ARGIA.eus

2021eko maiatzaren 14a
Ahoztar Zelaieta, "Zaldibar zona 0" liburuaren egilea

"Gustatzen zaigu futbol jokalarien alineazioak jakitea, baina ez gure enpresenak"

  • Ahoztar Zelaieta Zamakona ikerketa kazetari zailduak Zaldibar auziaren atzean dauden izenak agertarazi ditu Txalapartarekin plazaratu duen liburuan. "Euskal oasi"ko biztanleok ez gaitezen iragazkaitz izan ziri-ziri edo zarra-zarra ari duten ingurumen eta ustelkeria delituekin.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre
2021eko urtarrilaren 31
Ahoztar Zelaieta. Argazkia: Dani Blanco.
Ahoztar Zelaieta. Argazkia: Dani Blanco.

Zerk eraman zintuen gaia ikertzera?

"Txikitatik ezagutu dut mentalitate hori ere: mendia diru bihurtzea"

Niretzat Zaldibar ez da arrotza, zeren aita mallabitarra da, berton apaiz izandakoa. Guk Mallabin Restaurante Hambre geneukan eta gure gainean putetxea zegoen. Eta bertatik pasatu dira hainbat politikari eta enpresari urte mordoskatan: Barinagaren izena ez zen arrotza Mallabin. Txikitatik ezagutu dut mentalitate hori ere: mendia diru bihurtzea.

Profesionalki, ikusi nuen ARGIA Berriak argitaratutako datuei oihartzuna ematen, Berria ARGIAkoei, Gara Berriaren inguruko informazioak ematen Berria aipatuz, El Salto El Diariok argitaratutakoa, El Diariok El Correok argitaratutakoa, ARGIAk ere inoiz aipatu du El Correo, hark atera dituelako filtrazio batzuk... eta hori gustatu zitzaidan, esklusibitatea alde batera uztea: lanerako hori erakargarri egiten zitzaidan, ez nire ikerketari begira bakarrik aritzea, baizik eta administrazio publikoak isilpean gorde nahi zituen datuak kazetariek elkarbiltzea, bakoitzari bere meritua emanaz. Kazetarien lana izan da isilpean gorde nahi ziren informazio horiek azaleratzea.

Liburuaren hasieran aipatzen duzu zabor jauziak autopista itxi zuenean, zu ataskoan harrapatuta geratu zinela. Zein paretan zeunden?

Ez, hori pertsonaia da. Liburuari nobela itxura emateko asmatu nuen.

Arraioa! Ni naiz ni tuntun alaena, sinetsi egin dut...! Eta liburuan aipatzen diren iturriak ere fikziozkoak dira?

"Eitzaga auzoan Barinagaren familiako kide batekin hitz egiten ari nintzela kotxetik tipo bi irten, nik polizia nazionalaren itxura hartu niela esan nion, eta erantzun zidan: 'Ez, ez, mafia dira'”

Mozorrotuta daude, euren intimitatea gordetzeko. Baina ez da fikzio ariketa hutsa, errealitatean oinarritutako pertsonaiak dira liburukoak eta gertatu zaizkidanak islatu ditut. Iturrietako bat den Naturaren Babeserako Zerbitzuko (Seprona gazteleraz) guardia zibil hori, ba bai, guardia zibila da, baina ez Sepronakoa. COVID-19aren konfinamendua baino lehenago hainbat egunetan Zaldibarra joan eta jendearekin hitz egiteko zortea izan nuen, ez naizelako gaurkotasunaren diktaduran bizi. Eta horrelako gauzak gertatu zitzaizkidan: kotxe bat jarraika izatea; edo Eitzaga auzoan Barinagaren familiako kide batekin hitz egiten ari nintzela kotxetik tipo bi irten, nik polizia nazionalaren itxura hartu niela esan, eta erantzutea: “Ez, ez, mafia dira”, eta nire solaskidea hartu, izkina batera eraman eta galdezka hasi zitzaizkion, ea ni zertan ari nintzen, ea bera zer informazio pasatzen ari zitzaidan...

Liburuan aitortzen duzu damu moduko bat, orain arte ez diezulako ingurumen borrokei arreta handirik eskaini. Zure moduko ikerketa kazetari batentzat, zer elementu interesgarri gurutzatzen dira hondakinen gaian, Zaldibarren ikusi ahal izan denez?

"'Euskal oasia'ren eredu miresgarri horrek nolako hutsuneak eta arazoak dituen azalarazi du Zaldibarrek"

“Euskal oasia”ren eredu miresgarri horrek nolako hutsuneak eta arazoak dituen azalarazi du Zaldibarrek: bezerokeria, ate birakariak, zerbitzu publikoen pribatizazioa, ustelkeria, gardentasun eza... nire buruan gai horiek ez zeuden ekologiari edo ingurumenari hain lotuta. Industriarekin, turismoarekin, zerbitzuekin, kontsultoreekin eta abar lotzen nituen gehiago. Zaldibarri buruzko ikerketarekin hasi nintzenean, konturatu nintzen parametro berdinak zeudela ingurumen arloko afera honetan. Eta ikerketa bukatutakoan konturatu nintzen liburua ez zela Zaldibarrez bakarrik, kudeaketa eredu baten ikerketa zela.

“Euskal oasia”ren kudeaketa ereduan ingurumena sartuta dago eta gauza oso larriak daude, ez Zaldibarren bakarrik. Horregatik ditu liburuak hainbeste eranskin amaieran, beste afera batzuk kontatuz: garrantzitsua delako ikustea Zaldibar ez zela anekdota bat, kudeaketa eredu baten ondorio baizik. Lazgarria izan den ondorio bat. Baina piramidearen harri koskor bat baino ez, larria, odolez gorritua. Esaten da langile bi hil direla, beste batzuek diote akabatu dituztela... Autopista bat afektatua izan da, gauza oso sakratua “euskal oasia”n.

“Euskal oasia”ren barruan hedabideek zer paper jokatzen dute?

Medio konbentzional oso handiek edo korporatiboek ez dute ingurumenaren arloko sailik. Gaia puntualki agertzen da. Ez dago kazetari espezializaturik, ez dago horretarako denborarik, gaurkotasunaren diktadura dela, prekarietatea...

"Ustelkeriarekin gertatzen den moduan, ingurumenaren aferen izebergaren punta baino ez dugu ikusten"

Eta ustelkeriarekin gertatzen den moduan, ingurumenaren aferen izebergaren punta baino ez dugu ikusten. Ez bakarrik medioek ez dutelako delitu ekologikoengan arreta handirik jartzen, baizik eta Euskal Herriko iritzi publikoaren sentsibilitatea ere ingurumen arloko delituekin oso txikerra delako. Zergatik? Normalizatuta daudelako. Permeableak bihurtu gara haiekiko.

Mugimendu ekologista ere oso sektorializatuta dago, “dibortzioak” egon dira... erreakzioa edo sentsibilizazioa pizteko zailtasunak daude.

Ertzaintzak eta epaitegiek, ustelkeriaren kasuan bezala, oso erreminta kaskarrak dituzte ingurumenaren arloko delituen termometroa martxan jartzeko. Ez dago termometrorik, beraz, beti izebergaren punta ikusten dugu. Eta ondorioz, ez dago erregistro publikorik delituak ematen direla jakiteko, eta horrek ez du laguntzen sentsibilitatea pizten. Ingurumen delituak erregistratuko balira, aztertuko litzateke zein neurrikoak diren, zein eragin duten bizitzaren kalitatean...

"Zaldibar auzia oso fokalizatuta egon da senideen martirioan, eta ez ingurumenaren auzian"

Momentuz, Zaldibar auzia ere, bai medioetan eta bai iritzi publikoan oso fokalizatuta egon da senideen martirioan, eta ez, aldiz, ingurumenaren auzian. Eta bai, langileen kontrako delitu bat da eta ikertu behar da, baina ez da ingurumenaren aurkako delituan fokalizatu, indar handiagoak baitaude atzean: administrazio publikoaren ardura subsidiarioa. Ingurumenaren aurkako delituetan, kode penalean biktimei “lausoak” esaten zaie, ezin baitira kuantifikatu izen eta abizenekin nortzuk izan diren biktimak, “herritarrak” dira, oro har. Orain akusazio partikularrak daude epaitegian eta ea lantzen duten pixka bat ingurumen delituen adarra. 

"Amurrion, Zaldibarkoa gertatu eta handik egun batzuetara, istripu bat jazo zen hondakin enpresa batean eta 24 urteko senegaldar bat hil zen. Horrekin ez da tintarik gastatu"

Amurrion, Zaldibarkoa gertatu eta handik egun batzuetara, istripu bat jazo zen hondakin enpresa batean eta 24 urteko senegaldar bat hil zen. Horrekin ez da tintarik gastatu. Ez da natiboa, ez du bozkatzen, ez da alderdi politiko edo sindikatu batekoa, ez du harreman sozialik, ez dago “integratua” (gorroto dut hitz hori)... eta ez zen autopistarik afektatuta egon!

Ingurumen gaietan hariari asko tira eginez gero, topo egiten dugu gure herrietako lantegiekin...

Gustatzen zaigu futbol jokalarien hamaikakoak (alineazioak) jakitea, baina ez gure enpresen alineazioak. Izan ere, gure auzokideak dira, edo gure semearekin egin dute komunioa... Zaldibar auziak piztu du aspaldi baztertua zen eztabaida bat: batez ere etxeko hondakinen eztabaida zen nagusi, eta orain benetako eztabaida nagusia gailendu da, industria hondakinena. Eta hor interes oso handiak daude eta jende piloa nahastuta.

"Bezerokeriaren muskulua hain da indartsua, salatzeko zailtasun handiak ditugula. (...) Zergatik ez zaio zulo horri aurre egin orain arte?"

Politikoki ez zuzena izatearren, kamioilariak entzun ditugu esaten hara edozer gauza botatzen zutela, beraz, haiek ere ardura moral bat daukate. Zergatik ez dute alto egin? Ba noski, beren soldata eta beren lanpostua jokoan zeudelako. Bezerokeriaren muskulua hain da indartsua, salatzeko zailtasun handiak ditugula. Hala ere, txalotzen dut kamioilarien testigantza. Baina zulo horren nabarmentasuna, hainbat sektoretan “zulo” izena jartzerainokoa izan da: bai auzokideek, kamioilariek eta teknikari batzuek ere “zulo” esaten zioten. Zergatik ez zaio zulo horri aurre egin orain arte? Egon dira saioak, 90eko hamarkadatik politikagintzan eta herri mugimenduan. Baina ez da herri osoa biltzeko moduko mobilizaziorik egon, ez da egon artikulatuta.

"Orain hiru jokaleku daude: herri mugimendua batetik, herri akusazioak epaiketan bestetik, eta hirugarrenik politikariek Legebiltzarretan egiten duten lana. Garrantzitsua litzateke hiru eszenatoki horiek gehi kazetariena artikulatuta egotea"

Orain ere hiru jokaleku daude: herri mugimendua (Zaldibar Argitu eta abar) batetik, herri akusazioak epaiketan bestetik, eta hirugarrenik politikariak bai Europako Legebiltzarrean eta bai Eusko Legebiltzarrean egiten ari diren lana. Garrantzitsua litzateke hiru eszenatoki horiek gehi kazetariek egiten duten lana artikulatuta egotea. Eta ez dut hori ikusten. “Zaldibarri buruzko ikerketa kontsortzioa” izango litzatekeena. Kazetarien artean ere ez da sortu halakorik. Eta pena da, hori artikulatuta balego portu hobera helduko ginateke. Gainera, Zaldibarko bizilagunak ongi informatuta egongo lirateke, parlamentariak ongi sentsibilizatuta egongo lirateke, eta herri akusazioak biak elikatuko lituzke, aipatuz zer ikertzen ari den eta zer ez den ikertzen ari, eta kazetariei informazioak filtratuz iritzi publikora helduko lirateke eta ez soilik Zaldibar Argituko mobilizatuengana.

Zuk liburu honetan bai jarri dituzula enpresen hamaikakoak, jabeen izen abizenak. Beldurrik?

Batere ez, zeren eta hain da astuna informazio hori, apenas jende gutxik irakurtzen baitu. Pertsonalki afektatzen du, norberaren senide batzuei buruz ere ari baita liburua. Nire senideak ez daude ustelkeriatik salbu, batzuk murgilduta daude bezerokerian, alderdi politiko batzuetan dabiltza... nire lagunak, nire senideen lagunak, nire senideen senideak... herri hau oso txikia da. Horregatik, hemen aukera dago alineazio hori egin eta buruan izateko. Eta alineazio horrek ondorio larriak ekartzen ditu herritarren bizitza kalitatean, zerbitzu publikoen kalitatean, aurrekontuetan, zergetan eta abar.

"Superkopako finalean Athletic-en hirugarren gola beltz batek sartzea ez da benetako arreta gune interesgarri bat, horrek ez du jendearen ogiaren prezioa markatzen. Aldiz, bezerokeriak sortzen dituen zuloek zerikusi handia daukate ogiaren prezioan"

Baina hainbeste arreta puntu daude egun eta hainbesteko abailan pasatzen dira arreta puntu horiek, azkenean ez garela benetan interesatu behar zaizkigun arreta puntuetan geratzen. Adibidez, Superkopako finalean Athletic-en hirugarren gola beltz batek sartzea pozgarria da baina hori ez da benetako arreta gune interesgarri bat, horrek ez du jendearen ogiaren prezioa markatzen. Aldiz, bezerokeriak sortzen dituen zuloek bai, horiek zerikusi handia daukate ogiaren prezioan. Baina horretaz ez dugu ohartu nahi.

Zure liburuan ezagutzera eman duzunez, 1998an Espainiako Gobernuak baimena eman zion Zaldibarko Udalari Eitzaga auzoan herri galdeketa egiteko, ea zabortegia jartzea nahi zuten edo ez. Aldiz, Udalak esan zuen Gobernutik ez zutela erantzunik jaso.

Hori ikertu behar da eta horretan dabiltza inplikatu batzuk, batez ere garai hartan oposizioan aritutako politikariak. Begiratu behar da ea Correosen posta zertifikatuaren idazkirik dagoen, jakiteko udalak jakinarazpena jaso zuen edo ez. Baina kontxo, arraroa egiten zait buletin ofizial batean publiko egin denaz udaletxeak ezer ez jakitea.

Honen berri eman nuenean lehen harrituak oposizio politikoa eta Zaldibarko auzokideak izan ziren, ez zekiten ezer. Espainiako Gorteetako buletinean aurkitu nuen datua, izan ere 2011n zerrenda bat argitaratu zuten, Gobernuak bere garaian zer erreferendum baimendu zituen azaltzen zuena.

Ahoztar Zelaieta, Txalaparta argitaletxearekin kaleratu duen liburua eskuan. Argazkia: Dani Blanco.

Zabortegi hau irekitzeko seta handia izan zuten batzuek, herrian zeukan aurkakotasunagatik prozesua asko luzatu baitzen. Zein pertsona izan dira gakoak zabortegia ezar zedin?

Enpresari forestalistek, lurrak erosi zituztenek eta José Ignacio Barinagarekin batera Verter Recycling-en sorreran parte hartu zuten haiek garrantzia handia daukate. Navarro Murga eta Aizpiri 90eko hamarkadatik aritu ziren beste zabortegi batzuk kudeatzen eta zabortegi hau martxan jartzeko saioak egiten: Fortin SL enpresa forestalista sortu zuten lur sailak erosteko eta Verterren sorreran bertan akzionista bihurtu ziren.

Herri mailan EAJko alkate Igor Ormaetxea Arandok eta udal arkitekto Iskander Atutxak arau subsidiarioak aldatu zituzten eta proiektuak martxan jarri ahal izateko bultzada handia jaso zuen.

"Javier Sánchez Martínez, Iñaki Arriola Eibarko alkatearen idazkaria zen. Verterreko akzionista zen eta Zaldibarko Udalean hainbat gestio egin zituen Verterren ordezkari moduan"

Patxi Sierra Susumaga Galdakaoko alkate ohia, alkate izateko inhabilitatua zegoen eta Administrazio Harremanetarako diputatu jarri zuten eta berak onartu zuen arau subsidiarioen aldaketa Aldunditik.

Herri mailan Javier Sánchez Martínez: Eibarko alkatearen idazkaria zen eta zituen harreman sozial onekin eragin handia izan zuen proiektuari indarra emateko. Sistema klientelistaren parte zen. Gainera, Verterreko akzionista zen eta Zaldibarko Udalean hainbat gestio egin zituen Verterren ordezkari moduan.

Iñaki Arriola bera, ezikusia egin baitzuen, Sánchez Martínezi konpatibilizatzen utzi zion bere idazkari eta aldi berean enpresa bateko kide izatea. Berak alkate bezala Eibarren hainbat proiektu sinatu zituen, Barinagaren edo Barinagaren senideen eraikuntza enpresek ejekutatutako zituztenak.

"Jaurlaritzak ere bultzatu zuen zabortegi proiektua: 2012an hondakin arriskutsuekin trafikatzeagatik zigortu egin zuen arren, 2015. urtean 'EAEko bigarren zabortegi onena' izendatu zuen!"

Eusko Jaurlaritzak ere bultza zuen proiektua, ekinda edo ekidinda. Esku-hartzea ekiditeko, besteak beste, isiltasun administratiboa erabili zuen. Baina ekimenez ere bultzatu zuen proiektua: 2012an zigortu egin zuen arren hondakin arriskutsuekin trafikatzeagatik, 2015. urtean “EAEko bigarren zabortegi onena” izendatu zuen Jaurlaritzak! Azken ikuskaritzetan nahiz eta Verterrek ez zuen azterketa gainditu, eta nahiz eta salaketa bat jartzeko beste hutsune aurkitu, ez zuen salatu. Espediente bat zabaldu zioten baina salatu ez.

Goiko maila horietan Josu Jon Imazek ere bultzatu zuen, erakunde publikoen “gutxieneko esku-hartzea” sustatu baitzuen bere dekretuarekin. Dekretu europarra zen, hondakinen lobbyen presioz atera zena, baina adituekin ikusi beharko litzateke Josu Jon Imazek harago eraman ote zuen dekretu hura EAErako. Baina noski, bera orain Repsoleko bigarren burua da, Espainiako enpresen artean BPG gehien fakturatzen duen Repsolekoa.

Asko dira politika utzi ondoren hondakinen negozioan ari diren enpresetara joan direnak edo hondakinen negozioetako lobbyan lan egiten dutenak. Beste politikari batzuek zabortegiak zaintzeko zerbitzu publikoak pribatizatu dituzte, eta beste politikari batzuek politika utzi dutenean enpresa pribatuak sortu dituzte zerbitzu horiek kudeatzeko. Horrelako gauzak Madrilen eta Valentzian aurpegiratu egiten dira, oso kritikatuak dira, eskrutinio handia dute. Baina “euskal oasia”ren distirak ez digu uzten hori ikusten.

Zaldibarko zabortegia erori ostean kontrolak egin behar zituzten URA agentziarekin eta Ingurumen sailarekin Verterreko jabeek zituzten harremanak ere agertu dituzu.

"Zabortegia erori zen momentuan Ernesto Martínez Cabredo URA agentziako zuzendaria zen eta aldi berean presidente zen José Ignacio Barinagak eta Arrate Bilbaok (Verterreko kasuan inputatuak biak) sortutako Zuribar enpresan"

Hondamendiaren momentuan, URAko agentziako zuzendaria zen Ernesto Martínez de Cabredo. Amenabar eraikuntza enpresako zuzendaria izan zen 2016 arte eta Arriolak eraman zuen URAra; egun Eusko Trenbide sareko zuzendaria da, Arriolak berarekin eraman baitu. Zabortegia erori zen momentuan Martínez Cabredo presidente zen José Ignacio Barinagak eta Arrate Bilbaok (Verterreko kasuan inputatuak biak) sortutako Zuribar enpresan.

Bere garaian Matxaria enpresa sortu zuen Barinaga familiak, Eibarren zabortegi bat kudeatzeko asmotan, eta enpresa hartako kontseilari izendatu zuten gaur egun Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen zuzendaria den Mónica Pedreira Lanchas. Nor eta Iván Pedreira Lanchasen anaia, zabortegia erori zenean Ingurumen Administrazioaren zuzendari zena. Horregatik, PSOEko Ingurumen saileko hainbat arduradunen zenbakia bazegoen Jose Ignacio Barinagaren telefonoan.

Verterrek Juan Etxeberria Elosegi (egun inputatua) zuzendari tekniko izendatzea, EAJri ere eskua luzatzeko modu bat izan zen. Bere osaba Ignacio Etxeberria Monteberria EAJko diputatu ohia eta hondakin arriskutsuekin lan egiten duen Indumetaleko presidentea da. Eta bere aita Juan Jose Etxeberria Bankoako lehendakari ohia eta Luzaro sozietateko lehendakari ohia da. Luzaroko partaide da Jaurlaritza eta 2009an 400.000 euroko mailegua eman zion Verterri.

Hori da “euskal oasia”ren solidaritatea edo EAJren egoismo falta: badaki bere bezerokeria ongi partekatzen eta auzi bat dagoenean, denak daude tartean. Zein erraza litzatekeen turko-buru gisa Iñaki Arriola agertzea prentsaurreko batean, eta iritzi publikoak erabaki dezala. Baina hainbeste gurutzatzen dira bezerokeria sareak, ze bat jausten bada besteak ere jausi baitaitezke. Gainera, PSOEko adreiluaren gizona Iñaki Arriola da. PSOEk bere burua eskatu balu, bere hiper-erreakzioa oso gogorra litzateke.

"Arriola afera honen ondoren indartsuago atera da!"

Ez hori bakarrik, Arriolak afera honen ondoren bere muskulua indartu egin du! Jarraitu du kontseilaria izaten, Eibarren bere idazkari ohia izandako Eneko Andueza PSOEko talde parlamentarioko bozeramailea da eta Arriolak aipatu ditugun hainbat jende, Ernesto Martínez Cabredo, Iván Pedreira Lanchas... berarekin eraman ditu. Zentzu horretan ez dio fakturarik pasa Zaldibarkoak, indartsuago atera da! Eta hor gure buruari begiratu behar diogu, zer ez dugun ongi egin.

Ate birakariak, bezerokeria... eta alderdien finantzaketa?

"Barinagak hitz egingo balu! (...) munduak dar-dar egingo luke"

Barinagak hitz egingo balu! Barinagari aukera hori emango nioke: zu ere bezerokeriaren piramidean harri koskor bat zara, baina goikoez hitz egiten baduzu, eta azaltzen baduzu zergatik aipatzen zenuen hainbeste alderditan afiliatua zeundela eta zergatik aipatzen zenuen txokoetako afarietan alderdiak poltsikoan zenituela, makina bat diru sartu diezuelako eta abar, munduak dar-dar egingo luke.

Argazkia: Dani Blanco.

Amiantoaz ezer berririk?

Epaiketaren instrukziorako, Ertzaintzak amiantoari buruzko hainbat txosten eskatu dizkio Osalani. Eta dokumentu horien arabera, 2019ko maiatzean lan plana atzera bota zuen Jaurlaritzako Lan eta Justizia Sailak. Lan planak zehazten du nola tratatuko duen enpresak amiantoa, langileak nola babestuko dituen, nola ez den amiantozko fibrarik transmitituko ingurumenera... eta plan horrek ez zuen azterketa gainditu, hainbat gabezia baitzituen. Gabezia horien artean daude gaur egun saltsa handia pizten duten kontu hauek: nork eramaten zuen langileen arropa garbitzera, zenbat orduz aritu zitezkeen gehienez amiantoarekin lanean... eta beste gabezia interesgarri bat da, niri gehiago interesatzen zaidana, 2017 arte Verter ez zegoela “amiantoa izateko arriskua duten enpresen erregistroan sartuta” eta 2012tik ari zen amiantoa hartzen, eta amiantoarekin lan egiteko ezinbesteko baldintza da erregistro horretan egotea. Jaurlaritzak atzera bota zuen lan txosten horrek dio, erregistroan Verterren ordez agertzen zen izena Amiantec-ena zela, Amiantec enpresa baitzen lan plana egin zion enpresa. Baina Jaurlaritzak, zituen hutsuneengatik lan plan hori atzera bota ostean, Verterrek beste enpresa bat kontratatu zuen lan plana egin ziezaion eta amiantoa izateko arriskua duten enpresen erregistroan izena eman zuen.

"Verterrentzat amiantoaren legezkotasuna tranpeatzen saiatu zen Amiantec enpresa kontratatu du orain Jaurlaritzak Zaldibar desamiantatzeko"

Eta orain zer izango eta Amiantec enpresa kontratatu du Jaurlaritzak Zaldibarren jauzitako Verterren zabortegia desamiantatzeko! Verterri amiantoaren legezkotasuna tranpeatzen saiatu zen enpresa bera kontratatu du orain Jaurlaritzak! Hau da nazka ematen duena eta jendeak entzun nahi ez duena, bere bizitza sinplifikatu nahi duelako. Jendeak ez du arazorik nahi eta pentsatu nahi du kudeaketa publikoa arrotza zaiola.

Hain justu liburuan zerrendatzen dituzu zein enpresak lortu dituzten Jaurlaritzako kontratuak Zaldibarko desastrea konpontzeko: guztira 11, denak ere EAJren ate birakariak.

"Verterrek sortzen du ingurumen arazo bat, eta Jaurlaritzak aurreratzen du konponketen diru guztia. Susmagarria, ezta? 27 milioi horietatik gehienak Moyua eraikuntzara doaz baina gardentasun aldetik ez da emergentziazko kontratu guztiak azaltzen dituen zerrenda bateraturik argitaratu"

Verterrek sortzen du ingurumen arazo bat, eta Jaurlaritzak aurreratzen du konponketen diru guztia. Susmagarria, ezta? 27 milioi horietatik gehienak Moyua eraikuntzara doaz baina gardentasun aldetik ez da emergentziazko kontratu guztiak azaltzen dituen zerrenda bateraturik argitaratu.

Jaurlaritzak dio apirilean bidali ziola lehen faktura Verterri, 3,4 milioi eurokoa. Ez dakiguna da ea Verterrek ordaindu duen edo are ordaintzeko gai den, kiebran baitago. Geroztik ez dakigu beste fakturarik igorri zaion.

Zaldibarkoa konpontzeko airearen eta uraren kalitateari lotutako kontratuetan, badira EAJko burkideek sortutako enpresak. Kargu publikoan daudenean zerbitzu publikoak pribatizatzen dituzte, horrelako negozioak sortzen direnean beraien enpresak izan daitezen lehenengoak. Hori oso normalizatuta dago, enplegua bilatzeko Batzokia Lanbide baino bulego hobea izatea bezala. Enplegu bulego fantasmak dira, herritarren arteko aukera berdintasuna, demokraten oinarrizko printzipioa, usteltzen dutenak. Eta inork ez du Batzoki bat erreko horregatik.

Ingurumen zerbitzuak eskaintzeko enpresa sortzen duenak, ez badu Imaz, Egibar edo Arzallus abizenik, lehiaketetan ez du zereginik beste enpresa horien aurka. Beste enpresa horiek hobeak al dira bada? Ez, baina abizen bat dute. Eta hainbeste loditzen dute beren curriculuma, ezen hirugarren urtean lehiara aurkezten direnean besteek ez baitute zereginik. Gainera, beren burua aurkezten dute “gu abilak gara zerbitzu publikoak kudeatzen, badakigu nola egin zeren hainbat kontratu egin ditugu”... Noski, baina nola? Eta nor zapalduz? Beraientzako ere sakratua den merkatu librea zapuztuz, monopolioak sortuz. Monopolioa da gakoa Zaldibarren ere, eta eskuindar asko ere asaldatzen ditu monopolioak, EAJko igogailua sekula hartu ez duten EAJko bozkatzaileak barne, beren seme-alaben ogibidea ere badagoelako jokoan.

Zer dakizu epaiketaz? Liburuan azaltzen duzu epaiketarako Verterrek kontratatu duen abokatua Pedro Learreta Olarra dela, Garrigues abokatu bufeteko kidea.  Eta bulego hau kontratatu zuela Gipuzkoako Foru Aldundiak 2016an, erraustegiaren aldeko txosten bat egiteko.

De Miguel auzian ikusi den bezala, epaiketa batzuetan diru publikoaren defentsan aritu diren abokatuak beste epaiketa batzuetan diru publikoa lapurtzen aritu direnen defentsan aritu dira. Noski edozein pertsonak izan behar duela defentsarako aukera. Baina interesgarria da jakitea abokatu batzuk diru makinak direla.

"Ertzaintzaren instrukzioaren arabera, Verterrek Jaurlaritzari bidalitako txostenak argi uzten du 2018 eta 2019an ez zela egonkortasuna bermatzen eta 'edozein eszenategi' aurreikusten zela, baita gertatu zena ere! Beraz, Jaurlaritzak bazekien gertatu zitekeela"

Liburuaren bigarren edizioa argitaratzera goaz, dagoeneko agortu baita urrian kaleratu zen lehen argitalpena, eta gaurkotu egin dut, zeren sumarioaren filtrazioa justu liburua bukatzen ari nintzenean iritsi zitzaidan, eta zatitxo bat soilik sartzeko aukera izan nuen. Bigarren edizioan dena sartu dut. Hor datu interesgarriak daude, adibidez, nola izan ziren erregistroak, zein enpresatan sartu ziren; zer argudio dituen Ertzaintzak inputazioak egiteko, eta orain arte landu ez den horietako bat da Verterrek Jaurlaritzari bidalitako txosten bat: Ertzaintzaren instrukzioaren arabera, Verterrek Jaurlaritzari bidalitako txosten horrek argi uzten du 2018 eta 2019an ez zela egonkortasuna bermatzen eta “edozein eszenategi” aurreikusten zela, baita gertatu zena ere! Beraz, Jaurlaritzak bazekien gertatu zitekeela.

Eta zabortegiko azken egunak nola izan ziren argitzea ere garrantzitsua izango da. Zein bilera egin zituzten egonkortasuna aztertzeko, zein zalantza zeuden... Ertzaintzaren instrukzioan bi esaldi agertzen dira. Batetik: “Jose Ignacio Barinagak ez du inongo kezkarik agertzen, geologo eta ingurumen kontsultoreek ohartarazten diotenean arazo serioa dagoela egonkortasunarekin”. Eta bestetik: “Egoera azaldu zitzaionean, zuzendari teknikoak esan zuen administrazioari deitzea pentsatzen ari zela”.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Zaldibarko zabortegiaren krisia kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2021eko urtarrilaren 31
Azkenak EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude