“Gizonek idazten dute historia eta gauzak beren erara kontatzen dituzte”

  • Kazetaria da eta, gainera, haurrentzako nahi dituen ipuinak aurkitu ezinik, horiek idazteari ekiten dion ama. Euskal mitologia eta emozioez gain, historian barrena isilpean gelditu diren emakume bide urratzaileen biografiak biltzeari ekin dio azkenaldi honetan.


2021eko urtarrilaren 29an
Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco

Kazetaritzak ekarri zintuen Irundik Iruñera?
Bai. Ikastera etorri nintzen. Egia esan karrera amaituta aukera izan nuen Irunera itzultzeko, aita kazetaria nuen eta publizitate arloan berarekin lan egin nezakeen, baina nahiago izan nuen Iruñean geratu, probatzeko eta baita amodio kontuengatik ere.

Kazetari gazteen baldintza prekarioak ezagutu zenituen bete-betean, ezta?
Hala da. Ezkaba aldizkarian hasi nintzen publizitatean eta erredakzioan. Ondoren Vivir en Barañain eta EGN enpresak Nafarroa osoan egiten zituen beste aldizkari txiki askotan ere aritu nintzen. Menperatzen ez nituen gaiez idaztea egokitzen zitzaidan askotan. Ribera alta aldizkarian, adibidez, Azkoienen, nire lehen lana zezenketen orria egitea izan zen, eta nik ez nekien ezer. Club taurinora joan nintzen eta eskatu nien, mesedez, laguntzeko nik ez nuelako ideiarik ere. Urtetan Tafalla, Cadreita… herri askotan ibili nintzen. Garai hartan udal ia guztiak UPNkoak ziren. Euskara erabat arrotz egiten zitzaien eta erredakziora deitzen zutenean galdetzen zuten ea “la Carmen” bazegoen.

Hasieran Erriberan ate guztiak itxita nituen, eta tematu nintzen lortu behar nuela errespetua eta areago maitasuna. Jende honek ikusi behar du euskaldunak jatorrak garela, pentsatu nuen. Eta nolabait lortu nuen. Ni haientzat nintzen “la vasca pero maja”. Modu berean lortu behar dugu jende guztiak ikustea emakumeok baditugula indar-gune asko mundu hau hobea egiteko.
Gustura ibili nintzen zortzi urte eta erdi inguru. Gero Canal 4 telebistan eta COPE irratian publizitatean eta erredakzioan egin nuen lan.

Nik beti esaten dut hau afizio polita dela eta ogibide kaxkarra. Miseria hutsa da, baina horretan gabiltzanok gustukoa dugu eta hori da gure kondena. Nik ez dakit besterik egiten.

Barañain Auditorion hamar urte pasatxo komunikazio bulegoan eta orain Iruñerriko Mankomunitean. Nolakoa da komunikazio instituzionala?
Oso anitza. Hemengo lana ez da bakarrik prentsa oharrak idaztea. Nik Barañainen kartelak egiten nituen, artistekin hitz egin, sare sozialak kudeatu, aurkezpenak, egitarauak antolatu… Eta orain eko-blog batean idazten dut, barneko komunikazioa, sare sozialak, prentsaurrekoak, asanbladak eta erakundeekiko harremanak kudeatzen ditut.

Nik beti oso kontuan hartzen dut pertsonekiko hurbiltasuna. Nire ustez kazetariak umila izan behar du eta beti egon behar du ikasteko prest. Eta ezinbestekoa da istorioak kontatzea gustukoa izatea, noski, azken finean hori baita kazetaritza. Honengatik ere bilatzen ditut aukerak nire gustuko gauzak liburuetan kontatzeko.

"Hasieran Erriberan ate guztiak itxita nituen, eta tematu nintzen: jende honek ikusi behar du euskaldunak jatorrak garela. Eta nolabait lortu nuen. Ni haientzat nintzen ‘la vasca pero maja’ ”

Nola hasi zinen idazten?
Betidanik egin izan dut niretzat oso terapeutikoa delako. 10 urterekin idatzi nuen nire lehen ipuina eta ahizpari oparitu nion. 14rekin nobela bat idatzi nuen barruan nuena ezin nuelako bestela erakutsi eta semeak jaio zirenean ikusi nuen gauza pila zeudela esateko eta irakasteko, eta ipuinak bide ezin hobeak direla horretarako. Nik ez ditut istorioak sortzen. Inguruan begiratu eta ikusten dudana kontatu baino ez dut egiten.

Etxean harreman estua izan dugu beti mitologia eta kondaira zaharrekin, baina semeek, ordea, ez zekiten Ama Lurra nor den edo eguzki loreak zertarako jartzen diren etxe atarian. Haientzat nahi nituen ipuinak ez nituen aurkitzen eta gauza bera gertatzen zitzaion nire lagun Izaskun Zubialde irakasle irundarrari. Horregatik hasi ginen idazten. Duela sei urte izan zen hori. Berehala ikusi genuen inguruko jendeak ere nahi zituela euskal mitologiari buruzko gure lanak irakurri, baina autoediziorik egiteko dirurik ez genuenez Amazonen jarri genuen dena doan deskargatzeko moduan eta hizkuntza desberdinetan. Pasada bat izan zen eta hiru egunean 12.000 deskarga izan genuen. Abenduan izan zen hori eta urtarrilean, toki pila batean agertu ondoren, Denonartean argitaletxea harremanetan jarri zen gurekin liburua plazaratzeko. Guk ez genuen ezer espero, horregatik etorri den guztia oparia izan da guretzat.

Handik gutxira EHUrekin hitzarmen bat sinatu genuen haiek gure lanen ingelesezko itzulpenak egiteko eta bertsio horiek ere asko mugitzen dira interneten. Ondoren mitologia ipuin gehiago, Tartalo, Basajaun eta Olentzeroren liburuak idatzi eta argitara emateko aukera izan genuen Denonartean eta Txalaparta argitaletxeekin. Hurrengo urtean mitologia sail honetako laugarren alea aterako dugu. Oso harrera ona izan dute eta sei urte pasata, aurten ere Durangon dezente saldu dira, adibidez.
Balioak eta emozioak ere landu nahi ditugu eta horrela idatzi genituen Lekim eta Sumendi bat baratzean. Lekim nire seme Mikelek sortu zuen. Txikitan beti esaten zuen haserretzen denean suzko bola moduko bat sentitzen duela barruan eta hori kanporatzeko nahiak oihu eta zalaparta egitera bultzatzen duela. Nik hobeto ezin dut azaldu.

Argazkia: Dani Blanco

Eta emakumeen gaiari zergatik heldu zenioten?
Hori ere oso modu naturalean sortu zen. Izaskunek alaba nerabe bat dauka etxean eta hasi ginen pentsatzen zer egin genezakeen gazteei genero berdintasunaz eta norberaren buruaz harro sentitzeaz hitz egiteko. Horrela sortu zen Sarerik gabe. Historiak emakume izena dauka, Euskadi Sarietan finalista izatera iritsi zen lana. Bada garaia anonimotasunean dauden historia egin duten emakume asko historiaren barruan lekua izaten hasteko. Gure inguruko emakumeak bildu genituen, izenez ezezagunak kasu askotan, baina beren garaian garrantzi handia izan zuten gauzak egin dituztenak.

Emakume horiei egindako omenaldia da liburu hau eta, aldi berean, iraganeko edozein garai hobea izan zela uste duten gazte guztiei egindako arreta dei bat.

Inma Shara orkestra-zuzendaria, Ainhoa Arteta sopranoa, Maialen Lujanbio bertsolaria edo Bixenta Mogel euskarazko lehen idazletzat jotzen dena dira liburu honetako protagonista batzuk. Baina badira ere profil anonimoak, hala nola herri oso bati jaiotzen lagundu zion emagin batena, edo gerrako espioi bat, edo aduanetako agente bat…

Ez da ahaztu behar gizonek idazten dute historia eta gauzak beren erara kontatzen dituztela. Liburu honek esan nahi die neskei ez dela beharrezkoa munduan emakume ezohikoen bila ibiltzea, haietako bakoitza ezohikoena delako. Haien burua balora dezatela nahi dugu.

Eta orain Gizalabak kaleratu duzu. Zer da lan hau?
Euskal Herriko eta kanpoko beste hainbat emakumeren biografiak landu ditut azken bi denboraldietan, astero, Euskalerria Irratian. Marie Curie, Virginia Wolf, Kattalin Agirre, Greta Thunberg… Antzinako emakumeak eta egungoak. Emakume bitxiak eta paregabeak. Orain, konfinamenduan, paperera ekarri ditut hauen guztien istorioak itzalpean ez geratzeko eta lau haizetara hedatzeko helburuarekin. Irratiko podcastak eginak zeudenez, liburuarekin lotu ditut QR kodeen bidez. Gainera irratirako opari moduan egin nahi nuen. Haiek nigan jarritako konfiantza eskertu nahi nuen eta horregatik diru etekin guztiak irratirako izango dira.

Emakumeen bidea ez da batere erraza izan baina pixkanaka badoa. Historian zehar gizonezkoek kontatu izan dute beti egin dutena eta emakumeok, aldiz, egiten duguna ez dugu adierazten. Baina gauzak aldatzen ari dira, aldatzen ari gara. Lehen emakume indartsuak gizonak bezalakoak irudikatzen ziren, baina titiekin eta orain, aldiz, konturatzen ari gara indar-gune sendo eta propioak ditugula eta agerian jarri behar ditugula.

Zeintzuk dira?
Nik uste dut sentiberatasuna eta beste ikuspuntu bat emateko gaitasuna. Oro har praktikoagoak gara, baina, aldi berean, sentimenduak bazterrean utzi gabe jokatzen badakigu. Babes emaileak gara eta barruko mundu aberatsa dugu. Ez dut esaten gizonak baino gehiago garela, baina gutxiago ere ez. Emakumeak beti aldatzen ari gara, bizitzan zehar etapa desberdin asko izaten ditugu eta hori gizonei ez zaie berdin gertatzen. Beti kontuan hartzen ari gara gauza pila bat eta hori ona da. Halere ez dut uste lehiaketa bat egin behar dugunik zein den hobea demostratzeko. Guztiok beharrezkoak eta onak gara.

Ni hasi naiz emakumeei buruz idazten konturatu naizenean emakumea naizela. Orain arte nire lanean igualtsu izan naiz, baina orain gizonen mundu batean ari naiz eta konturatu naiz ni emakumea naizela. Horregatik hitz egiteko premia sentitu dut eta nire ustez hori ez da ona. Gabezia hori konpondu beharra dago. Gizonek ez dute haiei buruz hitz egiteko beharrik sentitzen. Hor falta da zer edo zer. Administrazioan, enpresetan daudenak gizonak dira, baina aldatzen ari da eta beste biderik ez dago. Pixkanaka hasiko gara igotzen. Nik ez nuke kopiatuko gizonek pentsatutako mundua, nik uste dut gure ahalmen propioak ditugula. Tresna berberak ezin ditugu erabili eta denon artean lortu behar dugu mundu hobe bat, ez batzuk besteen kontra jarrita.


"Lehen emakume indartsuak gizonak bezalakoak irudikatzen ziren, baina titiekin eta orain, aldiz, konturatzen ari gara indar-gune sendo eta propioak ditugula eta agerian jarri behar ditugula”

Feministatzat hartzen duzu zeure burua?
Nik ez, baina batzuek halakotzat hartzen naute. Nik ez dut emakume izatearen kontzientziarik, eta horretaz konturatzen naizenean haserretu egiten naiz, norbaitek gogorarazi didalako. Denok pertsonak gara eta kito. Pertsona xume langile bat eta ama bat besterik ez naiz ni.

Etorkizunari begira, zein da emakumeon erronka nagusia?
Belaunaldi berriei hau dena transmititzea, baina dena ez dago gure esku. Konfinamenduan izututa gelditu naiz ikustean nola joan garen atzeraka. Emakumea berriro gelditu da etxean ardura handiekin, familia, etxea, zaintza, lana, ikasketak…. Den-dena guretzat. Konfinamendua ez da guztiontzat berdina izan eta hori serio pentsatu beharra dago.

Amazonekin plazaratu duzu azken liburu hau eta horregatik kritikatua izan zara…
Niretzako penagarria izan da batzuek eman duten erantzuna. Nik liburu hau egin nuen irratiari aukera hau eman izana eskertzeko asmoz eta bide batzuk arakatzeari ekin nion. Zailtasun handiak topatu nituen lehen unetik. Auto-ekoizpena egiteko zuk aurreratu behar duzu dirua, liburuak gordetzeko biltegi bat behar duzu eta salmenta puntuak bilatu. Ni ezin nintzen horretan sartu eta ezin nion irratiari lan hori eman. Gainera irabazi guztiak irratirako izan zitezen nahi nuen. Argitaletxe batekin lan egiten baduzu %10 baino ez duzu jasotzen eta gainera ez da batere erraza lortzea zure lana kaleratzeko prest egon daitekeen norbait. Hau dena ikusi ondoren, errazena Amazonen aukera iruditu zitzaidan. Jendeak on-line deskarga dezake lana nahi duenean eta paperean hartu nahi izanez gero etxera bidaltzen diote 15 euroan. Konfinamendu egoera honetan ez zitzaidan gaizki iruditu eta gainera diruaren heren bat irratira zuzenean bideratzeko aukera ematen zidan. Horregatik guztiarengatik erabaki nuen Amazonera igotzea. Nire intentzioa ona zen. Badakit Amazon orain deabrua bezalakoa dela, baina gauza onak ere baditu. Har ditzagun gauza onak, geure inguruko dendak eta zerbitzuak ahaztu gabe. Nik ez dut batere gustukoa Amazonen eredu zapaltzaile hori, baina konfinamendu honetan erabili dut eta nik bezala jende askok, eta onartu beharra dugu.

Pertsona batzuek zailtasun horiek guztiak eta arrazoi horiek guztiak ikusi nahi ez izateak penatu nau. Gaizki ikusten dut kritika hutsean gelditzea, batere irtenbiderik eman gabe.

Bakarne Atxukarro Estomba. Irun, 1974

Kazetaritza ikastera Iruñera joan eta bertan gelditu zen. EGN Comunicación taldeko aldizkari txiki askotan, COPE irratian eta Canal 4 telebistan aritu ondoren, Barañain Auditorioko komunikazio arduraduna izan zen hamar urtez. Gaur egun Iruñerriko Mankomunitateko komunikazio bulegoan egiten du lan. Seme bizkiak jaiotzean hasi zen haurrentzako ipuinak idazten: Euskal Mitologia I eta II, Tartalo, Basajaun, Olentzero eta Mari Domingi, Sumendi bat baratzean eta Lekim liburuen egilea da Izaskun Zubialde eta Asun Egurzarekin elkarlanean. Historian izan diren ezagutu beharreko emakumeen inguruan bi lan argitaratu ditu: Sarerik gabe eta Gizalabak. Bigarren honetan Euskalerria Irratian azken hiru denboralditan eginiko kolaborazioak bildu eta QR kodeen bidez testuak eta irratiko podcastak uztartu ditu. Bidasoa eskualdeko idazleen Oskarbi Kultur Elkarteko presidentea da. Martxoan helduentzako bere lehen eleberria kaleratuko du, honetan ere emakumeen ahalduntzea ardatz hartuta. Euskaldunberria eta hiztun bikaina.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kazetaritza
Euskararen Egunean ‘Bizkarsoro’ filma “kontraprogramatzea” egotzi diote ETBri

ETB1ek Bizkarsoro filma estreinatu zuen Euskararen Egunean iluntzean. ETB2ri aldi berean gaztelaniazko azpidatziekin ematea proposatu bazioten ere, kate horretan Tasio eskaini zuten gaztelaniaz azkenean, eta horrek haserrea sortu du euskaldun askorengan sareetan.


Euskal hedabideen etorkizunaz

Azken asteotan esku artean ibili ditut honako bi liburuak: Euskararen gogoetagunea (Euskaltzaindia, 2024) eta Mariano Ferrer, el periodismo reflexivo. Kazetaritza eta konpromisoa (Erein, 2023) . Irakurri dut euskaldunen %42,2k ikusten duela ETB1, eta %20,6k irakurtzen duela... [+]


2024-12-04 | Leire Artola Arin
Kapitalismo berdearen izenean, lurraren defendatzaileak kriminalizatuta

2023an ezagutu genuen Solway Investment Group multinazional suitzar-errusiarraren boterea noraino iristen den. Guatemalan duen Fenix meategiaren gehiegikeriak agerian uzten zituen ikerketa baten berri eman zigun Prensa Comunitariako kazetari batek, eta elkarrizketa hori [+]


Euskal hedabideen etorkizunaz

Azken asteotan esku artean ibili ditut honako bi liburuak: Euskararen gogoetagunea (Euskaltzaindia, 2024) eta Mariano Ferrer, el periodismo reflexivo. Kazetaritza eta konpromisoa (Erein, 2023) . Irakurri dut euskaldunen %42,2k ikusten duela ETB1, eta %20,6k irakurtzen duela... [+]


2024-11-28 | Julene Flamarique
‘Feminizketak’ seriea eta ‘Ikusgela’ proiektua: aurtengo Rikardo Arregi Kazetaritza sarien irabazleak

Asteazkenean banatu dituzte Rikardo Arregi sariak, Andoainen. Kazetaritza Saria Berria-n argitaratutako Feminizketak elkarrizketa sortak jaso du, eta Komunikazio Saria Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen Ikusgela proiektuak. Ohorezko mugarria Ana Galarraga Aiestarani eman dio... [+]


2024-11-27 | ARGIA
Gaur banatuko dituzte Rikardo Arregi Sariak

Kazetaritza arloko zortzi finalisten artean dago June Fernández, ARGIAn argitaratutako Nerabeak eta sexu-heziketa: pornoa ote da arazoa? erreportajeagatik. Sari banaketa ekitaldia Andoainen egingo dute.


Gobernuarekin kritiko den ‘Haaretz’ egunkaria itotzeko neurriak hartu ditu Israelek, hura desagerraraztea helburu

Egunkariaren editoreak egindako adierazpen batzuen harira hartu du neurria Israelgo Gobernuak. "Netanyahuren erregimena krudela da eta apartheid-a ari da egiten", esan zuen Amos Shocken editoreak Londresen emandako hitzaldi batean, duela hilabete.


2024-11-15 | Sustatu
The Guardian eta La Vanguardia egunkariek X/Twitter utzi dute

The Guardian egunkari britainiarrak lehenbizi eta La Vanguardia katalanak (espainolez argitaratzen du edizio zabalduago bat, baina katalanezko bertsioa ere badu) erabakia jakinarazi zuten atzo X/Twitter sare soziala uzten dutela, desinformazioaren ukuilua bihurtu delakoan.


'Barraka' saioa
Apustua ETBk, baina bigarren planoan

Igande honetan, azaroaren 17an estreinatuko da Barraka izeneko late-night formatuko programa, EITBren Primeran plataforman. Hiru Damatxok ekoitzi du umorez blaitutako ikuskizun bizia.


Eguneraketa berriak daude