Bidean geroz eta traba gehiago dituztela, kosta ahala kosta, aitzina doaz etorkinak

  • COVID-19ak beharturiko konfinamenduak eta etxeratze aginduak, eta horiei gehiturik Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko errepideen hesteak zein kontrolatzeak... errealitate bortitza are bortitzagoa bihurtu zitzaien 2020 urtean migratzaileei. Maleruski, egoerak ez luke hobera egin behar 2021ean. Zergatik? Harrera bermatu beharrean, kanporatze politikak garatuz dabiltzalako Bruselako, Parisko zein Madrilgo agintariak. Irun-Baiona etapari so jarri gara, gurean dituzten oztopo eta baita elkartasun printzak ere ezagutzeko.

Irungo harrera sarea: Goizero Irungo San Joan plazan batzen dira arribatu berriak diren etorkinak eta elkartasun sareko boluntarioak.Dani Blanco

Ez dakigu zer kausituko dugun bidean, bagoaz aitzina...  Frantziara iristeko xedea dugu, eta ahal bada Alemaniarantz segituko dugu”. Irungo San Joan plazara heldu berri den bolikostar gaztearen hitzak dira, familia, lagunak eta guztia gibelean utzirik, bidean denarenak. Bezperan ezaguturiko Maliko eta Gineako beste  lau gazterekin da, eta gaua Gurutze Gorriaren aterpetxean pasaturik Irungo Harrera Sarekoek emandako hitzordura hurbilduak dira. Goizero 10:00etatik 12:00etara San Joan plazan dira herritar sare horretako boluntarioak, etorkinei harrera goxoa, laguntza eta aholkuak ematen ari. 2018az geroztik 15.000 etorkin dituzte lagundurik, 2.000z gora iazko urtean.

Ondoko geldigunea Baiona izanen dutela badakite, nahiz eta ordura arte sekulan ez zuten Baionaz ezer entzuna. Bidasoaz beste alde horretan kausituko dute beste laguntzaile sare bat; eta Pausa izeneko geldigunea ere ukanen dute egun pare batez indarrak hartzeko gune.

Frantziako Gobernuak horrela erabakirik, Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko pasabide batzuk hetsita ditugunean eta COVID-19ak ere iaztik mugimendua eta harremantzea azkarki mugatzen digun honetan, Irun eta Baiona artean ditugun etorkinen errealitateari begira jarri gara. “Lehen konfinamenduan jende oso gutxi etorri zen,  baina hala ere, segitu zuten etortzen; udan berriz gehiago etorri ziren. Gizarte guztiaren martxa bezala, gurea asko aldatu behar izan dugu, errealitate berrira moldatu behar izan dugu, segurtasun neurriak bermatzeko”, dio Anaitze Agirre boluntarioak. Eta lortu ere dute, oraingoz ez duelako inork COVID-19a bildu harrera une horietan.

2018az geroztik Afrika iparraldetik Espainia hegoaldera doan bidea garatu egin da, ordura arteko beste bideak konplikatuz joan direlako –Grezia eta Italiatik Europara sartzea geroz eta zailagoa bilakaturik, eta Kroaziako sarbidea ere ikaragarri bortitza izanki, azken asteetako albisteek ohartarazi diguten bezala–. Eta maleruski, irekitzen den bide berria, beti da aurrekoa baino okerragoa, Agirrek ohartarazten duenez.

Azken aldi hauetan Kanaria uharteak dituzte sarbide nagusi, –eta noski egoerak behaturik: hautuz inork ez lukeelako “bide hilgarrienetako” gisa ezaguna dena hartuko–. Itsasoan barrena egun eta gau luzeak pasa beharra, eta ondotik bizirik ateraz gero, uhartean lotsaren kanpamentua izendaturiko gunean pilaturik aste luzez iraun behar dute. Espainiako Barne ministerioaren zifren arabera, 2020an 23.000 lagun arribatu ziren bertara Afrikatik, aitzineko urtean 2.687 zirelarik. Abiaturiko guztiak ez, maleruski: 2.170 etorkin irentsi zituen itsasoak iaz, hauetarik %85ak Kanarietarako itsas-bidean, Caminando Fronteraz Gobernuz Kanpoko Erakundearen arabera. “Ez dute hitz egin nahi momentu horretaz, soilik esaten dute sekulako beldurra pasa dutela. Oso gogorra da eta ez dute atzera begiratu nahi” dio Agirrek.

Amorragarriena, Estatuen arteko joko politiko batzuen ondorioa dela: “Maroko kostaldean dago migrazio polizia. Segun eta zein egoeratan dagoen Maroko eta Europatik zer lortu nahi duen, kontrolak malgutzen edo gogortzen ditu. Orain malgutzera doa, zeozer lortu nahi duelako”. Hots, pareko Estatua presionatzeko tresnatzat dituzte etorkinentzako hil ala biziko bideak direnak.
Ondoko etapa Irun eta Baiona artekoa dute, beldur eta zailtasun gehiago dakarzkiena, erdian muga administratibo bat ukanki. Iazko urtean kontrolak areagotu zituzten –polizia kopurua bikoizteko erabakia jakinarazi zuen azaroan Emmanuel Macron Frantziako presidenteak–, gainera, ohiz kanpoko  mugen hestea gauzatuz apiriletik ekainera ere.

Urtarrilaren 14az geroztik, berriz ere hainbat errepide dituzte hetsirik, eta ez da jakina noiz arte iraunen duen neurriak. Ofizialki, “terrorismoaren kontrako borrokarako” neurritzat dute erabaki hau. “Terrorismoa aitzakia da, gehiago da joan-etorriak eta neurri handian papergabeen mugimenduak kontrolatzeko eta mugatzeko”, dio Maite Etxeberri Cimade elkarteko juristak, 2008an Hendaian irekitako atxikitze zentroan etorkinen aholkatzen dabilenak. Lehen konfinamenduan zentroa hesteko erabakia hartu zuen prefekturak, barnekoak libratuz ala beste zentro batzuetara bidaliz. Orokorki kezkaturik begiratzen dio 2021 urteari: “Izan mugetako kontrolen areagotzearekin ala Europa mailan eztabaidaturiko legediekin, ‘oro seguritatea’ logikan gaude eta itxialdiak eta kanporatzeak bultzatzen dabiltza”. Oraingoz iazko zifrarik ez da, baina 2019an 355 migratzaile atxiki zituzten bertan.

Dena dela, kontrolen areagotzeak ez die determinazioa ttipitzen immigranteei: “Saiatzen dira, eta lortu arte saiatzen jarraitzen dute, eta horrela beste etapa bat gainditu arte”, Agirrek dionaz. Ongi laburbiltzen du errealitatea Agirrek: “Paris-Dakar guretzat bost ordu badira, haientzat urteak izan daitezke”. Aitzineko astean muga administratiboa erdi hetsirik egonda ere, 25 bat Baionara heldu izana dugu horren froga. Bistan da, denbora, dirua, beldurra, nekea eta injustizia astuna da saiakera bakoitza...
“Kontrol arrazistak” direla argi dute elkartasun sarekoek, eta are jasanezinagoak dituzte, hauek ilegalak izaten direnean; hau da, inolako notifikaziorik gabe mugaren beste aldera bidaltzen dituenean Frantziako poliziak. “Legeari segi, notifikatu behar dira mugimendu horiek, horrela behintzat pertsona hau existitzen dela agertzen da nonbait, zeren eskubideak ere dauzkate: agian asilo eskaera egin dezake, agian adin txikikoa da horrek dakarzkien eskubideekin”, Agirrek azaltzen duenez.
Konfinamenduz eta etxeratze aginduz jositako iazko urtea “gogorra” izan dela diote aho batez elkarrizketaturiko guztiek. Demagun, immigranteentzako hiru egunetarako aterpe gunea den Baionako Pausa gunean gelditu behar izan zuten 115 lagunek lehen konfinamendu osoan (emakume eta haurrak hiriko beste espazio batera mugituak izan ziren, babes-distantziak hobeki errespetatzeko gisan).

Konfinamendua bukatu ondoren, Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko muga administratiboa berriz ireki bezain laster, 780 etorkin pasa ziren Baionako Pausa gunetik uztailean, beste 420 agorrilean eta 400 irailean.

‘Pausa’  zentroan, harrera eta zaintza geroz eta gutxiago

2018ko azaroan ireki zuten herritarrek eta instituzioek elkarlanean Pausa gunea, etorkinentzako harrera gunea –lo egiteko, apairu beroak jateko, garbitzeko, osasun artak jasotzeko, jantzi berriak eskuratzeko edota ondoko etapak lasaiki prestatzeko espazioa–. Oinarrian da Diakite elkartea, herriko etxeak Pausa espazioa eskaini aitzin, Baionako Euskaldunen Plazan antolaturiko harrera eta laguntza sare herritarra. 2020 urteko abenduan ordea, Pausatik ateratzeko erabakia hartu zuten elkarteko boluntarioek. “Biziki gogorra izan da erabaki hau hartzea, eta bihotza urraturik atera gara Pausatik; mingarria da irudikatzea eskaintzen genituen laguntzak ez dituztela gehiago jasotzen”, dio Lutxi Bortairu Diakiteko lehendakariak.

Instituzioekin 2018ko neguan abiaturiko elkarlana laster gatazkatsua bilakatu zen, horren lekuko genuela gunearen kudeaketaren ardura zuen Atherbea elkarteak 2019ko azaroan Pausatik ateratzeko hartutako erabakia. Aldi honetan Diakitekoek dute lekua hustu. Pausaren kudeaketari dagokionez instituzioek eta haiek “definizio ezberdinak” ukatea, “luzaturiko eskaera guzti-guztiei  errefusa jasotzea” eta “elkarrizketarik eza” dituzte erabaki honen oinarrian. Adibidez, boluntarioek janaria etxean prestatu beharrean, COVID-19 garaian sukalde kolektibo bat aterpetxean instalatzea instituzioek errefusatu izanak zein Munduko Medikuen presentziari ezetza ihardetsi izanak behartu dituzte bertatik joateko erabakia hartzera. “Etorkinen harrera gune askotan dago Munduko Medikuak erakundea; guk berdina eskatzen genuen, ez zen Baionako ospitalearen zerbitzuaren konkurrentzia gisa aurkeztua, baizik eta osagai gisa: astean bi egun eta erdiz dago ospitaleko zerbitzua, guk bestelako egunetan nahi genuen Munduko Medikuak egituraren laguntza”. Erran gabe doa, bazterketa sozialaren aurkako lanetan dabilen Atherbea eta Diakite herritar militanteen sarerik gabe, giroa eta gunea aldaturik dutela Lapurdiko harrera gunean.

“Igarotze-gune bezala ikusten dute gunea instituzioek; guk horrez gain harrera gune gisa ere geneukan: laguntza psikologikoa, juridikoa, ala bestelako zaintzak. Nago ez ote den ‘bazatoz, jaten duzu, lo egiten duzu eta bazoaz’ gune bilakatu”, dio Bortairuk kezkaturik. Baionako Udalaren eta Euskal Hirigune Elkargoaren esku da orain Pausa, eta bertan buru-belarri inplikaturiko bolontarioak dionaz, abenduan 30 bat etorkin ziren bertan. Orduz geroztik ez dakite.

Dituen azken berrien arabera, jendea ez da luzaz gelditzen Baionan, ahal bezain laster segitzen dute bidea: “Kanarietan zein konfinamendu garaian mugitu ezinean egon direnez, beranta handia bildu dute, eta bidaia preparatzeko denbora ukan dute; Baionara heltzearekin, aitzina segitu nahi dute, ez dute baitezpada gogorik bizpahiru egunez bertan gelditzeko”.

Hala ere, Irungo herritar mobilizatuekin harremanak atxiki dituzte, zubi-lana egiten segitzeko gisan. Dena dela, harrera eta laguntza sare eder hau ez da horretan gelditzekoa eta gerora ere hor segitzeko bide berriak gogoetatzen dabiltza. Diakiteren gisara, besteak beste, Etorkinekin herritar sarea ala Cimade elkartea ere hor dira aktibo. Elkarrizketatu guztiek azpimarratzen dute herritarren inplikazioaren premia  gorria. Irundik Baionara arribatu eta Ipar Euskal Herrian kokatzeko hautua egiten duten etorkinak ere badira. Hauentzako harrera bideratzen dabiltza Etorkinekin zein Cimade elkarteak. Hauetan dabil Juliette Bergouignan, eta dionaz iazko urtean gutxiago kokatu dira Lapurdi, Nafarroa Beherea zein Zuberoan. “Gogorra” izan da urtea, lehenik eta behin, bertan kokatzeko eta bertakoekin nahasteko aukerarik ia ez delako egon. Administratiboki ere “dena geroz eta gogorrago” dela dio. Prefekturan bideratzen dira paperak lortzeko prozedurak eta dionaz, “geroz eta gehiago dosier galtzen dira” bertan. “Ez da normala dosierrak desagertzea... Nolaz desagertzen dira sortze agiriak bezalako dokumentu inportanteak? Manuak dituzte gainetik”.

Justuki, manu horiei begira ere da ezinbestekoa herritarren mobilizazioa.  Etxeberrik argi du: “Europa mailan boterean direnek sekuritatea eta beldurraz aparte, ez dute besterik. Populismoaren eta eskuin muturraren haizeak ufatzen du, baina ez da baitezpada iritzi publikoa. Euskal Herrian argiki ageri da: arrakala handia dago boteregunekoen eta herritarren artean, jendea prest da harrera egiteko. Gauzak aldatu daitezke, baldin eta herritarrak mobilizatzen badira”. Azken urteetan Europar Batasunaren baitan kanporaketa politika areagotuz doala dio Etxeberrik. Eurodiputatuak Itzulera Direktibaren zein Dublin Araudiaren berrikusten dabiltzala, norabide txarrera doazela dio juristak: “Kanporaketak bideratzeko arauak marrazten dabiltza”.

Urratsez urrats, aitzina egin beharra dute etorkinek. Baiona uzten dutenek, gauez hartu ohi dute autobusa zein trena, egunaz kontrol gehiago izanki. Baina, kontrolek hor segitzen dute, muga administratiborik ez bada ere. Bordale, Paue, Tolosa... polizia mobilizaturik da azkarki. “Behin baino gehiagotan ikusi ditugu, batzuk berriz ere Pausara etortzen... ondoko etapan kontrolatuak izanik mugara bidaliak izandakoak eta berriro etorritakoak”. Beste biderik ez dutelako: hartu behar izandako bidean, aitzina, beti.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Migrazioa
Materialismo histerikoa
Isilean


2024-05-03 | Antxeta Irratia
Hendaiako erretentzio zentroan %34 pertsona gehiago atxilotu zuten iaz

Cimade elkarteak emandako datuen arabera, %55a aske geratu bazen ere, 2023an 351 pertsona atxilotu zituzten paperik gabekoak atxikitzeko zentroan. Gehienak Aljeria, Maroko eta Tunisiako jatorria zuten.


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


2024-04-25 | Gedar
Pertsona migratuak preso izateko zentro bat eraikiko du Espainiko Gobernuak Alborango irlatxoan

Espainiako Gobernuak dio "behin-behinekoa" izango dela itsasoaren erdian sortuko duten kartzela. 600 metroko luzera du uharteak, eta Almeriako kostaldearen eta Marokoko Tres Forcasen artean dago. Militarrek erabiltzen dute.


Uztailean hasi nahi du Erresuma Batuak migratzaileak Ruandara deportatzen

Rishi Sunak lehen ministroak jakinarazi du deportaziorako "baliabideak" prest dituela "legez kanpoko migratzaileak" kanporatzeko. Auzia etenda dago Auzitegi Gorenaren erabaki baten eraginez, baina parlamentuak Sunaken lege bat onartu berri du horren gainetik... [+]


Eguneraketa berriak daude