Paperetik gorputzera

  • Bilboko auzo garaietako (San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Zabala) kaleak mota askotako kolorez jantzita agertu dira eta nonahi egokitu dira tokiak jendea elkartzeko. Gau Irekia genuen aurrean. Aurten inoiz baino beharrezkoago genuen, ekitaldiak helburu baititu jendearen arteko harremanak bultzatzea eta auzoetako giza eta gizarte aberastasunaz gozatzeko aukera ematea. Antolatzaileek aurre egin behar izan diete izurriak ekarri dituen oztopo eta eragozpenei; baina, zailtasunak zailtasun, auzoetako jendeak erantzun ederra eman du.

Argazkia: Gau Irekia / SareanArgazkia: Gau Irekia / Sarean

Eguna euritsu hasi bada ere, Bilboko auzo garaietako kaleak laster bete dira jendez eta zarataz. Maider Aldasoro artistak diseinatu duen aurtengo kartelaren protagonista bihurrien modura, auzokideek ordenari eta bakardadeari aurre egin diete. Izaki bihurri eta beldurti horien modura, aurtengo Gau Irekira hurbildu direnak handik eta hemendik ibili dira, txokoetan eta desiren pultsioak gidatuta behar zuten gozamenaren bila.

Gau Irekia
Noiz: abenduak 12.
NoN: San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Zabala auzoak (Bilbo).

Guztira 35 jarduera inguru izan dira 25 espaziotan banatuta. Alde handia aurreko urteetako bataz-besteko 100 jarduera eta 90 eszenatokiekin alderatuta. Baina antolatzaileek argi zuten, nola edo hala, aurten ezin zutela huts egin. Baita argi izan ere aurrez aurre izan behar zuela, formatu digitalak ez bailuke inolako zentzurik. Hori dela eta, hainbat aldaketa egin behar izan dute. Izaera irekia mantendu dute, auzoetako eragileek bidali dituzten proposamenak batu eta lan kolaboratiboaren bidez auzoen beharrei erantzuna emateko.

Oreka bilatu dute egun osoan antolatutako ekimenetan, baita lortu ere. Formatu intimoak izan dira aurtengoak, espazio txikietan egin behar izan direnak. Egun osoan Ellas proiektuaren interbentzioak izan dira, auzoetako emakumeen irudiez hormak jantziz. Sutan espazioan buztinezko eskultura komunitarioak landu dituzte, beste espazioetan arropa birziklatzekoak edo umeentzako piruleta tailerrak egin bitartean. Antzerkirako, musikarako eta zinemarako tartea ere izan da, San Frantzisko Zine Klubak ekoiztutako filma kasu, auzoetako gazte migratzaileen bizitzari buruzko hausnarketa bat. Berreginen museoan La Gran Fiesta Ex Tradicionalen hainbat emanaldi izan dira, gure herrietako kalejirak deseraiki eta askotariko kolore eta izakirekin betez. Auzoko kale eta ate irekien atzean izan ziren adibide batzuk baino ez dira hauek.

Gauarekin batera amaiera eman zioten Gau Ireki atipiko baina inoiz baino beharrezkoago honi. Euripean eta oztopoekin bada ere, ezinbestekoa zen kalea berreskuratu eta gure jendearen artean egotea, esperientziak partekatu eta izaki bihurrien antzera, auzoetako txoko guztietatik modu kaotikoan ibiltzea, itxaropenezko argiaren bila.

Gau Irekia / Sarean-en argazkiak:

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kaleko artea
Artista kolektiboen jaialdia Leioako kaleetan, maiatzaren 18tik 21era

Leioako XXIII. Umore Azoka ospatuko da datorren asteburuan. Arte eszenikoetako 43 konpainia eta 90 emanaldi izango dira ikusgai; tartean izango dira Euskal Herriko hamazazpi konpainia.


Mutrikuk kale museo bilakatzeko bidea hartu du

Lau horma irudi egingo dira aurten. Urtero hainbat artista gonbidatzea da udalaren asmoa. Artista bakoitzak hamar urteko bermea ematen du bere horma irudia bere horretan mantenduko dela ziurtatzeko.


2023-02-19 | Axier Lopez
Horma biziak zentsura eta ahanzturaren gainetik

“Hedabideek isilarazten dutenaz mintzo dira hormak”, zioen erdaraz Barakaldoko mural batek 1990eko hamarkadan, horma-irudien eta pintaketen zeregin nagusia azpimarratu nahian. Ahots anonimoak dira, horman idatzitako hitzetik mintzo direnak, espontaneoak gehienak, gai... [+]


Lian muralgilea
"Kamiñazpiko lana guztiona da, hortaz, baita saria ere"

Street Art Cities plataformak egiten duen sailkapenean, munduko hirugarren onena hautatu dute Ondarroako Kamiñazpin dagoen Lian muralgilearen lana.


2023-01-20 | ARGIA
Sare sozialak arakatu eta Gasteizko grafitigileak zigortu nahi ditu Urtaranen gobernuak

Zerbitzu sekretuen alorrean erabili ohi diren OSINT teknikak erabiliko dituen enpresa bat kontratatzeko proiektua lizitaziora atera du Gasteizko Udalak, Arabako Alea-k jakitera eman duenez.


Eguneraketa berriak daude