Utzikeria eta traizioaren ondorio

  • Inork gutxik espero zuen horrenbeste urteren ondoren berriro berotuko zenik gerra izoztua. Halere, abisu askoren ostean, Fronte Polisarioa eta Tindufeko sahararrek pozez hartu dute berriro fusila. Egoerak ez duela bere kasa hobera egingo ulertu dute.

Argazkia: Andoni LubakiArgazkia: Andoni Lubaki

Sahararrek ez dute otsoaren eta artzain adarjotzailearen kondairarik. Horrenbeste aldiz otsoa zetorrela abisatu eta benetan etorri zenean inork sinetsi ez zion artzainaren betiko ipuina. 20 urtez elkarrizketa askotan ingelesetik hassaniara itzuli behar izan du Mohamed Chejek galdera bera. "Beti gerrara bueltatuko zaretenaren mehatxua egiten duzue, baina ia 30 urte daramatzazue ekintza militarrik egin gabe. Ez ote da otsoa ren eta artzainaren kondairaren moduko mehatxua?" galdetzen omen zioten kazetariek, diplomatikoek, internazionalistek... Urteak aurrera egin ahala defentsa ministroa besterik ez zen aldatzen. "Galdera bera aldian aldiko buruzagiei. Azkenean kondaira ikasi behar izan nuen ministroari kontatzeko", esan zidan Chejek 2016ko otsailaren 22an preso eta desagertu sahararren senitartekoen elkarteko –AFAPREDESA– eraikinean, Rabounin.

Gatazka berpiztu izanak azken hamar urteotan gorde ditudan argazki eta koaderno asko irekiarazi dizkit. Adierazpenak, ipuinak eta albiste zaharrak. Chejek kontatutakoa azpimarratua nuen eta gezi batez orri oina seinalatzen zuen esaldi bat nuen gehitua "Baina sahararrak ez gara artzain hori bezalakoak; guk esandakoa bete egingo dugu".

"Gudara itzuli gara, Has zaitezke kronika idazten"
Kargu goreneko militar polisarioa da Ahmed Salem Lebsir, Kuban egin zituen ikasketak eta 1986tik 1991ra izandako gatazkan hartu zuen parte. Marokok Israelen laguntzaz eraikitako defentsa hormaren beste aldera pasa eta gerrilla estrategiak erabilita marokoarren aurkako ekintzak egiten zituen. Amgalako bataila famatuan egon zen eta familia historiko bateko kidea da. Bere osaba Basiri Lebsir Espainiako Estatuak 1970ean "desagerrarazi" zuen. Marokoarrek aita hil zioten 1984an jipoituta eta Abderraman anaia Marokoko soldaduek preso hartu zutenetik desagertua du.

"Hilketak eta krimenak ez ziren Marokoko errege Hassan II.arekin hasi; espainiarrek hasi zuten nire herriaren aurkako zapalkuntza odoltsua, orain kolonizazio ona izan zela sinetsarazi nahi badigute ere. Ez dago kolonizazio onik! Espainia beti ari da gezurretan. Sahararrekin eta denekin. Gure herriari traizio besterik ez diote egin", esan zidan Ahmed Salemek azken gerrate hau hasi baino astebete lehenago. "Alarma gorri egoeran gaude Guerguerateko protestengatik. Orain dela hamar urte ez genuen horrelakorik. Ezin dizut gehiago esan baina nahi baduzu has zaitezke gerrara bueltatu garela dioen kronika idazten. Oraingoan mehatxua bete beharra dugu". (Ez nion jaramon handirik egin eta ni ere bizkarrez harrapatu nau albisteak).

Argazkia: Andoni Lubaki

Gerra hasi, gelditu eta berriz ere hasteko arrazoiak: Espainiaren traizioa
Saharako gerrak gatazka nondik datorren azaltzea eskatzen du. Espainiako Estatuko hedabide boteretsuenek ez dute Saharaz informatu nahi izan, ezbada Fronte Polisarioaren aurkako albisteak emateko behintzat. Mendebaldeko Saharari buruz Rabatetik edo Madrildik zetozen prentsa oharren bidez informatu da. Ez da "gerra ahaztua", "isildua" baizik.

1975eko Martxa Berdea baino lehenago hasi zen Saharako gatazka. Frente Polisarioa sortu baino lehenago, saharar kolonizatuek zanpatuak izateari utzi eta euren etorkizunaren jabe izan nahi zutela adierazi zuten. 1970ean, adibidez, Zemla lautadan (Laayoune hiriburutik gertu) milaka pertsona manifestatu ziren oso aldarrikapen garbiekin: deskolonizazio prozesua hasi nahi zuten, Afrikako beste lurralde askotan bezala; lan baldintza hobeak eta kolonizatzaileen pareko eskubideak ere lortu nahi zituzten. Espainiako armada frankistaren erantzuna bortitza izan zen eta tiroz gutxienez sei pertsona hil zituzten (iturrien arabera kopuruak desberdinak dira). Desagertuak ere hamarnaka izan ziren, horietako bat lehen aipatutako Ahmed Salem Lebsiren osaba, Basiri Lebsir; mugimendu independentistaren ideologo eta burua. Desagerpen horren atzean gaur egun oraindik ezagunak zaizkigun izenak ageri dira, tartean Carlos Diaz Arkotxa, ETAk 1985ean hil zuen Ertzaintzako burua. Garai haietan Espainiako armadako kapitaina zen eta saharar askok bera seinalatu izan dute Zemlako hilketen errudunetako bat bezala.

"Oraindik gogoan dut bere ahotsa. Oso sarkorra zen. Preso geundenen artean izua eragiten zuen. Ziurrenik bera izan zen Basiri bizirik ikusi zuen azken pertsonetako bat, baina ez dakigu nork desagerrarazi zuen. Lekuko batzuek esan ziguten hiri kanpoaldeko toki batean lurperatuta dagoela eta tiro egin ziotenak militarrak izan zirela". Hala esan zidan Sidi Lebsir lehengusuak 2018ko abenduan Hassana Abdelazziz kazetariaren etxean nengoela, Auserden.

Hilketa haiek eragin zuten are eta herritar gehiagok aldarrikatzea independentzia eta justizia nahiak. Ahmed Mohamed Ahmedek "Saharako herri xeheari begiak irekiarazi zizkion eta orduan ikusi genuen espainiarrak soilik Madrilen onurari begira zeudela. Ez zitzaizkien batere inporta gure aldarrikapenak eta ongizatea; kalean eta irratian kontrakoa esaten baziguten ere. 1973ko ekainean sartu nintzen Polisarioan Espainiako armadari aurre egiteko", azaldu zidan Bir Lehlu lurralde liberatuetako hiriburuan soldadu beterano hark 2012an. Ordurako jada talde armatua zen Fronte Polisarioa, hamabost egun lehenago, 1973ko maiatzaren 20an lehenbiziko ekintza egina zuen. Jangako base espainiar bati eraso egin zioten, ondoren sahararren lehenbiziko presidente izango zen Luali Mustafa Sayed erreskatatzera joan zirenean. Operazioa ezin hobeto atera zitzaien eta tiro bakar batekin base militarra bereganatu eta presoak askatu zituzten. Tartean zen Brahim Galli, gaur egungo sahararren presidentea.

Argazkia: Andoni Lubaki

"Beti harritu izan nau Espainiako Gobernuak sahararren aurka duen obsesioa. Sargentu nintzen garaian Tifariti ingurura joan behar izaten nuen gure soldaduen gorpu erreak jasotzera. Beldurrez akabatuta egoten ginen baina gure misioa zen eta egin beharra zegoen", dio J.S. Zaragozako [Aragoi, Espainiako Estatua] militar erretiratuak. "Bagenekien marokoarrak zirela soldadu espainiarrei eraso egiten zietenak. Militarrak ziren eta muga zeharkatzen zuten gure posizioei eraso egiteko. Ez tiro egiteko agindua genuen guk. Asko harritzen gintuen estrategia hark. Gureak hiltzen ari ziren, nola gainera! Baina ezin genuen defendatu ere egin. Ondoren jakin genuen Espainiako errege izango zenak, Juan Carlos I.ak eman zuela agindu hori Francori ezer ere esan gabe. Garai hartan jada bazuen indarra eta Hassan II.aren aldekoa zen. Eraso horiek guztiak, ondoren etorri ziren asko bezala, Fronte Polisarioari egotzi zizkioten. Soldaduok bagenekien sahararrek ez zutela horrenbesterako ahalmenik, ez zuten helikopteroak botatzeko eta Land Roverrak horrela deuseztatzeko indarrik. Lau karabina besterik ez zituzten eta!", gogoan du militar ohiak.

Ondoren etorri ziren beste ekintza askoren aurrean ere horrela jokatu du Espainiako Gobernuak, beti Marokoren alde. Kontuan hartu behar da Frente Polisarioak Madrilen duen enbaxadore Abdula Arabik gatazka berpiztean esandakoa ulertzeko: "Espainiako Gobernuari ez diogu ezer eskatzen, soilik egindako mina baino gehiago ez dezala eragin".

Espainiako Erresumak historian traizio sistematikoa izan du politikatzat eta orain AEBetako Trumpen administrazioak ere gauza bera egin dio sahararren kausari. Sahararen gaineko subiranotasuna Marokori onartu dio, baldin eta Israelekin harreman diplomatikoak hasten baditu –Mohamed VI. erregearen aita Hassan IIak 80. hamarkadatik izan ditu harreman onak Tel Avivekin eta sionismoarekin). Nazioarteko lege guztiei muzin egin die adierazpen horrek. Erabaki horren harira jarrera epela erakutsi du Nazio Batuen Erakundeak, baita, espero zen bezala, oraindik legalki indar kolonizatzaile den Espainiako Erresumak ere. Hau gutxi balitz NBEko idazkari nagusi António Guterresek eta Espainiako Atzerri ministro Arantxa Gonzalez Laya gipuzkoarrak ez dute "erreferendum" hitza aipatu ere egin, "bake prozesuaz" mintzatu dira, besterik ez.

Argazkia: Andoni Lubaki

NBEren utzikeria salatzeko gerra

Saharako gatazka gaur ulertzen dugun bezala 1975eko azaroaren 5ean hasi zen Marokok 350.000 zibil eta 40.000 soldadu Espainiarena izan zen kolonian sartu zirenean. Madrilgo akordio tripartitoen ondorioz sahararrei inongo galdeketarik egin gabe Sahara banatzea erabaki zuten Mauritaniaren eta Marokoren artean.

Hassan II.aren agindupean inbaditu zuten iparraldea Martxa Berdea deituriko ekintza hartan. Itsasotik gertu dagoen Tah herritik sartu ziren zibilak Smara eta Tifaritira, militar marokoarrak tankeekin sartzen ziren bitartean. Inbasio baketsu eta zibil bezala saldu nahi izan zioten nazioarteari, erabat militarra izan bazen ere.

Hegoaldetik Mauritaniak ere militarki inbaditu zuen Espainiako probintzia izatera iritsi zen Afrikako kolonia. 1976ko otsailaren 27an independentzia aldarrikatu zuten Bir Lehlu herrixkan, Afrikar Batasunak eta nazioarteak Polisarioa eta sahararrak aintzakotzat hartzea lortzeko, Ia nazio oso bat babestu zen Aljeriako Tinduf herriko errefuxiatu kanpamentuetan, Marokok zibilen aurka fosforo eta napalm lehergailuak jaurtitzen baitzituen. Garai hartako Polisarioko presidentea Luali Mustafa Sayed zen. Oso gazte hil zen Mauritaniaren aurkako gerran, 1977an. Ordutik independentzia aldarrikatzen duten sahararren ikur bihurtu da eta bere irudia nonahi ageri zaio kanpamentuetara bisitan joaten denari.

Mauritania menperatu zuten gerratean sahararrek bake akordioa sinatu zuten 1979an. Ordutik gaur arte harreman ona dute sahararrek eta mauritaniarrek, baimenik gabe pasa daitezke batzuk eta besteak bi lurraldeetara. Mauritania Mendebaldeko Saharatik erretiratu ostean Marokok legez kanpo inbaditu zuen utzitako hutsunea. Urte berean, Israelen laguntzarekin, nazio osoa iparraldetik hegoaldera banatzen duen horma armatua eraikitzen hasi ziren. Gaur egun 2.500 kilometro ditu harresitzar horrek eta Polisarioaren erasoaldiak ekiditeko zazpi bat milioi mina daudela diote.

1991n su-etena sinatu zuten Marokok eta Polisarioak. Hilabete gutxiren buruan herri galdeketa egitea zuen helburu. Ia 30 urte igaro dira eta ez da sekula halakorik egin, Marokok galdeketa horretan nork parte hartu behar duen beti inpugnatzen duelako. Behin baino gehiagotan NBEk gezurretan eta datuak asmatzen harrapatu du Rabat. Marokoren giza eskubideen aurkako urraketak ere ia egunero salatzen dira baina, Frantzia lagun duenez eta NBEn beto eskubidea duenez, ez da sekula helegiterik aurrera eraman.

Honen guztiaren aurkako protesta ugari izan da. Famatuenak 2010eko Gdeim Izik kanpaldia eta Guergerateko blokeoa izan dira. Guerguerat okupatutako Saharatik Mauritaniara doan bidean Marokok duen azken postua da. Legeari kasu eginez gero, ez luke han egon behar. Halere, kamioi andana pasa ohi da egunero su eten akordioa urratuz. Blokeoaren bidez sahararrek NBEren utzikeria salatu nahi zuten, baina Marokoko armada zibilen aurka oldartu zen eta Polisarioaren kontrolpeko aldera igaro zen arma eta guzti. Su-etena amaitutzat jo zuen Polisarioak eta erreferenduma egin arte ez dituztela armak isilduko zin egin dute sahararrek, Brahim Galli presidentearen bitartez.

 

Hassana Abdelazziz Saharako Prentsa Zerbitzuko argazkilaria da. Brahim Galli presidenteak gerrara itzuli behar zirela esan zuenean errefuxiatu kanpamentuetan "festa modukoa" hasi zela dio. Azaroaren 28an telefonoz deitu nion eta "inoiz ezagutu ez dudan poztasuna ikusten ari naiz herriarengan", adierazi zidan. "Tristeziatik euforiarako bidaia egin dugu minutu gutxian. Guk ere ez genuen espero gure gobernuak erabaki hau hartuko zuenik. Ez behintzat orain, pandemia eta Argeliaren mugen itxiera pairatzen ari garen honetan. Baina ausartak izan direla uste dut. Marokok eta NBEk gurekin nahi zutena egin zezaketela uste zuten beti. Gainera, su-etenik ez omen dela izango esan dute, ezta bakea eta erreferendumaren inguruan hitz egiteko bada ere. Presidenteak esan du erreferendumaren egunean bakarrik geldituko dutela gatazka. Hortaz aberria ala hil da jarraituko dugun estrategia. Hemen [Tindufeko errefuxiatu kanpamentuetan] egoteaz nazkatu gara. Etorkizuna gerrak emango digu, heriotza bada ere".

Argazkia: Andoni Lubaki

Zalantza asko piztu du Polisarioaren estrategia militarrak. Desertuan, itsasoan edo mendiko gudu zelaietan izaten diren galerak bikoitzak izan daitezkeela zioen Montgomery general ingelesak Rommel naziaren aurka Bigarren Mundu Gerran izan zuen ipar Afrikako gudan. Afrika osoko hirugarren armadarik handiena da Marokorena, Egipto eta Arjeliaren ondoren. Azken lau urteetan sekula egin gabeko inbertsiorik handiena egin du armak erosteko. Sateliteak ere badituzte (Mohamed VI-A eta Mohamed VI-B) zaintzarako. Droneak erosi dizkiote Trumpen exekutiboari eta soldaduak entrenatu dituzte urruneko ekintzak bideratzeko. Polisarioak aldiz, Libiako Gadaffi koronelak 1980ko hamarkadan emandako Grad, Katiusha eta Stingerrak ditu eta zaharkituriko T-63 tanke errusiarrak. Oraindik, halere, Marokok ez du erasorik egin eta ez dira Polisarioak kontrolatzen duen eremuan sartu. Joera erabat pasiboa hartu du. Irudi gutxi eta fake news asko agertu dira sarean eta zaila da handik informazio gardena lortzea.

Marokoren ez parte hartzea estrategia izan daitekeela diote aditu batzuek, erasotuak beraiek direla eta bakearekiko konpromisoa eurena bakarrik dela sinestarazi nahi dutela. Trumpen adierazpenen ondoren, Fronte Polisarioa nazioarteko terroristen zerrenda famatuan sartzeko zain omen dago Maroko eta horretarako presioa egiten ari dira lobby-ak. Garai batean Hamas eta Palestinarekiko mugimendu internazionalistarekin gauza bera egin zuten. Nazioa terroristen erasoen menpe dagoela saldu nahi dio Mohamed VI.ak AEBetako gobernu berriari. "Polisarioak beste lurraldeetan dituen elkarte eta enbaxada asko ixtera behartuko luke. Sahararrak zenbait gobernuren laguntzari esker bizi dira, ez dutelako diru iturririk errefuxiatu estatutua dela eta. Jasotzen dituen diru laguntzak eten daitezke eta diplomatikoei nazioartean mugitzeko duten askatasuna murriztuko litzaieke. Kausa internazionalista galduko luketela esan daiteke. Ez hori bakarrik, talde terrorista izaki, estrategia eta arma askoren erabilera justifika lezake Marokok, baita teknikoki legez kanpokoak direnak ere, droneen bidezko hilketa selektiboak kasu. AEBek teknika hori erabiltzen dute oraindik jurisprudentzia finkorik ez badago ere. “Palestinaren Askapenerako Erakundeak 1980ko hamarkadan izan zuen murrizte prozesua gerta liteke Polisarioarekin ere", dio Riad Bouzzani Aljeriako kazetariak telefonoz egindako elkarrizketan.

Argazkia: Andoni Lubaki

John Bolton sahararren autodeterminazio erreferendumaren defendatzaile sutsua da. Trumpen administrazioarentzat lan egin zuen, presidenteak  Twitter bidez kaleratu zuen arte. Abenduaren 15ean Foreign Policy hedabidean idatzitako artikulu batean Trumpek eta bere administrazioak "akats larria egin duela", adierazi du. "James Inhof senatari errepublikarrak atzera bota nahi du erabaki hau eta Joe Bideni helaraziko dio", dio artikuluan. Trumpen taldeak hau geldiarazi nahi duela argi geratu da azken egunetan Twitterren egiten ari diren adierazpenak ikusita. Lobby sionistak daude atzean, American Sionist Friendship talde erasokorra bezalakoak. "Nazioarteak halere ulertu behar du Polisarioak arrazoi osoa duela armak berriro hartzeko. Marokok ez badu erreferendumik nahi ez du su-etenik merezi. Gainera Rabatek bere propaganda gezurtia irentsi du", dio Boltonek artikuluan. Espainiako Estatuaren jarreraz ere oso argi azaldu da segurtasun kontseilari ohia: "ezer ez esatearen alde agertzen bada, isilik eta alde batera manten dadila". Bolton oso kritikoa izan da beti Espainiak Saharako auziaren inguruan egin duen utzikeriagatik. Agerraldi publiko askotan Madrili aurpegiratu dio "legea betetzeko dago eta erreferenduma egitea berari dagokio nazioarteko legea errespetatuz". Portugalek Timorren egin zuen bezalako prozesua adibidea da bere ustez.

Basamortuan gerra gori jarri eta bulegoak berriro aztoratu dira, askori begiak irekiaraziz. NBEk Saharan zuten misioa ezertarako balio ez duen dirua xahutzeko makina dela agerian geratu da –historian izan duen misiorik luzeena eta etekin gutxien lortu duena da MINURSO –. Espainiako Estatuak sahararrak behin eta berriz, gobernuan dagoena dagoela, traizionatuko dituela ulertu du iritzi publikoak eta legez kanpo jokatu duela urte hauetan bere eginkizunei muzin eginez. António Guterresek epel jokatu duela giza eskubideen urraketen aurka ere begi bistan agertu zaio askori. Frantziako Estatuak (giza eskubideen defendatzaile autoizendatuak) bere beto eskubidea Saharako gizarte zibilaren aurka erabiltzen jarraituko du Maroko laguntzearren. AEBak ez dira adostutako legea betetzearen aldekoak, ezta eurek bakarrik adostutakoak ere.

Sahararrek bakarrik mantendu dute indar iraunkorra eta esperantza argia. Askok erreferendumaren ekuaziotik at utzi nahi izan dute Polisarioa, errefuxiatuta eta zapalduta bizi den herriak ez duela etorkizuna bere esku sinetsaraziz. Duintasun osoz eta arrazoia –morala eta legala– bere alde dutela Si vis pacem parabellum leloari heldu behar izan diote berriro ere betiko zanpatuek: bakea nahi baduzu gerrarako presta zaitez. Eta horretan ari dira.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Mendebaldeko Sahara
2024-03-24 | Reyes Ilintxeta
Kristina Berasain. Sahararekin kateatuta
"Palestinakoa ikusita, zer egingo du orain Marokok Sahararekin?"

Arnas luzeko kazetaritza maite du Kristina Berasainek. Kazetaritza pausatua. Haimaz haima ibili da sahararrekin hizketan, kontakizunak eta testigantzak bilduz, gero horiek guztiak liburu eder batean harilkatzeko. Pasioz eta pazientziaz, ia 50 urte erresistentzian daraman saharar... [+]


2023-12-22 | Euskal Irratiak
Saharari buruzko euskarazko lehen kazetaritza kronika idatzi du Kristina Berasainek

Sahara, herri bat erresistentzian liburua argitaratu du Kristina Berasainek. Urte luzez jarraitu du Mendebaldeko Saharako gatazka, 2005ean BERRIA egunkariko kazetari gisa lurralde okupatuetara lehen aldiz bidaia egin zuenetik.


'Saharari kantari' diskoaren kontzertu solidarioa egingo dute Donostian

Mendebaldeko Sahararen alde egingo dute kontzertua hilaren 22an, Kursaalean. Bertan izango dira Oreka TX, Eñaut Elorrieta, Mikel Urdangarin, edo Minatu Embarek, Nayat Hosseinek eta Hayuh Ramsik artista sahararrak, besteak beste. Sahararrak gerran daudela ez dela ahaztu... [+]


Palestinan bezala Mendebaldeko Saharan ere, okupatzailea beti espoliatzaile

Mendebaldeko Saharako Smara hirian urriaren 29an jaurtigaiekin izandako eraso ezezagun batek gorenean jarri du Fronte Polisarioaren eta Marokoko armadaren arteko gerra. Gaza bezala, harresi luze batez inguratuta dago herrialde osoa, eta Israelek palestinarrekin egin bezala,... [+]


2023-07-19 | Leire Artola Arin
Israelgo Gobernuak formalki onartu dio Marokori Mendebaldeko Sahara euren menpe dagoela

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak gutun bat bidali dio Marokoko Mohamed VI.a erregeari, "harremanak sendotzeko" pausoa emateko. Astelehenean baieztatu du asmoa dutela okupatutako Mendebaldeko Saharako Dakhla hirian kontsulatua irekitzeko.


Eguneraketa berriak daude