Erdaldunek euskal komunitatea aitor dezaten lanean

  • Feminismoak generoaz gain bestelako zapalketak mahai gainean jarri eta ahizpatasunaren bidea jorratzea aldarrikatzen du, jakinda bidea gatazkatsua dela. Mapa horretan non eta nola kokatzen da gure hizkuntzaren eta kulturaren aurkako zapalketa?
    Mariluz Estebanek, Saioa Iraolak eta Elurre Iriartek euskara feminismoan zertan den eta aurrera begira zein pauso eman beharko liratekeen aztertu dute Euskara eta feminismoa bidelagun jardunaldietan. Emakundek eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak antolatu zituzten saioak.

Saioa Iraolak gogorarazi du nola batzuek kezkatuta adierazi duten azken bi urteetako M8ko manifestazioetan, Bilbokoetan zehazki, giro erdalduna nabari izan dela: “Manifestaziora biltzen den jende saldoa egunerokoan euskalduna ez bada, mugimenduak zein aha
Saioa Iraolak gogorarazi du nola batzuek kezkatuta adierazi duten azken bi urteetako M8ko manifestazioetan, Bilbokoetan zehazki, giro erdalduna nabari izan dela: “Manifestaziora biltzen den jende saldoa egunerokoan euskalduna ez bada, mugimenduak zein ahalegin egin behar du? Gure ardura ez da (gaitasunik ere ez dugu) feminista guztiak euskalduntzea, baina aldiz, gure aukeren barruan dago bertaratutako feminista ez euskaldunek euskararekiko, euskal komunitatearekiko eta Euskal Herrian dauden feminismoekiko begirunea eta aitortza izatea”. Argazkia: Dani Blanco.

Euskalgintzaren eta feminismoaren arteko zubiak saioan aritu ziren Mariluz Esteban (Gizarte-antropologia irakaslea EHUn eta mugimendu feministako kidea), Saioa Iraola (Euskal Herriko Bilgune Feministako kidea) eta Elurre Iriarte (kultur eragilea eta mugimendu feministako kidea Baztanen).

Ondoko lerroetan hiru solaskideen hausnarketen laburpenak jaso ditugu beraien ahotan.

 

“Teoria dekolonialak zabaldu behar dira, hizkuntzaren gaia sar dezagun”

 

Mariluz Esteban Galarza

Argazkia: Dani Blanco.

Euskal Herriko feminismoan, eta euskararen inguruan zehazki, zein teoria eta praktika behar ditugu aniztasuna eta gizarte desberdintasunak aintzat hartuta, era berean hemen errotutako feminismoa egiteko? Bide horretan kontuan hartu beharreko, eta labur eta pobre geratu zaizkigun, bi hitz landu nahiko nituzke.

Aniztasuna: Zertaz ari gara aniztasunaz ari garenean? Orokorrean, migrazioaz, etniaz eta jatorri kulturalaz edo geografikoaz ari gara. Bigarren mailan gelditzen dira adina, klase soziala, hizkuntza, ideologia, sexualitatea, erlijioa eta abar. Horrek, beste ondorio batzuen artean, ekartzen du hemengoak eta kanpokoak, gu eta besteak bezalako dikotomiak iraunaraztea. Pentsatu behar dugu feminismoan, baina baita euskararen gaian ere, aniztasuna nola kudeatu nahi dugun.

Feminismoak beti egin duena egin beharko genuke: transbertsalitatea bilatu, alegia feminismoa edonon sartu, eta era berean, espezifikotasuna lortu, hau da momentu batzuetan espazio eta denbora propioak aurkitu. Aniztasunarekin antzeko zerbait egin beharko genuke. Aniztasuna aparteko zerbait bezala tratatuz gero, eta gainera era mugatuan, jendea desberdin tratatzeaz gain dikotomiak sendotzen ditugu. Eta beste arrisku bat ikusten dut: posizioak gotortzen ditugu. Ez dugu elkar topo egiten.  

Intersekzionalitatea: Hitz hau ulertzen ari gara batuketa balitz bezala, eta ez da hori, uztarketa da. Hau da, esango nuke intersekzionalitatea dela berez bateratzeko oso zailak diren menderakuntza faktoreen uztarketa. Adibide bat: esan dezakegu euskara dela nazio edo herri kategoria eta entzule gehienok ados egongo zarete. Beste adibide bat: hitz egin dezakegu euskararen kolonialtasunaz edo dekolonialtasunaz, baina, bestalde, esan dezakegu euskara klase kategoria dela. Gaur egun, Euskal Herrian euskara klase kategoria da. Joseba Zalakainek Pobreen hizkuntzak iritzi artikulua publikatu zuen Berria-n. Euskal Herrian pobreen hizkuntzetako bat gaztelania da. Batetik, pobreen hizkuntza da, eta bestetik, kultur hegemonia inposatzeko erabiltzen den hizkuntzetako bat. Asko korapilatzen zaizkigu teoria eta praktika politikoa, baina hori dena artikulatzeko ariketa egin behar dugu.

Mariluz Esteban: "Gaztelania, batetik, pobreen hizkuntza da, eta bestetik, kultur hegemonia inposatzeko erabiltzen den hizkuntzetako bat. Asko korapilatzen zaizkigu teoria eta praktika politikoa, baina hori dena artikulatzeko ariketa egin behar dugu"

Amaia Astobizak Berria-n argitaratutako artikulu batean esaten zuen: “Herriko emakume arrazializatuen borrokak agerian utzi eta sektore feminizatuetan dihardutenen lan baldintza prekarioak ezagutarazi nahi baditugu, nola egingo dugu euskaraz bakarrik?”. Eta hemen, Lutxo Egiak aipatu zuen [ziklo honetako bigarren solasaldian] gai bat datorkigu: transitatzeko beharra. Oker ez banago, berak zioen transitatzera kondenatuta gaudela eta nire galdera da: negatiboa da? Iruditzen zait gaur gaurkoz behartuta gaudela transitatzera. Beste gauza bat da transito hori nola egin euskara galtzaile ez ateratzeko, baina transitoak beharrezkoak iruditzen zaizkit. Oso ariketa zaila da, baina ezin dugu saihestu.

Hau dena azaltzeko teoria dekolonialaz ari gara gaur egun feminismoan. Ez dut ezer deskubrituko, baina esango nuke teoria dekolonial anizkoitza behar dugula, norabide desberdinetakoa. Zergatik? Batetik, aitortu behar dugu bai Europatik eta bai beste herrialdeetatik munduko beste toki batzuetara kolonialismoak eraman direla eta eramaten ari direla. Bestetik, Europan adibidez, nazio estatuak sortzeko eta antolatzeko elebakartasuna erabili zen eta erabiltzen jarraitzen da. Horregatik behar dugu norabide desberdinetako teoria dekoloniala, nik uste horretan ari garela, baina azpimarratu nahi nuen, zeren teoria batzuk zabaldu egin behar dira hizkuntzaren gaia sar dezagun.

Bukatzeko hiru gauza aipatu nahiko nituzke. Lehenik, batez ere diagnostiko orokorrak egiteko ahalegina egin dugu. Diagnostiko partikularrak falta zaizkigu. Esan nahi dut, herriz herri egiten ari garena, zein zailtasun topatu diren, zein ekarpen egiten diren… aztertzea eta horretaz hitz egitea falta zaigu.

Bigarrenik, gaiak errazak ez direnean, gatazkatsuak direnean, eztabaidak nola egin? Uste dut ez dugula beti asmatzen. Adibidez, iruditzen zaigu inportantea dela jarrera desberdinak jendaurrean azaltzea, bakoitzak esan dezala nahi duena. Interesgarria da, baina neurtu behar da noiz, nortzuk eta batez ere zertarako. Gai batzuk ikuskizun bihurtzen ditugu, gaurko gai honetan edo feminismoan orokorrean, eta gero emaitzak edo ez ditugu kontrolatzen edo ez dira antolatzaileek nahi dituztenak. Eztabaida pribatuak oso inportanteak dira, ez dakit nahikoa egiten ari garen.

Eta bukatzeko galdera bat: zer itzultzen ari gara euskarara eta zer argitaratzen?. Badakit itzultzaile feminista kuadrilla bikaina dugula eta ez bakarrik hitz aproposenak bilatzen ari direlako, itzulpenaren bidez teoria feminista sortzen ari direlako ere bai. Oso ondo, baina zer itzultzen, ikertzen, argitaratzen ari gara?. Horrek markatuko du epe ertainera eta agian epe luzera Euskal Herriko feminismoa. Euskal Herriko feminismoa elikatzen, sortzen, ari gara horren bidez. Ardura handia da. Batez ere sortu nahi badugu feminismo bat zeinak kanpo eta barne kolonialismoak kontuan hartuko dituen; aniztasuna bai, baina gizarte desberdintasunak kontuan hartuko dituena (euskararena barne); eta era berean hemen errotutakoa. Halako feminismo bat nahi badugu, egiten ari garenak bide horretatik eramango gaitu ala diskurtsoak eta praktikak bide desberdinetatik doaz?

 

“Euskalduntzeko bitarteko publiko eta doakoak garatzea aldarri feminista bilakatu da”

 

Saioa Iraola Urkiola

Argazkia: Dani Blanco.

Gaur egungo errealitatea eta aurrera begirako erronkak zeintzuk diren azalduko dut. Lehenago adierazi dudanez, mugimendu feministaren intentzio bilakatu da euskara, eta ez naiz ari kartelak ele bitan egoteaz edo mahai-inguruak itzultzeaz. Ari naiz mugimenduaren eta artikulazio feministaren funtzionamenduaz, ikuskeraz.

Orain iraunkor honetan sei gako aipatu nahiko nituzke.

Lehenik, feminismoa, Euskal Herrian, saiatu da zapalkuntzaren ertz guztiak barnebiltzen, baina hizkuntza minorizatuen kasuan kosta egin zaio, hau da, lengoaia hegemonikoetarako joera gailendu da askotan, nahiz eta ulertu hizkuntza txikien bazterketa menperakuntza patriarkal, kapitalista eta inperialistaren beste ondorio bat dela. Hala ere, iruditzen zait mugimendua azken urteotan gaiaz eztabaidatzen eta proposamenak garatzen ari dela, baina ez da erraza, askotan jotzen dugu borrokak mailakatzera. Alternatiba feminista, antikapitalista… eta horiek denak ahizpa sentitzea lortu behar dugu. Gainera, krisi garai honetan, inoiz baino beharrezkoagoa dela uste dut euskalgintza, klase borroka, lurraren eta lurraldearen aldeko defentsa eta feminismoa eskutik joatea. Jardunaldietan esan da euskaraz aritzea justizia kontua dela eta feminismoak justizia soziala du helburu, eremu guztietan.

Bigarrenik, Euskal Herriko V. jardunaldi feministak aipatu nahiko nituzke, mugimendu feminista euskarari lotuta egiten ari den bidean oso garrantzitsuak izan zirelako. Euskara kohesiorako hizkuntza gisa kokatu zen, feministen arteko aniztasuna zaintzeko ahalegina egin zen eta hizkuntza irizpideak zehaztu ziren. Gure askotariko errealitate linguistikoari erantzun nahi zitzaion, baina hizkuntza auzi kolektibo eta politiko moduan ulertzeko eta mugimendu feminista euskahalduntzeko ahaleginak ere egin nahi izan ziren.

Horretaz gain, eta uste dut historian lehen aldiz, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak jardunaldiak diruz lagundu zituen hizkuntza-bitartekoak jartzeko. Ardura partekatua garrantzitsua da. Mugimenduak ardura du aniztasun linguistikoa aintzat hartu eta euskara erdigunera ekartzeko intentzioan tresnak jartzeko, baina instituzioek ere bai.

Saioa Iraola: "Feminismoa, Euskal Herrian, saiatu da zapalkuntzaren ertz guztiak barnebiltzen, baina hizkuntza minorizatuen kasuan kosta egin zaio, hau da, lengoaia hegemonikoetarako joera gailendu da askotan"

Baina, hala ere, kritikak jaso genituen, euskararen presentzia eskasa izan zelako batzuen ustez. Ongi etorri kritikak, ulertzen ditut, baina momentu honetan egindako bidea aitortu eta lortutako adostasunak balioan jarri nahiko nituzke. Zorionez, ertzak leundu eta askotariko emakumeak erdigunean biltzen ari gara. Eta ados nago, gai honen inguruan gehiago eztabaidatu behar dugu. Euskara eta euskarazko kultura feminista sustatzen egingo dugun ahalegina politizatu, zabaldu eta legitimatu behar dugu eta antolatutako feminista guztiek hau ulertu eta bere egin beharko lukete. Bestetik, ohartu gara aliantzak eraikitzeko ezinbestekoa dela hemen dauden beste hizkuntzekiko eta kulturekiko begirunea izatea. Horietako batzuk gainera, hizkuntza ez hegemonikoak dira.

Hirugarrenik, militante askorentzat mugimendu feminista da beraien euskalduntze eta euskaltzaletze eremu nagusi, eta bakarra askotan. Alegia, euskalduntzea ezin dugu mugatu euskararen kudeaketara edo elkar ulertzera. Segituko dugu xuxurlariak, itzulpeneko entzungailuak eta euskarako ikastaro autogestionatuak izaten, baina ez da hori bakarrik, eta hau ez da euskal feministon ardura soila, euskaltzale eta euskaldun guztiona da. Emakume feministak euskarara eta euskal kulturara gerturatzeko eta euskara setiatuta ez hiltzeko, euskara gauza askorekin lotu behar da: lurrarekin, amets egitearekin, iraultzarekin, ertzekin… Ezinbestekoa iruditzen zait euskararen iruditeria tradizionala (abertzaletasunarekin lotua) eta gaztelania postmodernoa den iruditeria iraultzea. Horretarako aliantzak behar dira euskalgintzaren, feminismoaren, Euskara Sailen eta Berdintasun Sailen artean.

Laugarrenik, euskalduntzeko bitarteko publiko eta doakoak garatzea aldarri feminista bilakatu da. Euskalduntzea ez baita soilik ideologikoa, klase kontua ere bada.

Bosgarrenik, espazioak behar ditugu gure joan-etorriak egiteko. Adibidez, orain Pasaian berdintasun teknikari naiz, eta Berdintasun, Euskara eta Migrazio Sailak elkarlanean ari gara. Hilabetean behin sortzen ditugu jatorri askotakoek eta bertakoek elkar ezagutzeko guneak eta aukera ematen du zenbait gai lantzeko, eztabaidatzeko, eta hala, akordio txikiak gure herrietan egiteko.

Bukatzeko, gure feminismoak aktibaziorako ikaragarrizko gaitasuna du, ikusi besterik ez azken bi urteetako M8ko mobilizazioak, baina erronka berriak jartzen dizkigu mahai gainean. Bi urteetako Bilboko mobilizazioez esan zen oso espainolak izan zirela. Manifestaziora biltzen den jende saldoa egunerokoan euskalduna ez bada, mugimenduak zein ahalegin egin behar du? Gure ardura ez da (gaitasunik ere ez dugu) feminista guztiak euskalduntzea, baina aldiz, gure aukeren barruan dago bertaratutako feminista ez euskaldunak euskararekiko, euskal komunitatearekiko eta Euskal Herrian dauden feminismoekiko begirunea eta aitortza izatea.

 

“Noiz arte jarraitu behar dugu xuxurlatzen, aldibereko itzulpenak eta batzar paraleloak egiten?”

 

Elurre Iriarte Bañez

Argazkia: Zaldi Ero.

Non gurutzatu zaizkigu euskara eta feminismoa Baztanen? Bada bi kontakizun egingo ditut segidan.

Lehen kontakizunak mugimendu feministarekin zuzeneko lotura du. Feminismoan hizkuntza zapalketa gurutzatu zaigu edo horri buruzko eztabaidak izan ditugu gehienbat kanpaina bateratuak izan ditugularik, dela M8, Emakumeen Mundu Martxa… Hainbat mugimendu feministatakoak elkartu garenean eztabaidak sortu dira, espainol hiztunekin edo azken urte hauetan migratu dutenekin aliantzak egin nahi izan ditugularik. Eztabaidak beti euskaldunen artean ematen dira, arrazoi bategatik edo bestearengatik espainola erdigunean paratu behar den ala ez eztabaidatzen dugu. Adibide gisa, azkeneko M8an ekonomia feministari buruzko tailer bat egin genuen eta proposatu zen espainolez egitea. Gauza bitxi bat: azken urteotan, besteak beste,  Peru, Nikaragua, Txina, Errusia, Maroko eta Errumaniatik etorri dira, bada sekula ez dira planteatzen aliantzak espainol hiztun ez diren migratuekin. Uste dut hizkuntza zapalketaren ondorio dela.  

Haiek beraien herrialdeetatik ekarritako hizkuntza zapalketak ere ez ditugu kontuan hartzen. Tarrapataka saiatu gara eta ez du funtzionatzen ahal. Anitzetan gurera ekarri nahi ditugu, elkarrekin aritu baino. Hobetu behar dugu. Ez gara elkarri entzuteko kapazak izan, gu/haiek eta haiek/gu. Saioak aipatu du guk ere kontatu behar dugula zein den gure zapalketa. Migranteak eta espainol hiztunak alde batera utzita, kanpaina zabalagoetan parte hartzen dugunean, Iruñera joaten garenean, anitzetan ukatu behar izan dugu gure identitatea, euskara bigarren mailan geldituko delako. Horrelakoak soluzionatu behar dira, ez dakit nola, baina ez dago batere dudarik elkarrekin egin behar dugula, baina ez espainoletik abiatuta, euskaratik baizik.

Guk izan ditugun eztabaidak eraikitzaileak dira, baina aldi berean lehendik datozenak. Duela 50 urte eta gaur egun ere ari dira eztabaidatzen emakumeen espazioetan gizonek egon behar duten ala ez. Bada, hemen ere bai. Bilatzen ditugu soluzioak, hala nola, xuxurlatzea, aldibereko itzulpenak, batzar paraleloak... Saioak ikastaro autogestionatuak aipatu ditu eta klabea da, baina gure galdera da: noiz arte ibili behar dugu ahalegin hau egiten? Bueltan eskatu behar dugu gauza bera? Xuxurlatu diodan horrek egunen batean esango dit ez xuxurlatzeko orain ulertzen duela? Bueltan etorri beharko zaigu zerbait.

Genero zapalketarekin ez dugu berdin jokatzen anitzetan, gizonak interpelatzen ditugu, ez dugu lana egiten beraiek gurekin edo feminismoan eroso senti daitezen. Guk interpelatzen ditugu eta beraiek egin behar dute bere lana. Espainol hiztunak interpelatu beharko genituzke, uste dut garaia dela. Anitzetan erabiltzen dira erakarri, limurtu, seduzitu hitzak. Zikloaren lehen solasaldian galdera egin zen: “Nola limurtu erdaldunak?”. Hitz hori hiztegitik desagerrarazi behar dugu. Ezin dugu beti eder eta polit egon gizonak guregana hurbiltzeko, eta gauza bera erdaldunekin. Erabili beharko genukeen hitza interpelatu da.

Zikloan aipatu da baliabideak doan eskaini behar dituela administrazioak. Eskola autogestionatuena ere gustatu zait. Egin behar badira eginen ditugu. Euskaldunak ahalduntzeko ikastaroak ere behar ditugu.

Elurre Iriarte: “Limurtu
hitza hiztegitik desagerrarazi behar dugu. Ezin dugu beti eder eta polit egon gizonak guregana hurbiltzeko, eta gauza bera erdaldunekin”

Bigarren kontakizunari helduko diot orain. ‘Plazara dantzara’ taldeko kidea naiz eta tradizio handiko dantza den mutil dantzan emakumeek parte hartzearen aldeko borroka egin dugu. Taldean ez dugu euskarari buruzko eztabaidarik izan, euskaraz sortu da eta euskaraz funtzionatu du. Hasmentatik argi izan genuen ez genuela zapalketa bat akituko beste zapalketa bat emanez.

Koherenteak izan gara eta adibidea jarriko dut ikusteko posible dela. Gizon baztertzaileak espainol hiztunak dira, ordezkariak bai behintzat. Bilera egin genuen. Beraiek esaten digute emakumeoi noiz, nola, non eta norekin dantzatu behar dugun, eta guk ez diegu kasurik egiten. Bilera prestatzerakoan ohartu ginen espainolez egingo zigutela eta ohartu ginen noiz-nola-non-norekin dantza egin esateaz gain, zein hizkuntzatan aritu behar ginen ere esango zigutela. Kasurik ez egitea erabaki genuen. Bilkuran euskaraz egin genuen. Ulertzen zutena ulertzen zuten edo moderatzaileak edo guk geuk itzultzen genien.

Ibilbide honetan ohartu ginen harreman zuzena dutela hizkuntzak eta generoak, baina baita klaseak ere. Gizon baztertzaile gehienak espainol hiztunak dira eta botere ekonomikoa dute Baztanen. Badira euskaldun asko, baina gehienak espainolez bizi dira eta taldeak espainolez funtzionatzen du. Gizonok biktima rola hartzen dute, “ez diguzue uzten dantzatzen”, esaten digute. Beraiek ez dute gurekin dantzatu nahi edo dantzan ari direla gu sartzen gara eta gelditu egiten dira, kalapita sortzen da. Hizkuntzarekin gauza bera da. Zenbat aldiz aditu dugu hizkuntza inposatzen dugula?

Mutil dantza bertako kulturan dugun gatazka da eta kontran ditugun gizon horiek urteak daramatzate Baztanen bizitzen edo bertan sortuak dira. Alabaina, euskara ikasteko, erabiltzeko, edo ulertzeko esfortzurik ez dute egiten. Zergatik erabiliko edo ikasiko dute euskara botererik ematen ez badie? Gakoa litzateke euskarak pisua izatea, jendeak ulertzeko edo erabiltzeko beharra sentitzea.

Bi ibilbide hauekin zein ondorio atera ditugu eta zein erronka ditugu? Bizipen horiek erakutsi digute gorputz beretik ari garela, euskaratik eta feminismotik, hau da, emakume eta euskaldun bezala ezin ditudala bereizi bi ni-ak: feminismoan ari banaiz ezin dut euskararen zapalketa alde batera utzi eta euskalgintzan ari banaiz ezin dut feminismoa alde batera utzi. Bi zapalketak lotuta daude, borrokek ere lotuta egon beharko lukete. Ahalduntzea ere hala lotuta etorriko da: emakumeak ahalduntzen ari gara feminismoaren eskutik eta euskaraz ari bagara euskara ere ahaldunduko da, eta gauza bera euskalgintzan, euskal munduan feminismotik ari bagara feminismoa ere indartuko da.

Akitzeko, bi erronka feminismotik euskara erdigunean jartzeko eta ez dute errezeta izan nahi. Batetik, zapalketa ikusaraztea inportantea da, zeren zapalketa normalizatzen badugu ezin gara ahaldundu. Bestetik, ikasi behar dugu hizkuntza zapalketan ematen diren erasoak salatzen.

 

Euskara eta feminismoa bidelagun jardunaldiak

2020ko azaroko astearteetan izan ziren ondoko lau mahai-inguruak:


“Hizkuntza eta generoa: hurbilpen teoriko bat” (Lorea Agirre eta Idurre Eskisabel)

“Ez gara euskaldun jaiotzen, egin egiten gara” (Lutxo Egia eta Irene Arrarats)

“Hizkuntza, generoa eta beste menderakuntza batzuk”  (Palmira Dual, Leocadia Bueriberi eta Tarana Karim)

“Euskalgintzaren eta feminismoaren arteko zubiak” (Mariluz Esteban, Saioa Iraola eta Elurre Iriarte).

Lotura honetan dituzue saioez June Fernandez kazetariak egindako kronikak.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara
Zenbat kostatzen den euskaldun izatea

Euskara ikasi eta erabiltzen hasi nintzenean, berehala jabetu nintzen euskaldunentzat haietako beste bat gehiago bilakatu nintzela (gasteiztar euskaldun berria izanda azken bagoietakoa, baina barruan). Nire artean pentsatzen nuen Euskal Herria herri ederra zela; etimologikoki... [+]


2024-03-25 | Leire Artola Arin
Burbuilaren ostean badago zer erein

Irundik Baionara, ezin ezkutatuzkoa izan da 23. Korrikak eragindako harrotasuna. ‘Herri Harro’ leloak zentzua hartu duela ikusi dugu lekuko hartzaileen aurpegietan, eta atzetik euskararen alde oihuka aritu diren korrikalariengan. Bakoitzak bere gorputzetik eta bere... [+]


Eguneraketa berriak daude