Herri haur eskolarik ez da izango, denentzako euskarazko plazarik ere ez

  • Hasi berria da ikasturtea, baita Iruñeko haur eskoletan ere. Udal gobernuak euskarazko ereduan murrizketak iragarri eta herritarrek kolektiboki erantzun bazuten ere, aurten herri haur eskolarik ez da izango hiri buruzagian, antolakuntza eta finantzaketa arazoak tarteko. Eskaintza murritzera egokitu beharrean izan dira haurrak.

Ohikoa da Iruñeko gurasoek umeak haur eskola publikoetan euskarazko ereduan matrikulatzeko arazoak izatea, plaza kopurua eskaria baino txikiagoa izaten delako. Protestak ere ohikoak dira. Argazkikoa aurtengo martxokoa da. Argazkia: Jagoba Manterola / Foku
Ohikoa da Iruñeko gurasoek umeak haur eskola publikoetan euskarazko ereduan matrikulatzeko arazoak izatea, plaza kopurua eskaria baino txikiagoa izaten delako. Protestak ere ohikoak dira. Argazkikoa aurtengo martxokoa da. Argazkia: Jagoba Manterola / Foku.

Korapilatsu hasi zuten urtea Iruñeko guraso euskaldunek. Navarra Sumaren eta PSNren udal gobernuak euskarazko haur eskolen eskaintza gutxiagotuko zuela iragarri zuen: lau eskolatik bira, eta plaza kopuruen portzentajean, %36tik %12ra. Familiak kalera irten ziren makina bat bider, hizkuntza eta hezkuntza eskubideak berma daitezela aldarrikatzera. Ez dirudi, baina, eskubideok bermerik dutenik Enrique Mayak agintzen duen hirian. Gauzak horrela, hainbat guraso eta hezkuntzako eragile antolatu ziren, eta HE Gurasoak plataforma sortu, kooperatibarantz urratsa eman eta lanerako antolatu ziren udalaren hutsunea estali nahian.

Interesa azaldu zuten 70 familiaren iritziak bildu eta hauen parte-hartzea eskatu zuten, guztien artean behin-behineko proiektua eraikitzeko. Behin-behinekoa, izan ere, hiltzeko jaio zen proiektua, euskararen hutsunea bete eta udal gobernuari presioa egiteko. Maiatzaren amaieran, haur eskola publikoen aurre-matrikulazio epea jada hasia zela, Berriozarren lokal bat aurkitu zutela iragarri zuten. Nutrizio plana ere egina zuten ordurako. Bazirudien gauzatzera zihoala herri haur eskola, baina pandemiaren garaian antolaketa arazoak izan dituzte. Ume askirik ez zegoela adierazi zuten zabaldutako oharrean, ezta “izaera herritarra emango liokeen finantzaketarik” ere. Hala, beraz, aurten behintzat argirik ez du ikusiko proiektuak.

“Gauza askok izan dute eragina erabakia hartzerako orduan”, adierazi du herri haur eskola kooperatibako kide Iñigo Otxoak. Ezinbestean, arrazoietako bat COVID-19a eta haren ubera izan da. Haur eskolako haurren zikloa “oso berezia” dela azaldu du Otxoak, eta are gehiago pandemia garaietan. Kasuistika ezberdinak daudela dio, baina batagatik edo besteagatik, oharrean adierazi duten bezala, guraso gehienek euren haurrak gertuen duten eskolara bidaltzea lehenesten dute, eta orain, gainera, segurtasun aldetik fidagarriena dirudienari eman zaio garrantzia. Azkenean, zerbitzu izaera lehenesten da horrela. Honela adierazi zuten oharrean: “Oraindik ere 0-3 zikloa hezkuntza ziklo bezala ulertu beharrean, zerbitzu izaera ematen zaiola ikusi ahal izan dugu. Kontziliazioa errazten ez duen gizartean, lanerako orduan umeak ahalik eta hobekien uztea dugu gurasook helburu, batzuetan etapa bakoitza ikas-etapa dela ahaztuta”.

Borrokan jarraituko dute

Momentuz argirik ikusiko ez duela esan arren, argi dute borrokan jarraitu behar dutela. Udazkenean, osasun egoerak baimentzen duen bitartean behintzat, Iruñeko Haur Eskolen organismoa bildu egingo da, eta bertan izango dira euskarazko hezkuntza, publikoa eta kalitatezkoa berma dadin eskatzeko. Eskariak luzatuko dituzte: “Bai geografikoki eta baita demokratikoki ere, haur eskolen banaketa eta plangintza justuagoa izan behar dela uste dugu, eta noski, baita kopuruz handiagoa ere”. Horrez gain, mobilizazioekin aurrera jarraitzeko asmoa dute.

Zifrak eta datuak

Iruñeko Udalaren aginduz, Mercatec enpresa gipuzkoarrak inkesta bat luzatu zuen sendien nahiak biltzeko. Oposizioak, martxoan, Hezkuntza zinegotzi Fernando Sesma erreprobatu zuen, inkestaren datuak modu sistematikoan emateari uko egin izanak “informaziorako eskubidea galarazten” zuelako. Apirilean, alarma egoeraren erdian, egin ziren publiko jasotako datuak.

Galdekatutako familiek egun indarrean dauden ereduen artean aukeratu beharko balute, %22ak hautatuko luke euskarazko eredua –gehiengoak, %66ak, gaztelaniaren eta ingelesaren txandakako eredua hartuko luke–. Aukera horietan, baina, bada distortsio moduko bat euskararen eta gaztelaniaren artean, izan ere, badira euskara zein gaztelania hutsezko aukerak, baina ez dago euskara ingelesarekin uztartzeko aukerarik.

Aldiz, eredu aukera zabalduz gero, bestelakoak dira inkestak dakartzan erantzunak: euskara barnebiltzen duten ereduak nahi dituzten familiak %36 dira. Justuki, Euskalerria Irratiak jakitera eman zuenez, aurreko ikasturtean %36a zen haur eskoletan euskara duen ereduren bat jasotzen zuen haur portzentajea. Kopuru hori, baina, lau urteren buruan eta era moderatuan bada ere, %12ra jaitsiko da Enrique Mayak eta bere udal gobernuak hala nahi izanda.

Matrikulazioek adierazten dute

Otsailean eginiko inkestak hala moduzko isla izan du hasi berri den ikasturterako aurre matrikulazioan. Plaza kopuru guztiak aintzat hartuz gero, aurten, 964 plazatik 316 eskaini dira euskaraz (%32,78). Hau da, iaz baino gutxiago baina datorren urtean baino gehiago. Inkestaren datuekin alderatuta, udal gobernuak arrazonamendu gisa erabiltzen duen eskaria eta eskaintzaren parametroak baliatuz gero, ez dirudite zifra eskasak, baina zenbakiak baino are garrantzitsuagoa eta kezkagarriagoa da euskarazko eredua duten zentroen kokalekua, hala uste du behintzat Administrazioan Euskaraz Taldeko Joseba Otanok: “Euskarazko eskaintza dagoen auzoetan ez gara gaizki geratzen, baina auzo gehienetan gaztelaniazko –edo gaztelania eta ingelesezko– eskaintza besterik ez dago. Nola ez dute, bada, irabaziko?”.

Txantrea auzoan euskarazko eskaintza besteen gainetik nabarmendu da, baina 50etik 12 plaza bete gabe geratu dira; antzerako kopurua eskaini da Arrotxapean, baina hor ere plaza bakan batzuk hutsik daude. Bestetik, Donibanen, 31tik 27 plaza bete dira, eta Arrosadian, berriz, 22tik 30ek eman dute izena; azpimarratzekoa da udalak bi auzo hauetan eskaintza “progresiboki” murrizteko hautua egin duela eta, beraz, iaz bertan matrikulatuta zeuden haurrek soilik izan dute aukera euskaraz jarraitzeko. Datorren urtean euskara desagertuko da bi haur eskola hauetan.

Lauko gobernua agintean jarri zenean, Otanok hartu-emana izan zuen politikariekin haur eskolen afera medio. Joseba Asiron alkateak euskarazko eskaintza auzo guztietara zabaltzea ezinezko bihurtu zuela dio, epe oso luzeak eskatzen zituelako, eta hortaz, Alde Zaharreko haur eskolarengatik –Nafarroako Gobernuak kudeatzen du– borrokatu zuten. “Lauko gobernua ez zegoen prest baina erdizkako bidea onartu zuen. Alde Zaharrean euskara sartu eta gaztelania mantendu; eta San Jorgen gauza bera. Euskarazko eskaria agertu zen, jakina, eta Mendillorrin eta Buztintxurin ere agertuko litzateke eskainiko balitz, D ereduko ikastetxeak baitaude bertan. Egia erran, auzo guztietan euskarazko eskaintza balego, guztietan agertuko litzateke euskarazko eskaria. Ziur aski, nagusi bihurtuko litzateke urte batzuen buruan”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara Iruñean
Administrazioan Euskaraz taldeak salatu du Iruñeko eta Antsoaingo udalek euskara baztertu dutela zenbait lan deialditan

Iruñeko zein Antsoaingo udaletan EH Bildu dago. Herritar batek errekurtso bat jarri du Antsoaingo Udalean, eta ez dutenez errekurtsoa onartu, Nafarroako Administrazio Auzitegira jo du.

 


Datorren ikasturtean ere Iruñeko haur eskola bakarrean egongo da murgiltze eredua

Iruñeko auzo guztietako haur eskoletan murgiltze eredua ezartzeko eskatu dio euskalgintzak udalari. Horrez gain, salatu du  duela 35 urteko egoera berean daudela.

 

 

 


2022-05-09 | Leire Artola Arin
Salatu dute Iruñeko haur eskoletako euskarazko eskaria udalak dioena baino %15 handiagoa dela

Maiatzaren 9an atera dira aurrematrikulen zerrendak, eta Haur Eskoletako Gurasoak elkarteak salatu du Iruñeko Udalak %20ra “mugatu” duen euskarazko eskaria izatez %35,2koa dela. Gainera, azpimarratu dute euskara ezin dela neurtu eskaintza-eskaria... [+]


2022-03-25 | ARGIA
Iruñeko Korrika Txikia espaloietatik egin beharko dute, Udalaren aginduz

Hiriko errepideak “oztopatuko” lituzkeela argudiatuz Korrika iragartzen duen haurren Korrika txikiari trabak jarri dizkio Iruñeko Udalak, haurrei, musikariei eta erraldoiei errepidetik ibiltzea ukatuz.


2022-03-01 | ARGIA
Iruñeko Euskalgintza
"Euskarazko haur-eskolak auzo guztietara ez zabaltzea, aukera berdintasuna ez bermatzea da"

Iruñeko Euskalgintzak azaldu duenez, hirian dauden 12 udal haur-eskoletatik bakarra dago euskaraz murgiltze ereduan: "Horrek esan nahi du eskola horietan eskainiko diren 1.069 plazetatik 130 bakarrik izango direla euskaraz (%12'16a)". Eskaintza murritz hori... [+]


Eguneraketa berriak daude