Taldearen hasiera eta amaiera

  • Ez Dok Amairuk 1970eko abuztuan estreinatu zuen Baga Biga Higa... sentikaria. Orain mende erdi, euskal kultur mugimendu abangoardistak lortu zuen talde izaera bururaino eramatea, kanta, poesia, dantza eta antzerkia, txalapartaren doinuz uztartzen zituen ikuskizun honekin. Baina paradoxikoki, batasun horren ondotik desagertu zen taldea.

Donostiako Trinitate plazan 1971ko irailaren 8an Ez Dok Amairuk emanaldiaren bi saio egin behar izan zituen, sarrera guztiak agortu zirelako.  (arg.: Gure Gipuzkoa / Javier Garayalde)
Donostiako Trinitate plazan 1971ko irailaren 8an Ez Dok Amairuk emanaldiaren bi saio egin behar izan zituen, sarrera guztiak agortu zirelako. (arg.: Gure Gipuzkoa / Javier Garayalde)

Bi bele batera doaz hegan Aketegiko tontorrerantz eta haien hegoek elkar jotzean egiten duten oihartzuna Urbiako zelai bakartietan barreiatu da: tta-kun, tta-kun. Txalapartaren soinu basatia da. Musika instrumentu horrek transmititzeko eta moldatzeko duen ahalmena baliatu zuten Ez Dok Amairuko kideek, Baga, Biga, Higa... sentikariko parte ezberdinak lotzeko kate batean, hasi eta buka. Gauza sinplea dirudien horrekin, urrats apurtzailea eman zuten ordura arte euskal kultura berreskuratzea helburu zuen mugimenduan: emankizunetan espresio artistiko ezberdinak fusionatu eta esperimentazio bide berriak ireki zituzten.

Duela mende erdi, 1970eko abuztuaren 22an aurkeztu zuten lehen aldiz sentikaria Portugaleten, eta ibilbide labur baina oparoa izan zuen; baina haren aztarna egungo kontakizunetan ganduz estalita ageri zaigu. Zergatik ote? Izenondoa Joxan Artzek jarri zion, ikus-entzuleen “sentimenduan” eragin nahi zutelako, poeta usurbildarraren arabera. Hala azaldu zion ARGIAri 1971n egindako elkarrizketa batean: “Herriaren problemak gure eginik, herriaren problemak agertu nahi genituen ahalik eta modurik zabalenean. Horregatik, herriaren maitasuna, sentimenduak eta sufritzen dituen injustiziak izan dira gehienbat guk erabili eta erabiltzen ditugun gaiak”.

Artze borrokalaria, zapalduen aldekoa, boz-goran jarri behar dugu ezinbestean hemen, Ez Dok Amairuren alderdi deseroso eta ezezagunago horren arima baitzen, eta seguruenik duela 50 urteko sentikariak ere bazuen zerbait hortik: “Ez dugu artalde baten erdian amildu nahi” dio haren esku-programak. Eta erdian txalaparta, “oraingo gizonen (sic) lanaren adierazpena, taldearen beraren errorik sakonenetarikoa”.

“Ez nekien txalapartaren izenik ere”

21 urte zituela, Joxan Artzek autoa hartu eta Europan barrena bidaiatzeari ekin zion –hasieran Jose Luis Zumeta margolariak lagunduta, ondoren bakarrik–. Munduan gertatzen ari ziren aldaketa ugariren berri izan zuen horrela: Kubako iraultza, AEBetako eskubide zibilen aldeko borroka, Frantziako langile grebak… Injustiziak salatu eta sistema zalantzan jartzeko kontrakultura mugimendu zabala sortu zen, askotan kantautoreek katalizaturik, Atahualpa Yupanquiren hitz melankolikoak tarteko, viday.

Euskal Herrian ere, Francoren diktadurak industrializazioari paso emateko atea apur bat ireki orduko, protesta eta kultur berpizkundea borborka irten zen. Oteizaren Quousque tandem…!-en garaiak dira, eta norbere aldetik zebiltzan sortzaileak Ez Dok Amairun elkartu ziren, 1966ko urtarrilaren 9an Hernanin estreinako aldiz agertzeko. Polifoniarik gabe, ahots eta gitarra soilez lagunduta, joera berritzaileaz.

Artze anaiak, Joxan eta Jexux, Ez Dok Amairuren sorreran izan ziren hasieratik; ez da kasualitatea Remigio Mendiburuk talde hartako irudiari txalapartaren forma ematea. Bi urte lehenago, 1964an, Joxan harri eta zur geratu zen, Nestor Basterretxea eta Fernando Larrukerten Pelotari filmean txalapartaren ttakuna entzun zuenean Lasarteko areto batean: “Bat-batean gogoratu zitzaidan, zortzi urte nituela, herriko festetan, horixe nuela ikusia eta entzuna (…) Ez nekien izenik ere”, azaldu zion Juan Luis Zabalari.

Joxan eta Jesus Artze txalaparta aurrean. Soinu tresnaren ahalmen animikoaz jabeturik, 'Baga, Biga, Higa...' sentikarian erdigunean jarri zuten, eta ikusizunaren parte desberdinak kate berean lotzea lortu zuten horrekin batera. Elkar-ek 1966tik 1975era artean grabaturiko saioak berrargitaratu ditu berrikitan.

Elkarrek 2019an berrargitaraturiko Txalaparta. Artze Anaiak diskoaren liburuxkan laburbildu du Zabalak bi artisten harremana soinu-tresna horrekin. Txalaparta galbidean zegoela, apenas inork jotzen baitzuen jadanik, usurbildarrek berreskuratze lanari ekin zioten. Lasarteko Sasoeta baserriko Migel eta Pello Zuaznabar anaiekin jarri ziren harremanetan lehenik, haiek ikusi zituzten zortzi urterekin jotzen herriko festetan. Haiengandik ikusi zuten eta eszenatokietara eraman: “Mendiko baserri giroan bakanduta eta ezkutatuta zegoen antzinako musika tresna hura kulturaren plaza zabalera eraman zuten”, dio Zabalak.

Beste bikote batzuk ere barneratu ziren txalapartaren mundura: Bixente eta Juan Mari Beltran anaiak. Artze eta zuaznabartarrengandik ez ezik, Astigarragako Erbetegi-Etxeberri baserriko –hau ere, Sasoeta bezala, urbanizazio eta errepideen ondorioz desagertua– Axentxio eta Ramon Goikoetxea anaiengandik ikasi zuten Bixente eta Juan Marik, herri musikaren ikerketan murgilduta baitzeuden. Geroago, handik urte batzuetara, Juan Marik txalaparta irakasteari ekin zion 1980ko hamarkadan Hernaniko musika eskolan, eta asko dira iturri horretatik edan duten egungo txalapartariak.

Erritmo zaharrak, aire berriak

Txalaparta oso presente zegoen Ez Dok Amairuren hasierako emanaldietan, eta bestelako ekitaldi publikoetan ere ezinbesteko bihurtu zen. Euskaldunen antzinako izaera zekarren gogora, baina abangoardiaren ikur poetiko bihurtuta; gainera, haren perkusioak bazuen berezko elastikotasuna beste musika eta sorkuntza lanekin uztartzeko.

Hain zuzen, 1970eko abuztuaren 22an Portugaleten Ez Dok Amairuren Baga, Biga, Higa... emankizun berria abian jarri zenean, atzera bueltarik gako pausoa eman zuten txalapartaren eta beste espresio artistikoen arteko uztarketa horretan: “Sentikarian elkarrekin lan egiten zuten, benetako talde izaera erakutsiaz”, idatzi du Egan aldizkariaren azken zenbakian Artzeren poesiagintza ikertu duen Belen Oronoz Euskal Hizkuntza eta Literaturako irakasleak. “Kantua, poesia, antzerkia, dantza… dena zetorren uholdean –dio Oronozek–. Alderdi estetikoa (janzkera, keinuak, mugimenduak…) zein teknikoa (soinua, argiak, taulako espazioaren banaketa…) zaintzen zituzten”.

Itxi gabeko zirkulu bat osatzen zuten Baztango mutil-dantzarekin, kolektibotasuna oholtza gainera eramanez (arg.: Gure Gipuzkoa / Javier Garayalde)

Kolektibotasun hori oholtza gainean sinbolizatzeko intentzio osoz, Baztango mutil-dantzarekin hasi eta amaitzen zuten espektakulua, itxi gabe zegoen zirkulua osatuz denek batera. Eta erdian hutsune oteizarra. O Pello Pello, Xoxoak galdu du eta beste kanta batzuen artean, irakurraldiak, txalaparta eta toberaren soinu metalikoa entzun zitezkeen; “erritmo zaharra, aire berriak” irakur liteke esku-programan.

Sentikarian hamaika kantari, musikari eta sortzailek hartu zuen parte: Lourdes Iriondo, Mikel Laboa, Xabier Lete, Jose Angel eta Juan Migel Irigarai, Joxan eta Jesus Artze, Nekane Oiarbide, Julian Beraetxe, Kepa Garbizu, Benito Lertxundi…Oskarbi taldea ere emanaldiaren muinean aritu zen. Musika harmonikoa oinarri, 60ko hamarkadatik jazz eta gospel doinu berritzaileak erantsi zizkion talde honek euskal kantagintza tradizionalari.

Portugaleteko lehen emanaldiaren ondoren beste asko etorri ziren. Bretainian eta Okzitanian izan ziren, baita Bartzelonako Romea antzokian eta Donostiako Trinitate plazan ere –azkeneko honetan sarrera guztiak agortu eta bigarren saio bat egin behar izan zuten, La Voz de España-ren arabera izan zuen arrakastaren seinale–. Bi urte iraun zuen ibilbide hark, taldea desegin zen arte.

Kontra-kultura eta politizazioa

Ordurako euskal kantagintza berriak kontzertuen esparrura jauzia emana zuen, zentsurari aurre egiteko modu bakarrenetako bat baitziren zuzenekoak. Gainera, ekitaldi musikal haiek kultur kontsumorako ez ezik aldarrikapenerako bilgune ere bihurtu ziren; esan liteke ondoren etorri ziren jaialdi handiagoen aitzindariak izan zirela, 1976ko 24 ordu euskaraz edo 1978ko Bai Euskarari kasu. Nolanahi ere, Baga, Biga, Higa... egituraturik zegoen moduan, espektakulu osoa jarraian emateak eragozten zuen etenaldietan gertatzen zen “politizazioa”, zenbaiten arabera.

Ezin ahaztu dezakegu zein zen abagunea. 1968an ETAk Melitón Manzanas torturatzailea hil zuenez geroztik ugaritu egin ziren poliziaren sarekadak, salbuespen egoerak eta errepresioa. Sentikaria sortu eta hilabete gutxira, abenduan, Burgoseko Prozesua hasi zen.
Lantegietan eta kaleetan ez ezik, kultur munduan ere protesta giroak eztanda egin zuen; Katalunian, esaterako, 300 artista eta intelektual entzerratu ziren Montserrateko abadian amnistia eta askatasuna eskatzeko. “Euskal kulturak hasieran kontra-kultura bat izan behar du: kultura espainolaren suntsitzearen bidez egingo da”, idatzi zuen Jean-Paul Sartrek Burgoseko Prozesuaren harira. Halako eta antzeko eztabaidek irakin zuten 70eko hamarkadako euskal kultur lapiko goria.

Ez Dok Amairu barne desadostasunengatik desegin zela diote ordukoek, eta garaiko egoera politikoak ere izango zuen zerikusirik horrekin seguruenik. Sentikariarekin hasi eta amaitu zen taldea, nolabait esateko. Batzuek eta besteek bide desberdinak hartu zituzten. Artze anaiek jarraitu zuten kultura erabiltzen tresna apurtzaile bezala, Mikel Laboarekin egin Ikimilikiliklik ikuskizun multimedia izan zen horren erakusgarri. Eta txalapartak geroztik jarraitu du bere soinu animikoaz iraganaren oihartzuna geroarekin konektatzen, baita larrialdi garai zailenetan ere.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ez Dok Amairu
2021-06-27 | Xalba Ramirez
Komunikazioa-inkomunikazioa: tradizioa eta abangoardia

Beñat Achiary, Bartzelonara bidean zen Artze anaiekin, ikuskizuna eskaintzera, txalaparta eta ahots inprobisazioa abangoardia ziren garaian –eta ez soilik ekitaldietarako betekizuna–. Auto motela, errepide luzea, aulkia erdi etzana, eguzkia kopetan, eta... [+]


Lourdes Iriondo
Ez Dok Amairu-ren gidaria

Kantagintza berriaren izen lehenetarik bat izan zen. Arrakasta itzelezkoa izan zuen bakarlari, eta Ez Dok Amairuren partaide eta eragile izan zen. Iaz, Xabier Leteren omenezko ekitaldiak batean eta bestean egin zirenean, hantxe izan zen beti edo gehienean Lourdes Iriondoren... [+]


Xabier Leteren obraren aldarri ozena

Xabier Leteren poetika: aldaeren azterketa eta bilakabidearen irakurketa, horixe dugu Alexander Gurrutxaga (Zarautz, 1988) EHUko Hezkuntza Fakultateko irakaslearen doktore tesia. Aurten irakurria du, udaberriko konfinamenduaren bezpera egunetan, poetaren heriotzaren hamargarren... [+]


Oskarbi
Iluntasunaren aurrean, kantuaren arnasa

Bost hamarkada baina gehiagoko ibilbidearekin, Oskarbi taldeak badaki zer den egoera zailetan musikaren eta kulturgintzaren haria elikatzea. Ez Dok Amairuren garaietatik gaurdaino, herri kantak eta sormen propioa izan ditu iturri. Hamabigarren diskoa grabatzen ari dira, dozena... [+]


Jose Mari Zabala izango da San Telmoren "Museo bikoitza" egitasmoko protagonista

Erlea Manerosek aukeratu du egitasmo honetarako Irunen sortutako artista multidiziplinarra. Urtebetez bere proiektu artistikoa garatzeko aukera izango du Donostiako museoan.


Eguneraketa berriak daude