Azterketik gabe ebaluatu daitekeela irakatsi du koronabirusak

  • Koronabirusak lortu du hezkuntzan aldatzeko zailenetakoa den elementua hankaz gora jartzea: ebaluazioa. Azterketetan oinarritzen dute ebaluazioa ikastetxe ia guztiek, eta beraz, azterketen arabera antolatzen da ikaskuntza prozesu osoa. Oraingoan, ikastetxe horietako askok, egoerak behartuta, ia azterketarik egin gabe burutu dute ikasturte bukaera. Errenteriako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (12-16 adin tarteak) Bizarain ikastetxe publikora jo dugu, azken bi urteetan ebaluazio sistema birplanteatzen aritu baitira.


2020ko ekainaren 28an
Argazkia: Dani Blanco.Argazkia: Dani Blanco.

E goera honek ebaluazio prozesua ere hankaz gora jarri digu. Ikastetxean ebaluazio jarraiaren alde egiten dugu baina argi dago froga zehatz batzuek (batez ere azterketek) badutela bere pisua eta beste elementu batzuk ere aurrez aurre gaudenean soilik ebaluatu ditzakegu, adibidez ikasleen jarrera". Josu Curiel mintzo da, Bizaraingo zuzendaria.

Etxetik egin behar izan den hiruhileko honetan ebaluazio jarraitua egin ahal izateko, Bizarain ikastetxean irizpide hauxe jarri zuten: astearen amaierarako, ikasleek gutxienez ekoizpen bat egitea ikasgai guztietan. Horrez gain, astero irakasleek tutoreei gela horretako gorabeheren berri eman diete, ikasleren batek lanik entregatu ez badu, edo dudak izanagatik internet bidez irakaslearekin konektatu ez bada... "Lanak eta ekoizpenak dira ebaluatzeko erabili diren elementuak eta beraz, alde handia egon da aurrez erabili ditugun moldeekin. Azterketa puntualen bat egin da ikasgairen batean, baina esan daiteke azterketa formatua berez desagertu dela ikasgai gehienetan", azaldu du Curielek. Eta ebaluazio tresna aldatzeak irizpideak birplanteatu beharra ekartzen duela gehitu du: "Irakasleok findu egin behar dugu lan horiek ebaluatzeko gure gaitasuna. Azterketetan errazago egiten zaigu zer dagoen ongi eta zer gaizki markatzea, lanen kasuan ez dago hain definituta eta hori da egin behar duguna, lanen bidez eta bestelako formatuen bidez ebaluazio zehatz bat osatzea".

Konfinamendu garairako azterketak baino beste tresna batzuk hobetsi izanak lagunduko al du hurrengo ikasturteetan ebaluazio sistema aldatzen? Curielek ohartarazi gaituenez, "inertziak aldatzea ez da erraza, beraz, aste hauetako esperientzia interesgarria izango da baina ez dakit noraino izango den esanguratsua, aldaketak ekartzeko. Itxaropen handiagoa dut epe luzean egindako ibilbidean. Baina egia da badirela azterketen oso aldeko irakasleak, eta egoera honetan beren burua behartuta ikusi dute bestelako elementuak erabiltzera". Azaldu du ebaluazioaren inguruko hausnarketa ikastetxeetan "poliki-poliki zabalduz" doala: "Ikastetxeetan aldaketa handiagoak eman dira metodologia alorrean, ebaluazioan baino. Ari gara, baina pauso gehiago eman behar dira". Hain justu Bizarain ikastetxea azken bi urteetan ebaluazioa birplanteatzen aritu da eta lan horren berri eman digu.

Argazkia: Dani Blanco.
Ebaluazio jarrai eta anitzaren bila

Bizarain hainbat ebaluazio mota ari da sustatzen: irakasleek ikasleez egiten duten etengabeko ebaluazioa, ikasleek elkarri egiten dioten koebaluazioa eta ikasleak bere buruaz egiten duen autoebaluazioa. "Aurrera begira, ebaluazioaren aldaketak kontzeptu horietan oinarrituko direla iruditzen zait" iragarri du Curielek.

Ebaluazio jarraitu eta anitzak "ikaslearen garapenaren ikuspegi zabala" izaten laguntzen duela adierazi du, eta ikuspegi zabal horren araberako ebaluazio tresnak behar direla, baina baita ebaluazio irizpideak ere: "Hau da, zer lortu nahi dugu ikasleen aldetik? eta lortu nahi dugun horren ebaluazioa nola egingo dugu?", bi galdera horiek ditu funtsezkotzat. Azterketa ebaluazio tresna bat gehiago dela adierazi du, eta ebaluazio anitzaren baitan ez lukeela tresna bakarra izan behar,  baina bestalde, ez dela deabrutu behar: "Azterketek badute bere funtzioa eta horiekin ere jarraitzea logikoa izan daiteke. Gainera, onartu behar da azterketek irakasleoi segurtasuna ematen digutela, familiek argi ikus dezaten zer ari garen ebaluatzen. Ikasle batek suspenditzen duenean, ados ez dauden guraso gehienek horixe eskatzen baitute lehenik: 'Azterketa ikusi nahi dut'".

Zer ebaluatu? Zehar-konpetentziak

Ikasleengandik lortu nahi duten hori definitzeko, zehar-konpetentziei heldu die Bizarainek azken bi ikasturteetan. Zehar-konpetentziak Espainiako LOMCE legea EAEra egokitzeko Jaurlaritzak sortutako Heziberri planak definitzen ditu. Bost dira zehar-konpetentziak, eta ikasgai guztietan landu beharrekoak dira, ikasgai bakoitzaren baitako konpetentziez gain. Hauek dira bostak: komunikaziorako konpetentzia, ikasten ikastekoa, elkarbizitzarena, ekintzailetzarako konpetentzia eta izaten ikastea (autonomia, auto-erregulazioa...). "Azken aldian egiten ari garen lana hori da, ikasgai guztietan elementu horiek guztiak txertatzea. Hasteko, ikasgai bakoitzaren egunerokoan landu egin behar dira gaitasun horiek, eta ondoren ebaluatu, hau da, nolabaiteko isla izan behar dute ebaluazioan".

Bukaerako kalifikazioan, ikasleek etxera eramaten duten "nota" horretan, zer pisu eman ebaluazioko elementu bakoitzari? "Hori da mamia, eta konfinamenduak eten egin du klaustroan geneukan eztabaida hori" adierazi du Curielek. "Badugu kalifikazio bat, 10aren gainekoa, eta 10 puntu horietatik zenbat emango dizkiegu zehar-konpetentzia bakoitzari eta zenbat ikasgaiko konpetentzia espezifikoari? Horretan ari ginen, zehar-konpetentziei pisu zehatza ezarri nahi diegu". Adierazi du gaur egun dagoeneko DBHko ikastetxe ia denetan azterketak ez duela %70eko pisua baino handiagoa izaten: "Notaren beste zatia lanen ekoizpenek, jarrerak... osatzen dute. Orain konstante horietatik zehar-konpetentzietara jo behar dugu".

Kalifikaziorik gabeko buletinak?

"Datorren ikasturteari begira buletinak aldatu nahi ditugu, familiei helarazten diegun buletina baita azken fasea, eta beraz, buletina aldatzeko prozesu osoa aldatu behar da". Lehen Hezkuntzan (12 urtera arte) asko aldatu dira buletinak, gaur egun ikastetxe askotan konpetentzietan oinarritutako informeak egiten dira, eta ebaluazioak ez dira izaten 1etik 10erako kalifikazioak, baizik konpetentzia bakoitzean "hasierako maila, ertaina eta aurreratua" hitzekin definitzen diren graduak. Gainera item edo adierazle estandar askoren bidez, informazio aberatsa ematen dute, ikaslea konpetentzia bakoitzaren garapenean zein fasetan dagoen deskribatzeko". Curielek umorez kontatu du, adierazleak adierazle, kalifikazioa tartean denean zenbakira mugatzen dela ikuspegia: "Buletina irakurtzerakoan gure joera zein da? azken zutabera joatea, kalifikaziora. Guraso bezala gertatu zait, buletinetik kalifikazioa kendu dutenean, orduan jarri naizela adierazleak irakurtzen, eta informazio zehatzagoa ematen dute".
Lehen Hezkuntzan mota honetako buletinak erabiltzen diren bitartean, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe ia denetan kalifikaziodun buletina da nagusi. Bizarain ikastetxeak aldaketarako bidea hasi du: "Ziurrenik ez dugu LHko informea bezain luzea egingo, baina aberastu egin nahi dugu ematen den informazioa. Horretarako, buletinean zehar-konpetentzien ikuspegia txertatu nahi dugu, familiek ikus dezaten beste arlo horietan ere seme-alabak zer garapen izaten ari diren".

Argazkia: Dani Blanco.

KORONABIRUSAK SUSPENTSOEKIN HARRAPATU BAZAITU, ZER?

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak ikastetxeetara helarazitako Ikasturte Amaierako Planak ezarri du EAEko ikastetxeetan ikasturte amaierako ebaluazio orokorrari buruzko irizpide argia: lehen eta bigarren ebaluazioek markatuko dute ikasturtearen promozioa, hau da, lehen bi ebaluazioetako ikasgaiak gaindituta dituen ikaslea hurrengo ikasturtera pasatuko da. Ondorioz, Bizarainek honela jokatzea erabaki du, bertako zuzendari Josu Curielek azaldu duenez: "Lehen eta bigarren ebaluazioa suspendituta zeukan ikaslea, ebaluazio horietako edukiak sakontzen zentratu behar zen. Irakasleok antolatu behar izan gara eta bereizi ikasgai bakoitzean zein ikasle zentratu behar zen lehen bi ebaluazioetan eta zein ikaslek egingo zuen aurrera hirugarren ebaluazioko edukietan".

Ikastetxeak erabaki du lehen eta bigarren ebaluaketako helburuak lortzea zela ikasturte osoko gutxienekoa: "Beraz, horiek ongi oinarritzea izan da helburua. Lanketa espezifiko bat prestatu eta materiala sortu dugu irakasleok, eta horietan sakondu dute ikasleek, ongi lortu ditzaten eduki horietako helburuak".

Lehen ebaluazioak gaindituta zituzten ikasleek aurrera egin dute hirugarren ebaluazioko edukiak lantzen, "baina hirugarren ebaluazioko helburuak atera egin ditugu ikastetxearen urte osoko helburuetatik: ezin gara irailean itzuli pentsatuz ikasle denek hirugarren ebaluazioko helburuak lortu dituztenik, izan ere ikasle batzuk martxoa bitarteko lanketarekin geratu dira". Hirugarren ebaluazioko edukia "modu batera edo bestera" irailean berriro eman edo birpasatu beharko dutela argi du, eta udako lanak ere baliatuko dituzte eduki hauek sendotzeko.

Errekuperaketa egin daiteke azterketarik gabe

Lehen, bigarren eta hirugarren mailetako ikasleek aurreko ebaluazioetako ikasgaien ezohiko errekuperazioa ez dute azterketa formatuan egingo, beste formatu batzuetan baizik: lanak edo bestelako probak, "mintegi bakoitzak erabakitzen du nola egin" zehaztu du Curielek.

Laugarren mailakoei ekainean errefortzu klaseak eskaini dizkiete aurrez aurre, Hezkuntza sailak behartuta. "Gure ustez ekainean aurrez aurrekora itzultzea ez zen beharrezkoa, baina Hezkuntzatik esan digute eskaini behar dugula, eta eskaini dugu; ea zenbat ikasle etortzen diren, ez baita derrigorrezkoa". Laugarren mailakoek, ikasgai gehienetan, ezohiko probak azterketa formatuan egingo dituzte, eta modu presentzialean.


ASTEKARIA
2020ko ekainaren 28a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#2
Estitxu Eizagirre
#3
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
#5
Zigor Olabarria Oleaga
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Covid-19 shockean adi
Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


2022-03-29 | ARGIA
COVID-19aren aurkako pilulak iritsi dira Hego Euskal Herrira

Hego Euskal Herrira pilulaz betetako 722 kaxatxo iritsi dira, COVID-19a larri pasatzeko arrisku handiko gaixoentzat zuzenduta. Europar Patasunak COVID-19arentzako ahotik hartzeko gomendatu duen lehen pilula antibirikoa da Pfizerren Paxlovid eta Espainiako Gobernuak 253 milioi... [+]


2022-03-15 | ARGIA
Indarkeria matxista pandemian: erailketa gutxiago eta suizidio gehiago

Pandemiaren eragina indarkeria matxistan azterketa kaleratu berri du Espainiako Gobernuak. Bertan ondorioztatu dute eraildako emakume kopurua gutxitu egin dela, hauek kontrolatuta eduki dituzten denbora gehitu izanaren ondorioz. Baina emakumeen suizidioak gizonenak baino gehiago... [+]


2022-02-22 | ARGIA
Hipra txerto katalana merkaturatzear denean, patenteak kentzeko eskatu dute hogei erakundek

Merkatura ateratzear den Hipra txertoari patenteak kendu diezazkiola eskatu diote hogei erakundek Espainiako Gobernuari. Izan ere, Kataluniako multinazional honek COVID-19aren aurkako txertoa egiteko entsegu klinikoetarako diru publikotik gutxienez 15 milioi euro jaso ditu.


2022-02-20 | Estitxu Eizagirre
Eneritz Zubiaurre, COVID-19aren aurkako txertoak kaltetua
"Txertoa hartu nuenetik ia urtebetera, oraindik ez naiz gai bizitza normala egiteko"

Eneritz Zubiaurre irakaslea da, eta lan eremu horretan egin zen gizarteko lehenengotako txerto deiari erantzunez, ziztada hartu zuen 2021eko martxoaren 14an. Astra Zeneca egokitu zitzaion. “Inork, ezta txertoa jarri zidan erizainak ere ez zidan ohartarazi izan nitzakeen... [+]


Eguneraketa berriak daude