Elkarrizketa elebidunek funtzionatzen al dute?

  • Euskarak tokia irabazteko aukera ederra dira elkarrizketa elebidunak: hiztunek euskaraz egin ahal izango dute, parean dituztenek hitz egin ez baina euskara ulertzeko gaitasuna dutelako. Hizkuntza jokoak hiztunei euskara hutsean aritzeko aukera eskaintzen die. Norbanakoaren ekimenez edo antolatuago, halako hainbat praktika egin dira eta egiten dira. Jendetsuenak eta prestatuenak izan dira Euskaraldiko bi edizioetakoak. Baina funtzionatzen al dute elkarrizketa elebidunek? Zein oztopo eta onura dituzte? Euskal komunitatetik kanpora ba ote dute arrakastarik?

Elkarrizketa elebidunek euskaraz egin nahi duenari aukera ematen dio erdaraz erantzungo dion horren aurrean euskaraz egiteko. Euskaraldian hizketa-praktika hori esperimentatzeko aukera egon da.
Elkarrizketa elebidunek euskaraz egin nahi duenari aukera ematen dio erdaraz erantzungo dion horren aurrean euskaraz egiteko. Euskaraldian hizketa-praktika hori esperimentatzeko aukera egon da.

Asier Lafuente Aguraingo euskaltzalea da eta Euskaraldian Arabako Lautadako koordinatzailea izandakoa. Uste du elkarrizketa elebidunak pentsaezinak zirela orain dela gutxi arte: “2016ra arte ez zitzaigun halakorik burutik pasa ere egiten. Nola egin guk euskaraz eta besteak gaztelaniaz?”. 2016an aldiz, zerbait aldatu zen aguraindarren hizkuntza erabileran. 75 ordu euskaraz aritzeko apustua egin zuten: “Geroztik niretzat elkarrizketa elebidunak ohikoak bihurtu dira”.

Testuingurua eta hitzarmen sozial bat edukitzea ezinbestekoak direla uste du Lafuentek, eta bat dator horretan Xan Aire ere. Urepelekoa da bera eta badira urte batzuk elkarrizketa elebidunak izaten hasi zela: “Ondo dago halako kontratu moduko batzuk egitea, esanez, zuk erdaraz egin hala nahi baduzu, baina nik euskaraz egingo dizut”. Aipatu du lagun batekin, esaterako, hori hitzartu zuela, eta geroztik arazorik gabe izaten dituztela elkarrizketa elebidunak. Hitzarmena edukitzeak inguru goxoagoa sortzen du eta modu horretan elkarrizketak erosoagoak izaten direla azpimarratu du. Hain zuzen ere, kontratu eta testuinguru hori eskaintzen ditu Euskaraldiak epe batez, eta horrek elkarrizketa elebidunei aterkia eskaintzen die.

Bouba Dioufek uste du beste hizkuntzak eta dialektoak mantentzeko garrantzitsua dela elkarrizketa elebidunak bultzatzea. Berak Senegalen hala egiten zuen eta hemen euskarari eusten dio nahiz eta parekoak gaztelaniaz erantzun. Argazkia: Dani Blanco.

Idatziz errazago

Airek elkarrizketa elebidunak ahoz baino idatziz errazago edukitzen dituela nabarmendu du. Izan ere, ez da hain deserosoa izaten eta hasieran behintzat arrakastatsuagoak dira: “Orain ahoz elkarrizketa elebidunak izaten ditudan lagun batekin idatziz hasi nintzen”. Idatziak beste denbora batzuk eta beste erraztasun batzuk eskaintzen ditu eta uste du abiapuntu interesgarria izan daitekeela. Testuinguru guztiak ez dira berdinak, jakina: “Festa giroa, esaterako, oso egokia da”. Urepelen, normalean frantsesez hitz egiten duten batzuek, festa giroan euskaraz hitz egiten diotela dio: “Festa orduak aurrera joan ahala geroz eta errazago egiten dute euskaraz, eremu horretan ez da kontraturik egiten, baina jendea lasaiago sentitzen da; lotsa galtzen dute”. Baina zergatik gertatzen da hori? Airek dio jendeak pentsatzen duena baino hobeto egiten duela sarri euskaraz, baina oso testuinguru jakinetan egitera baino ez daudela ohituta, eta eremu hori zabaldu egiten dela festa giroan: “Nik ere errazago egiten dut gaztelaniaz halako egoeretan”.

Hori dela eta, elkarrizketa elebidunak modu naturalean izateko testuinguruak sortzearen beharra azpimarratu du: “Euskal kulturaren inguruko topalekuak, esaterako, oso eraginkorrak dira horretarako”. Urepelen, adibidez, inauteriek indar handia dute; libertimendua ospatzen da antzerkia, dantza eta bertsoa uztartuta: “Badakigu horiek plazan euskaraz egingo ditugula, beraz, entsegu eta prestaketa guztiak modu naturalean egiten dira giro euskaldunean”. Bertso eskolekin ere antzeko zerbait gertatzen dela dio, eta haiei esker, gazteek hezkuntza formalean baino askoz modu naturalagoan euskaraz hitz egiteko aukera dutela: “Kantatzen hasten garenean, euskaraz kantatzen dugu eta uste dut giro hori ere baliatzen ahal dela hainbat gauza aldatzeko”.

Lafuentek berriz azaldu du elkarrizketa elebidun eraginkorrak edukitzeko trantsizio bat egitea garrantzitsua dela: “Zaila da bat-batean erdaratik euskarara igarotzea, baina pixkanaka joan gaitezke hizkuntza ohiturak aldatzen”. Euskarazko eremu asko irabazi ditu berak elkarrizketa hauei esker, eta azaldu du zenbait kasutan lagunak hitz batzuk euskaraz esatea ere lortu duela: “Beste kasu batzuetan gaztelania hutsean hitz egiten dute, baina behintzat nik euskaraz erantzuten diet”.

Elkarrizketa elebidunetan gako izan daitekeen zailtasun bat ikusten du Asier Lafuentek: “Askotan egoten den zalantza izaten da besteak zenbat ulertzen duen”. Argazkia: Jagoba Manterola / Foku.

Alabaina, badaude elkarrizketa elebidunak zailtzen dituzten zenbait espazio, adibidez, lan mundua. Airek dio Ipar Euskal Herrian lan munduko egoera oso zaila izan daitekeela. Alde batetik, ez dago euskara planik edo antzekorik, eta beste aldetik, enplegatzailearen aldetik ez da egoten inongo asmorik edo gogoetarik hizkuntza aniztasuna edo euskara gehiago baloratzeko. Uste du, zentzu horretan, Euskaraldiak arigune-en bidez “mikro euskara planak” eskaini dituela eta bide horretatik jarraitu beharko litzatekeela.

Bestelako zailtasun bat ere ikusten du Lafuentek, elkarrizketa elebidunetan gako izan daitekeena: “Askotan egoten den zalantza izaten da besteak zenbat ulertzen duen”. Euskaldun berria da Lafuente eta gogoan du benetan ulertzen zuena baino gehiago ulertzen zuela aitortu izana: “Hiztun batzuek euskara ulertu nahi dute, baina benetan uste dutena baino gutxiago ulertzen dute. Horrelakoetan, gerta liteke elkarrizketa hasi eta konturatzea ez dela ondo ulertzen ari, eta zailtasunak sortzen dira euskaraz hitz egiten jarraitzeko”. Aguraindarrak dio Euskaraldiaren lehen edizioan egindako ikerketak erakusten duela ahobizi-ek zailtasunen aurrean gaztelaniara aldatzeko joera dutela: “Halako kasuetan garrantzitsua da euskal hiztunek hizkuntza erregulatzea bestearen ulermen mailara”.

Pello Jauregik 'Uler-saioak' metodologia liburuan elkarrizketa elebidunen nazioarteko hainbat esperientzia jaso ditu. Argazkia: Jon Urbe /Foku

Zer gertatzen da Euskal herritik kanpora?

Elkarrizketa elebidunak ez dira berriak, eta jakina, ez dira hemen besterik gertatzen. Pello Jauregi EHUko irakaslea da eta hizkuntza ohiturak aldatzeko egitasmoak ikertzen ditu. Euskaraldiko belarriprest eta ahobizi figuren diseinatzaileetako bat da. Soziolinguistika Klusterrarekin iaz argitaratu zuen Uler-saioak metodologia liburuan nazioarteko hainbat esperientzia jaso ditu. Bertan aipatzen du nola Delfí Dalmau pedagogo eta hizkuntzalari katalanak 1936. urtean eleaniztasun pasiboa proposatu zuen, hizkuntzen arteko elkarbizitzarako tresna bezala. Hizkuntzalariak zehaztu zuen hiztun bakoitzak bere jatorrizko hizkuntza menperatu behar zuela eta inguruko hizkuntza baten baino gehiagoren ulermena eduki: “Lehena, oinarria, eta bigarrena, osagarria”. Europako beste zenbait esperientzia ere biltzen ditu liburuak. Egungo Europan, giro eta baldintza sozio-politiko berriak sortu direla dio, eta horrek, eleaniztasun pasiboaren ideia berpiztu duela.

Jauregiren ustez, gero eta gehiago dira ingelesaren nagusitasun “masibo eta akritikoari” mesfidati begiratzen diotenak. Iritzi horretakoa da Carme Junyent hizkuntzalari katalana.Katalunian eta nazioartean harreman akademiko ugari izaten ditu, eta hainbat akademiko eta ikerlarik bileratan nork bere hizkuntzan hitz egitearen aldeko apustua egin dute, ingelesa erabili beharrik gabe. Jakina, horrek eskatzen du hiztunek besteen hizkuntzak ulertzeko gaitasuna izatea. Europan sarri hizkuntza erromanikoak baliatzen dituzte horretarako. Helburua hizkuntza aniztasuna biziberritzea dela dio hizkuntzalari katalanak: “Diskriminaziorik ez egitea da asmoa, izan ere, dena ingelesez egiten badugu beste hizkuntzak alboratzen ari gara eta ingeles hiztunei pribilegioak ematen; bakoitzak bere hizkuntza erabili badezake, denok gaude baldintza berdinetan”.

Carme Junyent, nazioarteko esperientziez: “Diskriminaziorik ez egitea da asmoa, izan ere, dena ingelesez egiten badugu beste hizkuntzak alboratzen ari gara eta ingeles hiztunei pribilegioak ematen”. Argazkia: Dani Blanco.

Aritzeko modu horrek hainbat onura dakartza Junyenten hitzetan; esaterako, bestela mundu akademikora iritsiko ez liratekeen zenbait proposamen eta ahots entzutea ahalbidetzen du. “Jendea ohitu egiten da beste hizkuntzak entzutera eta gozatu egiten du beste hizkuntzetan uste baino gehiago ulertzen duela konturatzen denean. Eztabaidetan, esaterako, askoz parte-hartze handiagoa egoten da”.

Katalunian, halako dinamikak naturaltasunez ematen direla azaldu du, eta lehen baita Frantzian ere: “Frantsesek ez zuten katalanen helburu berberekin egiten, baina lehen askotan erabiltzen zuten euren hizkuntza; orain ingelesa gero eta gehiago erabiltzen dute”. Gaineratu du Esloveniako akademikoek jarri zutela antzeko esperimentu bat martxan, baina ez daki zein erantzun eta jarraipen izan duen.

Giro akademikoan egin dituzten esperimentuek emaitza onak eman dituztela dio Junyentek: “Duela urte batzuk Japoniako ikerketa talde batekin jardunaldi batzuk antolatu genituen eta planteatu genuen nola egin genezakeen ingelesa ez erabiltzeko. Batek katalanez egiten zuen, beste batek okzitanieraz, eta besteak frantsesez. Beste batek ez zuen hizkuntza erromanikorik ezagutzen eta esperantoz hitz egin zuen”. Arrakasta izan zuen parte-hartzaile kopuruari begiratuz gero: 80 pertsonentzako tokian 90 bildu ziren. 2017an hizkuntza indigena eta gutxituen errehabilitazioa hizpide izan zuen kongresu batean ere nork bere hizkuntzan egin zuen: “Kongresuaren irekiera hitzaldia kitxuaz izan zen. Hizkuntza aniztasunaren alde egin ditugun apustuek, momentuz, funtzionatu dute”.

Xan Aireren ustez, idatziak beste denbora eta erraztasun batzuk eskaintzen ditu eta abiapuntu interesgarria izan daiteke ondoren ahozko elkarrizketa elebidunak izateko. Argazkia: Juanan Ruiz / Foku.

Elkarrizketa elebidunak Senegalen

Mundu akademikotik at ere badaude elkarrizketa elebidunen adibideak. Senegalen, esaterako, hizkuntza bat baino gehiago hitz egiten dituzte harreman informaletan eta horrek elkarrizketa elebidunak izateko tartea irekitzen die. Bouba Diouf Senegalen jaio zen, Dakarren, eta orain Basaurin bizi da. Sei hizkuntza hitz egiten ditu, tartean euskara. Wolofera erabiltzen du Senegalen, baina txikitan pulaar ere ikasi zuen: “Pulaar hizkuntza ulertzen dut, baina ez dut hitz egiten”. Wolofera da hizkuntza nagusia Senegalen eta horrek gainerako hizkuntzak alboratzea ekarri duela uste du: “Wolofera hitz egiten da lanean, dendetan, kalean… baina batzuek jarraitzen dute beraien artean pulaar hitz egiten. Hala egiten dutenei nik ulertzen diet eta elkarrizketa elebidunak izaten ditugu”.

Dioufek uste du beste hizkuntzak eta dialektoak mantentzeko garrantzitsua dela elkarrizketa elebidunak bultzatzea. Horregatik, euskaraz ere hala egiten ahalegintzen da: “Hemen ere gertatzen zait, jendeak gaztelaniaz egiten dit, eta nik euskaraz. Hizkuntza indartzeko aukera polita da”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskararen erabilera
Jaime Altuna. EHU-ko irakaslea eta ikerlaria
"Euskararen auzia nerabeena baino gehiago da helduena"

Jaime Altunak Hizkuntzaren funanbulistak. Hizkuntza-sozializazioa kirol eremuan adin eta generoan ardaztuta doktoretza tesia uztailean bukatu du. Gaiaren ezagutza sakonetik eta aurrez beste ikerlariek idatzitakotik hurbildu da begirada berezi bezain zorrotzaz Gipuzkoako zenbait... [+]


Biarritzeko turismo-audiogidetan euskararen arrastorik ez

Audiogidak frantsezez, alemanez, ingelesez eta gaztelaniaz daude. Biarritzeko turismo bulegoko zuzendari Genevieve Fontainek argudiatu du euskara ez dela “berehalako eskarietako bat”.


Jon Zapata, 'Haurren aurrean helduok heldu' ekimenaren koordinatzailea
“Haurrek ulertzen dute euskara haurren hizkuntza izanen dela”

Haurren aurrean helduok heldu ekimena urriaren 19tik 29ra egingo da Hego Euskal Herriko 80 herritan. Protagonistak, batez ere, gurasoak izango dira eta bi helburu azpimarratu ditu Euskaltzaleen Topagunea antolatzaileak: batetik, gurasoek hizkuntza ohiturak aldatzeko pausoak... [+]


Iñigo Urrutia
"Gaztelania eta frantsesa armen bidez inposatu zituzten Euskal Herrian"

Euskarafobia legalaren historia legez lege eta arauez arau aztertu du Iñigo Urrutiak (1966, Jatabe-Maruri), Xabier Irujorekin batera. Horren emaitza da Historia Jurídica de la Lengua Vasca (1789-2023) liburu mardula. Irujo atzerrian zegoenez, Urrutiarekin mintzatu... [+]


Eguneraketa berriak daude