Eneritz Furyak, unibertsoa loreetan emana

Emadan | Eneritz Furyak | Autoekoizpena, 2021
Emadan | Eneritz Furyak | Autoekoizpena, 2021

Eneritz Furyak irundarra ez da belarri errazentzako artista izan inoiz. Izateko asmorik ere ez ziurrenik. Bere ahoskera eta harrabotsa frankotiratzaile gisa erabiltzen zuen lehen, orain margolari moduan darabil eta gai da unibertso berri bat oparitzeko. Neurtu ditu disonantziak eta naretasun erabatekorik gabe josi du disko geldo eta eder-ederra.

“Fabrikazio sistematik at” dago –eta egongo da– Furyak-en Emadan, 2021ean autoekoiztua eta autograbatua. Hemen ez duzu topatuko euskal merkatu txiki horretan hegemoniatxoa bilatuko duen undergroundez edo bazterrekoaz mozorrotzen den artistarik. Autentikotasun sena bere-berea du Furyakek, ezarritakoaren aurrean luddita baten antzera: erre azken pieza!

Gitarra da oinarri, baina sintetizagailuekin panorama kosmiko zabalak koloreztatzen ditu. Izkander Fernandezek eder esan bezala, azalean dauden lore horiek izan daitezke bere musika, ilunaren baitan gehituz kolorea.

Errepikapena da nagusi diskoan, bakarrik konposatzean looperrak erraztu duelakoan akaso, eta kapak gehituz eraiki dira kantak. Une batean ordea, gantxo gisa funtzionatzen duten ihesaldiak ere baditugu, arreta berreskuratu eta kantari lotzeko, Beltzaile kantan errepikatzen den “i” horren gisan, jostailuzko sintetizagailu batekin bueltaka. Furyak, orain bezala lehen, asko jolastu du ahotsarekin eta soinuekin, eta orain une dibertigarriak eskaintzen ditu.

Maria Arnal eta Marcel Bagés-ek kaleratu berri duten Clamor diskoarekin batera entzuten ari naiz Emadan. A posteriori egindako entzunaldi gurutzatu honek bi lanen arteko konexioak errazten ditu eta oihartzun egiten du Furyak-ek meteoritoetan, gizaki ez diren izakien arteko harremanetan, munduaren amaieran, eta munduaren hasiera berri batean. Donna Harawayren cyborgak eta Björk-en irudiak imajinatzeko gaitasunak bat egiten dute.

Mundu osoaren historia une bakar batean joan daiteke. Neguko gau bat, pianorik gabe, eraginkorra den drogaren bat. Arnasa bat. Hutsune bat. Istanteen aldarrikapena dago Emadan-en eta lasaitasunerako gonbidapena. “Iraungiko haiz, sua bezala baina sua haiz, aspaldi ez bezala”.

Hauskortasuna eta ausardia batzen diren puntua da Emadan. Disko txiki batean unibertsoa kondentsatzeko gai. Gizaki adina izaki sartuko diren lore eta kolore sorta. Ez du errekorrik egingo ez Spotify-n eta ez Youtuben, baina marka utziko du zapaltzen duen lurrean.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Diskoak
2022-11-27 | Iker Barandiaran
Bizi(g)arria

Harritu nau –zentzu onean– proiektu berri honek. Adiera edo zentzu asko ditu hitzak eta Bergaran Aitor Aldanondok harri baten inguruan sortutako honek baditu hainbat. Urteetan hartutakoa –bizitakoa– nolabait atera nahi izan du lan honetan.

Ibilbide... [+]


2022-11-20 | Xalba Ramirez
Zintzo izatearen fantasia

Eñaut Elorrietaren inguruko dokumental bat egin zutela-eta, Tabakalerara gonbidatu ninduten orain bizpahiru aste. Gustuz hartu nuen lagunarteko estreinaldirako gonbita, baina zinema aretora hurbiltzean jende asko hasi nintzen topatzen; hor Paul eta Itziar, hor Sarri, hor... [+]


2022-11-06 | Iker Barandiaran
Katuek baino ertz gehiago

Batzuetan elementu asko elkartu behar dira aurreikusi ez duzun emaitza bat ateratzeko. Hori gertatu da nolabait Gernika eta Bermeo artean sortutako Feline taldearekin. Primeros Auxilios punk taldeko Iñaki Baini-k etxean elektronikarekin jolasteari ekin eta maketa batzuk... [+]


2022-10-30 | Xalba Ramirez
Gustuko lautadan nekerik ez

"Hemen, errebelazio bat bezala, espazioa eta denbora argiago ikusten dira". Miren Narbaiza bueltan da berriz, eta eskerrak. Eszenak eman duen kantugilerik berezienetako bat da Narbaiza. Kanta berriak nola gobernatzen dituen ikustea besterik ez dago.

Zeren, sortzaile... [+]


2022-10-16 | Iker Barandiaran
Bi altxor eta sorleku bakarra: Buenawixta

Asko poztu nintzen Artza anaiek diskoetxe berria abiaraztearekin bat Barrakos-en maketa –non erosiko nuen, Boga tabernan?– berreskuratu eta biniloan ateratzeko asmoa zutela jakitean. Izan ere, aipatutako maketa –1990koa– gure musika historian oharkabean... [+]


Eguneraketa berriak daude