Kale gorritik Errekaleorrera, herrigintzari esker

  • Biolentzia girotik ihes egin zuten Kolonbiatik Sindy Rodríguezek, Willmar Díazek eta beren seme adingabe Iker, Joshevan eta Ostinek. Asiloa ukatu zien Espainiako Gobernuak, eta Gasteizko Udalaren zerbitzu sozialek kale gorrian utzi zituzten konfinamendu betean. Hainbat hilabetez argindarrik eta urik gabeko etxe batean bizi ondoren, apenas argi naturalik gabe eta poliziaren jazarpen itogarriarekin, Errekaleor auzo okupatuan aurkitu dute bizilekua. Bizitzen ari diren esperientziak bi aurpegi ditu: erakundeen utzikeria eta krudelkeria, batetik; herritar eta herri mugimenduekin eraikitako elkartasun zubiak, bestetik.

Argazkia: DosporDos
Argazkia: DosporDos
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

2018ko iraila zen Gasteizera esku hutsik heldu zirenean. “Biolentzia handia zegoen gure inguruan, ez genituen semeak giro horretan hazi nahi”, azaldu digu Rodríguezek. Asiloa eskatzeko programan onartu zituen CEAR elkarteak, eta Gasteizko Alde Zaharrean duen aterpean hartu zuen ostatu familiak zenbait hilabetez. Valentziara jo zuten ondoren, Herrialde Katalanetan, asiloaren eskaera ibilbidean urrats berriak egiteko. Baina ezetza eman zien estatuak abenduan, eta ordutik legez kanpoko herritarrak dira. Gasteizera bueltatzea erabaki zuten. Nekez irudikatuko zuten, 2019ko abendu hartan, hurrengo hilabeteetan pilatuko zuten bizipenen koktela. Bidean, familia hau lagundu nahian elkar ezagutzen joan den lagun taldea osatu da.

Talde hori elkartu dugu gaur iragan hilabeteak errepasatu asmoz, Errekaleor auzo okupatuko plazetako batean: familiako bost kideak, Sergio Mediavilla, Haize Agirre eta Xanti Hidalgo. Berriki auzoan bizitzen hasi da familia, eta horrek ekarri dien lasaitasunak ospakizun giroa eman dio bilkurari. Arratsalde ederra egiten du, solasaldia natural eta informal doa umeen joan etorrien, mokadu eta tragoen, barre eta zirtoen, auzokideen arteko agurren artean.

Logelatik kanporatzean, okupatu

Valentziatik Gasteizera bueltatzean familiaren egoera gordina zen: paperik gabe, lanik gabe, bizitokirik gabe. Senide batzuek etxean hartu zituzten, baina ez zen giro eta bostak logela bakarrean bizi ziren, lo egiteko koltxoirik ere ez zutela. Ziur ziren luze gabe etxetik kanporatuko zituztela. Alde Zaharreko kale hezitzaileek eta Goian elkarteak ahal zuten neurrian ematen zieten babes txiki bat, aurreko egonaldian ezagutu baitzituzten bertako hainbat lagun. Testuinguru horretan heldu ziren martxoko osasun krisia eta itxialdia.

Gizarte langileari jakinarazi zioten etxetik kanporatuak izateko zorian zeudela eta ez zutela nora jo. Zerbitzuak lepo zeudela eta egoera “muturrekoa” izan arte ezin zela ezer egin erantzun zien, baina Valentziara joateko bus txartelak ordaintzeko prest agertu zen alde egiten bazuten –ohiko jokaera Gasteizko zerbitzu sozialetan. Salagarria izateaz harago, alarma egoeran legez kanpokoa ere bazen bidaia–. Apiril erdialdean etxetik bota zituzten bostak gauaren ilunean. Familiak hondakinez betetako etxe bat okupatu zuen Olarizu auzoan.

Olarizuko etxe okupatuak udal jabegoko etxebizitza blokeak dira. Urteak dira dozenaka pertsona bizi dela bertan, gehienak bazterkeria egoera larrian. Udalaren, udaltzaingoaren eta El Correo gisako hedabideen kriminalizazio eta jazarpen kanpaina bizi dute azken urteetan. 2019an argia eta ura moztu zien Udalak, baita blokeak husteko ekinbide judizialak abiatu ere. Urtaran alkateak gogor egin du haien aurka hainbatetan, eta aterpea lortzeko zerbitzu sozialetara jo dezatela exijitu die. Olarizuko bizilagunetako askok ate hori joa dute, ordea, eta errekurtsoetan plazarik ez dagoela erantzun diete.

Polizia jazarpena. Hiru astetan sei aldiz sartu zen Polizia familiaren etxean edo atarian. Argazkia: ARGIA.

 

Elkar laguntza sarea ehuntzen

Gasteizko Alde Zaharrean elkarlaguntza sarea osatu zuten itxialdi garaian, Gasteizko gainontzeko auzoetan bezala. Sareak eta familiak kontaktua mantendu zuten azken hau Olarizura lekualdatzean, Errekaleor auzo okupatutik hurbil. Hain zuzen, laguntza sareko kideak jarri ziren harremanetan Errekaleorreko ezagun batzuekin, ea babes pixka bat ematea zuten. “Errekaleorrera jo genuen filosofia, gaitasun eta hurbiltasunagatik”, azaldu du Alde Zaharreko sareko kide zen Mediavillak. Agirre eta Hidalgo maila pertsonalean hurbildu ziren Olarizura, aurrerago gaia Errekaleorreko asanbladan landu zen arte. “Baina bagenekien auzotik zer eskaini genezakeen eta zer ez”, dio Agirrek, gogoratuz lehen unetik mugikorra kargatzeko, ura hartzeko eta arropa garbitzeko aukera izan zutela. Egun batzuk pasata Olarizuko etxean elkartu ziren familia, Agirre, Hidalgo eta Mediavilla. “Beharrak apuntatu genituen: mahaia eta aulkiak, koltxoiak, platerak, berogailua, linternak eta beste”, gogoratu du Rodríguezek.

Hurrengo egunean bertan ziren berriz ere denak, furgoneta eta auto bete trasto. Mugimenduren bat antzeman orduko agertu ohi den poliziaren beldurrez gauza guztiak bi minutu eskasetan sartu arren, denak etxe barruan zeudela Udaltzaingoa agertu zen oldarkor. Udaltzainek familia etxean bakartu, mehatxatu eta denak identifikatu zituen. Agirre, Mediavilla eta Hidalgo kalera irtenarazi eta isun bana ezarri zieten. ARGIA ere bertan zen, eta Udaltzaingoa mehatxuka eta gezurrak erabiliz saiatu zen irudiak hartzea ekiditen.

Uneko larritasunari erantzun beharretik elkartutako taldeak astean behin batzea erabaki zuen. Umeen eskola beharrak, zerbitzu sozialekiko harremanak, errolda, bizitoki berri baterako aukerak... Behar materialak jorratzen ziren eta irtenbidea ematen zitzaien posible zenean. Horrek besteko  garrantzia zuen beldur eta haserre ugariak konpartitzea edo umoreari taldean eustea. Komunikatzeko eta balizko polizia operazioen aurrean alarma emateko Whatsapp taldea egin zuten, larrialdietarako nahi baino gehiagotan erabili dutena: hiru astetan sei aldiz sartu zitzaien Polizia etxera edo atarira, gehienetan oihuka eta indarrez.

“Eskerrak talde hau dagoen, eta jarrera honekin. Bestela askoz gogorragoa izango zatekeen, eta oso une gogorrak egon dira”, dio Mediavillak, nabarmenduz guztia itxialdiaren testuinguruan jazo zela. “Polita izan da gure artean ezagutu eta arazo zehatzak konpontzen saiatzeaz gain bestelako harreman eta adiskidetasun bat lantzea”, Hidalgok. “Ezagutu ez bazintuztegu emozionalki oso ezberdina izango zatekeen”, hausnartu du Díazek. Gela bakarrean konfinatuta bizi izan zirenean “oso bakarrik, bakarregi” sentitu zirela dio Rodríguezek, ironiaz Olarizuko kobazulo setiatura joan izanari eskerrak emanez, taldekideak ezagutzea ekarri dielako. Militantzia hutsetik harago doan lotura eraiki dutela uste du Mediavillak, “politagoa, hori sentitu dugu denok nik uste”, eta Agirrek pegamendu nagusietakoa azpimarratu du denen barreak eraginez: “Sindyren enpanadillak dira!”:

Kolektiboan eta publikoki

Taldetxo honek zubilana egin zuen kolektibo eta eragileekin. Agirrek eta Hidalgok familiaren egoeraren berri eman zuten Errekaleorreko asanbladan. “Praktikan jada bazegoena formalizatu genuen nolabait”, azaldu du Agirrek. Ordura arteko erabilerez gain dutxak erabiltzen hasi zen familia, eta Iker seme nagusiena euskara klaseak jasotzen. Mediavilla Alde Zaharreko laguntza sarearen parte zen eta era naturalean egiten zuen lotura. Sarea familiarentzako etxebizitza aurkitzen saiatu zen –ez zuen lortu–, jolasak bidali zizkien umeei edo tartekari lanak egin zituen haien eskolarekin. Horrez gain, salaketa publikoa egitea proposatu zion familiari.

Auzoko eragileek, Eskubide Sozialen Plataformak edo CEARek antolatuta, prentsaurrekoa egin zuten ekainaren 2an. Familiaren egoera azaldu zuten, Udala bere oinarrizko egitekoak ez zela betetzen ari salatu zuten, kasua muturrekoa izanagatik ere beste askoren “adibidea” baizik ez zela azpimarratu zuten. Udalari dei egin zioten herritarren eskubideak bermatzera; antzeko egoerak bizi dituztenei, publikoki salatu eta sare komunitarioetan babesa bilatzera; eragile sozialei eta herritarrei, sare horiek sortu eta indartzera.

Babesa eta sañaketa publikoa. Prentsaurrekoa eman zuten Gasteizko hainbat eragilek, Udalaren gizarte politikak salatuz. Argazkia: DosporDos.

 

Jazarpenen aurrean taldean ahaldundu

“Ez diogu errespetua, beldurra diogu”, dio Rodríguezek Poliziaz. Ez da erraza erakundeen tratu bidegabeari aurre egitea, are zailagoa zaurgarritasun erabatekoan egonik: Poliziaren aurrean papergabea zarenean, edo zerbitzu sozialen aurrean jatekoa jokoan dagoenean. Udaltzainak lehenbizikoz etxera sartu zitzaizkienean erabat babesgabe sentitu ziren. Gertatu zena taldean errepasatu eta herritarren zein polizien eskubideak eta beharrak zeintzuk diren errepasatu zituzten. Bazekiten ere taldearen Whatsappean abisua emanda minutu gutxiren buruan norbait hurbilduko zela Olarizura, bederen lekuko gisa. Horregatik guztiagatik, “pasatzen genuen beldurra pixkanaka gutxiago zen”, azaldu du Díazek. Atariko atea hirugarrenez apurtu zutenean Díazek kargu hartu zien: “Gero atea jotzen zuten, gogor, baina atea jo”, dio irribarretsu. Rodríguezek baimenik gabe atarian sartzea aurpegiratu zien: “Handiago sentitu nintzen, ‘zuk ezin duzu hori egin, legearen aurkakoa da’, eta poliziak beste begirada bat, ‘nondik atera ditu honek atzaparrak’ pentsatuz bezala”, gogoratu du barre artean.

Zerbitzu sozialetan ez dute zorte hoberik izan: “Gehienetan sentiarazi naute txarto, ez dagokidan zerbait eskatzen edo lapurtzen ariko banintz bezala”, azaldu du Rodríguezek. Hor ere joan da ahaldunduz familia informazioa eta talde babesa oinarri. Baina beldur eta tentu handiz beti ere, bizitzeko ezinbestekoak dituen errekurtsoen onarpena administrazioaren eskuetan baitago. Hilabeteotan presio handia jasotzen ari dira zerbitzu sozialen aldetik, eta legez dagozkien hainbat eskubide ukatzeko mehatxua ere egin diete –besteak beste aterpea Olarizun edo Errekaleorren bilatzeagatik... zerbitzu sozialek ezer eskaini ez dietelako joan direnean bertara–.

Udalaren errematea, irtenbide komunitarioa

ARGIAk maiatza hasieran eman zuen berria: Hiru adingabeko familia kale gorrian utzi du Gasteizko Udalak pandemia betean. Hurrengo egunetan EH Bilduko zinegotziek zuzenean jakinarazi zioten kasua Gizarte Politiken Saileko zinegotzi arduradun Jon Armentiari. Armentiak akatsen baten ondorioa izan behar zuela ziurtatu, eta “hurrengo egunetan” egoera zuzenduko zela ziurtatu zuen. Bi aste beranduago jaso zuen familiak gizarte zerbitzuen deia, jakinaraziz ohiko errekurtsoetan lekua egin bitartean Udalak etxebizitza bat hartu zuela Ibaiondo auzoan haientzako, eta hiruzpalau egunetan hots egingo zietela trasladoa egiteko. Deia heldu zen, baina erabat ustez bestelakoa izan zen: jakinarazi zieten agindutako etxerik ez zegoela, “garestiegia” zela, beste inongo azalpenik ez –ezin jakin gauza batak bestearekin lotura duen, baina: lehenbiziko deia, etxea ziurtatuz, eragileek prentsaurreko deialdia komunikabideetara bidali eta hurrengo orduetan jaso zuen familiak; bigarren deia, etxea ukatuz, Udalaren politika kritikatu zuen agerraldiaren biharamunean egin zieten–. “Hura errematea izan zen”, oroitu du Rodríguezek, lurra jo zuten.  

Ordura arte bigarren mailako aukera zena, lehen mailakoa bilakatu zen: Errekaleorrera bizitzera joatea. Alokatzeko pisu baten bila jarraitzen du familiak, baina ezin ordainduzko prezioak eta fidantzak eskatzen dizkiete, “eta Kolonbiako azentua entzun orduko tonua aldatzen dutela sumatzen dut”, dio etsituta Rodríguezek. Auzoan bizitzea kolektiboaren erabakia da Errekaleorren eta prozesu bat eskatzen du, azaldu dute Agirrek eta Hidalgok. Ongi Etorri batzordea arduratzen da prozesua bideratzeaz. Ekainean batzordeko kideek bilera parea egin zuten auzoan bizitzen hasi nahi zuten zenbait pertsonarekin, Errekaleorreko proiektua eta sartzeko prozesua azaltzeko. Bigarren urratsa elkar ezagutze fase bat da, non heldu berriak auzoko bizitzan parte hartzen hasten diren auzoa eta auzotarrak ezagutu ditzaten, eta auzotarrak haiek. Dena ondo bidean hilabete pare baten bueltan Errekaleorreko auzokideak izango dira. Bigarren urrats hori auzo barrutik ari da egiten familia.

Errekaleorreko plazan Uztailean batu genuen taldea solasaldirako. gerora behin betiko geratzeko aukera eman die auzoko asanbladak. Argazkia: DosporDos.

 

Aletxoa indartu beharreko bidean

Hilabeteotako esperientziak utzi dien arrastoaz galdetu diegu taldekideei. Pertsona eta kolektibo militante zuri euskaldunak eta bazterkeria larrian bizi diren pertsonak: askotan mundu paraleloetan bizi diren errealitateak gurutzatu dira taldean, eta horri balorea eman diote. Rodriguezek eta Díazek ez dute esperientzia militanterik izan aurretik, eta okupazioaren mugimendua ezezaguna zitzaien. “Gustatu zait, ezagutu dut jende bat bestela ezagutuko ez nuena eta hainbat gauza ikasi dut”, dio Diazek. Bizitakoak aldatu duela dio Agirrek: “Ingurune militanteetan ohituak gaude diskurtsoak teoriatik egitera, ondo dago eta egin behar da, baina esperientziak errealitatea ematen dizu. Pentsarazten dit erlazionatzeko zer estratu sozial bananduak sortzen ditugun eta horiekin apurtu behar dugula”.

“Horrenbeste jende dago antzeko egoeretan, pena bezala ematen zuela familia bakarra laguntzeak, oso sentitua izanagatik. Gauza da zentzu zabalago bat ematea”. Hidalgok ahoskatu duen kezka gainontzeko taldekideena ere bada: nola egin egoera zehatzak konpontzeko ahaleginek eraldaketa orokorra elikatu dezaten? Karitatea ekidin eta betaurreko komunitarioekin aritzea proposatzen du Mediavillak, non denok ematen eta hartzen dugun modu edo une ezberdinetan. Familiak taldekideei hilabeteotan eman diona atera da hizpide, beren jarrera eta ulerkortasunarekin. Hidalgok beste batzuk laguntzeko duten gogoa nabarmendu du. “Beti dago esker onekoa izan nahia”, dio Rodríguezek. Ondo izerdituta atondu zuten Olarizuko etxea beharra duen beste norbaitek erabil dezan nahiko lukete, eta atariko bizilagun zuten 70 urteko emakume ‘okupa’rengatik arduratzen dira.

Erantzun komunitarioa eman zaio bidegabekeriari, erakundeek bete ez duten hutsunea –are, sortu dutena– herrigintzak bete du. Taldekideek, Alde Zaharreko sareek, Olarizuko bizilagunek, Errekaleorrek... “Niri izugarria iruditzen zait, aldarrikatu eta indartu egin behar da”, dio Mediavillak, “baina erakundeen ardura ahaztu gabe, haien ardurak bete ditzaten”. Hariari heldu dio Agirrek: “Noski ardura dutela, baina sistema hori ere ez zait gustatzen:  jende piloa baztertu, eta ondoren sortzen duenari nolabaiteko konponbideak jartzeko erremintak sortu. Sistema suntsitu beharra dago. Beste kontu bat da orain antolatu eta egin dezakeguna”. Herrigintzatik ‘orain antolatu eta egin daitekeena’ ez da nahikoa bizi dugun eta areagotzen jarraituko duten injustiziei eta pobreziari erantzun komunitario kolektiboa emateko. Baina horrelako esperientziek aletxoa jartzen dute bide horretan.

Iluntzen ari da Errekalorren, elkarrizketa amaitzeko ordua da: “Beste ezer? Bagoaz?”. Baina Ostinek eta Joshevanek ez dute helduen kalaka aspergarria debalde jasan, ondo gogoan dute izozkailuan gordeta utzi duguna: “Eta izozkiak?”.

Egonkortasuna

Solasaldia uztailean grabatu genuen. Pasa da abuztua, iraila hasiera da. Hidalgok abisatu digu, eta bisitan hurbildu gara Mediavilla eta biok: Rodríguezek isuria izan du, eta aurpegi erdia paralizatua du. Garaiz hartu duela eta erabat berreskuratuko dela esan diote larrialdietan, baina erabateko atsedena behar duela. Buru atzealdeko bi nerbio puztuta dauzka, estresa eta tentsioaren ondorioa izan daitekeela esan dio azken hilabeteotan pasatu dituenak ezagutzen ez dituen medikuak. Mina handia da tarteka, baina umoreak ez du etxetik alde egin. Eta berri onik ere badu familiak, aurreko egunean jakinarazi zien Hidalgok asanbladaren erabakia: elkar ezagutza fasea amaituta, Errekaleorren geratzeko aukera dute. Hurrengo astean hasiko dira behin betiko etxera lekualdatzen.

Argazkia: DosporDos.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Herri mugimendua
Iñaki Mujika ('Handbike' txirrindularia)
“Uste dena baino askoz hobe bizi zaitezke gurpildun aulkian”

Motorrez gainezka dago Iñaki Mujikak Altsasun duen tailerra. Ilaran daude denak, baina bada barreneko gelaxka batean aparte gordetako bat. Mujikak beretzat egokitu nahi duen motorra da. 2021ean igo zen azkenekoz motor gainera; istripu larria izan zuen moto-kros zirkuitu... [+]


Laura Macaya
“Indarkerian esku hartzeko marko hegemonikoek ez diete onik egiten emakumeak suspertzeko prozesuei”

Urte luzeak daramatza Laura Macayak indarkeria jasan duten emakumeei lagun egiten, arlo instituzionalean, militantzian, bai eta beste justizia-eredu batzuetatik abiatuta ere. Horri guztiari buruzko liburu bat kaleratu berri du: Gatazka eta abusua ez dira gauza bera (Katakrak,... [+]


Emakume sexualizatuak oholtzan eta Arrigorriagako polemika: askatasunaren eta eredu patriarkalaren artean

Norbere gorputzaren gaineko erabakiez, estetika heteropatriarkalaren morrontzaz, kontraesanez eta musikaren industriaz solastatzeko baliatu dugu Arrigorriagako polemika: herri horretako jai batzordeak Vulkano orkestra festa-egitarautik kentzea erabaki du, ikuskizuneko... [+]


Mugak Zabalduz karabana Irundik abiatu da pertsona migratzaileek pairatzen duten biolentzia salatzeko

Euskal Herritik eta Kataluniatik abiatu da aurtengo Mugak Zabalduz karabana. Calaisko itsasartea, Frantziako Estatuan du helmuga, giza eskubideak bermatzea eta berehalako erregularizazioa eskatzen ditu besteak beste.


ZERO CHOU
“Pertsona homosexualak eta tradizioa adiskidetzea nahi dut”

30 urte baino gehiago daramatza Zero Chou zinemagile taiwandarrak istorioak kameraren atzetik kontatzen, bai zinemarako, bai telebistarako. Aurten, Zinegoak jaialdiaren 22. edizioko ohorezko saria jaso du.


2025-07-14 | Garazi Zabaleta
Mustai Ortua
“Baratzetik bizitzea erronka da, batez ere jendearen kontsumo ohiturengatik”

Marurin kokatutako proiektua da Mustai Ortua, Gorka Areitio Elorduik eta Marcela Pava Gomezek bultzatua. Diseinu grafikoko ikasketak egin zituen Areitiok eta horretan ari zen lanean, baina gainezka eginda zebilen. Pava, berriz, abokatua da lanbidez, baina ezin zuen horretan... [+]


Kriminalizazioaren gainetik Lurrezko herria

Euskal Herrian zein munduan, gero eta ugariagoak dira lurraren defentsan sortzen diren mugimenduak, bizitzari eusteko ezinbestekoa den lurraren balioa aldarrikatzen dutenak. Borroka hauek ez dira soilik erresistentzia; itxaropenaren eta konplizitatearen oinarri ere bihurtu dira... [+]


Gorputz hotsak
“Drag-ari esker deskubritu nuen pertsona trans bat nintzela”

“Bohemioa”, “poeta”, “mozkorra” eta “amodioaz maiteminduta” dagoen drag bat da Travis Tea (2024, Travistonia planetakoa). Autopertzepzio bat dela dio, eta kanpotik “talenturik gabeko eta antigoaleko poetatzat” dutela... [+]


2025-07-10 | Gedar
Justizia Aranarentzat plataforma aurkeztu dute Bilbon, Poliziaren inpunitatearen eta abusuen aurka

Kasuan "inpunitatea gailendu ez dadin" egingo du lan, "Poliziaren berezko izaera salatzearekin batera". Hiru aldarri zehatz egin ditu: foam balak eta jaurtigaiak debekatzea, polizien identifikagarritasuna bermatzea, eta brigada mugikorraren desegitea.


2025-07-09 | June Fernández
Meloi saltzailea
Jimenez Escudero

1925. urtea izango balitz, akaso emakume erraketistak izango lirateke Zeruko Argiako aktualitate orrialdeetako protagonistak. Agian haien kirolari merituak goraipatzeko, agian feminitate arauak desobeditzeagatik seinalatzeko. Nire buruari agindu diot haien izenak memorizatzeko... [+]


Hizkuntza inklusiboak “ikuspegi berdinzaleagoa” garatzen laguntzen du, ikerketa baten arabera

Emakundek babestutako Hizkuntza aldaketa sozialerako tresna: hizkuntza inklusiboaren erabileraren ondorio batzuen azterketa teorikoa eta enpirikoa ikerketak ondorioztatu du hizkuntza inklusiboa erabiltzea garrantzitsua dela genero ezberdintasunak ez areagotzeko.


2025-07-07 | Leire Artola Arin
ANALISIA
Jaiak ere, gizonenak?

Uda giroan barneratuta, heldu dira herriko festak, baita sexu erasoen salaketen gorakada ere. Gozamenerako guneak sortzeko hilabeteetako lana egiten dute jai eta txosna batzordeetako kideek, eta goraipatzekoa da espazio horiek bermatzeko herritar boluntarioek egiten duten... [+]


2025-07-07 | Estitxu Eizagirre
Lurraldeko ogi ekologikoaren balio nutrizionalak aztertu dituzte HoBBea proiektuaren baitan

HoBBea proiektua hiru elkarte hauek elkarlanean egina da: Biharko Lurraren Elkartea (BLE), Biolur eta Hazialdeko. Nekazari-okinaren figura indartu nahi dute HoBBea proiektuaren bidez, eta lurraldeko ogi ekologikoa kontsumitzearen balioak eta onurak ezagutarazi nahi dituzte... [+]


“Ezin dugu kikildu fatxerioaren aurrean. Ez dira pasako!”

Sei urte, sei urte luze, pasa dira Ciudadanos alderdi politikoak bere mitina egin zuenetik gure herrian. Bere mitina apirilaren 14an, errepublikaren egunean, eta inongo ordezkaritzarik ez duen herri eta lurralde batean. Ohituak gaude horrelako probokazioekin, baina egia da... [+]


2025-07-07 | Ahotsa.info
Iruñerriko mugimendu feminista: “Antolatuta gaude eta autodefentsa feministaz erantzungo dugu”

Sanferminak ate joka direla, Iruñerriko feministek Alde Zaharreko kaleak zeharkatu dituzte, eraso sexisten aurkako aldarria zabalduz.


Eguneraketa berriak daude