AEB-etan, Amazon-en baitako lehen langile sindikatua sortzeko aukera bidean dute

  • 800.000 langilerekin, AEBetako bigarren enplegatzaile handiena da Amazon multinazionala. Zuzendaritzaren joera antisindikalistak bidea oztopatzen diela, langileak ez dira ordea sindikatu baten baitan antolatuak. Baina COVID-19aren testuinguruak eragindako lan karga eta lan baldintza kaskarren eraginez, egoera irauli eta sindikatu bat sortzeko bidea ireki dute AEBetako hego ekialdeko Bessemergo lantokikoek. Sindikatuaren sorrerari buruzko bozketa abian da, eta baietzak irabaziz gero aurrekari garrantzitsua litzateke, Amazonen beste lantokietan ere antolaketa kolektiborako akuilu izan daitekeena.

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Baliteke COVID-19 izurriteak ondorio pozgarri bat behintzat ekartzea: AEBetako hego ekialdeko Bessemer hiriko Amazonen biltegiko langileek sindikatzeko bidea irekirik dute, eta lortuz gero, multinazional honen baitako AEBetako lehen sindikatua litzateke. Hori horrela, Jeff Bezos Amazonen buruaren antisindikalismo amorratuaren baitan agerturiko arrakala berri bat litzateke.

Biltegi berria da Bessemerrekoa, iazko martxoan irekitakoa. Garai berean agerturiko koronabirusaren eraginez eskaerak azkarki emendaturik –2020ko urtarriletik apirilera 24 bilioi dolarrez emendatu zen Bezosen aberastasuna, negozio-zifra %40 emendatuz– laster sentitu zuten lan kargaren emendioa bertako langileek, baita oinarrizko eskubideen alde kolektiboki antolatzearen premia. Hain zuzen, komertzioaren sektoreari dagokionez, sindikatutako inguruko enpresetan errazagoa zitzaien oinarrizko eskubideen errespetua exijitzea: lanaldian maskara zein bestelako babes neurrien eskuratzea. “Orduz geroztik, geroz eta langile gehiagok dute ikusten ahots kolektiboaren garrantzia”, dio The New York Times-i eskualde hartan militatzen dabilen Stuart Appelbaum RWDSU sindikatuko presidenteak.

Amazonen bezeroentzat iazko urriaren 13 eta 14an finkaturiko Prime Day beherapen egunek eskaera ezin jasana bilakaturik, luzatu zioten sindikatu bat sortzeko eskaera National Labor Relations Board agentzia federalari. Abendu bukaeran, biltegiko 2.000 langilek egitura baten sorrerari buruzko bozketa eskaturik, antolatzeko “nahiko interes” bazegoela ondorioztatu zuen Lan Harremanen Batzar nazionalak. Bozketa abiaturik, martxoaren 29a arte iraunen du sindikatuaren sorrerari buruzko iritzia emateko aukerak.

Orotara, 5.800 langile batzen dira Bessemergo biltegian, eta hauez gain 800.000 dira AEBetan, Amazonentzat lanean ari; AEBetako bigarren enplegatzaile handiena denean –Walt-Mark supermerkatu erraldoia delarik lehena, hau ere bere antisindikalismoarentzat ezagutua–. Bistan da, sindikaturik ez izanki, hitzarmen kolektiborik ez dute enplegatzailearen eta enplegatuen artean. Nahiz eta banaturiko “soldata handiak” goraipatu zuzentzaritzak, horretaz aparte, ez dute hitzarmen kolektiboek dakarten langile eskubideen bermerik. “Ordua 25 dolar pagatuz gero ere, zer balio du horrek aldi berean ez banauzue ongi tratatzen?” oharra irakurri daiteke The New York Times-en artikuluan.

Bessemerren sindikatu bat osatzeak ez luke AEBetako beste biltegientzat balioko, baina sindikatzeko ideia errotzen lagundu dezakeela argi dute aldekoek. Horretarako dira AEBetako txoko guztietatik Alabamako lantoki horretara begira. Horren lekuko Bernie Sanders demokrata ezagunak sare sozialetan zabalduriko mezua: “Antisindikala den estatu batean daude, indar antisindikal gogorrei aurre egin beharra dute, baina argi geratu dadila: haien garaipena AEBetako langile guztien onerako izango da. Haien aldean izateaz harro”.

Zuzendaritza ezetzaren aldeko presioa bideratzen dabil

Horrela da: sindikatuaren sorrera saihesteko makineria antolatu bati aurre egin beharra daukate langile militanteek. “Izurrite egoeraz hitz egiteko bilerarik ez dugu; haatik, bilkura behartuak ditugu zeinetan entzun behar izaten dugun zer heinetaraino diren sindikatuak guretzat eta enpresarentzat txarrak”, dio Bessemergo biltegiko langile batek AFPko kazetariari.

Zuzendaritzak ere badaki baietzak irabaziz gero, ondoko biltegietara  ere zabaltzen ahalko litzatekeela kolektiboki ekiditeko gogoa. Horrek dakar ezetzaren alde eramandako lana: posta bidezko bozketa ezeztatzeko auzibidea –azkenean, auzitegiak atzera botatakoa–; sindikatuen kontrako propaganda eta indibidualismoaren aldeko mezu argia bideratzen duen www.doitwithoutdues.com webgunearen sorrera; aldeko kanpaina eramaten dabiltzanen kontrako presioak, eta abar. Kotizazioen kontrako mezu sinplista plazaratzen dabil: kotizatuz dirua galduko duzu, hobe diru hau aurreztu eta liburuak zein opariak erosteko baliatzea. “Amazonek sms mezuak bidaltzen dizkit, langileon pausa geletan ere zabaldurik ditu ezetzaren aldeko mezuak, komunetaraino hedatzen dizkigu! Erabat neurriz kanpokoa da bideraturiko propaganda” dio anonimotasuna atxiki nahi duen langile batek pareko kazetariari.

Mundu mailan 1,2 milioi langile dira Amazonentzat ari –COVID-19ak inarrositako 2020 urtean %50 emendatu zen kopurua, bataz beste egunero 1.400 langile berri zituen kontratatu, developpez.com gunearen arabera–, eta AEBetan ez bezala, herri batzuetan sindikaturik daude langileak. “Amazonen politika antisindikalistari ez” zutabea plazaratu zuten iazko urrian Libération egunkarian hogei bat eurodiputatuk. “Pandemia hasi zenetik, Amazonek izan dituen irabazien hazkunde esponentzialak ez dizu (Jeff Bezosi mintzo dira) baimentzen legez babesturiko oinarrizko printzipioen zangopilatzea”, irakurri daiteke gutunean. Hain zuzen, orduan jakin zen Amazonek “informazio analistak” enplegatu nahi zituela, hainbat “mehatxu” saihesteko asmoz –tartean, “terroristak”, “Amazonekiko kritiko diren talde politikoak” baita “langile erakundeak” ere–.

Pinkerton espioi agentzia ezagunarekin elkarlanean

Sindikatuak jomugan ditu aspaldian 187 bilioi dolarreko aberastasuna daukanak. XIX. mende bukaeraz geroztik langileen eskubideen aldeko borrokak zapuzteko lanetan berezitutako Pinkerton National Detective Agency espioi agentziari dei egin izan dio ere –inolako konplexurik gabe–. Espioi horiek genituen 1886ko Haymarket sarraskiaren oinarrian, orduz geroztik maiatzaren lehen guztiz oroiturikoa –Pinkertonen espioiek grebalarien mugimendua infiltratu eta liskar odoltsua probokatu izana salatu zuten ordungo sindikalistek–. Hainbat manifestari bertan hil edota atxilotu eta heriotz zigorrera bideratu zituzten Poliziak eta Justiziak.

Hainbat barne-dokumentu eskuraturik, eman zuen espioi kontratatze hauen berri Motherboard komunikabideak. Sindikatuen bileren segipena, protestei buruzko datu zehatzen bilketa –nor, non, noiz eta zertan dabilen–, zein Amazonen aurkako ekintzak bideratzen dituzten elkarteen jarraipena, legez kontra doazen hainbat ekinbide argira ekarri zituen komunikabideak.

Hori horrela, arrakala inportantea litzateke AEBetako Amazonen baitako lehen sindikatuaren sorrera. Zentzu berera, urtarrilean Google-ko langileek zuten lehen sindikatua sortu, Alphabet Workers Union izenekoa. Badirudi, langileriaren identitate kolektiboa desagerrarazteko zailtasun geroz eta gehiago ukanen dituztela GAFAMeko (Google, Amazon, Facebook, Apple eta Microsoft) oligarkek.


ASTEKARIA
2021eko otsailaren 21
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Maddi Ane Txoperena Iribarren  |  Pikara Magazine
#2
Melisa Perez Garcia  |  Pilar Revilla Martinez  |  Yolanda Payueta Lopez de Robles
#3
Eneko Atxa Landa
#4
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sindikalgintza
Sindikalgintza hezkuntza publikoan: borrokatzen jarraitzeko beharra

Euskal Eskola Publikoaren alde borrokatzea STEILASen ikurra da. Ikasturte hasierarekin batera, gogoratu behar da aurreko ikasturtean hainbat kolektibotan akordio garrantzitsuak sinatzea lortu genuela, hezkuntza publikoan grebak eta mobilizazioak egin eta gero. Lan-akordio horiek... [+]


5.000 lagun batu dira Baionan, Macronen austeritate politikak salatzeko

Greba eguna da gaurkoa Ipar Euskal Herrian zein Frantziako Estatuan. "Dena blokeatzeko" mobilizazioaren kari, 50 bat lagunek ekintza bideratu dute Miarritzen, Hotel du Palais luxuzko hotelaren atarian. Bi lagun atxilotu ditu Poliziak.


Eskola segregazioa gainditzea helburu duen mahaia abiatu du Jaurlaritzak, STEILAS eta ELA gabe

"Erronka izugarria" duen mahaia jarri du martxan Eusko Jaurlaritzak, 50 bat eragilerekin: eskola segregazioa gainditzeko neurriak adostea. STEILAS eta ELA sindikatuek ez dute parte hartu; Jaurlaritzak oinarri dituen politikek segregazioa betikotzen dutela diote.


Gutxieneko soldata propioaren alde 138.495 sinadura lortu dituzte sindikatuek

ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek aurkeztu dituzte Herri Ekimen Legegilearen sinadurak Eusko Legebiltzarrean. Orain pilota alderdien teilatuan dagoela esan dute, eta herritarren borondatea kontuan izatea eskatu diete.


2025-08-19 | Axier Lopez
Euskotren "animalien tratu txarren" iragarle

LAB sindikatuak Euskotren enpresaren "koherentzia eza eta erantzukizun sozialaren gabezia" salatu ditu, zezenketen publizitatea zabaltzen ari delako bere ibilgailuetan.


Konfrontaziora pasatzeko garaia da

Euskararen normalizazioaren motorrak herri dinamikara bueltatu behar du aurrera egin nahi badugu


Sergio Ayucar: "BSHri oso merke atera zaio Eskirozko lantokia ixtea"

ELAk eta LABek ez dute lan batzordearen gehiengoak erdietsitako eta langileen gehiengoak onartutako aurreakordioa sinatu: "Ez da 1.000 familiarentzako irtenbiderik planteatzen. Finean, lanpostu askoren galera eta fabrikaren itxiera dakar", adierazi du LAB sindikatuko... [+]


Bizkaiko autoeskolek hirugarren greba eguna izan dute astelehenean

Uztailak 8, 16 eta 21 izan dira greba egiteko ELA eta CCOO sindikatuek aukeratutako egunak. Kontsumorako Prezioen Indizea (KPI) eta soldatak parekatzea eta lanaldiak murriztea eskatzen dute. 


Langile bat hil da Gasteizen, altueratik erori eta gero

Langilea uztailaren 15ean hil zen eraikin baten estalduraren konpontze lanak egiten zebilela, eta ostegunean jakinarazi du ELA sindikatuak. Estaldura apurtu, eta altueratik erori zen. Guztira 31 langile hil dira Hego Euskal Herrian 2025ean, bostgarrena Araban.


Tubos Reunidoseko enplegu espedientea "azken urteetako produkzio egoerarik onenean" inposatu nahi dutela salatu du ESK sindikatuak

ESK-k azpimarratu du zuzendaritzak soldatak igo dituela, langileen prestazioak murrizten ari diren bitartean. Berez, 2020tik abiatzen duten seigarren espedientea da honakoa.


2025-07-15 | ARGIA
Sanferminak amaituta, Iruñerriko autobusek greba utzi dute, irailera arte

Zerbitzu minimoek eragin handia izan dute Iruñerrian jaietan. Negoziazioan aritu dira, baina ez dute akordiorik erdietsi. Normaltasunez jardungo dute udan, eta irailean berrartuko dituzte lanuzteak.


Etxeko langileen hitzarmenaren auzia Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eraman du LABek

Etxeko langileek jasaten duten "prekaritateari" aurre egiteko, "neurri zehatzak" biltzen dituen dekalogo bat aurkeztu du sindikatuak, Bilbon. Auzia lehenbizi Espainiako Auzitegi Gorenera eraman zuela jakinarazi du LABek, baina auzitegi horrek ez diola... [+]


2025-07-09 | ARGIA
Etxebizitza erosteko Jaurlaritzaren abala azken buruan “diru publikoa banketxeei” ematea dela kritikatu dute LABek eta EH Bilduk

18 eta 39 urte arteko herritarrei lehen etxebizitza erosten laguntzeko Eusko Jaurlaritzak berak finantzaturiko abala iragarri berri duen honetan, soluzioa ez dela hori kritikatu dute bai LABek, bai EH Bilduk. Dagoeneko dauden eraikinak aprobetxatu eta prezioak jaitsi ordez,... [+]


Euskararen oldarraldiaren kontrako hainbat mobilizazio eta ekimen egingo ditu LABek urrian

Administrazioa euskalduntzeko legeria aldatu beharra dagoela azpirramatzen du LAB sindikatuak eta hori lortzeko "herritarren aktibazioa" ezinbestekotzat hartu du. Hainbat ekimen eta mobilizazio egingo dituzte udazkenean.


Eguneraketa berriak daude