"600 euro irabazi eta 50 gordetzen nituen neuretzat, gainerakoa Paraguaira"

  • 2005ean heldu zen Paraguaitik, lanera, bere bi seme-alabei han unibertsitate ikasketak ordaindu nahirik. Egin zuen lan, irabazi zuen diru, burutu zituzten ikasketak etxeko biek. Bitartean, euskalduna esposatu zuen, gutartu zen... Urrian alargundu zen. Hiru aste gabe itzulia zen Amerikara, betiko.

Argazkia: Zaldi Ero
Argazkia: Zaldi Ero
Constanza Barrios López. Asunción, Paraguai, 1961

Jaio zen hirian hazia, ezkondu eta New Yorkera egin zuen, bi haurrekin, senarra haraxe joan baitzen lanera. Gizonak abandonatu zuelarik, etxera itzuli zen, Asunciónera beti. Zortzi urtez lan egin eta, lana galdu, eta Espainiara joan zen, 2005ean, lanean beti. 2007an heldu zen Euskal Herrira, eta bertakotu zen. Bere gizonezkoarekin bizi zen, harik eta hil arte. Bakarrik, noragabe, atzera etxeko habiara egin du hegazti migrariak. Guraso eta seme-alabekin da Asunciónen, ongi, jakinarazi digunez.

Hamabost urte gure artean, eta bazoazela jakinarazi didate.
Bai, Asunciónera, Paraguaira, hangoxea bainaiz. Hiru aste da senarra hil zitzaidanetik. Hasieran ez nekien zer egin, baina laster jabetu naiz: nire senarrarekin bat eginda nengoen, hura gabe ez dut hemen ezer egiten, ez nago lanerako, ez jateko... Zazpi kilo galdu dizkizut hiru astean. Galduta nago, noragabe nabil... Hobe dut joan. Etxera joatea erabaki dut. Banoa. Duela hamabost urte heldu nintzen. Ez nintzen nire gogoz etorri, dirua irabazi beharrak ekarri ninduen, nire bi seme-alabek ikasi ahal izan zezaten etorri nintzen...

Ordu arte sekula zeure herritik irtena zinen?
Bai. Bizi-eskarmentua zer den... Hogeita bat urterekin ezkondu nintzen. Bi seme-alaba izan genituen. Aita New Yorkera joan zen, lanera, hamaika paraguaiarrek egin ohi duen moduan. Urtebetera, harako bidaia-txartelak bidali zizkigun hiruroi, eta bi umeak hartu eta New Yorkera joan nintzen. Sei urte egin nituen han. Egun batean, senarra etxetik irten, eta ez zen itzuli. Abandonatu egin ninduen, bakarrik utzi ninduen gure bi umeekin Queens-en. Alabak hiru urte zituen, semeak bost. Etxera hots egin, eta aitak: “Etorri etxera denok, hirurok!”. Bidaia-txartelak erosi zizkigun, helarazi, eta itzuli ginen Asunciónera. Senarra handik hogei urtera azaldu zitzaigun berriz. Alabak ez zekien hura nor zen, eta semeak, aldiz, ez zuen begien aurrean ikusi nahi izan. Mutikoa zeharo minduta zegoen.

Eta Asunciónera itzulirik, zer bizimodu egin zenuen?
Etxera heldu, eta umeek estudiatu egin behar zuten. Eta nora eraman haurrak? “Ama, eskola publikora, ala pribatura?”, galdetu nion. Baina ikastetxe publikorik ez baitzegoen gure auzoan. Hurreko ikastetxe pribatura joan eta galdetzeko agindu zidan amak. Sor Eusebia Palomino ikastetxea zen, salestarrak mojak. Joan eta zuzendariarekin hitz egin nuen. Handik urte batzuetara hona etorraraziko ninduena izan zen! Sor Justa Pavetti. Harekin harremanetan nago oraindik! Badaki gizona hil berri zaidana, eta zain daukat... Lehen aldi hartan nire historia kontatu nionean, berak: “Nahi duzu lan egin?”. “Bai, horixe nahi dut, lan egin! Errabiatua nago! Eta nire seme-alabek ikastea ere nahi dut”. Sor Justak, orduan: “Oraintxe, atezaina behar dugu. Onartuko zenuke postua?”. Baietz esan nion, zirkinik batere egin gabe. Eta horrelaxe.

Hortaz, zerk etorrarazi zintuen gure alderdira?
Zortzi urte egin nituen lan ikastetxe hartan, eta hantxe bertan ari ziren nire seme-alabak ere, ikasten. Haiek ikasketak burutu eta ez zidaten kontraturik berritu. Haatik, kalte-ordaina eman zidaten. Hala eta ere, Sor Justari galdetu nion: “Eta zer egin behar dut nik orain? Seme-alabek unibertsitate ikasketak izan ditzaten nahi dut, eta ordaindu beharra dago!”. Eta berak: “Nahiko al zenuke Espainiara joan? Hemengo moja bat dugu Madrilen, eta harekin harremanetan jarri ezinik ez dut. Inguratuko dizu lana hark”. Eta halaxe etorri nintzen. Lehenengo, Madrilera. Airekotik jaitsi eta zain nuen moja.

Eta zer lan egin zenuen Madrilen?
Barneko langile, familia baten etxean, Majadahonda (Madril, Espainia) herrian. Senar-emazteak ziren, bi ume txikirekin. Hargatik nahi ninduten interna. Han urtea egin eta lanez aldatu zuten etxeko gizona, eta beste etxe batera joan behar izan nuen, interna betiere, Cuatrocaminos (Madril, Espainia) herrira. Urte pare bat-edo egin nituen bigarren etxe hartan, zaintzen nuen andrea hil zen arte. Alzehimerra zuen, erasokorra zen, baina zuzentzen ikasi nuen. Etxetik irten besterik ez zuen nahi. Horretan zen beti: kostarik kosta, etxetik irten nahi! 92 urte zituela zendu zen. Eskelan, senide ilararekin batera jarri zuten nire izena, oso eskertuta baitzeuden.

Noiz etorri zinen, bada, Euskal Herrira?
Orduantxe, bada! Berriz ere lanik gabe ni, Paraguaiko mojari hots egin, eta berak: “Hortxe dut nire iloba ere, jar zaitez harekin harremanetan”. Haren iloba Donostian ari zen! Olga. Eta hots egin nion, eta esan zidan: “Etorri honako alderdira!”. Ni goian zerua eta behean lurra nengoen, lan egin nahi nuen, eta delako Olgari hots egin nion: “Baina, Olga, non zaude, non da San Sebastian hori?”. Eta berak: “Hementxe, Espainia duzu hau ere, baina iparraldean da, Frantziarekin mugan. Eta horrelaxe etorri nintzen hona.

Lan egin nahi zenuen...
Bai, horixe! Eta Donostiara etorri eta bi hilabetera, Arantxa izena zuen euskaldun baten ordez hasi nintzen Donostian, Miraconchako etxe batean. Izen famatua zuen familia hark... Han, atso xahar bat zaindu behar izan nuen. 101 urte zituen! Goizean goizik haren etxera joan eta arratsaldeko laurak edo bostak arte egoten nintzen bertan. Bizi, apartamendu batean bizi nintzen, lauzpabost neskarekin... Egun batean, telefono-deia. Gizonezko bat hariaren bestaldean. Berehalaxe ohartu zen okerreko zenbakia markatua zuela, baina hizketan lotu ginen, luze. 2007ko uztaila zen. Harrezkero, behin eta berriz eta askotan hitz egin genuen, telefonoz, harik eta elkar ikustea erabaki genuen arte.

Argazkia: Zaldi Ero

Maitasun istorio...
Baita izan ere! Artzain Onaren plazan ikusi genuen elkar lehenbizikoz, eliza hartaraxe joaten bainintzen ni errezu egitera, oso sinestuna bainaiz. Han nengoen ni, zain, eta sakelakoak jo zuen. Hartu nuen orduko, aurrean azaldu zitzaidan telefonoko ahotsetik besterik ezagutzen ez nuen gizona, senar izango nuena, nahiz ez ginen ezkondu, konforme baikinen halaxe. Gero, harekin, Azpeitira etorri nintzen, zenbait ikastaro egin nituen eta adinekoak zaintzen trebatu nintzen. Jakina, Donostian gaztelania zen nagusi, baina hemen (Azpeitia), euskara. Hala eta ere, jarri nintzen horretara ere.

Paraguaitik etorria, euskaraz ikasia? Zertan ari gara gaztelaniaz?
Poliki zu ere! Ez dakit euskaraz, nahiz gizonak hitz egiten zidanean ulertzen nion, bera ere nik uler nezan saiatzen zelako, beharbada. Zaintzen nuen emakumearekin berdin gertatu zitzaidan, Joxeparekin. Nekez mintzatzen zen gaztelaniaz, eta haren euskara-gaztelania hartara egokitu nintzen. Gustura zen nirekin. Joxepa, esan nahi dut. Buruko isuria izan nuenean, ez zuen etsi nahi izan. Nirekin nahi zuela esaten zuen. Ebakuntza egin zidaten, eta atzera neure onera itzuli behar izan nuen. Eta akordatzen naiz nola hasi nintzen berriz ere oinez, gizonari besotik helduta... Bi hilabete joan ziren indartu nintzeneraino. Gizonari esan nion: “Nahikoa. Lanerako gauza naizela sentitzen dut. Banoa, Joxepa ere zain daukat-eta”. Joxepa bi hilabete egon zitzaidan zain!

Buruko isuria izan zenuela esan diguzu...
2008an. Geneetan daramagu, inondik ere, gure amama ere halaxe ezindu baitzen. Jainkoari eskerrak, osatu nintzen, ikusmen gorabehera txiki batzuk baldin baditut ere. Batzuek pentsatuko dute gogorra izan zela, eta gogorra izan zen, baina okerrena nostalgia da beti, etxekoak ez ikustea. Hasieran oso neke gertatu zitzaidan. Ikaragarria da herrimina. Oraingo egunean hor dira beti sakelakoak, eta gaitz erdi: hutsik ere egin gabe jotzen dut astero etxera. Igandea zela, nonahi ginela, eguerdian etxera behar nuen, ordu bietan etxekoekin hitz egiteko. Gurasoak zer moduz ziren, seme-alabak zer moduz... jakin beharra nik! Senarra hil aurreko asteburuan, esan zidan berak: “Triste zabiltza!”. Eta, zuzen zegoen, gabonak zetozen, eta triste ni, hilabete ezohikoa baita niretzat, nostalgia hori areagotzen da nire baitan. Baina banoa, hantxe igaroko ditut gabonak, aspaldi ez bezala.

Hemendik joatean, zer utziko duzu atzean?
Nik Patxi nuen hemen, nire gizona. Hura hil delarik, ez dut ezer, hutsik nago, tokiz kanpo, noragabe... Bera falta zait. Bera bizi zelarik, lanetik irten eta airean  joaten nintzen, etxera zuzenean. Banekien bera hantxe izango nuela. Etxe zalea naiz, baina ez nuen nahi berak lagunartea galtzerik, eta halaxe irteten ginen, ez zedin lagunengandik urrundu. Irteten ginen, baxoerdiren bat edo bi hartu, mokadutxoren bat egin... Inoiz, Donostiara jotzen genuen, gustuko hiria baitut. Urgullen barrena ibiltzen ginen, hondartzan, eskutik helduta beti. Horixe esaten ziguten: “Eskola zaharrekoak zarete, eskutik helduta beti!”. Egia izan!

Zeure helburua gauzatuta zoaz, bederen.
Seme-alabek unibertsitate ikasketak egin zitzaten etorri nintzen lanera, eta egin dituzte ikasketa horiek! Duela hamar urte burutu zituzten beren ikasketak! Ez zuten ondoan, edo gainean, inor behar izan, estudia zezaten. Nik ez bezala. Niri, bere garaian, aitak ez zidan besterik esan: “Estudiatu, estudiatu, estudiatu!”. Nire seme-alabek ez dute horrelako tekelarik behar izan. Bazekiten hemen ari nintzela, gogotik lanean, eta haiek ere gogotik saiatu behar zutela. Begira, Madrilera heldu nintzenean, 600 euro irabazten nituen lehen etxe hartan. Gero, 800. Diru horretatik, 50 gordetzen nituen neuretzat, asteburuko kafetxoa hartzeko besterik ez. Gainerakoa, etxera bidaltzen nuen! Han ere, hemen bezala, dena ordaindu beharra da.

Agur, baina ez adiorik?
Agur, eta ez adiorik. Askok esango dute: “Azkar joan da, horratik!”. Eta egia da, azkar, baina egia ere bada ez dudala ezertarako gogorik. Zazpi kilo galdu ditut gizona hil ondoko hiru asteetan. Ez dut lanerako bihotzik, ez jateko borondaterik, ez kalera irteteko tirriarik... Ezertarako pozik ez! Alabaordeari esan niona, erabakia sendo hartu nuenean: “Banoa, Maite, maletak egin eta banoa. Badakit gauza ez dela horrela, baina ez naiz gauza! Egin beharreko tramiteak egin, argia, ura, gasa... denetan baja eman eta banoa”. Eta Maiteren erantzuna: “Egin behar duzuna egin, Constanza, esker oneko gaituzu, zoriontsu egin zenuen gure aita, geure begiez ikusi genuen hori. Eskerrik asko”. Baina nik, ez bainengoen konforme: “Barkatu, egin dudana baino gehiago egin ez badut. Zuen aitak bizia salbatu zidan, eta nik ezin izan diot bizia salbatu”. Eta Maitek: “Constanza, zuk aita lurpetik atera zenuen, gaizki baitzegoen, eta zoriontsu izan zarete, geure begiez ikusi dugu”. Neke egiten zait oraingo egoera, maite dut herri hau, baina bakarrik sentitzen naiz, negar egiten dut... Lagunduko nautela esaten didate denek, baina nork bere bizia du, nork bere lan eta korapiloak. Eta, okerrena, gizona falta zait, joan da. Gizonak berak esaten zidan, bezeroez ari zela: “Bai, dena iji eta aja, baina behar denean, inork laguntzen ez”. Badakit nola den gauza. Hemengoak egin eta banoa. Niretzat kito da orain.

Atzera egokituko zara Paraguaira, Asuncióneko bizira?
Baldin baitere! Gurasoen etxera noa, jaio nintzen etxera. Neure etxea da, hantxe sortu ginen neba-ahizpa guztiok. Batzuetan, etxetik irten ez naizela iruditzen zait, harremanetan iraun baitugu beti. Sakelakoak direnetik, badakit etxean zertan diren eguneko momentu guztietan, seme-alabak lanean diren, edo etxean, eta ama noiz ari den matea hartzen, terere-a... Maiz kara hots egiten dit, edo hots egiten diot... Lanean ari naizela, sakelakoa amatatzen dut. Hori, beti. Banoa, badakit partez neke gertatuko zaidala, partez erraz. Jainkoaren grazia daukat, ondo ateratzen zait dena. Hantxe da Sor Justa, hark ez nau inoiz eskutik utzi, eta horixe eskatzen diot nire gizon zenari ere, ni eskutik ez uzteko: “Eutsi gogor eskutik, Patxi!”.

* * * * * *

Guaraniera
“Guaraniera eta gaztelania ditugu hizkuntza ofizialak! Landa eremuan, eguneroko hizkuntza da. Gurean, etxean, gaztelaniaz hitz egiten genuen, baina eragozpenik gabe ulertzen dut guaraniera, amamak ez baitzekien besterik, eta gurasoek ere nahi bestetan hitz egiten baitute guaranieraz. Aitak, bestalde, liburu bat egina du guaranieraren gainean, horixe baitzuen pasio, herri jakintza biltzea”.

Paraguaiarra
“AEBetan paraguaiar asko dira. Hemen, gutxi. Donostian, mordoxka omen dira, hala eta ere. Ez dakit. Neure herrikoekin ibili zale txikia naiz. Batak 8 euro irabazten duela, besteak 6, eta ezinikusia! Aitak esaten zidana: ‘Hemengoekin, ahal den gutxiena ibili’. Izan ere, ava gara, indioak, eta halakoxeak gara, bekaizti hutsak. Hargatik zaindu izan dut beti neure bizi pribatua. Horretan oso zuhurra izan naiz beti”.

Tratu txarrak
“Hamar urte egin nituen emakume bat zaintzen. Tratu txarrak harexenak! Irainka hartzen ninduen, “senar ordekoa duzu”, esaten zidan. Makulua ere bazuen, eta ahaleginak eta bi egiten zituen ni jotzeko. Burutik zuzen zegoen, baina gaizto xamarra zen. Ez dut esango gaiztoa zenik, baina ‘gaizto samarra’. Goian bego, hala ere”.

* * * * * *

AZKEN HITZA

Victor Barrios Rojas
Gure solaskideak Victor Barrios Rojas du aita, Paraguaiko irratigintzaren historian ageri den izen handietakoa. Kazetari eta herri-jakintza biltzaile porrokatua, hamaika lan egina da eta, horien artean, Paraguaiko hiru idazle erraldoiri –Augusto Roa Bastos, José Luis Appleyard eta Oscar Ferreiro– egindako elkarrizketa liburua. 88 urte ditu egun.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Emakume migratuak
Pertsona migratuentzako ekintzailetza kooperatiboa, bizi-proiektuak hobetzeko tresna bat

Hegoaldetik ekimena pertsona migratuei ekonomia sozial eraldatzailea hurbiltzeko jaio zen 2023ko ekainean, Enarak kooperatiba, OlatuKoop eta Lankiren eskutik. Geroztik ari da bidea egiten, formazio saioak eskaini nahi ditu eta Katalunian izandako esperientziak konpartitu... [+]


Erika Gonzalez. Australian ere zakurrak hanka-hutsik
"Pribilegiatua sentitzen naiz, baina gogotik lan egin behar izan dut"

Hamasei urte zeramatzan Gabonak hemengo etxean igaro gabe. Urruti baita beti Australia. Haatik, lanak Euskal Herrira etortzeko aukera eman zion iragan urtearen amaieran, eta Lazkaon izan genuen aurtengo jaietan. Hangoak hango eta hemengoak hemengo, ibili dituen bide bihurri... [+]


Etxeko langile egoiliarren ia %98k ez du jaso lanbide arteko gutxieneko soldata 2023an

ELE, Etxeko Langileen Elkarteak emandako zifra da, Bizkaian egindako galdeketen emaitzak jasota. Urtero bezala, etxeko langile egoiliarren eta kanpo-langileen lan baldintzei buruzko txostena egin du. Egoera erregularrean zegoen %35,38k ez zuen jaso lanbide arteko gutxieneko... [+]


Proposamen bat zaintza eredua aldatzen hasteko

Bizitza Zaintzeko izenpean, ekonomia soziala ardatz duen irabazi asmorik gabeko elkarte bat sortu dute etxez etxeko sei langilek, Urola Kostan (Gipuzkoan). Ideia sinplea da: enpresen irabaziak langileen esku uztea. Merkatuaren prezioak mantenduko dituzte; hau da, erabiltzaileek... [+]


2023-06-25 | Reyes Ilintxeta
Laura Penagos. Aktore kolonbiar euskalduna
"Emakume arrazializatua eta euskalduna izatea exotikoa da, horrek nekatzen nau, eta arrazista ere bada"

Ez da ohikoa Kolonbiatik etortzea, euskara ikastea eta antzerkitik bizitzen tematzea. Ez da ohikoa soineko gorri ikusgarria Larunbe (Nafarroa) herri txikiko eliza gotikoaren hormatzarrekin konbinatzea. Eta ez da ohikoa periferiaren periferiakoa izanda, horren baikorra izatea.


Eguneraketa berriak daude