ARGIA.eus

2020ko abuztuaren 09a
Mario Zubiaga, EHUko Zientzia Politikoetako irakaslea

"EAJ oso funtzionala izan da Espainiako sistema politikoa hemen errotzeko"

  • Lau hamarkada daramatza EAJk hauteskundeak irabazten eta boterean. Ez da oso ohikoa hori politikan eta EHUko Zientzia Politikoetako irakasle Mario Zubiagari ea bere ustez hori zergatik gertatzen den galdetu diogu.
     

Xabier Letona Biteri @xletona
2020ko uztailaren 05a
Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko lehendakaria eta Andoni Ortuzar, EAJko EBBko lehendakaria.
Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko lehendakaria eta Andoni Ortuzar, EAJko EBBko lehendakaria.

Zergatik irabazten ditu hauteskundeak beti EAJk?
Bi alderdi mota daude gizartean: ispilu-alderdiak eta proiektu-alderdiak. Ispilu-alderdiek gaitasun handia dute une zehatz batean gizartearen argazki zehatza egiteko eta, oro har, ados daude dugun gizartearekin. Proiektu-alderdiek gizartean aldaketa sakonak nahi dituzte. EAJ ispilu-alderdia da eta EH Bildu proiektu-alderdia. Proiektuak aldaketa eskatzen du, arriskuak onartzea, errutinak ezbaian jartzea... Eta zer nolako gizartea dugu? Gizarte heldua, adinez zaharkitua, garatua eta kontserbadorea. EAJri errazagoa zaio islatzea egungo gizarte hori.

Gaia ikuspegi dinamikoago batetik ere azter dezakegu. Hau da, azken 40-45 urteetan zein funtzio bete du EAJk euskal eta espainiar sistema politikoan? Funtzio hori izan da euste-horma izatea, EAJ oso funtzionala izan da Espainiako sistema politikoa hemen errotzeko eta Espainiako sistema politikoak eskaini behar zigun hori kudeatzeko.

Funtzio hori oso eraginkorra izan da ETAren garaian, baina ez dago hain garbi ETAren ondorengoan ere hala izango den, batez ere, ETAren erreferentzia den eremu sozio-politiko-ideologikoak ikuspegi sistemikoagoa hartzen duen neurrian. Gakoa da EH Bildu, zentrorantz daraman prozesu horretan, ea zein punturaino bilaka daitekeen aliatu fidagarria Espainiako sistema politikoarentzat. Hori gertatzen bada, orduan EAJren euste-horma funtzio hori ezbaian gera daiteke eta, akordioak eta aliantzak anitzagoak izan daitezke.

Adibidez, EH Bildu eta PSEren artean?
Bai. EAJk hauteskundeak “erlatiboki” irabazten ditu, eta EAEko alderdi-sistema anitza ikusita, nekez lor dezake bere kabuz gehiengo osoa. Baina Espainiako makulu sistemikoa hor du eskura, eta beraz, gobernu alternatiba osatzeko, tandema gainditu behar da. Dena den, EAJ-PSE koalizio sistemiko hori kanpainaren erdigunean kokatu izanak, 40 urteotako erregimen autonomikoa jarri du nolabaiteko "erreferendum" batean. Krisi pandemikoak lagunduta, ziurrenik garaile aterako da tandema oraingoan ere, baina hautuaren gordintasunak erregimen mota horren agortzea agerian utzi duela esango nuke.

Gerta litezke aliantza berri horiek?
EH Bilduren gaur egungo Espainiarekiko jarrera proposamen konfederala da, hau da, erabaki eskubidea onartuko lukeen akordio bat lortzea. Horrekin PSOEren eta Podemosen sinesgarritasuna irabazten badu, agian hemen gauzak alda daitezke, baina ez dut uste hori epe laburrean gauzatuko denik.

EH Bilduren, PSEren eta Podemosen alternatibaz hitz egiten da batzuetan.
Hori oso zaila da, batez ere PSEk eta hemengo Podemosek ez dutelako estatu estrategiaren barruan erabakiak hartzeko askatasunik. Erabaki horiek Madrildik hartzen dituzte. Gainera, hor badago beste osagai bat: EAJ-EH Bilduren borroka. Hau da, Espainiarekiko harreman bilateral horretan, nork lortuko du gehiago Euskal Herriarentzat? Alde horretatik PSOErentzat ituna beti izango da errazagoa EAJrekin, EH Bilduk listoia gorago jarriko diolako, autogobernua eta ezkerraren ikuspegitik.

Eta PSOEri begira baino, EAJ eta EH Bildu elkarri begira jarriko balira?
EAJren bi arimak beti daude hor, eta beraz, Ibarretxeren aldeko arima indartuko balitz... Ñabardura gutxi batzuekin, gaur egun EH Bilduren estrategia “ibarretxista” da, eta alde horretatik ez legoke arazorik, baina ez dut uste egungo EAJn horretarako interesik dagoenik. Egungo posizioan arrakasta ziurtatuta dute eta politikan oso zaila da egoera horretan egonda aldaketa handiak egitea, ez behintzat zerbait oso larria gertatzen ez bada.

 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: EAEko hauteskundeak 2020  |  Alderdi politikoak

EAEko hauteskundeak 2020 kanaletik interesatuko zaizu...

ASTEKARIA
2020ko uztailaren 05a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude