"Mila bider eskatu arren ez dugu lortu Urkullurekin batzarra egitea"

  • Kalera indarrez bueltatzeko beharra argi ikusten du Ana Mezo, Oneka emakume pentsionisten plataformako kideak. Birusak zaintza arazoak eta gabeziak mahaigaineratu dituen honetan, borroka sozialen atomizazioa bukatzearen beharra defendatu du.

    Elkarrizketa hau Pikara Magazinek argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu. Jatorrizko elkarrizketa luzeagoa da eta lotura honetan daukazue.

Zahar egoitzetako sarraskiaz: “Ezin dut ulertu, gerra eta gerraostea pasa duen jendea XXI. mendean bakarrik hiltzen uztea. Eta ez diot sanitarioengatik, asko egin dute-eta”. Argazkia: Aikor aldizkaria.
Zahar egoitzetako sarraskiaz: “Ezin dut ulertu, gerra eta gerraostea pasa duen jendea XXI. mendean bakarrik hiltzen uztea. Eta ez diot sanitarioengatik, asko egin dute-eta”. Argazkia: Aikor aldizkaria.

Ana Mezo (Larrabetzu, 1955) Pentsionistak Martxaneko kidea da eta baita ere Oneka euskal emakume pentsionisten plataformako bultzatzaileetako bat. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta prozesuko partaidea ere bada.
Larrabetzuko taberna batean geratu gara deskonfinamenduaren hasieran. Telebistan, Arantxa Tapia Ekonomia sailburua agertu da eta kasualitate hori ironiaz komentatu du Mezok. Nerbio eta hitz jario handiko emakumea da, presentzia alai eta karismatikoduna.

Zergatik sortu zenuten Oneka?

Pentsionisten mugimendua 2018ko urtarrilean hasi zen kalera irteten, eta ekaina aldera hasi ginen pentsatzen andrazkoen talde bat sortzeko beharra geneukala, gure berezitasunez hitz egiteko eta gure planteamenduak garatzeko. Udazkenean egin genuen akta konstituzionala eta irten ginen prentsa aurrera. Euskal Herritik Euskal Herrirako planteamendua da, Hego Euskal Herrikoa oraingoz; Iparraldean kontakturen bat egin genuen baina erritmoa beste bat da.

Pentsiodunen mugimenduaren baitako joera patriarkalei aurre egitea izan da andrazkoen plataforma sortzearen
beste arrazoi bat?

Bai, hori zertan esan… Beti adi egon behar dugu. Kapitalak alde batetik eta heteropatriarkatuak bestetik, eragina dute. Pentsa ezazu zenbat kostatu den eta zenbat kostatzen den gaur egun ere andreok gure prestigioa, legitimitatea eta errespetua lortzea eta mantentzea. Onekaren kasuan, kide asko, ez badira alargunak, beraien bikotekideekin bizi dira, gehien-gehienak gizonak. Bakardade handia dago, indarkeria… Adineko emakume askori kostatzen zaio kalera irtetea. Oso zaila da. Badira emakumeak lan handia egin dutenak, baina etxetik, zaintza lanetan eta bestelako lanetan. Indarkeria ekonomikoa oso inportantea da, beti aipatzen dut. Gizon askok diote: “Nik ekartzen dut dirua etxera eta zu nire esanetara”. Sumisio derrigortuan bizi dira eta ezin dira banandu dependentzia ekonomikoagatik. Gauza horiek guztiak gure artean hausnartu behar ditugu eta gure planteamendua egin. Gertatu izan zait gizon batekin hitzaldi bat ematera joan eta gizonak hitzaldia bere gain hartu izana. Beharbada gizon hori oso sentsibilizatuta dago berdintasunarekin, baina hain da kulturala… Asko borrokatu behar da. Mistoan ibili behar da, aniztasuna oso aberasgarria delako, baina guk geuk ere behar dugu espazio propioa.

Ahalduntzeko, ezta?

Ahalduntze hitzari buelta bat baino gehiago eman dizkiot. Uste dut ahaldunak bagarela, gaitasunak ditugula, baina espazioak ditugu murriztuak, kenduak. Familietako ekonomia nork antolatu du? Gehienetan andrazkoek. Gainera, ekonomia berba grekotik dator eta bere esangura nagusia da etxe barruan egiten den gestioa. Gaur egun, ordea, makroekonomiari buruz berba egiten da, gizonezkoek berba egiten digute normalean, eta oso aditua ez bazara eta formazio akademiko handia ez baduzu, ez duzu ezer ulertzen. Uste dut apropos egiten dutela. Orain, koronabirusaren garaian, gabezia asko oso agerian geratu dira. Badakigu adineko egoitzetan zer gertatu den… Birus honek ez du bereizten emakume ala gizon, baina bakardadea batez ere andrazkoek bizi dute. Alargunen artean, %93 inguru andrazkoa da. Sare familiar handia ez baduzu gertu, oso bakarrik zaude.

Entzun zaituztet azaltzen emakume zahar askok pentsio eskasa dutela politika frankistaren ondorioz, eta hortaz diktaduraren indarkeria ekonomikoaren biktima gisa aitortu beharko lituzkeela Estatuak. Azaldu dezakezu?

Bai, nik hitzaldietan asko aipatzen dut. Lege horiek Espainiako Gerra Zibilaren aurrekoak dira eta ibilbide bat izan dute. 60-70eko hamarkadan emakume batzuk aritu ziren lan produktiboan, tailerretan eta. Ezkontzen zirenean “dotea” ematen zioten, indemnizazio bezalako bat, emakumea etxera joan zedin, zaintza lana egitera. Geroago ere, diktadura apur bat bigundu zenean eta etxetik kanporako lan produktiboa egitera joaten zenean emakumea, bere senarraren baimena behar zuen. Emakume horiek legeak aginduta geratu ziren kotizatu barik. Era berean, egin duten lan erreproduktiboari esker, instituzioek pila bat diru aurreztu dute: alegia, haur eskoletan edo zaharren egoitzetan inbertsio urria egin zuten, andreek zainketa lana doan egiten zutelako. Hori ere ekarpen ekonomikoa bada: EUSTATen arabera, ordaindu gabeko etxeko lanaren balioa ekoiztutakoaren (BPGaren) %32,4 da.

Gainera, landa eremuan emakume baserritarrek lan produktiboa egin dute, baina hori ez da lan gisa aitortu, laguntza gisa baizik.

Badakigu andrazkoek baserri bueltan zenbat behar egiten zuten: etxekoa, ortukoa, ganadua, seme-alaba piloa… jainkoak gura zuen beste! Eta baserrietan aitite-amamak ere bizi ziren. Larrabetzuko baserrietan ekonomia mistoa egon da: gizonak fabriketara joaten ziren beharrera. Lurraren ardura, nork zuen? Andre horiek ez badute errespetua merezi…

"Ezinbestekoa da helduak inplikatzea. Krisi honen aitzakiarekin kaleratzen bazaituzte,
zer egingo duzu? 50 urterekin ez duzu etorkizunik"

Atzera begira, zer lortu du pentsionisten mugimenduak eta zer dago lortzeke?

Kalera irten ginen 2018. urtean PPko ministro hark %0,25eko igoera xumea iragarri zuelako. Edalontzia beterik zegoen eta hori izan zen azkenengo tanta. Kalean lortu genuen igoera %1,6koa izatea. Kaleko presioaren bidez ere lortu da Madrilen PSOE, Unidas Podemos eta EH Bilduk sinatu duten lan erreformaren indargabetze integrala. Beste bide batzuk ere jorratu ditugu, bereziki, indar politikoekin egin diren batzarrak. Ez duguna lortu, eta mila bider eskatu dugu, Urkullurekin batzarra egitea izan da.
Badakizu disidentzia bat ere badugula. Ondo, eh? Beti gertatzen da. Baina disidentzia [Espainiako] Estatuari begira dago, UGT eta CCOOko jendea dago hor, Toledoko Itunean oinarritutako elkarrizketa sozialean kokatzen dira, eta hortik kanpo geratzen den guztia beharbada ezin dute eskatu. Indar politiko bati edo besteri interesatzen zaio disidentzia egotea, kalean dauden mugimendu sozialek enbarazu egiten diotelako.

Mugimendu feministak esan du momentu hau abagunea izan daitekeela agerian geratu den zaintza krisi sistemikoari aurre egiteko. Nola aprobetxatu ahal dugu?

Guk zaintza publikoa eskatzen dugu, pentsio publikoak eskatzen ditugun bezala. Indarrak batu behar ditugu eta denok kalera elkarrekin atera. Esan dute udazkenean birusaren gorakada egongo dela. Gabezia guztiak mahaigaineratu dira, baina bakoitza bere etxean sartu behar izan da eta berriro ere sartuko gaituzte. Arrisku hori badago, erne egon behar dugu.

Lortu da feministekin eta ikasleekin indarrak batzea?

Baietz uste dut. Martxoaren 8an, Azaroaren 25ean eta urtarrileko greban orokorrean batu gara. Eta metaleko langileen greba lagundu dugu. Ni oso Bilbozalea naiz, eta Bilbora joatean ikusten nituen ez dakit zer langile multzo pankarta batekin auzo batean, hurrengo egunean beste auzo batera joan eta beste langile multzo bat… Horrela boterea oso pozik dago. Borroken atomizazioa amaitu behar dugu, funtsezkoa da indar politikoak interpelatzeko. Gazteak bai, baina era berean ezinbestekoa da helduaroan dagoen jendea inplikatzea. Konfinamendu honetan, krisiaren aitzakiarekin kaleratzen bazaituzte, zer egingo duzu? 50 urterekin ez duzu etorkizunik. 2008ko krisian hala gertatu zen eta hura aitzakiatzat hartuta, kristoren dramak sortu zituzten.

Egoera hori errepikatuko da orain datorren krisian…

Bai, birus hau aitzakia izango da berriro ere. Gure errebindikazio bat izan da 2008tik etorri den problematika hori konpontzea, alegia azkenengo urteetan ez kotizatzeagatik jartzen dituzten penalizazioak kentzea. Nire edadeko jende askok ez zuen aukera eduki unibertsitatera joateko. 16 urterekin hasi ziren lanean, 58 urterekin kaleratu egin dituzte eta kotizatu ez duten urte bakoitzeko %8ko penalizazioa ezarri zaie. Egon zara 40 urtez lanean, beste norbaitek eraginda lan barik geratu zara, zure enpresa zarratu da eta kristoren penalizazioak dituzu.

Kotizazioetan genero arrakala itzela da gainera…

Duda barik! Andrazko alargunen laurdenak 500 eurotik behera kobratzen du. Esango didazu pentsio horrekin nola piztuko duzun berogailua neguan!

Edo egoitzan plaza bat ordaindu…

Gehienak oso garestiak dira, asko pribatuak dira eta. Baina etxean arreta jasotzeko, familia sare nahikoa ez baduzu, nola ordainduko dituzu hiru erizain? Europan dauden bestelako ereduak mahaigaineratu beharko genituzke, badago nondik ikasi: etxe kolektiboak, esaterako. Ez bere horretan hona ekartzeko, baina bai hausnartzeko eta aukera berriak planteatzeko. Gainera, gogora dezagun zaindu behar gaituzuela, baina gu era berean zaintzaileak garela, batzuk menpekotasun egoeran egon arren. Hemen familia kontziliazioa ez dago konponduta.

Nola bizi izan dute konfinamendua zuen plataformako emakumeek?

Itxialdiak traba asko ipini ditu. Batzarrak egin ditugu Emakunderekin eta alargunen elkarteekin. Instituzioek beti esaten dute laguntzak daudela, baina ez baduzu teknologiak erabiltzeko ohiturarik, oztopo-lasterketa da. Telefonoz bada: “Sakatu bat, bestela sakatu bi…”. Aurrez aurre bada ere, leihatilaz leihatila bidaltzen zaituzte. Hori guztia beste modu batera gestionatu beharko lukete instituzioek. Birus madarikatu honen testuinguruan, lotsagarria izan da edadeko jendea bakarrik hil izana. Ezin dut ulertu, gerra eta gerraostea pasa duen jendea XXI. mendean bakarrik hiltzen uztea. Eta ez diot sanitarioengatik, asko egin dute eta. Drama bat izan da.

Gipuzkoan, adineko talde batek Irauli Zaintza plataforma sortu du Malen Etxea emakume etorkinen kolektiboarekin elkarlanean. Etxeko langile egoiliarren figura esklabotza dela salatu dute. Itxialdian adineko pertsonak hil dira eta zaintzailea geratu da babesik gabe, etxerik gabe…

Kontu hauek beste era batera kudeatu behar dira. Udalek ahalmena dute etxeetan zer arazo dauden jakiteko. Instituzioek egin ahal dute kontratu bat, eta zahar bat hiltzen denean, langilea kalean geratu ordez, beste nonbaitera bidali. Europako iparraldeko ereduaren  aldean, eredu mediterraneoan familia sarearen bizkar uzten da arazoaren konponbidea eta ez horrenbeste Estatuaren gain. Oso kulturala da eta errotik apurtu behar da.

Zaintzaileekin aliantzak egin dituzue?

Batez ere Babesturekin, egoitzetan senideak dituzten elkartearekin. Sestaon egoitza batean egun batetik bestera prezioak igo zituzten. Senideak batu ziren eta elkartea sortu zuten. Jardunaldi batzuk egin zituzten eta liburu bat atera dute ponentziekin eta eztabaidarako proposamen batekin: “Mirando al futuro” [Etorkizunari begira]. Onekak Bilbon aurkezpen bat antolatu zuen. Asmoa zen Bizkaiko 120 udal inplikatzea eztabaida horretan: zer demontre egingo dugu adineko jendearekin? Larrabetzun hitzartuta geneukan, baina konfinamenduak prozesua eten du. Normaltasun berri honetan, formula zaharrak baztertu beharko genituzke, ezta?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pentsioak
2023-11-16 | Estitxu Eizagirre
"Bertsopentsiotan", Pentsiodunen I. Bertso Jarrien Lehiaketa
Astelehenero kalera ateratzen diren aldarriak bertsotara eramateko deia

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak bertso lehiaketa berezia jarri du martxan: "Bertsopentsiotan". "Ari garela, ari garela, astelehenero kalean" gaiari bertsoak jartzeko urtarrilaren 15a arte (astelehena) dute epea 60 urtetik gorako Euskal Herriko eta... [+]


2023-11-10 | Ahotsa.info
1080€ Orain herri ekimenak larunbateko manifestazioan parte hartzeko deia zabaldu du

1080€ Orain ekimenak, prentsaurreko bidez, larunbatean 17:30ean Baluarte plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu du. Eta gainera, dei berezia egin nahi izan diete nafar emakumeei, "pentsioetan ematen den genero arrakala ukaezina delako eta... [+]


Gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izateko Nafarroako aurrekontuetako dirua bideratzeko eskatu dute

Nafarroan 51.000 pertsona dira 1.080 eurotik beherako pentsioa dutenak. Horietatik %66 emakumeak dira. Nafarroako Gobernuak ardura har dezala eta gutxieneko pentsioak ziurta ditzala eskatzen ari dira. 


2023-08-22 | Ilargi Manzanares
Pentsiodunak Bilboko jaietan mobilizatu dira

Milaka pentsionista atera dira kalera astelehenean, txistulariekin eta konpartsekin batera, Bilboko Aste Nagusiaren oihartzuna aprobetxatuz. Hainbat erreibindikazio egin dituzte, hala nola 1.080 euroko gutxieneko pentsioa.


72 urterekin jubilatu? Zergatik Espainiako enpresarien lobbyaren proposamenak ez duen heldulekurik

Espainiako Enpresarien Zirkuluak dio pentsioen sistema publikoak "bost urte barru" kiebra ez jotzeko modua dela 68 eta 72 urte artera luzatzea erretiro adina. AEBetan eta beste zenbait tokitan eskuin muturrak darabilen diskurtso bera erabili du lobby honek.


Eguneraketa berriak daude