Erretzera gerturatzen gaituen gradu erdia

  • Zertan da gaur egun klima aldaketa? Informazioa barra-barra dago eta hainbat bide har daitezke galderari erantzuteko. Horietako bat da Iñaki Petxarroman kazetariaren Ezezagunerako bidaia. Mundua, klima eta ekologia krisian liburua hartzea eta bidean abiatzea. Helmuga korapilatsura iritsiko gara: gai izango da humanitatea mende amaierarako bi graduko tenperatura igoera saihesteko?

Erantzunen bila abiatuko gara liburua aletzera eta laster ikusiko dugu ez dagoela erantzun argirik. Munduko Metereologia Erakundearen arabera, azken hamarkada inoiz erregistratutako beroena izan da. 2015ean Parisko Hitzarmena sinatu zuten 195 herrialdek, mende amaierarako bi graduko igoerara ez iristeko helburuarekin. Hori lortzeko, 2010etik 2030era atmosferara isurtzen diren berotegi gasak laurden bat gutxitu behar dira eta 2070erako zero netoko isurketa beharko litzateke, hau da, atmosferak isurtzen dena gordetzeko duen ahalmenaren adinako kopurua. Planeta dagoeneko industria aurreko garaian baino 1,1 gradu beroago dago eta uste da mende bukaerarako 2 graduko igoera ere eman daitekeela. Helburua litzateke ez igotzea 1,5 gradutik gora, ekosistemetarako eta klima aldaketarako alde handia baitago 1,5 edo 2 gradu igotzea.

Zein da arazo nagusia? Gaur gaurkoz, herrialde kutsatzaileenak ez direla Parisen jarritako helburuak betetzen ari; areago, herrialde batzuek, tartean AEBek, Australiak eta Brasilek boikot argia egin izan diote Parisen finkatutakoari. Valerie Masson-Delmott da Klima Aldaketarako Gobernuarteko Adituen Taldeko goi-karguetakoa eta, bere ustez, “jadanik izandako berotzea atzera-bueltarik gabekoa da, itsasoak xurgatu egin duelako energia gehigarri horren %90, eta milaka urtez iraungo duelako bero horrek bertan”. Bere aburuz, beraz, etorkizuneko berotzea saihetsezina da eta egin beharreko ahalegina klima egonkortzeko da, berotegiko gas isurketak ezinbestean murriztuz. Horretarako, dio berak, “zehar lerro begirada bat ezinbestekoa da. Ministerio guztien politikek koordinatuta egon behar dute. Elikaduraz, osasunaz, nekazaritzaz, hezkuntzaz hartzen diren erabakiek kontuan eduki behar dute klimaren auzia”.

Gradu erdiko koska

Kazetari honek ez luke ezkor izan nahi, baina gai hauez kezka duen ia edozein herritarrek badu oso arduratutako egoteko hamaika arrazoi, planetaren berotzea ekiditea 2015etik gaurdaino aipatu ministerio horietan –edo pareko kontseilaritzetan– izan diren aldaketetan oinarritu behar bada. Elisa Sainz de Murieta Basque Center for Climate Changeko ikertzailea baikorragoa da zorionez, zaila izanik ere “1,5 graduko igoera eskura” ikusten du. Zenbaki magiko hori gainditzekotan, gradu hamarren bakoitza giltzarri dela dio eta 1,5 igoeran gelditzea posible ez balitz ere, “1,6an edo 1,7an geratzea lortu beharko litzateke”.

Euskal Herriko
kutsatzaile handiena:
Orain hidrogenoaren iraultzarekin bere burua zuritu nahi duen Petronor izan da hamarkadetan CO2 gehien isuri duen industria, urteroko isurketen %10 bat
berea da

Zein da aldea? Bada, gordin esanda, aldea txarra eta oso txarraren artekoa da: bi graduko igoerarekin uholde arriskua %170 haziko da, eta 1,5 gradurekin %100. 1,5 gradurekin 20 urtean behin 2.000 milioi pertsona muturreko bero boladen menpe izango da, eta 2 gradurekin 3.300 milioi pertsonak denbora berean muturreko beroa jasango dute. Bi graduko berotzeak munduko koral uharri guztiak desagerraraziko lituzke, 1,5ekoak haien %70a “bakarrik”. 2 graduk artikoko izotza 10 urtean behin urtuko luke, 1,5ek 100 urtean behin. Petxarromanek zerrenda apokaliptiko amaigabea eskaini digu bere liburuan, baina baita estuki besarkatzeko heldulekurik ere, esaterako Sainz de Murietaren hitzok: “Uste dut inportantea dela adieraztea posible dela, bestela jendeak etsi egin dezake eta”.

Dagoeneko, ordea, ez da bakarrik “zer datorren!”, hori bezain larria da “zer egin dugu!”. Klima aldaketaren kapituluan jadanik gauzatutako sarraskiaren neurria eskaintzen da. Pirinioetako glaziarrak: 1850ean 2.000 hektarea betetzen zituzten, gaur egun 242. Pirinioan 1,5 graduko igoera eman da dagoeneko. 2018an Nature aldizkarian agertutako ikerketaren arabera, 1961etik 2016ra 9.600 gigatona izotz galdu da munduko mendietako glaziarretan (gigatona bat da mila milioi ur tona edo kilometro kubo bat ur). Horrek bakarrik eragin du jada itsasoaren 2,7 zentimetroko igoera. Zazpi milioi kilometro koadroko hedadura zuen izotzak 1980an eta 4,6 kilometro koadro 2018an. Baina gaur egun, egoera larriena Groenlandiakoa da, hangoa da itsasora doan izotzaren %25, %20 mendi glaziarretakoa, eta %10-11 Antartikakoa.

NBEko Bioaniztasunerako eta Ekosistema Zerbitzuetarako Plataformak 2019an aurkeztutako txostenaren arabera, planetako 8 milioi espezietatik milioi bat galtzeko arriskuan dago. 2019an 24 milioi hektarea baso desagertu ziren munduan. Baliteke bost hamarkadaren buruan desagertzea Amazoniako oihana. 2019an gertakari meteorologikoek 22 milioi barne migratzaile eragin zituzten, eta mende amaierarako 250 milioi aurreikus daitezke.

Holozenotik antropozenora

Datu larrien jarioa hain da handia eta amaigabea, haren korrontean ito gaitezkeela, hartatik garaiz ateratzen asmatzen ez badugu. Zentzu geologikoan hitz eginda, orain arte egindakoak arrasto sakona utziko du etorkizunean. Termino epikoetara etorrita, zer da jadanik planetaren aurkako gerran egin duguna? “Geologoen esanetan –diosku Alejandro Zearreta geologoak liburuan– 543 bonba atomiko lehertu ditugu atmosferara. Askatu diren partikulen artean, zesio-137a ehun urte barru jadanik ez da egongo; baina plutonio-239a, berriz, ehun mila urte barru ere hor egongo da”.

Horrexegatik esaten da, orain arte bizi ginen Holozeno  garaitik dagoeneko Antropozenora iragan garela, hau da, gizakiek eragindako garai geologiko berrira. Aurreko garai geologikoetan ere izan dira bizidunen desagerketa masiboak, baina inoiz ez horren denbora laburrean eragindakoak. Antzinan izan dira kolapsoak hainbat zibilizaziotan –Egipto, Erroma, Pazko Uhartea…–, baina Zearretak dioskun moduan, “aldea da jadanik planeta mailako gizarte bat garela, eta, beraz, kolapsoa, izatekotan, orokorra izan daitekeela”.

Nork sortu du hau?

Besteak beste zuk eta nik, irakurle, Trantsizio ekologikoa Euskal Herrian kapitulua irakurtzen baduzu ohartuko zaren moduan. Iragan mendeko 90eko hamarkadaren hasieran, kazetari honek ekin zionean gizarte gaiak jorratzeari, era guztietako agintariak ozen hasi ziren erabiltzen “garapen jasangarria” kontzeptua. Orduan jada oximorontzat jotzen zuten artean zorotzat hartzen zituzten “ekologistek”, “lau katu horiek”.

Hiru hamarkada geroago berean jarraitzen dute gure lehendakariek eta kontseilariek, oraingoan dena green-ez edo berdez jantzita. Baina datuetan, Petxarromanek diosku Europako azken bagoian gabiltzala, liburuaren kapitulu bati titulu hori emanez. 2019an Eusko Jaurlaritzak klima larrialdia deklaratu zuen solemnitate guztiarekin, baina 2015ean Parisko Hitzarmena sinatu zenetik, berotegi gasen isurketak %1,5 handitu dira, Jaurlaritzako datuen arabera. Europar Batasuneko herritarrak 7 tona CO2 isurtzen badu batez beste, euskal herritarrek 9,1 tona.

Gaur egun euskal herritarren aztarna ekologikoa 2,6koa da, hau da, munduko biztanle guztiek guk bezala kontsumituko balute, bi planeta eta erdi beharko lirateke gu bizi garen moduan bizitzeko. AHT, erraustegi, urtegi, ubide eta errepide berrien dantzak bere horretan jarraitzen duen bitartean, kapitulu honetan ere datu oso txarren zaparradak ez du etenik. Horien artean esanguratsuenetako bat honakoa: orain hidrogenoaren iraultzarekin bere burua zuritu nahi duen Petronor izan da hamarkadetan CO2 gehien isuri duen industria, urteroko isurketen %10 bat berea da.

Gure bizimoduari begiratuta sinestea gaitza ematen badu ere, badirudi apurka ohartzen ari garela datorkigunaz, adinean aurrera goazenok geldo, gazteak azkarrago. Gazte belaunaldi berri eta asaldatuaren adibide da Greta Thunberg gazte suediarra: “Zure etxea sutan balego bezala jokatzea nahi dut, hori baita gertatzen ari dena”; Polonian COP24ko goi bileran zeuden munduko agintarien aurrean ere zorrotz mintzatu zen: “Zuen seme-alabak beste ezeren gainetik maite dituzuela diozue, baina etorkizuna lapurtzen ari zarete haien begien aurrean”. Fridays For Future moduko mugimenduetatik, gazteek hauspotu zuten iaz klimaren alde mundu mailan egindako lehen greba arrakastatsua, eta Yayo Herrerok liburuan dioen gisan, “haize fresko moduko zerbait izan da munduko gazteen mobilizazio hori”.

Petronorrek negutegi eragina duten gasen %10 isurtzen du Euskal Herrian.
Mirari bila

Nondik etorriko da miraria, beraz? Oso orokorrean hitz eginda, bi esparru handi daude gaur egun munduan. Batetik, garapen ekonomikoa hazkundean oinarritu gura dutenentzat teknologian dago giltza, eta energia garbi edo berriztagarriak deitutako horietan irtenbidea, batez ere eguzkitik eta haizetik sortzen den elektrizitatean, baztertu gabe nuklearra, hidrogenoa edo bioerregaiak.

Bestetik, desazkundearen ideia dago, hau da, hazkunde ekonomikoak ekarri du mundua kiskaltzera eta, beraz, batez ere desazkunde ordenatu bat bultzatu behar da; horrez gain, ezinbestekoa da energia fosila baztertzea eta sortuko den berria berriztagarria izatea. Baina ikuspuntu honek, funtsean, garapenaren oinarria hazkundean jarriko ez duen bestelako eredu ekonomikoan jartzen du indarra. Desazkundea bai ala bai, dio Yayo Herrero ekintzale ekofeminista ezagunak liburuan: “Hori ez da ekologismoan mugitzen garen pertsonen aukera politiko bat, baizik eta datu bat”. Beste berba batzuekin bada ere, Antonio Aretxabala geologoak ere ezpal bereko ideia luzatu zuen ARGIAren aurtengo Gakoak urtekarian: “Desazkundea bai ala bai gertatuko da, gertatzen ari da dagoeneko, planetak ez du negoziatzen”.

Erreportaje hasieran aipatutako Masson-Delmott ikerlariaren mezu esperantzagarriarekin amaitzen du liburua Petxarromanek. Hark dio egungo 15 urteko gazteek berotze testuinguru batean igaroko dutela bizitza osoa eta sumatzen duela “ezinegona dutela klimarekin eta bioaniztasunarekin iraganean izandako pasibotasunaren inguruan”. Berria-ko kazetariak ere ideia horrekin amaitzen du liburua: “Jarrera horretan, ezinbestez aldatu behar horretan ikusten du [Masson-Delmott-ek], nonbait izatekotan, bidaia hau ongi joango den itxaropena”.

Elkarrizketa honetan liburuaz mintzo da egilea: "Edo berplanteatzen dira gure kontsumo eta produkzio ereduak edo gaizki ibiliko gara".

 

 

Hasi da aldaketa: zenbaterainokoa ote da?

TXINA GILTZARRI
Munduan CO2 gehien isurtzen duen herrialdea da eta %40 gutxitu beharko du ikatzaren erabilera, baina oraindik 121 ikatz planta eraikitzen ari da. Aldi berean, eta bizi diren kontraesanen erakusgarri, bera da munduan energia berriztagarriei bultzadarik handiena eman diena. Elisa Sainz de Murieta geologoaren ustez, “Txinak hartzen duen jarrerak guztiz baldintzatuko du munduaren norabidea (…) baina uste dut euren lanak egiten ari direla”.

BASOAK:
AGUR 24 MILIOI HEKTAREARI
2019an desagertutako baso eremua da, Global Forest Watch erakundearen esanetan.  Deforestazioaren ondorioz, 6 segunduan behin futbol zelai baten tamainako eremua desagertzen da. Horien erdiak tropikoetan eta, azken hauetatik 3,8 milioi hektarea bioaniztasunaren altxor dira.

149 EUROKO ZERGA
Energia fosiletan ez inbertitzea eta hauek zergez zamatzea ezinbestekoa da ekonomialari askoren ustez. Suedian oso eraginkorra izan da eta isuritako CO2 tona bakoitzeko 149 euroko zerga ordaintzen dute enpresek; horren ondorioz, 1995etik gaurdaino %25 gutxitu dira CO2 isuriak.

EUSKAL HERRIA 9,1– EUROPAKO BATASUNA 7
“Berotegi gasen per capita isurketari erreparatuz gero, euskal herritarrek gehiago isurtzen dute (9,1 tona CO2 baliokide) Europako Batasuneko herritarrek baino (7 tona CO2 baliokide)”.

ZOONOSIA ETA BASA FAUNA
142 zoonosi kasu aztertu ditu California Davis Unibertsitateko Albaitari Eskolako One Health institutuak. Historian zehar, zoonosi kasu gehienak animalia etxekotuetatik datoz, baina ikerketa horren arabera, mehatxatutako espezieek bi bider zoonosi gehiago igorri dizkiete gizakiei beste animaliek baino. 1940tik hona izan diren zoonosien 2/3 basa faunan zuten jatorria.

HONDARTZAK ARRISKUAN
Mende amaierarako itsasoaren maila 30-60 zentimetro artean igo daiteke. Horrek esan nahi du Kontxako hondartzak 30 metro gutxiago izan dezakeela 30 zentimetroko igoera ematen bada. Berdin Zarauzko edo Getxoko Ereagako hondartzek ere. Ondorioa? Mareak gora egiten duenean edo itsas biziak daudenean, hondartza hareatzarik gabe geratuko dela. AEBetako Climate Center erakundearen arabera, mende erdirako 300 milioi biztanle arriskuan egon daitezke, bereziki Asian eta Pazifikoko uharteetan.

PIRINIOETAKO GLAZIARRAK
“1980ko hamarkadatik, azaleraren %70 galdu dute Pirinioetako glaziarrek. 1994an 39 glaziar zeuden, eta gaur egungo hemeretzi inguru geratzen dira."

 

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Larrialdi klimatikoa
2024-03-31 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Bestaldera begira

Eta arkitektoen burbuilean, krisi klimatikoaren gaineko kezka igartzen al da? Galdetu dit agroekologoak.

Eraikuntzaren sektorea CO2 emisioen portzentaje altuaren eragilea izanik, galderak zentzua badu. Naomi Klein-ek Honek dena aldatzen du liburuan kontatzen du nola hegazkin... [+]


2024-03-24 | Nicolas Goñi
CO2a atmosferatik kentzeko ingeniaritza: lurra ustiatzen segitzeko aitzakia?

Klimaren arazoa ingeniaritza kontu bat soilik ote da? Atmosferaren berotegi efektua indartu du munduaren industrializazioak, karbono dioxido kopuru erraldoiak isuri baititugu airera, gure biziraupena kolokan ezarri arte. Zergatik ez, beraz, karbono dioxido hori berriz harrapatu,... [+]


Numeriko iraunkorraren eguna Baionako Estitxu Robles kolegioan

Martxoaren 6an numeriko edo digital iraunkorraren eguna ospatu dute Baionako Estitxu Robles kolegioan. Ordenagailu zaharrak berregokitzen ikasi dute eta Ilargikoop ikasle kooperatibaren berri jaso dute.


Asfaltozko patioa zuhaitz eta landarez betetako zelai bihurtu dute Lizarrako eskolan

Jolastoki eta ikastetxeko sarrera zen asfaltozko 350 metro koadroak berdegune bihurtu dituzte Haur eta Lehen Hezkuntzako Remontival eskola publikoan, Lizarran. Landaturiko zuhaitz, zuhaixka eta landareek helburu dute, besteak beste, beroa eta hotza hobeto kudeatzea,... [+]


Artea suntsitzeko arrazoiak

Londres, 1914ko martxoaren 10a. Mary Raleigh Rochardson (1889-1961) sufragista eta WSPUko kidea National Galleryra sartu zen, soinekoan laban bat gordeta zuela. Diego Velazquezen Ispiluko venus ezagunaren parera iritsi zenean, mihisea zazpi aldiz sastakatu zuen, guardiek... [+]


Eguneraketa berriak daude