"Senti da trantsizio ekologiko eta energetikoaren aldeko nahikari handia elkargoaren partetik"

  • Uztaritzeko auzapeza da Bruno Carrere, abertzaleez ere osaturiko Uztaritze Bai zerrendakoa. Euskal Hirigune Elkargoaren batzorde eragilean presidenteorde da, “lurraldearen antolaketa iraunkorraren” kargua betetzeko izendaturik. Ardura potoloa du esku artean, Ipar Euskal Herria bere osotasunean hartuz, Larrañeko mendi-mazeletatik hasita Hendaiako kostara arte, erronka guztiak kontuan hartuko dituzten politikak marrazteko konpromisoa harturik duelako elkargoak.

Elkargoan lurraldearen antolaketa iraunkorraren ardura duen presidenteorde berria zara. Xantier horri dagokionez, zein da egitura honen ikuspegia, eta zein da berriz zurea?

158 herriak kontuan hartuko dituzten politikak garatu ahal izateko tresna guztiak esku artean ukatea da elkargoaren ikuspegi estrategikoa. Hirigintzari dagokionez, tresnak dauzkagu eta gure berezitasuna da Ipar Euskal Herria bost esparrutan banatu dugula. Bakoitzak osatu beharko du bere   herrien arteko PLU Hiri Antolamenduko Plan Orokorra. Beste hainbat tresna ere badira: SCOT izendaturiko lurralde-eskema; lurraren kudeaketaren ardura duen EPFL egitura publikoa; etxebizitza sozialei dagokionez HSA organismoa; mugikortasunaz arduratzen den sindikatua, eta beste. Trantsizio ekologiko eta energetikoaren aldeko nahikari handia senti da ere elkargoaren partetik. Eta pertsonalki, ondokoak dira nire lehentasunak: etxebizitzak eskuragarri izatea herritarrentzat; laborantza iraunkorrak aitzina segitzea eta Euskal Herrian bizi ahal izateko beharrezko ditugun aktibitate guztien arteko oreka, batez ere aktibitate ekonomikoei dagokienez.

SCOT deitu eskema adostu beharko duzue. Ez da erronka ttipia, Ipar Euskal Herriarentzako norabideak hor marraztuko dituzuelako.

Hori da. Dokumentu hau biziki biziki inportantea da. Bertan finkatuko ditugu lurraldearen antolaketarako segitu beharko ditugun printzipio handiak. Adibidez, herrien arteko PLU Hiri Antolamenduko Plan Orokorrek SCOTarekin koherentzian egon beharko dute. Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako 158 herriak eta Seinautze (Landak) ere bilduko ditu SCOTak. 2021ean abiatuko dugu lanketa, lerro orokorrak adostuz; ondotik oinarri horretatik finduz eta zehaztuz guztia. Egia da SCOTaren gauzapena lehenago hasi behar genuela, baita hasten ahalko genuela ere, baina ez da horrela gertatu. Dena dela, ikusirik herri guztien sinkronizazio batean garela, oso inportantea izanen da hautetsi guztiek definituriko ekintza guztiekin bat egitea.

Seinautze zergatik loturik da Ipar Euskal Herriaren eremuari?

“Euskal kosta Aturri” izeneko aurreko SCOTaren emaitza da, jada hor elkar loturik ginen. Nonbait, problematika berak dituen bizi eremu bat osatzen dute Baiona-Angelu-Miarritze eta Seinautzek, beraz badu zentzua elkarrekin aritze horrek: adibidez, hirigintza ala mugikortasunari dagokionez. Bistan da, horrek ez du kentzen bi kolektibitateek legedi propioak hartuko dituztela, adibidez hirien arteko PLU propioekin.

Ariketa aldatuko zaie hautetsiei: lurraldea bere osotasunean hartu beharko dute. Bukatu zaie soilik haien herriari ala herri multzoari so eginez haien lurraldearen antolaketaz erabakitzen zuten garaia. Ez dute baitezpada ariketa erraza izanen.

Bi mailatan eramango da ariketa: Lurralde mailako politika orokor bat adostu beharko dugu denen artean; baina aldi berean tokian-toki ere bai, bost eremuetako hautetsiak mobilizatu beharko dira. Guztia beti bi mailen arteko koherentzia bermatuz.

"Kostaldean lurraren eta etxebizitzaren tinkaldia ikaragarria da eta aldi berean, eskualde batzuk husten ari zaizkigu"

Hustuz doan Zuberoa eta biztanleria metaturik duen Lapurdi kostaldea. Guztiari so jarriz osatu beharko duzue lurralde-eskema hori.

Erronka horiek aspaldian dira seinalaturik. Kostaldean lurraren eta etxebizitzaren tinkaldia ikaragarria da eta aldi berean, eskualde batzuk husten ari zaizkigu. Guztia kontuan hartu beharko dugu eta funtsean, horregatik ditugu eskumen guztiak mobilizatu nahi. Ez da nahikoa zehaztea zein gune den etxebizitzentzat izango, zein den laborantzara bideratuko, zeinetan lantegiak sortuko ditugun… Horrez gain, higikortasunari dagokionez ere erabakiak hartu beharko ditugu, zerbitzuak ere segurtatu beharko ditugu –haurtzaindegiak, kultura, ala beste–. Beraz, ez da lan samurra, baina zinez uste dut biztanleriaren eta aktibitateen banaketa orekatua definitzeko gaitasuna dugula.

Barnealdeko herri ttipietako auzapezak kezkaturik eta haserre agertu dira, elkargoaren antolaketa eta kudeaketa zentralista salatuz, kostaldea eta mendi aldearen arteko desoreka deitoratuz. Norabide berri horrek kexua kalmatuko ote du?

Politikoki, erantzun gisa berriz ere pisu gehiago emana izan zitzaien tokiko komisioei (elkargoaren sorrera aitzin ziren herri elkargoen arabera banatuz lurraldea). Noski, erronka politikoen artean ondokoak ditugu: entzunak izatearen sentimendua ukaitea lurralde eta herri guztiek, baita tokian tokiko gauzapenak eramateko ahalak izatea ere. Horretarako, nahikari politiko globalaren eta lokalaren arteko oreka atzeman beharko dugu. Zeren aldi berean badakigu problematika horiei guztiei ezin zaiela herritik edota herri multzo ttipi batetik bakarrik erantzun.

Ipar Euskal Herriaren garapen eta antolaketa iraunkorrerako Gutuna izeneko dokumentua plazaratu zuen elkargoak otsailean. Bertan irakur dezakegu herritarren diru-sartzeei egokituriko etxebizitza politika duzuela helburu. Argi eta garbi, ez gara egoera horretan.

Justuki, horretarako ditugu dauden tresna guztiak baliatu behar: araubideak, lurrak zein etxebizitzak eskuratzeko eta arrazoizko prezioan berbideratzeko egiturak, eta beste. Benetako erronka dugu, lurraren gaineko presioa ikaragarria delako kostaldean eta bistan da, azkarki bideratzen duelako barne aldeko errealitatea ere. Demagun Uztaritzen lur eraikigarriaren metro karratua 240 eurotan dugu.

Baina tresna horiek guztiak hor dira aspaldian, eta egoera ez doa hobetuz.

Maleruski politikaren tempoa ez doa nahi genukeen bezain laster. Bai, tresna horiek hor ziren jada, baina ez ziren seguruenik behar bezainbat erabiliak eta ez ziren ere modu erabat koordinatuan gauzatuak. Hala ere, nahiko berriak dira tresna horiek. Egoera aldatzeko nahikariarekin gara. Lehen galderan ikuspegiari buruz galdetzen zenidan. Guk Uztaritzen 2014an PLU delakoa berrikusi genuen, ondoko nahikariarekin: hazkunde ekonomikoa neurtzea, laborantza eta natura espazioak ahal bezainbat babesteko gisan. Etxebizitzarako ziren 72 hektarea laborantzara bideratu ditugu. Ez da baitezpada erraza izan, baina aldi berean gure asmoa hori zen –horretarako hautatuak izan ginen eta hein batean, aurten ere berriz hautatuak izan gara hori egin izan dugulako–.

Erabaki politikoek ere badute haien tokia. Demagun, Baionan etxebizitza ezin lortuz dabil jendea. Aldi berean, Airbnb-ri begira jarri eta hiri honetan duen presentzia alimalea da. Irudikatu dezakegu Airbnb mugatzeko erabaki batzuk hartzen Euskal Hirigune Elkargoa?

Egia da. Airbnb hor dago, baita bigarren etxebizitzak ere, ezin ditugu begiak estali –udal batzutan %50 baino gehiago dira bigarren etxebizitzak–. Hamar milaka bigarren etxebizitza horiek Airbnb-koei gehituz, argi da inpaktua ikaragarria dela eta arazoak dakartzala aterpetzeko orduan, dudarik gabe. Baina Airbnb-ra itzuliz, 2019an neurri bat bozkatu zuen elkargoak, Airbnb alokatzeak deklaratzera behartuz eta hortik, jabetza kopurua mugatuz kostaldean. Lehen urrats bat da, denbora pixka baten buruan aztertu behar dugu neurriak zer emaitza ekarri duen. Gai inportantea da eta seguruenik orain arte bideraturikoa baino gehiago egin beharko dugu.

"Jendarte produktibista eta kontsumista honetatik atera behar gara"

Laborantza, industria eta turismoa. Nola lortu daiteke hiruen arteko oreka?

Natura eta nekazaritza espazioak ongi babesten dituen legedia dugu esku artean. Hori erranda, guri dagokigu ahal bezainbat eremu horretara bideratzea. Uste dut hori dela lehentasuna, batetik lurra babesteko, eta bestetik, batez ere bertako elikadura osasuntsua eskura ukaiteko. Ebidentzia bat da hori niretzat. Eta hori kostaldean ere egin beharko dugu –bai ala bai–, gelditzen diren lurrak babesteko eta nork daki, agian berreskuratzeko ere bai. Gogoa nuke lur hauetan elikadura autonomiarantz garamatzan egitasmoak garatzeko, baina hori ez da nire eskumenetan. Aldi berean, baditugu eskualde batzuk non etxebizitzak eta industria ere badiren, baina  jendea bertaratzeko zailtasunak ditugun.

Industria-gune berriak aurreikusten dituzue?

Politikoki bai, lurralde mailako oreka berriz lortzeko beharko ditugu. Baina oraindik ez da ezer erabakirik.

Turismoari ere iraunkortasunaren ideia lotu diozue.

Uste dut beste politiken gisara, turismoa ere behar dugula iraunkortasunaren lehentasunarekin txertatu. Nire ikuspegitik, masa-turismoa ahal bezain bat saihestu beharko dugu, natura guneak errespetatzen duen turismoa beharko dugu… Bestalde, urte guztian hedaturikoa izan beharko du ere, joera kontsumistarekin datozen turistek eragin masifikazio efektu hori ttipitzeko asmoz.

Energiaren eta klimaren erronka lehentasunetan duzue. Zehazki nola gorpuztuko da hori?

Hasteko, lurraldearen antolaketa alorrari “iraunkorra” zehaztapena gehitu izanak hastapenetik markatzen du nahikeria eta horretaz biziki pozik nago. Gure lurraldearentzat norabide iraunkorra nahi dugulako marka da zehaztapen hau. Jendarte produktibista eta kontsumista honetatik atera behar gara eta zentzu horretara doazen tresnak sortu behar ditugu. Berriz diot, sektore guztiak juntatu beharko ditugu: joan-etorriak gutxitu beharko ditugu, energia jale izango ez diren etxebizitzak eraiki beharko ditugu... Ipar Euskal Herria “energia positibodun lurraldea” bilakatzeko helburu politikoa jarririk, arlo guztiak horretara bideratu beharko ditugu (energia beharrak ahal bezainbat gutxitzea du helburu “energia positibodun lurraldeak”, urritasuna eta eraginkortasun energetikoa bideratuz).

2050ean Ipar Euskal Herriak elikadura burujabetza lortzeko asmoz lanketa eramaten dabil EHLG Euskal Herriko Laborantza Ganbera, helburura heltzeko beharrezko izango dugun lur eremua kalkulatzeko asmoz. Gogoeta hau txertatuko duzue zuenari?

Bai, bai. EHLGren eta orokorki, eragile nagusien iritziak kontuan hartzea beharrezkoa izanen zaigu –eta ez politeziaz, baizik eta errealitateari egokituriko neurriak gauzatzeko gisan–. Garapen Kontseilua ere hor dugu, kontuan hartu beharrekoa berdin. Laborantzaren ardura duten lankideen esku izanen da hori, baina hala ere, badakit zein harreman mota dugun EHLGrekin, badakit haien eta gure gogoetak zentzu berean doazela –gero, agian helburura heltzeko molde pixka bat ezberdinak ditugu? Ez dakit–.

Filipe Aramendi Urruñako auzapez abertzalea eta zuk duzue lurralde antolaketaren ardura. Etxegaraik arlo garrantzitsu hau bi abertzaleren esku utzi izana nola aztertzen duzu?

Pertsonalki, harrotasun handia sentitzen dut eta noski, ardura handia ere bai. Pentsatzen dut Filipek sentimentu bera partekatzen duela. Ondoko urteetan elkarrekin lanean ari beharko gara eta jada hasiak gara. Badakit ere lurraldeari dagokionez ikuspegi bera dugula. Uste dut elkargoko presidenteak bioi konfiantza erakutsi izanak islatzen duela abertzaleok dugun ikuspegia ez dela berak duenaz hain urrun. Beraz, orain guri dagokigu lan egitea, gure iritziei buruz konbentzitzea eta hitzak ekintza bihurtzea –zeren diskurtso ederrak ukaitea ongi da, baina hauen gauzapena hobe da–. Abertzaleok gai nagusi eta inportanteen kudeatzeko dugun gaitasunaren aitortza ere bada. Eta hasiera besterik ez da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ipar EH-ko politika
Euskal Konfederazioak haserrea adierazi du EEPren batzar nagusian, euskararen aldeko politikei diru gehiago ez bideratzeagatik

Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) batzar orokorra izan du astelehenean 2024ko aurrekontua bozkatzeko. Alain Iriart, Euskal Elkargoko ordezkaria kontra bozkatu duen bakarra izan da.


2024-01-31 | Euskal Irratiak
Peio Etxeberri Aintxart
"Estatuak heriotza heroikoa eskaini zion gainbeheran zen Enbatari"

Mende erdia bete da Enbata legez kanpo ezarri zutenetik. Frantziako gobernuak Enbatak Hego Euskal Herriko ETA erakunde armatuarekin zuen balizko lotura ezarri zuen estakuru bezala. Horren ondorioz,Ipar Euskal Herriko lehen mugimendu abertzalearen azken kideak HAS Herriko Alderdi... [+]


2023-12-20 | Euskal Irratiak
Dominika Daguerre
"Hiru urtez, GALen atentatu bat jasan genuen hamabost egun guziz Iparraldean"

Berrogei urte bete dira GALek aldarrikatu lehen hilketatik. 1983ko abenduaren 19an Ramon Oñaederra ‘Kattu’ 23 urteko errefuxiatua hil zuen talde parapolizial horrek Baionako Bourgneuf karrikako Kayetenia ostatuan. Gertakari hori mugarria izan zen, hor abiatuko... [+]


2023-11-09 | Euskal Irratiak
Europako 10 milioi euro zuzenean kudeatuko ditu Euskal Hirigune Elkargoak

Lehen aldia izanen da Europako funtsak zuzenean kudeatzen ahalko dituela Euskal Hirigune Elkargoak, Akitania Berriko eskualdearen esku hartzerik gabe. 10,8 milioi euroko diru-funtsa izanen da, 2024 eta 2027 artean baliatu beharrekoa.


2023-11-06 | ARGIA
Bagira prozesua
Ipar Euskal Herriko abertzaleek aurrera begirako erronkak zehaztu dituzte

Bagira prozesuak Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzaleak etorkizunera begira hartu beharreko orientabideen inguruko gogoeta egin du, eta ondorio nagusiak aurkeztu berri ditu. Inkesta 1.500 pertsonak erantzun dute. Mugimenduaren erronka nagusi izango diren bost gai zehaztu... [+]


Eguneraketa berriak daude