Lehen hari batetik zintzilik, orain egurtuta

  • Hedabideetako lehen lerroetatik erori dira. Hildakoak eta kutsatutakoak zenbatzen zituzten bitartean izuturik egon ginen zahar egoitzei begira. Olatu beldurgarriena igaro da eta badirudi urak bere onera etorri direla. Egoiliarren senideek eta egoitzetako langileek ez diote halakorik. Minez gainezka duten barrua husteko premia dute eta ausart seinalatzen dituzte pandemiaren kudeaketa kaskarraren erantzuleak: Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako Foru Aldundiak.

Argazkia: Dani Blanco / Argia.
Argazkia: Dani Blanco / Argia.

Madalen Ibañez, Amaia Alvarez, Iraide Urriz, Guillermo Perea, Usue Pastor. Zahar egoitzetako langileak eta erabiltzaileen senideak dira. Artikulu honen egileak interneten argitaratu ditu haiei egindako elkarrizketak. Kazetariak alfer-alferrik prestatu zituen telefono bidezko elkarrizketetarako galderak. Solaskideek bazekiten zer kontatu nahi zuten. Gehienek azpimarratu dute haien helduleku bakarra direla hedabideak, hedabide batzuk. Kritika zorrotzak zituzten hiru foru aldundientzat, eta egoitzetan negozioa usaindu duten funts putreak jomugan jarri nahi izan dituzte. Pribatizazio prozesua salatzeaz gain, bizitzako azken urteetan daudenen hauskortasunera tiraka eraman gaituzte, gizartea interpelatu dute. Maite dituztenen bizitza aldarrikatzeaz nekatuta daudela ez dute ezkutatu, baina zaintza duina eta zerbitzu publikoak eskatzen ausart jarraitu nahi dute, nahiz eta senide batzuek haien maiteak galdu dituzten jada.

Lehertuta bai, baina amore emateko prest ez

Madalen Ibañezek ama dauka Donostiako Berra egoitzan. Birusak senideak tunel ilunean irentsi dituela dio: “Ez genekien zer egin, sufritu, besterik ez, eta egoitzatik telefonoz esaten zigutena sinetsi. Nire amaren egoitzan 140 ziren eta 26 hil dira. 38 langile kutsatu dira. Ez dakit nola deskribatu egoera, egunero nire amaren heriotza bizi nuen. Kutsatuak zeuden egoitzetako senideak inpotentziaz beteta sufritzen ari ginen eta ‘garbi’ zeuden egoitzetako senideak gaitza noiz azalduko beldurrez bizi ziren”. Sutea datorkio burura. Hura itzaltzen lagundu nahi, baina ez jakin nola.

Madalen Ibañez, egoiliar baten senidea: "Sozialki onartzen da, azken finean bizitzaren bukaeran dagoen jendea dela. Orain ilarako azkenak izan dira. Agian ez dira errentagarriak, baina sozialki aurre egin behar diogu edo bestela honek erregimen nazia dirudi”. Argazkia: Dani Blanco / Argia.
 

Zahar etxeetan gertatzen ari dena historia oso tristea dela dio. Iluntasunean argia bilatu nahi du eta Gipuzkoako Senideak elkartearen bidez ahal duena egingo duela azpimarratu du: “Gaurkoengatik, guregatik eta etorriko direnengatik, zeren inor ez da autonomo bizitza osoan. Denok behar dugu tokia, denok dugu errespetatuak izateko eskubidea”.

Usue Pastor Barakaldoko Vitalitas Santa Teresa zahar egoitzako langilea da. Ibañezi gertatu bezala, negarrari eutsi ezinik kontatu du egoitzetako egoera: “Optimista izan nahi dut eta bihotz-bihotzean espero dut osasun krisi honek balioko duela zerbaitetarako. Egoiliarrek laguntza behar dute, erakunde publikoek ezin dute bestaldera begiratu. Langileok hustuta gaude eta ezertarako ahalmenik gabe sentitzen gara”.

Guillermo Perea Babestu Araba senideen elkarteko kidea da. Hasieran, hildakoen senideek salaketak jartzearen bideari heltzea pentsatu zuten, baina laster konturatu ziren salaketetarako indarrik ez zutela: “Jendeak ez du dolua egiteko aukerarik izan. Txikituta daude”.

Iraide Urrizek ama galdu du pandemia betean. Babestu Bizkaia elkarteko kidea da eta hiru hitzetan laburtu zigun egoera ama oraindik bizi zuela: ezintasuna, amorrua eta egoitzan sartu ezina.

Errudun argiak: Foru Aldundiak

Malkoak sikatu eta giharrak tenkatzen dituztela nabari dugu, pandemian agerian gelditu den sektorearen egoera kaskarra astintzen hasten direnean. Senideek eta langileek harreman gertuenekoa egoitzako zuzendariarekin izaten dute, eta irudi luke kargu hori gurutziltzatua luketela kudeaketa txarraz kexatzeko. Ez ordea, ederki dakite jomuga nagusia ez dela egoitza pribatuko zuzendaria, ezta errentagarritasuna helburu duen enpresa pribatua bera ere. Elkarrizketatu ditugun langile eta senide guztiek dagozkien herrialdeetako foru aldundiak aipatu dituzte.

Usue Pastor, egoitzako langilea: "Egoiliarrek laguntza behar dute, erakunde publikoek ezin dute bestaldera begiratu. Langileok hustuta gaude eta ezertarako ahalmenik gabe sentitzen gara"
 

Amaia Alvarez Babestu Bizkaiako kidea da eta 96 urteko ama bi hilabetez bakartuta eduki izanak ernegatu du eta grazia gutxi egin dio enpresa eta foru aldundia elkarri pilota pasatzen ikusteak. Informazio gutxi eskaini eta osasun krisian ardurarik hartu ez duen erakunde publikotzat du aldundia.

Usue Pastorrentzat diputazioa eta enpresa pribatuak eskutik helduta doazen lagunak dira. Lehenengoak ‘zama’ bestearengan utzi du eta bigarrenak errentagarritasuna atera dio. Funts putre deitzen die enpresa pribatuei, krudelak, kanibalak, direla dio. Foru Aldundiak berriz, enpresa pribatu horiei urtez urte obligazio gutxiago ezartzen diela salatu du.

Guillermo Pereak ere Pastorren mezua dakar. Badaki zergatik erakunde publikoek, Osakidetza tarteko, ez duten esku hartu, pandemia betean egoitza pribatuen kudeaketa ez denean onargarria izan: lagunek kudeatzen dituztelako.

Gipuzkoako Foru Aldundiarekiko duen kritika eleganteago hasi du Ibañezek: “Entzuten gaituzte, jatorrak dira, baina ez dugu ezertan aurreratzen. Erantzunak aurkitzeko gaitasun falta onartu eta barkamena eskatu beharrean, Diputazioak gauza bakarra egiten du: egiten duen lan onagatik bere burua zoriondu. Esaten digute beti protestan ari garela, alegia, negatiboak garela eta ez dugula kontuan hartzen Diputazioa egiten ari den ahalegina”. Donostiarrak, solaskide gehienek bezala, funts putreak deitzen die egoitzetan negozioa egiten ari diren enpresa pribatuei. Pandemian desagertuta egon direla dio. Haien dinamika pixoihaletan nola aurreztu pentsatzea da.

Iraide Urrizek osasun krisiko zuloak honela laburbildu ditu: informazio gabezia; foru aldundiak egoeraren kontrolik eta jarraipenik ez egitea; egoitza bakoitza bere modura ibiltzea; eta langile gabezia.

Amaia Alvarezek horrela zoriondu zuen bere ama haren 96. urtebetetzean. Bisitarik ezean, mugikorraren pantaila lagun.

Senide guztiek langileen ahalegina goraipatu dute, pandemian egin duten lana eta egoera makurra baino lehen ere egunero egiten zuten esfortzua. Alvarezek hala dio: “Bakartu zituztenean pentsatu nuen, ‘langile hauek nola demontre moldatuko dira gelaz gela artatzeko? Lehen ezinean eta orain nola?’. Ez daukat langileen aurka ezer esateko”. Ibañezek ez dauzka oparitzeko. Gogorarazi du Gipuzkoako langileak ia 150 eguneko greban zeudela pandemia hasi zenean. Iritsi ezinik ibiltzen direla eta lan baldintza kaskarrak dituztela salatu du. Birus garaiaz hala dio: “Greba eten eta inolako babesik gabe, larru bizirik, ekin zioten lanari. Gurean 38 behintzat kutsatu ziren. Ordezkoek ez dakit nondik atera zuten adorea sute hartan sartzeko”.

Zaharrak axola al zaizkigu?

Txomin Lasa Gipuzkoako egoitzetako ELAko arduraduna da. Berak argi du zahar egoitzetan dauden pertsonen bizitzek, bizimoduak eta etorkizunak ez dutela gainerako jendartearenak bezainbesteko balioa: “Tamalez, instituzioek eta enpresek onartzen dute horrelako egoera batean hainbat hildako egon daitezkeela egoitza batean eta hori onartzea oso larria da”.

Eta gizarteak berak baloratzen al ditu? Egunik latzenetan, hedabideetan eta jendeon ahoetan heriotza kopuruak izan ditugu. Hildakoak kontatzeaz harago egin ote dugu? Txaloak osasungintzako langileentzat eta lapiko-jotzeak umeen eskubideak defendatzeko. Egoiliarren bizitza duinen alde ez da inor balkoira atera.

Ibañezek anfiteatroko bigarren ilaran ikusi ditu egunotan: “Sozialki onartzen da, azken finean bizitzaren bukaeran dagoen jendea dela, eta ez dut esango horrela ez denik. Otsailean bost bat hiletetara joan nintzen, egoitzakoak denak, ‘hil behar zuen’ jendea. Haiek ordea, senideari eskua emanda eta goxo hil ziren. Orain ilarako azkenak izan dira. Agian ez dira errentagarriak, baina sozialki aurre egin behar diogu edo bestela honek erregimen nazia dirudi”.

Pereak pena du, hedabideek hildakoen zenbaki hotzak eskainita, egoitzengan konfiantza gal daitekeelako: “Batzuek egoitzara joatea bere kabuz erabaki dute eta beste batzuen kasuan senideek ezin dituzte zaindu. Kontua da merezi duten tratua ematea, eta ez, esan den bezala, ondorioztatzea hil direla zaharrak zirelako. Krudela da jarrera hori”.

Esandakoa sinetsi beharra

EAEko hiru lurraldeetan aurrena izan zen Bizkaiko Foru Aldundia senideen bisitak baimentzen. Astean behin egoitzara joateko aukera izango zuten. Gipuzkoako eta Arabako foru aldundiek ere baimena eman dute. Gure solaskide batek baino gehiagok aipatu du, asteak igaro dituztela esandakoa sinetsi beste erremediorik ez zutela. Ezin sartu egoitzan, ezin senidea norbere begiz ikusi, telefono bidezko harreman hala moduzkoa izan da egoeraz jabetzeko aukera bakarra. Ezin jakin zenbat hildako zeuden egoitzan, ezta zenbat kutsatu ere. Ikertzaile lanetan aritu behar izan dute informazioa biltzeko. Senide arteko whatsapp taldeak oso garrantzitsuak izan dira egoitzako berri elkarri pasatzeko, eta beste iturri sendoa langileak izan dira. Haiek ordea, konfidentzialtasun klausula dute eta tentuz hitz egin behar dute. Senideek barrukoaz jakin nahi, baina marra gaindituz gero langileen lanpostuak arriskuan jar zitezkeen.

Ibañezek adibide baten bitartez kontatu du zer izan den egoitzara sartu ezinda egotea eta itsuan sinetsi beharra: “Hildakoekin kexak izan dira, zeren adibidez gertatu da gaur esatea zure senidea oso ondo dagoela, sukar pixka bat baino ez daukala, eta hurrengo egunean deitu dizute esateko hil dela. Zuzendariak esan zidan hunkituta zeudela, zeren egun batean ondo zeudenak 24 orduan hil zitezkeen. Kanpotik sinetsiko dugu? Iloba batzuek esan zieten langileei bideo-deian osaba zurbil ikusi zutela eta erantzun zieten, ezetz, ondo zegoela, siestatik jaiki berria zela. Hurrengo egunean ospitaleratu zuten. Iloben kexagatik eraman zuten azkar ospitalera? Ez dakit. Ez zeukan birusik, geldirik zegoelako zauriak zeuzkan. Geldirik dauden pertsonei ohean buelta ematen dietela, ohez aldatzen dituztela esaten dute. Egia da? Egiten dute? Ez dakit”.

Eta erabiltzaileak nola daude?

Lehendik nekatuta zeuden senideak eta langileak porru eginda utzi ditu birusak. Hala ere, ez dira ondorioak pairatzen ari diren bakarrak. Egoiliarrak isolatuta, bisitarik gabe eta egoitzak hartutako neurri zorrotzak onartu beharrean izan dira. Errenteriako Sanmarkosene egoitzako Toñi López erizainarekin eta Irene Molano psikologoarekin hitz egin dugu. Ez dute positiborik izan, eta ondorioz, epe motzean isolatu dituzten erabiltzaile bakanak baino ez dituzte izan, kutsatuta ez zeudela ziurtatu arte. Dena dela, egoitza horretan ere, egoera bereziak eragin du. Hitz gutxi batzuetan egoiliarrek hiru hilabete hauetan sentitu dutena deskribatzeko eskatu diegu: beldurra; zer gertatzen ari den ezin ulertu; batzuk triste daude; eta beste batzuk nostalgiak jota, familia gogoan.

Kognitiboki ondo ez dagoenak behera egiten du halako egoera berezien ondorioz. Orientazioa galtzen dute eta gaitasun orokorrak azkarrago galtzen dituzte. Dementzia duten askok ez dituzte haien senideak ezagutzen, eta aldiz, ahotsa ezagun egiten zaie. Bideo-konferentzietan eta bisitetan horixe gertatu zaie, mugikorreko pantailan eta bisitako maskara-jendearen atzean ez dute semea edo alaba ezagutu, baina ahotsa bai. Gure solaskideek beste gauza baten falta sumatu dute: elkar ukitzea. Buruz ondo ez dagoenarentzat pizgarri da ukitzea eta orain ezin da halakorik egin, ezta bisitetan ere.

Buruz ondo daudenentzat ondorioak bestelakoak dira. Ohiturak aldatzea nabaritu dute. Orientatzeko arazoak izan dituzte, urduri daude, estutasuna sentitzen dute, galderak egiten dituzte logelaz eta jangelaz aldatzen badituzte, haien senideak nola dauden kezkatuta daude. Gaitzarekiko beldurra ere badute. Sukarra duten jakiteko termometroa jarri baino lehen, “Sukarra daukat! Sukarra daukat!, esaten dute”. Egun batzuetan telebista itzaltzea erabaki zuten, etengabe egoitzetako hildakoen albisteak ematen ari zirelako. Bisitarik gabeko hilabeteetan, langileak izan dituzte helduleku, baina haiekiko harremana ere pixka bat desberdina da. Maskara atzean ezkutatuta ikusten dituzte: “Noiz kenduko duzue muturrekoa?”. Eta muxuak, langileen eta egoiliarren artean ere ukitzea oso garrantzitsua baita. Orain halakorik ez. Egoiliar batzuek kalera noiz atera behar duten galdetzen dute. Langileei erraza egin zitzaien esatea, denok itxialdian geundela, haiek pribilegiatuak zirela, egoitzako hiru terrazatara ateratzeko aukera zutelako. Orain, ezin halakorik esan, denak kalean, salbu eta egoiliarrak.

Ez mugitzeak narriadura fisikoa dakar. Erizainak eta psikologoak diote ez dugula hainbeste jenderengan eragin duen halako bakartzerik ezagutu egoitzetan, baina erabiltzaileek prozesu infekziosoetan izandako ondorioek adibide moduan balio dutela narriadura fisikoa antzemateko. Giharra galtzen dute, mugitzeko arazo gehiago dituzte eta oso ohikoa da ibiltzen hasitakoan erortzea.

Errenteriako Sanmarkosene egoitzan ondorioek ez lukete hain larriak izan behar, ez behintzat bakartze masiboak eta luzeak egin dituztenekin alderatuta. Hala ere, langileen artean ondoko pentsakizuna hitzetara ekarri izan dute: “Gurean COVID-19ak ez ditu hil erabiltzaileak, baina ea birusa saihesteko hartutako neurriek ez duten halakorik lortzen”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zaharren egoitzak
2023-10-11 | ARGIA
Elizondoko adinekoen egoitza publifikatu du Baztango Udalak

Orain arte kudeaketa zeraman enpresa pribatuarekin kontratua eten eta Patronatuko Batzordeak erabaki du Zaintza Lanak SL udal enpresa publikoren esku uztea egoitza. Eraikinean obrak egingo dituzte eta egoiliarrentzako lekua murriztuko dute eraberritze lan horien ondorioz.


2023-08-22 | Ilargi Manzanares
Pentsiodunak Bilboko jaietan mobilizatu dira

Milaka pentsionista atera dira kalera astelehenean, txistulariekin eta konpartsekin batera, Bilboko Aste Nagusiaren oihartzuna aprobetxatuz. Hainbat erreibindikazio egin dituzte, hala nola 1.080 euroko gutxieneko pentsioa.


Analisia
Publiko-pribatu elkarlana

Urkulluk askotan aldarrikatu du sistema kapitalistaren muinean dagoen publiko-pribatu elkarlana, baina lotura hori gaur zertan den azaltzeko inolako asmorik gabe. Publikoa osagarria eta menpekoa denean, ezin dituenean merkatuaren interesak zanpatu, eta lege bidez inposatutako... [+]


2023-05-23 | ARGIA
Greba berria hasi dute Arabako egoitza pribatuetako langileak

Maiatzaren 23 eta 24an grebara deitu dute Arabako zaharren egoitza pribatu eta etxebizitza komunitarioetako langileek. Patronalaren “blokeoa” salatu dute ELAk eta LABek, eta soldata igoera eta lanaldi murrizketa jasoko dituen lan hitzarmena eskatu.


Grebaren azken egunean, Bizkaiko erresidentzietako langileek ez dute baztertzen lanuzte gehiago egitea

Otsailaren 1ean zortzi eguneko greba abiatu zuten Bizkaiko erresidentzietako eta eguneko zentroetako langileek. Lan baldintzen hobetzea eta zentroetan eskaintzen den arreta ereduaren errotiko aldaketa exijitzen ari dira. Asteazkena dute azken greba eguna, baina ez dute... [+]


Eguneraketa berriak daude