"Euskararen auzia nerabeena baino gehiago da helduena"

"Gazteen mezua da: helduok aldaketa handi bat egiten ez duzuen bitartean, guk ezin dugu egin". Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Hiru elementu konplexuren arteko harremanaz idatzi duzu tesia: nerabezaroa, generoa eta hizkuntza. Zertan datza konplexutasun hori?
Akademian lanean hasi aurretik, haurren, nerabeen eta gazteen aisialdiaren eremutik nator. Ikusten dut eremu hori asko aipatzen dela, baina gutxi dagoela ikertua. Oso eremu handia da eta galdu egiten gara. Aipatzen da aisialdian hizkuntza politikak egin behar direla, baina ez dakigu zer den eremu hori eta nola jokatu behar dugun.

Nerabezaroak, kategoria bezala, euskararen biziberritze prozesuan karga handia izan du eta gaur egun ere badu; karga negatiboa.

Generoaz, berriz, asko hitz egin da azken hamarkadan. Zenbait jende badabil eta niri ere interesgarria egin zait horretan ikertzea.

Euskararen biziberritzean gabiltzanon artean asko hitz egiten da “gazteen auziaz”, baina gai hori kokatzean eta problematizatzean zailtasunak daudela aipatzen duzu. Zertaz ari zara?
Euskararen biziberritze prozesua instituzionalizatzean eta hizkuntza politika publikoak egiten hastean, planteatzen da ildo nagusi gisa eskolaren bitartez belaunaldi berriak euskalduntzea. Urteen ondoren, irakurketa batera heldu gara: “Nerabe eta gazteak euskalduntzen ari gara, baina ez dute erabiltzen.” Nik uste dudana da lotura duela gizartean nerabezaroa eraikitzeko moduarekin. Nerabezaroak, kategoria moduan, ehun urte pasatxo ditu eta kategoria problematiko gisa eraiki da. Kezka, krisia, kontra, desoreka… beti arazoekin lotuta dago. Euskararen kasuan bi kontuak daude, batetik, ez direla espektatibak bete, eta bestetik, nerabezaroa beti lotzen dela arazoekin. Saiatu naiz nerabeen ikuspegitik hori dena nola bizitzen den ulertzen.

"Gazteentzat euskara hutsean hitz egitea nahiko hizkera markatua da, eta zenbait herritan, gaztelania hutsez jardutea ere nahiko markatua da"


Aipatzen duzu gizarteak beraiei buruz eraiki duen diskurtsoa, neurri batean behintzat, barneratu egin dutela nerabeek.
Bai ikerketa honetan eta bai beste batzuetan ikusi dugu nerabeek bere egin dituztela diskurtso horiek. Eta, modu batean, performatu egiten dituzte. Haiengandik espero diren rolak jokatzen dituzte, eta batzuetan, oso modu esajeratuan: kontra egin behar dute, transgresioa… Hizkuntzaren gaian erdarakadak kontzienteki sartzen dituztela diote. Eta, agian, gero ez dituzte sartuko.

Esango zenuke, hizkerari dagokionez, kode aldaketa dela gazte horientzat gazte hizkeraren ezaugarri nagusia?
Bai. Garbi ikusi dut kode aldaketa dela nerabezaroan hizkera aldetik ematen den ezaugarri nagusia. Gazteen artean hizkuntza normala hizkuntza nahasia dela esaten dute. Euskara eta gaztelania nagusiki, eta ingelesa beste maila batean. Hizkeran hainbat faktorek eragiten du: familia, herria, parte hartzen duten taldeak… Toki batzuetan kode aldaketa izango da erdarazko hitz batzuk sartzea euskarazko jardunean; eta beste toki batzuetan alderantziz, ia gaztelaniaz aritzea euskarazko hitz batzuekin. Baina euskara hutsean hitz egitea nahiko hizkera markatua da; gazte hizkeran jarduteko gaztelaniazko hitz batzuk sartzea beharrezkoa ikusten dute. Eta zenbait herritan, gaztelania hutsez jardutea ere nahiko markatua da; beharrezkoa da euskarazko hitz batzuk sartzea.

"Galwayko parke batean batzuk slackline-a [lokarri baten gainean oreka mantentzean datzan kirola da] praktikatzen ikusi nituenean bururatu zitzaidan gazteen euskararekiko egoeraren antzekoa zela. Alde batetik, euskaraz hitz egiteko mezua jasotzen dute; ondo eta zuzen egin behar dutela. (...) Gainera, sarerik gabe dabiltzala planteatzen dut. Euskaraz egitera ausartu eta eroriz gero eutsiko dien sarea falta dute". Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA


Horrela hitz egitea, bat ala beste aukeratu beharra, erresistentzia egiteko modu bat dela diozu.
Kathlyn Woolarden ideia da. Sinkretismo modu aktibo baten gisan definitu izan du berak, Katalunian ikusitakoaren gainean. Ni ere ondorio horretara heldu naiz: “Ez dut aukeratu nahi. Ikusten dut gure gizartean biak daudela”. Bat aukeratu eta hori bakarrik erabiltzeak marka ideologikoa ematen du. Beraz, hautua da ez hautatzea. Eta zenbait elkarrizketatan atera izan denetik ondorioztatu dut badela helduei esateko modu bat: “Zuek argi duzuen arte ez eskatu guri erabakitzeko”. Hor badago protesta edo kritikaren elementua.

Zein espaziotan eta nola eraikitzen da gazte kultura? Aztertu dituzun gazteek gazte kultura bakarra partekatzen dute?
Bada gazte kultura global bat, denek partekatzen dutena, baina gazte azpikultura asko daude horren barruan. Hizkuntzari dagokionez, sarritan ez diogu begiratzen kultura global horri. Gaur egun gazteak erabat txertatuta eta eroso daude gazte kultura globalean. Ez du axola herri txiki arnasgunekoa edo euskarak presentzia txikiagoa duen hirikoa izateak. Erreferentzia kulturalak denengana heltzen dira eta hizkuntza aldetik denengan dute eragina. Iruditzen zait hizkuntza-praktika eta ideologiak aztertzeko marko horretan kokatu behar garela, beraiek marko horretan ari direlako eta hizkuntza hautuak begirada horrekin egiten dituztelako.

Hizkuntza ideologiak erakusten dituzten jarrera esplizituei dagokionez, zein dira multzo nagusiak?
Euskararen aldekoen artean, batzuk identitatearekin lotutakoak dira; 1970eko hamarkadatik hona sortu den ideologian kokatzen dira. “Euskara da nire hizkuntza”, “euskara da euskaldun egiten gaituena”… Hizkuntza gutxitua izatearena ere agertzen da: arriskuan dagoela, zaindu behar dela… Batzuetan erromantizismoa agertzen da: zaharra dela, altxorra dela, ahaiderik ez duela… Eta funtzionatzen dute neurri batean. Ideia horiek eskolaren bitartez zabaldu dira eta hortik jaso dituzte, nagusiki.

"Gazteen hautua da hizkuntza ez hautatzea. Eta zenbait elkarrizketatan atera izan denetik ondorioztatu dut badela helduei esateko modu bat: 'Zuek argi duzuen arte ez eskatu guri erabakitzeko'. Hor badago protesta edo kritikaren elementua"


Beste aldean daude liberalismo linguistikoaren diskurtsoak. Nire ikerketan ez dut topatu diskurtso esplizitua dioena euskarak ez duela ezertarako balio. Asko agertu zaidana da “bakoitzak nahi duena” diskurtsoa. Oso hedatuta dago eta ez da gizarte-ezaugarri zehatz batzuen araberakoa. Indibidualismoarekin erabat lotuta dauden argudioak dira.

Bi multzoetako diskurtsoak zirkulazioan daude, ez dute pertsona batzuk ideologia bat eta besteek bestea, agertu daitezke nahastuta pertsona beraren baitan. Egoeraren arabera dinamismoa dago.

“Ulertu eta paso” bezala izendatu duzun diskurtsoa ere aurkitu duzu.
Bai. Ulertzen dute eta onartzen dute eskolak euskara sustatzea eta beraiei euskaraz hitz egiteko eskatzea. Baina eskolaz kanpo gaztelania erabili nahi badute, inork euskaraz hitz egiteko eskatzea ez dute hain erraz onartzen. Norbaitek euskaraz aritzeko esaten badie, ulertzen dute zergatik, baina ez dute beti obeditzen.

Emakumeek euskara gehiago erabiltzen dutela diote hainbat ikerketak; gainera, zenbat eta gazteago izan, alde hori handiagoa da. Hizkuntzarekiko bizipen desberdinak dituzte neskek eta mutilek?
Erabilera mailan oso alde txikiak ikusten dira, baina ia beti agertzen dira. Horren zergatiak gutxi ikertu dira. Nazioartean gaiaz ikertu denaren sintesia egin dut tesian. Gurea bezalako testuinguruetan ezin da ondorio orokorrik atera. Testuingurua eta garaiaren arabera arrazoi desberdinak agertzen dira.

Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA


Gure kasuan ikusi dut egoera baldintzatzen duten praktikek eragina dutela hitz egiteko moduetan. Jarduera batzuk gehiago lotzen dira mutilekin eta besteak neskekin; eta horrek eragina du hizkuntzan. Gorputzarekin eta mugimenduarekin lotuta, kirolean, hitz egiteko modu azkarra, esamolde laburrak eta indarrarekin lotutakoak erabiltzen dira; maskulinitatearekin lotzen dira horiek eta gure inguruan gaztelaniarako joera ikusten da. Irainak, isekak, txantxak eta horrelakoetan gaztelania gehiago sartzen da. Eta mutilak legitimatuago sentitzen dira horiek erabiltzeko. Ez dut esan nahi neskek erabiltzen ez dutenik, baina ez dira hain legitimatuta edo eroso sentitzen.

Historikoki emakumeari euskararen ardura egotzi zaiola esan izan du zenbait ikerlarik lehenago. Horrek jarraipena du gaur egun?
Hizkuntza gutxituetan eta migrazio fenomenoetan gertatu izan den zerbait da emakumeei ematea jatorrizko hizkuntza mantentzeko eta zaintzeko ardura. Lotuta dago orokorrean emakumeari eman zaion rolarekin. Euskal abertzaletasunaren sorreratik ere, emakumeen ardura politikoa hizkuntzaren zaintza izan da, amaren eta andereñoaren ikuspegitik. Transmisioa emakumeen esku uztearena ardura bat izan da, baina baita karga ere. Hizkuntza sozialki egoera txarrenean egon denean ere, leporatze bat ekarri die.

Momentu honetan horren isla badagoela ikusi dut. Zeinbait eskolatan sortzen diren euskara taldeetan neskek parte hartzen dute eta mutilek apenas. Eskola eta hizkuntzaren arteko lotura dago, eta baita emakumeek eskolan duten zereginarekin lotura ere. Gainera, talde horien jarduera batzuetan zaintzarekin lotuta dago; hizkuntzaren zaintzaz gain, eskolako gazteagoekiko harremanaren bidez, esate baterako. Onintza Legorburu ikerlariak ikusi du hizkuntzaren gaia 1970eko hamarkadan oso politizatuta egotetik, diskurtso infantilizatuagoetara pasa garela, eta hori ere egon liteke gaiaren feminizazioaren atzean.

Feminizazioaren eta euskararen prestigio faltaren artean lotura dagoela iradokitzen duzu.
Nerabeen artean behintzat, euskararen alde agertzeak sozialki, sinbolikoki, ez du irabazirik ematen. Mutilentzat behintzat, desaktibatzailea da. Baina askoz gehiago ikertu behar dugu, aldaketak gertatzen ari direlako. Maskulinitatearekin lotutako balioek indarra dute, baina feminismoaren aldarriak gero eta onartuago daude gizartean, eta ikusi behar dugu zer ekarriko dion horrek euskarari.

Euskararen feminizazioaz baino gehiago, gaztelaniaren bidezko maskulinitatearen eraikuntzaz hitz egin behar dugula uste dut. Nerabeek heldu bihurtzea gaztelaniatik pasatzearekin lotzen dute. Euskararen alde aktiboenak diren neska nerabeen diskurtsoetatik jaso dudana da mutilei eskatzen dietela beraiek ere euskararen alde aktibatzeko.

Nerabeen praktika linguistikoak beraien baldintza sozialen emaitza huts gisa ulertzea gaitzesten duzu.
Euskararen auzia nerabeena baino gehiago da helduena. Gazteen mezua da: zuek aldaketa handi bat egiten ez duzuen bitartean, guk ezin dugu egin. Gazteengandik espero dugu heldu bihurtzea, baina gaur egun heldu izateak inplikatzen du gaztelaniaz egitea.

Nerabe gazteei buruz asko hitz egiten dugu, baina beraiekin hitz egin gabe. Ez diegu eskaintzen auzi honetan parte aktibo izateko modurik, gauzak beraiek pentsatzen duten bezala egiteko aukerarik. Agentzia hori aitortu ezean, alferrik gabiltza. Hausnarketa maila handia dute eta gehiago entzun behar diegu, asko ikasten dugulako beraiengandik.

Gazteek, soka gainean dabilen funanbulistaren gisan, zein arrisku sentitzen dituzte?
Galwayko parke batean batzuk slackline-a [lokarri baten gainean oreka mantentzean datzan kirola da] praktikatzen ikusi nituenean bururatu zitzaidan gazteen euskararekiko egoeraren antzekoa zela. Alde batetik, euskaraz hitz egiteko mezua jasotzen dute; ondo eta zuzen egin behar dutela, gainera. Helduek sarri esaten dute gazteek gaizki hitz egiten dutela: euskalkia oker erabilita, erdarakadak sartuta… Jatorri euskalduna dutenek presio hori dute. Eta hiztun berriak ere, hizkera hori ez dutela ikusirik, zalantza horretan bizi dira. Beste ikerketa askotan ere agertu da. Gainera, sarerik gabe dabiltzala planteatzen dut. Euskaraz egitera ausartu eta eroriz gero eutsiko dien sarea falta dute. Josiko bagenu sare bat hanka sartzen duenari edo euskararen erabilera erabatekoa eta bikaina egiten ez duenari eusten diona, agian ausartuko lirateke.

Nola josi sare hori, ordea?
Nik planteatzen dudana da, paradoxikoki, fokua gazteengandik kentzen hasi behar dugula. Helduen esparruan eragitea da lehentasuna. Eskolaren lana ez badugu lan-munduarekin eta helduaroko egitura materialetan egiten denarekin osatzen, eskolako lana oso ona izanik ere, ezinezkoa da aurreratzea.

Eremu ez-formalean ere hizkuntza politika eta plangintza sendoak aplikatu behar dira. Horretarako, lehenik ondo definitu eta bereizi behar dira eremu ez formala eta informala. Eremu ez formalean plangintza zehatzak eraikitzen joan behar dugu. Hasteko ikus-entzunezkoen eremuan, kirolaren esparruan… Baina modu egituratu eta zabal batean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskararen erabilera
Mingainak astindu ditu Iruñeak

Inoiz baino jende gehiago bildu da Iruñerriko III. Mintzodromoan. 180 pertsona inguru aritu dira euskara praktikatzen eta sare euskalduna zabaltzen.


Biarritzeko turismo-audiogidetan euskararen arrastorik ez

Audiogidak frantsezez, alemanez, ingelesez eta gaztelaniaz daude. Biarritzeko turismo bulegoko zuzendari Genevieve Fontainek argudiatu du euskara ez dela “berehalako eskarietako bat”.


Jon Zapata, 'Haurren aurrean helduok heldu' ekimenaren koordinatzailea
“Haurrek ulertzen dute euskara haurren hizkuntza izanen dela”

Haurren aurrean helduok heldu ekimena urriaren 19tik 29ra egingo da Hego Euskal Herriko 80 herritan. Protagonistak, batez ere, gurasoak izango dira eta bi helburu azpimarratu ditu Euskaltzaleen Topagunea antolatzaileak: batetik, gurasoek hizkuntza ohiturak aldatzeko pausoak... [+]


Iñigo Urrutia
"Gaztelania eta frantsesa armen bidez inposatu zituzten Euskal Herrian"

Euskarafobia legalaren historia legez lege eta arauez arau aztertu du Iñigo Urrutiak (1966, Jatabe-Maruri), Xabier Irujorekin batera. Horren emaitza da Historia Jurídica de la Lengua Vasca (1789-2023) liburu mardula. Irujo atzerrian zegoenez, Urrutiarekin mintzatu... [+]


Eguneraketa berriak daude