. Gogorra izanagatik, ez da ezer berezia, historian behin eta berriro errepikatzen diren ziklo unibertsalei erantzuten die. Gizakiak batzuetan asmatzen du eta besteetan ez. Irekia denak akatsa onartzen du, hobetzen du, eboluzionatzen du. Astazakilek ez. Eta horiek bihurtzen direnean gehiengoa, edo lortzen dutenean gainontzekoak manipulatzea, hasten dira hondamendi kolektiboak. Planetako toki askotan ari da gertatzen egun. Sortzean arrazoizkoak eta inspiratzaileak diren mugimenduek batzuetan gradualki ixten dute beren begirada, eta amaitzen dute zoritxarreko hondamendi izaten. Zentzugabekeriaren espiralak dira, parean topatzen duten guztia txikitzen dute, eta azkenean beren burua ere bai, desagertzera kondenatutako erakunde bihurtuz. Urte askoren buruan iristen da ikuspegi kolektibo berri bat hura beste ertz batetik ikusten duena, eta orain ezin dugu ulertu gertatu zenik ere. Nola kontatu gure seme-alabei? Burutik jota geundela pentsatuko dute. Baina nork daki, agian hurrengo belaunaldiari egokituko zaio bere espiral zikin propioa, erabat inguratuko dituena eta zerbait arrunta balitz bezala biziko dutena. Ez dugu ikasten, behin eta berriro errepikatzen ditugu akatsak.        

Argazkia: Angel Katarain

Hilketa baino aste batzuk lehenago hitz egin nuen berarekin Donostian, eta ordurako bazekien, gogaituta, azken neuronak utzi zuela ETAn bizitzari eta heriotzari buruzko erabakiak hartzen ziren mahaia. Hilko ote zuten beldur zen. Niretzat esajerazio izugarria zen. Astazakilak bai, baina hainbeste –eta hainbestekoak– ez. Ezagutzen nituela iruditzen zitzaidan, eta halaxe esan nion. Baina egun gutxira frogatu nuen arrazoi zuela. Unean tristura eta amorrua sentitzen duzu, ez dakizu ondo zeren aurka. Izakia baino, unibertso osoa gaitzesten duzu, sentitzen duzulako kolpetik zure aurka altxa dela. Zure burbuilako kristala lurruntzen da, irudia desagertzen da eta hankek ez dizute kasurik egiten. Gau horretan sortu ziren Yoyes 1986 diskoko sei abestiak, argirik gabe. IZ-ko Kawai-aren aurrean eseri eta grabatu, grabatu, grabatu… oso mantso, handik mugitu ezinik, eta mugitu nahi gabe. Dena segidan. Egun batzuren buruan zatirik onenak hautatu nituen, eta efektu zehatz batzuk gehitu nizkion base nagusiari.

Noiz utzi zenion abestiak egiteari?

Uste dut zerikusia duela denok daramagun bizitza gutxi gorabehera aspergarriarekin. 1993tik aurrera kanpora begiratzen hasi nintzen, eta albo batera utzi nuen nire aitonak hainbestetan aipatzen zidan barne begirada hura. Bankuari ordaindu behar nion, amaitu zen norberarentzako denbora. Azkarate estudioa eraikitzen hasi nintzen Amaiarekin eta Jonan Ordorikarekin batera, soinuaren munduan maila profesionalagoan sartzen, biretan eta bidaietan klase guztietako ekitaldietako soinuaz arduratzen, eta lana bihurtu zen lehentasuna. Bitxia da: nahi nuen nire abestiak grabatzea inoren menpe egon gabe, eta, bai, artista askoren abestiak grabatu nituen, baina nireak ez ziren inoiz itzuli. Sormena ziurgabetasunetik gertu dago, eta 70eko eta 80ko hamarkada haiek erabat ziren ziurgabeak: ez zenekien biharamunean jango ote zenuen, atxilotu eta ibairen batean flotatzen aurkituko ote zintuzten, errusiarrek edota amerikarrek bonba atomikoa jaurtiko ote zuten… Bizi ginen familiakoak agurtuz. Lagunak preso zeramatzaten, edo ihes egiten zuten, edo hil egiten ziren. Edozein unetan bizitza buka zitekeela pentsatzen genuen. Orduan, segurtasunaren mundura gerturatzen zarenean eta egunerokoak jaten zaituenean, sormenak begiratzen zaitu, esanez: “Banoa zu baino ezegonkorrago dagoen norbaiten bila”. Nik hala bizi izan dut.

"Segurtasunaren mundura gerturatzen zarenean eta egunerokoak jaten zaituenean, sormenak begiratzen zaitu, esanez: “Banoa zu baino ezegonkorrago dagoen norbaiten bila””

Ziurgabetasun garaiak bizi ditugun honetan, agian une ona izan daiteke itzultzeko…

Agian konfinamenduak esnaraziko gaitu eta irudipen berriak ekarriko dizkigu, auskalo. Zonbi beldurti asko ikusten dut hortik zehar. Nik txikitzen jarraitzen dut. Egunotan estudioa trastez husten ari naiz, behin betiko. Azkaraten artistaz jositako hiru solairuetan egotetik pasako naiz logela txiki batera, ohe bat, ordenagailu eramangarria eta bozgorailuak dituena, eta neska txiki bat bere panpinekin. Ikusiko dugu ea hirurogeita gehiago urterekin sormenak harkor harrapatzen nauen. Agian gerturatzen da Iara urruntzean. Edo agian ez da inoiz itzuliko, eta ez da ezer gertatzen –gustura nago garai batean ekarri zidanarekin, eta jada ez dut ezer espero–. Bizitzak beti ematen dizkio sorpresak begirada irekita duenari, historia eta mundu zoragarri asko daude deskubritzeko, eta ni beti nabil zerbaiti bueltaka. Badaezpada arropategian gorde ditut kable batzuk, teklatua eta oraindik soinua ateratzen duten tramankulu batzuk.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
2024-03-24 | ARGIA
Korrika: 23 edizioetako kanten bilduma

43 urte igaro dira AEK-k lehenengo Korrika antolatu zuenetik 1980an. Lekukoak egindako ibilbideen, leloen, abestien eta omendutako pertsonen errepasoa jarraian.


2024-03-24 | Lander Arretxea
Musika iruditan (I)
Bideoklipei begira, lentearen beste aldetik

Mundualdi honen soinu-banda osatzen duten abesti gehien-gehienek propio filmatutako irudiak izan ohi dituzte: bideoklipak. Musikariengandik oso gertu, ikus-entzunezko egileen belaunaldi gazteago batek lan horretan aurkitu du zineman edo telebistan ez duen hori: trebatzeko... [+]


Anari Alberdi. Zazpigarren azalberritzea
"Nire eremua soziopoetika da"

Martxoaren 1ean elkartu gara Anarirekin, Giza zarata argitaratu eta biharamunean. Andoaingo poligono batean egin dugu hitzordua: han dauka taldeak entsegu-gela. Poster zaharrez eta instrumentuz inguratuta hitz egin dugu, alboko gelakoen erritmoez lagunduta. Larunbatean, hilak... [+]


2024-03-17 | Xalba Ramirez
'In' salto mesedez

Katuzaldia
Ezezez
Autoekoizpena, 2023

----------------------------------------------------

Inoiz ez dut jakin oso ondo zein den “rollo british” musikan, sekula ez naizelako bereziki zalea izan, akaso. Ezezez entzutean, ordea, ez dut dudarik zer esaten duten... [+]


Eguneraketa berriak daude