"Komikiak ahalmen hori ere badauka, hain ezaguna ez den alde iluna azaleratzekoa"

  • Berunezko itsasoa komikian Matxitxako lurmuturreko itsas gudua irudikatu zuen, eta Tristísima ceniza-n Sollube mendikoa, biak 1937an gertatuak, Espainiako Gerra Zibilean. El pico de los cuervos-en frankismo garaira egin zuen salto; eta bere azken istorioa, Helize, Bizkaiko ontzioletako ingurumarietan gertatzen da, Lehen Mundu Gerran. Historia hurbila.


2021eko martxoaren 07an
Bilboko Saralegi plazan atera diogu argazkia Begoñari, San Luis mehategia zenaren tximinietako baten aurrean. Miribillan zeuden mehategiek erakarrita –Malaespera eta Abandonada izenekoak ere bazeuden–, langile asko etorri zen auzora bizitzera. / HODEI TOR
Bilboko Saralegi plazan atera diogu argazkia Begoñari, San Luis mehategia zenaren tximinietako baten aurrean. Miribillan zeuden mehategiek erakarrita –Malaespera eta Abandonada izenekoak ere bazeuden–, langile asko etorri zen auzora bizitzera. / HODEI TORRES

Historian lizentziatua, liburuzaina… Artxibo eta dokumentu artean beti. Nolatan bururatu zitzaizun bildutako informazio hori guztia komikira eramatea?

1990eko hamarkadan irakasle aritu nintzen. Klasean filmak proiektatzen nituen; uste dut zinema bitarteko aproposa dela gai batzuk jorratzeko, ikasleei astuna egin dakiekeen materiala arintzen laguntzen du. Garai hartan Frantziako komikigintza ezagutu nuen, eta generoaren inguruko beste ikuspegi bat eman zidan. Aljeriako Independentzia Gerrari eta Parisko Komunari buruzko komikiak, Jacques Tardirenak… Flipatu egiten nuen. “Arraioa, guk ere historia aberatsa daukagu; zergatik ez horrelako zerbait?”, pentsatzen nuen.

Hain justu, Frantzia eredu dela esan ohi duzu zuk.

Bai, nire iparra da, bai komikigintzari baita historia lantzeko moduari dagokionez ere. Historia-eskola inportanteenak han daude, eta dibulgazioak pisu handia dauka. Zentzu horretan, komikiak baliagarriak dira hainbat gertaera azaleratzeko. Entretenitzeaz gain, edukiak zabaltzea izan behar dute helburu. Hurbileko kontuak erakusteko modu bat dira, ez soilik mundu mailako historia handiak, baizik eta eskualdean gertatuak, bertoko pertsonen bizipenak…

Matxitxako eta Sollubeko guduak, Bizkaiko ontzioletako jarduna… Memoriak huts egiten ez badit, gertaera historiko horiez apenas irakatsi ziguten ezer eskolan-eta.

Gertatzen dena da gai potoloak irakatsi ohi direla, topikoak. Ikasleei baliabideak eman behar zaizkie gaiak beste ikuspegi batetik aztertzeko. Topikoetatik ihes egiten saiatzen naiz ni, gai zehatz bat aukeratu eta ikuspuntu desberdina eman, horretarako pertsonaiak baliatuz. Gertatzen ari dena bere moduan interpretatzen du bakoitzak.

Helize abentura-komikian, adibidez, badira “anaia irlandarrak” lagundu nahi dituztenak, eta badira “alemaniar botek zapaldutako guztiak” babestu eta bereziki Britainia Handiarekin merkataritza-akordioak lotu nahi dituzten “feniziarrak”.

Hala da, bai. “Feniziarrak” terminoa irain moduan darabilte lehenengoek. Sabino Aranak erabili zuen termino hori, Bizkaitarra egunkarian plazaratutako Feniziar bandera artikuluan, berak sortutako alderdi [EAJ] barruko korronte bat salatzeko, Ramon de la Sota enpresa buruak ordezkatzen zuena. [Aipatu artikuluan, “merkataritzaren eta industriaren sukarrak doilortuta”, beren interes ekonomiko partikularren alde egiten zuten “sasi-abertzaleak” seinalatu zituen Aranak, Helize-ren glosarioan jasoa dagoenez].

Komikia abiatzen da Artaun-Mendi baporearen hondoratzearekin. Benetako historia bat dago gertaera horren atzean.

Bai. Umea nintzenean nire aitxitxek kontatzen zigun naufragio batean ibili zela Lehen Mundu Gerran. Ason izeneko ontzian ibilitakoa zen, eta Glasgowra bidean zihoazela jo zuten alemaniarrek. Komikian gertatzen den moduan, tripulazioa kostaldera gerturatu zuen alemaniar urpekariak, haien txalupa soka batekin lotuta. Horrelakoetan, txalupako marinel batek aizkora eramaten zuen beti eskuan, urpekariak hondora joz gero soka kolpean mozteko.

Itsasoa oso presente dago zure lanetan.

Itsasoari lotua baitago Sopela inguruko historia. Uribe Kostako herritar askok egin du lan Ontzidi-Merkataritzan; agian ez hainbeste arrantzale moduan. Helize komikian ageri den Anton da nire beste aitxitxeren alter egoa. Arrantzalea zen hura, Armintzakoa. Jendea komikiko pasarteekin identifikatua sentitu dela nabaritu dut, gertukoak zaizkiola.

"Parrapean jardunaldietan komiki lehiaketa antolatzen genuen. Batxilergo artistikoko ikasleek euren lanak aurkezten zituzten. Komikia, artea izanik, ez bada batxilergo artistikoan lantzen..."

Garai gordinak islatu ohi dituzu. Inoiz zentsuratu al duzu zure burua, gai edota pertsonaia bati buruz idaztean?

El pico de los cuervos egin nuenean izan nuen autozentsuratzeko tentazioa, nolabait esatearren. Benetan gertatutakoak ditu ardatz komikiak, eta protagonistetako batzuk bizirik daude oraindik, salatari edo espioi bezala aritu zen gizona, adibidez, tipo ilun samarra bera. Baina izen eta guzti aipatzea erabaki nuen. Ezin dugu beti beldurrez ibili. Gainera, kasu horretan zehazki, aurretik argitaratutako liburu batean agertzen ziren beraren inguruko datu guztiak. Zalantzak nituen, frogarik gabe inor aipatzea arriskutsua izan daitekeelako, baina frogak bazeuden, eta gainera argi dut komikietan egia esan behar duzula beti, ezin zara gezurretan ibili.

Kazetaritza kutsua edo oinarri historikoa daukaten komikietan jolastu daiteke fikzioarekin, gezurrarekin, zelan ez! Baina irakurleak ondo bereizi behar du zer den fikzioa eta zer egia, bien arteko mugak non dauden jakin behar du –horretarako eransten dira komiki-dossierrak–. Asmatutakoa benetako historia bezala saltzen denean sortzen da arazoa. Edo errealitatea gehiegi makilatzen denean idazlearen ikuspegiarekin lotzeko.

Komiki bat dokumentatzeko lana hartzen dugunean, dokumentazioak agintzen du, eta fikzioa haren aginduetara jartzen da.

Kazetaritza-generoa aipatu duzu. Frogarik gabe inor seinalatzeko “beldurra” kazetariok ere badaukagu…

Izatez, lotura estua baitago komikigintzaren eta kazetaritzaren artean. Frantzia eredu da horretan ere bai. Askotan aipatzen dudan komiki bat Etienne Davoudeau- ren Cher pays de notre enfance da. Charles de Gaulle presidente ohia ageri da azalean, besteren odolak zipriztinduta, Estatuarekin lotura zuten erakunde batzuek gerra zikina baliatu zutela ilustratzeko [Aljeriako gudaren ingurumarian]. Ikerketa sakon baten emaitza da, marrazkilariak eta Benoît Collombat kazetariak elkarlanean egindakoa. Datu oso potenteak jasotzen ditu, benetan da liburu ona. Ahalmen hori ere badauka komikiak, hain ezaguna ez den alde iluna azaleratzekoa.

Ricardo Sendra marrazkilaria izan zenuen alboan hasieran, eta Iñaket 2008az geroztik. Nola moldatzen zara ilustratzailearekin?

Puntu batera arte elkarlanean aritzen gara, eta hortik aurrera libre dira, ezin baituzu beti marrazkilaria kontrolpean izan. Ni gidoia egiten noa, gauzak deskribatuz, binetak pixkat zehaztuz, elkarrizketak… Gero, bakoitzak bere moduan interpretatzen du. Iñaketek zirriborroa egiten du… Tira, batzuetan erakutsi ere ez dit egiten [barreak]. Saiatzen naiz dokumentazio ahalik eta zehatzena bidaltzen, edozein gauzaren argazkiak-eta. San Frantzisko auzoko [Bilbo] liburutegian lan egiten nuenean ezagutu genuen elkar Iñaketek eta biok. Proiektu bat sortu eta Angulemako [Frantzia] komiki azokan aurkeztea erabaki genuen. Baita saldu ere, Cambourakis argitaletxe frantsesari eta Norma espainiarrari [haiek publikatu zuten Tristísima ceniza]. Normarekin gerora ere aritu ginen.

IÑAKET Iñaki Martinez Iñaket ilustratzaile bilbotarrarekin 2008az geroztik ari da lanean Begoña. / HODEI TORRES

Angulema aipatuta, inportanteak al dira gisa horretako azokak, lanak ezagutarazi edo harremanak estutzeko?

Bai, beharrezkoak dira, alde askotatik. Editorea baldin bazara aukera duzu eskubideak saldu eta erosteko, adibidez. Eta egilea baldin bazara eta bertan mahai bat jarri, komikiak saldu eta sinatuko dituzu, harremanak egin, lagunekin egon… Giro berezia sortzen da, zaletasun beraren bueltako jendea biltzen duena. Diruagatik baino, zentzu horretan komikigintza ez baita oso errentagarria, zaletasunagatik ari dira sortzaileak honetan. Noski, dirua ere inportantea da inork komikigintzan profesionalki jardun nahi badu, baina zaletasunik ez badauka… Argitaletxe askorentzat Angulema edo Getxokoa moduko azokek aukera ematen dute produktuak zuzenean saltzeko, banatzailerik gabe, eta hori errentagarriagoa da egilearentzat.

Helize Harriet argitaletxearekin plazaratu duzue. Euskarazko komiki asko publikatzen du. Pentsatzen dut euskarri garrantzitsua dela.

Zutabe inportantea da, bai. ‘Harriet’ [Gregorio Muro], pertsona bezala, zikloi bat da. 2015Ean sortu zuen argitaletxea, helburu hartuta 1980ko hamarkadan berak eta beste autore batzuek egindako komikiak berrargitaratzea, Frantzian sortutako lanak euskarara ekartzea edota euskal komikigintzaren inguruan dabiltzan egileei leku egitea. Erreferentzia bihurtu da, eskaera sortu du. Garai batean esaten zen komiki irakurlerik ez zegoela, baina zer irakurri askorik ere ez zegoen. Eta beste hanka bat promozioarena da. Kosta egiten da elkarrizketak lotzea, hedabideetako kultura-sailetan komikiak ez du leku propioa izan.

Aldaketarik sumatzen al duzu zentzu horretan? Alegia, komikiak beste “estatus” bat duela, nolabait esatearren.

Prestigioaz ari bagara, bai. Lehen bazirudien komikiak zirela umeentzako tebeoak. Orain “eleberri grafikoak” izatera pasa dira, badute horrelako kutsu zera bat… Tira, termino hori sortu zen estatus intelektuala lortzeko bidean, “arte sekuentziala” bezala, neurri batean. Baina egia da lehen ohikoak ez ziren gaiak eramaten direla komikira, ikuspegi berrietatik. Nire ustez komikiak badu nolabaiteko prestigioa, baina horrekin batera saldu egin behar da, ekonomikoki errentagarria izan behar du. Normakoak esaten zidan eurek gehien saltzen dituzten komikiak ez direla nobela grafiko oso… Frantzian ez dakit zenbat ale saltzen dituzten horien modukoak –Persepolis salbu, agian–, baizik eta komertzialagoak, manga-eta, nahiz eta manga gauza asko izan daitekeen. Azken finean aukera ahalik eta zabalena izatea da kontua, jendeari ikusaraztea edozein gairi buruzko komikiak dituela eskura.

Manga aipatu duzu, irakurle gazteekin lotzen den generoa. Ez da erraza izango gazteak euskarazko komikietara erakartzea.

Handia baita konpetentzia, Internet-eta, aukera oso zabala dute eskura. Gu gazteak ginenean denbora-pasa nagusietakoa komikiak irakurtzea zen. Erdi ezkutuan egiten genuen, ez zelako “serioa”, umeentzako ziren… Gero, helduentzako komikiak ailegatu zirenean, ume eta gazteentzako produktuak apur bat bazterturik geratu ziren, transmisioa eten zen, nahiz eta orain apurka-apurka berreskuratzen ari den. Harrietek berak hainbat komiki plazaratu ditu, Astiberrik ere bai, klasiko batzuk (Asterix, Tintin) berrargitaratu dira, Xabiroi daukagu…

Hain justu, Ikastolen Elkarteak argitaratzen duen aldizkarian kolaboratu izan duzu. Paper garrantzitsua jokatzen al du, irakurle gazteak komikira hurbiltzeari dagokionez?

Baietz uste dut. Gakoetako bat da euskal komikigintzan, oinarri sendo eta erregularra. Urtean album bat publikatzen du, hiru hilean behin ateratzen den aldizkariaz gain. Eta proiektuaren inguruan biltzen diren egile horiek guztiak… Zaindu egin behar da.

Eta irakaskuntzan, nola ikusten duzu panorama?

Irudipena daukat komikigintza ez dela gehitxo lantzen. Dena den, Komikeri blogean jaso ditut eskaera batzuk bibliografiak prestatzeko. Berritzeguneetatik ere eskatu dizkidate gauzak, baita ikastetxe batzuetatik ere, komikia, artea izanik, interesgarria delako klasera eramatea, ez soilik komiki bat nola egiten den lantzeko, baita irakurzaletasuna bultzatzeko ere. Irakaskuntza oso zurruna da batzuetan, eta zaila da material berria txertatzea. Duela urte batzuk [2014-2017 artean] Parrapean jardunaldiak antolatzen genituen Bilbon, komiki lehiaketa tartean. Batxilergo artistikoa eskaintzen zuten zentroekin harremanetan jarri ginen, tailer batzuk eman genituen, eta ikasleek euren lanak aurkeztu zituzten lehiaketara. Komikia ez bada batxilergo artistikoan lantzen…

Ez dizut galdetu, zer moduz daramazu pandemiaren kontu hau guztia?

Konfinamendua niretzat pagotxa izan zen, denbora mordoa nuen! (barreak). Komikiak patxadaz irakurri behar dira. Presaka bizi gara; gauza gehiegi eta arinegi irakurtzen ditugu sarri. Itxialdian beste erritmo bat hartu genuen, eta etxean nituen komikiekin gozatu egin nuen nik. Margolan bat bezalakoa dira, patxadaz ikusten hasten bazara, beste modu batera preziatuko dituzu.

IÑAKET

 

Gudu zelaietako kronikagile

2020an publikatu zuen Begoñak 'Helize' komikia. Hura du azkena, baina baditu berriak labean.

Mikel Begoña Garaizar. Sopelan jaioa 1964an. Historian lizentziatua, liburuzaina –Bilboko Begoña auzoko udal liburutegian ari da orain lanean– eta komiki gidoilaria. Ricardo Sendra marrazkilari argentinarrarekin batera autoeditatu zuen bere lehenbiziko albuma: Berunezko itsasoa (Gure Erroak, 2007), Matxitxakoko guduaren 70. urteurrenean. 2008an Iñaket ilustratzaile bilbotarrarekin hasi zen elkarlanean, eta berarekin publikatu ditu Tristísima ceniza (Norma/Cambourakis, 2011), Sollubeko guduak eta Robert Capa argazkilariaren bizipenak jasotzen dituena; El pico de los cuervos. Matar a Franco (Norma, 2013), ustez bi ministerioren eraikinetan –Madrilen– lehergailuak jartzeagatik 1963an atxilotu zituzten Joaquín Delgado eta Francisco Granado anarkisten kasuaren ingurukoa; Ötzi trilogia (Norma, 2015-2019), Kobre Aroan girotutako western ukituko kontakizuna; eta Helize (Harriet, 2020), Lehen Mundu Gerraren testuinguruan kokatua, Bizkaiko ontzioletako jarduna ardatz. Tartean, euskarazko beste komiki bat: Arditutakoak (Bertsozale Elkartea, 2017), Adur Larrearen marrazkiekin. 2012an Komikeri bloga sortu zuen, euskarazko komikien biltokia (Komikeri.wordpress.com).


ASTEKARIA
2021eko martxoaren 07a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#5
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Komikiak
2023-12-15 | ARGIA
'Ño' komikiaz solasaldia, gaur Bilboko La Sinsorga kulturgunean

Ño komikiaren testuen egile Miren Artetxe eta Eli Pagola, eta Maitane Gartziandia ilustratzailea Bilboko La Sinsorga kulturgune feministan (Askao Kalea, 9) izango dira gaur, arratsaldeko 19:00etan, haien lanaz hitz egiteko.


Euskarazko komikien HernaniKomik II. azoka

Azaroaren 17an eta 18an izango da, ostiralez eta larunbatez, Hernaniko Atsegindegi plazan


Mikroa eskuan eta irribarrea ezpainetan

Ño!
 

Testuak: Eli Pagola eta Miren Artetxe
Ilustrazioak: Maitane Gartziandia
Argia, 2023

------------------------------------------------------

Komikia hasi aurretik eta amaitu ondoren bai azal eta kontrazalean, bai tapa eta barruko tapetan informazio... [+]


2023-09-27 | ARGIA
‘Ño!’ komikiaren erakusketa inauguratuko dute ostegunean Hernanin

Maitane Gartziandia, Eli Pagola eta Miren Artetxe egileek komikiaren lan prozesua eta mamia azalduko dituzte Kulturarteko Plaza Feministan irailaren 28an, komikiaren marrazki originalez lagunduta. Urriaren 5ean Iruñeko Laban aurkeztuko dute beren lana egileek.


Eguneraketa berriak daude