“Sua da, seguruenik, gu gaur hemen egotearen arrazoia”

  • Harria harriaren kontra. Urtero, Barrikako jaietan, San Joan bezperako sua pizten du Iñaki Libano algortarrak, orain 100.000 urte inguruan bizi ziren neanderthalek egiten ei zuten modu berberean. Arkeologo amateurra da Libano, baina eskarmentu handikoa, garai guztietako aztarnategi ugaritan jardun baitu azken 40 urteotan. Bidean, momenturen batean, arkeologia esperimentalarekin egin zuen topo. Teoria ulertzeko, praktika ikasi.

Bere etxean hartu gaitu Libanok, Barrikan. Argazkiko piezak berak egindakoak dira, historiaurreko teknikak erabiliz.
Bere etxean hartu gaitu Libanok, Barrikan. Argazkiko piezak berak egindakoak dira, historiaurreko teknikak erabiliz. (Argazkia: Hodei Torres)
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Arkeologia esperimentala. Zer da hori?
Gustatzen zait eskuekin gauzak egitea, eta aztarnategiei buruzko dibulgazioa egiteko garrantzitsua da jakitea historiaurrean nola egiten zituzten lanabesak, Behe Paleolitotik Neolitora. Hainbat ikastaro egin nituen, eta horrela heldu nion Bizkaian oso jende gutxik jorratzen duen alor bati. Izan ere, gaur egun, herrialde osoan bik baino ez dugu egiten presio bidezko harri-lanketa (Kobre Aroan bezala), eta beste bizpahiruk kolpatze bidezkoa (Paleolitoan bezala). Erakustaldiak egin ohi ditut museoetan eta ikastetxeetan, eta ikastaroak eman dizkiet historia ikasleei.


Trebetasun berezirik behar da?
Esku trebeak behar dira, baina edonork ikas dezake hori. Hala ere, beste gauza bat ere behar da: material egokia. Silexa. Bestela, jai. Eta inguru honetan asko dugu, Barrikako Kurtzio mendian, hain zuzen. Kurtziokoa zen Kantauriko itsasertz osoko harrobi nagusia historiaurrean. Bertakoa da silex onena, eta leku askotan agertu izan da: Errioxan, Asturiasen, Frantzian... Silex guztiak dira desberdinak, eta bakoitzak bere marka du. Kolorea, granulometria, fosilak... Horregatik dakigu nongoak diren.


Zergatik inbertitzen dugu hainbeste diru eta denbora iragan hain urruna ezagutzeko?
Tira, dirua ez hainbeste, kar kar. Orduak bai, asko eta asko. Hara, kultura da. Jakingura. Orain gauden leku honetan neanderthalak (gure lehengusuak) ibili zirela pentsatzea...


Lehengusuak. Oraindik dago eztabaida neanderthalen eta sapiensen arteko hibridazioaz?
Batere ez. Haien geneak ditugu, hori argi erakusten dute ikerketek (hau diot irakurri egin dudalako, ez naiz genetikaria). Sapiensak Europara heldu zirenean, gurutzaketa egon zen. Ez asko, ez zen sekulako orgia izan, baina egon zen. Eta gero Europa osoan barreiatu ziren gene horiek. Guri orain proba bat egingo baligute, gene neanderthalak aurkituko lizkigukete.


 

Argazkia: Hodei Torres

Orduan, neanderthalak desagertu ala diluitu egin ziren?
Desagertu. Seguruenik sapiensen presio demografikoagatik, ehizatzeko harrapakin faltagatik... Batzuek diote hotzagatik izan zela, baina neanderthalek 200.000 urte zeramatzaten hemen, hotza, beroa eta denetik jasaten. Kontua da sapiensek teknika hobea zutela ehizatzeko, gai ziren 10-15 metrora zegoen animalia hiltzeko. Neanderthalek, berriz, piztiaren ondo-ondoraino hurbildu behar zuten, eta lantza-kolpeka akabatzen zuten harrapakina, 8-10en artean, lehoiek bezala. Horrek hezurrak haustea zekarkien, eta zauri larriak, eta tarteka batzuk hiltzea. Emakumeek eta gizonek elkarrekin egiten zuten ehiza; ez da egia, esan izan den bezala, emakumeak bazterrean geratzen zirenik, haien aztarnek gizonezkoenek adina haustura dute eta. Bestalde, komunikazioa bazuten, baina ez ziren gai hitzak bata bestearen ondotik josteko, sapiensek egiten zuten bezala. Eta hitz egiteko gaitasuna ere oso garrantzitsua da ehiza egiterako orduan.

Paleolitoko eran sua egiten ere badakizu...
Bai, Bizkaia osoan bik dakigu hala egiten.


Gurea da suaren beldur ez den animalia espezie bakarra?
Oro har bai, baina ohitzen den animalia bakar bat ere ez da suaren beldur; etxe barruan gurekin bizi direnak, adibidez. Dena dela, gu ere izutzen gaitu suak, baina kontrolatu egiten dugu. Australopitekoak izan ziren erabiltzen lehenak (eta haren beldur ziren), baina ez zuten kontrolatzen, ez zekiten sortzen. Badakigu orain dela 1,4 milioi urte erabiltzen zutela, aztarnategietan ikatz-arrastoak agertzen direlako. Baina milaka urteko aldiak daude arrastorik gabe, eta horrek adierazten du ez zekitela pizten. Bazekiten ona zela, eta suertatzen zitzaienean naturatik hartzen zuten. Orain 400.000 urte inguru, berriz, homo heidelbergensis espezieak, neanderthalen aitzindariak, sua egiten ikasi zuen. Horrek aukera eman zuen berotzeko, janaria erretzeko (elikagai gehiago hartzen dira horrela, digestioa errazten baita), eta gutxiago aipatzen den baina agian garrantzitsuagoa den zerbaiterako: denbora luzatzea. Gauaren ilunean ezer ikusterik ez badago, denak lotara. Baina suaren alboan egonda, nahi beste denbora duzu ezagutza transmititzeko, txikienei lanabesak egiten irakasteko...

Suak humanoago egin gintuen, gaur hitz horri ematen diogun adieran?
Bai. Eta sua da, seguruenik, gaur hemen egotearen arrazoia. Besteak beste, suak eragin zuen burmuina handitzea, elikadura hobetzearen ondorioz.


Espezialistak zeuden, edo denek zekiten sua egiten ?
Edozein umek zekien. Hipotesia da, noski, baina segurutzat jo daiteke, biziraupenaren giltzarrietako bat zenez gero, txikitatik ikasten zutela. Gaur egun, esate baterako, masai leinuko umeek ikasten duten bezala, historiaurrean egiten zen eran egiten dute eta. 

Pirita eta silexa: jo ta su
“Sua egiteko modurik zaharrena kolpatzea da. Burdin minerala duen harri batez (pirita hau, esate baterako) silexa joz gero, txinparta bat sortzen da, modu honetan [azalpenak ematen dizkigun bitartean, erakustaldi praktikoa egiten ari da Libano]. Historiaurrean, lanabesak egiteko silexa kolpatzen ari zirela jabetuko ziren horretaz, eta orduan hasiko ziren sua kontrolatzen. Begira zer txinparta txikia den, eta horrekin abiarazi behar da sua. Zoriaren araberakoa ematen du, baina ez da; nik, orain, hau egiten jarraituko banu, bost minutuan piztuko nukeen, eta haiek ere berdintsu egiten zuten. Arinago ezin da”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Arkeologia
Aurpegiko tatuaje bakanak

Duela mende bat Perun aurkitutako momia baten aurpegiko tatuajeak aztertu berri dituzte. Emakumezko baten momia da eta 800 urte inguru ditu.  Adituek ez dakite zer funtzio zuten tatuaje horiek, baina oso bereziak direla nabarmendu dute. 

Batetik, aurpegiko... [+]


Desberdinkeriaren jatorriaz

Indo ibaiaren harana, duela 5.000 urte inguru. Mohenjo-Daro hiriak 35.000 biztanle inguru zituen eta, berriki PNAS aldizkarian argitaratutakoaren arabera, Giniren koefiziente oso baxua zuen, 0,22koa –koefiziente horrek gizarteen desberdintasun ekonomikoa neurtzen du,... [+]


Resako aztarnategia Andosillan
Ebroko muga zaharraren lorratzetan

Nafarroako Erriberako Andosilla herrian, sorpresa ugari ematen ari den indusketa arkeologikoa egiten ari dira Aranzadiko arkeologoak eta herritar boluntario taldeak. Resako aztarnategian orain arte oso ezezaguna zaigun Goi Erdi Aroko gizarteak hobeto ulertzeko aztarnak aurkitu... [+]


Maite Errarte:
“Etorkizuneko etnografoek sakelekoen bilakaera aztertuko dute akaso”

Aranzadi Zientzia Elkarteko Etnografia Sailaren zuzendari berria da Maite Errarte Zurutuza (Beasain, 1995), urrian Fermin Leizaolaren lekukoa hartu ondoren. Kultura materiala aztertzen jarraitzeko beharra azpimarratu du, gizartearen memoria eta bizimodu aldaketak erregistratzeko... [+]


Hau Pink da, Europako gure lehengusu txikia, eta 1,4 milioi urte ditu

Atapuercako aztarnategian hominido zahar baten aurpegi-hezur zatiak aurkitu dituzte. Homo affinis erectus bezala sailkatu dute giza-espezieen artean, eta gure arbasoek Afrikatik kanpora egindako lehen migrazioei buruzko teoriak irauli ditzake, adituen arabera.


Iruña-Veleiako aztarnategia ‘hondeatzaileaz ez suntsitzeko’ manifestaziora deitu dute

Martxoaren 30erako Iruña-Veleia martxan, SOS Iruña-Veleia eta Euskeraren jatorria elkarteek manifestaziora deitu dute, Aski da! Argitu, ez suntsitu lelopean. Azken bi urteetan "hondeatzaileak sistematikoki eremu arkeologiko oso aberatsak suntsitzeko modu... [+]


Lucy: izar mediatikoak 50 urte

Etiopia, 1974ko azaroaren 24a. Lucy-ren hezurdura aurkitu zuten Hadarren, giza arbasoen arrasto zaharrenetakoa. Australopithecus afarensis espezieko hominidoak 3,2 eta 3,5 milioi urteren artean ditu.

Homo espezieen arbasotzat jo zuten orduan, gu guztion amatzat. Mende erdi... [+]


Duela 200 urteko arkeologoaren mezua

Normandiako erromatar garaiko aztarnategi batean lanean ari zirela, arkeologia ikasle batzuek aurkikuntza bitxia egin dute berriki: buztinezko eltze baten barruan kristalezko flasko txiki bat topatu zuten, XIX. mendean emakumeek lurrina eramateko erabili ohi zuten... [+]


Beste hainbeste geoglifo Nazcan

Yamagata unibertsitateko Masato Sakai arkeologo japoniarra buru duen ikerlari talde batek geoglifo ugari aurkitu berri ditu Nazcako basamortuan (Peru). Guztira 303 geoglifo topatu dituzte, orain arte ezagutzen zen geoglifo kopurua ia bikoiztuta. Horretarako adimen artifiziala... [+]


Indarkeria, endogamia eta baztanga Trebiñun

Trebiñu, VI. mendea. Eremita talde bat Las Gobas kobazuloetan bizitzen hasi zen, eta historiaurretik okupatutako Laño ibaiaren haitzarte hartan kobazulo berriak hondeatu zituzten. Hurrengo mendean kobazuloetako bat nekropoli modura erabiltzen hasi zen bertako... [+]


2024-07-24 | ARGIA
Erromatar arrasto gehiago aurkitu dituzte airetik harturiko irudiekin, oraingoan Arkaian

Arkaiako erromatarren eremu termalean San Tomas ibaiari loturiko azpiegitura hidrauliko handi bat aurkitu dute, baita lur azpian 3.000 metro koadroko eraikin bat ere, garai hartako etxalde batenak izan daitezkeen arrastoekin.


Bilbaoko ehiztari-biltzailea

Mexikoko Coahuila basamortuan, Bilbaoko dunak izeneko parajean, giza eskeleto baten arrastoak topatu dituzte. Arkeologoek aztertu ondoren, ondorioztatu dute 950-1250 urte artekoak direla eta Candelariako kulturarekin lotuta daudela.

Aurkikuntza berri pozgarria izan da... [+]


5.000 lagunentzako zirku erromatar baten aztarnak aurkitu dituzte Iruña-Veleian

Arabako aztarnategi arkeologikoaren ondoan 280 metro luze eta 72 metro zabal dituen egitura ezkutatzen da soroen azpian. Arkikus enpresak drone bidezko kartografia teknika bereziak erabilita egin du aurkikuntza. Euskal Herrian ez da halako besterik eta Tarraco edo Calagurris... [+]


Eguneraketa berriak daude