Aldaketa erradikalak ala "garbiketa arrosa"?

  • Feminismoak hainbat arlotan lortu duen erreferentzialtasunak ez du kanpo uzten zinema mundua. Emakumeen presentzia nabarmen hazi da filmeen ekoizpenean, eta lan horietako bat saritua izatea ere ez zaigu harritzekoa. Bestalde, zinema industrian jazo diren era guztietako erasoen salaketak ozen entzun dira bazter guztietan. Zinema jaialdien jarreraren inguruan hausnartu dugu, eraikitzera goazen gizartean duten betebeharra azpimarratzeko.

Zinema industriako emakumeak protestan, Cannesko alfonbra gorrian (Argazkia: NBC News)
Zinema industriako emakumeak protestan, Cannesko alfonbra gorrian (Argazkia: NBC News)

Zinema industriako 82 emakumek Canneseko (Frantzia) alfonbra gorria gaitzespenez bete zuten 2018an. Protestak epaimahaiko lehendakari zen Cate Blanchett zuen buru. Agerraldia egin zuten emakumeen kopuru zehatzak interpelazio garbia egiten zuen: nola zitekeen jaialdiaren historia luzean soilik 82 emakume lehiatu izana Urrezko Palma lortzeko, gizonak 1.600 izanik? Urte hartan bertan zinema jaialdi askok, tartean Donostiako Zinemaldiak, Zineman Parekidetasunaren eta Emakumeen Inklusioaren aldeko Gutuna sinatu zuten; ordutik konpromiso horrek jaialdiak behartzen ditu zinemaldien ostean genero estatistikak argitaratzera. Nahikoa al da, ordea, %50eko kuoten zeru-ertza sektorea eraldatzeko?

Joan den urteko irailean, Elías Querejeta Zine Eskolarekin batera Euskal Herriko Unibertsitateak antolaturiko Zine-jaialdiei buruzko begirada kritikoak: historia, kultura eta politika ikastaroan, tartea eskaini zitzaion feminismoak ekitaldi hauetan duen papera pentsatzeari. Ruth Pérez de Anucitak gidatu zuen mahaingurua, Donostiako Zinemaldiko prentsa arduradun denak, eta bertan parte hartu zuten Paz Lázarok –Berlinaleko hautaketa-batzordeko eta Panorama Saileko buruak– eta Marta Selvak –Mostra Internacional de Films de Dones de Barcelona (Bartzelonako Emakumeen Filmeen Nazioarteko Erakusketa) ekimeneko zuzendari ohiak–. Zinema jaialdietako genero-arrakala izan zuten hizpide saioan.

La Mostra gisa ezagun den Bartzelonako erakusketa 1993an sortu zen emakumezkoek zuzendutako zinema bultzatzeko asmoz. "Jaialdi handien" erreprodukzioa izatetik harago, Mostrak lehiarik gabeko esparrua ireki nahi izan du, zeinetan zuzendari eta ikuslegoaren arteko eztabaida gauzatzen den eta filmeen ekoizpenean laguntzen den. Bestalde, Berlingo Zinemaldiak jaialdirik aurrekoiena izatearen ospea du parekidetasunari dagokionean, eta Panorama Saila du bere baitan, "esplizituki queer, esplizituki feminista eta esplizituki politikoa" den eremua, eta kategoria horien gainetik pentsatzeko helburua duena. Horretaz gain, Berlinaleko zuzendaritza bikoitza Carlo Chatrian eta Mariette Rissenbeekek osatzen dute, tankerako beste jaialdietan zuzendari bakarra eta gizonezkoa den bitartean. Zinemaldi hau lehena izan zen Teddy Award saria txertatzen, LGTBIQ+ komunitatearen partaide diren pertsonaiak pantailaratzen dituen filmak saritzen dituena, eta ondorioz Pedro Almodóvarren La ley del deseo (Desiraren legea, 1987) edo Cheryl Dunyeden The watermelon woman (Sandia emakumea, 1996) bezalako filmeen erakusleiho garrantzitsua izan dena. Jaialdiaren azken berrikuntza, aurtengo edizioari begira, gizonezko eta emakumezko aktore onenaren sariak antzezpen onenaren izenburupean elkartzea izan da, sexu bereizketarik gabeko sariketaren alde apustu eginez.

Aipagarria da, apur bat atzera eginez, bi jaialdien abiapuntutzat uler litekeen 26. Donostiako Zinemaldia: 1978an emakumeek egindako zinemari eskainitako sail independentea bultzatu zuen Donostiako Emakumeen Asanbladak. Sail horretan, Agnès Varda edo Věra Chytilová bezalako zuzendariak mugimendu feministako kideekin eztabaidan jartzea lortu zuten, espazio zinematografikoa eta militantea uztartzeko helburuz. Gorka Bereziartuak ARGIAn argitaratutako 1977: Egarri egunak Zinemaldian artikuluan jaso zuen nola eta zergatik horrelako ekimenik ez zen zinemaldiaren baitan errepikatu gerora (Ikerlaria eta Zine Eskolako irakaslea den Pablo La Parraren esanetan, Espainiar Estatuak eta Donostiako Zinemaldiak elkarrekin diseinatutako estrategian, zinema industriaren lobbyaren interesekoak ez ziren sailak desagerrarazi egin zituzten, goi mailako jaialdien kategoria berreskuratzearen truke). Halere, garai hartan hori antolatu izana feminismoa zine industrian izaten ari zen eraginaren erakusle da, eta ondoren sortu diren zinema jaialdi eta sailetako erreferentzia bilakatu da.

Kuoten kontua iraultzaile gisa har daiteke goi-mailako zine jaialdi batek aurrera eramaten badu, beste zinemaldiak kokatzera behartzen baititu ekimen horretan.
 

Kuoten gaia hartuta, emakumeek zuzendutako filmek, egun, Berlinaleko edukiaren %30-40 inguru osatzen dute; kategoria horretako jaialdi batek inoiz lortu duen zifrarik altuena da. Aitzitik, pentsatu beharra dago datu hori zeharkatzen duten beste hainbat osagaitan. Hautaketarako izena ematen duten filmen %30 soilik izaten da emakumeek zuzendua, eta hori baino lehen datoz finantzaketa eta mezenasgoaren baheketak. Honen harira ondokoa galdetzen zuen Marta Selvak zinema jaialdien inguruko mahai-inguruan: nola liteke zine eskoletan ikasleen gehiengo zabala emakumezkoa izanik, jaialdi batek jasotzen dituen filmeen %70 gizonezkoek zuzendu izana? Aritmetikoki, behintzat, ez dirudi logikoa denik.

Horrek jaialdien erabakien errora begira jarri behar gintuzke. Borroka feministarekin harremanean dauden aldaketak egin izanak ez du bermatzen jaialdien gaiarekiko benetako konpromisoa. Neurriak hartzen ari badira, presioa egiten ari den eta gizartean gero eta pisu handiagoa duen mugimendu feministaren lorpenengatik da; halere, ezin ahantz liteke ematen den datu bakoitzak beste aldea ere baduela. Kuoten kontua iraultzaile gisa har daiteke goi-mailako zine jaialdi batek aurrera eramaten badu, beste zinemaldiak kokatzera behartzen baititu ekimen horretan. Halere, %40ra edo %50era iritsita ere, hitz egin ahal genezake parekidetasunaz? Nola lortu parekidetasuna bermatuko lukeen eta ehunekoek garrantzirik ez luketen agertoki bat? Bartzelonako emakume zuzendarien jaialdia gai da aurrerapauso handiak emateko beste zinemaren historia idazteko orduan, baina horrek ez dakar, bere kabuz, gutxiengo intersekzional ororentzako lekua. Berlinaleko Teddy Awardak edo Antzezpen Onenarentzako Urrezko Hartzak ez dira nahikoa gizonezkoei egozten zaizkien paper ikusgarrien miresmena eraldatzeko, eta lehiarik gabeko Mostrak ere ez dakar lehiakortasunaren bukatzea bere islatik haragoko munduan. Beharrezkoa da, ezinbestean, iruditeria androzentrikoarekin hausteko exijentzia aktiboa ikuslegoaren aldetik, gizon zuri heterosexual eta erdi-mailakoaren desira ohoratu eta erreproduzitzen ez duena. Prentsaren jarrera aldaketa derrigorrezkoa da, zeinak egun, zinema industriako emakumeei beren bizitza pribatuaz galdetzen dien zinemaz baino gehiago. Zinema jaialdiak industriaren erreferente diren aldetik, sakoneko aldaketak eman behar dituzte epaimahaiari, proiektuen garapenerako laguntzei, hautaketa irizpideei eta dituzten helburuei dagokionez. Mugimendu feministak gizartea eraldatzen duen heinean aldaketa hauek saihestezin gertatuko dira, baina norberak bide horretan duen paperaz hausnartzea garrantzitsua da ematen diren pausoak azal arrosez zurituak izan ez daitezen. Orain artean patriarkalak izan diren zimenduak eraitsi beharra dago.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinema
2024-04-28 | Julen Azpitarte
Gangster maritxuen banda

“Gay azpitestuak beti hobetzen du film bat”
Quentin Tarantino

Juan Dos Ramos idazle eta Alex Tarazón ilustratzaile valentziarrek Gangsters Maricas: Extravagancia y Furia en el cine negro (Gangster maritxuak: nabarmenkeria eta indarkeria zine beltzean)... [+]


Laburbira hasiko da ostiralean: euskarazko zortzi film labur, 35 herritan

Apirilaren 12an egingo dute XXI. edizioaren estreinako emanaldia, Bergaran. Maiatzaren 12ra bitartean, 35 herri bisitatuko ditu euskarazko film laburren ekimenak. Berrikuntza gisara, ikusleek film labur onena hautatzeko aukera izango dute.


Ecozine jaialdiak ingurumenaren inguruko filmak ekarriko ditu datorren astean Iruñeko Golem zinemetara

Apirilaren 8tik 11ra bitartean laburmetrai eta dokumental sorta emanen da, tartean Oskar Alegriaren 'Zinzindurrunkarratz' eta Goya sariaren irabazle 'To bird or not to bird'.


Palestinari, osasun mentalari eta transexualitateari buruzko filmak ikusi ahalko dira Giza Eskubideen Zinemaldian, besteak beste

Hilaren 12tik 19ra egingo dute 21. Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia, eta askotariko filmak proiektatuko dituzte: osasun mentala, Palestinaren egoera, migrazioak, lanaren etorkizuna, Ukrainako haurrak eta transexualen eskubideak izango dira zinemaldiko film eta... [+]


2024-04-05 | Euskal Irratiak
Iparraldean ere, euskararen aukera ahalbidetu du Netflixek

Martxotik Frantziako Netflix plataforman euskarazko audio eta azpitituluetako filmak ikusgai dira.


Eguneraketa berriak daude