Aitzakia perfektua euskarari aizkorakadak emateko

  • Ikasle ugari martxotik irailera euskararekin ia harremanik izan gabe egongo da. Irakaskuntzako eragileek eta adituek ohartarazi dute udazkenean erne ibili beharko dela. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ez du denborarik galdu, eta pandemiaren izenean, murrizketak abiatu ditu hainbat programatan, beharrik handiena egongo den garaian. Ez dira euskarari sartutako guraize bakarrak. Behatokiak eta Kontseiluak osasun krisian, beste behin COVID-19aren izenean, hizkuntza eskubideak nola urratu diren salatu dute.

Euskal girotze barnetegietako eta Iraleko langileek haien haserrea erakutsi zuten Hezkuntza Sailaren egoitzaren aurrean iragarri berri dituen murrizketengatik. Argazkia: Endika Portillo /Foku.
Euskal girotze barnetegietako eta Iraleko langileek haien haserrea erakutsi zuten Hezkuntza Sailaren egoitzaren aurrean iragarri berri dituen murrizketengatik. Argazkia: Endika Portillo /Foku.

Behin-behineko etena izango da eta egoera konplexu hau gainditzean berreskuratuko dugu ikasleei eskaintzen zaien aukera hau”. Hala zioen ikastetxeetako haurrak hartzen dituzten bost euskal girotze barnetegietako zuzendariek uztailaren 9an jasotako eskutitzak. Ane Larrinaga Ortiz de Luna Barriako barnetegiko zuzendaria da. Berak esan digu osasun krisiagatik hartutako segurtasun neurrien jakitun, langileak apirilean bertan hasi zirela alternatibak pentsatzen. Ikasleak lau egunez barnetegian eduki beharrean, irakasleak joango ziren ikastetxeetara. Ekainean Maite Alonso Hezkuntza sailburuordearekin egindako bileran esan zitzaien ezin zirela barnetegiak egin eta ezin zirela irakasleak ikastetxeetara joan. Aukera bakarra, egun bateko egonaldiak egitea. Azkenean, ezta hori ere, uztailaren 9ko idatziak dio programa osorik eten dela hurrengo ikasturterako. Bost barnetegi, hogei irakasle, urtean 140 ikastetxe eta 3.000 haur. Itxaron zerrendak zituzten eta seigarren barnetegia irekitzekotan ziren.

Barnetegiko haurrei ‘soinsentipentsalariak’ izaten irakasten diete: euskararekiko bizipen onak izatea lantzen dute, euskara maitatzeak erabilera errazago ekarriko duelakoan. Euskara gorputzean bizi, sentitu, eta ondoren norberarengan zer esan nahi duen miatu ahal izango dute. Ingurune erdaldun zein euskaldunetakoak joaten dira, batzuek agian euskarari dioten amorrua adierazteko baliatuko dute egonaldia, euskaraz bizi direnei berriz ahalduntzeko erremintak eskaintzen dizkiete.

COVID-19a programa eteteko aitzakia baino ez dela izan uste du Larrinagak: “Murrizketak egiteko aitzakia da. Udalekuak egingo dira, gizartearen onurak kontuan hartuta arauak ederki aldatu dituzte beste eremuetan”. ETB3n haurrentzako saio berezia egin zen itxialdian eta Larrinagak parte hartu zuen: “Euskarak etxe guztietara heldu behar zuela esan ziguten orduan. Eta gero barnetegiak eta Irale eten? Telebista saioa zer zen, propagandarako?”. Ez dute lanpostua galtzeko beldurrik. Funtzionarioak dira eta ikastetxeetara itzuliko dira. Barriako zuzendariak ez du ulertzen nola ez duten baliatuko urtetan pilatutako esperientzia: “Irailean eskolak itota egongo dira, beraiek [Hezkuntza Saila] esan izan digute gure programak merezi duela. Eraman gaitzazue ikastetxeetara ikasitakoa praktikan jartzera!”.

Iralen 28 langile gutxiago

Irale programaren zutabeetako bat etengo da hurrengo ikasturtean. Hezkuntza Sailak jakinarazi duenez, irakasleek lanorduetan ezingo dute Iralera joan haien hizkuntza gaitasuna indartzeko ikastaroetara. Sailak Berria egunkariari adierazi dionez, irakasleen egonkortasuna ziurtatu nahi dute. Izan ere, lanorduetan Iralera joaten diren irakasleen lanpostuak ordezkoek betetzen dituzte.

Ekainaren 30eko ebazpenaren arabera, funtzionarioak ez diren langileak zerbitzutik kanpo geratuko dira. 84 langiletik 28 geratu dira kanpoan. Langileak kexu dira murrizketak egiterakoan proportziorik ere ez dutelako kontuan hartu. Horretaz zerbait badaki duela gutxira arte Gasteizko irakastegiko zuzendari izan den Bernar Etxeberria Mendiak. Hamahiruko taldea zuzentzen zuen eta orain lau funtzionario baino ez dira geldituko. Berak lanpostua uztea erabaki du: “Ez dakit badakiten zer egiten ari diren, nik uste dut ezetz. Ondo dabiltzan zerbitzuak desegiten ari dira, helbururik gabe, eta ez dira ari ezer eraikitzen”.

Etorri berrientzat esku gutxiago

Ibai Redondo LAB sindikatuko Hezkuntza Politikako kidea da. Hainbat ikastetxek jakinarazi die hurrengo ikasturtean Hizkuntza Indartzeko Programako Irakasleen (HIPI) zerbitzuak murriztu dizkietela Hezkuntza Sailetik: langile gutxiago edo ordu gutxiago. HIPIek atzerritik etorri berriak diren haur eta gazteekin egiten dute lan. Ohiko ikasgelan edo ikasgelatik aterata, euskararen lehen urratsetan laguntzen diete. Bi urtez jaso dezake ikasle bakoitzak zerbitzua. Ibai Redondo aritua da lan horietan eta euskara irakasteaz gain, antolatuta ez dauden hainbat gauzari erantzuten saiatzen direla dio: “HIPIak eskolako erreferenteak gara haurrentzako, haien beharrak hizkuntzaz gaindikoak dira: jaioterritik alde egin dute, lagunartea galdu dute, batzuetan familia apurtu da bidaian, hizkuntza eta kultura berria bereganatu behar dituzte”. Programa berrikusteko premia azpimarratu du, baliabide eta formakuntza oso gutxirekin ari direlako: “Bakoitzak ahal duena egiten du, programa txiki gelditzen ari da eta etorri berri kopurua urtero bikoizten da”.

Euskal girotze barnetegiei esker, urtean 3.000 haurrek izaten dute euskarara bizipen eta emozio positiboen bidez hurbiltzeko aukera.
Argazkia: Euskal girotze barnetegiak.
Hizkuntza eskubide urraketek gora bi hilabetean

205 kexa. Iaz baino %47 kexa gehiago jarri dituzte herritarrek Hizkuntz Eskubideen Behatokian. 69 eguneko lagina hartu du, Hego Euskal Herrian alarma egoera indarrean jarri zenetik ekainaren 1a arte. Erdiak baino gehiago, 115, erakunde publikoei ezarri dizkiete. Kexa kopuruaren gorakadaren arrazoi nagusia sinplea da: osasun larrialdiaren ondorioz herritarrei mezu askoz gehiago helarazi zaie, informazio ugari jaso dute, eta horren ondorioz, erdaraz artatuak edo informatuak izan diren herritarren kopuruak gora egin du. Alegia, ez da ezer berririk gertatu. Pandemia baino lehen hizkuntza eskubideak urratzen ziren bezala, egoera berezian ere hala gertatu da.

Dena den, bestetan baino ageriagoan gelditu dira betiko hutsuneak: lanpostu publikoetan ez dago behar adina profesional euskaraz arreta bermatzeko, administrazioak gaztelaniaz funtzionatzen du eta herritarrentzako informazioa gaztelaniaz sortzen du, ondoren dator itzulpena. Alor sozioekonomikoan berriz, gaztelania eta ingelesa dira lan tresnak. Birusak erabaki asko azkar hartzera eta herritarrei informazio ugari ematera behartu ditu erakunde publikoak eta nabarmen geratu da egunerokoan zein den hizkuntza nagusia.

Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariaren eta Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiaren kezka nagusia, kexa kopurua baino, hizkuntza eskubideak errespetatu ez dituzten erakundeen erantzunak dira. Hala laburbildu daitezke: “informazioa berehala zabaldu behar zen”; “pandemia egoeran gaude”; “ez daukagu nahikoa profesional euskaldun”. Beste erantzun mota bat izan da afixa euskaratzeko eskatu eta handik bi hilabetera egitea. Formazio saio asko eskaini da hilabeteotan eta horien inguruko kexak ere jaso dituzte Behatokian. Zergatik ez dituzte euskaraz eskaini? “Pertsona gehiagorengana iritsi” nahi zutelako. Beste erantzun bat: osasun alertaren ondorioz ekintza azkarrak egin behar ditugu. Udaltzaingoari, Ertzaintzari eta Foruzaingoari ezarritako kexetan erakundeek beraiek onartzen dute profesionalek zailtasunak dituztela zerbitzua euskaraz eskaintzeko.

Euskaldunek ezin erantzun azkarra jaso?

Testuinguru bortitzean agerian geratu da hizkuntza eskubideak bermatzeko sistema eraginkorrik ez daukagula gaur egun. Hala uste du Bilbaok. Oso kezkatuta dago erakunde publikoek eman dituzten erantzunekin. Gizarte ongizatearen zutabe diren osasun arretak, segurtasun jarraibideek eta informazioak berebiziko garrantzia izan duten egunetan, mediku ona versus mediku euskalduna binomio maiztuaren beste bertsio bat atera dute: ekintza azkarra versus euskara. Hau da, presaka zebiltzan. Erantzun onartezina, Bilbaoren iritzirako: “Euskaraz ezin dugu erantzun azkarra jaso? Koronabirusaren txertoaren bila ari dira eta zer, bahetik pasa gabe jarduten dute? Beti jarri diguten aitzakia da ez dagoela mediku euskaldun nahikorik. Erantzun horrek ez gaitu asetzen, baina ehun mediku elebakar kontratatu badituzu ezin duzu zerbitzua euskaraz eskaini. Alabaina, informaziorako profesional euskaldunak badaude eta telebista publikoan gertatu dena ez da izan profesional euskaldunak falta direlako”. Osasuna dago jokoan, esango dute erakundeek, “baina euskararen betaurrekoekin ez badugu irakurtzen ez dago osasunik, ez informaziorik, ez segurtasun jarraibiderik”.

Euskaldunak elebidunak gara. Gai horri buruzko adierazpena egin zuen Marija Pejčinović Europako Kontseiluko idazkari nagusiak, hots jakina dela Europako estatuetako hizkuntza gutxituetako herritarrek estatu-hizkuntza ezagutzen dutela. Ez da ezagutze kontua, halako egoera gordinetan herritarrei hurbiltasuna eta lasaitasuna transmititzea baizik, “herritarrei informazioa natural iristea”, dio Bilbaok.

Jendea hiltzen eta zuek zerbitzua euskaraz eskatzen!  

Halako egoera berezietan herritarrek beldurra edo erreparoa izaten dute zerbitzua euskaraz eskatzeko, batez ere osasungintzan gertatu da oraingoan, baina pribatuak izanda oinarrizko zerbitzu dekretatu dituzten bestelako guneetan ere pasa da. Supermerkatua da adibide bat. Halako esaldiak entzun dituzte herritarrek euskarazko zerbitzua eskatu dutenean: “Horixe behar genuen, beste lanik ez daukagu eta zuek gisa honetara zatozte!”. Bilbaori halako erreakzioak ez zaizkio batere harrigarriak iruditzen, halakoxe giroa sortu delako hizkuntza eskubideen inguruan, euskaldunen kapritxo balira bezala: “Gizarte berdinzalea lortzeko eskubide guztiak bermatzea beharrezkoa dela barneratuta izango bagenu denok, euskaraz ez dakienaren jarrera ere desberdina litzateke. Baina ez gaude egoera horretan, Eudelek, EAEko udalak biltzen dituen erakundeak berak, esan badu presa dagoela eta helburua informazioa helaraztea dela, zer ez dizu esango etxe azpiko harakinak?”.

Kontseiluak alarma egoerak agerian utzi dituen gabeziei aurre egiteko urgentziazko neurriak proposatu ditu Geroa euskaratik. Elkar hartuz, elkar zainduz idatziaren bidez. Alorrez alor azaldu ditu gabeziak eta hartu beharreko neurriak. Bilbaok alor bat aipatu du bereziki: hezkuntza. Hezkuntza formalari dagokionean, Bilbaok ez du uste inor behar besteko garrantzia ematen ari zaionik, eta azterketa beharra duela uste du. Milaka eta milaka haur joango dira irailean eskolara azken hilabeteotan euskara usaindu gabe, “ez arnastu, baizik eta usaindu gabe”. Ikasle belaunaldi berriak euskalduntzea gero eta gehiago kostatzen da, lanak dituzte adinaren arabera aurreikusitako euskara gaitasuna eskuratzen. Amelia Barquínekin bat etorriz, Bilbaok dio arrakala digitalaz hitz egin dela itxialdi garaian eta ez hizkuntza arrakalaz.

Dena ez da ordea, euskararen haize-kontra izan. Gaubekak eta Bilbaok aho batez adierazi dute komunitateak erakutsi duela testuinguru honetan elkar zaintzeko eta hartzeko joera, erantzukizunez jokatu dute. Herritarrek hizkuntza eskubideen urraketen berri eman dute eta horri esker kontuak eskatu ahal izan ditu Behatokiak. Gutxitan bada ere, erakundeek neurriak hartu dituzte. Euskarazko hedabideek eta kultur sortzaileek hilabete hauetan eskaini dutenagatik aitortza merezi dutela azpimarratu dute. Eta ez dauzkate ahazteko auzoz auzo eta herriz herri umeei euskaraz mintzatzen eta etxeko lanak egiten laguntzeko prest egon diren boluntario sareak.

Kontseilua ETB-ren erantzunak kezkatuta

Nekane Murga Osasun sailburua ETBrentzat hizketan.

Agintari eta bestelakoen adierazpenak zuzenean gaztelaniaz eskaini dituztelako kexatu dira herritarrak. ETBtik erantzun digute agintariek gaztelaniaz egiten bazuten hala eskaintzen zituztela. Mezua lehenesten zutela erantzun digute. Esanak itzuli edo azpititulatu daitezke, eta hori ere ez zuten egin.

ETB1-i ez zaio lehentasunik eman, eta euskaldunon erreferente publiko bakarra da. Osasun krisian aukera ona izan dute erreferente bihurtzeko. Eskerrak herri ekimeneko euskarazko hedabideei, euskaldunok lehen mailako informazioa jaso dugu. Ez du balio esateak jendeak ez duela ETB1 ikusten. Kontua ez da ez dugula informazioa euskaraz nahi. Pandemian euskarazko hedabideetara jo dugu informazio bila, irakurle eta ikus-entzule kopuruak gora egin du. Guri ez leporatu ETB1-en ikusle kopuru murritza”.

Gai honen harira Berria-ko Ekhi Erremundegi kazetariak ondoko oharra egin zuen sare sozialetan EAEko  hauteskundeei buruzko saioaz: “Euskal Hedabideek bi itzultzaile hartu genituen [Ipar Euskal Herriko] herriko bozak aztertzeko gaualdia euskara hutsean izatea bermatzeko. ETB1-en gaztelera hutsean ematen ari dira adierazpen gehienak... #tristea”.

 

“Euskara zerbitzua helburuei erantzun ezinean dago”

Iñigo Barruso, Hezkuntza Saileko euskara zerbitzuburu ohia

Hezkuntza Sailak euskal girotze barnetegiak eta Irale programak irakasleei eskaintzen dizkien euskara ikastaroak etengo dituela iragarri eta egun batzuetara dimisioa eman du Iñigo Barrusok.

Zein garrantzi daukate Hezkuntza Sailak bertan behera utzitako bi programek?

EAEn, D ereduko ikasleen %35 oinarrizko mailan dago, horrek esan nahi du ez daukala nahikoa gaitasunik ikasketak euskaraz egiteko. Hezkuntzan arazo galanta da hori. Bestetik, irakasleen euskara maila funtsezkoa da. Batez ere ingurune erdaldunetan irakasleak ikasleen erreferente bakarrak dira euskarari dagokionez eta irakasleen maila, batzuetan, ez da egokia.

Horrek guztiak ekarri du D eredua leku batzuetan B eredua izatea. Hainbat tokitan irakasleek ikasleei gaztelaniaz egiten diete. Batzuetan irakasleek ez daukate nahikoa gaitasunik euskaraz aritzeko eta hori badaki Hezkuntza Sailak. Beste batzuetan ikasleek ez diete ulertzen irakasleei euskaraz ari direnean. Beraz, Iraleren egitekoa ezinbestekoa da irakasleen euskarazko prestakuntza sendotzeko.

Eta barnetegiak?

Egitasmo oso sendoa garatzea lortu dute urte luzetan. Lau egunetan hizkuntza ohiturak ez dira aldatzen, baina jarrerak aldatu daitezke. Emozioak eta jarrerak lantzen dituzte barnetegietan, urtero 3.000 haur pasatzen dira. Orain pitxerra apurtuta dago eta ez dakit berreskuratu ahal izango den, ez da erraza izango. Izan ere, barnetegiak edozein tokitan jar daitezke, etxeak ez dira arazo, baina hor talde humano ikaragarria zegoen; esperientzia handikoak ziren, ekarpen handiak egindakoak, jende aktiboa. Bi funtsezko zutabe dira irakasleen euskarazko prestakuntza (Iralek baino ez du eskaintzen) eta euskal girotze barnetegiak.

Bi programa erorita nola geratzen da euskara zerbitzua?

Zerbitzuak lau hanka ditu: barnetegiak, 400 ikastetxe biltzen dituen Ulibarri programa, Irale, eta material didaktikoen hizkuntza kalitatea bermatzeko programa. Azken lan hori Iraleko irakasleek egiten dute. Lau hanketatik bi deseginda daude. Euskara zerbitzua oso herren gelditu da, momentu honetan dauzkan helburuei erantzun ezinean.

Nola uler daitezke horrelako erabakiak pandemia betean haur asko etxean euskararekin harreman oso gutxi dutela egon direnean?

Zuk esan duzu, martxo hasieratik irailera arte haur asko egongo dira euskararen erreferentzia oso gutxirekin. Baliabide gehien behar denean egin dituzte murrizketak. COVID-19a tarteko dela haurrak barnetegietara eramatea ez zaie egokia iruditu, baina guk kontraproposamena egin dugu eta ez dute onartu. Irakasleen kasuan arrazoi ekonomikoak argudiatu dituzte, irakasleak Iralera doazenean ordezkoak jarri behar dituztelako. Alternatiba proposatu genuen. Ikasleek euskara maila baxuena daukaten ikastetxeetara joateko prest ginen, irakasleei prestakuntza emateko ikasleekin irakurmena eta ahozkotasuna lan ditzaten. Hilabete hauetako galera gutxienez arintzeko. Ezezkoa eman digute eta langileen herena kalera joan da.

Atzo jaiotakoak ez gara eta espero nuen datorren urtean murrizketak egotea. Espero nuen esango zigutela, “aurrekontutik %10 kendu behar duzue, eta zuek erabaki zein diren lehentasunak”. Baina sartu dira eta… murrizketak ezta uniformeki ere ez dituzte egin.

 

“Indartu beharko liratekeen bi programa desagertuko dira, nire harridurarako”

Amelia Barquín, Mondragon Unibertsitateko HUHEZIko irakaslea, kultur eta hizkuntza aniztasunean eta hezkuntzan aditua.

 

"Arrakala digitala pairatzen ari den umea arrakala linguistikoa ari da pairatzen"

Etxean, eskolara joan gabe, ordenagailu bidez ikasketei jarraitu dieten haurrek euskararekin izan duten harreman ahulak kezkatzen du Barquín. Hilabeteotako hizkuntza arrakalaz gogoetatu beharra azpimarratu du.

Arrakala digitalak arrakala linguistikoa ezkutatu duela diozu.

Hezkuntza presentziala desagertzen denean euskararekin ukipena txikiagoa da. Eskolako denbora murrizten da, batzuek klase ez-presentzialak jasotzen dituzte tresna digitalen bidez, beste batzuek ez, baina beti izango da ordutegi askoz laburragoa. Familia erdaldunetako umeentzat eta inguru erdaldunetan bizi direnentzat eskola zen euskararekin ukipena eskaintzen zuen ingurune bakarra, eta beraz, galera linguistikoa agerikoa da. Baina batez ere desabantaila sozioekonomikoan daudenentzat. Agian, bestelako egoera sozioekonomiko batean bizi diren familien umeentzat beste baliabide batzuk egon daitezke eskura, baina sarbide ekonomiko gutxiko familientzat, eta multzo horretan daude etorkinen seme-alabak, hori ez da gertatzen. Eta bi arrakalak gainjartzen dira, hein batean. Arrakala digitala pairatzen ari den umea arrakala linguistikoa ari da pairatzen.

Zer esan nahi duzu euskarak dentsitatea galdu duela diozunean?

Ordenagailuaren erabilerarekin dago lotuta. Ordenagailua, komunikazio kanal gisa, nahiko traketsa da, akats asko ditu eta zailagoa da euskaraz erraztasunik ez daukatenentzat. Gorputz hizkuntza desagertzen da testuingurua desagertzen delako, okerrago entzuten delako… Beraz, kontuan hartu behar da ea kanalak funtzionatzen duen.

Komunikazio mota horretan gorputza desagertzen da, nolabait esatearren. Irudia kalitate ez oso onekoa izan daiteke, ikasleek irakaslea ikusten dute baina agian irakasleak pantailan hogei leihatila ilun ditu, ikasleen kamerak piztu gabe daude. Gorputza desagertzearekin batera alderdi emozionala eta afektiboa murrizten dira.

Horrekin lotuta, tutoretzarekin eta bizikidetzarekin lotutako alderdiak desagertzen joan dira. Irakasleak eta ikasleak konektatuta dauden denbora labur horretan, eduki diziplinarrei eman zaie garrantzia, eta beraz, euskararen izaera akademikoa areagotu da. Ikasleen arteko harremanik ez dago, norabide bakarrekoa da komunikazioa, irakasleak ikasleei. Eduki diziplinarrek indarra hartzea euskarari ez datorkio ondo, badakigu.

Aurrera begira landu beharreko gaia al da?

Albo-ondorio bat da eta ez dakit jendeak horretan erreparatu duen. Urgentziari egin zaio aurre. Toki batzuetan mintzapraktika sareak antolatu dituzte, baina uda izan zitekeen momentu aproposa barnetegiak egiteko. Udal batzuk inplikatzen ari dira, eta euskal girotze barnetegiak dira, hain zuzen, momentu honetan bereziki garrantzitsuak. Barnetegiek emozioen eta bizipenen bidez euskarara hurbiltzen dituzte haurrak. Horixe behar dugu eduki akademikoetan jarri den indarrari kontrapisua egiteko. Gauza batzuk mingarriak dira. Nora ari dira begiratzen gure arduradunak? Zertan aurreztu nahi dute dirua?

Irale programan gauza bera, ez da bakarrik irakasleen hizkuntza prestakuntza hobetzea, haien trebakuntza pedagogikoa ere bai. Nire eta askoren harridurarako, indartu beharko liratekeen bi programa desagertuko dira. Ez dut ulertzen, inork ez du ulertzen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hizkuntza politika
EAE-ko sektore publikoa euskalduntzeko dekretua
Aukera galdua

Eusko Jaurlaritzak EAEko Euskal Sektore Publikoan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Dekretua onartu du otsailean. Duela 27 urteko dekretua ordezkatu du. Euskalgintzako eragileen ustez, Jaurlaritzak ez du baliatu “jauzi ausarta” emateko. Dekretu berriak ez du... [+]


Hamabi hizkuntzatan banatuko du UEMAK Korrikari buruzko informazioa

23. Korrikaren atarian, udalerri euskaldunetako bizilagun guztiek Korrikaren berri izatea garrantzitsua dela iritzita, diptikoa banatuko du UEMAk hamaika hizkuntzatara itzulita.


2024-03-04 | ARGIA
Udalekuak egingo ditu UEMAk euskaraz bizi diren gazteentzako

Beste urte batez, uda garairako, Salto! udaleku ibiltariak antolatu ditu UEMAk. Udalerri euskaldunetako gazteak elkartuko dira aisialdiaz gozatzeko. UEMAren helburua da “euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu... [+]


Euskara Ipar Euskal Herrian
Azken sokatirak, hizkuntza politika eraginkor baten alde

2024 urte hastapenean adostuko du ondoko urteetarako hizkuntza politika Euskararen Erakunde Publikoak (EEP). Azken inkesta soziolinguistikoaren emaitzak eta EEPk 2050ari begira egindako aurreikuspenak esku artean, alarma gorria pizturik du euskalgintza sozialak: ezin da orain... [+]


Azkoitiko Udala UEMAko kide izango da

EAJren, EH Bilduren eta Azkoitia Bairen aldeko bozkekin hartu dute erabakia. Udalbatza osatzen duten hamazazpi zinegotzietatik hamaseiren aldeko botoa jaso du Udalerri Euskaldunen Mankomunitatera (UEMA) sartzeko eskaerak.


Eguneraketa berriak daude